#eiderom etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#eiderom etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/03/14

ASKE IZAN GAITEZEN!


Emakume erailak eta sexu-erasoak egunkarietako ohiko albistea dira zoriotxarrez. Hori bakarrik oso grabea iruditzen zaigun arren, indarkeria matxista ez da bi gertaera horietan bakarrik oinarritzen. Atzetik, izkutuan, beste hainbat zapalkuntza mota ere existitzen dira: mespretxuak, mehatxuak, irainak, xantaila emozionalak, kontrol ekonomikoa, umilazioa, …

                                                                          Eguneroko mikromatxiamoak

Eta zein da gizonen papera arazo hau konpontze aldera?

Pasa den asteko greban gizonek gatazka honi aurre egiteko zertan lagun zezaketen galdetzen zuten, geldialdian parte-hartze mugatua izateak debatea sortu zuelarik. Eman beharreko lehenengo pausua, haiek sistema matxista honetan ondorio negatiboak jasan eta sufritzeko arrazoiak izan ditzaketen identifikatzea da. Era berean, maskulinate berriak egon daitezkeela eta haiek aukeratzeko askatasuna dutela jakitea da garrantzistua. Iaz Olatzek  idatzi zuenaren harira maskulinitate eredu berriak aldarrikatzeko ausardia eta boterea erakutsi behar dute gizonek. Helburu hau lortzeko, Olatzek iazko postean Eusko Jaurlaritzaren “Gizonduz proiektua” (http://gizonduz.blog.euskadi.net/?lp_lang_pref=es) aurkeztu zuen bideo (https://www.youtube.com/watch?v=vLVinUhfCc0) baten bidez. Jardunaldi horietan maskulinitate berriak eta boterea landu ziren. Beste baliabide bat Emakundek 2009an argitaraturiko Gizonak emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean deituriko txostena da.  

Nola landu gai hau ikasleekin?

Aurten, 4.DBHko ikasleekin gai hau jorratu dugunean, Maialen Lujanbioren “Beti Bezperako Koplen” bidez egin dugu. Kopla hauetan, indarkeria matxistaren adibide anitzak agertzen dira. Esate baterako, sexu-eraso zein bortxaketak, bikotekidearen jipoi eta irainak, erailketak eta emakumeek sentituriko beldurra. Kopla hauetan agerturiko metafora guztiak aztertu zituzten ikasleek. Gainera, estrofa bakoitzean azaldurikoa errealitateko adibide batekin lotu behar izan zuten, bertan adierazitakoa gure egunerokotasunean gertatzen dela konturatzeko. Hausnarketa-prozesu bikaina egin zuen taldeak.

Beti Bezperako Koplak - Maialen Lujanbio

Gero, Martxoak 8ko asterako indarkeria matxista erakusten eta salatzen zuten hainbat pankarta eta lelo egin zituzten.



 





















Arestian aipatu bezala, hezitzaileak bagabiltza lanean. Hala ere, bide luzea dugu aurretik. Gai hau eskolan, etxean eta jendartean landu beharraren justifikazioa erraz uler daiteke. 

  • Erailketak, bortxaketak, jipoiak eta bestelako eraso fisikoek ez luketelako mundu baketsu batean tokirik. 
  • Emakumeengan beldurra sortzen duen egoera honi terrorismoa ere deitu ahal diogulako. 
  • Zapaldurik eta mindurik sentitzen diren gizonak ere lagundu behar ditugulako, maskulinitate eredu berriak eraikiz.
  • Denon askatasuna eta burujabetza bermatu behar delako.
  • Ikusezinak diren arazoak erakusgarri jarri bihurtu behar ditugulako.

2018/03/12

Gatazkak betaurreko moreekin begiratu

     Veronica Goroskieta Solanok argitaraturiko Gatazken Ebazpena txostenean honela definitzen du aste honetan landu beharreko kontzeptua: Gatazka xede bateraezintasuneko, edo bateraezintzat sentitutako egoera da, eta maila pertsonalean, pertsona artekoan eta taldeen artekoan gertatzen da.

  Era berean, gatazka bat aztertzen dugunean, beronen faseak aipatzea ezinbestekoa da: gatazkaren aurretik, gatazka gertatzen den bitartean eta gatazkaren ondoren. Hori hala izanik, garrantzitsua da gatazkaren kausak eta ondorioak analizatzea. Ondorioak edo emaitzak onak eta txarrak izan daitezke. Txarrak badira, gatazkak arazoan amaituko du. Aldiz, kudeaketa ona eginez gero, ikasketa positibo ugari lor ditzakegu. 

   Iaz Maite Magisteritzak idatziriko postean Saharako Gatazka genero ikuspegitik aztertzen duen artikulu bat aipatu zuen. Bertan, emakumeak gatazka belikoetan talde kaltetuena direla azaltzen da. Beheko bideoan ere, Sudaneko Hegoaldeko gudan emakumeek jasandako diskriminazio eta zapalkuntzak azaltzen dira.


   Bestalde, emakumeak dira guda baten ondoren gizartea berreraikitzeko indar handiena eskaintzen dutenak. Izan ere, errefuxiatuen esparruetan emakumeak izaten dira haurrentzako janaria lortzeko borrokatzen dutenak, eskolak berreraikitzen dituztenak eta zaurituak zaintzen dituztenak. 




    


    Arazo edo gatazka hauek mundu mailakoak dira, baina gure ingurunean ere maila txikiagoan gertatzen dira eta kontutan eduki beharreko gai bat da. Gainera, gatazka guzti horiek genero ikuspegitik tratatuak izan behar dute. Adibide gisa, Zaharren Egoitzetako gatazka da.


    



Egunerokotasunean sortzen diren Gatazkak Konpontzeko Estrategia izena duen txosten honek irakasleak bizikidetzan trebatzeko materialak biltzen ditu.

Amaitzeko, etorkizunean landu beharreko erronkak hurrengoak dira: 

- Gatazken ondorio positiboak goraipatu, negatiboak desagertaraziz. 

- Eskoletan denon arteko elkarbitzitza sustatu, Bizikidetza Behatokietan irakasleak, ikasleak, gurasoak eta eskolako bestelako langileen arteko komunikazioa bultzatuz. 

- Eskolan ikasleen arteko lehiakortasuna ekiditu, denon parte-hartzearen garrantzia azpimarratuz.

- Gatazkak lantzeko eta irtenbideei buruzko hausnarketa egiteko denbora inbertitzea.

- Irakasleei gatazkak konpontzeko estrategiei buruzko formazioa eskaini.

- Edozein gatazka genero ikuspegiarekin jorratu. 

- Ikasleekin emozioak landu. 



2018/02/28

SEXUALITATEA ETA AFEKTIBITATEA ESKOLATIK BIZITZARA




EITBko Sexsua programako “Sexperientzia Ikastetxean” izeneko saioan Sexu-hezkuntza gaia lantzen du Jon Gomez aurkezleak. Bertan, eskoletan sexuaren gaia nola jorratzen den aztertzen da. Bideoan irakaskuntzan gaur egun ere hutsune handia dagoela aipatzen da. Ikastetxe gehienetan DBHn izaten dira sexuari buruzko ikastaroak. Normalean, kanpotik etorritako adituak dinamizatzen du saioa. Bideoan adibidez, DESIRAK izeneko sexologia eta generoari buruzko adituen taldea agertzen da. Horrela, Mireia Cifuentes sexologoa ikasleekin hitz egiten agertzen da. Deigarria iruditzen zait, horrelako saioak kanpoko pertsonek ematea. Hare gehiago, horrelakoetan irakasleak gelaz kanpo egotea eskatzen da, gazteek askatasunez hitz egin dezaten. Baina ez al da horrela tabu bihurtzen? Ez litzateke gaia normalizatu beharko, denon artean naturaltasunez hitz eginez? 
Bestalde, uste dut txikitatik landu beharreko gaia dela. Horregatik, EHUn eskaintzen den Lehen Hezkuntzako Graduko ikasgaiak arakatzen hasi naiz. Nire sorpresarako, ez dago sexuari buruzko ikasgairik. Beraz, etorkizuneko irakasleek gai honi buruzko informaziorik jasotzen ez dutela konturatu naiz. Bideoan agertzen den unibertsitateko irakasleak dioenarekin ados nago. Izan ere, bere aburuz, sexualitateari eta afektibitateari buruz hitz egitea ezinbestekoa da eskolan. Baina, ez kanpoko jendeak landuta, curriculumeko zeharkako lerro bezala baizik. Gaur egun, ikasleek baino, kanpoko formakuntza irakasleek jaso beharko luketeela uste dut, gero hauek beraien ikasgaian txertatzeko.


Eskolan lantzeko baliabide egokia Steilas sindikatuak 2015ean argitaraturiko Genero eta aniztasun sexualerako gidaliburua da. 



Badira ere ikasleak erakartzeko arlo honi buruzko filmak. Esaterako, El color pĆŗrpura, Juno edo La chica danesa.

                                                             El color pĆŗrpura

                                                                          Juno

                                                                     La chica danesa


Lortu beharreko erronkei dagokienez, hurrengoak aipatuko nituzke:
  • Eskola komunitate osora gai honi buruzko formakuntza, sentsibilizazioa eta baliabideak zabaltzea. Gainera, irakasleon eta familien arteko elkarlana ere ezinbestekoa da.
  • Denon errespetua bermatzea, bakoitza den bezalakoa erakutsiz.
  • Gorputz ezberdinen onarpena, auto-onarpena barne. Gorputzen edertasunaren eredua apurtu.
  • Mitoak deseraiki eta gazteekin askatasunez luze hitz egin. 


Azkenik, Idoia Luzuriaga-k iaz idatziriko posta asko gustatu zaidala esan nahiko nuke. Izan ere, astean zehar  mitoen gaia landu arren, emakumeontzako oso garrantzitsua den mito bat mahairatzea falta zen. Hau, amatasunaren mitoa da. Amatasuna zoragarria dela saldu izan da beti, eta errealitatea beste bat dela eskolan ikasleekin jorratu beharko litzatekeela deritzot. 

2018/02/26

NOLA HELDU NAIZ NI HONAINO

    Aste honetako posta Onintza Enbeitak pasa den ostiraleko Berria egunkarian idatziriko  ISTRIPUA izeneko artikuluarekin hasi nahiko nuke. Bertan jaio garen toki, garai eta moduaren arabera, era batekoak ala bestekoak izatera kondenatuak garela dio. Halaber, kondena hori ez du istripu bezala hartzen, kulturalki sorturiko zapalkuntza dela dio. 



   Iazko posten artean arakatzen ibili ondoren, Maite Magisteritza-k idatzirikoa aipatu nahiko nuke egin duen hausnarketa  asko gustatu zaidalako. Berak dio sailkatze zorrotzaren beharrak elkarbizitzari min handia eragiten diola eta guztiz ados nago. Horren harira, ezinbestekoa da denon egoera entzun, ulertu eta errespetatzea. Hurrengo bideo hau sistema binarioa azaltzeko dagoen bailabide bikaina dela deritzot.


     Laburra da eta oso bisualki azaltzen du aniztasuna. Nerabeekin lantzeko aproposa dela deritzot. Bertan kontzeptu ezberdinen esanahia jasotzen du: sexu biologikoa (jaiotzetik naturak ematen diguna), sexu identitatea (zer sentitzen garen), sexu orientatzioa (ditugun nahi edo desirak) eta genero adierazpena (gizartean ezarritako rol eta estereotipoek zehazturikoa). Gainera, kontzeptu guzti horiek dituzten aukera anitzak erakusten ditu, era sinple eta ulergarrian azalduz.

   Astean zehar egindako ibilbidearen ondorioz sorpresa izan da nire buruarekiko dudak eta ziurgabetasunak sentitu izana. Izan ere, sortu zaidan zalantza zera da, nolakoa izango nintzateke ni sistema heteropatriarkal honek ezarritako estereotipoen menpe jaio ez banintz? eta zer egin dezaket ondorengoek nire adinean duda hau ez izateko?

   Jakinmina sentiarazi didate irakurgaian aipatu izan den Josebe Iturriozen hitzek. “Sexua eta Generoa” bideoan kontzeptu bi hauen arteko ezberdintasuna azaldu ondoren, “Pertsona Transgeneroak” nortzuk diren eta nola sentitzen diren adierazten du. Gainera, deigarria da pertsona horiek aldaketak jasateko jasotzen duten tratua instituzioen aldetik. Izan ere, ebakuntza bat egin baino lehen osasuneko psikiatria sailetik pasatu behar dira, zoroak izango balira bezala. Azkenik, “Generoa estetikan oinarritutako diagnostiko medikua da” bideoan, genero identitate ugariak egon daitezkeela azaltzen du. 



    Hortaz, zeintzuk dira nire buruari eta inguruari botatzen dizkiodan erronkak?
  • Instituzioen partetik laguntzak eta babesa eskaintzea. 
  • Gure egunerokotasuneko elkarbizitza denon artean zaintzea, urkoa errespetatuz.
  • Gure gorputzei askatasuna ematea, albokoak dioenari so egin gabe.
  • Nire gorputzari gehiago entzun eta kasu egitea.
  • Rolak eta estereotipoak apurtzera ausartzea, berauek deseraikiz.
  • Irakasleok eredutzat jardutea eta hezkuntzan zein curriculumetan genero eta sexu aniztasuna bistaratzea.

    Erronka guzti hauek garatzeko, jendeari ahotsa eman behar zaio, jendeak dioena entzun behar da. Eta horretarako bide egoki bat da Lesbianen ahotsa entzuten hastea.



  Azkenik, Kattalin Minerren “Nola heldu naiz ni honaino” liburuaren gomendioarekin agurtzen naiz gaurkoan. 



2018/02/16

ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

     Identitateak norberak bere buruaz egiten duen pertzepzio subjetibo eta eraikuntzari erreferentzia egiten dio. Dena den, aukeraketa hau era askean egitea ez da beti erraza izaten. Izan ere, gizartean erroturik dauden ohitura eta usteak aldatu behar dira aniztasunari bere bidea emateko. 

                                  Sexu-aniztasuna eta genero-identitateei buruzko mahai-ingurua. 

      Jaiotzen garenetik sexuaren arabera sailkatzen gaituzte, eta hazten garen heinean, sexu bakoitzari genero baten loturaren garrantzia goraipatzen digute. Ez da gure izaera edo jokaera bakarrik markatzen, gure maitatzeko modua ere ezartzen da. 

        Sistema heteropatriarkatua deseraikitzeko, sendotutako kontzeptu pila desikasi behar ditu gizarteak lehenik eta behin. Eta nola lortu hau? Hezkuntzari so eginez, genero-identitatearen eraikuntza aniztasunaren ikuspuntutik begiratzen ikasteko, haurrak txiki-txikitatik horretan heztea ezinbestekoa dela esan daiteke. Jolas ezberdinak proposatzen dituen baliabide  honek Haur Hezkuntzako ikasgelan erabiltzeko estrategia ezberdinak azaltzen ditu. 

         Honi lotuta, Heziberri 2020k proposatzen duen curriculuma aztertzea garrantzitsua da. Identitatearen garapenari dagokionez, hurrengoa da esaten duena: “Aitortu beharrekoak dira aniztasun afektibo-sexuala eta kulturala, bai eta genero- eta kultura-nortasun malguak eta askotarikoak ere, eta zalantzan jarri behar dira kultura-, genero- eta sexu-nortasunagatik desberdintasuna sustatzen duten ereduak.” Errealitateak aldiz beste gauza bat erakusten digu. Inguruan aztertu ditudan aurrera-pausuak zoritxarrez ez dira ugariak izan. Bigarren Hezkuntzan lan egiten dut eta edukiek garrantzi handiagoa dute ikasleen bestelako ardurek baino. Gainera, berriro ere irakasleen formakuntzan hutsune handia dagoela deritzot. Irakasleok sistema matxistan hezituak izan garenez, gizartearen aldaketetara egokitzeko Hezkidetzari buruzko gaiak berrikasi beharko genituzke. 

     Gurasoek ere gauza asko dute desikasteko. Amelia Barquinek Argia aldizkariari egindako elkarrizketa batean dioenez, seme-alabak “bideetatik” ateratzen direnean arduratzen dira gurasoak. Batzuetan, gurasoetako batek aldaketa onartzen ez duelako, eta beste batzuetan, onartu arren, besteen erreakzioen beldur direlako. Horrek gizarte osoan dagoen hutsunea azaleratzen du. 

    Identitateak norberak bere buruaz egiten duen pertzepzio subjetibo eta eraikuntzari erreferentzia egiten dio. Dena den, aukeraketa hau era askean egitea ez da beti erraza izaten. Izan ere, gizartean erroturik dauden ohitura eta usteak aldatu behar dira aniztasunari bere bidea emateko

   Sexua eta generoari buruzko bestelako ikasketa interesgarri bat hurrengoa da: Koherentzia ala kontraesana? 

 Amaia Chueca-ak iaz idatziriko posta ikaragarri gustatu zait, Mikel Laboaren kantarekin egin duen metafora oso ona iruditu zaidalako. Haurrei identitatearen hegoak mozten badizkiegu, guk nahi dugun modukoak izango dira. Baina ez dute beraiek askatasunez hautatutako identitatea garatuko. 


2018/01/25

Curriculumak eraldatzen

    

       Mundua eguzkiaren inguruan biraka dagoen heinean, munduak berak ere ehundaka buelta ematen ditu. Ez bere buruarekiko itzuliak bakarrik, baita bira teknologiko, ekonomiko, sozial, eta abarrak ere. Hezkuntza bira horietara egokitzen saiatzen da metodologia eta baliabide berriak bilatuz. Hori hala izanik, erronka berri bat agertu zaigu azken aldian, emakume eta gizonen arteko berdintasuna. Aspaldiko kontua den arren, eta historikoki hainbeste pausu emanda egonda ere, munstroari begietara begiratu eta berau suntsitzeko ordua da. Beraz, hau eskolan barneratzeko aukera bat curriculumak aldatzea da.

   Emakundek 1997an argitaraturiko Ikastetxearen hezkidetza-eredua egiteko Gidan, hezkidetza ikuspuntu soziologiko, psikologiko, pedagogiko eta epistemologikotik aztertzen du, hezkuntzako arlo guztietan gai hau landu beharra erakutsiz.

Hala ere, hezkidetza curriculumean barneratzeko helburua duten ikastetxeek, zenbait oztoporekin egiten dute topo. Irakasleek adibidez, ez dute gai hau lantzeko formazio nahikorik. Horregatik, ezinbestekoa da irakaslegoari hurrengo bideoan ageri den bezalako ikastaro berriak eskaintzea.



Beste alde batetik, horma ekonomikoa aurkitzen dugu. Curriculumak eta baliabideak aldatu, proiektu berriak sortu eta ikastaro zein tailerrak garatzeko dirua behar da. Argi izan behar dugu, eskolan hezkidetzan erabilitako dirua gizarterako inbertsio baliagarria dela. 

Azkenik, irakasleen arteko desadostasunak ere existitzen direla esango nuke. Beraz, ezinbestekoa da zentruko zuzendaritzak hezkidetza lerro batzuk diseinatu eta baliabideak eskuragarri jarri behar dituela, denok norabide berean borroka dezagun.

Iaz Leirek idatzitako postean, 2014ean Gasteizen egindako hezkidetzari buruz egin zen ikerketa bat aurkeztu zuen. Uste dut, ikastetxe guztietan egin behar den diagnosia dela, beranduago estrategia zuzenak diseinatu ahal izateko.


Amaitzeko, lan egiten dudan ikastolako irakasle talde batek sorturiko proiektuaren berri eman nahiko nuke, baliabide pedagogiko bezala, oso polit eta egokia iruditzen zaidalako.  

2018/01/22

Ikusiz ikasi, aldaketari ekinez irabazi

Egunero klasean ikasleen parte hartzea bultzatzen saiatzen gara irakasleak. “Esan zuen iritzia”, “zer uste duzue honi buruz?”, “kasu honetan zeinen alde egingo zenukete?”. Bat-batean mutil askok hitz egiteko nahia azaltzen dute, neskak isilik geratuz. Denon partaidetza ezinbestekoa den arren, emakume eta gizonen arteko desoreka nabaria da ikasgelan. Eskola gizartearen islada denez, kolektibitatean gertatzen dena aztertzea ezinbestekoa litzateke. 

Parte-hartzea indibiduala zein kolektiboa izan daiteke. Kolektiboa pertsona talde batek elkarrekin lan egiten duenean gertatzen da, denek helburu amankomun baten alde jokatzen dutelarik. Historikoki, emakumeen rola, umeen zaintza eta etxeko lanen arduradunarena izan da soilik. Gizonek aldiz, lan egiten zuten, erabakiak hartzen zituzten eta elkartzeko eskubidea zuten. Txokoetan edo tabernan aisialdi denboran edo lantokian jornada laboralean, gizonek elkartzeko, ideiak partekatzeko eta taldearen parte izateko sentimendua lor zezaketen. Emakumeak aldiz, elkartzeko eskubide hori ukatuta izan dute beti, beraien zeregina beste bat dela sinestaraziz. Hori hala dela, beti izan dira gizonezkoak agintea bere esku zutenak, emakumeak isilik mantendu behar zirelarik.

Eta XXI. mendean gauden heinean, hobetu al da egoera? Ba, aste honetan egunkarietan agerturiko berria irakurtzea besterik ez dugu errealitatea zein den ikusteko. Jaiotza tasa bultzatzeko egindako politiken berri ematean, bost gizonezko agertzen dira argazkian. Alde batetik, emakumeak guraso izateko duen garrantzia ez da kontutan hartzen, gizonek soilik harturiko erabakia delako. Eta beste alde batetik, askotan aipaturiko kristalezko sabaia politikan ere badagoela oso nabaria da, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria, lurralde historiko bakoitzaren diputatua eta Eudeleko presidentea gizonezkoak direlako. Aginteak gizonezko itxura duenaren seinale da, eta haurrek ere hori izaten dute eredu. 



Gizartea eta mundua aldatzeko, hezkuntza aldatu behar dugunez, Gurekin bada, izango da proposamen didaktikoa, aldaketa horren baliabide gisa erabiltzea baliagarria izango litzatekeela uste dut. 


Amaitzeko, iazko posten artean arakatzen ibili ondoren, Maite A. S.-k idatzirikoa plazaratu nahiko nuke, Valentina Tereshkova-ren hurrengo esaldi ederra agertzen baita: 


“Hegaztiek hegal bakar batekin hegan egin ezin duten bezala, espaziorako hegalaldiek ez dute aurrera egingo emakumeen parte hartze aktiborik gabe”. 

2018/01/14

ESKOLAK EZ DIRA MUNDUTIK APARTEKOAK

Ikusi makusi, zer ikusi? Gizon bati omenaldia egiteko bere izenean jarritako kalea, eskoletako patioetan futbolera jolasteko porteriak, historian zehar ekarpenak egin dituzten gizonen aipuak, … eta emakumeak? Izkutakerata jolasten al dabiz? Ez, emakumeak izkutatuak izan dira. Nola izkutatuak? Non izkutatuak? Ba hirian eta eskolan izkutatuak. Izan ere, aipatzen ez dena ez da existitzen. 



Euskadi Irratiko saio batean Miren Vives eta Patxi Galarraga arkitektoek diotenez, gure inguruko hiri gehienak maskulinoak dira. Hau da, bere egiturak betidanik gizonari egotzi zaizkion lan produktiboetan du oinarri. Horretagatik, hirien erdigunetan errepideak eta bulegoak kokatzen dira. Aldiz, historikoki emakumeen beharra izan den lan erreproduktiboa bigarren maila batean geratu da, esaterako parkeen eraikuntza. Hori moldatze aldera daude hainbat hiri, plangintza berriak sortuz. 

Bi arkitekto hauek eskoletako jolastokien egitura ere aztertu dute, eta beraien aburuz, mutilen jolasek dute presentzia handiagoa. Ikastetxeetan, futbolera jolasteko marrak ikus ditzakeguz lurrean, eta hori hala dela, lehentasuna ematen zaio jolas horri. Beraz, beste denbora-pasen indarra galdu egiten da. Mutilek futbolean jokatzeko jolastokiaren zatirik handiena betetzen duten heinean, neskak izkina batean egoten dira mugimendu errepikakorrak dituzten jolasak burutzen, besteak beste, soka saltoka. 

Baina nola izan daiteke hau eskolan Hezkidetza proiektuan sakonki barneraturik bagaude? Sarritan, Curriculumean aldaketa txiki batzuk egitearekin nahiko dela uste dugu. Ikasgelan, umeek zuzena eta okerra zer den ikasten dute. Baina txirrinak jo eta korrika jolaslekura irteten direnean, errealitateak berdin jarraitzen duela ikusten dute. Hori, gizarteko egunerokotasunaren islada da. Izan ere, lege berdinak ditugulako, berdintasuna emantzat hartzen dugu. Beraz, gizartean bezala, eskolan ere, arlo guztiak aztertu eta identifikatutako arazoak errotik eraldatu behar ditugu.

Afera honi konponbidea emateko idea bikainak izan dituzten bi adibide daude, sentsibilizaziorako interesgarria izan daitezkeenak:
  • Zaldupe eskolan fultbolik gabeko jolasorduak proposatu ziren.
  • Rosan Bosch arkitektura estudioak Aarhur daniar hiriko Skade Eskolan jarduera  fisikoan oinarritutako jolastokia diseinatu zuen.

Aurreko edizioetako postak irakurri ondoren, Edurnerena aipatu nahiko nuke, espazio fisiko eta birtual ezberdinetan jasotzen diren sexismoak azaltzen dituelako. 

Azkenik, eremu hezkidetzailean landu beharreko erronkak azaltzea ezinbestekoa da. 
Lehenik eta behin, emakumeari munduan bere espazioa eman behar zaiola uste dut. Beraz, hirietako puntu ilunak identifikatu eta desagertarazi behar dira. Gainera, plazen zein kaleen izendegietan gizonei egiten zaizkien beste omenaldi egin behar zaizkie emakumeei ere. 


Beste alde batetik, umeei “politikoki zuzenak” izatera bultzatu beharrean, benetan gizarte aldaketa baten beharra dugula azaldu behar zaie. Horretarako, ikasgaien curriculumak aldatzeaz gain, arlo guztietako eraldaketa egitea garrantzitsua da. Era berean, jolasorduetako jolas sexistak desagertu eta aukera anitzak daudela erakustea da bidea. 


               Amaitzeko, Maddalen Arzallus eta Miren Amurizak haien amei eginiko omenaldi txiki bat gogorarazi nahiko nuke, askotan amen lan eta beharrak ere izkutuan geratzen baitira.