2022/12/09

Izan esan(on)eko!

Gutako gehienok bizi izan dugu inoiz pentsatzen duguna ahoz gora esateko ezintasuna, aurrean dugunaren botereak kikilduta nahiz esango dugunaren ondorioen beldur. Adinak eta jardunak eman digu ahots isildu hori berreskuratzeko ausardia. 

Gaiarekin zerikusia dutela eta Uxue Alberdiri Itziar Ocarizek egindako elkarrizketa baten inguruan sortutako galdera batzuk ekarri ditut testura.

 

Nola iristen da hitzera emakume ahotsetik?

Ba al du generorik zure ahotsak?

Nola zeharkatzen dizu eztarria genero sistemak?

Zer esan dezake ahots honek? Zer nahi dut nik esan dezan?

 01: Ahotsa lokatzetan. Pentsamendu feministan narrasean 

 

Azken galderarekin geldituko naiz, Zer esan dezake ahots honek, Zer nahi dut esan dezan?

Gehienok dugu ahots propioa tenplatzeko, afinatzeko beharra. Artean nerabe nintzela, beste era batean esan zitekeen kontzientziarik gabe botatako - Emadazu marikonera hori  esaldiak ezagutu berrian eragindako egonezinak esnatu ninduen, mezuarekin batera modua ere asko zainduko nuen aurrerantzean, bai horixe!

Norberak esandakoa zaintzearekin batera besteen ahotsak adi-adi entzuteko ohitura hartu dugu, gustagarri dugunaren muina nahiz kirrinka egiten duenaren arrazoiaren usnan. Kostata onartuko dugu mina eman eta Ai neska, esatearren esan badut! desenkusarik. 

Hizkuntzatik fobia adierazpen oro desagerraraztea lehenik eta modu sotilagoan diren gutxiespen nahiz ausentzien kontzientzia esnatzea dira erronka nagusiak.

Bide horretan lagungarri dugu, besteren artean, Hezkuntzan erabiltzeko hizkuntza-jarraibideak gidan proposatutako alderdi hauen lanketa:

  • Umeak hain mukizu tratatu beharrean pertsona adimentsuak direla pentsatu eta bazter ditzagun errepikapenaren errepikapenez haiei zuzentzean hain barneratuak ditugun hiztegi eta moduak.  
  • Ahozkoa izanik gure egunerokoan harreman gehienak egituratzen dituena zaindu ditzagun emakumeen aipamenen kantitatea eta kalitatea. Behingoagatik bada ere, ongi etorria Emakumeak lehenik esapidea!

2020an Bego Liernik idatzitako Hizkuntza neutroa eta aberatsa aukeratu dut hizkuntzaren inguruko hausnarketa desberdinez gain haren erabilera sexista ekiditeko proposamenez betea dagoelako.

          

 


2022/12/08

HITZEKIN JOLASEAN BAINA...MODU HEZKIDETZAILEAN

 


Aurreko edizioetatik aukeratu dudan posta, sexismoa hiztegietatik kanpo da. Alde batetik ikaragarri polita iruditu zait izenburua, ah zelako gizartea izango litzateke sexismoa hiztegietan agertuko ez balitz? Gizarte feminista!Eta bestalde aipatzen dituen bi erronkak ere oso sinpleak izanik (barrak eta markatxoak eta izen abizenen kontua) oinarrizkoak ikusten ditut. Askotan holako gauzei daukaten garrantzia kentzen zaielako eta hoien aldaketak sustaten egiten delako bidea.

Hizkuntza ez sexistarako giden artean, askok ezagunak izan ditut eta oso baliogarriak izan dira egia esan. Baina aukeratu dudana, bere formatu gazte eta originalagaitik eta kontatzeko eragaitik (oso hurbila) Canariaseko Rebeldes de genero gida da. Oso erakargarria iruditu zait. Bertako eremu hezitzailean lantzeko gomendatuko nituzkeen bi alderdiak hauek izango ziren:

* “Lo que no se nombra no existe”: emakumeak eta beraien ekarpenak bisibilizatu eta emakumeak hitza eta protagonismoa hartu eta ahaldundu. Aspektu hauek garatzen laguntzen dituzten praktikak geletako dinamikan sartu.

* “Otros lenguajes”: Ahozko hizkuntzaz gain, gestuala, digitala eta ikonografikoa zaindu. Erabiltzen ditugun irudiak zaindu eta hausnarketarako erabili. Ikasleengana zuzentzen garenean hizkuntzaz gain gure tonua eta jarrera zaindu.

    Nire ustez ikastetxean landu beharreko erronkak hauek dira, besteak beste:

-       Lehenengo eta behin irakaslegoa kontziente egitea erabiltzen dugun hizkuntzaz, askotan inkontzienteki erabiltzen ditugulako hitzak, inkontzienteki erabili eta normalizatu egin ditugulako baita ere. Eta Euskera nahiz eta generoa euki ez, era sexistan erabiltzen dugula konturarazi baita ere.

-       Ikastetxeko dokumentazio guztia eta familiekin edota komunitatearekin partekatzen diren dokumentu eta oharretan hizkuntza ez sexista erabili, moldatu eta zaindu.

-       Momentu guztiak aprobetzatu ikasleekin gogoetak egiteko: lantzen diren testuak, irudiak,… aztertuz,…

-       Ondoren, ikasleak kontzientziatu eta erabiltzen dituzten irainak, txisteak,… aztertu eta hausnarketa egin.

Eta bukatu berri den euskaraldiarekin lotuta…

GORA EUSKARA ETA FEMINISMOA!!



Hitzen "lioa" iruten


     ahoz, 

            belarriz,

             bihotzez

                    ekiteko

                    zuentzat

  proposamena:

           antolatu

                 dezakegu

    Hezkidetzaldia?

 

Aurreko edizioko sarreren artean “Hizkuntza hitzak baino gehiago da” sarrera aukeratu dut izenburuak dioenarekin ados nagoelako eta, gainera, testuan nabarmentzen duelako patriarkatua sistemikoa izan arren norbanakook badugula horri aurre egiteko erantzukizun pertsonala. Hizkuntzak nagusiki komunikazio tresnak direla pentsatzea kolonialista da, nire ustez, eta kalte handia egiten die munduan dauden 6.000 hizkuntzen artean gehien-gehienei. Hizkuntza, gorputza bezala, garenaren parte da eta, aldi berean, egin egiten gaitu. Burura etorri zait hainbat hizkuntzatan argitaratu berri den liburu hau:


Amelia Barquinek Emakunderekin osatutako “Euskararen erabilera ez sexista” gidatik eremu hezitzailean landu beharreko lehentasunezko bi alderdi aukeratu ditut: emakumeen aipamen asimetrikoak eta atsotitzak edo esaera zaharrak. Lehenengoa lankide feministenekin lantzeko aukeratu dut, uste baitut arlo honetan badugula zer hobetua gure ikasketa prozesuan. Hau da, entrenatu dugu burua (edo begirada) beste mekanismo batzuk identifikatzeko, baina nire ustez nahiko ohikoa da oraindik ere emakumeak aipatzea gizonekiko duten harremanaren arabera edo emakumeak txikigarrien bidez aipatzea (iniziala, abizenik ez, neska edo gazte deitzea…). Bigarrena, atsotitzena, aukeratu dut, euskara irakasle naizen heinean, klasean lantzeko oso aproposa iruditzen zaidalako. Batetik, tradizioari begira jartzea behar-beharrezkoa iruditzen zaidalako eta, bestetik, neurri berean aritu behar dugulako tradizioa etengabe eraldatzen, gure egiten, aurrera egin dezan.

Bukatzeko, uste dut nahiko zabalduta dagoela euskaraz genero gramatikalik ez dagoenez “arazo bat gutxiago” dugula hizkuntzaren erabilera ez sexistari dagokionez. Aldiz, sexismoa hain agerikoa ez izateak bidea zabaltzen dio pasibitateari. Duela 2 urte “Euskara eta feminismoa bidelagun” jardunaldietan oso gogoeta interesgarriak egin ziren honen inguruan, tartean Amelia Barquinek berak, eta hementxe utziko dizkizuet (bideo bakarrerako lotura da, baina erreprodukzio zerrenda osoa gomendatzen dizuet):



2022/12/06

Hizkuntza da sexista edo hiztunak gara sexistak?

    Aste honetan euskara hizkuntza sexista ote den ala ez galdetu diot nire buruari. Nire aburuz, hizkuntzak ez dira sexistak berez, baizik eta erabiltzaileek bilakatzen ditugu. Askotan gure buruan hitz batzuekin asoziazioak egiten ditugu eta nahiz testuan ez generoa aipatu, gure pentsamenduek gizon edo emakume batez hitz egiten gabiltzan pentsaraztera bultzatzen gaituzte.

    Onartu beharra daukat, zenbaitetan horrelako akatsak egin ditudala nik ere, baina esaten den moduan, beti gaude ikasteko garaiz!

    Gaiari buruan bueltak eman ondoren, hau da sortutako akrostikoa:



 Aurreko urteetako edizioetako HIZKUNTZAN eta KOMUNIKAZIOAN, SEXISMORIK EZ posta gomendatuko nizueke. Zergatik? Eduki interesgarriaz gain, baliabide erabilgarriak aipatzen  dituelako.










    Andoaingo udalak argitaratutako honako gida aukeratu dut aztertzeko. Bertan ohiko akatsez gain, hauek ekiditeko proposamenak plazaratzen ditu.

    Eremu hezitzailean landu beharreko lehentasunezko bi alderdiak honakoak dira nire aburuz:

  •        Egiten dugun hizkuntzaren erabilerari buruzko hausnarketa. Gidan aipatzen duten moduan, hausnarketarako tresna egokia izan daiteke inbertsio erregela aplikatzea.
  •       Hezkuntza komunitatean,ekoitzitako dokumentu, kartel, eta abarretan euskararen erabilera ez sexista bermatzea.

    Gaiarekin jarraituz honako bi bideotxo gomendatu nahi nizueke:

 1-Pilar Kaltzadaren Garena eta dioguna: euskara hizkuntza ez-sexista da? 



2- Amelia BarquĆ­nen Euskararen erabilera ez sexistarako gakoak eta proposamenak 



2022/12/05

Heroi oro oroi

Aste honetan emakumeen eskarpenei buruz hausnartzerakoan konturatu naiz zenbateraino dugun deformatuta diagnostikoa. Hau da, badakigu oro har ez direla kontuan hartzen emakumeek garai batean edo bestean esan edo egindakoak, baina ez dakit hain argi dugun zenbateraino ez ditugun kontuan hartzen. Normalitateak erabat baretu gaitu eta propio lantzen ez badugu ez gara konturatzen gai askotan ez emakumeak, ez emakumeek egindako lanak, aipatu ere ez ditugula egiten. Hori dela eta, ariketa bat egin dut eta zuei ere gonbidapena luzatzen dizuet egiteko (etxean, lanean...). Lehenengo, irakasle batekin egin dut. Historia irakaslea da eta lan mahaiaren atzean apalategi oso bat du klaseak prestatzeko erabiltzen dituen liburuz beteta. Eskatu diot apalategian buruz behera jartzeko gizonek idatzitako liburuak, emakumeek idatzitakoak bistan gelditu daitezen. Hauxe izan da emaitza:


Ez dago apenas libururik zutik. Berak esan du emakume historialari gutxi daudela eta gai espezifikoetan edo espezializatuetan halaxe izaten dela maiz. Hortaz, bigarren ariketa egin dut, oraingoan ikasleekin: eskolako liburutegira joan gara eta, eleberriak edo nobelak direnez gehien irakurtzen direnak, berdina egin dugu liburutegiaren zati horrekin. Hau da, eleberrien artean buruz behera jarri ditugu gizonek idatzitakoak eta zutik utzi emakumeen lanak. Hau izan da emaitza:




Berriz ere oso-oso gutxi izan dira zutik gelditu diren liburuak. Hausnarketa aberatsak egin dituzte ikasleek: bazekitela emakume gutxiago izango zirela, baina ez zutela uste aldea hain handia izango zenik, edo dauden emakumeak nobel saridunak edo oso ospetsuak direla eta horrek gutxieneko langa itogarria ezartzen duela emakumeentzat, adibidez. Horrez gain, hasi dira pentsatzen: buruz behera jarriko bagenitu europarrek idatzitakoak edo txuriek idatzitakoak ere antzerako gertatuko litzateke. Azkenik, ondorio batera iritsi dira: kontzientzia hartzea urrats bat dela, baina eskutik ekintzarik ez badakar nekez aldatuko dela egoera. Alegia, inertziari jarraituz gero, ezer egin gabe, beti jasoko ditugula neurri askoz handiagoan gizonezkoen ekarpenak, beraz guztioi dagokigula ahalegina egitea, nor bere alorrean, emakumezkoen ekarpenak barne hartzeko.

Ildo horretatik, aurreko edizioetako blogeko sarrerak irakurtzen aritu naiz eta Arantxa Urretabizkaiari buruzkoa aukeratu dut hona ekartzeko. “Zergatik panpox” liburuan hasi zen moldeak apurtzen eta ordutik hori besterik ez du egin euskal literaturan. Hala ere, ez du behar adinako osperik.

Eta euskal emakumen aitzindari bat ekartzeko ere bide beretik jo dut. Ospe handiko kontuetan egindako ekarpenaz baino, egunerokoan sekulako eragina duten “txikikeria” horietan bidea urratu duen emakume bat ekarri nahi izan dut lehenengo. Perpetua Saragueta euskaraz idatzi zuen lehen emakumeen artean dago, bai, baina Nafarroan gidabaimena eskuratu zuen bigarren emakumea ere bada (1935ean lortu zuen) eta horrek bizitza goitik behera aldatu zion. Gainera, ohitura eta gaizki ikusien kontra, alabari izena euskaraz jarri zion lehenengoen artean dago Perpetua. Miren Agurtzane deitu zion alabari eta elizako liburuetan hala dago jasota. “Bidegileak” bilduman duzue emakume honen biografia labur eta arina. Aipatzekoa da falangistek senarra jipoitu eta lanerako gaitasunik gabe utzi zutela, beraz Perpetuak 8 kideko familiaren biziraupenaren zama eraman behar izan zuen bizkarrean. Etxeko eta etxetik kanpoko lanen artean aberatsentzat jostun aritzen zen, adibidez, eta horrek gogora ekarri dit “Neskatoak” dokumentala, bertan jasotzen baitira aberatsen etxeetan lanean aritutako emakumeen testigantzak. Ikusi ez baduzue, hona lotura. Azkenik, Bibiana aipatu nahiko nuke “Adunan galtzak jantzi zituen lehen emakumea”, berak ere bidea urratu baitzuen egunerokoan.

Egunerokoan egiten ditugun horiek iraultza txikiak diren heinean, nire ustez, hezkidetzan ere hala jokatu beharko genuke. Ikasleek agian gogoratuko dituzten gure hitzetako batzuk, baina ziur neurri handiagoan gogoratuko dituztela beraiek egindakoak, normaltasun hori urratzera eraman zituen egoera, alegia.

2022/12/04

HEMEN GAUDE TA POZTUTZEN NAIZ

 



Hemen gaude ta poztutzen naiz. Bidea iluna izaten ari da, gaua bezalakoa, baina kolore moreak bultzatuta (feminismoaren koloreak bultzatuta) tente eta irmo.... HEMEN GAUDE. 

Txikia nintzenean istorio bat kontatu zidaten: "Jainkoak  sortu zuen Adan eta bakarrik egon ez zedin sortu zuen Eva Adanen saiehts batetik. Gero, Evak zuhaitz debekatutik jan eta bekatu egitera bultzatu zuen Adan".

Eta hemen sortu zen Patriarkatua, denboren hasieratik: inportanteena Adan zen, lehena. Eva Adanen osagai bat baino ez zen izan eta gainera... maltzurra. Adan Gizajoa!!! 

Txikitan ere, beste bi ideia entzuten nituen: 

1.- Euskal Herrian matriarkatua egon zela betidanik: Horrek lasaitasun apur bat ematen zidan, zeren pentsatzen nuen "beno, gure gizartea ez da hain matxista". INOZENTE!!!! Gero, urteekin konturatzen nintzen etxe batzuetan, agian (eta bakarrik agian), emakumeak agintzen zuela, baina hori baino ez zen izan: ateak barrura. Kalean, bizitza publikoan, gizonak zeuzkan (eta oraindik dauzka) protagonismoa, autoritatea eta boterea.

2.- "Gizon aparta bakoitzaren atzean beti dago emakume aparta bat". Ez dakit hori egia den edo ez, kasu batzuetan segururaski bai, baina importanteena zera da: Emakumeok, bikainak, aparta edo arruntak izateko, ez dugu gure atzean gizonik behar.

Gauza guzti horiek kontuan hartzen, konturatzen naiz gauza asko aldatu behar ditugula, gizartean baita gure buruan ere.

Eta Historian zehar  errepasoa egiten badugu, ikusiko dugu emakume bikainak egon direla arlo guztietan (matematikan, fisikan, astronomian...), baina beti itzalean, gizonen atzetik, izkutatuta (behartuta, noski), eta, berdintasuna lortzeko eta emakumeei dagokien lekua emateko, feminismoaren estrategiak martxan jarri behar ditugula:

a) emakumeen ekarpenak ikusaraztea.

b) ekarpenak baloratzea

c) ekarpenen eskutaketa desaktibatzea

Horrekin batera, nire ikastetxean otsailaren 11n emakume zinentzalarien eguna ospatzen dugu, emakumeen papera ikusarazteko. Horretarako ekintza desberdinak egiten ditugu, eta horietako bat hauxe da: "cientĆ­ficas alavesas" (nire ikastetxea Araban dago).

Baina normalean, emakumeak ikusarazi nahi ditugunean gure inguruko emakumeak ahazten zaizkigu: gure amak, amonak, aizpak, lagunak... emakume arruntak. Horiek guztiak ere inportanteak dira, pixkanaka-pixkanaka, berdinatsunaren aldeko borroka mantentzen dutelako egunero. Horregatik, aurreko edizioetako ikastarokideek egindako posten artean, Bittorena da gehien gustatu zaidana, bere amona aipatzen duelako erreferente bezala. Izenburua: AMONAK NON EMAKUME INDARTSUAK HAN. 

Eta amaitzeko, "Historia de las mujeres en Euskal Herria" liburuak apaitu nahiko nituzke, gure Historia apur bat hobeto ezagutzeko: