2021/11/04

PLAZER KOLEKTIBOA

 


Mugimendu feminista zerbait bada, kolektiboa dela aipatzen du Mari Luzek. Eta esandako hori fororako ikusi dugun "Feminismoaren ekarpenak Euskal Herrian" bideoan ikusitakoarekin lotzen dut. Ze beharrezkoa den emakume anonimoen presentzia. Izan ere, gutako bakoitzak (gure ezaugarri, gure errealitate) osatzen dugu mugimendu feminista. Desberdinak, arruntak eta ezinbestekoak. 

Horrekin batera, bada mugimendu ororentzat garrantzitsua den beste elementu bat: gozamena. Eta horrekin lotu dut iazko blogetik aukeratu dudan post-a: https://hezkeh0506.blogspot.com/2020/11/feminismoak-iraultza-eta-plazera.html 

Gustatu zait feminismoa iraultzarekin eta plazerarekin batu izana, eta baita Dendaostekoak liburuari egindako aipamena ere.

 Bestalde, nire inguru hurbilean (etxean, harremanetan, lanean…) prestakuntza akademikoan zehar feminismoa curriculum eduki gisa izan duten galdetu dudanean ezezkoa nahiko orokorra izan da. Bateren batek aipatu du irakasle feministaren bat izan duela, eta hark sartzen zituela eduki feministan tarteka, baina bere borondatez, ez curriculumak hala jasotzen zuelako. Gakora itzultzen gara: hezkidetza denon ardura da, eta ezin da izan (emakume) gutxi batzuek daramaten zama.

Amaitzeko, emakume feminista esanguratsu bat aipatzea dagokit. Esanguratsu esaten dugunean askotan lotzen dugu adineko pertsona batekin, ibilbide luzea duena atzean. Bada, nik emakume feminista gazte (eta esanguratsu) bat aipatuko dizuet: Ane Labaka Maioz. Ez dakit ezaguna egiten zaizuen, baina sekulakoa iruditzen zait emakume lasartearrak bere ibilbidean egiten ari den ekarpena. Bera bertsolaria eta idazlea da, besteak beste, eta azken aldian umoreari lotutako ikerketan dihardu. Feminismoa eta plazeraz aritu naizenez, ez zait adibide hoberik okurritu. 

Umorearen ildoan, Anek Lisipe bilduman argitaratutako liburu hau gomendatu nahi dizuet. 



Bestalde, abenduan amaituko dute Anek berak eta Bea Egizabalek "Erradikalak ginen" emanaldia ("Erradikalak gara" emanaldiaren bigarren partea), umorea, bertsoa eta feminismoa uztartzen dituen ekitaldi ederra. Beraz, aukera baduzue ikusi. Gogoa pizteko, hemen lagin txiki bat: 



Anek egindakoetatik beste zerbait aipatzekotan, Txakur Gorria sormen taldean egiten duten lan zoragarria aipatuko nuke: esteka honetan informazio gehiago. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina