2017/10/07

NIRE AURKEZPENA

Gaur egungo gizarteari zur eta lur begiratzen dion 25 urteko emakume gazteabezala aurkezten dut nire burua. Zorionez edo zoritxarrez, zaila egiten zait gizartean eremu ezberdinean ematen den bortizkeria mota ezberdina ulertzea, asko eta asko ulergaitzak egiten zaizkit. Baina argi daukat horrekin amaitzeko hezkuntzan aldaketak egin beharra daudela, eta ba al dago hezkidetzaren bitartez lantzea baino aukera hobeagorik?

Lierni naiz, izatez Haur eta Lehen Hezkuntzako irakaslea naiz, nahiz eta momentu honetan euskaltegian egiten dudan lan. Zorionez haurrekin eta helduekin lan egiteko aukera izan dut, eta pertsonalki oso aberasgarria izan dela esan beharra daukat. Helduekin lan egiteak aniztasunean murgilduta egotera eraman nau, niretzako esperientzia erabat aberasgarria bihurtuz.

Beste zenbaiten moduan, ez da lehen aldia hezkidetzaren inguruan informazioa bilatu dudana. Feminismoa zorionez oso gaztetatik interesatu izan zaidan gaia izan da, eta horrek azken urteotan HEZKIDETZA ezagutzea eta lantzeak duen garrantzia funtsezkoa dela konturatzera eraman nau. Baina gai honen inguruan hanka motz geratzen naizela ohartu naiz, aurrera joateko makuluen laguntza beharra daukat. Horregatik, hezkidetzaren inguruko ikastaro hau ikusi nuenean, nik ditudan hutsune horiek asetzeko eta indartzeko asmoz apuntatu nintzen.

Nire burua azaltzen duten bi ezaugarri aukeratu beharko banitu, arduratsua eta entzule ona naizela esango nuke. Batetik, pertsona arduratsutzat ikusten dut nire burua, hartutako betebehar eta lanak arduraz betetzen dituena. Behin zerbait egiten hasi ez gero, amaitu arte amore ematen ez duen horietakoa. Bestetik “entzule ona” esaten dudanean, jendeari entzutea eta elkarren arteko ideiak partekatzea asko gustatzen zaidala esan nahi dut. Modu honen bidez uste duguna baino gehiago ikasten baitugu, aberasgarri bihurtuz. Ikastaro hau egiteko metodologiak, elkarren artean ikasten lagunduko digulakoan nago. Hezkidetzaren inguruan formatzeaz gain, elkarren artean lan egiten ere irakatsiko baitugu.

Zein kolorerekin identifikatzen dudan nire burua galdetzen didatenean, berdea izan ohi da nire erantzuna. Berdea biziaren, udaberriaren eta gaztaroaren kolorea dela esaten da; alaitasunaren eta itxaropenaren adierazgarri baita. Naturarekin eta deskonexio momentuekin lotu izan dut maiz, mendira joateko beharrarekin.

Beste garai batean, animalia izango banintz inurria izango nintzake seguru asko. Txikiak eta ahulak direla iruditu harren ez dira diruditena. Talde lanean aritzeko gaitasun oso handia eta dirudiena baina askoz ere indartsuagoak diren animaliak direla iruditzen baitzait.

Abestia aukeratzea ez da erraza izan, baina nire memorian gorderik neukan altxor bat berreskuratzea otu zait. Mila bider entzun arren, oraindik ere indarra ematen didan abesti bat dela esan dezaket. Kokein taldearen lotuta egon arren abestiaren letrak zati batean dioen moduan, “ametsa ez da lurperatzen”. Eta arrazoia du, ametsak errealitate bihur baititzakegu. 


Amaitzeko, ikastaro honekin aritzeko gogotsu nagoela esan nahi dut. Gai interesgarria izateak eta inguruan praktikan jarri nahi izateak ematen duen zirrara aprobetxatuz, ikastaroaz disfrutatu nahi dut.

NIRE AURKEZPENA

      Kaixo kuadrilla.           
                                                    
      Ni Irati naiz, 23 urteko azpeitiarra. Ihazko ikasturtean Haur Hezkuntzako gradua amaitu nuen, eta bertako praktiketan ikastaro hau burutzen ari zen irakasle batekin topo egin nuen. Eguna joan eta etorri han ibiltzen ginen hemengo eztabaidak gure ahopera ekartzen, eta asko erakarri ninduen. Jorratzen ziren gaiak nire inguruan sarritan eztabaidatu izan nituen  gaiak zirela ohartu nintzen;  dena den, inguruarekiko iritzi kontrajarria izan ohi nuen sarri, eta ezin izaten nituen nire argudioetara erakarri. Hori horrela, ikastaro honek inguruari begiak zabaltzeko motxila osatzen lagunduko didan esperantza dut.

      Maite ditut maite gure bazterrak, mendia eta itsasoa. Lehenengo arnasalditik maite ditut euskara eta euskal kultura; harria, egurra eta euskal lurra. Animalia banintz arkumea izango nintzateke, ardia gure ikur ulertu eta mendiko askatasuna gogoko duena; aldi berean goxoa eta ingurukoen epeltasunaren maitale dena.

       Koloretako ametsak egiten ditut esna nagoenean, oraintxe amets grixak margotzen ditut, jarraian ortzadar koloreakoak.  Ez nuke jakingo kolore bat autatzen, nire egunak hamaika kolorez margotzen ditudala esango nuke.

        Oroimenen tokian dut nire abesti kuttunenetariko bat. Barne kilimak dantzan jartzen dizkidate larruaren dardara, txapen txalo hots eta hauspoaren arnasak. Horreteaz gain,  honela hasten da kanta: “hasiera batek beti eskutik dakar laguna,  bidea egin ostean helmugan zain daukaguna, bukaera izenarekin izaten da ezaguna, hasitakoaren amaieran zain edukitzen deguna. “  Duela hilabete batzuk lagun baten eskutik oratuta bide bat hasi nuen,  haur nintzenetik nire ametsa zena betetzeko bideari ekin genion.  Bi aste soilik falta zaizkigu helmugara iristeko, eta irrikaz gaude. Denoi esan nahi nizueke, ametsak egi bihurtuz lortu leike zoriona, segi adore betean egi bihurtzeko esperantzak laguntzen dun bitartean.


        Talde honek ere interes edo helburu komun berdintsuaren biran egin nahiko duela dantza uste dut. Kideekin ditugun  errezetak elkarbanatuz asko ikasiko dugula deritzot, ikastaroarekiko dudan interesa, hezkidetzaren arloan ditudan gabeziak osatzea da. Talde lanean ekinez,  etorkizun urbilean gure gizartea Hezkidetzatik elikatuko den esperantza dut.  Salto egiteko pronto gatoz gu, mugak gainditzeko dira!!



      Mila esker, Mikel laboari, Pirritx eta Porrotxi, Mikel Artolari, eta triki-frikiei… aurkezpeneko parte izateagatik!

2017/10/05

NIRE AURKEZPENA

Kaixo… Eider Oleaga naiz, 28 urteko gamiztarra. Ni ere tranpan jausi eta bankuarekin ezkondu berria naiz, Mungiako pisutxo batera bizitzera joan naizelarik. Bigarren Hezkuntzan aritu naiz lanean azken bost urteotan, eta jada boligrafo gorria oso zorrotz duen Ekonomia eta Matematikako irakasle sorginaren fama hartua daukat (eta harro nago!).

Irakasle izatearen ametsa txikitatik datorrela dio amak, urtero arbel txiki bat baitzen Olentzero eta Mari Domingiri egiten nien eskaria. Eta bizitzak opari bikainak egiten dituenez, ametsa egia bihurtzea lortu dut. Hala ere, errealitatea ez da beti hain ederra izaten eta bizitako esperientzia labur honetan berdintasunaren gizartetik urrun gaudela ikusi dut. Dena dela, amets bat bete bada, zergatik ez da mundu justu eta ideal horren ametsa ere egia bihurtuko?

Duela urte batzuk, ikastolan M8 egunero da! (Twitter: @M8_egunero_da, bloga: M8 egunero da!) izeneko talde bat sortu zuten lankide fin eta ekintzaile batzuek. Itzelezko ideiak izaten dituzte eta ikasleek osatutako talde ekintzailearen bidez, berdintasunaren aldeko borrokan dihardute. Nik ere nire hazia erein behar dudala uste dudalako ikastaro hau egitera nator, tresna bila.

Hori hala dela, ikastaroa egiteko irrikaz nago, lan berrien aurrean beti ito egiten banaiz ere. Ez naiz kapaza izango, ez dut egiten jakingo, ez dut denborarik edukiko, (oh my god!)… esaten diot nire buruari, baina beldurrak baztertu eta inuzentekeriak alde batera uzten ditudanean, lan pila erronka interesgarri bihurtzea lortzen dut, gogotsu jardunez. Beraz, ekin diezaiogun lanari!

Nire kolorea zein den ikasleei esker topatu nuen, jarraian kontatuko dizuedan gertaeraren bidez: ikastolako jai egun batean ikasleek jolas bat sortu zuten. Jolasa galdetegi luze bat zen eta nola ez, galdera gehienak irakasleei buruzkoak ziren. Halako batean hurrengoa galdetu zuten: zein da beti morez jantzita doan irakaslea? Eta bat-batean ikasle guztiek batera nire izena oihukatu zuten. Beti izan dut gustuko kolore hori, baina ordura arte ez nintzen ohartu arbela parean jartzen garenean jasotzen ditugun ITV azterketak guk jartzen ditugunak baino zorrotzagoak direla.

Momentu honetan milaka abesti polit datozkit burura, baina bat aukeratzekotan asteazkenero arratsaldeetan gure ikastolan entzuten dugun kanta jarriko dizuet.



Bestalde, aurtengo bertso txapelketa nagusiari keinu eginez, bertso txiki batekin agurtuko zaituztet:

Ikastaro berri honek
argituko ditu ilunak
elkarlana landuz eta
eraikiz etorkizuna.

Denon parte hartzea da
aste guztiko jarduna
gauza berriak ikasi
lanean jarriaz burua.


Irakasleon lanari
emon daiogun zentzua
eskolako Hezkidetzan
hartuaz gure eskua.


Emakumeon borroka
zabaldu daigun mundura
denon indarraren bidez
bultzatuz berdintasuna.


(Doinua: habanera)

NIRE AURKEZPENA


Arratsalde on: 
Garazi naiz, azken bi urte hauetan Donostian bizi den Lizartzarra. Begiak itxita edo zabalik, amestea maite dut eta amets horietan, motxila jantzi eta bidaiatzea etenik gabe.

Nire motxilan zer dagoen? gauza ugari eta ez oso ordenatuta, baina, baditu bi poltsiko handi: musika eta hezkuntza izenekoak. 

Hezkuntzakoa arakatuz, Lehen Hezkuntzako Gradua Hezkuntza Bereziko aipamenarekin, bukatu ostean,  ikerkuntzarako bideari ekin nion, hezkuntza berrikuntzaren inguruan ditudan egonezinak asebetetzeko asmoz. Hezkidetzaren gaiarekin loturik, Nerabeak eta sexting gaia aztertzen ari zen ikerketa lan talde batean parte hartu nuen. Hemen hasi nintzen, hezkidetzaren, feminismoaren inguruan, sakontzen, irakurtzen, interesa pizten… 

Azken bi urteetan berriz, irakasle bezela egin dut lan, buruan bueltaka nituen proiektu utopiko haiek errealitatera eramateko ahaleginak eginez. Bai ikasleekin bai irakasleekin gai honen inguruko lanketa sakonaren beharra sumatu nuen. Hona hemen ikastaro honetan izena eman izanaren bigarren arrazoia. 

Musikaren poltsikoan, hainbat proiektutan aritu naiz teklatua jotzen eta askotan emakume bakarra izan naizela konturatu naiz. Aldatzen badoa ere, eszenatokira igotzen garen emakume musikariok gutxiengoa izaten jarraitzen dugu. Irakurri dudanak eta inguruko emakume musikariekin egindako hausnarketek, argi uzten didate hemen ere badudala hezkidetzarako beste erronka eder bat. 

Animalia izateko aukera banu zein izango nintzatekeen? “ Lo zaudela imajinatzen dut, ze animalia ginatekeen gu… zuk jango nindukezun edo nik jango zituzkedan zu, zu noren harrapari nor noren zelatan…” Anariren kantu honek dion moduan nik ere ez dut argi zein izango nintzatekeen, noren harrapari edo noren zelatan ibiliko nintzen. Ez dut uste egunero animalia bera izango nintzatekeenik. Ziurrenik geldirik egoten ez dakien eta behatzea gustuko duenen bat izango nintzateke, taldean hegan dantzatuz aske sentituko dena, baina baita, bakarrik egoteko gogoa duenean itsas hondoan galtzeko gai dena. 

Eta kolorea? Izaro bakarlariari lapurtuko dizkiot hitzak: “A ti con tu escala de grises, entre el color de mis matices. Más me gusta tu escala de grises que cualquier otro jardín.” Ez zaizkit asko gustatzen kolore deigarriak eta beltz grisen arteko eskala horretan eroso sentitzen naiz, grisen eskalak ere bai baititu nahikoa ñabardura ondo errearatzen badiogu.

Bidaia honetan bakarrik ez naizenez ibiliko, talde lan birtualetan aritzeko ditudan bi gauza on aipatu nahi nizkizueke. Batetik, parte hartzeko gogoa. Nire esperientziak besteei kontatu eta besteen bizipenak ezagutzeko gogoz etorri naiz, ezberdina den hori ezagutzeko jakin mina izaten baitut beti. Bestetik, irudimenarekin jolastea gustuko dut eta testu formalez gain beste baliabideen bitartez nire ideiak adierazteko aukera polita iruditzen zait. 

Dudan onena ematen saiatuko naizenez, gustuko dut besteak ere horrela aritzea eta nire lanen gaineko  iritzia ematerakoan, benetan pentsatzen duzuena adieraztea eskertuko dizuet, aberasgarria iruditzen zait feedback hori. 

Hezkidetza gaian sakonduz nire lanean, zein egunerokoa hobetzeko baliabideak eskuratu nahi nituzke ikastaro honetan. Orain artean, hauturik gabe ikasarazi dizkiguten eta barneratuak ditugun ohitura, pentsaerak... birplanteatu eta behar ez ditudanak desikasteko ere aprobetxatu nahi nuke. Amaitzeko,  KOBANeko lagunek gazte akelarrerako egin zuten kantuaren erritmoan,  nire buruari erronka eta amets berriak sortzeko itxaropenez ekingo diot ikastaroari. Bidaia ona izan




Sarean ere zabaldu dezagun hezkidetza danborren lurrikara! 



NIRE AURKEZPENA


Umetan Andoni Aizpururekin batera Euskal Herriko eguraldi gizon izan nahi banuen ere, segituan ohartu nintzen eguraldia iragartzeko gai bai, baina gizon izateko asko ikasi behar nuela oraindik. Eta ez pentsa ez nintzenik saiatu, pixa zutik egiteko zenbait saiakera egon baitziren. Kaskagogorra izaki.
Valparaiso, Chile (2012)
Gauzak horrela, Haur-Hezkuntza, Lehen-Hezkuntza eta Sorkuntza eta Diseinuko ikasketak burutu ostean, ofizioz irakaskuntzan amaitu nuen.  Esan daiteke Euskal Udalekuek eragin zuzena izan zutela erabaki honetan (2005 urteaz geroztik bertako partaide naiz), izan ere, urteen poderioz taldeko kide eta lagunen esperientziaz asko jaso dut, hezitzaile modura, elkarbizitzari dagokionez eta batez ere pertsonalki. Dena den, segituan ohartu nintzen udalekuetako zenbait eredu naturaltzat hartzen ziren bitartean, arrotzak gertatzen zirela nire Donostiako errealitatean. Hala, feminismoaren ildoa jarraitu eta egunerokotasuneko egoerak ikuspegi feminista batez irudikatzen hasi nintzen.  Irakasle eta feminista naizen heinean, nire lanean ere hala islatu nahi izan dut, baina batzuetan zaila suertatu izan zait ikasleekin zein lankideekin alor hau lantzea. Horregatik, ikastaro honetatik, genero-ikuspegia duten proiektu hezitzaileak garatu eta horretarako beharrezkoak diren estrategiak, sortze ereduak eta erreferenteak lantzea dut helburu.
Pertsona kritiko eta ironikotzat dut neure burua (beti ere epaitu gabe); beraz, pertsona kritikoak edo gardenak topatu nahiko nituzke aurtengo ikasturte honetan.
Ni ere Charles Perrault-en Txanogorritxo ipuinaren biktima izan nintzen eta ondorioz nire berraragiztatzean otsoa izan nahiko nuke: taldean bizi dira, kutsu misteriotsua dute eta lasaiak izan arren ziztu bizian atera daitezke.
Amaitzeko, kaskagogorkeria eta jenioa amonari zor dizkiot eta kasualitatez edo kausalidadez amonak Maritxo du izena, beraz, hona hemen nik hautatutako abestia: 
MARITXO! (Maite Larburu, Hernani, 1978)
Aitortzak:
·      Egunero aguakatea, kalabaza purea eta kroketak jango nituzke.
·      Pekatuak pekatu, hortzak garbitzerako garaian ur txorrota zabalik uztea gustatzen zait.
·      Aintzane eta Ainhitze izenak nahasten ditut.
·    Kolorea: beltza. 
·    Ofizioz irakasle, tarteka diseinatzaile eta ilustratzaile. 
"Mikromatxismoak Bistaratu lehiaketa" 1.saria
 

2017/10/04

NIRE AURKEZPENA

Kaixo lagunak! Ni Olatz Ucin naiz, 24 urteko Azkoitiarra. Orain dela bi urte Lehen Hezkuntzako Gradua amaitu ostean, haur txikiagoekin lan egitea ere asko gustatuko litzaidakeela sentitzen nuenez, Haur hezkuntzako gradua egiteari ekin nion eta aurreko urtean bukatu nituen ikasketa horiek. Hori honela izanik, gaur egun ikasitako guztia lanean praktikan jartzeko gogoz nago. Baina, aipatu beharra daukat, hemendik aurrera etengabe formatzen jarraitzea ezinbestekoa izango dela uste dudala, horregatik nago hemen, hezkidetzaren inguruko ikastaro honetan, hain zuzen ere.

Hezkuntza ez formalean lanean aritu izan naiz udalekuetan haurrekin. Bertan, jaso izan dut orain arte informazio gehien hezkidetzaren inguruan. Oso gai garrantzitsua delakoan nago eta honen inguruan oraindik egiteko asko dagoela uste dut. Hori honela izanik, ikastaro hau egitera animatu naiz informazio gehiago biltzeaz gain, honen inguruko baliabideak eskuratu ahal izateko.  Azkenean, hezkuntzan haur txikiekin lan egingo dudanez, ezinbestekoa izango da horiei hezkidetzaren inguruko ideia argiak helaraztea, hau da, ikasleak hezkidetzan heztea.

Nire lagunek pertsona arduratsua eta entzule ona naizela diote. Egia esan gauzak azken momentura arte egin gabe ustea gustatzen ez zaion horietakoa naiz. Normalean gauzak kontrolatuta izatea gustatzen zait, honela erosoago sentitzen bainaiz. Bestela, urduri samar jartzen naiz. Hori da nolabait ere hobetu beharreko nire alderdietako bat, urduritasuna. Jadanik urteen poderioz asko hobetu dudan zerbait den arren, urteak joan ahala aurrerapauso gehiago emango dudala uste dut, arazo egoerak lasaitasun handiagoarekin hartzen ikasiz.

Ezaugarri horietaz gain ordea, pertsona alaia naizela uste dut, gustura bizi naiz, batez ere lagun eta familiarengatik inguratuta nagoenean. Atsegin dut nire inguruko jendearekin egotea. Beraiekin egoteak nolabait ere indarberritu egiten nauela iruditzen zait. Beraz, nire zaletasun handienetako bat hori da, maite nauten eta ditudan pertsonekin momentuak bizitzea. Horrekin batera, aipatu beharra daukat dantza dela nire beste zaletasunetako bat. Arazo guztiak alde batera usteko momentu paregabea izan ohi da niretzat, musika jarri eta saloiko dantzak ikasteko astean eramaten ditudan bi orduak.

Azken urteetan talde lan ugari burutu behar izan ditut eta ekintza honetarako ezinbestekotzat jotzen ditut konpromesua eta elkarlana. Talde bateko partaide zaren momentutik, batetik, bertan gauzatu behar diren ekintzetan parte hartzeko iniziatiba izatea oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Bestetik berriz, taldean uneoro elkarlana egotea eskertzekoa da. Nire kasuan bi alderdi horiek betetzen saiatzen naizela esan beharra daukat. Uneoro ahal dudana egiten saiatzen naiz eta besteen iritziak entzunez eta elkarlanean arituz gauza berriak sortzea gogoko dut.

Nire interesei erreparatuz, hezkuntza da gehien interesatzen nauen gaietako bat, bertan beste hainbat gai txertatzen direlarik. Horietako bat da hezkidetzaren gaia. Haurrei ahalik eta heziketa osatuago bat ematea oso garrantzitsua delakoan nago eta horregatik hezkuntzaren barneko arlo ezberdinak ahalik eta ondoen ezagutzea gustatuko litzaidake, ikasleak etorkizunerako modu egokian prestatzeko asmoz.

Wordart baliabideari esker ondorengo irudia sortu ahal izan dut niri buruzko informazioa bertan bilduz. Bertan nirekin lotutako hainbat ezaugarri biltzeaz gain, beste bi adierazle txertatzea pentsatu dut. Batetik, formari dagokionez txori baten irudia aukeratu dut. Honen arrazoia, animali bat izatekotan txoria izango nintzelako da. Denen gainetik aske hegan egitea gustatuko litzaidake, leku ezberdinak bisitatzeko aukera izanez. Bestetik, txoriari kolore urdinaren bi tonu ezberdin eman dizkiot. Izan ere, kolore bat izatekotan urdina izango nintzateke. Kolore urdinarekin lotzen dira nolabait ere, fideltasuna, konfiantza, laguntasuna…. hitzak. Atsegin ditut sentimendu horiek eta horregatik aukeratzen dut kolore hau.
Abestiei dagokionez, zaila egiten zait bat aukeratzea, momentu bakoitzerako ezberdin bat aukeratuko nukeelako. Kasu honetan azkenaldian entzuten den abestietako bat ekarriko dut bertara, gogoko izateaz gain, ikastaroa hasteko indarra helarazten duela uste dudalako. Berak dioen bezala, aske maitte, aske bizi!


Amaitzeko esan, espero dudala ikastaro honetan nire motxila hezkidetzaren inguruko informazio eta baliabide gehiagoz betetzeko aukera izatea, elkarrekin lan talde polit bat osatuz.

2017/10/03

NIRE AURKEZPENA


Iluntasunez eta argiz beteriko emakumea naizela esango nuke, nigandik espero denaren eta nire grinen arteko lerroan dabilen funanbulista. Irati naiz eta patuak ekarri nau honaino: Soziologia ikasi nuen unibertsitatean baina gizarte zientzien hoztasunetik urrundu nahian, gizarteratzea ikastera abiatu nintzen, jendartearen onura eta arazoek eskaintzen dituzten epeltasunean murgilduz.

Bide honetatik heldu nintzen Ondarroako emakumeen etxera, Etxelilara hain zuzen ere. Momentu horretan agertu zen hezkidetzaren presentzia nire bizitzan.

Etxelila Ondarroako institutuko hezitzaileekin elkarlanean aritzen denez, hezkidetzaz arduratzen ziren bi harri bitxi ezagutzeko aukera izan nuen. Uste dut asko irakatsi geniola elkarri. Izan ere, beraiek piztu zuten hezkidetzanganako egun duda interesa.

Bestetik, beraiek nerabeekin egiten zuten jardueretan parte hartzeko aukera izan nuen denboran lantzen nabilen gaiarekin; Edertasun estereotipoen, hauen ondorioen eta edertasun kanonen urraketaren beharraren inguruan aritu naiz urteetan zehar, sare sozialen bidez lantzen den proiektu txiki baten bidez.

Agian nire hezkidetzanganako interesaren sorburuetako bat ere izan daiteke azken hau. Hots, edertasun estereotipoan sartu ez arren, naizen hau nire osotasunean maitatzea, honek suposatzen duen ondorio eta presioa kontuan hartuta. Hetero-patriarkatu honek ez digu erraztasunik jartzen norberak bere burua den moduan maitatzeko, agian ez dakielako aniztasuna ederra dela.

Talde-lan birtualean aritzeko ditudan bi ezaugarri on nagusiak, jarrera irekia eta ikasteko nahia da. Alde batetik, jende berria ezagutzea asko gustatzen zait eta bestetik, hauengandik ikasteko dudan guztiak aberasten nau. Era berean, elkarrekikotasuna eta jarrera irekiak eskertzen ditut, hartuz eta emanez ikasten baita.

Kolorea izango banintz laranja izango nintzateke, alaitasunaren ikono baita.

Animaliari dagokionez, oso argi daukat ze animali izango nintzen: arranoa. Arranoak behatzaile oso onak dira, beraien inguruan zer gertatzen den behatzeko ahalmen handia dutelarik. Gainera boteretsuak eta ederrak dira, handiak.

Abestienganako dudan maitasuna asko aldatzen dut; Orain hau entzun eta entzun, eta biharko aspertzen nau. Baina badago abesti bat, urteak joan eta etorri ahala txunditzen nuena, agian barnean dudan neska txikiarekin konektatzen nauelako: Imanol Larzabalen “Haur Kanta”. Gogoan dut haurra nintzenean amak abesten zidan garaiak, ohe ondoan exerita loak hartu arte.

Bukatzeko, ikastaroarekiko ditudan itxaropen nagusiak asko ikastera laburbiltzen dira: ikasgaien bidez jasoko dudan teoriaz aparte, inguruan dudan pertsona berriez ikastea eta oro har bizitzarekiko ikuspegi berriak ezagutzea.