2018/03/13

GUZTION ARDURA DA, INDARKERIA MATXISTA GAINDITZEA

Aste honetako irakurgaiari esker, indarkeria matxistaren inguruko informazio ugari eskuratu ahal izan dut, eta bertan aipatutako ideia ezberdinekin honako hitz-hodeia sortu dut.

Argi dago, gure gizartean indarkeria matxista gainditu gabe dagoela. Gaur egun, oraindik ere, indarkeria hau agerian gelditzen baita sare sozialetan, komunikabideetan eta egunerokotasuneko esparru ezberdinetan.

Gizonak dira emakumeenganako indarkeria mota honen eragileak eta matxismoa bera dago horren jatorrian, baina horrek ez du esan nahi, emakumeak direla soilik hau jasaten dutenak. Izan ere, maskulinitate hegemoniko ereduari jarraitzen ez dioten gizonek, agindu heterosexual normatiboa betetzen ez dutenek, edota sexu zein genero dikotomiak zalantzan jartzen dituzten pertsonek ere hau jasaten dute. Horren adibide da, ondorengo bideo honetan Polek azaldutakoa. 


Gauza bera gertatzen da indarkeria honi aurre egin behar dioten pertsonen inguruan pentsatzerakoan, normalean emakumeei jartzen baitzaie horren ardura. Baina, kontuan hartu behar da, hau gainditzea jendarte osoaren arazoa dela (arazo politikoa) eta beraz, guztiok batera lan egitea garrantzitsua izango dela. Beharrezkoa izango da gizonek ere emakumeei laguntzea, Silvia Federicik esan bezala beharrezkoa dugu emakumeen kontrako bortizkeriaren kontra, misoginiaren kontra, estatuek emakumeen gorputzei eragindako erasoen kontra… gizonezkoek ere borrokatzea. Gizonek zergatik ez dute emakumeen kontrako bortizkeriaren aurka fronte guztietan borrokatzen? Haiek dira beste gizon batzuk hezi behar dituztenak”.

Horrekin batera, indarkeria hau desikasteko maitasun erromantikoa, mikromatxismoak eta LGTBIQ-fobiak landu beharko dira; batik bat, bi estrategia erabiliz. Batetik, maskulinitate berriak sortuz eta bestetik, autodefentsa feminista sustatuz.



Iazko ikastaro-kideen sarrerak irakurri ostean, gaurkoan BegoƱa I. E.-rena gomendatzea pentsatu dut. Ikaragarri gustatu zait gaiaren inguruan egin duen hausnarketa. Bertan, hainbat irudiren bidez bere gogoetak indartu ditu eta partekatu dituen artikulu ezberdinak oso esanguratsuak iruditu zaizkit; esaterako, autodefentsa feministaren garrantziaren inguruko honako txosten hau.

Aurretik aipatu bezala, autodefentsa feminista izango da indarkeria matxista gabeko jendartea sustatzeko estrategietako bat. Honen bidez, emakumearen ahalduntze indibidual eta kolektiboa lortu nahi da, auto-konfiantza eta segurtasuna eraikiz eta hauekin, zenbait trebetasun landuz. Honen harira ondorengo leloa sortzea pentsatu dut.


Maialen Lujanbiok esan bezala, "Jo duten emakumeari; berari jartzen dio bizkartzaina gobernuak. Kalera festara doan alabari; berari jartzen diote araua gurasoek: zentzuz jokatzeko eta erne ibiltzeko. Denbora laurdenik ematen da zentzuz jokatzeko eta erne ibiltzeko esanez semeari? (...) Beldurra aldez aldatu behar den? Ardura aldez aldatu behar dela ez daukat zalantzarik”Beraz, nik sortu berri dudan lelo hau, orokorrean gizarte guztiarekin lantzea gustatuko litzaidake, batez ere, hezkuntzako profesionalekin eta gurasoekin, gure seme-alabei helarazten dizkiegun mezuek ekar ditzaketen eraginetan hausnartzera bultzatuz.

Guzti hau kontuan hartuta, indarkeria matxisten gaia eremu hezitzailean zein jendartean lantzea ezinbestekoa dela uste dut. Batetik, indarkeria izate hutsagatik, gizarteko partaide ugariri min ematen jarraitzen diolako eta bestetik berdintasunik eza dakarrelako. Izan ere, horrek, emakumeak menpekotasunera lotzea eragiten du, gizonezkoak boteretsuak izatera bultzatuz. Hori honela izanik, uste dut badela ordua gizartea honen inguruan sentsibilizatzeko eta guztiok elkarrekin errealitatean esku hartzeak gauzatzen hasteko; behingoz guztiok aukera berdinak eduki ditzagun eta guztiok askatasunean bizi gaitezen.

Amaitzeko, hona egun hauetan, sarean behin eta berriro ikusten ari naizen bideoa, ipuinetako matxismoa eta berdintasun eza azpimarratzen du.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina