2021/11/06

Feminismoa odolean

Feminismoak. Nahiz eta askotan irakurri dudan horien inguruan, ondiño kostatzen zait pluralean erabiltzea. Hain gogor defendatzen dugu gurea, agian zaila egiten zaigula hainbeste indarra jartzea besteetan.

Aurreko edizioetako sarrera hau aukeratu dut eta, zehazki, idatzi zuen esaldi hau: “Feministon apustua bizitzak izan behar dira”. Kriston indarra daukan esaldia iruditu zait, azken finean, feminismoa beste gauzarik ez da eta: bizitza(K) defendatzea. Horrez gain, patriarkatua eta kapitalismoaren arteko erlazioa zehazten du, nire ustez, ezinbestekoa dena sistema guztiz ulertu ahal izateko.

Bizitzaren harira, hona hemen nire kartela:


Feminismoan aritzen garenak, bai profesionalki bai lagun artean, horrela sentitzen gara askotan. Zer borroka gogorra den hau, zenbat haserre sortzen duen. Baina gero konturatzen zara zeinen handia den aldi berean, zenbat emakume gauden elkarrekin munduko toki guztietatik norabide berean bultzatuz. Biziak salbatuz. Eta horregatik jarraitzen dugu hemen.

Bai nire inguruneko prestakuntzaren inguruz hitz egiteko bai emakume feminista baten ekarpenak egiteko historio bera aukeratu dut; eta zuekin guztiekin elkarbanatu nahi dut.

Nire aita INEFen ikasi zuen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zientziak. Imajinatuko duzuen moduan, kirolaren inguruko ikasketetan, 70eko hamarkadaren amaieran, emakumeen presentziarik ez zegoen. Eta institutu hartan (institutua zen garai hartan) ez zegoen baimenduta ere emakumerik ikastea. Zer egin zuten orduan nire aita eta bere ikaskideek? 6 hilabeteko greba, unibertsitatera joan gabe, emakumeak onartu zituzten arte. Non daude orain horrelako gizonak? (txantxa😋)

Nire ama, bere aldetik, Toledoko herri txiki eta tradizional batean jaio zen, Belvís de la Jara. Herri frankista (bai eta bere gurasoak ere). Baina nire amak argi zeukan bere etorkizuna bertatik kanpo zegoela. Madrilera joan zen ikastera. Zer eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zientziak ikasi nahi zituen, hasiera batean emakumeentzat soilik aparte zegoen zentru berezi batean; bigarren urtean INEFen elkartu zen nire aitarekin.

Beraz, nire aitak ez zituen ikasketa feministarik izan, baina feminismoaren alde egin zuen apostua emakumeentzat haiek zutenaren berdina eskatuz; nire amak agian ez zuen mundua aldatu, baina etorkizuneko emakumeentzat aitzindari izan zen.

Horregatik esan dezaket harro feminismoa odolean daramadala.✊💜

Politikoki zuzena denaz haratago

 Hona hemen aste honetako egin dudan hausnarketaren laburpena blogaren sarrera egiteko.

Kartela


Maite Larrauri, filosofoa: "El feminismo ha hecho visible lo invisible, decible lo indecible. Ha sido una revolución"artikuluan Hannah Arendten hitz egiteari buruz egindako aipua aukeratu dut.



Blog sarrera

Aurreko edizioetako sarreren artean Adrianana aukeratu dut. Mila esker!

Beste batzuen artean ondoko arrazoigatik:

  • Patriarkatua deseraikitzeko bi ideia oso argi eta zehatzak ematen dituelako.

  • Bere aipuarekin identifikatzen naizelako.

  • Sarrera aukeratzeko arrazoiak azaltzeko duen moduagatik.


Inguru hurbilean galdezka

Nire inguru hurbilean prestakuntza akademikoan zehar feminismoa curriculumean eduki gisa nork aipatu zuen, noiz eta zein ingurutan. Nahiko bateratua izan da erantzuna. Adinaren arabera Historia irakaslea edo tutoreak aipatu zuen, Batxilergo lehen kurtsoetan edo OHO 7. edo 8. mailan eta sufragio unibertsalaren inguruan.


Emakume feminista esanguratsu bat aukeratu eta haren ekarpenak bildu.

Carmen, aukeratzen dut dudarik gabe. Mertxez gain, hau da, nire amaz gain; ni naizen modukoa izateko behar nuen testuinguru segurua eskaini zidan lehen pertsonetako bat izan zen. Hau esanda, ez naiz gai hitzetan biltzeko Carmenen ekarpenak ni egiten ari naizen bidean.


2021/11/05

Norbanakoarengandik kolektibora, baita kontrara ere.

 

Feminismoan elkarren beharra duten  bi subjektuen arteko lotura harilkatu zuen Simone de Beauvoirrek esaldi honetan, eta oso aproposa iruditu zait aste honetan landutako gaiekin lotzeko. 
Eguneroko norbanakoaren praktika feminista zein kolektiboki urratzen den bidea ezinbestekoak dira jendarte feministaren bidean aurrerapausuak emateko. Biak ala biak borrokak dira. 

Hauxe da gomendatu nahi dizuedan artikulua; norberaren zaaintzaren inguruan hitz egiten du. Uste dut hori landu beharreko gaia dela, askok eta askok geure burua zaintzeari uzten diogu besteak zaintzearren. Horren inguruan hausnartu eta horren inguruko pentsamendu eta paradigma berria sortzeko beharra  dago, zamak, erruak eta egin(beharrak) baztertuta. Eta horretarako feminismoa tresna ezinhobea dugu.

Nire inguruko inork ez du feminismoa  curriculum eduki bezala inoiz jaso. Esan behar dut baina, nire kasuan, unibertsitatean Genero Ikasketak irakasgaia izan nuela.

Zaila  zait emakume feminista bat eta bakarra ekartzea; hala ere, Lorea Agirreren inguruan idaztea erabaki dut. Hemen daukazue, beren inguruko informazio orokorra. 

Lorea Agirre euskara eta feminismoaren arteko loturetan, antzekotasunetan sakondu du. Nire ustez ekarpen interesgarria egin dio bai feminismoari bai euskalgintzari. Bada, bere proposamenaren bitartez, intersekzionalitateari  bide eman dio gurean ere bai.

Berak dakarren pentsamendua hobeto ezagutzeko, hemen duzue Agirrek argitaratutako artikulua: Euskalgintza eta feminismoa: Identitateak berreraiki, demokrazia sendotu, boteretze kolektiboa bultzatu eta subalternitate eraldatzaile unibertsalak eraikitzeko proposamen bat izenekoa. 

Azkenik, hemen daukazue Lorea Agirreri egindako elkarrizketa laburra: 







ANIZTASUNA LAGUN


     Feminismoaren inguruan ikusitako guztiak merezi du azpimarra jartzea, ez baitago garrantzirik ez duenik: dena da pertinente. Hala eta guztiz ere, feminismoaren aniztasunean emandako bilakaeran eraginkorrak izan diren hiru errealitateak aipatuko ditut:

1.    Ziberfeminismoa. Ezagutzaren gizartean, egoera berrietan emakumeen eta gizonen berdintasun ezari aurre egiteko sortua.

2.    Hainbat herrialdetatik etorritako emakumeen ikuskerek, kulturek… egoerak birplanteatzea lortu dute. Hortik sortu dira, hain zuzen ere, emakume etorkinen mugimendu feministak.

3.    Heteronormatibitatetik haragoko askoatriko errealitateak, “Trans” errealitateak, transexualitatea, intersexualitatea, transgeneroa… barnebiltzen dituena.

      Horrekin guztiarekin oso lotuta dago Josebe Iturriozen adierazpenak, eta hain zuzen ere, Iturrioz da aukeratu dudan feminista.


 


         Aipatutako errealitateak gizartean indarra hartzen doaz, eta hari horretatik sortu da maskulinitate hegemonikoa zalantzan jartzen duen gizon feministen indarra. Maskulinitate asko daude, eta, nola ez, maskulinitate hegemonikoak indarkerian duen eragina nabarmena da.

      Hain zuzuzen ere, feminismoa ardatz duten maskulinitate berrion inguruan diharduen iazko blog- sarrera hau https://hezkeh0506.blogspot.com/search/label/FEMINISMOAK aukeratu dut. Izan ere, oso ondo ageri dira islatuta askotariko maskulinitateen ingurukoak, eta duten garrantzia oraindik ere “aitaren etxe” den gizarte honetan.

https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/7k/editions/7k_2020-11-15-06-00/hemeroteca_articles/ezin-da-maskulinitate-berriez-hitz-egin-feminismorik-gabe-maskulinitate-berriek-feminismoa-izan-behar-dute-ardatz?fbclid=IwAR0LVTesGin9T2oOPjeYzBl5cXTRL-9yAJIDJrQ9JuQybNRiwvibHF8j6_4&s=03

Amaitzeko, tamalez, esan nahi nuke feminismoa curriculum-eduki gisa izan duenik ez dudala aurkitu niren inguruan. 


 




 

2021/11/04

PLAZER KOLEKTIBOA

 


Mugimendu feminista zerbait bada, kolektiboa dela aipatzen du Mari Luzek. Eta esandako hori fororako ikusi dugun "Feminismoaren ekarpenak Euskal Herrian" bideoan ikusitakoarekin lotzen dut. Ze beharrezkoa den emakume anonimoen presentzia. Izan ere, gutako bakoitzak (gure ezaugarri, gure errealitate) osatzen dugu mugimendu feminista. Desberdinak, arruntak eta ezinbestekoak. 

Horrekin batera, bada mugimendu ororentzat garrantzitsua den beste elementu bat: gozamena. Eta horrekin lotu dut iazko blogetik aukeratu dudan post-a: https://hezkeh0506.blogspot.com/2020/11/feminismoak-iraultza-eta-plazera.html 

Gustatu zait feminismoa iraultzarekin eta plazerarekin batu izana, eta baita Dendaostekoak liburuari egindako aipamena ere.

 Bestalde, nire inguru hurbilean (etxean, harremanetan, lanean…) prestakuntza akademikoan zehar feminismoa curriculum eduki gisa izan duten galdetu dudanean ezezkoa nahiko orokorra izan da. Bateren batek aipatu du irakasle feministaren bat izan duela, eta hark sartzen zituela eduki feministan tarteka, baina bere borondatez, ez curriculumak hala jasotzen zuelako. Gakora itzultzen gara: hezkidetza denon ardura da, eta ezin da izan (emakume) gutxi batzuek daramaten zama.

Amaitzeko, emakume feminista esanguratsu bat aipatzea dagokit. Esanguratsu esaten dugunean askotan lotzen dugu adineko pertsona batekin, ibilbide luzea duena atzean. Bada, nik emakume feminista gazte (eta esanguratsu) bat aipatuko dizuet: Ane Labaka Maioz. Ez dakit ezaguna egiten zaizuen, baina sekulakoa iruditzen zait emakume lasartearrak bere ibilbidean egiten ari den ekarpena. Bera bertsolaria eta idazlea da, besteak beste, eta azken aldian umoreari lotutako ikerketan dihardu. Feminismoa eta plazeraz aritu naizenez, ez zait adibide hoberik okurritu. 

Umorearen ildoan, Anek Lisipe bilduman argitaratutako liburu hau gomendatu nahi dizuet. 



Bestalde, abenduan amaituko dute Anek berak eta Bea Egizabalek "Erradikalak ginen" emanaldia ("Erradikalak gara" emanaldiaren bigarren partea), umorea, bertsoa eta feminismoa uztartzen dituen ekitaldi ederra. Beraz, aukera baduzue ikusi. Gogoa pizteko, hemen lagin txiki bat: 



Anek egindakoetatik beste zerbait aipatzekotan, Txakur Gorria sormen taldean egiten duten lan zoragarria aipatuko nuke: esteka honetan informazio gehiago. 

LARROSA FEMINISTA

 


3. jarduera: FEMINISMOEI BURUZ HAUSNARTZEN

 

 



 

Aurreko edizioetan FEMINISMOEN INGURUKO ikastarokideen arteko hurrengoko post hau aukeratu dot:

https://hezkeh0506.blogspot.com/2020/11/legea-gutxiago-eta-benetako.html

Hasieratik bere izenburuak atentzioa deitu dozta: “Lege gutxiago eta benetako eraldaketarako ekintza erreal gehiago!”.  Izenburuarekin ez nago ados. Nire ustez lehen pausu garrantzitsuena beti da legedia jartzea edo eraldatzea. Egia da bitartean gizartea konbentzitu beharko dogula, legedia urratzearen ondorioak aplikatu beharraren aurrean aurkitu baino lehen. Baina genero indarkeria gorpuzten duen legedia gabe zertan ibiliko ginen orain?

Azkenean post honen egileak argitzen du ez dagoela legediaren aurka, noski, baina bai dagoela bere ustetan desproportzio bat ezartzen ari den legedia eta gizartearen erantzun motelaren artean. Dena dela, ez zait iruditzen aukeratu duen izenburuak bere azken ondorioarekin bat datorrenik. Azken finean, testu baten izenburuak lelo bihurtzeko probabilitate asko duenez, kontu handiarekin aukeratu behar dela uste dot.

 

 

GALDEKETA INGURU HURBILEAN

 

Nire lantokian galdera horrela planteatu dot: ea bazekiten Espainian zein lege organikotan kontenplatu zen feminismoa curriculum-aren edukin bezala lehen aldiz. Eta gehienek erantzun zuzena eman didate, hau da, L.O.G.S.E.-n, Ley Orgánica General del Sistema Educativo, 1990koa.  Lege honekin aurreko legea, 1970eko L.G.E., Ley General de Educación-ek zituen hainbat hutsune zuzentzeko asmoarekin onartu zen. Orokorrean hezkuntzaren kalitatea hobetzeko egistasmoa zuen nagusi. Eta horren baitan emakume eta gizonen arteko parekotasuna onartzen zen printzipio bezala eskola curriculum-ean. Alderdi hauek Instituto de la Mujer-gatik birpasatuak izan ziren.

 

Emakume feminista

Nik Rosa Luxenburgo figura aukeratu dot. Nahiz eta feminismoa ez zen bere lehen aldarrikapena, azpimarratzekoa da bere ibilbidea giza eskubide, langile eta emakume langileen aldeko borrokan. Borroka honen ondorioz erahila izan zen. Honera dakart bere aipu bat non kritikatzen duen burgesiaren sasi-feminismoa:


Monarkia eta emakumeen eskubiderik eza agintean dagoen klase kapitalistaren tresnarik garrantzitsuenak bihurtu dira... Dama burgesen alde bozkatu nahi izanez gero, estatu kapitalistak ezin izango luke ezer espero, erreakziorako laguntza eraginkorra baino. Gizonezkoen "prerrogatiben" aurkako borrokan lehoi gisa aritzen diren emakume burges horietako gehienak ardi otzan gisa ariko lirateke erreakzio kontserbadore eta klerikalaren esparruan, sufragioa izango balute (...) Lan edo lanbideak dituzten apurrez gain, burgesiako emakumeek ez dute ekoizpen sozialean parte hartzen. Beren gizonek proletarioei estortsioa egiten dieten gainbalioaren kontsumitzailekideak baino ez dira (...) Gorputz sozialeko bizkarroien parasitoak dira. Eta kontsumitzailekideak are amorratuagoak eta krudelagoak izaten dira bizkarroi baten bizitzarako duten "eskubidea" defendatzean, klase-domeinuaren eta esplotazioaren agente zuzenak baino (...) Klase jabeetako emakumeek fanatikoki defendatuko dute beti langileen esplotazioa eta esklabotza, horien bidez, zeharka, gizartean alferrikakoa izateko bitartekoak jasotzen baitituzte (...) Emakumeen berdintasunera deitua, emakume burgesen artean ondo garatzen denean, sustrai materialik ez duten talde ahul gutxi batzuen ideologia garbia da, gizonaren eta emakumearen arteko antagonismoaren mamua, berezitasun bat. Beraz, mugimendu sufragistaren izaera fartsa.” Women's suffrage and class struggle” (1912)

 

 

2021/11/03

Feminismoa bizitzen...nire bidea topatzen




Aipu hau hautatu dut, militante feminista gisa gutako bakoitzak egin behar dugun lan pertsonala islatzen duela uste dudalako. Intimitatea nire hausnarketa egiteko, ausardia nire eskubideak defendatzeko eta nire ingurune hurbileneko desberdintasunak salatzeko. Egunerako lana da fruituak emango dituena eta nire hazkunde pertsonala aberastuko duena, egunerokotasunean eta intimoan koherentzia bilatuz.


Aurreko urteetako blogeko sarrera hau gomendatzen dizuet: Feminista izatea beti al da eroso?


Alderdi askotan militantzia feministan kontatzen duen ibilbidearekin identifikatuta sentitu naizelako aukeratu dut. Post-aren  hasieran hautatu dudan aipua mundu intimoarekin lotuta zegoen, eta bigarren aukera hau alderdi sozialarekin, kaleko borrakarekin, biztaratzearekin. Militantzia feministak bi alderdietan behar du lana, arlo pertsonala zein sozialean.


Jone Arrazolaren bideo hau ikustera gonbidetzatzen zaituztet, norberaren lanaren garrantzia agerian uzten duena. "Feminismoa da zure buruari desobedentzia deklaratzea". Gustatu zait oso ondo azaltzen duelako zer ikuspegi duen militantzia feministari buruz.





Bestalde, nire inguruan galdetu izan dudanean prestakuntza akademikoan zehar feminismoa curriculum eduki gisa landu duten, gehienek ezetz erantzun didate. Historia arloan emakumeen bozka aldeko borrokaz aipatzen zen, baina sakondu gabe, eta etika ikasgaian gisa eskubideak lantzeko mugimendu sozial bat gehiago bezala tratatzen zen. Laburbilduz, nahiko ikusezina.


Aste honetako proposamena emakume feminista bat aukeratzea da. Virginia Despentes hautatu dut. Asko kostatu zait aukeratzea, baina bere izena eskainitako zerrendetan topatzean, biziki gogoratu dut "King Kong teoria" liburuak goitik behera astindu ninduela. Beste era bat feminismoa ulertzeko. Bere lanetan, besteak beste, bortxaketaz, pornografiaz, prostituzioaz eta jasandako indarkeriaren aurka bortizkeriara joz erantzuten duten emakumeez dihardu. 



Amaitzeko, Zein feminista ezagutzen dut? 


Nire izeba Elo, 75 urte, feminista da eta horretaz hitz egingo dizuet. Beti bizi izan du nahi izan duen bizitza; ez da erraza izan, ez du ikasketarik egin, eta baliabide ekonomiko handirik ez du izan. Familia eta lana ustartu ditu. Feminista aktibista izan da eta da. Emakumeak gure gizartean duen lekua agerian uzteko prest beti. Asko ikasi dut harengandik. Gura zu!. Ziur nago gutako bakoitzak hurbileko erreferente anonimo bat duela erreferente gisa balio izan diona. Haien lana balioestea ezinbestekoa da.


2021/11/01

Emakumeen kontrako izurritea

 

Genero-indarkeriaren irakurgaietan datu eta estatistika asko agertzen dira. Datu horien atzean pertsonak gaude. Datuek errealitatearen zati bat erakusten dutela iruditzen zait, izan ere zenbat kasu eta egoera daude ikusi edo identifikatzen ez dugun genero-indarkeria dagoena? Eta honek are gehiago haserretzen nau, benetan kuantifikatu ahalko bagenu gizartean ematen den genero-indarkeria guztia esan bait genezake  inguru guztietan ematen dela eta etengabe. Hortaz, emakumeen %35ak indarkeria hau jasaten duela adieraztean motz gelditzen garela uste dut, denok (emakume denok) noizbait edo behin baino gehiagotan jasan dugun biolentzia dela uste baitut, eta soilik emakume izateagatik.

Hala ere, estatistikek eta datuek emakumeok bizi dugun egoera larria ikusarazteko ezinbestekoak direla ere uste dut. Hemen bi adibide atentzioa eman didatenak:

  • Mutilen %20ak uste du genero-indarkeria ez dela existitzen, “asmakizun ideologikoa” dela. Duela lau urte baino bi aldiz gehiago. Bereziki kezkarria den datua. HAUSNARKETA: datu honek larritu egin dit baina errealitate bat badela ere erakutsi dit. Feminismoaren gorakadarekin lotua dagoela ere uste dut, izan ere, gizartearen zati handi batek feminismoaren beharra geroz eta ageriagoan uzten duen bitartean, kolektibo eta pertsona gehiago honen kontrako jarrera hartzen ari direla uste dut.
  • Kontzientzia feminista handiagotu egin da: nesken artean beren burua feministatzat jotzen duen portzentaia % 46,1etik % 67,1era igo da; mutilen kasua igoera motelagoa da %23tik % 32,8ra pasatu da. HAUSNARKETA: korronte feminista aspalditik martxan dagoen mugimendu bat izan arren, badut sentsazioa azken urteetan gorakada handia izan duela eta geroz eta sentsibilizatuagoak gaudela. Badirudi genero-indarkeria neskek pairatzen dugun indarkeria denez gure esku dagoela honen kontra aritzea. Ezin dugu ahaztu gizartearen erdiak emakumeak garen bezala beste erdiak gizonezkoak direla eta guztion ardura dela honen aurka egitea. Gainera, botere sistema heteropatriarkalak eragiten duen ondorioen artean gizonek esparru guztietan boterea izatea da, eta hortaz, oso garrantzitsua da gizonek ere honen inguruan hausnartzea, prebentzio neurriak hartzea eta esku hartzea.

 

IKASTETXEETAN GENERO-INDARKERIAREN PREBENTZIORAKO ESKU-LIBURUA

Aukeratutako aurreko edizioetako posta hau da:

Aske izan nahi dut

Honen arrazoia edukian dago. Berak irakasle emakumezko bezala eskolan pairatzen duen indarkeria aipatzen du. Gai hau oso mamitsua da, nik askotan pentsatu eta beste kide eta lagunekin partekatu dudan gaia da. Ni heziketa fisikoko irakaslea naiz. Lehenengo ordezkapena 3. eta 4. DBH ko ikasleekin izan zen. Aitatasun baja bat ordezkatu behar nuen eta lanarekin hasi aurretik saio horiek ematen zituen irakaslea ezagutzeko beta izan nuen. Irakasle hau gizonezkoa, gaztea, altua, jatorra eta karismatikoa zela ikusi nuen. Berak hainbat gako eta argibide eman zizkidan saioak aurrera eramateko. Ni garai horietan oso gaztea nintzen eta gainera fisikoki txikia eta argala. 20 egun izan ziren orduan aitatasun bajak irauten zuena baina 20 egun horiek oso luze joan ziren. Hasieratik onartu behar izan nuen bakarrik emakume izateagatik askoz lan gehiago egin beharko nuela “nire lekuan jartzeko” edota ikaskuntza komunitateak ni errespetatzeko. Eta ez nago soilik ikasleen jarreraz hitz egiten ari, irakasleen aldetik ere pairatu bait nuen hau. Askotan gertatu zitzaidan beste irakasle bat gimnasioan sartzea eta denbora bat ni bilatzen pasa eta gero “Jo enizun topatzen, ikasle bat dirudizu!” esaldia entzutea. Askotan gertatu zaidan egoera da eta uste dut esparru guztietan gertatzen bada ere esparru batzuetan oraindik gehiago ematen dela.  Kirola eta heziketa fisikoaren eremua hauetako bat dela uste dut eta honen lanketa, formakuntza eta esku hartzearen garrantzia azpimarratzen dut.


Hortaz, hau guztia lantzeko erronkak ugariak dira baina irakasleen formakuntzarekin hastea ezinbestekoa dela deritzot. Ondorengo belaunaldiak hezkidetzan eta genero-indarkeriarik gabe hezteko gakoa oraingo hezitzaileen prestakuntzan eta balore egokien transmisioan baitago, besteak beste.

Iceberg-aren punta

Iceberg-aren punta.

Hori da genero indarkeria. Baina hau jadanik kontu zaharra da, behintzat batzuentzat. Feminismoak gaur egun oinarrietara jo beharko luke, bertatik bakarrik bukatu ahal izango dugulako hain gogorra den azken pauso horrekin. Hori esango nuke dela faltan botatzen dudana eremu hezitzaile gehienetan.

Azaroa da genero indarkeriaren aurkako hilabetea: A25 daukagu laster, eta morez markatutako eguna da guztion egutegian. Eta generoaren indarkeriaren alde egiten duen inor ez dugu topatuko; hasiera batean, edonork esango du hori ez dagoela ondo. Baina indarkeria horren errudunei, arrazoiei, barnekok tripei, seinalatzean gauzak aldatzen dira; jendea ez dago hain ados. Horregatik guztiz ezinezkoa da indarkeriaren atzetik dagoen guztiari erreparatzea.

Bi datu nahi ditut salatu gaurkoan: 

  1. Gezurrezko denuntziak guztizkoaren % 0,0074 baino ez dira. Lapurretaren kasuan, esaterako, denuntzia horiek % 50 baino gehiago dira (irizpide berdinak jarraituz). Hau komentatu nahi nuen genero indarkeriaren aurka borrokatzeko ezarritako legeen aurkariak gezurrezko denuntzien asuntoa erabiltzen dutelako beti argudio bezala; izan ere, haien ustetan “emakume batek bakarrik egin behar du deia bat eta gizona kalabozoan sartzen dute berehala, eta hori itzelazko gehiegekeria da”. Zein gogorra entzutea genero indarkeriaren aurka egiten den edozer gehiegikeria denik. Eta hare gogorragoa, jadanik denuntziak jarri dituzten emakumeak etengabe direla teleberriaren protagonista, “hilda agertu” direlako. 
  2. Bestalde, beste topiko baten aurka egin nahi dut. Askoren ustez, “genero indarkeria jasaten duten emakumeak pobreak dira, ez dute independentzia ekonomikorik, eta horregatik ez dira joaten haien etxeetatik”. Errealitatea beste bat da: genero indarkeriak ez daki adinaz, arrazaz ez eta maila sozioekonomikotaz; bakarrik daki biktima EMAKUMEA dela. Erlaziotik edo etxetik irteten ez den emakumea infernu bat bizitzen ari da: manipulazioa, txantajea, intimidazioa, beldurra, batzuetan seme-alabak erditik… eta biktimak duten gauza hamankomun bakarra patriarkatua da. Hetereopatriarkatuan hezitu dira, eta diruak hori konponduko lukeela ez da baizik eta beste ideia patriarkala eta kapitalista.

Honekin guztiarekin lotuta, deigarria egin zait “Susmoaren Filosofia” blogeko sarrera. Ez nuen ezagutzen ideia hori, behintzat izen horrekin, nahiz eta denbora luzea daramadan galdetzen gizarteko gauza askoz. Filosofia horren esanetan, ezer NORMALtzat hartu baino lehen, galdetuko diogu gure buruari zer boterek sortu duen eta nor den irabazle normaltasun horrekin. Erantzuna? Sorpresarik ez. Baina modu hona da batez ere normaltasun horretatik kanpo dauden gauzak gure normaltasun bilakatzeko, eta gutxinaka, agian, errealitate berri bat sortuko dugu.

Azkenik, esaldi honekin bukatu nahi nuen. Ez da emandako zerrendatik hartutako ideia, baizik eta Roy Galan idazleak esandakoa. Baina niretzat errefente potentea da, eta partekatu nahi izan dut guztiekin.


Baliteke esaldiari erlaziorik ez ikustea gaiarekin. Baina beraren ustez, eta nire ustez ere, maitasunean hezituak izango bagina biolentzia desagertuko litzateke. Kapitalismoa, lehiaketa, sexismoa, arrazismoa, homofobia... diskriminazio eta biolentzia mota guztiak maitasun ezaren seinale dira, hutsune hori betetzeko moduak dira, eta benetazko amodioa (ez asko maite, baizik eta aske eta ondo maite) hedatuko balitz, gizarte berria sortzeko aukera izango genuk gure eskuetan.


NAHIKOA DA!!

     Genero indarkeriari dagozkion datu orokorrek diote 2003tik 2021era bitartean 1074 emakume inguru hil dituztela beren bikotekide edo bikotekide ohiek. Datuak benetan beldurgarriak dira  eta datu horien atzean dagoen emakumeen sufrimendua ezin da hitzekin adierazi.


     Iluntasun horren barruan aipatzekoa da gaixotasun mentala pairatzen duten emakumeen kontrako genero indarkeriaren inguruko datuak, 10etik 8 emakumek  jasotzen baitute. Beraz, emakume horien aldeko eta haien egoera ikusarazteko aldarrikapena  ondoko irudian jasotzen dut.

  


    Beste edizioetako post guztiak aipamena merezi dute eta benetan zaila egiten zait bat aukeratzea baina tira, Ixirena aipatuko dut; gai latz honi  buruz idazten duenean adierazten duen freskotasun eta indarragatik. Gogoa eta aktibismorako motibazioa transmititu dit. Eskolak duen garrantzia, tratu ona, maitasun eredu berriak, estereotipoak, mikromatxismoak… Lerro gutxitan  hitz klabeak aipatzen ditu.  

https://hezkeh0506.blogspot.com/2019/11/genero-indarkeriaren-aurka-elkarrekin.html


    “Indarkeria sinbolikoa, zeharkako indarkeria da, ez da ikusten   eta jasaten dutenak ez dira ohartzen bere aurkako praktika horietaz eta beraz, jasaten dutenak mederatzearen konplize bihur daitezke” (Pierre Bordieu, 1994).

    Soziologoak azaleratu zuen kontzeptua ezinbestekoa da mendeetan zehar emamumeok jasan dugun dominazioa ulertzeko.Indarkeria sinbolikoa ez da ikusten ez delako fisikoa; baina publizitateak, esaera zaharrek, abestiek, margo lanen gaiak, literaturak, etxeko mandatuak, zientzia ekonomikak erabiltzen dituen kontzeptuak...transmititzen dute, inguratzen gaituen unibertso sinboliko osoa patriarkala eta menderatzailea da. 

    Errealitate honen aurrean lehengo pausoa azterteka kritikoa egitea da eta horrekin batera,  konpromezu eta praktikari ekitea, besterik ez daukagu eta ez da gutxi. 

Betaurreko moreak jantzi eta errealitate osoa kolore morearekin filtratu: eskolan, etxean, lanean…. beti tratu onaren bidean!!


Genero indarkeriari buruz hausnartzen

Indarkeria matxistari buruz hausnartzen 

1. Datua

Egelapin dagoen bideoan aipatzen duen lehenengo datua aukeratu dut.

Datua oso gogorra da. Gogorragoa jakitea Munduko Osasun Erakundeak 2013an eman zuela lehenengo aldiz horrelako daturik.

Epidemia? Inola ere ez. Izatekotan pandemia izango zen, baina ez da hori ezta ere. Ez da kanpotik erasotzen gaituen zerbait. Barruan daukagun zerbait da eta horrekin erasotzen ditugu gure inguruan dauden pertsona guztiak baita gurekin egon aurretik ere. 
 
 

2. "Datua"

 Munduak beste alde batetara begiratzen du.

El pais egunkariaren artikulu batek erreferentzia egiten dio The Economist egunkarian emandako "datu" bati. Honek horrela dio:


2-4 urtean behin...informazioa eskertzen da. Plazaratu behar da gertatzen dena, baina hau ez da serio, ez dugu daturik; daukagun bakarra estimazioak dira.
 

Kartela


 

Blog sarrera

Aukeratu dudan blog sarrera ondokoa da:

Indarkeria matxistak gainditze bidean izenburupean hausnarketari eusteko aukeratu duen esaldia dela eta, izan da. Uste dut nik behar dudan baikortasuna duela.

“Indarkeria matxistak gainditzen”

Bukatzeko

Irakurgaien emandako datuen arabera nire inguruan egiten dena ez da nahikorik, eta ez du ematen nahikoarekin behar den aldaketa lortuko dugula.

Jasaten dugun indarkeri sinbolikoa ikaragarria da. Horrez gain, gure bizitzaren testuinguru gehienetan ematen da iturri ezberdinetatik. Horregatik ez da nahikorik iruditen egiten dena. Hau eskolaren testuingura eramanda curriculo izkutuan gauzatzen da. Eta curriculo izkutua aldatzea oso zaila da. Hori bai nire gelan behar dudan askatasuna baldin badut benetako erronkari aurre egiten saiatu, saiatzen eta saiatuko dut.

Benetako erronka gure kulturak asmatutako ondoko oximoron etetea da: Botere-harremanak. Harremanak konfiantzan, elkarrekiko errespetuan, bestearen onarpenean eta abarretan oinarritzen dira. Harremanetan ez dago botererako lekurik