2018/10/29

SEXU-GENERO SISTEMA ALDE GUZTIETAN...

Sexu genero sistemaren inguruan hausnartzen ibili gara aste honetan, badira urte batzuk behin eta berriz sistema honen erreprodukzioak sentitzen ditudala edonon nagoela ere, baina aste honetan begirada fintzen saiatu naiz. Sistema leku eta momentu guztietara iristen da, jaiotzetik geuregan eragina izanik, bizitzan zehar bide markatu baten baita hazten eta hezten goaz.  "Biztanleria talde etiketatu estuetan antolatzen dute eta gizaki bakoitzari dena edo askatasunez garatu nahi dituen berezitasun eta ezaugarri propioak ukatu ere bai. Erdibana garatzen dituzte gizakiak"
Erdibana garatzen gara! Geure aukerak erdiak dira. Abilezien erdia, gustuen erdia, gaitasunen erdia, motibazioen erdia, ametsen erdia, betebeharren erdia, lorpenen erdia......
Nola liteke ez jabetzea eskubide mozketa honetaz? Nola liteke "osasuntsu" bizitzea erdia eskainiz eta erdia jasoz? Konplize bihurtuz, normalizatuz, naturalizatuz. Eta sistema guzti honen artikulazioa lanketa sakon eta indartsu baten bidez imposatuz, Amaia Alvarezek dioen moduan, “biologikoki eta mentalki desberdinak eta elkarrekiko baztertzaileak diren bi sexuen aldeko defentsa XVIII. mendetik zetorren baina mende oso bat pasatu behar izan zen teoria hegemoniko gisa onartua izateko. Teoria horren helburua gizon eta emakumeen arteko parekidetasun eza arrazionalizatzea zen, desberdintasun hori natural bihurtuz eta ahalik eta gehien gorpuztuz...”

Berriz ere nire inguruaren behaketara joanez, eskolan, kalean, tabernan, parrandan, kirolean... topatu ditzakegu sistema honek bere horretan jarraitzen duela argitzen dituzten adibideak. Kotxea tailerrera eramaten dudan momentua erabat deserosoa izaten da niretzan. Nire abilezia gaitasunari ez dagokion kutxan kokatzen da mekanika, eta zerbait jakingo banu ere, tailerrek gogorarazten didate nik ez dudala zertan hortaz jakin behar. Inguru maskulinizatuak dira erabat, begiradak, hitz egiteko moduak, dekorazioa...lekuz kanpo sentitzeko atmosfera paregabeak. "Neska" naizela ondo gogoratzeko.

Herriko plazan larunbat bateko arratsaldeko 7etan begirada finduz gero, hantxe dauzkagu "mutil" eta "neska" estereotipoak pil-pilean. Gurasoak batetik, poteoan, aita asko beraien lagun gizonekin hizketan; ama asko haurrengan begi bat, lagunen elkarrizketan beste begi bat. Jazkera aipatu gabe noski...Haurrak bestetik, panpinak, kotxesillak, arrosa kolorea; baloiak, motoak,kromoak urdin kolorea...Hauen arropak ere zeresan handia eman dezakete. Amaitzeko, genero-sistematik kanpo legokeen adibide bat jarri nahiko nuke, Aralarrera igo eta geroz eta gehiagotan topo egiten dut emakumezko mendizaleekin, bakarrik doazenak gainera. Gorputza konfidantzaz eta abileziaz mugitu behar da mendian gora aritzeko, osasuntsu eta indartsu, bakarrik bazoaz zerbait gertatzekotan ez daukazu lagunduko zaituenik eta horrek beste nolako indarra ere adierazten du, konfidantza. Munduan barrera geure kabuz ibiltzeko gaitasun nahia daukagula adierazten dute honelako detaileek, ahal dugula, eta dagokigun estereotipo kaxa pixka bat apurtzen duela uste dut. Hala ere, gaur egun iraultzen ari garela pentsatzen dugu askotan, baina geure amonek ere irauli zuten, eta haiek kutxak pixka bat apurtu zituztelako, guk apurtzen jarraitu dezakegu.

https://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/erraketistak

Lehengo urteko ikasleen idatzietako bat aukeratuko banu Garazi Esnaolarena aukeratuko nuke. Sekulako informazio bilketa egin zuela iruditzen zaidalako, ipuina, bideoak...material asko eskegi zuen eta guztiontzako oso lagungarriak izan daitezkeela iruditzen zait. Batzuk badute abilezia material bilketan eta online bidezko ikaskuntzan, eta eskertzekoa da gehiago kostatzen zaigunoi jakintza gerturatzea.

Musika irakaslea naizenez, askotan saiatzen naiz bideo bat jartzekotan, musikari emakumeak aurkezten. Gainera, emakumeoi "dagozkigun" edota gizonezkoei "dagozkien" instrumentuen iruditegia aldaraziko dien erreferenteak jartzen saiatzen naiz: emakume baterijoleak, zeharkako xirula jotzen duten gizonak...eta honetan pentsatzen eta bilatzen ari nintzela emakunderen txosten honekin topo egin dut. Artearen transmisioan gabiltzak irakasleontzat lagungarria iruditu zait, askotan geuk ere ez dakigulako zein izan daitezkeen emakume erreferenteak, ez ditugulako ezagutzen.

Baina noski, material ezberdinak eskura izateak laguntzen badu ere, oztopoak ditugu, mota askotakoak gainera:
-Gizarte kapitalista-kontsumista honek ondo dauzka finkatuak bakoitzari dagozkigun estereotipoak. Horren baitan eraiki dute gaur egun ezagutzen dugun ingurua (dendak, telebista, telesailak, musika, jostailuak, hobbyak...). Eta noski zaila edo ezinezkoa da guztiz horri ihes egitea.
-Eskoletan, geroz eta presentzia gehiago badu ere, eskola komunitateko kide bakoitzak bere erritmoa darama eta batzuetan batzuk begiak zabalik baditugu ere, lankideek ez dauzkatela konturatzen gara. Gogorra eta neketsua da begirada honen baita lan egiten saiatzea, baina ondokoa saiatzen ari ez dela ikusteak gogorrago bihurtzen du bidea. Zer esanik ez dauzkagun baldintzek ez dutela batere laguntzen, denborarik gabe, materiala sortzeko tarterik gabe eta dauzkagun ikasle kopuruekin, egoerak betiko topikoetan erortzera eramaten gaitu askotan. Eutsi horri!
-Familietan lanaren erdia dagoela iruditzen zait. Etxean hasten da heziketa prozesua, etxean lantzen denak dauka pixu gehien geuregan eta gurasoak jabetzen ez badira zein eredu eskaintzen dizkien haurrei, eskolak zeregin gutxi izango du eraldaketan.
-Eskola aipatzen du heziketa prozesuaren komunidadean garrantzia duen leku moduan, baina hezkuntza ez-formalean ere lana berdin berdin egin behar dela iruditzen zait. Askotan, espazio horiek askeagoak izaten dira gainera, eta haur edo gazteek "aukeratuak". Beraz, haiengana iristeko erraztasun gehiago egon daitezkeela uste dut. Aisialdian komunidade eta elkar bizitza balio asko transmititzen dira, eta hauei ere baliabide egokiak eskaini behar zaizkie.





Amaitzeko, Napoka Iriaren abesti honi erreferentzia egin nahiko nioke. Lerrokatuz eta sailkatuz aurrera goazela dio, mundua honela eraiki dutela. Baina berak koloreztatu egingo lukeela bere bidea, berak nahi duen moduan, bere ametsekin. Oztopo asko dauzkagu, baina egoeraz jabetzeak lehen pausoa egina egotea esan nahi dut, eta koloreztatzea pixkanakakoa izango den arren, urdin-arroxetik irteten saiatzen hasiak gara.....

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina