#AneAz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#AneAz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/04/06

Bidean pausoa

Asko kostatu zitzaidan erritmoa hartzea, lan handia du ikastaroak, gai asko jorratzen dira bertan eta nahi izanez gero hausnarketarako denbora amaigabea eskaini ahal zaio. Egia esan ezin izan diot nahi beste denbora eskaini. Hala ere, asko ikasteko aukera eman dit eta nire klaseetan praktikan jartzeko hamaika ideia eta baliabide jaso ditut. Lan eremuan ia astero aplikatu ditut ikastaroan jorratzen ari ginen edukiak. Oso aberasgarria izan da niretzat, zein nirekin batera ikastaroa egiten aritu diren 1.DBHko 39 ikasleentzat. Nola ez, haiei ere eskatu diet balorazioa egiteko. Hasieratik azaldu nien ikastaro bat egiten ari nintzela eta askotan haien laguntza eta hausnarketak beharko nituela nire lanak osatzeko. Hortaz, guztiok batera egin dugun bidea izan da. Hasi besterik egin ez dena. Aurretik hasita banengoen ere, nire saioetan betaurreko moreak jantzi eta lana beste modu batera egiten, ikastaro hau, bultzada oso handia izan da. Eta hemendik aurrera joaten naiz tokian ikasi dudana eta konpartitu dudana abiapuntutzat hartuta eskola hezkidetzaileruntz lanean jardungo dut. Irakaskuntza uztekotan nintzen iazko ekainean, oso frustantea egiten zitzaidan eman behar genituen eduki horietan galtzea, zentzurik ez nion aurkitzen. Eta aurten, beste hainbat eduki lantzen, ikasleen behar eta zalantzei erantzuten saiatzen asko disfrutatu dut. Gogoa piztu zait eta nire lanean egin daitezkeen gauza asko eta askotaz ohartu naiz.


Anariren  Nola galdu kanta aukeratu dut. Askotan entzun baititut Anariren abestiak lanak egiten nituen bitartean.

Batzutan neketsua izan da, askotan interesgarria eta beti pizgarria. Nonbaitetik hasi behar jendarte juxtuagoa eraikitzen eta hezkuntza mundua benetan altxorra izan daiteke lan honetarako. Neketsua, askotan asko eztabaidatu eta borrokatu behar delako, baina, aldi berean, oso esker onekoa; ikasleen garapena ikusteak sortzen duen poza deskriba ezina delako.

 Bidean pauisoa izan da batez ere, pauso garrantzitsua, hezkuntzan ari diren guztiei gomendatzen diedana. Guregandik hasten da pausoa.

2017/03/21

Harremanak barrura eta kanpora



 zeure burua maiTatu
                     elkaRtasunezko jarrerak
                           Autoezagutza
                      besTeen gorputza errespetatu
     elkarri lagundU

                         Onartu
                    zaiNdu
                         Autoestimua garatu
                 Komunikatu

Iazko ikaskide baten post hau aukeratu dut.
http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/03/tratu-onen-bila.html

 Aste honetan tratu onen gainean aritu gara, eta hezkuntzan tratu onak harremanetako ardatz izan behar dutela uste badugu, oso garrantzitsua da ereduak ematea. Tratu onak zer diren guztion artean erabakitzearekin batera tratu onen erduak eskaintzea. Gainera, hezitzaileok tratu horien eredu izatea.

80 egunean filma gomendatzen dut, adibidez batxilergoko ikasleekin lantzeko. Zaintzaren inguruan hitz egin daiteke eta horrek sor dezakeen menpekotasunean. Pelikula polit bezain interesgarria. 




2017/03/16

Erronka HANDIA bezain URGENTEA


Beharrazkoa da institutu guztietan neska eta mutilentzat tailer eta formakuntzak jartzea. Iraunkorrak behar dute eta ikastetxe guztiek behar lukete hezkidetzan aditua den pertsona bat.
Ez da nahikoa hezkidetza arduradunak izendatzearekin. Formakuntza, gogoa eta DENBORA duten pertsonak jarri behar dira ikastetxeetan horren guztiaren arduradun.

DBH eta Batxilergoko institutuetaz ari naiz eta bereziki Nafarroaz. Hori baita nik ezagutzen dudan errealitatea. Kurtsoren batean sexu-heziketa ematearekin nahikoa egin dela pentsatzen duen sistam honek ez du inondik inora lehentasunez bizi indarkeria matxistarekin amaitzea. Falazia hutsa da hori esatea, aldarrikatzea eta ondoren giza zein diru baliabideak ez eskaintzea.

Egitan indarkeria matxistarekin bukatu nahi badute, indarrak jartzeko hamaika foku daude, baina nerabeekin lan egitea oso garrantzitsua da. Neskentzat autodefentsa tailerrak eskolan bertan eman beharko liratezke. Guztietan, guztiengana, salbuespenik gabe iristeko. Eta mutilei maskulinitate hegemonikoarekin amaitze bidean, hain ardura zein den eta haiek zer egin dezaketen ere eskolan bertan antolatu behar dira tailerrak. Bestela, inondik inora ez gara guztienaga iristen. Hezkuntzaren ardura da norbanako askeak sortzea; askeak eta inor zapaltzen ez dutenak.

Beldurrik gabe, zein beldurretik aske heztea emakume guztien eskubidea delako. Eskola da emakume askorengana iristeko bide zuzenena.
Nire kasuan, aste honetan hausnarketa eta erronkak bat egin dute. Ideia horri bueltaka nabil aspaldian, benetan zeharkako gaia izan behar da ikastetxeetan. Indarkeria matxistarekin benetan bukatu nahi bada, has gaitezen jendarte osoarengana iristeko bideak eraikitzen.

Bestalde, iazko ikaskide baten posta. Honako asko gustatu zait.
http://i1.wp.com/etakitto.eus/wp-content/uploads/2016/11/Autodefentsa.jpg?fit=500%2C320


2017/03/08

GATAZKAK, LEHIATIK HARAT

Printzipio, lege, arau, ohitura publikoetan oinarritutako Etikatik haratago doa gatazka. Haren arrazoien eta ondorioen trataera justizian eta zaintzan oinarritzea klabea dela uste dut. Testuingurua ezagutu eta ulertu, eskubideak defendatu, balore unibertsalak ez zapuztu, guztien beharrak asetzen ahalegindu, norberaren erantzukizuna eta elkarrerantzukizuna zaindu. Genero sistemak sortzen dituen diskriminazio egoerak onartu eta irauli. Kapitalismoak sortzen dituen injustiziak konpondu. Asko dira gatazkaren trataeran, ezagutzen ditugun ereduetatik egin beharreko aldaketak. Eta ikastetxeetan, eredu eta alternatiba izateko dugun ardura medio, barne-arauditik haratago eta irabazle-galtzaile eskema gaindituz eredu berriak sortzen hasi edota jarraitzea beharrezkoa da.

Erronka asko ditu gatazkaren gaiak, hasteko, institutuetan,  gatazkak zergatik sortzen diren aztertu beharko litzateke, askotan antolakuntza desegokia delako sortzen baitira gatazkak. Ikastetxean espazioen eta denboren kudeaketa parekidetasunean oinarritutakoa izatea premiazkoa da. Horretaz gain, neska zein mutilen parte-hartze aktiboa bultzatzea, araudia modu partekatuan lantzea, gatazka baten aurrean alderdi pertsonalak kontuan izatea, ebaluazioan norberaren prozesua erreferente izatea dira, hala nola, hezkuntzak dituen erronka nagusienetako batzuk.

Haizea Egigurenek eginiko lan hau oso interesgarria iruditu zait. Labur eta zehatz klabe garrantzitsuak aipatzen ditu eta.

http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/02/gatazken-inguruan-hausnartzen_28.html

2017/02/15

IDENTITATEA LIBREKI GARATU

IZAERA
DESERAIKI
ERAIKI
NORBERAK
TALDEAN
INDARTU
TIRA
ALDATU
TENKA
ENTZUN
AUSARTU
KALERATU

Bizipena eta identitatea guztiok daukagun gauza bat da Aitzole Araneta sexologoak dioen moduan, eta guztiok libreki garatzeko eta lantzeko eskubidea izan beharko genuke. Nahiz eta, hortik nahiko urruti egon oraindik ere. Jendartean badirudi jende konkretu batek soilik landu behar duela identitaea eta hori faltsua da; guztiok landu eta garatzen dugu.

Ikusteko interesgarria iruditzen zait Transexualitatea Eitbn Ur handitan saioan egindako erreportajea. Ikasle nerabeekin lantzeko ere baliagarraia dela uste dut.


Iazko ikasle baten lanari dagokionez, honako lan hau oso interesgarria iruditu zait, gaia nahiko sakonean lantzen duelako eta alor asko jorratzen dituelako.




2017/02/02



Orientazioa guztion ardura


Nire esperientzian gutxitan egokitu zait tutoretza lana egitea, oso interesgarria iruditzen zait eta txosten honetan aipatzen diren hainbat puntu tutore bileretan lantzea eta tutoretzetan erabiltzea beharrezkoa iruditzen zait. Hala ere, irakasle eta hezitzaile modura arlo hauek guztion ardura direla uste dut. 

Oso garrantzitsua da, guztiok esku-hartzen dugun esparruetan emakume izateko eta emakumeen egoteko erak baloratzea, generoarekin erlazionoaturiko aurriritzien kritika egitea, berdintasunezko hezkuntza afektiboa garatzea, elkar ardura eta zaintza tutoretzan sartzea, parte-hartze parekidea sustatzea, lanbidea izatearen garrantzia indartzea eta bizitza mota eta lanbide anitzen eredu ez-estereotipatuak aurkeztea.
Askotan ez dira kontuan hartzen aipatutako puntu guzti horiek eta gero, gai gara esateko aukera berdinak dituztela eta aske erabakitzen dutela ikasleek etorkizunean egingo dutena. 

Zer eta nola ikasi eta zertan lan egin erabakitzeko, eredu berriak sortu behar dira eta aurretik aipatutako balore guztiak landu. Gaia jorratu ondoren, nire lanean, aipatutako puntuak egunerokoan lantzen saiatuko naiz, baita nire lankideak lan horretara animatu ere.

Bestalde, Amparo Tome Gonzalezek baloreen gainean esandakoa ere oso interesgarria iruditu zait. Eta horiek klaseratu egingo ditut. Adjektiboak elkarrekin, taldeka, definitu eta baloratuko ditugu.
Iazko ikaslearen post-a. Esperientzia pertsonal batetik abiatzen da eta oso interesgarria egin zait. 

http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/01/orientazioa-eta-aukera-akademikoak_28.html

Erronka garrantzitsu bat izan daiteke, ikasleek haien ikasketen gainean hartzen dituzten erabakiak aztertu eta zergatik hartzen diren erabaki horiek hausnartu. Erabaki horiek oso bideratuta daudela ikusarazi ikasle zein irakasleei eta eredu berriak aurkeztea oso beharrezkoa da. 12 urterekin dagoeneko, ikasle askok nahiko mugatuta izaten dute haien etorkizuneko ikuspegia. Hezitzaileon ardura da ikasleei beste aukera batzuk bistaraztea eta eredu berriak sortzea.

2017/01/26

MOLDATU, ORDEZKATU ETA SORTU



Eta horretarako orduak behar ditugu. Formakuntzarako nahiz materiala lantzeko. Hasteko ikastetxeetan kontzientziazioa falta da, azken 7 urteetan ezagutu ditudan Nafarroako Bigarren Hezkuntzako institutuetan, lehenik eta behin kontzientziazioa falta da. Irakasle askok ez dute uste erabiltzen den materialetan arazorik dagoenik, sexismoa edota androzentismo zantzuak daudenik. Beraz, lehenengo indarrak irakasleak formatzen eman beharko liratezke. Ondoren orduak egon beharko lirateke momentu horretan erabiltzen diren materiala ikuspegi hezkidetzailetik aztertzeko eta azkenik, moldatu, ordezkatu eta sortzeko ere orduak beharko genituzke. Nafarroan eta Bigarren Hezkuntzak nire esperientziatik ikusten ditudan hutsune eta behar nagusiak dira hauek.  

Formakuntza estrukturala
Arrazoi beragatik da oso zaila sistematikoki Curriculuma ez hezitzailea izatea, administrazioetan ez delako lehentasuna eta ez delako nahikoa indar eta baliabide eskaintzen honi benetako buelta emateko. Norbanakook gure kabuz, gure diruz eta gure ordu libreetan formakuntzak egitea oso baliagarri eta interesgarria da, baina formakuntza hauek sistematikoki guztion eskura jartzen ez diren bitartean ezingo da sistematikoki Curriculum hezkidetzailea lortu.

Prebentzioa
Iazko post hau oso interesgarria iruditu zait, prebentzioaz hitz egiten duelako eta nire ustez, irakasleak kontzientziatzeko modurik eraginkorrena horixe izan daiteke. Jakitun izan behar gara gure ardura ere badela ikasleei bazterketarik gabeko hezkuntza ematea eta guneak sortzea. Prebentzioa landu behar dugula, ikastetxeetan alegia.



2017/01/19

Partaidetzaz bi hitz




    Parekidea
           Askea
              eRraztu
            apurTu
                      Aukerak eman
                            I dentifikatu
                                   Denborak kudeatu
                                         Eredu berriak landu
                                       arau Tu
                                                     Zabaldu
                                                           Amestu

Iazko lana
Honako lana aukeratu dut, batez ere, bertan aipatzen duen elkarrizketak dioena oso ineteresgarria dela uste dudalako.
“Emakumeek gehiago erakutsi behar dutela ikusten dute, eta nekatzen dira”
Oso interesgarria iruditu zait honako hausnarketa hau eta gure ikasgeletan askotan gauza bera gertatzen da, ikasle neskek gehiago demostratu behar izaten dute eta nekatuta egoten dira.

Neure inguruan:
Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan azken urteetan ikusi dudanagatik, oso esanguratsua da nola “boluntarioki” hitza hartzen dutenean mutilek askoz gehiago parte-hartzen duten. Neskek normalean segurtasun handia izan behar dute esaten dutenaren gainean eta neska batek “tontokeri” bat esatea askoz ere zigortuago egon ohi da. Gauza bera gertatu ohi da gizartean, oro har. Herri batzarretan eta horrelako guneetan urte askotan bizi izan ditut honelako egoerak. Baina, parte-hartzea antolatuz, denborak eta espazipoak arautuz emaitzak lortzen dira.

Parte-hartzea kkontabilizatzen hasi naiz aurten nire klaseetan DBH eta Batxilergoko klaseetan, emaitzen inguruko hausnarketa ikasleekin konpartitzeaz gain, horri buelta edo iraultzeko aukerak lantzen ari naiz lankide batzuekin. Parte-hartzeak mugatuz eta “eskua altxatzearen teknikari” buelta bat emanez adibidez. Pixkanaka, gauzak txikiak aldatuz, gauza handiak alda ditzakegulako. Ekin!

2016/11/16

 Jatorrak
 Askeak
 Indartsuak

  Parekideak
  Alaiak
kRitikoak
  Eraikitzaileak
  Kalekoak
  I raultzaileak
  Denonak
  Eraldatzen direnak
  Ausartak
  Komunikatzaileak

Ezagutzen duguna zalantzan jarri eta JAI PAREKIDEAK eraiki behar ditugu. Oso garrantzitsua iruditzen zait nahiko zabalduta dagoen ohitura ezin aldakor horien gainean ahalik eta aldaketa gehien egiten hastea. Atzera joz, eta benetan, atzera jota zer egiten zen aztertuz eta gaurkora moldatuz. Jai askeak eraikiz. Egunerokotik "ihes" egiteko lagungarri zaizkigun jai hauek guztiak, egunerokoan borrokatzen dugun mundu aske eta parekideagoaren isla izan daitezela. Eredu bilaka ditzagun eta emozietatik askatasunez ongi pasatzen ikas dezagun. Horren errotuta ditugun patriarkatuaren jaiak irauli behar ditugu badugu nondik hasi edo jarraitu lanean. 
Ikastetxeetan ospatzen ditugun jaietan beste eredu batzuk eraikitzen hasi beharko ginateke, dagoeneko ospatzen diren jaiak ikuspuntu feministatik berdiseinatuz eta berriak sortuz. Tokian tokiko ospakizunei garrantzia emanez eta prestakuntza eta diseinu garaiak hasunarketarako erabiliz. Prozesu guztia eraikitzailea eta parekidea izatea bermatuz. 

2016/10/04

NIRE AURKEZPENA (ANE AZURMENDI)

Askotan ez da erraza zeure buruaz hitz egitea, orduak ematen ditugu, hau honelakoa da... Honek hori hobetu behar luke eta hura beste hontan oso ona da esaten, argudiatzen... Batez ere, guk irakasleok. Eta ausartuko naiz esaten nire zazpi urteko esperientzi honetan, ikusi/entzun/esan dudanean oinarrituta, gehiago izaten direla kritikak eta kexak entzun/esan ditudanak, ikasleen ezaugarri onak goraipatu beharrean... Eta hori da, hain zuzen ere, ni hemen egotearen arrazoietako bat. Urtetik urtera gero eta nazkatuagoa nago ezaugarri on horiek guztiek ezkutatzen dituen hezkuntza sistema honetan lanean; eta horrek eraman nau, formatzera, eta ikaskuntza prozesuak beste modu batera egin daitezkeenaren uste zintzora, eta norbanakoen desberdintasunak areriotzat dituen sistema honen aurrean beste “zerbait” eraikitzeko gogora.


Nik kolorinetakoa naizela esango nuke. Gorria eta morea naizela esatea gustatuko balitzait ere... Batzuetan marroia eta grisa naiz eta beste batzuetan arrosa eta horia. Zuria baita ere, nahiz eta hori oso gutxitan gertatzen zaidala esatera ausartuko naizen... Oso espresiboa naizela baitiote ezagutzen nautenek. Eta egia esan, askotan izan ditut arazoak gehiegitan pentsatzen dudana esaten dudalako eta ez beti behar lukeen modu onean. Hala ere, normalean, alaia izaten naiz, haserretzen eta tristetzen ez naizenetan behintzat. Eta nire ezaugarrietan, nire bizitzaren garapenean garrantzia handiena izan duena LOTSATIA esango nuke. Duela 15 urte inolaz ere, ez nintzateke ausartuko hemen, nitaz hainbeste eta hain garden idaztera. Baina, kontuak nola diren, barne lanketa bidez eta batez ere, ni bezain lotsatia zen lagun baten laguntzaz lotsa asko eta asko gainditu ditut. Beste batzuk ez ordea. Bizitza luzea izatea espero dut eta bidean gainditzen jarraitu behar... 


Animalia bat banintz ere arazo bera nuke... Ezin batekin konformatu, eta erreflexio honek beste ezaugarri batera nakar, nahita ez, inkonformista naiz, jaiotzez... Edo gogoan dudanetik behintzat... Txoria izatea maiteko nuke, oso gaizki kantatzen dudan arren. Hegan egitea gustoko baitut. Taldean egoten diren animalia bat ere izango nintzateke, taldearen babesa eta konpainia zalea bainaiz, ardia edo behia esaterako. Talde hauetan, segurtasuna bilatu ohi dut eta horretarako guztiek begirunea eta enpatia izatea eskertzen dut eta ni ere hori ematen saiatzen naiz Eta batzutan, astoa, oso baldarra eta burugogorra izateko joera dudalako... Baina, nik txoria nahiago dut, hegaztia, bidaiatzea deskubritu nuenetik, bidaiek bakarrik ematen didaten askatasunaren menpe nagoelako, nire bizitzatik ihes egitea gustoko dudalako, gero pozik atzera itzultzeko. Edo, bizitza beste perspektiba batzuetatik ikusteko. 




Eta, idaztea gustoko dut, berehala sekulako zurrunbilotan sartzen naiz eta neure burua askatzeko beti bidaiatzen aritzerik ez dudanez, idazteak eramaten nau, bai barrura eta baita oso urrutira ere. Eta batzutan, nire koadernoek laguntzen ez nautenean, musika dantzagarria jartzen dut etxeko ordenagailuan eta bakarrik dantza egiten dut edo kantautore tristeren bat jartzen dut negar egiteko premia dudanean eta zergatik ari naizen ez dakidanean. Edozerekin hunkitzeko gai naizen egun horietan. 

Orain, ikasten jarraitu nahi dut eta irakasle lana utzi nahi dut eta proiektu berri batean hasi nahi dut, sinesten dudan zerbaitetan lanean, gustoko dudan zerbaitetan.