#Irati etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#Irati etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/03/17

Zaintzak erdigunean!

 Greba egunetan ere leloa izan da, ezta?



Ez dut uste zaila ulertzeko kontzeptua denik, beste batzuekin gertatu daitekeen ez bezala. Gaur garena, zaindu gaituztenei zor diegu, gehienetan oraindik amak izan direlarik. Beraz, non dago arazoa honekin?

Aurreko edizioko honako sarrera hau nahi nuke gomendatu oraingoan, batez ere, Mari Jose Urruzolaren proposamenak partekatzen dituelako elkarbizitza positiboa sustatzeko. Ekintza errazak dira, esfortzurik eskatzen ez dutenak askotan. Eta hainbeste aldatuko luke bizitza.... zer esanik ez dago mundu mailan bizitzen ari garen egoerak ikusita.

Zaintzari lotutako abestiak pentsatzen ez naz kapaza izan ondoko bietatik bakarra aukeratzen, beraz, zuei utziko dizuet ardura!


Lehenengo honetan, Mariak EZETZ esateari buruz hitz egiten du, gure buruan pentsatzea aldarrikatzen du, hori ez baita norberekeria, AUTOZAINTZA baizik.


Bigarren hau konplexua da... gorputz barnera begirada botatzen du, keinu txikiak hadi egiten ditu eta bizitzaren edertasuna aldarrikatzen du. Benetan sakona.

Egia esan, Rozalenen edozein abestik hasunarketara eramango gaitu, plazer izugarria da bera entzutea.

Zoritxarrez, ematen du sistemak guztiz kontrakoa egitera eramaten gaituela: zenbat eta gutxiago pentsatu gure buruan, gehiago produzituko dugu eta, beraz, gutxiago zaindu; horrela, sistematik menpeko bilakatuz. Horixe da guztiok daukagun erronka, denbora GELDITU. Hemen egon, segunduak baloratu, merezi duena balioztatu... eta guk, gainera, hori dena ikasleei transmititu.

Nire ustez, erronkarik zailenetarikoa daukagu hau, zaintzarena. Hala ere, nik beti izango naiz MAITASUSNAren aldekoa edozer egiteko.

Animo taldekideok, edertasuna barnean daukagu.

2022/03/02

Ikasteke daukagun irakasgaia

 Bakea, bizikidetza, gatazken konponbidea... argi daukat gure "asignatura pendiente" dela. 

Astean zehar landutako zenbait kontzeptu batu ditut hemen, batzuk arazoaren parte dira, eta besteak ondorioak edo irtenbideak. Baina denak zaku berean. Azken finean, horrela da bizitza, ez?




Pasa den urteko ondoko sarrera gomendatu nahiko nuke gaurkoan: Gatazken  bidez hasi eta hezi. Partekatutako tresnez gain, Alaitzek bere sarreran eremu hezitzaileetan eta jendartearen erronkak lantzeko izugarrizko proposamena egin zuen, eta beraz, eskertu nahi nion bere sarrera guztiekin konpartituz!

Aprobetxatu nahi dut aipatutako sarrera nik ere ezinbestekoak ikusten ditudanak aipatzeko: EMOZIOAK, KOMUNIKAZIOA eta ENPATIA. Horren arira, artikulu bat gomendatu nahiko nuke:

Construyendo paz en las aulas desde la inteligencia emocional

Ikerketa horretan, Lehen Hezkuntzan emozioekin lotutako zenbait jarduera eraman zituzten aurrera. Horren ostean, gelako klima hobetzen zen aztertu zuten. Zein izan zen ondorioa? hain zuzen, ikasleen jarrera aldatzen zen eta bizikidetza hobetzen zen.

Horrez gain, ikerketak zerbait interesgarri esaten du: tresna teknologikoen erabilerak (nagusien gainbegiratzerik gabe) ikasleen jarrera okertzen du eta biolentziaren nagusitasuna dakar. Beraz, gaur egun "interes konfliktoa" daukagula esan genezake; hau da, emozioak eta bakea lantzearen beharra ikusten dugu baina, era berean, badakigu ikasleek gero eta gehiago erabiltzen dituztela gailu horiek eta, gero eta gazteago hasten dira erabiltzen. Beraz, ez du gauza batek bestea oztopatuko?

Gatazken trataerari dagokionez, ondoko bideoa asko gustatu zait:




Bideoan beste kontzeptu interesgarria aipatu da: AURREIRITZIAK. Izan ere, aurreiritziak eta komunikazio falta, gehienetan, eskutik doaz lotuta. Horregatik ezinbestekoa da komunikazioa sustatzea ikasleen artean; eta ez hori bakarrik: IKASLEEI HITZ EGITEN utzi behar diegu. Askotan "nagusien" iritzia eman nahi diegu, GUK BADAKIGULAKO eta haiek ez, eta haiek askatasunez adieraztea mugatzen dugu.

Azkenik, ondoko eskema nahi nuke partekatu zuekin, non oso labur azaltzen den nola aurre egin gatazka bati:




2022/02/26

Sexua osasuna da!

Aste honetan jorratu dugun gaian aipaturiko ideia nagusiak honela laburbildu daitezke:

  1. Heziketa afektibo-sexuala edonon eta edozein momentutan egiten da.
  2. Gure gorputza maitatzea heziketaren parte izan behar da.
  3. Sexualitatea eta afektibitatea ez doaz lotuta.
  4. Sexualitate bizitza osoan zehar da garenaren atal garrantzitsua.
  5. Sexualitatea ere gizarteak eratutako kontua da eta, beraz, aldakorra.
  6. Indarkeria matxista oso lotuta dago sexualitatearen ideiarekin.
Aurreko edizioetan argitaratutako sarreren artean, ondokoa aukeratu dut: Pertsona Beste Sexualitate. Izenburuak berak esaten duen bezala, eta aurreko gairen batean nik neuk ere esan dudan bezala, sexualitatea pertsona bakoitzarena da eta, beraz, hura adierazteko era infinitoak daude (identitatearekin gertatzen den bezala).

Nire sarreraren bat aurretik irakurri duenak pentsatuko zenbat errepikatzen naizen! Baina berriro ere nator Isa Duque gomendatzera, PsicoWoman izenarekin ezagutzen dena. Isa psicologoa da eta urteak daramatza nerabeei sexualitatearen inguruan ikastaroak ematen (Euskadin ibili da askotan). Horrez gain, YouTube-ko kontua dauka eta bertan hainbat gai lantzen ditu. Ezagutzen duenak jakingo du oso komunikatzaile ona dela eta, batez ere, gazteekin komunikatzeko erraztasun handia daukala, haiei heltzeko gaitasuna dauka eta horregatik uste dut aproposena dela ikasleekin lantzeko.

Oraingoan gai honen inguruko bideoa utziko dizuet, baina esan bezala, beste asko dituzue bere YouTube-kontuan. Web orrialdea ere badauka (LaPsicoWoman):



      
     Isaren enpatia garatzeko gai izango bagina irakasle guztiok...heziketa afektibo-sexuala eta hezkidetza orokorrean ez litzateke izango hain erronka gogorra. Hor jarri nahiko nuke fokoa oraingoan: enpatia. Nire ustez, gaitasun gutxi daukagu helduok ume eta nerabeen lekuan jartzeko eta beti saiatzen gara haiei dagozkien gauzak gure mundutik ikasten. Eta horrela, ezin izango gara gai heziketa sexual askea emateko.
    
     Era berean, egia da, guk ez genuen heziketa sexual ona jaso, eta orain tokatzen zaigu ondo ematea. Logikoa al da? Bista denez, ez. Beraz, hasi gaitezen gure burua hezitzen eta agian helduko gara noizbait gazteek merezi duten heziketa ematen.


2022/02/17

Zenbat pertsona, hainbat identitate!

Konplexuenetan konplexuena gai hau! Hala ere, ezjakintasunaren aurrean, beti defendatuko dut munduan gauden pertsona kopuru adina izateko modu daudela.

Feminismoaz entzun nuenetik maitemindu nintzen. Bizitzeko era, mundua ikusteko era, sentitzeko era... dena zegoen/dago feminismoz buztia. Zorionez zein zoritxarrez oso erraz ulertu izan ditut feminismoaren kontzeptuak beti, azken finean, emakume izatea da feminismoaren subjektu izatea.

LGTBIQ+ kontzeptuak, batez ere letra "berriak" gehitzen hasi zirenean, ez dira izan hain errazak, ordea. Eta oraindik ez dira.

Gai hauen inguruan izurgarri irakurtzen dut, elkarrizketak ikusten/entzuten ditut... iritzi bat eta bestea duten pertsonak esan behar dutenari adi egoten naiz...eta ez naiz gai argitzeko. Suposatzen dut ez dagoela egi bakarra, errealitatea kolokan jarri dutela ideia/identitate hauek. Azken finean, izaki bizidunok (gizarte honetan) dena sailkatzeko beharra daukagu, eta gure saikapen horretatik kanpo geratzen den edozer burmuinean kokatzeko zailtasun handiak ditugu.

Hala ere, sortzen joan diren hitzak ikasi ditut orain dela asko, nahiz eta barneko ideia ez kontrolatu ondo, hiztegia maneiatzen dut eta hori ere beharrezkoa dela uste dut; aurreko gaietan ikusi dugun bezala, esaten ez dena (izena ez daukana) ez da existitzen, eta nahiko nukeen azkena edozein perstona mindu da. Beraz, ezagutu, landu eta erabili behar ditugu.

Hona hemen egindako gurutzegrama. Irudia, alde batetik, eta linka azpian, norbaitek egiteko interesa izatekotan ;)

(sarreraren bukaeran utziko ditut erantzunak)

Esan bezala, feminismoaren gainerako gaiak, borrokak, edo dena delakoa, argi ditut eta irakasle moduan zelan egin behar diodan aurre horietako bakoitzari argi daukat. Kasu honetan, ordea, ez da horrela: tresna gabe sentitzen naiz. Izan ere, gaur egungo erronkarik nagusiena topatzen dut hau, feminismoaren barruan aritzen direnak ere aurkako iritziak dituztelarik eta, ez hori bakarrik, gatazkak ere.

Nahiko nuke onartu segurua den espazio honetan, ez litzaidakeela gustatuko diskriminatzailea izatea. Feminismoan, orokorrean, emakumeak gara biktima. Gure gainean ematen da diskrimazio osoa: guk jasotzen dugu biolentzia, era guztietakoa. Baina jorratzen ari garen gai honetan ez gara emakume guztiak sartzen; hau da, ni emakumea naiz eta horrek diskriminazio posizio batean kokatzen nau. Baina gainerako taldeetan, ni alde pribilegiatuan bizi naiz: heterosexuala naiz, zuria, klase sozioekonomiko erdi-altukoa, edertasun kanonen "barruan"... Horregatik, heteronormatibotasun horretatik kanpo dauzenak entzutea gustatzen zait. Eta horregatik ondokoa aldarrikatu nahi dut:

Balantzaren alde desorekatuko pertsonei entzutea bizimodu gisa.


Identitatea, sexua, sexualitatea... honen inguruan gehiago jakiteko ezinbestekoa ikusten dut PsicoWoman-en lana. Ondoko bideoa adibide bat da, baina askoz gehiago dauka eta itzelezko lana darama egiten urteak eta urteak:



Azkenik, aurreko edizioko sarrera hau nahi dut gomendatu. Benetan interesgarri topatu dut azaleratutako hausnareta: ez da berdin bizitzen patriarkatuaren eragina (eta beraz feminismoa bizitzeko modua) herri txikietan eta handietan zein hirietan. Hausnarketa sakona egiteko gaia iruditu zait eta zalantzan jartzen du batzuetan aurrera eramaten ditugun kanpainak/borrokak erabilgarri diren leku guztietan.

ADI!!! SPOILER!!!
Gurutzegramaren erantzunak:

1. Demisexual 2. Queer 3. Sexualitate 4. Identitate 5. Lodifobia 6. Heteromalgua 7. Errespetu 8. Anitz

2022/02/14

Identitatea, zurekin baina zu gabe.

Etzakit-en Izar iheskorra abestia gogoratzen? Esaldi famatua hartu dut leloa sortzeko. Izan ere, identitatea bakoitzarena da, baina ez litzateke izango besteok gabe.


Oraingoan sarrera hau aukeratu dut eskertzen dudalako gehitutako eskema. Berak ere dioen bezala, psikologiaren mundutik kanpo seguru asko gehienok ez diogula erreparatu identitatearen sorrerari, batez ere gai oso konplexua delako adituok ez garenontzat. Horregatik eskematxoa oso erabilgarri iruditu zait. Gainera, nola ez, Izaroren edozein abesti gomendatzea positiboa da ;)

Hala ere, egia da feminismoa guztion ahoan presente dagaoenetik askok ere identitatearen inguruan zerbait entzun edo irakurri dugu. Dakigun moduan, feminismoaren olatu bakoitzak ezaugarri nagusi bat dauka; garai batean emakumeen eskubidea ikasteko edo bozkatzeko aldarrikatzen zen moduan, gaur egungo feminismoak identitatea jorratzen du nagusiki. Galdera garrantzitsua “Zer da emakume izatea”, baina horrekin batera identitate guztiak jarri dira mahai gainean eta inoiz baino gehiago ari da gizartea hausnartzen.

Horren arira, bueltatu nahiko nuke erabilitako lelora. Irakurgaian ikasitako ideia oso interesgarria (nahiz eta ebidentea) ondokoa iruditu zait: identitatea da bakoitza besteengandik desberdintzen gaituena, baina, era berean, gizartean bizitzen jarraitzeko. Hau da, nire identitatea nirea da, baina ez dauka zentsurik beste pertsonak gabe eta, beraz, haien onarpena ere behar dut.

Aurreko gaietan ikusi dugun moduan, esate baterako, ikasketen aukeraketan, erreferenteak ezinbestekoak dira pertsonek aukerak har ditzaten. Era berean, identitatearen sorreran ezin izango genuke inoiz ikusi ez dugun ezaugarririk bereganatu. Hau da, gizonak eta emakumeak tradizionalki ezarritako estereotipoekin bakarrik ezagutuko bagenituzke, gure identitatea horietako batera hurbiltzea nahiko genuke; eta hortik kanpo dagoen guztia, txartzat, arrarotzat, etab. Hartuko genuke; gure gorputzean/bizitzan zerbait txarto egongo balitz moduan. Hemen dauka, beraz, eragina kurrikulum eskutua.

Ikasi dugun moduan, kurrikulum eskutuak betiko estereotipoak indartzen ditu eta guztiz kontra egiten dio identitatea askatasunez garatzearekin.

Onartu beharra daukat, nahiz eta identitateen asuntoa luzaroan irakurtzen egon naizela, nire hurbileko inguruan ez dudala benetan ikusten. Nire inguruno pertsona gehienok heteronormatiboak gara, homosexualitate/bisexualitate kasuren bat aparte. Horregatik ez naiz gai sentitzen esateko prest egongo nintzatekela identitate “berriren” baten aurrean ondo aritzeko.

Hala ere, sare sozialek rol garrantzitsua dutela horrelako kasuetan uste dut. Instagrameri esker, batez ere (nire kasuan), asko ikasten ari naiz askotariko identitateei buruz, horiek sortzen dituzten ezatbaidari buruz, etab. Eta horregatik, gehiagotan egin dudan moduan, gomendatzen dut sare sozialetan aritzea hausnarketa lan hori egin ahal izateko, oso mundu zabala baitago barruan eta, tresna egokiak erabilita, izurgarri ikasteko informazio iturri infinitoak dira.

Bukatzeko, ondoko bideoa utzi nahi dut, PsicoWoman-ek egindako elkarrizketa interesgarria:



2022/01/23

Desberdintasunean hezitu, berdintasuna bermatuz.

Ez al da erraza pentsatzea, desberdintasunak alde batera utzi baino, hauek kontuan hartu behar direla berdintasuna lortu ahal izateko eskubide zein aukeretan? 



Curriculum hezkidetzailea da gure helburua. Baina norena? Jakin badakigu sistema honen partaide guztiek ez dutela hori nahi, beraz, zelan lortu ahalko dugu batzuek?

Izan ere, sistema kapitalista patriarkala gure desberdinasunez elikatzen da; desberdintasuna beharrezkoa da sistema mantendu ahal izateko. Estereotipoek ondo egiten diote sistemari, ikasleen eta gure arteko lehia ere ondo egiten dio sistemari, borroka ondo egiten dio... Nola egin posible sistema baten barruan sistemak berak nahi ez duen zerbait?

Gure erronka momentu honetan, nire ustez, gure igualen arteko eztabaida sortzea da; lankide, lagun, senide... gizartea sortzen dugunen artean eztabaida mantendu behar da gero eta gehiago izateko honen alde borrokatzen dugunok. Gehiengo oso potentea garenean, lortu ahal izango dugu hezkidetza benetan txertazea.

Pasa den sarrera hau aukeratu dut oraingoan. Bertan kideak material hezkidetzailea partekatzeko ideia proposatzen du, eta horretan ari gara asko egia esan. Gainera, amorru handia ematen didan gaia ere aipatzen du: oraindik sexuaren arabera ikasleak sailakatzen dituzten ikastetxean mantentzen dira gure komunitatean, guztion diruarekin.

Benetan sinesten duzue hori baimentzen duen sistemak, hezkidetza txertatzeko intentsiorik duela?

2022/01/15

Izan gaitezen protagonista!

 PROTAGONISTAK IZANGO GARA BEHINGOZ?


Parte hartzen daramagu Historian betidanik, galdera da: non hartu dugu parte? 

Aurreko edizioetako sarrera hau aukeratu dut eta ondoko ideia nagusia azpimarratu nahiko nuke: 

 "Parte-hartzen, parte-hartuz ikasten da, ez dagoe besterik"

Ez dizue inor burura ekarri? Clara Campoamorrek esan zuen "La libertad se aprende ejerciéndola" eta esaldi famatua bilakatu zen. Eraman dezagun beste esparruetara eta, zehazki, orain eskutartean daukagun gaira.

Esaldi hau irakurgaiarekin lotu nahiko nuke. Izan ere, bertan irakurri ahal izan ditugu partaidetzaren balditzak, eta horien artean aurki genezake "Parte hartzen jakin" baldintzetariko bat. Beraz, nola parte hartzen jakin ez badugu parte hartzen? Horregatik hain interesgarri ikusi dut Amaiak bere sarreran aipatutako ideia.

Agian partaidetza bizikletan ibiltzea bezala da: bizikletara igo barik ezin zango duzu ikasi, ezta? goazen parte hartzera orduan, eta onar ditzagun akatsak, kritikak, eta ikas dezagun horiek guztietatik.

Partaidetzaren beste baldintzetariko bat da parte hartu nahi izatea, noski. Eta egia da batzuetan emakumeok ez dugula nahi guaza batzuetan "sartu". Horren inguruan ondoko bideo interesgarria topatu dut, hain zuzen ere, emakumeen parte-hartzearen inguruan politikan:


Gure gaiarekin jarraituz, erantzun beharreko lehenengo galderari dagokionez, hasieratik esan dudana errepikatuko dut berriro ere.

Zein da zailtasunik handiena curriculum eta baliabide didaktiko hezkidetzailea txertatzeko? Gu geu. Hau da, hezkuntza sisteman parte hartzen dugun guztiok gara zailtasuna, irakasle eta gainerako partaideek azalarazten duten erresistentzia. Azken finean, benetako aldaketak ezin dira gauzatu aldaketak jasango dituztenek ez badute nahi. Horregatik, ezer txertatu baino lehen, hezkidetza eta feminismoa helarazi behar da komunitate osoari.

Nire inguruan behatutakoari dagokionez, teorian irakurritakoa praktikoan bizi izan dudala esan dezaket. Hezkuntza-sisteman lanean ari naizela, erakunde berezian lan egiten dudala esan dezaket. Hala ere, egitura mantentzen da: gehiengoa (oso gehiengoa) emakumeak gara, baina zuzendaritza taldean izugarri murrizten da proportzioa. Eta zuzendaria, noski, gizona da. Nire ustetan lotura handia dauka honek aurretik aipatutakoarekin: gutariko askok ez dugu nahi zuzendaritzan sartu ezta ere ez, baina bai ikusten dugu beharra... nork egingo du orduan?

Ez dut uste askok kontrako egoerak bizi ditugunik. Beraz, esan bezala, GOAZEN PROTAGONISTA IZATERA!



2021/12/10

Sexismoa hiztegietatik kanpo!

Egia esan asko gustatzen zaidan gaia da hizkuntza inklusiboarena. Hala ere, onartuko dizuet gaztelanian landuta daukadala gehien bat, eta beti harrotasun osoz aipatzen dut zer zortea daukagun euskarak ez duelako generorik. Beraz, zelako sorpresa hartu dudan! Asko eta asko dira kontuan hartzeko alderdiak hitz egiteko orduan hanka sartzerik ez egiteko.

Hemen duzue egindako zopa-letra. Onartuko dizuet nire azkeneko urteetan ikasi ditudan hitz guztietatik gehien gustatzen zaidana, duda barik, AHIZPATASUNA/SORORITATEA dela. Bizitzeko era bihurtu da niretzat eta askatasun handia ekartzen digula uste dut; ahalduntzen gaitu era berean.



Aurreko edizioko sarrera hau hautatu dut oraingoan. Indar askorekin hasten den sarrera da, erabiltzen duen irudi formatua dela eta. Horrez gain, Irantzu Varelaren bideoak gehitu ditu bukaeran, hasnarketa eta barreak bultzatuz.

Lenguaiaren gaiarekin jarraitzeko, ondoko gidan oinarrituko naiz, Emakundek sortua.

Bertan aipatzen den guztia, agi dago, garrantzitsua eta eta espazio berezi eta oso bat mereziko luke. Baina sarrera honetan aipatu nahi dutut hauek biak (agian gutxiago hitz egiten delako haietaz):

- Barrak eta marratxoak: gidan esaten den moduan, maskulinoa eta femeninoa adierazteko elkarrekin, marra erabiltzen denean, izen maskulinoa jartzen da lehenengo, emakumea horren apendize moduan utziz. Gauza txikia dela ematen du, baina oso adierazgarria; eta txikia den era berean, ez zaigu ezer kostatuko buelta ematea horri, eta oraindik aurrera aldrebes egin! 

- Izen-abizenak: zientzialariak, bestelako adituak, etab. aipatzen direnean, abizenak soilik erabiltzen dira gizonei erreferentzia egiteko; eta emakumea denean, izena ere adierazten da askotan. Ulertzen dudan moduan, emakumeen presentzia argi uzteko egiten den esfortzua da; egia esan, abizena soilik agertzen den bakoitzean gure buruan, seguru aski danok, gizon bat imajinatzen dugu (foroan egindako ariketan bezala). Horregatik, egin beharrekoa kontrakoa izango litzateke: beti erabiltzea bai izenak bai abizenak. Lan txikia eskatzen digun aldaketa handia da hau ere.

Beraz, hizkuntzari dagokion aldaketa potoloak ez dira hain zailak eta guztiok eginez gero, gure burua asko aldatuko luketen pausoak dira. Ikastetxetan ikuten dudan erronka nagusia da erabiltzen ditugun informazio iturri anitzak; hau da, hainbeste lekutatik jasotzen ditugu edukinak ikasleekin lantzeko, horren guztiak hizkuntza hezkidetzailea ez duten heinean, guk bakarrik egin beharreko lana daukagula aurrean, eta askotan "sobre la marcha" moldatu behar izango dugula hizkuntza.

Gutxinaka gutxinaka, egunerokotasunean hitz "berriak" eta hitz egiteko era hezkidetzailea sartzen bagoaz, etorkizuneko generazioek pentsatu gabe egingo duten gauza da. Beraz, ekin lanari!

Hemen uzten dizuet bideotxo hau, labur azatzen duela zelan beste hizkuntza posible den!





2021/12/03

Aurkituko nauzu hemen, izango naiz kemen.

Emakumeen ekarpenak gizartearen "asigantura pendientea" da. Urtero ikusten dugu, esate baterako, selektibitateko kasua, non emakumeak ez diren galdetzen Filosofiako azterketan, edo Literaturan. Emakume zientzialarien gaia urteak daramatza pil-pilean, eta gero eta gehiago ezagutzen ditugu. Baina momentuko aipamenak dira, emakumeen egunean ikastekoak, etab. Baina oraindik falta da, benetan, egunerokotasunean horien izenak erreferentetzat izatea hainbat eta hainbat gizon ditugun modu berean. 

Horregatik, ondoko hitzak aukeratu ditut, aurrerago aipatuko dudan Izaroren Libre abestitik aterata:


Aurreko edizioetako sarreren artean hauxe aukeratu dut. Bertan ezagutu dut "Mari Maestra", herrian lan egin zuena eta herriarentzat. Irakasle izanda, emakume indartsua izan zen euskara irakatsiz hori debekatua zegoenean (gaur, euskararen aguna, berezi hunkigarria). 

Askotan saiatzen gara ekarpen handiak egin dituzten emakumeak bilatzen, mundu mailan aldaketa handia egin zutenak. Eta ahaztu egiten ditugu herri zein eskola txikietan lan eta lan aritu diren emakume guzti horiek, gizartea aurrera eraman zuten guztiak, andereño lana emakumeena zenean.

Horren harira, nik ere aukeratu nahi izan dut emakume erreferente "desberdina". Argi dago Euskal Herrian ere emakume garrantzitsuak egon zirela eta badaudela politika mailan, literatura mailan, etab., blogeko sarreretan dauden asko, besteak beste. Baina gazteon munduan murgilduta dauden erreferenteak ez ditugu ikusten, eta horregatik gaurkoan aipatu nahi dut Izaro.

Izaro Andrések, Mallabiako abeslariak, 27 urte baino ez ditu. Baina bere abestietan emakumeei buruz hitz egiten du, maitasun osasuntsuari buruz. Eta ez hori bakarrik, Gazteak saria irabazi zuen 2020an "Libre" abestiagatik, non emakumeen presentziaz hitz egiten duen. Saria jaso zuenean, eskerrak ematera igo behar zenean, borroka feminista aldarrikatu zuen ondoko bideoan (merezi du ikusteak):



Guztiz beharrezkoa ikusten dut, hezkidetza mundutik, gazteek halako erreferenteak izatea, bere burua identifikatzeko moduan: gazteak, modernoak, hurbilak, eta noski, feministak, bai barrutik bai kanpotik. Ausardia behar da patriarkatuak menperatutako munduan ere ahotsa altxatzeko gure denfentsan.

Gure esku dago emakumeen abestiak erabiltzea ospatzeko, emakumeen liburuak hausnartzeko, emakumeen ideiak borrokatzeko. Eta bakarrik horrela lortuko dugu emakumeak munduaren sorreraren eragile moduan ikustea.


2021/11/11

Ama, jaietan ere.

 

Jaiak, zenbaterako emango lukete. Aurreko edizioetako sarrerak ikusten ibili naiz eta askotan aipatzen da jaietan ematen den genero-indarkeria eta emakumeen presentzia ospakizunetan. Horietatik aukeratu dudana, "Festak guztion eskubidea" sarrera, gure espazioa aldarrikatze da. Eta ez hori bakarrik, baliabidez beteriko sarrera da; besteak beste, juergan irtetean kontuan hartzeko dekalogoa dago bertan, bai jaien antolaketari begira bai gizonei zuzenduta. Oso publikazio potentea iruditu zait.

Beste alde batetik, aipatu dudanez, sarrera askotan hitz egin da gai horretaz, tradizioaz, arropaz... Eta horregatik ikuspegi desberdina eman nahi nion nik gaiari.

Amak.

Eta ez bakarrik amaren eguna ospakizunari begira, baizik eta festa guztietan amek duten rola aztertu nahiko nuke. 

- Gabonetan amak erosten dituzte opari gehienak, etxea apaintzen dute, bazkaria/afaria prestatzen dute...
- Inauterietan amek egiten dituzte seme-alaben mozorroak.
- Familiara umeak heltzen direnean, eta herriko jaiak (edo bestelakoak) daudenean juerga gutxiago botatzen dute amek (edo edan gabe gertazen dira gizonek edan ahal izateko).
- Eskolako jaiarako beharrezkoa dena (santa agedako arropa, eskolako jaiara eraman beharreko materiala, etab.) ama arduratzen da erosteaz.
-...

Tradizionalki, amak izan dira juerga antolatu, prestatu, aurreikusi dutenak eta, ordea, gutxien disfrutatzen dutenak.

Horregatik aldarrikatu nahi dut espazio honetan "Ama txarrak" izan behar garela! Poteoan irten, juergan, mozorroa azken momenturako utzi, gure nahiak eta beharrak, batzuetan, umeenen beharren aurretik ere jarri behar ditugu. Eta Gabonetako afarirako ez badugu ezer prestatzen, hor konpon! 


Familiako gainerako partaideekin partekatu behar dira ardura guztiak eta jaiak ere disfrutatzen ikasi behar da. Horregatik, eremu hezitzailetik erakutsi behar dugu jaia FAMILIA OSOARENTZAT dela, denok disfrutzeko momentua, eta horretarako denok hartu behar dugu parte horren antolakuntza edo prestakuntzan.

Egia da famiia bakoitza mundu bat dela eta argi dago, etxe bakoitzean antolatzeko modua pertsonala dela. Baina eskolatatik lagundu ahal dugu gazteek behintzat hori ikus dezaten. Horretarako eskatu ahal diegu umeei bai ama bai aitarekin (edo dagozkien progenitoreekin) pentsatzea mozorroa, elkarrekin joarea erostera beharreko guztia, gonbidapen pertsonala egitea biei, haiek ere konturatzeko umeek behar dutela bien presentzia. Eta horrela, agian, lortzen dugu etorkizunean normala izatea familia dibertsitate osoa ikustea jaietan



2021/11/06

Feminismoa odolean

Feminismoak. Nahiz eta askotan irakurri dudan horien inguruan, ondiño kostatzen zait pluralean erabiltzea. Hain gogor defendatzen dugu gurea, agian zaila egiten zaigula hainbeste indarra jartzea besteetan.

Aurreko edizioetako sarrera hau aukeratu dut eta, zehazki, idatzi zuen esaldi hau: “Feministon apustua bizitzak izan behar dira”. Kriston indarra daukan esaldia iruditu zait, azken finean, feminismoa beste gauzarik ez da eta: bizitza(K) defendatzea. Horrez gain, patriarkatua eta kapitalismoaren arteko erlazioa zehazten du, nire ustez, ezinbestekoa dena sistema guztiz ulertu ahal izateko.

Bizitzaren harira, hona hemen nire kartela:


Feminismoan aritzen garenak, bai profesionalki bai lagun artean, horrela sentitzen gara askotan. Zer borroka gogorra den hau, zenbat haserre sortzen duen. Baina gero konturatzen zara zeinen handia den aldi berean, zenbat emakume gauden elkarrekin munduko toki guztietatik norabide berean bultzatuz. Biziak salbatuz. Eta horregatik jarraitzen dugu hemen.

Bai nire inguruneko prestakuntzaren inguruz hitz egiteko bai emakume feminista baten ekarpenak egiteko historio bera aukeratu dut; eta zuekin guztiekin elkarbanatu nahi dut.

Nire aita INEFen ikasi zuen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zientziak. Imajinatuko duzuen moduan, kirolaren inguruko ikasketetan, 70eko hamarkadaren amaieran, emakumeen presentziarik ez zegoen. Eta institutu hartan (institutua zen garai hartan) ez zegoen baimenduta ere emakumerik ikastea. Zer egin zuten orduan nire aita eta bere ikaskideek? 6 hilabeteko greba, unibertsitatera joan gabe, emakumeak onartu zituzten arte. Non daude orain horrelako gizonak? (txantxa😋)

Nire ama, bere aldetik, Toledoko herri txiki eta tradizional batean jaio zen, Belvís de la Jara. Herri frankista (bai eta bere gurasoak ere). Baina nire amak argi zeukan bere etorkizuna bertatik kanpo zegoela. Madrilera joan zen ikastera. Zer eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zientziak ikasi nahi zituen, hasiera batean emakumeentzat soilik aparte zegoen zentru berezi batean; bigarren urtean INEFen elkartu zen nire aitarekin.

Beraz, nire aitak ez zituen ikasketa feministarik izan, baina feminismoaren alde egin zuen apostua emakumeentzat haiek zutenaren berdina eskatuz; nire amak agian ez zuen mundua aldatu, baina etorkizuneko emakumeentzat aitzindari izan zen.

Horregatik esan dezaket harro feminismoa odolean daramadala.✊💜

2021/11/01

Iceberg-aren punta

Iceberg-aren punta.

Hori da genero indarkeria. Baina hau jadanik kontu zaharra da, behintzat batzuentzat. Feminismoak gaur egun oinarrietara jo beharko luke, bertatik bakarrik bukatu ahal izango dugulako hain gogorra den azken pauso horrekin. Hori esango nuke dela faltan botatzen dudana eremu hezitzaile gehienetan.

Azaroa da genero indarkeriaren aurkako hilabetea: A25 daukagu laster, eta morez markatutako eguna da guztion egutegian. Eta generoaren indarkeriaren alde egiten duen inor ez dugu topatuko; hasiera batean, edonork esango du hori ez dagoela ondo. Baina indarkeria horren errudunei, arrazoiei, barnekok tripei, seinalatzean gauzak aldatzen dira; jendea ez dago hain ados. Horregatik guztiz ezinezkoa da indarkeriaren atzetik dagoen guztiari erreparatzea.

Bi datu nahi ditut salatu gaurkoan: 

  1. Gezurrezko denuntziak guztizkoaren % 0,0074 baino ez dira. Lapurretaren kasuan, esaterako, denuntzia horiek % 50 baino gehiago dira (irizpide berdinak jarraituz). Hau komentatu nahi nuen genero indarkeriaren aurka borrokatzeko ezarritako legeen aurkariak gezurrezko denuntzien asuntoa erabiltzen dutelako beti argudio bezala; izan ere, haien ustetan “emakume batek bakarrik egin behar du deia bat eta gizona kalabozoan sartzen dute berehala, eta hori itzelazko gehiegekeria da”. Zein gogorra entzutea genero indarkeriaren aurka egiten den edozer gehiegikeria denik. Eta hare gogorragoa, jadanik denuntziak jarri dituzten emakumeak etengabe direla teleberriaren protagonista, “hilda agertu” direlako. 
  2. Bestalde, beste topiko baten aurka egin nahi dut. Askoren ustez, “genero indarkeria jasaten duten emakumeak pobreak dira, ez dute independentzia ekonomikorik, eta horregatik ez dira joaten haien etxeetatik”. Errealitatea beste bat da: genero indarkeriak ez daki adinaz, arrazaz ez eta maila sozioekonomikotaz; bakarrik daki biktima EMAKUMEA dela. Erlaziotik edo etxetik irteten ez den emakumea infernu bat bizitzen ari da: manipulazioa, txantajea, intimidazioa, beldurra, batzuetan seme-alabak erditik… eta biktimak duten gauza hamankomun bakarra patriarkatua da. Hetereopatriarkatuan hezitu dira, eta diruak hori konponduko lukeela ez da baizik eta beste ideia patriarkala eta kapitalista.

Honekin guztiarekin lotuta, deigarria egin zait “Susmoaren Filosofia” blogeko sarrera. Ez nuen ezagutzen ideia hori, behintzat izen horrekin, nahiz eta denbora luzea daramadan galdetzen gizarteko gauza askoz. Filosofia horren esanetan, ezer NORMALtzat hartu baino lehen, galdetuko diogu gure buruari zer boterek sortu duen eta nor den irabazle normaltasun horrekin. Erantzuna? Sorpresarik ez. Baina modu hona da batez ere normaltasun horretatik kanpo dauden gauzak gure normaltasun bilakatzeko, eta gutxinaka, agian, errealitate berri bat sortuko dugu.

Azkenik, esaldi honekin bukatu nahi nuen. Ez da emandako zerrendatik hartutako ideia, baizik eta Roy Galan idazleak esandakoa. Baina niretzat errefente potentea da, eta partekatu nahi izan dut guztiekin.


Baliteke esaldiari erlaziorik ez ikustea gaiarekin. Baina beraren ustez, eta nire ustez ere, maitasunean hezituak izango bagina biolentzia desagertuko litzateke. Kapitalismoa, lehiaketa, sexismoa, arrazismoa, homofobia... diskriminazio eta biolentzia mota guztiak maitasun ezaren seinale dira, hutsune hori betetzeko moduak dira, eta benetazko amodioa (ez asko maite, baizik eta aske eta ondo maite) hedatuko balitz, gizarte berria sortzeko aukera izango genuk gure eskuetan.


2021/10/25

Izan direlako, bagara.

Izan direlako, bagara. Askotan entzundako esaldia da eta tatuaje baten moduan grabatuta izan beharko genuke. Orain dela lau edo bost hamarkada, mugimendu feministan emakume eta gizonen arteko desberdintasunez haratagoa joan ziren, baita ere emakumeen arteko desberdintasunei garrantzia ematen hasi ziren. Imajinatu ahal duzue zelako iraultza izan zen hori?

Eta orain, ideia “berriak” esaten diegu sexo-genero sistema landuz agertzen diren kontzeptu askori. Psicowoman-ek esaten duen moduan, neofobia asko dago gaur egun. Baina ezin dugu ahaztu gaur daukagun guztia norbaitek borrokatu zuelako daukagula; beraz, datozen generazioei sor diegu gizarte hobea garatzea.

Garatzen ari garen irakurgaiatik atera dudan ideia nagusia ondokoa da: mundua den bezalakoa da eta guk egokitu behar dugu bertara, ez alderantziz. Nola izan ahal gara hain harro, errealitate bat zalantzat jartzeko? Benetan errazagoa dela norbaiti esatea bere identitatea ez dela erreala, hori ulertzen saiatzea baino? Nahikoa da, onar dezagun normaltasuna ez dela ezer, edo guztia dela, baina berdintasunari buruz hitz egiteari utz diezaiogun eta aldarrikatu dezagun EZBERDINKERIA.

Zentzua(K) izeneko blogeko sarreran esaten den bezala, BELDURRA da gure oztoporik handiena. Gizakion historian zehar aurrerapenak oztopatu dituen indarrik handiena beldurra da. Sistemari, kasu honetan heteropatriarkatuari, aurre egiteari diogu beldurra; seinalatuak izateari beldurra; biolentzia estrukturalari beldurra. Horregatik sexu-genero sistema ulertzea eta barneratzea ezinbestekoa da: emaume eta gizon gisa sailkatzea indarkeria guztiak artikulatzeko nahitaezkoa bada, zer botere geratuko litzateke gizon eta emaumerik ez balego?

Azkenik, Psicowoman-en bideo hau gomendatu nahi dut, binarismoaren kontuak beste ikuspegitik ikusi ahal izateko:


Izan direlako, bagara. Izan daitezen, izan gaitezen!



2021/10/19

Etsaiarekin ezin baduzu, egin bat berarekin!

Ni 1992an naiz jaioa. Jakingo duzue, beraz, ni ere sareekin hazi nintzela. Beharbada, erdiko lekuren batean nago kokatua; hau da, gaur egungo gazteen bezain murgilduta sareetan ez nago, kalean lokatzarekin jolasten ere ikasi nuen, baina egia da 10 urte inguru izango nituela Messenger erabiltzen hasi nintzenean lagunekin (eta ez hain lagunekin) komunikatzeko. Gogoratzen al duzue Messenger-a?

Nire burua ere, beraz, orain gai naiz ikusteko sare sozialen erabilera txarraren biktima. Ez bertan jasandako tratuagatik, baizik eta horien erabilera desegokiak aurrez-aurre komunikatzeko gaitasuna gutxitu zigulako.

Beste alde batetik, esan beharra daukat feminismoaren munduan sare sozialen bidez sartu nintzela ni ere. Bai Twitter, zein Facebook edo Instragam-en erabiltzailea naiz eta bertan ezagutu ditut gaur egungo erreferente garrantzitsuak. Horregatik esan dezaket atal honen gakoa ez dela izan berria niretzat; bai, ordea, jakitea hezkuntza munduan zein ikerketa munduan jopuntu direla sareak.

Nire ustetan gako honi dagokion erronka nagusia ez dago “betiko” erronketik oso urrun; hau da, ume eta, batez ere, nerabezaro eta helduen arteko gatazka asko elkar ulertzeko zailtasunetik etorri dira. Alde batetik, helduon artean gazteak gutxiesteko ohitura egon delako; bestalde, nerabezaroaren ezaugarri den familiatik edota erreferenteetatik (irakasle, etab.) aldentzeko beharragatik.

Ondorioz, sare sozialak ikusten ditut bi munduen arteko loturak ezartzeko oso beharrezkoak. Ezin dugu ahaztu gaur egungo gazteen erreferenteak bertan daudela, interneten, eta hobe dugu “etsaia”rekin bat egin, haren kontra ibili beharrean.



2021/10/04

Aukezpena: Irati :)

Kaixo talde!😊

Ni Irati naiz, ISEI-IVEIko teknikaria. Norbaitek ez badaki zer dan, hor doa: Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundea. Beraz, hemendik hezkuntza-sistema ebaluatzeko probak prestatzen ditugu eta, era berean, irakasleen formakuntzan hartzen dugu parte, batez ere Konpetentzien inguruan. 

Formakuntza honetan nire bi lankide daude ere, Oli eta Cris, hemendik egongo dira ;)

Orain hartze hezkidetzarekin izan dudan harremana oso zeharkakoa izan da, zenbait iturritatik irakurritakoa baino ez dakit. Hala ere, orain dela urte asko feminismoan sartuta nagoela eta zenbait ekintzan hartu dut parte. Falta zaidan urratsa da, izan ere, feminismoa hezkuntzarekin gehiago lotzea. 

Nire lehen lana horren inguruan masterra egitean izan zen; nire master bukaerako lana emakume zientzialarien inguruan izan zen, bigarren hezkuntzako edukinetan aldaketak egiteko beharra aztertuz eta zenbait informazio proposatuz.

Formakuntza honetan parte hartzeko gogo handiak ditut eta irrikitan nago jende askorekin jakituria elkarbanatzeko. Nik, agian, gazteen ikuspegia, sare-sozialak eta kaleetan gertatzen denaren berriak ekar ditzaket eta hemengo beste jende askok ziur asko hezkuntzan eta ikerketan daukan esperientzia eta ikuspegia ekarri ahal dit niri. 💜

Aste askotan zehar elkar arituko gara hemendik, animo guztioi eta eman diezaiogun indarra etorkizunari! ✊