Aste honetan, feminismoen gaia jorratu
dugu Hezkidetza iturriak: feminismoak
izeneko irakurgaian. Interesgarria izan da oso, eta orain, hausnartzea
egokitzen zaigu
Aurreko urteko lanak irakurri
ondoren Unaien lana hartu dut analisirako. Izan ere, berak Uxue Alberdiren lana
hartu du eta honek egindako hainbat adierazpen feminista azaldu ditu. Hala,
2019an egindako eta aurten saritua izan den Kontrako Eztarritik saiakera ekarri
zuen hausnarketara. Nik, honi, aste honetako elkarrizketa bat gehitu nahi
nioke.
Amaia Lekunberri kazetariak
Alberdiri Dendaostekoak (Susa, 2020) liburuaren harira elkarrizketa bat egin
dio Argia aldizkarian. Liburuak ere feminismoko gai batzuk jorratzeko bidea
eman duelako, elkarrizketan zehar hainbat gauzei buruz hitz egiten dute. Hala
ere, bada zerbait gustatu zaidana eta hausnartzen jarri nauena: ´Baina aldi
berean eman diote beraiek nahi zuten lekua, eta ez diote uko egin irakurtzeari,
beren burua janzteari, beste gauza batzuk egiteari, eta niretzako inportantea
dena: dibertsioari. Zeren badaukat sentsazioa batzuetan borroka batean sartzen
garenean ematen diogula halako zentralitatea eta garrantzia, arintasunez
mugitzea ahazten zaigula’.
Paragrafo hau hainbat aldiz
irakurri eta Emma Goldman-ek primeran esan zigun: ‘Ezin badut dantzarik egin,
hau ez da nire iraultza!’ esaldia etorri zait burura. Eta pentsatzen hasi naiz,
era feminismoan plazerak zein leku duen, ea militantzian plazera non kokatzen
dugun. Eta hala, Laura Muelasen aipu honekin topatu naiz.
Elkarrizketan ikusi ahal izango duzuen moduan, berak honakoa dio: ‘Nire
sentsazioa da aktibistek pentsatzen dutela militantzian plazererako oso toki
gutxi dagoela. Baina praktiketan ikusten dut plazererako espazio asko dagoela.
Gauzak, oro har, ez dira egiten plazera lortzeko, baina praktikan, plazer asko
dago. Kontua da oso gutxi hitz egiten dugula horri buruz, eta ez dugula kontuan
hartzen. Oraindik badago, beharbada, halako ideia multzo bat zehazten duena zer
den garrantzitsua eta zer ez, eta beraz, zeri buruz hitz egin behar dugun. Eta horrek
lekua jaten dio plazerari’.
Hona ekarri nahi nuen nolabait, feminismoa iraultza bat izateaz gain, plazerarekin
duen harremanarekiko lotura. Hezkidetzaren lotura ere ikusten saiatu naiz, eta inguruko
irakasleei galdetu diet. Baina ez dit inork erantzun feminismoa curriculum
eduki gisa nork aipatu zuen. Agian, hor ere badago iraultza bat egiteke.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina