Maitane Gartziandia, 2017 |
Euskal literatura garaikidean pisu handia izan du urteetan zehar euskal nazionalismoak ezarritako emakume-irudi idealak eta honek guztiak hezkuntzan ere eragin zuzena izan duela esan genezake. Emakumea ama eta etxekoandre abertzale bezala agertu ohi izan da eta.
Bestetik emakumeen irudikapenek badute beste adierazgarri bat. Ohiturazkoa eta historikoa da emakumeek artean, poesian, bertsolaritzan eta ia disziplina kultural zein adakemiko guztietan, begirada maskulino hegemonikotik irudikatuak izatea. Irudikapen horrek, begiradak baldintzatua, emakumea historikoki geldi, bizi gabe, pasibo irudikatu izan da. Horrekin haustea izan da feminismoaren beste erronka nagusietako bat, irudikapen berrien iruditeria zabaltzea eta handitzea.
Beraz, emakumeak historikoki gizonezko ahotsetatik deskribatuak, izendatuak eta adieraziak izan dira. Historikoki, emakumeak ez dira izan begirada maskulino hegemoniko batek zuen irudipena besterik. Esan dugun bezalaxe, hau dena artean, literaturan, poesian, zinean... argi ikusi da, baina baita medikuntzan, biologian, eta beste edozein zientzietan ere. Honek emakumeen ezagutza bat baino, gorputz horien objektualizazio zein anatomizazio bat eragin du. Kanpo begirada batetik egindako behaketa bat. Emakumeen lana eta, zehatzago esanda, feministen lana beti izan da historia berridaztea, eta horretarako, ezinbestean, beste irudikapen batzuen beharra dago, androzentrismotik haratago doan irudikapena, non gorputz neutrala ez den gizonarena eta emakumearena ‘bestea’. Ez da kasuala, azken hamarkadetako testu-liburuetan emakume gehiago agertzea eta emakume berrien adierazpenak ikustea, nahiz eta oraindik ere lan handia egiteko gelditzen den. Berridazketa horietan bi elementu topatzen ditugu, batetik, emakumeen irudikapenen aldarrikapen bat, biluziak, aluak, bularrak erakusten dituztenak, emetasuna aldarri dutenak; eta bestetik, salaketa bat, pertsona horiek eme bezala identifikatuak izanagatik, jendarteak ezarritako genero-karga guztia agerian uzten dutenak. Esan daiteke emakume izatearen aldarri eta salaketen gurutzaketa bat dela. Gainera, emakumeak kanpo-begirada maskulino hegemonikoaren izendapen eta anatomizazio horretatik alde egiteko, feminismoak ikusi duen beste behar bat, auto-ezagutza izan da.
Bide onetik goazen arren, denbora luzean, ukatua izan zaio emakumeari diziplina horietara guztietara iristea, eta hauei heltzea onartu zaionean idatzi gabeko beste arau batzuez mugatu da egin beharreko lana.
Bertso Txapelketa Nagusia bertan dugunez, goazen honen inguruko gogoeta bat egitea. Orain dela gutxi arte, indarra eta sendotasunaren unibertsoan onartuak izateko emakume bertsolariek erabili zuten estrategia eredu maskulinoari atxikitzea izan da, bere izatea, nolabait, erbesteratuz. Feminitatearen adierazpenak arrotz iruditzen zitzaizkien eta kritikatuak eta gaizki ikusiak zeuden neurrian, trabestismoaren moduko zerbait gertatu izan da: gorputza ezkutatzea edo gizonezkoen artean difuminatzea zirudien egokiena. Baina emakume bertsolarien presentzia sendotzearekin batera emakume gehiago agertuz joan dira, eta kopuruarekin batera aniztasuna: pentsaeran, ikuskeran eta baita euren burua aurkezteko moduan ere. Honek ez du esan nahi aurretik emakume bertsolaririk ez zegoenik, baizik eta denbora luzez itzalean ibilitakoak izan direla. Bestela, nork daki nor zen Mari Luixa Erdoizo? Nik zintzoki orain arte ez nekien nor zen ere. 1846an Azkainen sortua, lanbidez laboraria izan zen eta aurki daitekeen bat-bateko emakume bertsolari zaharrenetako bat da. Sari ugari irabazi zituen, hala nola: Anton Abadiaren Lore Jokoak irabazi zituen bitan.
Halako figurak ezinbestekoak dira datozen belaunaldien eraikuntzan. Erreferentziazko emakume esanguratsuak gogora ekarri behar ditugu eta beraien lanari merezi duen errekonozimendua eta lekua eman. Horregatik interesgarria litzateke ikasleekin curriculumean eta testu liburuetan emakumeen presentzia gizonezkoenarekin alderatzea eta arazoaren aurrean irtenbide edo hausnarketa bat egitea. Hala modu honetara, egungo eta etorkizuneko emakumeak ahaldunduko dira, protagonistak izan daitezen identitatea, autoritatea eta boterea garatuz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina