2018/02/17

IDENTITATEAK

Haritza 10 urteko neskato zakilduna da. Eurik 8 urte ditu eta bulba duen mutila da. Transexualitate egoeran dira biak ala biak. Prozesu mingarria izan daiteke hori neska eta mutil askorentzat, eta, duela gutxira arte, babesleku baino gehiago, oztopo bihurtzen ziren ikastetxeak eta erakunde publikoak, transexualitatea patologia bihurtuta. Egoera, baina, aldatzen hasia da, pixkanaka bada ere, kalean nahiz instituzioetan. Hain zuzen, genero nortasunaren pluraltasunari erantzuteko, adingabe guztien eskubideak bermatzeko eta jazarpen kasuak eragozteko xedez zenbait protokolo martxan jarriak dira zenbait eskoletan. Hala ere, ez denetan, izan ere, aste honetan nerabe batek bere buruaz beste egin duela jakin da. Hona hemen Chrysallis elkarteak argitaratutako idatzia: 



Hala, Ikastetxe guztietan baditugu bitarra den sistematik aldetzen den ikaslerik, bai eta heteronormarekin bat ez datorrenik ere. Denetariko ikasleak ditugu, ikasle anitzak, eta aniztasunaren trataera egokia lantzen ikasi behar dugu eguneroko jardueretan.

Hezkuntzan aniztasun afektibo sexualak eta genero aniztasunaren egoera aztertzeko hainbat ikerketa egin dira Hezkuntzan (gure inguru hurbilean, estatu mailan eta Europa mailan). Jazarpen LGTBIQfobikoak duen hedadura aztertu da, bai eta LGTBIQ ikasleek duten euren buruaz beste egiteko arriskua ere, eta atera diren ondorioak guztiz kezkagarriak dira; era berean, ondorioztatu da biktimaren eskubideak urratzen dituela, haren osotasun psikikoa eta fisikoa. Ez da, beraz, eremu pribatuko kontua, hezkuntza kontua da, kontu publikoa. Ez dakigu benetan zenbatek jasaten duen bazterkeria sexista, baina ikasleen artean %30-%40k noizbait izan duela harremanik tratu txarren egoera batean (eragile izan, erasotua izan) aipatu izan da. Homofobiagatiko bullyin-ak absentismo mailarekin, ikasketa aldaketekin eta eskola porrotarekin harreman zuzena du Bigarren Hezkuntzan. Ez dute ikastetxera joan nahi besteen aurrean irainduta izateko, bazterturik izateko, edo irrigarri uzteko. Ikasleen arteko bortizkeria lazgarria da euren hezkuntza prozesuan, euren garatze prozesuan. Eragileek portaera bortitza sendotzen dute eta bestelako esparruetara eraman; biktimengan ondorio zuzena du, eta izaeraren garapena kaltetu. Eureganatzen dute baztertua izateko aukera eta “zortea izan dut, ez bainaute jo” bezalako ustea garatzen dute. Gainontzeko ikasleak ere beharturik sentitzen dira batere egokia ez den bortizkeria giroan euren sozializazioa egitera, eta normaldu egiten da indartsuenarekiko beldurra. Irakasleek ere ez dute giro egokia ikas/garatze prozesuan bidelagun izateko. 

Horregatik, ezinbestekoa da elkarteekin harremanetan jartzea eta gaiarekiko formakuntza jasotzea. Hona hemen zenbait elkarteren web gunea:

Heziberri2020ri dagokionez, bertan ageri den esaldi hau azpimarratu nahiko nuke: "Emakumeei eta gizonei esleitutako portaera-eredu soziokulturaletan oinarrituta eraiki diren sexuaren araberako aurreiritziak, estereotipoak eta rolak ezabatzea, sexu bateko zein besteko ikasleei beren buruak erabat garatzeko aukerak eskaintze aldera”

Teorizazioa ezinbesteko kontua da, baina ezin gara hitz hutsaletan gelditu. Ezinbestekoa da teoria guzti hori praktikara eramatea eta estrategi zein baliabide desberdinak eskuragarri jartzea. 

Bukatzeko aurreko urtetako sarreretatik Amaia Chuecaren lana azpimarratuko nuke. 

IDENTITATEAK


Identitateen gaia asko gustatu zait, sakona eta konplexua da; eta argi daukat gainera aniztasunak
aberastu egiten gaituela. Hona hemen quozio plataforma bidez eginiko irudia, aste honetan zehar
irakurritakotik eragin gehiena izan duena nigan.




Iazko posten artean, Amaia Chueca hautatu dut. Asko gustatu zait berak egindako hausnarketa,
oso ongi lotu du Mikel Laboaren Txoriak Txori abestiarekin. Zorionak, Amaia!



Heziberri 2020 aztertu ostean, Xehedapen orokorretako 2. artikuluko e) irizpideakin bat nator,
bertan beltzez markatu dudan esaldia adierazgarria iruditu zait eta; gainera, nik uste dut berau
bermatzen saiatzen garela irakaslea, nahiz eta zenbaitetan ez lortu.


“Oinarrizko Hezkuntzak pertsona guztien hezkuntza-eskubidea bermatu behar du. Horrenbestez,
zuzentasunaren eta justizia sozialaren ildoan, hezkuntzak aukera berdinak eskaini behar ditu,
bazterketarik egin gabe –ezaugarri pertsonalengatik edo sexu-orientazio, kultur nortasun
edo generoagatik–, eta gainditu egin behar ditu desberdintasun ekonomikoak, sozialak, kulturalak
eta pertsonalak. Hezkuntza-zerbitzu guztiak eskuragarri egotea ere bermatu behar du, eta laguntza
eta babes zehatzak eman behar ditu oinarrizko baldintzak berdinak izan daitezen eta ikaskuntza
unibertsala izan dadin. Bai Administrazioak eta hezkuntza-arduradunek, bai hezkuntza-komunitateko
profesionalek zein kideek inklusio-printzipioa izan behar dute beren jardueren ardatz, eta hezkuntza
Ƈmuinbakarra eta banakakoa sustatuko dute oinarrizko eta derrigorrezko hezkuntza amaitu arte. “



Genero-identitatearen inguruan zenbait aurrerapen eman dira azken urteetan Euskal Herrian (nahiz eta
azken egunotan ondarrutik jaso dugun albisteak tristetu gaituen), eta horietako bat dugu Mikele Grande,
eta berau bezalako pertsonek genero dikotomiatik aldentzen lagundu gaituzte soilik ez baitaude gizon
edo emakumeak; eta hona hemen bere diskurtso baten bideoa:





MEXICO: EMAKUMEEK INDARKERIARIK GABEKO BIZITZA IZATEKO ESKUBIDEA





Atzo ALBOANek antolatuta, Bilboko Arrupe etxean, Marcela Lagarde entzuteko aukera izan genuen. Plazerra izan zen emakume hau entzutea eta esan zituen gauza askoren artean batek zerikusi handia dauka guk I blokearen 6 gaian landu genuen Marko Legalarekin eta zuekin partekatzen saiatuko naiz:

2007ko otsailaren 2-an, Mexikon, “Emakumeek indarkeriarik gabeko bizitza izateko Lege Orokorra” (la Ley General de Acceso de las Mujeres a una Vida Libre de Violencia”) indarrean jarri zen. Lege hori, aitzindaria izan zen Latinoamerikan eta lehenengo aldiz, emakumeek jasaten duten hainbat indarkeria mota identifikatu ziren. Lege honek, era berean, emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako nazio mailako politikaren oinarriak ezarri zituen, eta emakumeak indarkeriaren zirkulutik ateratzeko tresnak izatea bermatzen zuen.

Horrela ba, Mexikok, emakumeek jasotzen duten indarkeriaren kontrako legea badu.



Hala ere, Marcela Lagardek, legearen (edo legen) inguruan ideia interesgarri bat aipatu zuen:
Legeak ezartzea ez da nahikoa emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko

Beraren ustez, beste hainbat pauso eman behar dira emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko:
1- Indarkeriaren zergatiak identifikatu
2- Nola errepikatzen den indarkeria aztertu
3- Indarkeriari aurre egiteko tresnak eman
4- Formazioaren bitartez aurre hartzea eta berreztea




 Informazio gehiago esteka hauetan:
http://www.diputados.gob.mx/LeyesBiblio/pdf/LGAMVLV_220617.pdf

https://www.gob.mx/conavim/documentos/ley-general-de-acceso-de-las-mujeres-a-una-vida-libre-de-violencia-pdf


2018/02/16

GEURE BIZITZAREN JABEAK


Identitatea nork bere burua sentitzeko duen modu pertsonala izanik, begi bistakoa da, urteetan zehar, gai honek gizarte patriarkalaren inposizio bat jasan duela. Identitatearen garapena haurtzaroan hasten da, baina ordutik, gizarteak oinarrian dituen bi arketipo zurrunen ideia helarazi zaizkigu. Zakila duten pertsonak mutilak eta alua dutenak neskak dira eta listo!

Genitalek agintzen al dute, ordea? Ez, horixe! Pertsona bakoitzak bere burua nola sentitzen duen kontutan hartzea da garrantzitsuena, horren atzean aurki daitezkeen sentimendu eta sentsazioak errespetatzea.



   
Gai honen inguruan aurreko edizioetako kideek idatzi dutena irakurtzen ari nintzela, Maiteren sarrera hau aipatzea gustatuko litzadake. Bertan atxiki dituen proposamena eta artikulua oso interesgarriak iruditzeaz gain, “Maskarak” izeneko dokumentala ere ikusteko modukoa dela iruditu zaidala ezin uka nezake.



Heziberri2020ri dagokionez, berau aztertzen jardun ostean, bertan ageri den esaldi hau azpimarratu nahiko nuke:

“Emakumeei eta gizonei esleitutako portaera-eredu soziokulturaletan oinarrituta eraiki diren sexuaren araberako aurreiritziak, estereotipoak eta rolak ezabatzea, sexu bateko zein besteko ikasleei beren buruak erabat garatzeko aukerak eskaintze aldera”

Honako atal hau txosten batean idatzita egotetik, modu praktiko batean aplikatzera iritsi ahal izateko, nire ustez ikasleak “pertsona” gisa tratatzea da garrantzitsuena. Neska edo mutila izateagatik aukera berdintasuna bermatzea beharrezkoa da, ikasleek eskubide berdinak dituztela argi izatea. Ikasle bakoitza dan bezalakoa onartzeak eta guztien arteko errespetua sustatzeak ere berebiziko garrantzia duela deritzot.

Amaitzeko, genero-identitateen inguruan nire inguru hurbilean emandako aurrerapenei buruz pentsatzen hastean, duela urte gutxi batzuk gertatu zen kasu bat etorri zait burura. Bizitza guztian neskatzat hartu genuen gazte bat (ile luzea zuenez, soinekoak jazten zituenez, “neska” izena zuenez… guztiok “neska” bat zela pentsatzen genuen), azken urteetan, bere itxura aldatzen hasi zela konturatu ginen. Ilea moztu zuen, “mutilen” arropak jazten hasi zen, kalera txapelekin irteten hasi zen…
Hasieran, harridurazko erreakzioa izan genuen guztiok, bat-bateko aldaketa hori ulertzen ez baikenuen. Batzuen ahotik entzun ahal izan nituen behin baino gehiagotan “mutila dela uste al du, ala?” eta antzerakoak. Mespretxuzko mezuak ziren horiek, atentzioa deitzen ari zela soilik  uste zutenenak.

Egun batean,  ordea, guztion ahoetara mezu harrigarri bat iritsi zen: “neska” horrek, bere ezagunei “mutil” izen batez dei ziezaioten eskatu zien. Hura zurrumurrua herrian zehar ibili zena! (herri txiki, infernu handi).

Esan nezake, genero-identitateen gaia lehen aldiz mahaigaineratu zela gure herrian eta mutiko horri esker, hainbat pertsonen aurre-ideiak guztiz ezabatuak izan zirela. Nire ustez, jendea orduan hasi zen genero- eta sexu-identitatea berdinak ez direla ulertzen eta egia esan, aurrerapen handia izan zela iruditzen zait.







IDENTITATEA ETENGABEKO ERAIKUNTZAN 



Nor naiz ni? Zer naiz? Nolakoa? Zegaitik naiz naizen modukoa? Galdera horiei erantzuten ahalegintzen gara gure bizitzan zehar. Galdera horiei erantzuteko identitatea bera zertan datzan jakin beharko genuke lehenago. Pentsatu, sentitu eta egiten dugunagatik gara garen modukoak. Beraz, identitateen garapena prozesu jarritu bat litzateke eta ez estatikoa, eta eraikuntza soziala eta pertsonala litzateke, gure barnean ematen den fenomenoa izateaz gain, sozializazio prozesuarekin batera garatzen delako ere.


Identitateen eraikuntzaren inguruan Marivi Fernandez-en postaean agertutakoa oso interesgarria iruditu zait. Definizio ugari ematen ditu identitate, sexu-identitate edota genero identitatearen inguruan. Baina aipagarriena agian, eskola inklusiboan ematen den aniztasunari begira heziberritik hartuak diren zenbait kontzeptu klabe:

  • Sexu-joeren aniztasuna. Nork bere sexualitatea sentitzeari dagokionez, norberak nahi bezalako sexu-harremanak izateari dagokionez, pertsonok orientabide desberdinak ditugu, jakina. Historikoki, baina, mota horretako aniztasunari bizkarra emanda bizi izan gara, eta, horren ondorioz, zenbait ikaslek aparte sentitu dute beren burua.
  • Genero-aniztasuna. Gizarte konstruktu bat da generoa, ikasle guztien oraina eta geroa baldintzatzen dituzten desberdintasun bidegabe askoren berri ematen diguna.

Heziberri2020ko helburuak lortzeko elementu hauek kontuan hartu arren, errealitatean, badira curriculum ezkutuan bertan sexu-genero sistema indartzen dituzten hainbat eta hainbat elementu. Ikasleen genero aniztasuna baldintzatzen dituzten elementu ugari omen daude, horien artean, komunetan genero binomialen eskema mantentzea: neskak eta mutilak. Pertsona transexual batek tokia izango luke era horretako kategorizazioan?  Edo zergatik ez sortu hirugarren genero kategoria beterako komunak? Edo egian zuzenean, zergatik ez amaitu kategorizazio guztiekin eta ikasle zein irakasle guztientzako komun mixtoak sortu?

Sexu-joeren aniztasuna errespetatzeko aldarriak ere egiten dira Heziberri 2020an, baina errealitatean badakigu heteronormatibitate bat mantentzen dela. Bestelako sexu-joerak ez dira oraindik naturaltasun batez errepresentatzen, eta agertzekotan era marginalean edo parodiaturik egon daitezke. Horretaz gain, harreman afektiboak bikote gisara agertzeko joera dute, hau da, bi pertsonaz osaturiko "bateraketa amorosoak" baino ez dira aukera moduan ikusten. Eta hiru edota lau pertsonaz osaturiko "bateraketa amorosoak"? Polimaitasuna adibidez ez al da sexu-joera aniztasun horren parte?



Gure jendartean, askok eta askok, "trabelo"edota "transexual" hitzak nahastu egiten dituzte. Ez dute benetako ezagutzarik "trans" kolektiboen errealitatearen  inguruan, eta ideiaren bat izatearren, errealitate hori sinplifikatzeko eta homogeneizatzeko joera egoten da. Kontuan hartu barik, oso heterogeneo dela.

Azken urteetan transexualitatearen gaia pil-pilean egon da. Orain arte ezezaguntzat harturiko gai bat, ezagutarazi izan da, jendartea errealitate horri buruzko kontzientziazioa handituz. Gai horren inguruan, umeek sexu-identitate "ez normatiboak" onartzeko erakusten ari diren gaitasuna gure inguruan ematen ari den sakoneko aldaketen erakusle dela esango nuke. Hona hemen duela urtebete eskas etb-n errealitate horren berri emateko egindako programa berezia:





ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

     Identitateak norberak bere buruaz egiten duen pertzepzio subjetibo eta eraikuntzari erreferentzia egiten dio. Dena den, aukeraketa hau era askean egitea ez da beti erraza izaten. Izan ere, gizartean erroturik dauden ohitura eta usteak aldatu behar dira aniztasunari bere bidea emateko. 

                                  Sexu-aniztasuna eta genero-identitateei buruzko mahai-ingurua. 

      Jaiotzen garenetik sexuaren arabera sailkatzen gaituzte, eta hazten garen heinean, sexu bakoitzari genero baten loturaren garrantzia goraipatzen digute. Ez da gure izaera edo jokaera bakarrik markatzen, gure maitatzeko modua ere ezartzen da. 

        Sistema heteropatriarkatua deseraikitzeko, sendotutako kontzeptu pila desikasi behar ditu gizarteak lehenik eta behin. Eta nola lortu hau? Hezkuntzari so eginez, genero-identitatearen eraikuntza aniztasunaren ikuspuntutik begiratzen ikasteko, haurrak txiki-txikitatik horretan heztea ezinbestekoa dela esan daiteke. Jolas ezberdinak proposatzen dituen baliabide  honek Haur Hezkuntzako ikasgelan erabiltzeko estrategia ezberdinak azaltzen ditu. 

         Honi lotuta, Heziberri 2020k proposatzen duen curriculuma aztertzea garrantzitsua da. Identitatearen garapenari dagokionez, hurrengoa da esaten duena: “Aitortu beharrekoak dira aniztasun afektibo-sexuala eta kulturala, bai eta genero- eta kultura-nortasun malguak eta askotarikoak ere, eta zalantzan jarri behar dira kultura-, genero- eta sexu-nortasunagatik desberdintasuna sustatzen duten ereduak.” Errealitateak aldiz beste gauza bat erakusten digu. Inguruan aztertu ditudan aurrera-pausuak zoritxarrez ez dira ugariak izan. Bigarren Hezkuntzan lan egiten dut eta edukiek garrantzi handiagoa dute ikasleen bestelako ardurek baino. Gainera, berriro ere irakasleen formakuntzan hutsune handia dagoela deritzot. Irakasleok sistema matxistan hezituak izan garenez, gizartearen aldaketetara egokitzeko Hezkidetzari buruzko gaiak berrikasi beharko genituzke. 

     Gurasoek ere gauza asko dute desikasteko. Amelia Barquinek Argia aldizkariari egindako elkarrizketa batean dioenez, seme-alabak “bideetatik” ateratzen direnean arduratzen dira gurasoak. Batzuetan, gurasoetako batek aldaketa onartzen ez duelako, eta beste batzuetan, onartu arren, besteen erreakzioen beldur direlako. Horrek gizarte osoan dagoen hutsunea azaleratzen du. 

    Identitateak norberak bere buruaz egiten duen pertzepzio subjetibo eta eraikuntzari erreferentzia egiten dio. Dena den, aukeraketa hau era askean egitea ez da beti erraza izaten. Izan ere, gizartean erroturik dauden ohitura eta usteak aldatu behar dira aniztasunari bere bidea emateko

   Sexua eta generoari buruzko bestelako ikasketa interesgarri bat hurrengoa da: Koherentzia ala kontraesana? 

 Amaia Chueca-ak iaz idatziriko posta ikaragarri gustatu zait, Mikel Laboaren kantarekin egin duen metafora oso ona iruditu zaidalako. Haurrei identitatearen hegoak mozten badizkiegu, guk nahi dugun modukoak izango dira. Baina ez dute beraiek askatasunez hautatutako identitatea garatuko. 


2018/02/14

DISONANTZIAK

Nor naiz ni? Zer naiz ni? Nahi dudana naiz? Zerk bereizten nau besteengandik? Zerk egiten nau besteen antzeko? Zerk eta nork definitzen nau?... Identitateekin dantzan aritu gara aste honetan. Baina zer da identitatea?
Identitatea beste pertsonengandik bereiztea da baina talde baten partaide bihurtzen nau aldi berean. Eraikuntza pertsonala eta banakakoa da, baita eraikuntza soziala ere. Nor bere buruaren zentzua garatzean datza, esperientzia, bizipen ezaugarri eta pertzepzio pertsonalen bidez, kulturak gidatutako balio eta arauen eraginez barneratuz. 
Bizi garen jendarte heteropatriarkalak pentsamendu dikotomiko eta hierarkikoa erabiltzen du mundua antolatzeko eta banatzeko. Hortaz, sexu-genero sistemak gure identitatearen eraikuntzarengan eragin zuzen, zorrotz eta eskasa du.


Sexu-identitatea baldintza biologikoetan oinarritutako identitatea da, pertsonari bere genitalen eta ezaugarri fisiologikoen arabera ematen zaiona. Genero identitatea aldiz, estereotipo eta rolei lotutako eraikuntza sozial eta kulturala da, gizateria bi multzotan sailkatu eta nolakoak izan eta jokatu behar dugun inposatzen duena. Hortaz, beste behin ere sexu-genero sistema bitarrak itotzen gaitu  eta nolakotasuna azaltzen duten definizio horiei men egiten ez dionak baztertuko du jendarteak. Zorionez, bi arketipo zurrun hauek baino askoz zabalago, anitzago eta aberatsagoak dira identitateak. Sistema bitarra gainditzean, sexua zein generoa kultura eraikuntza mugatuak direla ohartu  eta onartu ahala, aniztasunarekiko mapa berria zabalduko dugu, aniztasunarekiko errespetua bermatuz. 
 
 
 
Genero-identitatea beraz, pertzepzio subjektiboari dagokio, indarrean dauden arauak pertzepzio hori bideratzen dutelarik eta une historiko zein geografiko ezberdinetan aldatu daiteke, beraz eraikuntza soziokulturala da. Horren adibide honako artikulua, non  kolonizazioaren aurretik amerikarrek 5 genero ezberdin aitortzen zituztela azaltzen den eta maskulino zein femeninoak ziren ezaugarriak zituzten pertsonak goraipatzen ziren gainera.
Gauzak honela, gizarte orok genero-eskemak, arauak, jarraibideak edo estereotipo kulturalak dituztela onartuta, gizarte bereko gainerako kideekin identitate soziala osatzeko erabiliak dira eta ondorioz genero-identitatea sortzen da. Eredu hauek idealizatuta daude iruditeri kolektiboan eta komunitatean onartuta sentitzeko, jendeak ahal duen moduan egokitzen zaio generoen tiraniari. Baina zientziek (psikologia edo medikuntza kasu) teoria hauek legitimatu egiten dituzte eta pertsonen garapen integrala baldintzatzearekin batera, patologizatu eta sexu-diskriminazioa iraunarazten dute. Teoria feministak aldiz, genero-kontzeptuak kolokan jarri ditu eta identitatearen izaera aldakorra, anitza, erlatiboa eta etengabeko erikuntza mahaiganeratu eta aitortu du.
 
 
Genero-identitatea zer den eta bere garapenaren inguruko teoria ezberdinek azpimarratzen dutena kontutan izanik, norbanakoarengan ezezik, gizartearen eraikuntzarekin, gizarte-ereduarekin eta egiten dugun hautuarekin zer ikusia du.
Hortaz, heteropatriarkatuak pertsonen identitateak definitzeko eta sailkatzeko sexu-genero sistema oinarrian hartzen duen heinean, hierarkizazioak ahalbidetzen ditu.  Jule Goikoetxeak aipatzen duen bezala, bien arteko aldea zenbat eta handiagoa izan gero eta des-demokratizazio sakonagoa emango da sistema kapitalista eta patriarkalaren barnean, pertsonak objektu gisa eta ez subjektu politiko moduan ulertzeko bide eginez, (sexu-genero, atzerritar-bertako, kultura maila, diru sarrerak, etabar-en arabera). Hortaz, jendartean eraldaketarako subjektu kategoria da gakoa eta izakia produktu kulturala dela pentsatuta, eraiki-deseraiki-eraiki prozesuan, aldakorra eta sortzailea da. Kultura moduak zalantzan jar daitezke zapalkuntza jarreren kontra joanez identitate anitzen askatasunean ezezik, instituzionalizazioa hautsiz ere, subjektu politiko gisa.
Honen guztiaren aurrean, berriz ere hezkuntza da jendartea eraldatzeko dugun tresnarik eraginkorrenetarikoa. Heziberri 2020 aztertuta, identitateen garapenaren inguruan islatzen duen honako esaldia aukeratu dut (126.orr:):
"Nork bere burua, norberaren taldea eta bizi duen mundua ezagutu eta ulertzea da, gizarte-zientzien jakintza eskuratuz, kritikoki erabiliz".
1) Norbera banakako pertsona dela eta gizartean beste pertsona batzuekin bizi dela ulertzea, eta pertsona horiekin lanean aritzea eta antolatzea askotariko ezaugarriak eta xedeak dituzten taldeetan, maila bat baino gehiagotan (familian, eskolan, auzoan, herrian, nazioan eta gainerako mailetan).
Aurretik aipatutakoa, aintzat hartzeko, funtsezkoa izango da curriculum ezkutuan ikasle guztiei aukera berdintasuna luzatzea eta genero-estereotipoak alboratzea. Hezitzaileak garen aldetik, inkontzientean barneratuta ditugun rol eta estereotipo horiek deseraikitzea eta eredu berriak ikasleei aurkeztea ezinbestekoa da. Norbanako bakoitzaren nahiak errespetetatzea eta bide horretan tutorizatzea eta orientatzea aurretik ditugun espektatibak bete ez daitezen. Norberaren banakotasuna onartu eta aniztasunaren aberastasuna kontutan hartu. Gainera, ikasleen identitatearen eraikuntzan, gure jarrerak neurtu, hizkuntza inklusibo eta hezkidetzailea erabili eta baliabide berriak sortu zein osatu beharko dira, aukera aniztasuna zabalduz eta eredu berriak eta ugariak eskainiz, beti ere, aniztasunaren trataera landuz eta errespetua oinarrian izanik.
 
Nire errealitate hurbilean eta genero-identitateen inguruan emandako aurrerapenak gogora ekarriz, ugariak dira desikasi behar izan diren eta oraindik desikasteko dauden sienesmenak. Aniztasunaren aurrean errespetua hazi bada ere, oraindik lan handia egiteko dagoela iruditzen zait. Diskurtso egokia zein den kontziente bagara ere, praktikan oraindik zailtasunak eta erresistentziak daudela iruditzen zait. Honekin harremanduta, adibide bat ekarri nahiko nuke gogora: Ikasle transgeneroena. Diskurtso teorikoa ondo badakigu ere, errealitate horrekin eskolan aurrez aurre topatzen garenean, kezka, ardura eta zailtasunak dira nagusi. Ondo egin nahi baina nahikoa formatuta ez gaudela ikusten dut. Soilik pertsona horren kasiustika azaltzeko hizkuntzarekin sortzen dira lehenengo zailtasunak. "neska jaio zen baina mutila sentitzen da"(!?!); transgenero eta transexual kontzeptuen arteko ezjakintasuna, zein aldagela erabili behar duen... ugariak dira egunerokoan agertzen zaizkigun erronkak eta gertatu izan zait aniztasuna arazo bezala ulertu duten hezitzaileekin aurkitzea. Antzeko fenomenoa gertatzen da intersexualitatearekin ere, ezjakintasuna handia da.
Gainera, iruditzen zait erresistentziak  askotan norberaren sinesmenak kolokan jarri behar izatetik datozela. Orain arte eztabaidaezinak eta determinanteak ziren sinesmen horiek deseraiki beharrean aurkitzen gara eta gutako bakoitzaren gorputza eta burua zeharkatu behar duen prozesutik eratorriak behar dute izan. Beraz, hautu pertsonaletik pausua eman beharrean gaudela uste dut, gure eskema tradizionalak zalantzan jarriz eta kuestionatuz, ezjakintasunari formakuntzaren bidetik aurre eginez eta aniztasuna aberastasun gisa ulertuz.
 
 
Aurreko urteetako ikastarokideek egindako post-en artean, Identitateen garapena izenekoa aukeratu dut, izan ere, genero-identitateen inguruan emandako aurrerapenen zerrenda interesgarria iruditu ezezik, honen inguruan burututako hausnarketa gogora ekarri nahiko nuke: "prebentzio lana badago, baina sistematik ikasleei beraien lekua onartzen ez diegun bitartean, pertsona oso kontsideratzen ez ditugun bitartean, galdetzen ez diegun bitartean "zein dira zuen premiak?... beraiek obeditzen ikasten dute. Horrekin barneratzen den mezua honakoa da: "handiagoa naizenean txikiago bat mendean hartuko dut". Orduan planen eta programen bidez adabakiak jartzen ari gara, baina muinari oraindik ez diogu heldu".
 
Bukatzeko Napoka Iria taldearen "Disonantziak" kanta partekatu nahiko nuke, izan ere letra esanguratsua duela iruditzen zait.
 

 
DISONANTZIAK
Gustu, desio eta pentsaera
irakatsi eta ikasiak dira
lerrokatuz, sailkatuz hurkoa
hala eraiki dute mundua

ta nik, koloreztatuko nuke
nik nahi ditudan margoez
behin gau batez amestutakoa
norbaitek ezabatu baino lehen, inork ezabatu baino lehen

 

 


IDENTITATEA ETA AUTOKONTZEPTUA



Identitatea, autokontzeptua, genero – identitatea… Kontzeptu mordoa aste honetan ikusi ditugunak, eta nekez erreztasunez erabili ahal direnak… horren samurrak dira heuren aldeak… menperatzeko gaitza…
Argi geratu zaidana hauxe da, gizon edo emakume izatea zer den agintzen duten mezuak eta arauak identitatearen eraikuntzan jasotzen direla,prozesu konplexu batean. Alderdi biologikoak, sozialak, kulturalak, psikologikoak eta politikoak ere barneratzen baititu. Nork bere burua, txikitatik, sentitzeko duen modu pertsonala da… Askotan helduoi errespetatzea kostatzen zaiguna…

Identitatea, beste pertsonengandik bereiztea da… eta, aldi berean, talde baten partaide izatea. Identitatea eraikuntza pertsonala eta banakakoa da, baina baita eraikuntza soziala ere. Arazoa dator, jendarteak eta norberak eraikitako identitate hori askatasunez ezin denean bizi…

Identitatearen gai hau, ederki azaltzen da LA CHICA DANESA pelikulan. Eta norberaren identitatea eta besteen onarpenaren arteko ataza. Hunkigarria benetan, jendarteak espero ez duen identitatea eraikitzea, eta norbera izateko askatasun falta, errespeto falta,… Zein zaila egiten dugun erreza dena…


 

Zorionez autokontzeptu ona izan dezakezu zure identitateaz, nor zarenaz… norberaren identitatea askatasun osoz bizitzeko aukerarik ez izanda ere… Zorionez… askok hori dela eta salbu daude…

Heziberri 2020 gainbegiratu eta gero hurrengo esaldia topatu dut: ”Hezkuntza inklusiboak aniztasunaren adierazpen guztiak hartzen ditu aintzat: hizkuntza, kultura, gaitasunak, sexu-orientazioa, generoa eta baliabide sozioekonomikoak.”

Batetik generoa erabiltzen duen horretan identitateaz ari dela suposatzen dut. Terminologia egokiena erabilita ez badago ere, hori uler daiteke. Curriculum ezkutuan esaldikoa kontutan hartzeko aipa ditzazkegun aldagai nagusienak:

-          *Hezitzaile hezkidetzaileak izatea.
-          * Eredu ezberdinak eskeintzea (bai sozioekonomikoak, zein kulturalak…), ikusentzunezkoetan, zein     liburuetan…
-          *Hizkuntza inklusiboaren erabilera egokia.
-         * Berdintasunerako beharrezko diren baliabide ekonomiko eta pertsonalak bermatzea.


Aurreko post bat aukeratzekotan Maiterena hautatuko nuke. Gaiaren elaborazio maila eta erabiltzen dituenengatik. Horretaz gain ikaragarri gustatzen zait, idazten duen guztia.

Landa herri batean bizi naiz, eta hiri eta herri handiekin alderatuta ezberdintasunak nabariak dira. Aurrerapausuak eman direla begi bistan dago, hala ere oraindik badaude sinismen batzuk… Orokorrean tolerantzia eta errespeto maila gora egin duen arren, ondokoaren etxean gertatzen bada adoz…, baina nire etxean horrelakorik gertatu ez dadila… Hori da pentsakera nagusiena… Orientazio sexualarekin askatasun gehiago somatzen dut, bai genero – identitatearekin ez horrenbeste… Bai onartzen direla, emakume eta gizon izateko anitzak, baina neurri baten barruan… gustu, janzkera, orrazkera…

Batez ere desikasi diren sinismenak umeekin zerikusia dute, eta txikitatik zer gustatu edo zer ez, presio hori… horren nabarmena  ez dela uste dut. Neskak futbolean jolasten dira, kirola egiten dute… Mutilekin presio gehiago ikusten dut… Nik uste berdintasunaren aldeko emakumeen lana askeago egin gaitu , mutilekin alderatuta…

Orokorrean, genero -identitatea azaltzeko askeak izan ez direnak edota horrela sentitu ez direnak (askeak sentitu ez direnak), herritik aldegin dute, herri handiago edo hiri batera… Ikasketen aitzakiarekin… libre sentitzen diren tokietara joan dira. Herrian geratu direnak, gutxi batzuk, lagun talderik ez zaie ezagutzen… eta orokorrean, bakarti azaltzen dira.
Argia da, landa herri batean jaio izanak, genero – identitatea azaltzearen aldetik, bizitza asko guztiz baldintzatu dituela.