2019/11/25

Legea idatzita, hobe martxan jarrita!!





Aurreko edizioetatik honako post hau aukeratu dut, hausnarketa zuzena eta azalpen garbiak ematen dituelako bideoez lagunduta.

Legeak gora eta behera ibili ostean, arreta deitu didan puntua, jada IV.eta V. planeko helburuen artean, bizitza pribatu eta domestikorako , autozaintza eta besteen zaintzarako (elkar ardura eta zaintzaren etika) beharrezkoak diren ezagutza eta konpetentziak curriculumean barneratzea agertzen dela izan da.

Heziberri 2020 planeko xedapen orokorretan, Oinarrizko Hezkuntza zein Batxilergo eta Pertsona Helduen Hezkuntzaren barruan, pertsonen garapen osoa eta bizitzaren esparru (pribatu, domestiko, publikoa) eta egoera guztietan aritzeko beharrezkoak diren konpetentziak lortzea, bai maila pertsonalean eta sozialean ere aipatzen da.

Harritu nau batez ere, aspalditik itxuraz kontenplatua zegoelako, baina gero emaitzetan ez dakit nik batere antzeman den azken urte guzti hauetan. Esparru domestikoaren aipamena egiten da, pertsona baten garapenean ia ezinbesteko eremua dela iruditzen zait, baina ni hezkuntza eremutik kanpo nagoenez, ez dakit kasu gehiegi egin zaion asmo honi. 
Argian argitaratutako elkarrizketa batean adierazitakoagatik, Marian Morenok uste du irakasleek gauza asko egin ditzaketela beraien egunerokoan eta adibide gisa etxeko lanen inguruko jakintza hezkuntza arloan sartzearen garrantzia azpimarratu du: “Etxeko lanak egiten jakiteak ezinbestekoa den autonomia ematen digu. Etxeko lanetan ez da erantzunkidetasunik egon. Gu lan munduan sartzen gara, baina gizonak ez etxeko lanen esparrura”. Horregatik, uste du garrantzitsua dela erantzunkidetasuna, pertsonen zaintza eta gurasotasun berdinzaleak bezalako gaiak eskolara eramatea.
Honekin lotura zuzena izango luke, 2019an Hezkuntza Sailak buruturiko EAEko Hezkuntza- Sistemarako II: Hezkidetza- Plana , Berdintasunaren eta Tratu Onaren Bidean –en azaltzen diren 8 zutabeen artetik bosgarrenak, Autonomia pertsonala eta independentzia ekonomikoa:



Hezkidetzak etxeko espazioan ere jartzen du arreta, eta hori hiru norabidetan egiten du: lehendabizi, pertsona guztiek behar dute autonomia izan beren egunerokotasunean; bigarrenez, pertsona guztiei aitortu behar zaie (gehienak emakumeak) beste pertsonen zaintzetan ardatz izan direla, eta egun direla; eta hirugarrenez, etxeko eremuaren errealitatea aztertzea, etxeko lanen eta gizon eta emakumeen zaintzaren banaketa desorekatuan historikoki eta gaur egun ematen diren desparekotasunak aztertzea. Horren ondorioa da lanaren banaketa sexuala eta, hortaz, desparekotasuna eta diskriminazioa azaleratzea. Era berean, eta aurrekoarekin oso lotuta, independentzia ekonomikoa landu behar da, independentzia pertsonala eskuratzeko oinarri gisa. Jakina da independentzia ekonomikoa funtsezkoa dela tratu txarreko harremanetatik ihes egin eta bizitza genero-indarkeriatik urrun berregiteko. Gainera, lan ordainduaren gaiari dagokionez, azpimarratzekoa da oraindik ere emakumeak gehiengoa direla okerren ordaindutako lanpostuetan, baita menpeko pertsonak zaintzeko kontziliazio-neurriak eskatzen dituztenak ere. Kristalezko sabaia ere errealitate dugu gaur egun, soldata-arrakala, hainbat lanposturen eta ibilbide akademikoen feminizazioa, beste hainbaten maskulinizazioa, etab. Hori dela eta, hezkidetzak oreka lortu nahi du, etxeko eremuan eta eremu publiko eta okupazionalean; etxean gizonen eta emakumeen arteko benetako erantzunkidetasunik gabe, desoreka handia egongo da eremu publiko edo profesionalean gizonen eta emakumeen arteko desparekotasuna alderantzikatzeko.

Gai honek duen garrantziaz ohartuta eta oraindik egiteko dagoena ikusita, balioen aldaketa sustatzea ezinbestekoa da hezitzaileen lana norabide egokian bideratzeko. Beraz, Curriculumaren transformazioari dagozkion egitekoen artean legoke oraindik ere: etxeko lanak, autozaintza eta pertsonak zaintzeko beharrezko ezagutzak sartzea, bizitzaren jasangarritasunerako ezinbestekoa dela aitortu eta balioan jarriz.  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina