2017/12/10

Emakumeak bistaratzen



Euskal emakume aitzindari eta sortzaile bati omenaldia egiteko aukera honetan, Julita Berrojalgiz  ekarri nahi dut gogora. Frankismo garaian, klandestinitatean euskaraz irakasten zuen irakaslea zen berau. Bilboko lehenengo ikastola 1957an sortu zuen San Nikolas parrokiako katekesia praktikatzeko biltzen ziren geletan. Aurrerago, Hezkuntza Ikuskaritzak eskola hauek itxi ondoren, etxez- etxe ezkutuan ere ibili zen irakaskuntza lanetan. Baina garai hau ere azkar amaitu zen, 1965an Hezkuntza legea aldatu zelako eta Batxilergora igaro ahal izateko ikasleek Eskolaritate Kartila bat behar zutelako. Oztopoak- oztopo, Julita Berrojalgiz eta bere taldeak, ikastolen ofizialtasuna lortzeko borroka hasi zuten, baita lortu ere. 1966an, Resurreccion Maria de Azkue ikastola jaio zen, zeinek 1968an euskaraz eta gazteleraz irakasteko baimena jaso zuen.











Gainera, aipatzekoa da ere Julita Berrojalgizek eskolak euskalduntzeko prozesuan beste hainbeste emakumeren laguntza ere izan zuela. 

Karmele Goñi, Begoña Insunza, Txaro Mujika, Miren Olartetxea, Agurtzane Zigorraga eta Arantza Zubizarreta.
Emakume aitzindarien bistaratzearen aldeko borrokak baditu bere sariak, eta horren adibide da Julita Berrojalgiz izena jarri zaiola Bilboko kale bati. 

Blogeko aurreko edizioetako postak irakurri ondoren, bakarra aukeratzea oso zaila izan bada ere, Maiterena bereziki interesgarria iruditu zaidala esan behar dut. Bertan, “Pornobrujas” izeneko emakume talde baten laburmetraia aurkezten da, zeinek erasotuak izan diren emakume batzuen indarra eta borrokarako grina azaltzen dituen. Film honetan, aske bizi nahi duten lau emakume dira protagonista, eta hau da nire aburuz, gaurkoan dugun gai honen erronkarik garrantzitsuena. Gizonak eraikitako sistematik at, libre bizi diren emakumeen irudia sustatu behar da. Bakoitzak bere izaera eta izan nahia sortu behar ditu, historikoki egondako maskulinitatetik ihes eginez.
Bestalde, beti aipatu izan dugun hezkuntzaren garrantzia goraipatuz, Curriculumean eta eskolako materialetan emakumeen presentzia azaleratzea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Irakasleok gai ezberdinen azalpenen antzezlana egiterakoan, eszenatokian gizon bezain beste emakume aurkeztu behar ditugu, etorkizunean ikasleak beraien bizitzaren protagonista bihurtzen direnean parekidetasuna natural bezala uler dezaten. 

Amaitzeko, garrantzitsua da gaur egun oraindik emakumea ikusezin egiten dituen eremu eta arloak identifikatzea eta denon artean aldaketara bultzatzea. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina