Genero indarkeria gizarte guztietan dago. Gizarte guztiek partekatzen dute,
neurri handiagoan edo txikiagoan, emakumeen eta gizonen arteko harreman
hierarkikoak ezartzen dituen ideologia patriarkala. Mundu osoko izurrite bat dela diote adituek. Bestalde, zeharkako fenomeno bat
omen da. Indarkeria emakumeen aurka gauzatzen da, haien egoera zibila,
jatorria, klase soziala edo kultura edozein izanda ere. Arrisku-faktore bakarra
emakumea izatea da. Genero indarkeria diskriminazio modu bat ez ezik, giza
eskubideen urraketa ere bada, estatuek prebenitu eta desagerrarazi behar
dutena.
Biolentzia horren azterketan arrazoi eta aldagai ugari sartzen dira, baina
nik Ines Alderdiren[1] hitzak azpimarratuko ditut: “estereotipo sexisten
iraunkortasunak genero-indarkeria ezkutatzen laguntzen du, hasierako faseetan
agertzen denean zaila egiten zaie errekonozitzea…”. Halere, ideia hori ez da berria, aurreko asteko gaia
izan baita, eta biolentzia prebenitzeko lan-lerrorik inportanteena dela esan
daiteke. Gazteek ez badituzte eraikitzen edota eraldatzen estereotipo sexistak
eta, horretarako estatua hezkuntzaz zein legez baliatu beharko litzateke, prebenitze-lan hori gauzatzea zaila
baino zailago izango da.
Genero indarkeria ikasia dela frogatzeko beha dezakegu zer gertatzen den
ikastetxeetako patiotan, izan ere, patioak dira gatazkak agertzen diren lekurik
ohikoenak. Testuinguru horretan erraz
ikusiko ditugu gizonek gatazkak ebazteko erabiltzen dituzten estrategiak:
keinuak, kolpeak, irainak, mehatxuak, baztertzea, erridikularizatzea… Eta estrategia
horiek guztiak telebistan, etxean, kaleetan ikusi eta ikasi dituztela.
Aurreko edizioetako posten artean Maider Avaristorena (http://hezkeh0506.blogspot.com/2018/11/genero-indarkeriari-buruz-hausnartzen.html) aukeratu dut genero-biolentzia zer den ikasteko akrostikoa oso originala eta
erabilgarria iruditu zaidalako.
Gizarteak biktimei laguntzeko eta emakumeen eta neskatoen aurkako
indarkeria mota guztiak gaitzesteko erantzukizuna badu. Salaketa jartzea lehen
urratsa da, baina ez da nahikoa. Emakume batek salaketa egiteak adierazi nahi
du gizarte gisa prebentzio politiketan berandu gabiltzala. Horregatik,
beharrezkoa da sozializazio ez-sexistaren alde egitea, berdintasunezko balioak,
indarkeriarik gabeko gatazkak konpontzeko jokabideak eta genero-indarkeria
lantzen duen indarkeria sinboliko eta estrukturala desagerrarazteko. Era
berean, biktimek kasu bakoitzari egokitutako babes-neurriak behar dituzte,
laguntza espezializatua eta diziplina anitzekoa eta erakundeen laguntza
indarkeriaren ziklotik ateratzeko. Genero-indarkeria prebenitzeko modurik onena
berdintasunezko gizartera joatea da, non gizonek eta emakumeek balio,
parte-hartze eta eskubide berberak dituzten.
[1]
Jóvenes y género. El estado de la cuestión”. Centro Reina Sofía sobre Adolescencia y Juventud y la Fundación de Ayuda contra la Drogadicción. 2015. Género y Juventud: una lectura actualizada. Inés Alberdi 21. or. Ikus taulak 136.or., 142, 144, 145
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina