#María etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#María etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/04/21

BUKATU DA, BUKATU DA…

Iritsi da ikastaroaren amaiera eta pena eta dena ematen dit!!!
Ikastaro honek nire bizitza pertsonaleko momentu berezi batean harrapatu nau, nire alabaren jaiotza. Nahia urriak 1ean jaio zen eta hasieran duda ugari izan nituen, ea ikastaroa aurrera eramateko gai izango nintzen, hain ume txikia izanda. 

Baina hasi nintzenetik, ikastaroak poliki-poliki engantxatu ninduen eta jarduerak oso gustora egin ditut. Eta orain ikastaroa bukatu dela, gehiago egiteko gogoa dut... Ikasteko, desikasteko, partekatzeko gogoa!

Asko ikasi dudala uste dut eta bai maila pertsonalerako bai profesionalerako etekin handia aterako diodala uste dut. Hurrengo urtean, Berritzegunean lan egiteko aukera izaten badut, ikasitako guztia martxan jartzeko aukera izango dut eta horrela ez bada, eskoletan lan handia dagoela agerian gelditu da!
Neska baten ama bezala ere, erantzunkizun handia dugula  iruditzen zait, estereotipo sexistatik kanpo hezitu dadin eta modu askean garatu ahal izateko, ahalduntuta,  inongo mugarik gabe, beldurrik gabe, etiketarik gabe…
Oraingo honetan, “Liher”taldearen abesti bat utzi nahi dizuet. Taldearen azkeneko diska, indarkeria matxista salatzeko, fikziozko istorio batean oinarritu dutena, kontakizun moduan abesti desberdinen bidez.

Diskak “Hemen herensugeak daude” du izena. Abesti bat uzten dizuet.

Teloia:
Taldeari egindako elkarrizketa bat Covid19 zela eta:
HEZKIDETZAN ESKU HARTZEN ikastaroari hiru hitz hauek lotuko nizkioke:
Ikastaroa oso positiboa izan da zentzu guztietan eta ikastarokideekin egon den giroa ere oso atsegina izan da. Denek aportatu ditugu gauza pila bat eta argi gelditu da elkarlana oso aberatsa dela. Hemendik eskertu nahi diet ikastarokide guztiei izan duten inplikazioa eta eskeinitako baliabide, iritzi eta ideia guztiak, oso baliagarriak izan baitira bide hau eraikitzeko orduan.
Ikasi dudan gauza bat, inor ez dagoela sexu-genero sistemak ezarritako arauetatik aske eta denok daukagula asko desikasi eta berriz ere ikasteko. Eta lan handia dugula aurretik!!! Norbaiti hezkidetzaren inguruan interesa piztu baldin bazaio, inongo dudarik gabe esango nioke ikastaroa egiteko. Pila bat ikasten da oso modu praktiko eta amenoan, eta maila pertsonalean ere oso aberasgarria da. Gainera, baliabide ugari elkar partekatu ditugu denon artean: bideoak, argazkiak, artikuluak, gidak, liburuak, estekak… Gure lanerako oso baliagarriak izango direnak. Hasieran esan bezala, orain ikasitakoa martxan jartzeko momentua da!. Beno, zeozer egiten hasi gara… eta argi gelditu zait gure ingurukoekin ere badugula asko egiteko, hau da, lagun eta familiakoen artean adibidez, horiekin ere esku hartzeak egin behar ditugula. Eta espero dut, hemendik aurrera, ikastaro hau egiterakoan piztu didazuen hezkidetzarako gogoak eta beharra, nik ere besteei kontagiatu ahal izatea. Agur esan baino lehen, bihotz-bihotzez eskertu nahi dizuet ikastaro hau posible egiten duzuen guztiei zuen dedikazioa, inplikazioa eta indarra, gozada bat izan delako ikastaroa egitea.
ESKER MILA GUZTIARENGATIK!!! LASTER ARTE…

2020/03/11

ERROMANTIZISMOA KALTEGARRIA DA!

Aste honetan, tratu onei buruz hausnartzen egon gara eta ikusi dugu nola ikasleak lagundu behar ditugun harremanak era parekidean eraikitzeko konpetentziak gara ditzaten. Aldi berean, eskoletan elkarbizitza positiboa eta kalitatezkoa eman dadin bermatu behar dugu.
Nire logoa, maitasunezko tratu onekin lotu dut eta Pepa Bojo psikologoaren hitzetan oinarritu naiz:

Aurreko edizioetatik  #ArgiñeALren posta aukeratu dut.
Primeran dagoela iruditzen zait. Oso sarrera egokia egiten du, aipu desberdinak txertatu ditu, baliabide eta esteka interesgarriz josita dago…
Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurreko urteko greba feministaren  hausnarketa-dossierra aipatzen du eta Ernaik dossier honi buruz egindako hausnarketaren bideoa txertatzen du, ideia hauek azaltzen direlarik:
Gure harremanek ere balore patriarkal eta kapitalistak erreproduzitzen dituzte. Lagunen arteko harremanez gain bikote harremanak ere aztertu dituzte. Azken horretan mikromatxismoak agerian uztea oso garrantzitsua dela adierazten dute, konsziente izan gabe jasotzen ditugun erasoak baitira.
Maitatzeko dugun eredu nagusia (bakarra) maitasun erromantikoa dela aipatzen dute, mendebaldeko pentsamendu hegemonikoa. Maitasuna, gure kulturan, jabetza zein kontrolarekin lotzen dela diote eta nola abesti, film eta abarrekoetan horrelako mezuetaz bonbardeatzen gaituzten: “zurea naiz”, “zu gabe ez naiz ezer”...
Ondoren, bideoa atxikitzen dut:

Hona hemen maitasun erromantikoari buruzko hitzaldia, Irantzu Varelak emandakoa:

Ikasleekin lantzeko aproposa izan daitekeen baliabidea,  asko gustatzen zaidan Amodio zintzoen gida izango litzateke. Honen bidez, maitasun erromantikoaren mitoak modu kritikoan aztertzen dira, indarkeria identifikatu dezaten laguntzen du eta baita erlazio osasuntsu bat nolakoa izan daitekeen argitzen du. Nire iritziz, oso herraminta baliagarria da ikasleekin landu ahal izateko.

Azken hau eta bizikidetza lantzeko beste material batzuk Nafarroako Hezkuntzaren orrialde honetan aurkitu ditzazkezue:

Eta nola ez, ezin dugu ahaztu BIZIKASI  ekimena, ikastetxeak elkarbizitza positiborako espazio seguruak bilakatzea helburutzat duena. Honetan baliabide ugari aurkitu ditzazkegu.

Ikasgelarako BAT materialak:
Hezkuntzan/jendartean lantzeko erronka desberdinak topatu ditzazkegu.
Orain arte aipatu dudanaren harira, maitasun erromantikoarekin bukatu eta horren azpian dauden eredu patriarkal eta hegemonikoak gaindituz. Honekin batera, zenbait indarkeria motak ikustarazi eta  detektatzeko  tresnak emanez.
Horretaz aparte, BIZIKASI ekimenaren bidez adibidez, eskolak elkarbizitza positiborako espazio seguruak bilakatzea.
Azkenik, emozioak lantzea enpatia, erantzunkizuna eta autoestimua bezalako baloreak garatu ahal izateko.

Bukatzeko, bideo polit bat:


2020/03/07

ASKE BIZI

Aste honetan indarkeria matxistari buruz hausnartzen egon gara. Nik gai hau askotan beldurrarekin lotzen dut, niri ere pasa zaidalako Izaro Andresek esaten duena:
“Gauez etxera bakarrik goazenean beldurra pasatzen dugu. Bakarrik goazela pausoak entzuten ditugunean, beldurra pasatzen dugu, eta azkar-azkar begiratzen dugu atzera automatikoki lasaituz datorrena emakumea bada. Bakarrik goazenean mutilen lagun talde baten ondotik pasatzean, beldurra pasatzen dugu. Egun  argiz edo ilunetan ez gara leku berera korrika egitera joaten, beldurra pasatzen dugulako. Giltzak atzamar tartean indarrez eramaten ditugu babes bezala, beldurra pasatzen
dugulako. Egiten duguna egiten dugula, dantza egin, kantu bat konposatu, bideo bat
publikatu... Badakigu jasoko ditugun erantzun guztien artean, erantzun sexualen bat ere
jasoko dugula”.
Baino oraingo honetan, logoa positiboa izatea nahi nuen beraz, hau da nire logoa:
Aurreko urteetako edizioetatik  #ItsasoGOren posta aukeratu dut,agian ere nik bezala, beldurra etorri zaiolako burura: “beldurrak generoa dauka”. 
Horretaz gain, ipuin tradizional eta Disneyren ipuinen azterketa aipatzen du. niri ere iruditzen zait gai polita izan daitekeela ikasleekin lantzeko eta hezitzaileok hausnarketa egiteko, kritikoki aztertuz ikasleei ipuin bat irakurri baino lehen, edo behintzak pentsatu zein helburuarekin kontatzen diegun. 
Martxoak 8ra begira unitate didaktiko batzuk ere proposatzen ditu. 
Eta pila bat gustatu zait Galeanoren bideoa, hemen txertatzen dudana berriz ere:

Ikasleekin lantzeko indarkeria matxisten aurkako lelo zehatz bat sortu . Nola, noiz eta norekin landu? 
Nik Lehen Hezkuntzan egiten dut lana eta beraiekin lantzeko oso aproposa iruditzen zaidan gaia da maitasun erromantikoa. Azken finean, entzun edo ikusten dituzten pelikula, ipuin eta bideoklipetan maitasun erromantikoa askotan azaltzen da eta nik uste, adin horrekin lantzeko gai egokia izan daiteke. Horretarako lelo hau aukeratu dut, laranja erdiaren mitoari buelta emanez:



3.zikloko ikasleekin landuko nuke eta San Valentin ordezkatzeko erabiliko nuke Alde batetik, maitasun erromantikoaren mitoei buelta emango genieke eta horretarako honen inguruko esaldiak aztertuko genituzke talde txikietan, gero talde handian eztabaidatu ahal izateko. Adibidez: -“Zu gabe ez naiz ezer”. -“Laranja erdia”ren mitoa: beste pertsonaren beharra osatuta egoteko… -“Maitatzen zaituenak negarraraziko zaitu”. -“Egiazko” maitasunak dena barkatzen du, dena jasan dezake. -“Dena eman behar da.” -“Maite nauelako sufriarazten nau”. -“Bikotea behar duzu zoriontsua izateko”. -“Jeloskor dago maite nauelako” -Etab. Horretaz aparte, zenbait ipuin tradizional komentatuko genituzke, emakume eta gizonezkoen paperak aztertuz, baita beraien arteko erlazioa ere : Edurnezuri, Rapunzel, Piztia eta ederra…



“Pepa eta Pepe”ren istorioaren kontaketa eta eztabaida puntu desberdinei buruz: kontrola, jeloskortasuna, lagunetatik aldentzea… Baliabideen gaian, istorio hau itzuli nuenez, euskarazko istorioa erabiliko nuke.


Maitasun erromantikoa eremu hezitzaileetan/jendartean landu beharraren justifikazioa honako hau izango litzateke: ikasleei genero-indarkeria identifikatzeko tresnak ematea, “maitasunez” mozorratuta dagoen indarkeria sotila batez ere. Gazte askok (baita helduak ere), indarkeria jotzearekin lotzen dute eta “Pepa eta Peperen” istorioan bezala, beste aurreko koska guztiak “normaltzat” hartzen dituzte. Bikote erlazio osasuntsu eta kaltegarrien artean dauden desberdintasunak erakutsi behar dizkiegu eta indarkeria matxista mota desberdinak identifikatzen lagundu: fisikoa, psikikoa, sexuala...



2020/03/01

GATAZKAK, BIZITZAREN PARTE

Aste honetako gaia “gatazkak eta trataera hezkidetzailea” izan da. Gai hau lantzeko orduan konturatu naiz, duela gutxi arte neukan “gatazka” hitzaren kontzeptua okerra zela. Hasiera batean, “gatazka” zerbait negatiboa bezala irudikatzen nuen. Gainera, gatazkak “eztabaidatzearekin” lotzen nuen, baino zentzu negatibo batean ere. Hiztegian ikertzen egon eta gero, “eztabaidatzearen” sinonimo bezala ere agertzen da “liskartzen”. Azkeneko hitz honek badu “borroka edo haserrea”ren esanahia bere baitan eta hau da agian nik buruan neukana: gatazka=liskartzea. Wikipedian arakatzen, beste hitz bat aipatzen du “debatea” eta hona hemen ematen dituen definizioak:
"Eztabaida gai batzuei buruz ikuspuntu, iritzi eta esperientzia desberdinak bateratzen dituen solasaldia da. Debatea, berriz, aurkako iritziak kontrajartzen dituen eztabaida mota bat da, arrazoi edo egia batera heltzea helburu duena; mutur horretara heldu gabe eztabaidak gai buruzko jarrerak argitzea du helburu, maiz iritzi desberdinak bateratu eta komunitatearen eraketan lagundu dezake ordea."
Beraz, nire burua aztertu eta gero, konturatu naiz gatazkak ez zitzaizkidala gustatzen hauek konpontzeko era negatibo batekin lotzen nuelako, hau da, liskarren bidez. 
Bakerako Hezkuntzarako Euskal Liburuan datorrenarekin gelditzen naiz: “bizitzak berezkoa du gatazka, elkarren arteko harremana bera da gatazka. Gizakiak behar-beharrezkoa du
desberdintasuna, eta horretan berezkoa da gatazka. Alde horretatik, gatazka ez da ez
negatiboa, ez positiboa. Positiboa edo negatiboa gatazka konpontzeko modua izango da;
hau da, pertsonek, desberdinak izanik, elkarren artean duten harreman mota”.
Gaur egun, beste modu batean ulertzen ditut gatazkak eta Galtung-ek duen gatazkaren ikuspegi positiboarekin bat egiten dut: “gatazka erronka da; azken batean, helburu bateraezinak edukitzea izugarrizko desafioa da bi aldeentzat,bai adimen aldetik, bai emozio aldetik. Horren arabera, beraz, gatazka gure izateari zentzua ematen dion arrazoietako bat da; aldaketaren arrazoia, aldaketarekin batera gertatzen den zerbait eta aldaketaren ondorioa; bizitza sozialerako ezinbestekoa; bizitzeko
arnasa hartzea bezain garrantzitsua”.
Aurreko edizioetatik  #leireairen posta aukeratu dut. Ikasleekin gatazkei buruz eztabaidatzeko bi bideo oso polita aurkeztu ditu. Horrez gain, beste bideo bat gatazka eta bizikidetzari buruz, baino esteka oker zegoenez, berriz ere bilatu dut eta hemen txertatzen dizuet:
 Horretaz gain, Jule Goikoetxearen Bakea ez da existitzen, feminismoa bai artikulua ere aipatzen du. Artikulua irakurtzea gomendatzen dizuet eta hemen zatitxo bat uzten dizuet: “Emakumeak ia egunero akabatzea NORMALA DA, demokraziaren funtzionamendu NORMALAREN PARTE DA eta emakumezkoak EGUNERO umiliatu, jo eta belaunaldiz belaunaldi sistematikoki periferian kokatzea BAKE EGOERA da. Emakumeek musu truk lan egitea edo gizonek laneguna bi bider egitea, gutxiago kobratuz, EZ DA GURE HERRIAREN GATAZKA POLITIKOA. Ez da konpondu beharreko gatazka NAGUSIA. Honetarako, ez dago nazioarteko batzorderik, gizonen desarmatze prozesurik, ez dago Eusko Jaurlaritzan Batzorde loteslerik: EZ DAGO GATAZKARIK. “Gatazka” (gerra, biolentzia politikoa) GIZONEN artean akabatu eta bortxatzen direnean gertatzen da. Eta “Bakea” GIZONEN artean akordio bat lortzen dutenean.”
Ondoren, baliabide interesgarri bat atxikitu du: Nafarroako Gobernuak argitaratutako Gatazka. Gatazkak konpontzeko materiala izeneko dokumentua.

Gai honek hezkuntzan duen garrantzia erakusteko bideo hau ekarri det. Honetan, Adriana Eskirozek Karrikaluzek antolatutako Hezkuntza Jardunaldien hitzaldian azalduko duenaren laburpentxo bat egiten du. Gatazkak, haurren bizi prozesu naturalaren parte direla, baina helduon elkarbizitzan zailtasunak dakartzatela esaten du.
Gatazkak bizitzaren parte direla dio eta haurrak, bere garapen prozesuan naturaltasunez bizi behar duen zerbait dela. Gatazkaren bidez haurrak dauka bere beharretaz ohartzeko aukera, badaki zer behar duen eta horren arabera, erabakiak hartuko ditu. Hau dena oso garrantzitsua da bere banakotasuna garatzen ari direlako, eta besteen aurrean haiek zeintzuk diren ohartzeko. Gatazken bidez besteen ikuspegia ulertzen joango da, hasieran egozentrismotik bakarrik ikusten duena, baina horretarako, gatazkak behar ditu.

Interneten arakatzen, gida bat topatu dut: “duIN!Gatazkak era baketsuan konpontzea. Hezitzaileentzako baliabide eta esperientzia praktikoen gida”. Honek, eskola esparruan hala hezkuntza ez formaleko guneetan, gatazkeei era positiboan aurre egiteko ezagutzak, esperientzia eta baliabideak eskeitzen ditu:

Ondoren Paco Cascon, gai honetan aditua, Gasteizeko kongresuan emandako hitzaldia:
Hemen “educar en y para el conflicto” txostena non Gasconek adierazten duen jendartea ez dagoela prestatuta gatazken kudeaketarako gaitasunean:

Bukatzeko, jendartean/eremu hezitzaileetan ditugun erronkak aipatu nahi nituzke. Nire iritziz, niri gertatu zaidan bezala beste hezitzaile askok ere gatazka modu negatiboan bizi dutela. Beraz, lehenengo erronka gatazkaren konnotazio negatiboa aldatzea izango litzateke eta gatazkak naturaltasunez bizitzea. Honekin batera, gatazkeei era egokian aurre egitea ikasi behar dugu, modu baketsuan, hezkidetzaren bidez. Horretarako, Hezkidetzako II.planak zutabe bat eskeintzen dio gai honi: 4. Gatazken eraldaketa baketsua, hezkidetzako elkarbizitzarako proiektuen bidez: "Elkarbizitzan genero-ikuspegia aplikatzea oinarrizkoa da indarkeria sexistari aurre hartzeko, indarkeria hori edozein delarik ere. Elkarbizitza positiboaren oinarria hezkidetza-plangintza behar du izan, hau da, errespetuan eta berdintasunezko harremanetan oinarritutako elkarbizitza behar du izan. Hezkidetzak harremanetan indarkeria prebenitzeko baliabideak, estrategiak eta ezaguera eskaintzen ditu. Harremanak aztertzean, estereotipo maskulino eta femeninoekin lotutako nortasun-eraikuntzekin zuzenean lotutako jarrerak, rolak, pentsamenduak, emozioak edota balioak daudela ikus daiteke. Maiz, estereotipo horiei erantzuten ez dieten pertsonak zigortu egiten dira, eta eskola-jazarpena ere paira dezakete. Elkarbizitza positiboaren oinarria pertsonen arteko zaintza da, genero-estereotiporik gabekoa, tratu txarrak prebenitzeko tratu ona, bazterketaren aurrean talde-kohesioa, berdintasunezko lidergoak indartsuenaren tiranien aurrean... Berdintasuna eta hezkidetza oinarri hartuta eraikiko ditugu elkarbizitza baketsua, berdintasunezkoa eta enpatikoa lortzeko ikastetxeak.
Lehen Hezkuntzarako adibidez, honako hauek proposatzen ditu: -“Enpatiaren” kontzeptua ikastea, praktikan jartzea. -Gatazkak eragiten diguna aztertzea. -Irtenbide baketsuak bilatzea, eztabaidatzea, talde gisa eta gizabanako gisa zaintzea, gure emozioak eta emozio horiekiko gure erreakzioak ezagutzea. -Gainerako pertsonen espazioa eta gauzak errespetatzen ikastea. -Taldeko materiala errespetatzea, guztiena baita. -Ikasgela atsegina eta zaintza-espazioak eraikitzea.


 

2020/02/24

SEXUA, HITZ DIBERTIGARRIA DA

Aste honetan, heziketa afektibo-sexualari buruz hitzegiten egon gara. Berriz ere ikusi dugu nola eragiten duen sexu-genero sistemak  eta nola sexualitatea ere eraikuntza soziala den. Argi dago  sistema patriarkalak ugalkortasuneruntz bideratzen gaituen sexualitate-eredua sustatzen duela eta hortik kanpo gelditzen den guztia patologia bezela hartzen duen.

Hona hemen  gaiarekin erlazionaturiko hitz gako batzuekin sorturiko hizki-salda:
Aurreko edizioetatik  #Garaziren posta aukeratu dut.
Sarrera interesgarria egin duela iruditzen zait, sexualitatea, bizitza guztian zehar landu beharreko gai bat dela azpimarratzen duelarik. Ondoren egindako hitz jolasa ere oso polita da.
Bukatzeko, Garazik aipatzen du nola hezitzaileon erronka nagusia izango litzatekeen  heziketa afektibo sexualaren gaia egunerokotasunera ekartzea eta zehar lerro bilakatzea.
Gainera baliabide interesgarriak txertatu ditu:
- “ Ni ogros ni princesas” gida liburua
- Haur Hezkuntzarako gida liburua: Educacion afectivo sexual en la educación infantil

Nik, hauetaz aparte, beste gida liburu hau aurkitu dut Haur Hezkuntzarako:

Ondorengo hau, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako programa bat da, heziketa afektibo-sexualari buruzkoa, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatua. Proposamen interaktibo bat da eta DBHko hirugarren eta laugarren mailetako ikasleentzat da. Helburu nagusia da nerabeei laguntzea dituzten premia afektiboak eta sexualak gobernatzeko gaitasunak barneratzen. Horretaz gainera, materiala eskaintzen du, bai irakasleentzat, bai gurasoentzat.

Interneten baliabideak bilatzen, zerbait oso interesgarria topatu dut. Kasu honetan, hain modan jarri den “Escape room” baten proposamena da, baino LGTBIfobiaren kontra lan egiten duenak. Zehazki, “armairutik ateratzea”ren gaia lantzen du. Kuriositatea piztuz gero, hemen duzue esteka:
Baino nik eskeini nahi dudan baliabidea beste bat da. Oraingo honetan, Amelia Barquinek artikulu batean aipatzen duen liburu bat da: “Sexo es un palabra divertida (2019, Edicions Bellaterra)”.
Artikuluan dioen bezala, askotan ikastetxeetan ez dakigu gai hau nola landu eta kanpoko profesionalen esku uzten dugu. Ameliak, 8-12 urteko ikasleekin irakurtzeko liburu bezala aurkezten du non gaiari buruzko elkarrizketak sortzeko erabilgarria izan daitekeen. Liburuak aniztasuna du ardatz (ezaugarri fisikoak, kulturalak, izaerak, desioak…), eta binarismoa gainditu eta deseraikitzen laguntzen du. Gorputzaz, maitemintzeaz, masturbazioaz, kontsentimenduaz…hitzegiten du. Beraz, hori da nire proposamena.
Ondoren gaiarekin erlazionaturiko material gehiago:
Aurkezpena (B05 Berritzegunea)
Hezkuntza afektibo sexualerako baliabideak:
 
Azkenik, eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronka nagusia:
Amelia Barquinek bere artikuluan dioen bezala, hezitzaile gehienok ez dugu gure burua gai ikusten heziketa afektibo-sexuala geletan aurrera eraman ahal izateko. Beraz, nire iritzian, erronkarik nagusienetariko bat hezitzaileak gai honetan formazioa jasotzea izango litzateke, ondoren hezkuntza-eremu guztietan txertatu ahal izateko.
Honetaz aparte, beste gaietan aipatu bezala, sexu-genero sistemak inposaturiko estereotipo eta mitoetatik aldentzea ere erronka bezala ikusten dut. Desikasteko beharrean gaude, eta aniztasunari lekua egin behar diogu, honekiko errespetua bultzatuz.
#Garazik zioen bezala, Haur Hezkuntzatik hasita, etapa guztietan landu beharreko gaia
da, beraz, modu egokian lantzeko baliabideak sortzeko beharrean gaude, aniztasuna eta eredu desberdinak kontutan harturik, estereotipoak baztertuz. 
Ondoren txertatzen dudan Xabier Iturberen bideoan, etapa bakoitzean zer landu daitekeen pista batzuk ematen dizkigu. Oso bideo interesgarria da.
 

2020/02/16

"ERDIZKAKO ZERBAIT NAIZ"

Aste honetan, identitatea eta aniztasun sexualei buruz hitzegiten egon gara. Aipu guztien artean, Josebe Iturriozena izan da gehien inpaktatu nauena:
Sentsibilizaziorako, Sergi Perezen film labur hau aukeratu dut: “Soineko berria”.
Bideo honen bidez, hainbat aspektu aztertu daitezkela iruditzen zait.
Oso esanguratsua da bideoaren hasieran ikasleak esaten duena: “A mi me gusta mucho el día de carnaval...nos dejan ir como nosotros queremos”.
Honetaz aparte, oso adierazgarria da klasea hasi baino lehen entzuten diren ikasleen arteko hitzak: “Anorexica”, “X tiene pezones”, “mamón”, baita jarrera ere.
Galdera hauek okurritzen zaizkit:
-Irakasle, zuzendari, kideen jarrera...Egokia al da irakasleak duen jarrera? Nola iruditzen zaigu jokatu beharko genukeela irakasle bezala egoera horretan? eta zuzendariak?.
Eta kideen kasuan, ikasleekin landu zitekeen ere nola jokatuko lukete beraiek, zer iruditzen zaien kideen jarrerak... Aztertu bai “maricón” deitzen dion mutikoaren jarrera (Santos), baita geroago gerturatzen zaion neskarena ere, Elenita: “No puedes vestirte de niña, es ilegal”.
-Zer sentitzen du Mariok? Zergatik jokatu du horrela?.
-Aitak izan duen erantzuna. Zer egingo genukeen guk ama edo aita bezala bere kasuan? Nola jokatuko genuke?. Aitak esaten duenean: “No le voy a dejar así vestido por más tiempo. Si ya tiene pocos amigos…
Nire ustez, mamia daukan film laburra da beraz, etekina atera diezaiokeguna.

Aurreko edizioetatik #leireairen posta aukeratu dut.
Aurreko urteetako postetatik baliabide ugari eskeintzen ditu; gida batez gain beste zenbait unitate didaktiko ere:
2. "Askatasun begiradak: genero eta aniztasun afektibo-sexuala modu askean bizitzen laguntzeko" Unitate Didaktikoa (/http://steilas.eus/2016/05/16/askatasun-begiradak-genero-eta-aniztasun-afektibo-sexuala-modu-askean-bizitzen-laguntzeko-unitate-didaktikoa/)
6. "Esterotipoak apurtuz: Hezkidetza, generoa eta transgeneroa" Unitate Didaktikoa (http://steilas.eus/2013/06/26/esteroetipoak-apurtuz-hezkidetza-generoa-eta-transgeneroa-unitate-diaktikoa/)

Txertatu dituen bi bideoak ere oso egokiak iruditu zaizkit jendarteak dituen erreakzioak ikusi ahal izateko.
Horretaz gain, gurutzegrama ideia polita da ikasleekin terminoak landu ahal izateko.

Bukatzeko, guzti hau eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronka asko ditugula iruditzen zait.
Lehenik eta behin, sistema bitarrarekin bukatu beharko genuke, eta honek dakartzan estereotipo, rol, etiketa eta abarrekin bukatu ahal izateko. Eskoletan adibidez, komunak eta aldageletako bereizketarekin bukatzea  erronka polita  iruditzen zait.

Irakasleok, Haur Hezkuntzatik eskeini beharko genituzke aniztasunarekin bat datozen ereduak: familia  zein bikote mota desberdinak, sentitu eta pentsatzeko modu anitzak daudela…eta eskolan konfidantzazko giroa sortu, ezer aurresuposatu gabe, ikasleek beraien identitatea askatasunez garatu ahal dezaten.

Eta jendartean dugun erronka garrantzitsu  eta potente bat ere aipatu nahiko nuke, Miquel Misseren hitz batzuk gogora ekarri nautenak: begirada aldatzea. Berak emandako hitzaldi batean kontatzen du nola hondartzara joatean, han dauden pertsonak deseroso sentitzen diren bere gorputza ikustean, eta nola bera deseroso sentiarazten duten beraien begiraden bitartez. Miquelek zioen, agian errezena zela berak bularra operatzea, jendeak ez ziolako begiratuko modu horretan. Baino benetan, jendearen begirada eta horrekin batera ekarriko lukeen aniztasunaren onarpena eta aberasgarritasuna ikustea izango litzateke egokiena. 

Beraz, GOAZEN BEGIRADAK ALDATZEA!!!!

2020/02/10

PEPA ETA PEPEREN ISTORIOA

Orain bai!!!
Aurreko post batean esan bezala, nik Carmen Ruiz Repulloren "Pepa eta Peperen istorioa" itzuli det.
Bookcreator erabili det liburua osatzeko eta bi formatutan eskeintzen dizuet.
Bookcreator-en ikusteko liburu baten moduan:
https://read.bookcreator.com/KGP7skLHG7hR2nlNu6dWAZulrXG2/ISGbOEW1RBury8E6hAgXow

Eta PDF formatuan:
https://drive.google.com/file/d/10ESil2Av1y0YebRncqNCZSFGM9Ft8_L1/view?usp=sharing 

Espero det gustatzea eta baliogarria izatea!!!

IDENTITATE ANITZAK

Oraingo honetan identitateei buruz hausnartzen egon gara. Identitateak, besteengandik bereizten gaitu, baino aldi berean, talde baten partaide izateko aukera ematen digu. Beraz, eraikuntza pertsonala izateaz aparte, eraikuntza soziala ere bada.

Hona hemen nire gaiari buruzko memea:
Aurreko edizioetatik   #andoniren  posta hau oso interesgarria iruditu zait, baita atxikitu dituen baliabideak ere.  Aukeratutako bideo hau ere asko gustatu zait, gainera euskaraz dago:
Heziberri 2020 aztertu eta gero, identitatearen garapenaren inguruan Oinarrizko Hezkuntzaren xede bat aipatu nahiko nuke: b) Pertsonaren garapen integrala, maila guztietan: garapen fisikoa, kognitiboa, komunikatiboa, soziala, kulturala, morala, afektiboa nahiz emozionala, estetikoa eta espirituala. Honekin batera, “Aniztasuna eskola inklusiboan” azaltzen duenean, honako hauek aipatzen ditu:
*Sexu‐joeren aniztasuna. Nork bere sexualitatea sentitzeari dagokionez, norberak nahi bezalako sexu‐harremanak izateari dagokionez, pertsonok orientabide desberdinak ditugu, jakina. Historikoki, baina, mota horretako aniztasunari bizkarra emanda bizi izan gara, eta, horren ondorioz, zenbait ikaslek aparte sentitu dute beren burua.
*Genero‐aniztasuna. Gizarte‐konstruktu bat da generoa, ikasle guztien oraina eta geroa baldintzatzen dituzten desberdintasun bidegabe askoren berri ematen diguna.

Kurrikulum ezkutuari dagokionez, zenbait gauza hartu beharko genituzke kontutan: hitzegiteko modua, hizkuntza sexista ekidituz, estereotiporik gabe, orain arte emakumeei atxikitu zaizkion ezaugarriei garrantzia emanez; ikasleen partaidetza parekidea bermatzea, denei aukera berdinak eta esaten dutenari balorea emanez.; aniztasuna errespetatu eta balioetsiz; eredu egokiak emanez, bai erabiltzen ditugun material zein adibideetan, izateko eta bizitzeko modu desberdinak daudela erakutsiz.


Genero-identitateen inguruan emandako aurrepenei buruz esango nuke, eman direla baino oraindik lan handia egin behar dugula honen inguruan. Adinaren arabera ere aldaketa desberdinak eman direla iruditzen zait. Helduagoen kasuan, gaia naturaltasun gehiagoz tratatzen da eta modu “ulerkorrago” batean, baino kasu askotan, “hobe nire semea/alaba ez bada” pentsatzen dutenaren sentsazioa daukat. Azken finean,beraien seme-alabak gay, trans, lesbiana badira, sufritu dezaketelakoan daude eta horren beldur dira. Tarteko adinekoen artean, benetan uste dut aurrerapausu handiak eman direla, bakoitza nahi den bezala izatera eta pentsatzera hurbilpen nabaria egin dela, askatasun gehiagorekin… hau da behintzat nik sentitzen dudana. Eta txikienetan adibidez, gaia erabateko normaltasunez ematen da. Geroz eta maizago izaten ditugu bi ama edo bi aita dituzten ikasleak, baita mutila izan baino neska sentitzen den kidea gelan...eta bizipen guzti hauek aniztasunarekiko errespetua sustatzen dutela uste dut. Hala ere, honetan lan egiten jarraitu behar dugu, irakasleak formatuz eta ikasleak sentsibilizatuz. Aipatu nahiko nuke, ultraeskuinak ematen ari dituen mugimenduek ere beldur puntu bat ematen dutela eta ezin ditugula egindako aurrepausuak atzera egiten utzi.

Bukatzeko “dibujando el genero proiektuko zenbait bideokin uzten zaituztet.

“La forma más clara y didáctica de explicar el género a niños y a adultos”.