2021/01/24

PARTAIDETZA: GUZTIONA, GUZTIOKIN, GUZTIONTZAT!!


 

Hezkidetzan esku-hartzeko hausnarketa sendoak egiten ari gara ikastaroan, eta berau garatzeko estrategiak aztertzen. Gai anitzak eta garrantzitsuak izan dira orain artekoak, baina erabat ados nago blokearen irakurgaiaren justifikazioan azaltzen denarekin: edozein helburu hezkidetzaile planifikatu eta aurrera eraman nahi badugu, partaidetza gakoa da.


Aurreko ikasturteetako ikastarokideek egindako post-en artean, Itziar Irigoienek egindakoa aukeratu dut. Hausnarketa pertsonalak daude eta emakumeok sare sozialetan dugun parte hartzean zentratzen da, datu zehatzak emanez eta gaian sakontzeko artikuluen loturak jarriz. 

Gure haur eta gazteak berdintasunean eta partaidetzan hezi nahi baditugu, protagonista bilakatu behar ditugu. Eta, protagonista bilakatze horretan, kontuan hartu beharko dugu izan duten genero-sozializazioa, horren kontzientziatik bakarrik eginen baitiegu aurre jendarteak ezarritakko genero-rolei, jarrerei eta egiteko moduei. Ikasle aktibo, kritiko, solidario, inplikatu, konprometitu, sortzaileak... hezi nahi baditugu, egiteko aukera eman behar diegu ezinbestean. Haiengan sinistu. Haien gaitasunekin fidatu. Esateko dutena entzun.

Irakasleoi dagokigu hori nola lortu pentsatzea, ordea. Ikastetxeetan eragiteko bi maila desberdin ikusten ditut nik:

1.  Ikasgelan: “Nola” hitza aipatzearekin batera, METODOLOGIA datorkigu burura hezkuntzan gabiltzanoi. Metodologia aktiboen aldeko apustua egin beharko genukeela iruditzen zait: proiektuak, arazo-egoerak, Ikasketa Zerbitzua, ikasketa kooperatiboa… Heziberri 2020k ere horrela proposatzen du, eta berdin hortik ezarritako curriculum dekretuek. Ikerketek ere argi adierazten dituzte haien onurak ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan. Zergatik, orduan, ez ditugu gehiago inplementatzen? Benetan sinisten dut metodologia parte-hartzaileek izugarri laguntzen dutela ikasleen kultura parte-hartzailea sustatzen.

2.   Ikastetxearen egitura eta antolaketa: eskola ikasgelan egiten duguna baino askoz gehiago da; egiten dugun orok eragiten du ikasleen konpetentzien garapenean. Ikasleei ikastetxeko bizitzan eta erabakietan parte hartzeko aukera eman behar diegu ikasgelaz haratago, haien partaidetzarako egiturak sortuz. Egia da hainbat ikasleen batzorde daudela ikastetxeetan, baina, benetan egiten dugu eraginkorrak izan daitezen? Haien iritzia jasotzen da erabakiak hartzerakoan? Zergatik izaten dira arazoak ikasleek Ordezkaritza Organo Gorenetan parte hartzeko? Ikasleen partaidetzarako egitura horiek edukiz bete behar ditugu, eta une eta gune aproposak eman behar zaizkie.


Azpimarratu nahi dut zein garrantzitsua den zehar-konpetentziak garatzea ikasleak parte-hartzeko gai senti daitezen. Izan ere, partaidetzaren prozesuan 3 jarduera-ildo topa ditzakegu Equipo Claves-ek 1994ean proposatutakoaren arabera:

  1. Parte hartzen jakitea.
  2. Parte hartu ahal izatea.
  3. Parte hartu nahi izatea.

Nekez jorratuko ditugu hiru ildo horiek ikasleek ez badute ikasten komunikatzen, elkarrekin bizitzen, ekimena izaten, haien kabuz pentsatzen, norbera izaten (libre!!). Emozioak landu behar ditugu, autonomoak izaten lagundu behar diegu, haien proposamenetan eta gaitasunetan konfiantza izan dezatela sustatu behar dugu. Eta, partaidetza bultzatzeko, ezinbestekoa iruditzen zait ikasleen AUTOESTIMUA lantzea. Iruzurgilearen sindromea etorri zait burura… Bideo bat uzten dizuet, ea zuek ere partaidetzarako oztopo gisa ikusten duzuen.

 

 

 Inguru hezitzaileetan partaidetza parekidea sustatzeko erabilgarria izan daitekeen baliabideren bat gomendatzeko orduan, bi aipamen:

  1. Bizikasiko materiala. Emozioak. Tratu onak. Talde-kohesioa. Partaidetza sustatzeko ezinbestekoak. 
  2. Blokeko irakurgaian aipatzen den Gurekin bada, izango da. Zehar-konpetentziak garatzeko tresna zehatzak, 3 modulutan antolatuta (jakin, ahal, nahi) eta modulu bakoitzaren helburuekin, ebaluazio-irizpideekin eta lorpen-adierazleekin.




Bukatzeko: Amalia Valcárcel eta Marcela Lagarde elkarrekin topatu ditut emakumeen partaidetzaz hitz egiten, “Mujeres, participación y poder” jardunaldietan. Interesgarria oso!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina