2019/11/23

Hezkidetzaren marko legala: luze eta zabala, baina gainontzeko markoekin koherentea?


Aste honetan hezkidetzaren marko legala izan dugu aztergai ikastaroan eta landutako ideia eta kontzeptu garrantzitsuenekin ondoko hitz-hodei hau osatu dut:




Ikastaroko aurreko edizioetako ikaskideen postak irakurri ditut eta gehien gustatu zaizkidanak izan dira ikuspegi kritiko nabarmena dutenak,  ArgiƱe Alacano Loitiren Paperak dena aguantatzen du izenburuko hau, kasurako, erreferentzia asko biltzen dituena eta bukaeran Mari Jose Urruzolaren hitzak bideo batean.

Ezagutu, gainetik bada ere, gaian aipatutako lege guztiak ezagutzen nituen, halere, ez nekien hainbeste elkargune edo puntu komun zituztenik. Harritu nau, adibidez, abenduaren28ko 1/2004 Lege Organikoak, Genero indarkeriaren Aurka Osoko Babesa EmatekoNeurriei Buruzkoak hezkuntzarekin lotutako hainbeste neurri proposatzen dituela jakiteak (harremana dutenak hezkuntza-sistemaren printzipio eta balioekin. curriculum eta material didaktikoekin, pertsona, prestakuntza eta egiturekin) edota Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak hezkuntzarekin lotutako neurri zehatz-zehatzak proposatzen dituela (adibidez, sexismoa edo emakumeen aurkako indarkeria erreproduzitzen duten material didaktikoak debekatzea eta berauetan hizkuntzaren erabilera ez-sexista bultzatzea, hala nola irudietan emakume eta gizonen arteko errepresentazio orekatua eta ez-estereotipatua) eta are hezkidetza proiektuak bultzatu behar direla esplizituki esaten duela. Horrek esan nahi du badagoela oinarri normatibo teoriko sendoa eta hortik tira eginda argumentu ugari dauzkagula hezkidetzaren alde egiteko.

Irudiaren iturria: Argiako artikulu hau


Hala, legediak eta hortik eratorritako planek hezkidetzaren aldeko arrazoi eta bide ugari ematen dizkigute esparru ezberdinetako eragile eta hezitzaileoi. Badirudi, diskurtso mailan behintzat, instituzio publikoek hezkidetza bultzatzen dutela, baina irudipena daukat oraindik ere zokoratuta dagoen zerbait dela, eta esparru orokor eta zentralago batera eraman behar dela iruditzen zait. Hezkuntza sistemaren zentroan ipini beharko litzateke hezkidetza (hezkuntza formala eragile garrantzitsuenetako bat da, ezbairik gabe, hezkidetza bultzatzeko eta behar-beharrezkoa da orain arte egindako lana sakontzea eta planak betetzea) baina hezkuntzaz harago ere joan beharko luke hezkidetzak eta gainontzeko sozializazio-agenteetara ere iritsi.



Esango nuke horretarako politiken koherentzia lortzea oinarrizkoa dela, are ezinbestekoa. Eta erronka eta behar izugarria dugula hezitzaile moduan eta parte garen erakunde edo elkarteetatik gobernuei koherenteak izan daitezen exijitzerako orduan. Hezkuntzatik (eta beste edozein politika sektorialek gidatzen duen esparrutik: berdintasun, ingurumen, e.a.) ezer gutxi lortuko da, horrekin kontraesanean datozen beste politikak bultzatzen badira. Iruditzen zait gaian ikusitako legeen eta Hezkidetza Planaren helburuak aurrera eramateko alor askotatik lan egin beharko dugula, maila ezberdinetan eta eragileen arteko aliantzak sortuz. 

Politiken koherentziaren osagaiak. Irudiaren iturria: OECDren webgune hau








2019/11/22

De Minimis Non Curat Lex


Latinismoak zera dio, legea ez dela garrantzirik gabeko auziez edo gai hutsalez arduratzen. Hala bada, genero-ikuspegiak osagai estrategikoa izan behar duela argi dago, legeri anitza baitago hori lortzeko. Begi-bistakoa da legeak beteak izateko sortzen direla. Hain zuzen ere, dagoen behar bati erantzuteko baliagarri direlakoan. Eskolan balioen aldaketa sustatu beharra dago ikasle guztiak askatasunez bere osotasunean gara daitezen.
Hona Hezkidetzaren marko legala irakurri ostean, bildutako kontzeptuen hitz-hodeia:

Egia esan, aipatutako lege eta dekretu guztien berri nuen, ez nintzen detaile txiki guztiena, baina bai zertzelada orokorrena. Oraintxe bertan bi dira eranguratsuak EAErako: Heziberri 2020 eta II. Hezkidetza Plana, horietan murgilduta baikaude. Azken honi buruzko azalpen argia ematen du Marian Morenok modu erakargarrian.

Zutaberik garrantzitsuena eta gainontzekoak zeharkatzen dituena, ene ustez, lehena da: Pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean. Hau da gure egunerokoan landu behar dugun giltza, gakoa.
 
Hezitzaileok geure eguneroko jardunean egiten dugunak, esaten dugunak, adierazten dugunak, transmititzen dugunak, azken batean bizitzan dugun egoteko moduak hezkidetzailea izan behar du. Ez dugu itxaron behar ikastetxeak plan bat aurrera atera dezan geure ekarpena egiteko. Kontzientzia hartu behar dugu eta balioen aldaketa geuregan gauzatu, modu eraikitzailean kritikoak izan beharko genuke geure buruekin. 
Hala ere, ikastetxeetako zuzendaritzek apustu garbia egin beharko lukete curriculumean, programazioetan, materialetan, jardueretan, espazioetan, prestakuntzan… hezkidetzaileak izan daitezen.


Horrez gain, edo horri lotuta, eta legedia irakurri ostean, bi helburu nabarmenduko nituzke hezkuntza munduan:
  1. Ikastetxe hezkidetzaileen kopurua handitzea
  2. Hezkuntza komunitate osoak prestakuntza jasotzea
Horretarako, noski, BALIABIDEAK ezinbestekoak dira. Ez da nahikoa lege, arau eta dekretuak idaztearekin.
Legeak idaztea primeran dago, eta beharrezkoa da, baina nola ziurtatuko da legedi horretan aipatua bete egiten dela? Nire ustez, jarraipen estua eta benetakoa falta da eta horretan jarri beharko litzateke indarra. Ikuskaritzak horri eutsi behar dio.

 

Aurreko edizioetakoen artean, ArgiƱe Alacano Loitik dioen bezala, paperak dena aguantatzen du... “Hezkidetza ezin da borondate-kontu bat izan. Ezin dugu pisu guztia pertsonen inplikazioarengan utzi. Instituzio guztien inplikazioa behar da; aurrekontuak eta baliabideak eskainiz.”
Ez dadila paper bustia bihurtu…





 
 

Legediari buruz hausnartzen


Hona hemen nire hitz-hodeia:
 


Aurreko edizioetako ikastarokideen ArgiƱe Alacano Loitiren ekarpena aukeratu dut, izan ere, lege eta planen aurrean oso ikuspuntu kritikoa jorratzen duen. 
 

 
 
Bere eszeptizismoa adierazteko sarreraren izenburuak, Paperak dena aguantatzen du argi erakusten du. Bere hausnarketak ispiluaren aurrean jartzen gaitu, alde batetik, marko legala badaukagu, baina beste alde batetik, praktikan eragin eskasa baieztatzen da.
Beste momentu batean, oso imajina egokia erabili du azpimarratzeko teoriatik praktikara pasatzeko urratsak eman behar direla:
 

Bukatzeko ArgiƱek aukera paregabea eskaini digu Mari Jose Urruzolaren hitzak entzuteko. Urruzolak Hezkidetzari buruzko hasierako hausnarketa sakon bat egiteko hainbat gai aipatzen ditu.
Marko legatik zerbait esanguratsu azpimarratu beharko banu, emakumeen soldata arrakalaren aurkako neurriak esango nituzke. Emakumeek gizonek baino gutxiago kobratzen dute. Adituen arabera, arazo horren atzean arrazoi bat baino gehiago dago: batetik, sexuen araberako lanen banaketa eta bereizketa bertikala dago, bestetik, zaintza lanak eta enplegua uztartu beharrak emakumeak zigortzen ditu eta gainera, emakumeen prekarietateak arrakala hori sakondu egiten du.
Sindikatuek zenbait proposamen egin zituzten:


  • Berdintasun planak egitearen derrigortasuna enpresa guztietara zabaldu dadila, 250 langile edo gutxiago eduki arren.
  • Kontziliaziorako eta korrespontsabilitaterako benetako neurriak hartu daitezela.
  • Administrazioan aitatasun baimena amatasun baimenarekin parekatzeko hartu den neurria enpresa pribatuetara zabaltzea eta derrigorrezkoa egitea.
  • Zerbitzu publikoen garapena ziurtatzea. Murrizketa guztiak atzera botatzea eta azpikontratazioarekin amaitzea frogatua dagoelako eragin zuzena dutela emakumeengan. Publikotik betetzen ez diren zaintza lan guztiez emakumeak arduratu behar dira oraindik orain.
  • Zaintza lanen aitortza politikoa, ekonomikoa eta soziala.
  • Etxeko langileentzat lan baldintza duinak eta zaintzarako dirulaguntza berdinak.
  • Zaintzarako sistema publikoa garatu.
  • Zaintzeko, ez zaintzeko eta zaindua izateko eskubidea bermatuko duten neurriak martxan jartzea, unibertsalak eta singularrak.
  • Haur eskolak doakoak izan daitezela.
  • Negoziazio kolektiborako eskubidea ziurtatzea, hori izango delako neurri eraginkorrak lan merkatuan inplementatzeko bidea.
  • Estatalizazioaren kontrako neurriak hartu ditzala.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak Euskadin Soldata-Arrakala murrizteko Estrategia eta Plan Operatiboa kaleratu du. Plan horrek lau ardatz, 20 jarraibide eta 60 neurri dauzka.

 


Plan horren lehenetsitako jardun-eremuak honako hauek dira:ikuskapena; kontziliazio-erantzukidetasuna; hezkuntza; presentzia eta ordezkaritza; sentsibilizazioa. Esaterako, Hezkuntako jardun-eremuko irizpideak dira:

·         Haurtzarotik berdintasunean oinarritutako hezkuntza sustatzea

·         Euskadin soldata-arrakalari eragiten dioten faktoreen bilakaerari erreparatzea

·         Aplikatutako neurriek zenbateko inpaktu erreala lortu duten ebaluatzea

·         Gizarteari erakustea soldata-arrakala murrizteak zer balio dakarren gure herriarentzat

 

Aldi berean, interesgarria da ezagutzea plan horren atzean dagoen aurrekontua:

 



Ea zerbait lortzen den!