Tratu onen gaian, bi gako
garrantzitsu nabarmendu nahiko nituzke kartel hauetan. Batetik harreman
osasungarriak edukitzeko, behar beharrezkoa ikusten dudala, nork bere buruan
sinetsi eta auto-estimu ona edukitzea harreman parekideak garatzeko, hori bai boterekeriak
eta harrokeriak saihestuz. Bigarren kartelean, saltzen dizkiguten gorputz
perfektuen estereotipoen aurrean gure gorputzak onartu eta maitatzeak, hobeto
sentitzen lagunduko digu eta ondorioz hobeto harremanduko gara gainontzeko
pertsonekin.
Iazko sarreren artean, Goreti
Eskalzaren “Tratu onak” lana nabarmenduko nuke, eskaintzen
digun gaiaren laburpenagatik, gogoeta eta baliabideengatik. Tartean aipatzen
du, sarritan harremanetan kanpora begira gaudela eta ez dugula behar bezain
beste gure barrura begiratzen. Guztiz bat egiten dut gogoeta honekin, gure
barruko emozio, bizipen eta ideiek inguruarekin dugun harremanaren kalitatean,
berebiziko garrantzia dutelako. Bigarren gogoetan, pertsonak eta zaintza
bizitzako helburuen erdigunean jarri nahi izateak, egungo Hezkuntza
sistemarekin talka egiten duela dio “sistemak,
emaitzetan oinarritutako ikasteko modua lehenesten du eta exijentziek eta
kontrolak pertsonaren dimentsio osoa galtzea” dakarrelako.
Kurrikulumeko gaitegia eta presioa gero eta handiagoa da ikasle eta irakasleen
gainean, pertsona izaten erakutsi beharrean, gaitegi luzea ematea delako
erronka ikastetxeetan eta Hezkuntzako buruzagien artean.
DBHko 4. mailako ikasleekin,
irakurgaian proposatu duzuen Marian Morenoren
“hamabostaldi bateko erronka” lanketa oso egokia iruditu zait,
bizitza erreal eta zaintzarekin duen lotura estuagatik, estereotipoak
gainditzeko duen balioagatik eta etxeko lanak balorizatzen hasteko lehen urrats
praktikoa izan daitekeelako. Marian Morenok ikasleek familiarentzako afari
baten prestaketa osoa egitea proposatzen du eta eskolan diziplina desberdinen
artean landu ondoren, familiarekin uztartzen da lanaren amaiera. Askotan
eskolan egiten diren ekimenak, eskola barrukoak bezala geratzen dira baina
ekimen honekin, ikasleek eta batez ere mutilak zaintza lanari beste balore bat ematen
hastea daukate.
Batxilergoan,
gurasoen artean zaintza lanetan ematen diren bereizkeriak ikusteko, Mujeres
Imperfectas taldeak prestatu duen Dena ez dago barne galdetegia, oso ondo dago. Modu
erraz batean eurotan balorizatzen du, batez ere emakumeak ezkutuan eta ordainik
gabe egiten dituzten zaintza lanak. Galdetegi hau, irakasleen artean
sentsibilizazio moduan ere erabil daiteke. Bestetik, umeekin edo zaintza
lanetan egiten diren lan guztiak ez dutela balio bera ere ikus arazten da,
zeren egia da, gero eta gizon gehiago ari garela modu korrespontsal batean
zainketa lanak gure gain ere hartzen, baina oraindik hartzen ditugun ardurak
txikiagoak dira, nahiz eta batzuk ordu kopuruan berdintzen ari. Honen harira Onintza
Irureta Azkunek Argian artikulu interesgarria idatzi zuen: “Parkean umeekin jolastea baino
gehiago da zaintza” .
Erronken artean, gaur egun, hezkuntza
sistema hezkidetzailearen ardatz nagusienetariko bat harremanak era
parekidean eraikitzeko eta ikasleek elkarbizitza positibo bat garatu ahal
izateko konpetentziak eskuratu ditzaten laguntzea da, eta horretarako
ezinbestekoa da:
·
Eskolako kide guztiak bere identitatearekin eta gorputzarekin gustora egotea.
·
Maila guztietan dominazio-mendekotasun ereduak
gainditzea: sexu-genero, kultura, maila sozio-ekonomikoa, aukera sexuala, ezaugarri
fisiko-psikikoak.... Aniztasuna balore
positibotzat onartuz eta garatuz.
·
Nork bere buruarekin eta ingurunearekin harreman positiboak izatea.
·
Bake eta indarkeri-ezaren kultura sustatzea.
·
Maitasunezko harremanetan, errespetuan eta tratu onetan oinarritzen
erakustea, maitasun erromantikoa gaindituz eta bestelako maitasun eredu
osasuntsu berriak sortuz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina