Kaixo denoi
Amaitu da ikastaroa eta ezin uka intentsoa izan dela oso. Ilusioz hasi nuen, zer suposatzen zuen oso argi eduki gabe eta aitortu behar dut uste nuena baino askoz gehiago ikasi dudala. Ikasi eta desikasten hasi, zeren ikastaro honetan bietatik egin behar izan dugu.
Lan dinamikak intentsoak dira, astean asteko lanak erritmoa ez jeistera eramaten zaitu eta momentu batzuetan zaila egin zait jarraitzea, eta nire lanen kalitatean antzeman dut, batez ere azken aldian (etxean obrak izan ditut eta buruhauste dexente), baina era guztitara eskeintzen dituzuen baliabide eta informazio guztiak ez du preziorik, euskaraz gainera!.
Programa informatiko eta sare sozialetan mugitzen ere ikaragarri irakasten du ikastaro honek.
Hiru ideiekin adierazteko: feminismoa iturri, kontzientzia esnatzailea eta eredu berritzailea.
Amaitzen joateko ikasitakoaren erakusgarri bertso paper hau eskeintzen dizuet:
Beraz, hezkidetza eta feminismoaz ikasteko gogoa baduzue, ikastaro hau tresna ezin hobea duzue.
Ahaztu gabe, mila mila esker ikastaro hau posible egin duzuten langile-militante guztioi.
Tratu onen gaian, bi gako
garrantzitsu nabarmendu nahiko nituzke kartel hauetan. Batetik harreman
osasungarriak edukitzeko, behar beharrezkoa ikusten dudala, nork bere buruan
sinetsi eta auto-estimu ona edukitzea harreman parekideak garatzeko, hori bai boterekeriak
eta harrokeriak saihestuz. Bigarren kartelean, saltzen dizkiguten gorputz
perfektuen estereotipoen aurrean gure gorputzak onartu eta maitatzeak, hobeto
sentitzen lagunduko digu eta ondorioz hobeto harremanduko gara gainontzeko
pertsonekin.
Iazko sarreren artean, Goreti
Eskalzaren “Tratu onak” lana nabarmenduko nuke, eskaintzen
digun gaiaren laburpenagatik, gogoeta eta baliabideengatik. Tartean aipatzen
du, sarritan harremanetan kanpora begira gaudela eta ez dugula behar bezain
beste gure barrura begiratzen. Guztiz bat egiten dut gogoeta honekin, gure
barruko emozio, bizipen eta ideiek inguruarekin dugun harremanaren kalitatean,
berebiziko garrantzia dutelako. Bigarren gogoetan, pertsonak eta zaintza
bizitzako helburuen erdigunean jarri nahi izateak, egungo Hezkuntza
sistemarekin talka egiten duela dio “sistemak,
emaitzetan oinarritutako ikasteko modua lehenesten du eta exijentziek eta
kontrolak pertsonaren dimentsio osoa galtzea” dakarrelako.
Kurrikulumeko gaitegia eta presioa gero eta handiagoa da ikasle eta irakasleen
gainean, pertsona izaten erakutsi beharrean, gaitegi luzea ematea delako
erronka ikastetxeetan eta Hezkuntzako buruzagien artean.
DBHko 4. mailako ikasleekin,
irakurgaian proposatu duzuen Marian Morenoren“hamabostaldi bateko erronka” lanketa oso egokia iruditu zait,
bizitza erreal eta zaintzarekin duen lotura estuagatik, estereotipoak
gainditzeko duen balioagatik eta etxeko lanak balorizatzen hasteko lehen urrats
praktikoa izan daitekeelako. Marian Morenok ikasleek familiarentzako afari
baten prestaketa osoa egitea proposatzen du eta eskolan diziplina desberdinen
artean landu ondoren, familiarekin uztartzen da lanaren amaiera. Askotan
eskolan egiten diren ekimenak, eskola barrukoak bezala geratzen dira baina
ekimen honekin, ikasleek eta batez ere mutilak zaintza lanari beste balore bat ematen
hastea daukate.
Batxilergoan,
gurasoen artean zaintza lanetan ematen diren bereizkeriak ikusteko, Mujeres
Imperfectastaldeak prestatu duen Dena ez dago barne galdetegia, oso ondo dago. Modu
erraz batean eurotan balorizatzen du, batez ere emakumeak ezkutuan eta ordainik
gabe egiten dituzten zaintza lanak. Galdetegi hau, irakasleen artean
sentsibilizazio moduan ere erabil daiteke. Bestetik, umeekin edo zaintza
lanetan egiten diren lan guztiak ez dutela balio bera ere ikus arazten da,
zeren egia da, gero eta gizon gehiago ari garela modu korrespontsal batean
zainketa lanak gure gain ere hartzen, baina oraindik hartzen ditugun ardurak
txikiagoak dira, nahiz eta batzuk ordu kopuruan berdintzen ari. Honen harira Onintza
Irureta Azkunek Argian artikulu interesgarria idatzi zuen: “Parkean umeekin jolastea baino
gehiago da zaintza” .
Erronken artean, gaur egun, hezkuntza
sistema hezkidetzailearen ardatz nagusienetariko bat harremanak era
parekidean eraikitzeko eta ikasleek elkarbizitza positibo bat garatu ahal
izateko konpetentziak eskuratu ditzaten laguntzea da, eta horretarako
ezinbestekoa da:
·Eskolako kide guztiak bere identitatearekin eta gorputzarekin gustora egotea.
·Maila guztietan dominazio-mendekotasun ereduak
gainditzea: sexu-genero, kultura, maila sozio-ekonomikoa, aukera sexuala, ezaugarri
fisiko-psikikoak.... Aniztasuna balore
positibotzat onartuz eta garatuz.
·Nork bere buruarekin eta ingurunearekin harreman positiboak izatea.
·Bake eta indarkeri-ezaren kultura sustatzea.
·Maitasunezko harremanetan, errespetuan etatratu onetan oinarritzen
erakustea, maitasun erromantikoa gaindituz eta bestelako maitasun eredu
osasuntsu berriak sortuz.
Ezer baino lehen
momentuko egoera pertsonala aipatuko nahiko nuke, aste honetan etxea hankaz
gora dut, obretan nabilelako bertan eta ez dut nahi adina denbora dedikatzerik
izan lan hau egiteko.
Gaiari helduta,
“mikromatxismoei” behar adinako garrantzirik ez niola aitortzen konturatu naiz.“Mikro” hitzak zerbait sotila dela adierazten du,
askotan ez mutilak eta ez neskak nabaritzeko moduan esan eta egiten diren jarrerak
direla baina horregatik ez dira garrantzi txikiagokoak. Aldiz, horien bitartez
emakumeen ahultasuna eta ziurtasun-eza sustatzen da, auto-estimuan eta
emozioetan kalte eginez. Matxismoaren dominazio prozesu konplexuaren parte dira,
eta horregatik hezitzaileok arreta berezia jarri beharko genuke horiek
detektatzen eta ikasle eta gazteei ere horiek detektatzen eta baztertzen
erakutsi beharko genieke.
Nire
buruari galdetzen diot, zergatik
ditugu gizonok horrelako erresistentziak berdintasunean ez garela bizi onartzeko?
eta eraso fisiko eta erailketa ez den, eraso mota asko daudela onartzeko? Otutzen
zaizkidan arrazoi bakarrak, batetik, egoera berriak sortzen digun
ziurgabetasuna da, “betiko moduek” ez dute balio, zein dira modu berriak? Eta bestetik
gure pribilejio anitzak galtzeko beldurrak, azken finean status quo hau mantentzeak
onura asko ekartzen dizkigu: zaintzen ardura txikiagoa, errekonozimendu sozial
handiagoa, …
Iazko sarreren artean, Janire
Castillo-ren “Indarkeria
matxistak gainditzen” lanean, ondorengo esaldia deigarria egin zait, “Indarkeria matxistaz aritzen garenean,
arreta emakumeengan jarri izan da. Baina heldu da begirada zabaltzeko eta
arreta gizonengan jartzeko sasoia”. Erabat ados nago, berandu bada ere, begirada
eta ardura gure gain hartzen hasi behar dugula gizonezkook eta horretan
laguntzeko 27 zapataren “Gizona gizon
izango bada” bideoa lagungarri izan daiteke. Eta gizon erasotzaile eta
matxiruloei bere lekuan jartzeko eta beldurra
bandoz alda dedin, modu originala eta inpaktatzailea da IruiƱean 2014ean
emakumeak egin zuten kale okupazioa.
Lelo honekin Autodefentsa feministak
nesken ahalduntzen eduki dezakeen indarra adierazi nahi dut, gizonok ardura
handia dugu, gu garelako erasotzaileak, baina neska ahaldunduek gure lekuan
jartzea erraztuko dute. Gure jarreraz ohartuz, gure pribilejioak ez errespetatuz
eta berdintasuna aldarrikatuz, borrokan aurre-pausuak azkarrago joango dira.
Beste bideo honetan Irantzu Varelak
autodefentsa zer den argitzen digu:
Gai hau
lantzeko hainbat erronka ditugu:
Batetik
arazoaren dimentsioaz jabetu behar gara, eta autodefentsa feministan tailerren eskaintza orokortu behar da emakumeentzat.
Indarkeria egoerak nola ekidin edo aurre egin erakutsi behar diegu neska eta
emakumeei:
·Autoestimua landuz, beren buruaz harro senti
zaitezen eta nahi dutena espresatzeko edo egiteko gai izan daitezen.
Autokonfiantza eta segurtasuna eraikiz.
·Burujabetasuna: Zenbait trebetasun eta eskubide
landu: “EZ” irmotasunez esateko ahalmena, hitza hartzekoa, espazioa betetzekoa,
gustuko duen eran janztekoa, nahi duen moduan ibiltzekoa, pribatutasuna
izatekoa, sexu-harremanak izateko edo ez izatekoa, nahi duten eran eta nahi
duenekin.
·Emakumeen
arteko ahizpatasuna, elkartasuna, babesa
eta konplizitatea indartuz.
·Erasoei
aurre egiteko tresnak bereganatu eta martxan jarri: ez isildu, salatzeko eta
defentsarako eskubideak aurrera eraman.
·Fisikoki defendatzeko erremintak eskuratu: bestelako
estrategiak nahikoak ez direnean, defentsa fisikoa martxan jartzea beharrezkoa
da.
Mutil eta gizonezkoeidagokionez:
·Maskulinitate eredu berriak sustatzea, ereduak erakutsiz,
ezagutaraziz. Gizon taldeak bide horretan lagungarri izan daitezke.
·Mikromatxismoak identifikatzen eta albo batera uzten ikastea, errekurtso hori ez dadin onargarria izan.
·Matxirulo eta jarrera erasotzaileen aurrean planto, konplize izan gabe eta gure desadostasuna
adieraziz.
·LGTBIQ+fobien aurka, aniztasun
ereduak ezagutu eta baloratzen erakustea.
Lan
eskerga honen aurrean, bada lelo bat ikaragarri gustatzen zaidana eta notizi
etsigarriak entzuten ditudanean buelta ematen laguntzen didana.
Iazko sarreren artean Artaldetikat-en “Gatazka gu
gara” posta hautatu dut, eskaintzen dituen bideo interesgarriengatik,
tartean Paco Cascónen gatazken inguruko bideoa, eta Jule
Goikoetexearen ”Bakea ez
da existitzen, feminismoa bai” artikuluagatik.
Paco Cascónek hainbat gogoeta aurkezten ditu bere hitzaldian, tartean
“Gatazkak naturalak dira, biolentzia aldiz ez”. Batzuetan gatazkarik gabeko
mundu bat posible dela uste dugu, eskola ere hala izateko, arauez betetzen
dugu, baina kontziente izan behar gara, ez dela posible, beti egongo direla
interes edo behar desberdinak eta horiek lortzeko aukera ugari, gatazkak sortuko dituztenak. Baina gatazka
ezinbestekoa bada ere, berari ematen zaion erantzuna da modu eraikitzailean
jorratzen ikasi behar duguna. Horretarako hainbat trebetasun eta tresna erabiltzen
ikasi behar ditugu. Trebetasunen
artean, konfiantza eta errespetua lantzen ikasi behar dugu, taldeen kasuan talde
barruko harremanak landuz. Garrantzizkoa da ere, argi eta ondo espresatzen
ikastea, entzuketa aktiboa egitea eta erabakiak kontzentzuz hartzen jakitea.
Tresnei dagokionez, prebentzioa eta negoziazioa ezinbesteko
lanabesak dira eta beharrezkoa denerako bitartekaritzarako guneak edukitzeak,
behar diren denborak hartzen, akordioak lantzen,... lagunduko du.
Oraindik gatazka hitzak oso konnotazio negatiboa daukalako eta askotan
beldurra izaten dugulako gatazken aurrean, hezitzaileon
erronka, gatazken inguruan dugun irudi negatiboa gainditzea izan daiteke, modu
horretara beste era batera jokatzeko aukera izango dugu. Gatazketan ere ikasi
egin dezakegulako eta ikaskuntzaren elementu mesedegarri bihurtu. Ideia horrek,
gatazkak ikasleen artean harremanak mehatxatzen dituzten egoera bezala ikusi
ordez, irakatsi eta ikasteko prozesua aberasten duen ideia indartu dezake. Baina
honek, beste lanketa pertsonala exijitzen digu hezitzaileoi, formazioaz gain.
Nire partetik, hauek dira eskaini nahi ditudan baliabideak:
Beste baliabide interesgarria, Harremanitz talde kooperatiboak
eskaintzen duen Harremonak zerbitzua da. Urteak daramatzate harreman
hezkidetzaileak eskoletan lantzen.