Jai eta ospakizunei buruz
hausnartzen eman dugu astea ikastaroan eta gaia aitzakitzat hartuta osatu dudan
akrostikoa duzu goikoa.
Aurreko urteko ikastaroko
kideen ekarpenetatik, Argiñe Alacano
Loitiren Zer
nolako jaiak (nahi) ditugu? izenburukoa aukeratu dut. Luzetxoa izanik ere, oso
gustura irakurri dut bukaeraraino, gai asko jorratzen dituelako (Gabonetako
opariak, musika, tradizioa, sorginak...) adibideak emanez eta orotariko
baliabideak partekatuz (irudiak, bideoak, musika, artikuluak…). Eta asko
gustatu zait Euskal Herriko Bilgune Feministari leloa maileguan harturik egin
dion bukaera: Festa dezagun gaurdanik geroa!
Irudia:
Loinaz Lekuona Iturria: http://bilgunefeminista.eus/eu/Berriak/20180702/Festa_dezagun_gaurdanik_geroa
Asteko irakurgai nagusiaren
bitartez konturatu naiz jai eta ospakizun guztietan dagoela zer kritikoki
aztertu eta zer berrikusi, baita oharkabean pasatzen zitzaizkidan horietan ere.
Adierazpide argiki sexistak dituzten eta aspalditik askori kontzientzia piztu
diguten jaiez gain (Hondarribiko Alardea, kasurako, urtero medioetan azaltzen
dena eta, besteak beste, Arantxa Urretabizkaiak Bidean
ikasia liburuan kontatu duena), beste jai askotan, ia guztietan, baita gertuenekoetan
ere, ematen dira adierazpide ez-parekideak (sexismoa eta/edo arrazismoa
islatzen dutenak).
Ikusi ditugunetatik oso
interesgarriak iruditu zaizkidan hiru adibide: Olentzero eta Mari Domingiren
inguruko hausnarketa (Oier Araolazak Mari
Domingi ez! Queer-Olentzero bai! artikulutik abiatuta hausnarketa
sakona egin daiteke gaiaren inguruan, ikus artikuluan bertan aipatutako
bibliografia), inauterietako mozorroak zeinen estereotipatu eta arrazistak
diren (ikus Ohioko unibertsitateko We’re a culture,
not a costume kanpaina) eta mozorroek duten potentziala frogatzeko
generoa eraikuntza soziala dela, ia-ia performatibitate hutsa (irakuri June
Fernandezen Lumak eta
mozorroak artikulua).
Irudia: Goian aipatutako We’re a culture, not a costume 2011ko kanpainako
posterrak, Ohioko unibertsitateko ikasle arrazializatuek eginak.
Goian aipatutako June Fernandezen Lumak eta mozorroak artikulua ilustratzen duen irudia (Argia, 2013ko urriaren 06a). Argazkiaren egilea: Kali Sánnchez. Iturria, Pikara Magazine. (CC)
Hezkidetzaren bitartez jaiak eta ospakizunak lantzeko gako batzuk izan litezke egun “seinalatu” moreetatik
kanpo ere sexu-genero sistema birsortzen duten ereduak berrikustea eta sistema
horretatik harago doazen ereduak erakustea, gizon-emakumeen arteko harreman
berdinzaleak sustatzeko, eta arrazismoa eta bestelako bazterkeria motak
detektatzeko eta desargerrarazteko ahaleginak egitea.
Nire ustez hau guztia eremu
hezitzaileetan lantzeko erronka nagusia da helduok (eskolan, irakasleek; baina
baita familian, guraso eta bestek ere) hausnarketa egitea eta oinarrizko
formakuntza izatea lehenik. Izan ere, Amelia Barquinek bere Kinka
blogeko artikulu honetan dioen
moduan: “Nire iritziz formazioa behar dute irakasleek, bai, feminismoan formazio
sendoa. Azken urteotan ikusi dugu erakundeak irakasleengana hurbildu direla
ikasleekin gai batzuk lantzeko proposamenarekin (hezkidetza, tratu txarren
kontrako ekimenak…). Baina irakasleek ezin dute kanpotik datozen jarduera
horien ejekutore hutsak izan; kontzientzia feminista garatuta eduki ezean,
proposamen horien funtsa oso eskasa izango da. (…) Hori lortzen den egunean,
agian ez da beharrezkoa izango kanpotik irakasleei sekuentzia didaktikoak
ekartzea haien ikasleekin jorratu ditzaten; irakasleek beraiek jakingo dute
noiz eta nola jokatu, zer indartu, zer proposatu ikasleei”.
Lan hori egin ezean, zaila izango da denontzat diren jai eta ospakizunak lortzea; eta hori da, hain zuzen ere, helburua: “hik lan eta nik jai” egoeratik “hik jai eta nik ere bai” egoerara pasatzea. Izan ere, guztiontzat onartezinak beharko luketen jai eta ospakizun ez-parekideek, lan eta buruko min asko ematen dizkiete kolektibo jakin batzuei, eta horrela jai daukagu!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina