2017/12/13

HIZKUNTZAK AZTERTU, SEXISMOA BAZTERTU

Hizkuntza, errealitatea nola ulertzen dugun adierazteko modua da, edota errealitatearen inguruan dugun ikuspegia antolatzearekin batera, bakoitzaren interpretazioa gizarteratzeko baliabidea da. Hizkuntzaren bidez pentsatu, informazioa zabaldu, ezagutza hedatu eta gizartea sortu eta antolatzen dugu. Baina, nola erabiltzen dugu hizkuntza hori? Zer helarazten eta ulertzen dugu gure hitzekin?


Egunerokotasunean erabiltzen dugun hizkuntzan, estereotipo sexistak agerian gelditzen dira. Askotan ez gara horretaz ohartzen, gure pentsamenduan ideiak barneratuta ditugulako. Alvaro Garcia Meseguerren arabera, euskararen zama sexista %5 da, ingelesarena %15, frantsesarena %40 eta gaztelaniarena %80. Ikus daitekeen bezala, euskararen portzentajea txikiena da. Hala ere, horrek ez du esan nahi bere erabileran sexismoak agerian gelditzen ez direnik. BegoƱa Muruaga filologo eta Emakunde aldizkariko kazetariaren ustez, "euskara ez da sexista, hitz egiteko modua da sexista". Amaia Alvarez hizkuntzalari bilbotarrak ere antzeko iritzia du: "Hizketan ari garenean, sexismoa azaleratzen da. Erabilera asko zaindu behar dugu ".  

Hori honela izanik, ezinbestekoa izango da, egunerokotasunean gure jardunean erabiltzen dugun hizkuntzari erreparatzea eta hau hezkidetzaileagoa egitea, guztion aukera berdintasunera heldu ahal izateko.

Hona hemen gai honen harira jasotako informazio eta ideien inguruan sortu berri ditudan bi lelo.

         

                                                           













Aurreko urteko sarreretatik, gaurkoan, Usoaren posta ekarri nahiko nuke bertara. Bertan eginiko ekarpenak interesgarriak iruditu zaizkit, baita gaiarekiko aukeratutako leloa ere “Izendatzeko boterea, kultura zehatz bat konfiguratzeko boterea da”. Horrekin batera, bertan aipatutako "Tribuaren Berbak" telebista programako “Euskara sexista al da?” saioa ikustea gomendatzen dizuet. Hona hemen saio honetako bideo zati txiki bat. Bertan, Uxuek aipatzen duen adibidean, argi ikusten da publikoan egiten den diskurtso edota umorea ez dela neutroa.


Gai honen inguruan sortutako gida ezberdinak aztertu ostean, esan beharra daukat guztiak interesgarriak iruditu zaizkidala. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Hizkuntzaren erabilera ez sexistarako jarraibideak” izeneko gida gomendatzea pentsatu dut. Bertan, izenak dioen bezala, hizkuntza ez sexista erabiltzeko orientabide erabilgarriak ematen dira, hauek modu laburrean azalduz. Gainera, hizkuntzaren analisi orokorra egiten du eta oso modu argi eta ulerterrazean azaltzen du guztia. Horregatik, honen inguruko ideiak modu argian irakurri nahi izanez gero, hau irakurtzera bultzatzen zaituztet.

Amaitzeko, komunikazio eta hizkuntzaren erabilera ez sexista ikastetxean naiz jendartean lantzeko ondorengo erronkak azpimarratzea gustatuko litzaidake:
  • Komunikazio eta hizkuntzaren erabileraren inguruan hausnarketa bultzatzea, agerian gelditzen den sexismoaz ohartu ahal izateko.
  • Egunerokotasunean erabiltzen diren material eta baliabideetan helarazten diren mezuak aztertzea eta behar izanez gero horiek aldatzea, mezu hezkidetzaileagoen alde eginez.
  • Hizkuntzaren erabilera ez sexistaren inguruan sortuta dauden gidak aztertzea eta ikastetxerako honelako gida bat proposatzea.
  • Hizkuntza hezkidetzailea (ez sexista eta inklusiboa) erabiltzearen alde egitea, erabiltzen ditugun txiste, umore eta brometan arreta jarriz.
  • Genero kutsadura saihestea, batez ere lanbideen inguruan barneratuta ditugun ideiak alde batera utziz.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina