1949.urtean Simone de Beauvoirek "Le deuxiéme sexe" (Bigarren Sexua) liburuan, "Ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iristen da" adierazi zuen.
Ideia horrekin, emakumearen eraikuntza sozialaz ari zen, eta beranduago, 70.hamarkadan teoria feministak genero kontzeptua erabiltzen hasi ziren, emakumetasuna eta gizontasuna, jendarteak sexuaren gainean ezarritako ezaugarri multzo bat bezala ulertuz. Horrela, sexua, arra (gizona) eta emea (emakumea) desberdintzen dituen ezaugarri biologikoen multzoa bezala, eta generoa, sexuaren gainean sortutako eraikuntza kulturaltzat bezala ulertzen hasi ziren. Honek gizon eta emakumeen arteko dominazio/botere harremanak eraikitakoak zirela ulertzea erraztu zuen; hau da, sistema batek egituratua zituela eta ez ezaugarri naturalek.
80.hamarkadan hasi eta 90.hamarkadatik aurrera indarra hartuko duen ikuspegi feminista berriak, sexu eta generoaren adiera hau kritikatu zuen eta sexua ere (ez soilik generoa), erikuntza soziokultura bezala ulertzen hasiko da. Ikuspegi honek, sexua biologiaren (kromosomak, zelulak, gonadak, hormonak, hipotalamo-hipofisia, genitalak...) ikaskuntzaren, heziketaren eta kulturaren bidez definitzen den kategoria bezala ulertzen du.
Horri esker, errealitatea ulertzeko baliabide berriak eskaintzen dizkigu, muturreko sexu bi direla baztertu eta anitzen arteko ezberdintasunak adierazi, intersexualitatearen errealitatea agertzen du esaterako. Errealitate honek ezaugarri genital, kromosomiko, gonadal, etab. guztiak, aurkakoak diren bi kategorietara mugatu beharrean, continuum batean kokatzen ditu. Arra (gizona) eta emea (emakumea) kategorietara mugatu beharrean, honetatik eratorri daitezkeen sexu eraikuntza anitzak ulertzen ditu. Beraz, bai generoa eta baita sexua ere, eraikuntza soziokulturala direla baiezta genezake. Egungo jendartea eredu dikotomiko honen gainean eraikia da eta jendartearen instituzio ezberdinek (zientzia, komunikabideak, hezkuntza...) eredu dikotomiko hau erreproduzitzen dute diskurtso ezberdinen bitartez.
Jaio aurretik ere, genitalak zeintzuk diren medikuak determinatzen duenean, gu eta gure bizitzak nolakoak izango diren zehazten hasten da, kulturalki inposaturiko bi bizi-programa ezberdin ezarriz. Ikusi jarraian agertzen den bideoan, kulturalki pertsonak klasifikatzen dituen dikotomia horretan, genero estereotipoak ezarritako kolorearen arabera, alegia urdina (mutila) eta arrosa (neska), nolako jarrerak agertzen diren. Eredu bitar eta hierarkiko hau, sistema patriarkalaren gainean eraikia da, emakumearen menpekotasuna mantentzea helburu duena.
Baina ez hori bakarrik, Queer teoriak azaltzen duen moduan, kategorien erabilera auzitan jarriz, kontraesanak agerian uztea ezinbestekoa da. Politika sozialetan atzera egiteko eta jendea zapaltzeko krisia aitzakia gisa erabiltzen ari diren egunotan, intersekzionalitateak aliantzak egiteko aukera ematen digu. Horregatik, gogora ekarri nahiko nuke, Ane Leniz-en post hau. Izan ere, kontzeptuaren inguruko ekarpen interesgarriak egiten dituela iruditzen zait.
Hezkuntzak, sexu-genero sistema horren erreprodukzioan eta biziraupenean, sarritan presentzia izaten jarraitzen du. Esate baterako, egun lanean nagoen eskolan, oso gizonezko gutxi dira irakasle. Gainera, dauden gutxi horiek, Heziketa fisikoko irakasle, ikasketa buru edota Lehen Hezkuntzan tutore gisa dihardute. Haur Hezkuntzan, gizonezkoen prsentziarik ez dagoela azpimarratu nahiko nuke, eta argi dut hori ez dela kointzidentzia edo kasualitate hutsa.
Sexu-genero aginduak betetzen dituen adibide bat princelandia-rena da. Neskei zuzendua dago eta sortzaileen aburuz, edertasunaren bidez "heziketa" gauzatzen dute. Bertan, printzesaz mozorrotu, atzazalak margotu, orraztu eta apaintzen dituzte, karaokeak eta desfileak bezalako ekintzak urtebetetze ospakizunekin konbinatuz. Izugarria benetan. Neska txikientzako zuzendua dagoen arren, beraien amekin batera ekintza berdinak burutzeko zerbitzua eskaintzen dute. Espainian ez ezezik, Mexiko, Portugal eta Estatu batuetan ere zabaldu da. Administrazio publikoaren diru laguntzak jaso izan dituzte polemika piztuz eta kritika eta salaketa ugari jasoz.
Baina badira, gertuago eta haur hezkuntzako irakasle naizen aldetik, eguneroko jarduna burutzeko erabiltzen ditugun baliabideetan, sexu-genero sistemak sortutako estereotipo hauek plazaratzen dituztenak ere. Esaterako, Urtxintxa metodoak aurkezten dituen ipuin gehienetan, emakumezko eta gizonezkoen rolak oso markatuta agertzen dira: arropen koloreak, lanbideak, izaerak, jarrerak... Horiek guztiek ikasleen identitatea eraikitzeko prozesuan eragiten dielarik.
Zorionez, geroz eta kontzientzia handiagoa dago gai honen inguruan eta poliki-poliki genero ikuspegia kontutan izanik, baliabide berriak sortzen joan dira.Hemen, sexu-genero sistemak ezarritako estereotipoak gainditzeko eta hezkidetzan hezteko ipuin batzuen bilduma bat.
Baliabideekin jarraituz, Esnatu aurretiko ipuinak "KOLOREAK" izenekoa partekatu nahi dut. Nunila Lopez Salamero eta Myriam Cameros Sierra dira egileak eta Leioako Betiko Ikastolak euskaratutako bertsioa da. Koloreak aitzakitzat hartuz, bestelako baloreak transmititzen ditu eta hezkidetza ikasleekin lantzeko baliabide gomendagarria iruditzen zait. Sarritan, irakaslegoaren artean, erresistentziak aurkitzen dira oraindik ere hezkidetza lantzerako orduan. Batzuek baliabide falta dagoela esaten badute ere, ugariak dira azkeanaldian sortu egin diren materialak. Eremu hezitzaileetan, lantzeko oztopoak pertsonalagoak direla eta ez horrenbeste baliabideei dagokienez, esango nuke nik. Prozesu kontzientea behar du izan eta ikasleekin erabiltzen ditugun baliabideetan ezezik, jarrera eta barneratuta ditugun usteetan sarritan daude oztopo nagusienak. Naturaltzat ematen direlako naturalak ez diren hainbat gauza. Kostatzen zaigulako onartzea guzti hau prozesu kontziente baten bidez burutu beharra dugula. Denok jarrera matxistak barruraino sartuta ditugula, gu ere jendarte patriarkal sexista honetan hezi garelako, eta garrantzitsuena delako zintzotasunetik eta onarpenetik abiatuta jarrerak eraldatzea.
Ur tantak ezberdinak dira… berdinik ez dago, antzerakoak
izan daitezke… baina berdinak ez!!! Eta gure jendartean berriz, milioka persona
gauden arren bi esterotipo jakin batzuei erantzun behar diegu… Dantza dezagun,
ur tantekin!! Bakoitzak nahi duen erako ur tanta izan dadila!!
Ur tantak gora eta behera… Estereotipoak mahaiganeratu
ditugu, eta azpimarratu behar dugu, oraindik ere ildo honetatik lan asko egin
behar dugula. Adibidez nire inguru gertuari behatuta, oraindik ere zaintzak
gehien bat emakumeen esku daudela, bai umeena bai nagusiena… Aurrerapausuak
eman diren arren eta lan horietan pixkanaka geroz eta gizon gehiago ikusten badira
ere.
Hezkuntza munduan gabiltzanon artean argi dago geurea dela
lanbide feminizatu bat, beraz ikasketak hautatzeko mementoan segregazio
horizontala dihardu, lan aukerak ere
esparru honetan bermatuta dauzkagu
Azkenik, lanarekin erlazionatuta, beti ere lan
feminizatuenak lan baldintza kaxkarrenak dituztela usted dut, eta horietan
hobetzea askoz zailagoa izaten da gizonezkoak gehienengoa diren horietan baino,
lan hauek behar duten balorariorik ez dutelako (Bizkaiko Nagusi Etxeen
Langileak adibidez).
Batez ere EHUko bideoa ikaragrri gustatu zait, estereotipoak
nola barneratzen ditugun islatzen duelako. Postaren egileak, planteatutako
erronken artean, irakaslegoaren formakuntza ezinbestekoa iruditzen zaidala,
azkenean hezkidetza eguneroko “txikikerietan “ islatzen delako. Egunero egunero
egin beharrekoak, lantzen dugun materiala, ariketak zuzentzerakoan akats
ortografikoez gain hizkuntza barneratzailea, eta era berean hizkuntza
barneratzailea erabili, egun bereziak aprobetxatu (martxoak 8 eta azaroak 25), …
Azaroak 25, laistear dagoenez, nire ikasleekin hurrengoa
lantzea aurreikusitakoa daukat, nahiko era informalean bada ere, eta ikastetxe
mailan ezer berezirik egingo ez den arren. Azaroaren 24an jorratu nahi dut,
ostirala, goizeko azken hiru orduak nirekin dituztelako…
- *
Batetik maitasun erromantikoaren gaia. Eta
horretarako Flavita Bananaren liburutik ateratako irudiak inprimatu eta gelako
hormetan itsatsiko ditut. Irudiak, argi adierazten baitute bideratu nahi dudan
mezua. Errezagoa iruditzen zait, ikasleen arreta euskarri grafiko batzuekin
bideratzea. Horien inguruan hausnarketa kolektiboa eta debatea egiteko asmoa
daukat.
- *
Bestetik, bukatzeko Pamela Palenciano “No solo
duelen los golpes” bideoa ikusi eta bideoan ikusitakoren egoeraren batean
islatzen diren galdetuko diet, zer sentitu duten…
Lantzeko zailtasunen arteko bat, iruditegi sinbolikoan, jendarte
gehiengoa berdintasunean bizi garela pentsatzea da… Egoera hau izanda,
feministen aldarrikapenak astunak, bihurrituak, korapilotsuak… direlaren
aurreiritsia dago. Azken finean sistema patriarkala ulertzeko hainbat korapilo
askatu behar dira, eta gure ezagutzak, ikuspegia, argudioak… dagoen
errealitatearen irudia desegin behar dute, berri bat eraikitzeko… Etafeminismoan formakuntza minimo bat ez duenarentzat,
gauzak hankaz gora jartzea suposatzen du. Eta hori DESEROSOA izaten da.
Nire inguruan
hezkidetzari buruz galdetuta jaso ditudan erantzunak bizi dugun errealitateaz
kontzienteago izaten lagundu dit. Galdera berdina egin nien guztiei: Zer da
hezkidetza? Ezaguna al da?
21 urte - neska - historialaria
Ez zekiela ezer honi buruz. Nik kontatu diodana, baina nik
esandakoaz aparte termino hori ez duela inoiz entzun.
26 urte - neska - ivef eta lehen hezkuntzako irakaslea
“Noski ezaguna dala. Sexuen berdintasunean oinarritzen
den hezkuntza metodo bat da, sexuagatiko diskriminazioa baztertzen duena.
Nik unian, ivefen, irakaskuntza ikasgaian uste dut entzun
nuela lehenengo aldiz. Hortik aurrera askotan. Ta ikastolan egunerokotasunean
entzuten dut. Ta bai ez leku guztietan baina bai erabiltzen da, ikusi dut.”
26 urte - neska - psikologo klinikoa
“Ezaguna egiten zait genero biolentziari buruz
irakurritako artikuluetatik, baina ez dakit kokatzen. Zer da?
25 urte - mutila - informatikoa
“Sexuen arteko berdintasunera joateko erabiltzen den
tresna??? Holako zeozer. Begirale ikastaroan eman genuen…”
17 urte - mutila - 2. batxilergoko ikaslea
“Ideiarik ere ez egia esan. Baina hezkuntzarekin erlazioa
duela esango nuke. Kideen arteko heziketa. Edo errespetua. Klaseko batzuei ere
galdetu diet eta ez zekiten”
26 urte - neska - lehen hezkuntza eta ingeles irakaslea
“Hezkidetza pertsonak edo umeak euren banakako berezitasunak
kontuan izanda baina, generoa, hau da, mutila edo neska den kontuan hartu gabe
heztea da, sexismoa eta estereotipoak ekidituz. Ikasgelako errealitate igualitario
hori aurreratzea gizartean isladatu ahal izateko. Adibidez, lanbideekiko edo
jostailuekiko dauden estereotipoak apurtzea.
Ni hezkuntza ez formalean nabilenez, eskola ezberdinetara
noa eta askotan hezkidetza proiektuak dituzte. Nire saioetan saiatzen naz
erabiltzen, eta uste dut oro har bai erabiltzen dela, salbuespenak salbuespen. Adibidez
ni fijatu naizen zeozer da ikasgeletan, HHkotan , jostailuak edota ez direla
lehen bezala ikusten, arrosa eta urdina. Dana danontzat dela esan daiteke.
Tontakeri bat dirudi baina arreta deitzen du.”
Atera dudan
ondorio nagusia da, hezkuntzan ari garenok garela hezkidetza gehien ezagutzen
dugunak. Positiboa da ikustea lanean dagoen jendeak baduela gaian oinarri bat
behintzat, eta bere inguruan aurrera eramaten den edo ez arreta jartzen duela.
Hala ere, harritu egin nau 17 urteko ikasle batek terminoa entzun ez izana,
uste nuelako azken urte hauetan klasean entzunda izango zuela. Nik azaldu
diodanean zer den, esan dit hori bai landu dutela klasean, baina ez hitz
horrekin. Duela 10 urte bezala (ni institutuan eta eskolan ibili nintzen
garaian) jarraitzen dutela konturatu naiz, hezkidetza bere izenez aipatu gabe.
Inkestatxo hau
egitetik gehien gustatu zaidana, pertsona horiengan kuriositatea sortu dela
izan da, hezkidetza zer den jakiteko gogoa, eta orain jakinda beraiek ere euren
ingurukoei azaldu ahal izango dietela.
Aurreko
edizioan Maite Elorza Alberdik honi buruz egindako sarrera aipatu nahiko nuke,
hezkidetza ulertzeko modua izugarri ondo azaltzen duela iruditu zaidalako.
Nire inguruan sexu-genero sistema iraultza aldian dagoela nabari
dut. Geroz eta norbanako zein talde gehiago dira sistema horrekin apurtu nahi
dutenak, geroz eta gehiago gara betaurreko moreak jantzita bizi garenak bai.
Hala eta guztiz ere, egiteko asko dago.
Sexu-genero sistema gainditu duten hainbat pintzelada ikusi ditzakegu
egunerokotasunean, bai, baina hala ere beste hamaika dira gainditu gabeak. Hona
hemen hiru adibide:
LANBIDEAK: Nire inguruan
geroz eta emakume gehiago dira kamioi gidari eta taxista. Dena den, kale
garbitzaile guztiak gizonezkoak dira nire herrian.
ETXEAN: Ama eta amona dira gure etxeko txikian zaintzen
dituztenak. Aitona baserriko lanez arduratzen da eta aitaren lehentasuna bere
lana da. Ama eta amona ere lanera joaten dira.
NEURE LANEAN: Euskal dantza irakaslea naiz. Orain arte dantzak ere
generoaren arabera bereizten ziren, apurka hasi dira mutilak nesken dantza
egiten, baita alderantziz ere. Dena den,
dantza eskoletako izen-emateen
%95a emakumezkoena da.
Gauzak ikusirik, aurrera bagoazela badirudien arren, ikaragarrizko
lana dago egiteko. Betaurreko moreak
jantzita norbanakoak soilik bizi dira, norbanakoez osaturiko taldeak ere bai,
baina hortik haratago, gizarte osoa betaurreko moreak jantzita ikusiko dugun
aldia urrun dagoela iruditzen zait. Baina lasai, iritsiko da! Gure etxera ere
iritsi baita!
Nire etxean bi ahizpa gara, eta
ahizpa txiki-txikitatik izan da auto eta motor zalea. Gabonetan ahizparentzat olentzeroren oparirik
estimatuenak action-man panpinak izaten ziren; niri barbiren bat eta berari
action-mana, horrela handitzen zen gure familia eguberriero. Ni ere hasi
nintzen jostailu horien eskean, eta amak ekarri zizkidan bai (ondoko izebari
jaramonik egin gabe, hura ez baitzen tiroak eta botatzen dituzten panpin-gizon
horien zalea). Hori horrela, barbie eta action man kopurua (ah, eta Ken ere
bai, Doctor ken ezaguna!) berdintsua zen etxean. Eurekin bikoteak osatzen
genituen jolasterakoan, noski bikote heterosexualak ziren denak. Nolaz ez
zitzaigun bururatzen bikote homosexualak osatzea, etab.? “Zer jan hura izan”
dio esaera zaharrak. Eta horrelaxe egin genuen guk ere, inguruko errealitatean
ikusarazten zitzaiguna panpinekin islatu. Ikusarazi diot bai, oraindik ere,
norbaiten intereserako edo generoaren gaia, indarkeriarena, famili ereduena ezkutatu
egiten zaizkigula baiteritzot.
Garai bateko kontuak albo batera utziz, nire egunerokotasunean
sartuko naiz. Alde batetik emakumezkoen arropa aukerari egingo diot aipamena,
bestetik nire lan esparruko egoera azalduko dut labur larbur.
Ez naiz arropa erostera joan zalea, kosta egiten zait gogoko dudan
zerbait aurkitzea. Buruan hamaika “modelito” egiten ditut eta dendara joatean
ez dut ezer topatzen. Irudi geometriko zalea naiz, lerroak, laukiak, biribilak…asko
gustatzen zaizkit marrazki horiek dituzten arropak. Dena den, emakumezkoen
dendetan ia guztia loratua da eta kolore apalekoa. Nik kolore biziak gogoko
ditut, kontrastea gogoko dut. Emakume eta gizonezkoen janzteko era ere oso estereotipatua
dago, eta ildo horretako arropa da gaur egun ia denda gehienetan duguna. Iaz hiper-kiroldenda batera joan nintzen
bizikletako galtzak erostera, aukera handiagoa egongo zelako ustean.
Gizonezkoentzako galtza aukera zabala zegoen, arren, emakumezkoentzako bi
galtza pare soilik zeuden. Bata beltza eta zuria zen, eta bestea beltza eta
arrosa. Hura ikustean, ernegatu egin
nintzen. Zer esan nahi zuen emakumezkoak ez garela bizikletan ibiltzen? Eta
ibiltzen diren apurrak gogokoen dituen koloreak zuria eta arrosa direla?
Galtzarik gabe iritsi nintzen etxera! Amorratuta! Amorratuta bai, baina ez
gogoko galtzik topatu ez nuelako, berdintasunerako bideari harrika ari diren
hamaika multinazional eta politiko daudelako. Arlo honetan ere diruak zer esan
handia duela uste dut.
Azkenik, dantza irakaslea naizenez, nire lan esparruan bizi dugun
egoeraz dudan iritzia azalduko dut. Tradizioz oso markatua dago gure kulturan
sexu-genero lotura hori. Tradizio horren errepresentazioa izanik arte hau, oso
eremu sexista dela esango nuke. Ezagunak diren dantzari guztiak gizonezkoak
dira, zergatik? Nire eskualdean 5-6 dantza talde daude, eta horietako bat
bakarrik zuzentzen du emakumezkoak. Gainerakoetan gizonezkoa da irakasle.
Bestalde, erabiltzen dugun arropak ere estereotipoari jarraituta
janzten ditugu. Emakumezkoak gonak, eta gizonezkoek galtzak. Egia da, gaur egun
hainbat dantza taldeetan, tradiziotik sorkuntzara goazen bidean, janzkera
aldatu dela eta gizonezkoak gonekin eta emakumeak galtzekin dantzan ikusi
ditugula.
Horrez gain, dantzak gizonezkoen dantza eta emakumezkoen dantza
modura sailkatuak izan dira. Emakumezkoen dantzetan belar biltzaileak, sagar
biltzaileak, arrain saltzailek irudikatu izan dira; gizonezkoen dantzak,
berriz, ezpata eta makil dantzak izan ohi ziren, indarraren eta borrokalari
senaren erakusle.
Hain esparru markatua izanik, kosta egiten zait genero ikuspegia
hausteko baliabideak aurkitzea. Dena den, baliabide
edo eskuartze egokiena neskek zein mutikoek elkarren dantzak elkarrekin ikastea
da. Hala nola, zinta dantza edo eta ezpata dantza mutilek eta neskek guztiek,
ikastea. Bestalde, emakumezko dantzariak badirela eta edozein erropekin dantza
egin daitekeela landuko nuke, zeharkako bidean hainbat bideo eta adibiden bidez.
Hemen gizonezkoa gonarekin dantzan ari den bideo labur bat:
Kontuak kontu, aurrera bagoaz ere hamaika dira gainditu beharreko oztopoak. Hezkuntza gizartearen isla
dela uste dut, beraz hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko arazoa gizarte
hezkide batean bizi ez izana dela diot. Konformismoan bizi gara, eta hori da
nire ustez oztopo nagusienetarikoa. Jarrera aurrerakoia azaldu behar dugu,
begiak zabaldu behar ditugu, errealitatea ikusi behar dugu, geure buruaz
hausnartu behar dugu… Jaiotzetik inkontzienteki ikasi ditugun eredu estereotipatuak
izateko eran, hizkeran, jarreran etab. kanporatzen ditugu eta horiekin hautsi
behar dugu. Norbanakoarengandik hasiko den iraultza dela uste dut. Lehendabizi
nik jantziko ditut betaurrekoak eta ondoren ingurukoei jantzarazten saiatuko
naiz. Honela eremu hezitzaileetan sartuko gara, eta honela gizarte hezkidea
izango da. Azken bi hauei aldiberekotasuna ikusten diet nik.
Hau da nik aukeratu dudan aurreko urteko posta. Ba al zenekiten
elizak egin zuela generoa eta kolorearen arteko lehen lotura? Elizak behartu
zituen emakumezkoak arrosaz janztera eta gizonezkoak urdinez. Arrosa haragiari
eta infernuari lotzen zaio; urdina, aldiz, arimari eta zeruari. Ikaragarria!!
Gizartean, gizonezkoen nagusitasunaren
pentsamendua aspaldiko garaietatik datorren zerbait dela argi dago. Hainbeste
jendek miretsi izan duen eta oraindik ere miresten duen “Biblia” begiratu
besterik ez dugu egin behar. Bizitzaren sorrera Jainkoari egozten diotenen
ustez, Eva Adanen saihets-hezurretik jaio zen.
Gure aiton-amonen garaietan ere, gizonezkoen
nagusitasuna nabaria zen: erabaki garrantzitsuenak beraiek hartzen zituzten, etxeko
lan guztiak emakumeak egiten zituen, haurren zainketaz ere azken hauek
arduratzen ziren… Emakume askorentzat,
gizonaren ongizatea zen lehentasuna; honako hau super-gizakia zelakoan.
Gaur egunean, matxismo hori alde batera
uzteko saiakerak geroz eta ugariagoak diren arren, oraindik ere gizonezkoen
nagusitasun horien zantzuak aurki ditzakegu. Gainera, sexu-genero sistema oso nabarmen ikuskatzen da gizarteko hainbat
aspektu ezberdinetan. Hona hemen adibide batzuk:
Neskei, normalean, haurren zainketarekin, beren
irudia zaintzearekin eta etxeko garbiketarekin zerikusia duten jostailuak
atxikitzen zaizkie (sukaldetxoak, panpinak, makillaje kutxak…). Mutilak,
berriz, kirolen, dinosauruen, superheroien, automobilen… jostailuekin hornitzea
oso ohikoa da. Koloreei dagokionez, neskek arrosa eta mutilek urdina. Esateko
gehiagorik ez.
Honen harira, youtuben ikusi dudan bideo hau gomendatzen dizuet.
Bertan, neska txiki batek gai honen inguruko hausnarketa sakona egiten du: “zergatik erosi behar dituzte neska guztiek printzesak?”.
Galdera interesgarria.
Horrez gain, lanbideen mundua ere
oso zatituta dago sexuen gaiagatik. Neskekin maiz lotzen diren lanbideak
erizaina, ileapaintzailea, andereñoa, zaintzailea, zerbitzaria eta antzerakoak
izan ohi dira. Mutilak, aldiz, medikuekin, igeltseroekin, iturginekin,
suhiltzaileekin…
Hona hemen, aurrez aipatutako guztiarekin
loturiko beste bideo bat. Bertan, haurrekin eginiko ikerketa bat ageri da,
estereotipo sexista hauek beste behin agerian geratzen direlarik.
Denboran zehar gizartean ezarri diren
estereotipo sexistak dira, batez ere, guzti honen errudun. Zergatik oparitzen
dizkiegu neskei kolore arrosa duten panpinak? Zergatik kamioi handiak mutilei? Zergatik
pentsatzen dugu guztiok, suhiltzailea aipatzen dugunean, mutilekin? Eta
zergatik neskekin ileapaintzailea aipatutakoan? Argi dago oraindik ere
berdintasunerako bidean lan asko dugula egiteko…
Hariari jarraituz, aurreko edizioetako sarrerak irakurtzen nituen bitartean, Maitek
sorturiko sarrera honek atentzioa deitu dit. Bertan txertatutako bideo horretan,
koloreei eta sexuei egozten zaien harremanaren indarra oso ondo adierazten dela
iruditzen zait; kolore arrosa jantzita duen haurra neska dela uste dute helduek
eta, alderantziz, arropa urdinduna mutila. Gainera, hauen etorkizuneko
lanbideen inguruan hitz egitean, estereotipo sexista horiek agerian geratzen
dira. Harrigarria benetan!
Bestalde, ikasleekin gai hau lantzeko modu asko egon daitezkeen arren, neuk
ipuinen bitartezko proposamena luzatzen dizuet. Ikastaroan zehar behin baino
gehiagotan aipatu dugunez, haurrak txikitatik hezkidetzaren munduan heztea oso
aberasgarria izango da etorkizunean berdintasunaren aldeko apustua egingo duten
biztanleak sortzeko. Emaisia izeneko elkarteak sorturiko artikuluan irakur
daitekeenez, ipuinen bidez umeek mezu desberdinak jasotzen dituzte eta barne
adimen egituretan munduan eta beraien inguruan gertatzen diren gauzen
irakurketa egiten joaten dira.
Guzti hau kontutan izanik, gelan landu
daitezkeen ipuinak uzten dizkizuet hemen behean:
- Eta
handia egiten naizenean zer? Aloñak, liburuko protagonistak, egun
ezberdinetan lanbide ezberdinak probatzen ditu. Lehenik txalupan ibiltzen da
eta gauza zoragarria dela konturatzean, berak handitan marinela izan nahi duela
esaten du. Beste egun batean, ilea moztera joan eta berdina pentsatzen du. Horrela
liburu guztian zehar: taxista, okina, lorezaina, sorgina…
Liburu honetan lanbide ezberdinak lantzen
dira. Honekin, gelako haurren etorkizuneko interesak jakiteaz gain, lanbide hauen
inguruko estereotipo sexistak barneratuta dituzten jakin ahal izango litzateke.
- La mitad de Juan: Liburu honetako protagonista Juan izeneko mutiko bat da.
Mutiko honi burla egiten diote gelako beste mutilek, hauen esanetan, Juanek
nesken gauzak egiten omen ditu (negar egin, futbolean ez jolastu, kamiseta
arrosak jantzi…). Burla horiek ekiditeko, “neskenak diren” gauza guztiak kaxa
batean gorde eta lurperatu egiten ditu. Baina, hau ez da izango zoriontasuna
lortzeko eman beharreko urratsa…
Ipuin
honi esker, ikasleei pertsona bakoitzak dituen gustuak eta nahiak errespetatu
behar direla irakatsiko zaie. Gainera, “nesken” eta “mutilen” arteko
diferentzia hori hausteko erabilgarria suerta daiteke, gizaki guztiak “pertsonatzat”
hartu behar direla helarazteko.
GIZARTEA ALDATZEA GURE ESKUETAN DAGO.
BORROKA DEZAGUN ELKARREKIN SEXU-GENERO SISTEMAREN AURKA!