#Lierni etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#Lierni etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/11/17

Jai eta ospakizunei buruz hausnartzen

jaiak zertarako nahi zaituztet, gozatu ezin badut?

Jaiak eta ospakizunak iristen direnean, askotan konturatu gabe zapaltzen gaituen sistema bera indartzen dugu. Jai eremuak gune askeak eta burujabeak bihurtu ordez, egungo harreman eta kontsumo ereduak birproduzitzen ditugu; sistema kapitalista patriarkalaren logikan eroriz.

Jaietan “dena libre” denaren aitzakia oso entzuna da, eta hori eraso sexisten ofentsiba nabaria da: begiradak, irainak, gutxiespenak, bortxaketak, erailketak... Zorionez mugimendu feminista jendartea kontzientziatzen ari da protokoloak gero eta auzo eta herri gehiagotan landuz eta arazo hau guztien ardura dela sentiaraziz.

Hori dela eta, JAI EREDU-en lanketa ikuspegi feminista batetik landu beharra dago. Jaietan biltzen den indar sortzailea aprobetxatuz, sortu nahi ditugun herri eta harreman ereduak eraikiz: publiko-pribatua, lan-aisialdi edo borroka-plazera dikotomiekin behingoz apurtzeko.
Beraz, “ospakizun parekideetan” honako honetaz gozatu behar dugu:
Aurreko urteko postei begira, Leire Garro-ren lehenengo zatia asko gustatu zait. Ikastaroak eskainitako informazio osoaren laburpen txiki bat egiten du puntuka eta berarentzat garrantzitsuak izan diren ideiak aipatzen ditu, nireekin bat egiten dutenak:
Jaiak eta ospakizunak...
- Kultura-adierazpen sendoak dira.
- Historian zehar asmatutako edo sortutako ohiturak eta tradizioak dira.
- Maggie Bullen-ek dion moduan, “horien azpian sistemaren oinarria dago” eta festa eredua jendartearen isla da.

Jaiak orohar hezkidetzaren ikuspuntutik lantzeko bilgune feministaren webgunean aurki daitekeen “Formakuntza, Dokumentazio eta Ikerkuntza Feminista” baliabide aproposa izan daiteke. EMAGIN-ek parekidetasunean oinarritutako Euskal Herri bat sortzeko bidean lanean ari diren emakume eta eragile orori lagungarria izango zaion tresna bat eskaintzea du helburu: formakuntza feminista. Jendartearen kontzientziaziorako eta bereziki emakumeon ahalduntzerako hitzaldi, tailer edota ikastaroak eskainiz. Lantzen dituzten gaien artean: autodefentsa feminista, indarkeria sexista, hezkidetza, autoestima, mugimendu feministaren historia, udal politikak, jai parekideak, heteroaraua, ekonomoa feminista, maitasun erromantikoa, sexu-genero sistema...


Guzti hori kontuan izan da, honako hauek dira eremu hezitzailean ditugun zenbait erronka:
- Genero ikuspegia eremu hezitzailean txertatzea.
- “Jai eta ospakizunei” buruz dagoen kontzientziaren inguruan hausnartzen laguntzea.
- Ohitura eta tradizioen aurrean, jarrera kritikoa eta gaitasuna lantzea.
- Jaietako androzentrismoarekin apurtuz, emakumeen presentziari buruzko lanketa egitea (adibidez emakumeak oholtza gainean). 

2017/11/11

Feminismoei buruz hausnartzen

“...erre zenituzten sorginen, oinordeak gara gu...”

Feminismoa, emakumeek eta gizonek eskubide eta aukera berdinak ditugun pertsonak garela sinestea bezain gauza sinplea da. Feminismoak, patriarkatuarekin suntsitzea eta emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna lortzea izan du helburu. Baina hori lortzeko izan duen ibilbidea urteetakoa izan da. Historiari begiratzen badiogu, ikusi izan dugu Frantziako Iraultzan sortu zela mugimendu hau, eta orduztik hona fase ezberdinak izan dituela:


- Feminismo Ilustratua: emakumeon  hiritartasuna eta hezkuntzaren beharra, formatzen jarraitu ahal izateko eskubidea, aldarrikatzen zuena.
- Feminismo Liberal Sufragista: emakumeon bozka eskubidearen alde borrokatu zuena.
- 60-70. hamarkadan ezkerreko mugimenduak sortu zuen “pertsonala dena, politikoa da”: lege-aldaketaz gain, ordura arte pribatutzat jotako gaiak arlo juridikoan sartzea lortu zuen.

Rosario Carrasco eta Ana Cubilloren hitzetan, “feminismoa gaur egun oraindik agintzen duen gizarte sistema, patriarkatua, salatu eta hautsi nahi duen mugimendu sozial, politiko, ekonomiko eta kulturala da”. Bere bilakaera ez da batere estatikoa izan, gizartean ematen diren aldaketekin bilakatuz joan da. Izan ere, planetako kokapenaren arabera, feminismoak egin duen ibilbidea desberdina izan baita. Adibidez, ez da berdina izan hemengoa eta latino ameriketakoa. 

Gaur egun, feminismoaren beste bilakaera bat aurki daiteke. Intersekzionalitatea, feminismotik haratago doa eta Transfeminismoa indarra hartzen ari dela dela Josebe Iturriozek. R. Lucas Platerok honela dio: “Intersekzionalitatea feminismoaren emaitza da. Ideia feminista bat da, feminismoa ohartu delako emakume guztiak ez direla berdinak”. Feminismo berriak, gaur egun dagoen aniztasunaren isla dira eta aniztasun honetan, 3 faktorek nolabaiteko eragina izan dutela azpimarratu beharra dago:
- Belaunaldi-aldaketak. Ziberfeminismoa.
- Emakume etorkinak. Kultur-aniztasuna.
- Trans-errealitatea. Heteronormatibetatik haratago dauden existentziak.

Hori dela eta, FEMINISMOAK hitzak bera ere anitza dela ikusarazi beharra dago. Akrostika honen bidez, feminismo hitzarekin lotzen ditudan hitzen zerrenda aipatu nahiko nuke:


Feminismoa entzuten dudanean, sorginekin lotzen dut maiz: feminismoa=sorginak. Izan ere, niri sorginak taldeak. erakutsi zidan zer zen feminismoa eta berari esker dakit nik gaur egun dakidana. Sorginek bere garaian izan zuten indarra, kemena eta ausardia brutala izan zela ez dago aipatu beharrik. Niretzat abesti honek dioen moduan... ”erre zenituzten sorginen, oinordeak gara gu” (Xabier Solanoren abestia).


Aurreko urtetako postetan saltzeatzen aritu naiz, eta Ane Leniz asko gustatu zait. Feminismoaz hausnartzeaz gain, eraldaketarako erabili duela azaltzen du eta hori da guk geuk hezkuntzan egin nahi duguna. Feminismoaren inguruan hausnartzeaz gain, praktikara eramatea. 

Horretarako, guztiok batera betaurreko moreak janzteaz gain, honako hezkuntza esparru hauek berrikusi, eraldatu eta konkistatu behar ditugu, hezkidetza feministako lehenengo topaketan aipatu zen moduan: 

- Ikastetxeetan hizkuntza inklusiboa eta ez sexista erabiltzea, bai ahoz baita idatziz ere.
- Gelan interakzio orekatua lortzea neska eta mutilei ahots bera emateko.
- Sororitatea ikastetxe barruan dauden pertsona guztien artean zabaltzea.
- Ez dadila ezer gelditu bitan pentsatu gabe: parte hartzeko metodologiak erabiltzea ikasle guztiak, neskak eta mutilak, indartuko dituztenak.
- Ikastetxeetako gune klasikoak, patioa gehienbat, diseinatzeko eta kudeatzeko begirada kritikoa eta irudimenez beteriko bestelako aukerak edukitzea, neskek eta mutilek baldintza berberak izan ditzaten.
- Emozioei eta gorputzei arreta berezia eskaintzea, oso ahaztuak baitaude biak hezkuntza formalean.



2017/11/04

Genero indarkeriari buruz hausnartzen

Ikasi eta desikasi

"Emakumeak emakume izate hutsagatik
jasaten dituzten tratu txar psikologikoak,
abusuak, agresio fisikoak eta ustiapen sexualak dira"

Zoritxarrez ohikoa bihurtzen ari da ia egunero genero indarkeriaren inguruko gertaera baten berri izatea gure bizitzan. Aipagarria azken egunetako genero indarkeria interneten jarri eta honako hau ateratzea: Baina zer ari da gertatzen? Genero indarkeriari buruzko urriko albisteak

Genero indarkeriaren erabilera bortizki errotua dago gure gizartean eta datuak beldurgarriak dira: 

Mundu mailan OME-ren arabera emakumeen %35ak pairatzen dute biolentzia.
Europan, urte betean, 62 milioi emakumeetik gora indarkeria mota ezberdinak sufritu zituzten.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 2016an ia 4000 emakumeek jasan zuten genero indarkeria.

Bizi dugun patriarkatua nagusi denetik emakume eta gizonen arteko botere desberdintasuna, kultura eta natura dikotomiaren barruan oinarritu da eta hori irakatsi nahi izan digute. Baina argi jakin beharra dago, hori ez dela horrela. Botere desberdintasuna ez dela naturalki ezta biologikoki sortua; gure hazkuntzan zehar eraiki eta ikasi egiten dugula baizik. Hori horrela, Josebe Iturriozek azaltzen digu argi eta garbi: "hipokresia handia dago; izan ere gizarteak berak ekoizten du banaketa hori eta gero salatu egiten du gizarteak ekoiztutako hori, bortxaketak edo erailketak, beste batzuen artean. Gizarteak erakusten die gizonei indarkeria erabiltzen, ez naturak".

Gure egunerokotasunean kontuan izan behar dugu, genero indarkeria ikasia dela eta jendarteratzen garenean mezulari asko ditugula inguruan: familia, eskola, aisialdia, telebista, hedabideak, sinesmenak... Baina askotan ez gara horretaz konturatzen, arreta handiagoa jarri behar dugu haurrekin gaudenean zer esaten dugun, nola jokatzen dugun, zer jartzen dugun telebistan...

Horrez gain, indarkeriaren barruan aurki ditzakegun indarkeria mota ezberdinak asko dira. Askotan ez gara kontziente, edo ni ez nintzen guztiz kontziente, zenbat mota desberdin dauden. Normalean eraso fisikoak, psikologikoak edota sexualak izaten dira lehenak identifikatzen ditugunak, eta askotan horiei bakarrik erreparatzen diogu. Baina kontuan izan behar dugu, ekonomikoa, egiturazkoa eta sinbolikoak ere eragin zuzena dutela. Azken hauetatik, indarkeria sinbolikoa azpimarratu nahiko nuke, izan ere oharkabean azkarren pasatzen den indarkeria dela iruditzen baitzait. Indarkeria sinbolikoaren inguruan informazioa bilatzen ari nintzela, oso ipuin interesgarria aurkitu dut eta bertan indarkeria mota honen nondik norako batzuk erakusten dizkigu. Ipuinaren izenburua, El Maltrato "sutil" da, uste dut izenburuak berak asko esaten duela.  



Gai honen inguruan geroz eta kontzientzia handiagoa hartzen ari da gizartea eta zenbait musikarien letran ere ikus daiteke. Euskal Herrian ere ez gera atzean geratzen eta genero indarkeriaren kontrako abestiak ere aurki ditzakegu. Horren adibideetako bat Sorkun taldearen "Gizaki hauskorra" abestia da:





Aurreko urteetako zenbait post begiratzen aritu naiz eta horietako bi gustatu zaizkit, bata Aurora Azkuerena eta bestea Maiterena. Aurorarenetik "Egun on Printzesa" laburmetraia aipatu nahiko nuke. Maitasun erromantikoa lantzeko bideo egokia irudi baitzait ikasleekin. Bertan ematen eta ikusten diren egoerak errealitatearekin bat datozenak dira gazte eta ez hain gazteen artean eta ahalik eta azkarren landu behar direnak. Bestetik, Maitek indarkeriaren guruan egiten duen hausnarketa asko gustatu zait eta bertan atxikita dituen bideo eta abestiak erabilgarriak suertatu zaizkit.



Amaitzeko, hezkuntzak zer egin handia dauka genero indarkeria lantzeko orduan. Txikitatik hazi-hezi behar ditugu txikiak berdintasunean, eta horretarako patriarkatuarekin amaitu behar dugu. Min handia egiten ari zaigu gizartean eta hezkidetzaren helburua eskolaren laguntzaz horiei aurre egitea da. Horretarako ezinbestekoa da eskolak konfiantzazkoak eta segurtasun handiko espazio bihurtzea; eta eskolek bertan eraso sexistarik ez onartzea eta kanpoan gertatutako egoerei beharrezko arreta eta zaintza eskaintzea.





2017/10/30

SEXU-GENERO SISTEMARI BURUZKO HAUSNARKETA

Sexu-genero eta estereotipoekin suntsitu

“Bi sexu eta bi genero onartzen eta bereizten dituen sisteman bizi gara”.
(Hezkidetza Lau Haizetara Proiektua)

Hauen artean menpeko harremanak ematen dira, batetik arra emearekiko eta bestetik genero maskulinoa femeninoari gailenduz. Zoritxarrez bereizketa horrek, gure bizitzako eremu guztietan eragina izan du eta honen arabera antolatzen dira gure egitura ekonomikoa, politikoa edota ideologikoak (hezkuntza sistema bera esaterako). 


Itziar Zigak dioen moduan “Bi sexu, bi genero: guztioi hainbeste min egin digun determinismo dikotomikoa da”. Ez zaio Ziga idazleari arrazoirik falta. Sexu genero bereizketaren ondorioz, bereizketa hauek naturalak/biologikoak direla sinetsiarazi nahi izan baitizkigute, baita hierarkikoak/osagarriak direla irakatsi ere. Coral Herrerak dioen moduan: “eguneroko errealitatea hauskorra eta ezegonkorra da...; kulturen eta ideologiaren arabera aldakorra.”


Gaur egungo sistema zorrotz honentzat, sexua generoarekin lotuta dago: gizonak = maskulinoak = rol aktiboa eta emakumeak = femeninoa= rol pasiboa. Zergaitik dute lotura hori egiteko beharra? Pertsona orok bera den bezalakoa izateko aukera eduki behar du, ezarrita daukagun sistema honetatik ateraz. Pertsona beste genero-identitatea egon daitezkeela argi izan behar dugu, genero ikuspegiak lau haizetara zabalduz.


Argi daukagu sexu-genero banaketarekin suntsitu beharra dagoela, min handia egiten ari baita. Ingurunera begiratu eta horien adibide garbiak ikus daitezke oso urrutira joan gabe:
- Haur jaio berrien jantzien koloreetan, askotan urdina edota arrosa izaten dira. Ez al dago bi kolore horiez gain beste kolorerik erabiltzeri?
- Edota, haurrek eskolan jantzita eramaten dituzten aurremantaletan. Pixkanaka aldatzen dohala esan daiteke aukeraketa hori, baina oraindik ere oso ohikoak dira.
- Ikasleak errekreo garaian patiora ateratzen direnean zertan ibiltzen dira jolasean? Uste dut guztiok badakigula zertaz ari naizen.

Bestalde, aurreko urteetako post-etan begira aritu ondoren, Ane eta Isabelen postak aipatu nahiko nituzke. Aneren kasuan, sexua eta generoa oso ondo azaltzen dituela iruditu zait eta ikasleekin lantzeko irizpide interesgarriak aipatzen ditu. Isabelen kasuan aldiz, bertan atxikitu duen “genero ikuspegiaren proiektua”, generoa kantzeko ikuspegi ezberdinak aztertzeko lagungarria izan zait. 



Inteneten, ikasleekin generoa gaia nola landu eta zer material erabiliko nukeen begiratzen ari nintzenean, honako bideo hau aurkitu dut: DIVERDIFERENCIAS. Latino Amerikan, Colombian esaterako ikastetxeetan, ikasgeletann ematen diren desberdintasunak eta diskriminazioak lantzeko erabili dute. Bideoaren hasieran irakurri daitekeen bezala: “Este trabajo es dedicado a todas y todos aquellos que luchan por las libertades y la igualdad de las persona, y por el desarrollo de una educación no sexista ni discriminadora, democrĆ”tica libre de fundamentos”. 


DIVERDIFERENCIAS 
"El Proyecto Homofobia en la Escuela de los Andes"


Zuk nahi duzun bidea jorratzeko aliatuak ez aurkitzeaz gain, gai hauen inguruan ikasleekin lantzeko material pedagogiko egokiak aurkitzea da. Zorionez urtetik urtera geroz eta material zein bilduma gehiago aurki ditzakegu, baina halare ere txiki geratzen da. 







2017/10/25

HEZKIDETZARI BURUZ HAUSNARTZEN


Lagun artean galdezka

Egun hauetan, hezkidetzaren inguruan zenbait jenderi galdetzeko aukera izan dut. Bai gertuko lagunei eta baita zenbait ikasleri ere. Erantzun orokorra “zer da hezkidetza” galdetu dudanean askoren aurpegiak aldatu egin dira eta gai potoloa dela esan didate, nola esplikatu?.

Batzuk, lehenengo momentutik argi esan zidaten ez zekitela zer zen ezta beraren nondik norakoak ere. Landu gabeko gaia dela eta feminismoaren inguruan beste zenbait atal landu badituzte ere, hezkidetzaren inguruan ez dutela lanketa berezirik egin. Pare bat lagun beraien ustetan zer den azaltzen ahalegindu ziren eta uste baino gehiago kosta zitzaien. Testuinguru guztietan parekidetasuna bermatzea zela zion batek, edota identitate aniztasuna, botere harremanekin apurtzea eta gizakion askatasuna lortzea zioen beste batek.

Konturatu nintzen ez zebiltzala gaitik oso hurrun, baina ez ziren gai nahi bezala azaltzeko ezjakintasun handia zutela esaten baitzuten gaiaren inguruan. Nire ezjakintasun txikienetik hezkidetzaren nondik norakoak azaldu nizkienean, guztiak bat agertu ziren hezkidetzaren esku hartzea gaur egun hezkuntza munduan oso garrantzitsua zela esanez.

Akrostika

Ez naiz oso abila bertso kontuetan, beraz honako honetan hezkidetza hitzaren hizkiekin bururatu zaizkidan hitzak jarri ditut, era batera edo bestera hezkidetzarekin lotzen ditudanak:

                aHal
    parekidEtasuna
            heZi
            inKlusibitatea
             gU
               Ni
        idenTitatea
           haZi
 asktasunA

Ahal: edozer gauza egin dezakegulako.
Parekidetasuna: berdintasuna helmuga dugulako.
Hezi: Heziketa gaur egungo arma dugulako.
Inklusibitatea: guztiak behar beharrezkoak gara, bakoitzaren desberdintasunek elkar aberasten gaituztelako.
Gu: ingurukoen elkartasuna eta elkarlana nahitaezkoa delako.
Ni: Nia
Identitatea: generoen identitea, zer nahizen sentitzea zilegi delako.
Hazi: Hezi-hazi gaitezen.
Askatasuna: Libre bizi nahi dugulako.


Aurreko ikasturteko lanak

Aurreko urteko zenbait ekarpen irakurri ditut eta Ainho-rena gustatu zait gehien. Bertan jarri duenarekin ados agertzen nahiz hein handi batean eta akrostikan ipini dituen hitzekin ere bat egiten dut guztiekin. Hona hemen bere blogeko helbidea ikusi nahi izanez gero: http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/10/hezkidetza-gizakien-eginkizuna.html


Hezkidetza lantzeko 5 arrazoi
  • Sexu-genero sistemarekin amaitu behar delako.
  • Pertsona askeak hazi eta hezi behar ditugulako, inolako estereotiporik gabe.
  • Beharrezkoa delako aniztasunaren trataera lantzeko inklusioari ateak irekitzea.
  • Gaur egungo botere-harremanek zer esan handia ematen dutelako eta aldaketa nahitaezkoa delako jendarte justuago batean bizi nahi badugu.
  • Berdintasuna lortzeko, txikitatik lantzea garrantsizkoa delako.

2017/10/14

Sare sozialen erabilera

Sare sozialaren erabileraren inguruan makina aldiz entzun ahal izan ditugu aldeko eta kontrako argudioak. Nik neuk nahiko mesfidati begiratu izan diot sare sozialei, ez naiz asko erabiltzen dituen horietakoa eta momentu honetan “modan” ez nagoela esango nuke.

Orain arte, facebook erabiltzera mugatu izan naiz informazioa jaso nahi nuenean eta ikastaro honi esker, orain dela urte batzuk egin nuen Twitterra berreskuratzea lortu dut. Ez dakit bere erabilera zenbaterainokoa izango den, baina ikastaro honi esker hautsa kentzea espero dut.

Potentzial handia duen tresna da, baina askotan bere erabilerari ez diogula erreparatzen iruditzen zait: Zertarako erabiltzen ditugu? Zein da gure asmoa? Zer lortu nahi dugu? ...

Hezkuntza munduan, indarra hartzen ari den tresna da eta nerabeen ikaskuntza prozesuan lagundu dezakeen tresna izan daiteke. Baina horretarako ezinbestekoa da bere erabileraren nondik-norakoak eta alde onak zeintzuk izan daitezkeen argi ustea. Beraien formakuntzarako oso erabilgarria izan baitaiteke. Ez soilik kanpoko informazioa jasotzeko, baizik eta jendearekin komunikatzeko, talde lanak egiteko edota gustoko duen zerbaiten inguruan gehiago jakiteko. Dagoeneko, gazteen artean arrakasta handia dute, interneten erabilera erabat ezinbestekoa bihurtu baita beraien artean. Hori dela eta, erabilera segurua izatera bultzatu behar ditugu. 


Ikastaro honi esker, sare sozialenganako neukan ezkortasuna aldatzen lagunduko didala uste dut, denbora honetan gutxi saltzeatu badut ere eragin pixkat izan duela esan behar baitut. Positiboa noski!

2017/10/07

NIRE AURKEZPENA

“Gaur egungo gizarteari zur eta lur begiratzen dion 25 urteko emakume gaztea” bezala aurkezten dut nire burua. Zorionez edo zoritxarrez, zaila egiten zait gizartean eremu ezberdinean ematen den bortizkeria mota ezberdina ulertzea, asko eta asko ulergaitzak egiten zaizkit. Baina argi daukat horrekin amaitzeko hezkuntzan aldaketak egin beharra daudela, eta ba al dago hezkidetzaren bitartez lantzea baino aukera hobeagorik?

Lierni naiz, izatez Haur eta Lehen Hezkuntzako irakaslea naiz, nahiz eta momentu honetan euskaltegian egiten dudan lan. Zorionez haurrekin eta helduekin lan egiteko aukera izan dut, eta pertsonalki oso aberasgarria izan dela esan beharra daukat. Helduekin lan egiteak aniztasunean murgilduta egotera eraman nau, niretzako esperientzia erabat aberasgarria bihurtuz.

Beste zenbaiten moduan, ez da lehen aldia hezkidetzaren inguruan informazioa bilatu dudana. Feminismoa zorionez oso gaztetatik interesatu izan zaidan gaia izan da, eta horrek azken urteotan HEZKIDETZA ezagutzea eta lantzeak duen garrantzia funtsezkoa dela konturatzera eraman nau. Baina gai honen inguruan hanka motz geratzen naizela ohartu naiz, aurrera joateko makuluen laguntza beharra daukat. Horregatik, hezkidetzaren inguruko ikastaro hau ikusi nuenean, nik ditudan hutsune horiek asetzeko eta indartzeko asmoz apuntatu nintzen.

Nire burua azaltzen duten bi ezaugarri aukeratu beharko banitu, arduratsua eta entzule ona naizela esango nuke. Batetik, pertsona arduratsutzat ikusten dut nire burua, hartutako betebehar eta lanak arduraz betetzen dituena. Behin zerbait egiten hasi ez gero, amaitu arte amore ematen ez duen horietakoa. Bestetik “entzule ona” esaten dudanean, jendeari entzutea eta elkarren arteko ideiak partekatzea asko gustatzen zaidala esan nahi dut. Modu honen bidez uste duguna baino gehiago ikasten baitugu, aberasgarri bihurtuz. Ikastaro hau egiteko metodologiak, elkarren artean ikasten lagunduko digulakoan nago. Hezkidetzaren inguruan formatzeaz gain, elkarren artean lan egiten ere irakatsiko baitugu.

Zein kolorerekin identifikatzen dudan nire burua galdetzen didatenean, berdea izan ohi da nire erantzuna. Berdea biziaren, udaberriaren eta gaztaroaren kolorea dela esaten da; alaitasunaren eta itxaropenaren adierazgarri baita. Naturarekin eta deskonexio momentuekin lotu izan dut maiz, mendira joateko beharrarekin.

Beste garai batean, animalia izango banintz inurria izango nintzake seguru asko. Txikiak eta ahulak direla iruditu harren ez dira diruditena. Talde lanean aritzeko gaitasun oso handia eta dirudiena baina askoz ere indartsuagoak diren animaliak direla iruditzen baitzait.

Abestia aukeratzea ez da erraza izan, baina nire memorian gorderik neukan altxor bat berreskuratzea otu zait. Mila bider entzun arren, oraindik ere indarra ematen didan abesti bat dela esan dezaket. Kokein taldearen lotuta egon arren abestiaren letrak zati batean dioen moduan, “ametsa ez da lurperatzen”. Eta arrazoia du, ametsak errealitate bihur baititzakegu. 


Amaitzeko, ikastaro honekin aritzeko gogotsu nagoela esan nahi dut. Gai interesgarria izateak eta inguruan praktikan jarri nahi izateak ematen duen zirrara aprobetxatuz, ikastaroaz disfrutatu nahi dut.