#UnaiVC etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#UnaiVC etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2019/11/23

Hezkidetzaren marko legala: luze eta zabala, baina gainontzeko markoekin koherentea?


Aste honetan hezkidetzaren marko legala izan dugu aztergai ikastaroan eta landutako ideia eta kontzeptu garrantzitsuenekin ondoko hitz-hodei hau osatu dut:




Ikastaroko aurreko edizioetako ikaskideen postak irakurri ditut eta gehien gustatu zaizkidanak izan dira ikuspegi kritiko nabarmena dutenak,  Argiñe Alacano Loitiren Paperak dena aguantatzen du izenburuko hau, kasurako, erreferentzia asko biltzen dituena eta bukaeran Mari Jose Urruzolaren hitzak bideo batean.

Ezagutu, gainetik bada ere, gaian aipatutako lege guztiak ezagutzen nituen, halere, ez nekien hainbeste elkargune edo puntu komun zituztenik. Harritu nau, adibidez, abenduaren28ko 1/2004 Lege Organikoak, Genero indarkeriaren Aurka Osoko Babesa EmatekoNeurriei Buruzkoak hezkuntzarekin lotutako hainbeste neurri proposatzen dituela jakiteak (harremana dutenak hezkuntza-sistemaren printzipio eta balioekin. curriculum eta material didaktikoekin, pertsona, prestakuntza eta egiturekin) edota Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak hezkuntzarekin lotutako neurri zehatz-zehatzak proposatzen dituela (adibidez, sexismoa edo emakumeen aurkako indarkeria erreproduzitzen duten material didaktikoak debekatzea eta berauetan hizkuntzaren erabilera ez-sexista bultzatzea, hala nola irudietan emakume eta gizonen arteko errepresentazio orekatua eta ez-estereotipatua) eta are hezkidetza proiektuak bultzatu behar direla esplizituki esaten duela. Horrek esan nahi du badagoela oinarri normatibo teoriko sendoa eta hortik tira eginda argumentu ugari dauzkagula hezkidetzaren alde egiteko.

Irudiaren iturria: Argiako artikulu hau


Hala, legediak eta hortik eratorritako planek hezkidetzaren aldeko arrazoi eta bide ugari ematen dizkigute esparru ezberdinetako eragile eta hezitzaileoi. Badirudi, diskurtso mailan behintzat, instituzio publikoek hezkidetza bultzatzen dutela, baina irudipena daukat oraindik ere zokoratuta dagoen zerbait dela, eta esparru orokor eta zentralago batera eraman behar dela iruditzen zait. Hezkuntza sistemaren zentroan ipini beharko litzateke hezkidetza (hezkuntza formala eragile garrantzitsuenetako bat da, ezbairik gabe, hezkidetza bultzatzeko eta behar-beharrezkoa da orain arte egindako lana sakontzea eta planak betetzea) baina hezkuntzaz harago ere joan beharko luke hezkidetzak eta gainontzeko sozializazio-agenteetara ere iritsi.



Esango nuke horretarako politiken koherentzia lortzea oinarrizkoa dela, are ezinbestekoa. Eta erronka eta behar izugarria dugula hezitzaile moduan eta parte garen erakunde edo elkarteetatik gobernuei koherenteak izan daitezen exijitzerako orduan. Hezkuntzatik (eta beste edozein politika sektorialek gidatzen duen esparrutik: berdintasun, ingurumen, e.a.) ezer gutxi lortuko da, horrekin kontraesanean datozen beste politikak bultzatzen badira. Iruditzen zait gaian ikusitako legeen eta Hezkidetza Planaren helburuak aurrera eramateko alor askotatik lan egin beharko dugula, maila ezberdinetan eta eragileen arteko aliantzak sortuz. 

Politiken koherentziaren osagaiak. Irudiaren iturria: OECDren webgune hau








2019/11/16

Nik jai eta zuk ere bai!


Jai eta ospakizunei buruz hausnartzen eman dugu astea ikastaroan eta gaia aitzakitzat hartuta osatu dudan akrostikoa duzu goikoa.

Aurreko urteko ikastaroko kideen ekarpenetatik,  Argiñe Alacano Loitiren Zer nolako jaiak (nahi) ditugu? izenburukoa aukeratu dut. Luzetxoa izanik ere, oso gustura irakurri dut bukaeraraino, gai asko jorratzen dituelako (Gabonetako opariak, musika, tradizioa, sorginak...) adibideak emanez eta orotariko baliabideak partekatuz (irudiak, bideoak, musika, artikuluak…). Eta asko gustatu zait Euskal Herriko Bilgune Feministari leloa maileguan harturik egin dion bukaera: Festa dezagun gaurdanik geroa!


Asteko irakurgai nagusiaren bitartez konturatu naiz jai eta ospakizun guztietan dagoela zer kritikoki aztertu eta zer berrikusi, baita oharkabean pasatzen zitzaizkidan horietan ere. Adierazpide argiki sexistak dituzten eta aspalditik askori kontzientzia piztu diguten jaiez gain (Hondarribiko Alardea, kasurako, urtero medioetan azaltzen dena eta, besteak beste, Arantxa Urretabizkaiak Bidean ikasia liburuan kontatu duena), beste jai askotan, ia guztietan, baita gertuenekoetan ere, ematen dira adierazpide ez-parekideak (sexismoa eta/edo arrazismoa islatzen dutenak).


Ikusi ditugunetatik oso interesgarriak iruditu zaizkidan hiru adibide: Olentzero eta Mari Domingiren inguruko hausnarketa (Oier Araolazak Mari Domingi ez! Queer-Olentzero bai! artikulutik abiatuta hausnarketa sakona egin daiteke gaiaren inguruan, ikus artikuluan bertan aipatutako bibliografia), inauterietako mozorroak zeinen estereotipatu eta arrazistak diren (ikus Ohioko unibertsitateko We’re a culture, not a costume kanpaina) eta mozorroek duten potentziala frogatzeko generoa eraikuntza soziala dela, ia-ia performatibitate hutsa (irakuri June Fernandezen Lumak eta mozorroak artikulua).

Irudia: Goian aipatutako We’re a culture, not a costume 2011ko kanpainako posterrak, Ohioko unibertsitateko ikasle arrazializatuek eginak.


Goian aipatutako June Fernandezen Lumak eta mozorroak artikulua ilustratzen duen irudia (Argia, 2013ko urriaren 06a). Argazkiaren egilea: Kali Sánnchez. Iturria, Pikara Magazine. (CC)


Hezkidetzaren bitartez jaiak eta ospakizunak lantzeko gako batzuk izan litezke egun “seinalatu” moreetatik kanpo ere sexu-genero sistema birsortzen duten ereduak berrikustea eta sistema horretatik harago doazen ereduak erakustea, gizon-emakumeen arteko harreman berdinzaleak sustatzeko, eta arrazismoa eta bestelako bazterkeria motak detektatzeko eta desargerrarazteko ahaleginak egitea.

Nire ustez hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko erronka nagusia da helduok (eskolan, irakasleek; baina baita familian, guraso eta bestek ere) hausnarketa egitea eta oinarrizko formakuntza izatea lehenik. Izan ere, Amelia Barquinek bere Kinka blogeko artikulu honetan dioen moduan:  “Nire iritziz formazioa behar dute irakasleek, bai, feminismoan formazio sendoa. Azken urteotan ikusi dugu erakundeak irakasleengana hurbildu direla ikasleekin gai batzuk lantzeko proposamenarekin (hezkidetza, tratu txarren kontrako ekimenak…). Baina irakasleek ezin dute kanpotik datozen jarduera horien ejekutore hutsak izan; kontzientzia feminista garatuta eduki ezean, proposamen horien funtsa oso eskasa izango da. (…) Hori lortzen den egunean, agian ez da beharrezkoa izango kanpotik irakasleei sekuentzia didaktikoak ekartzea haien ikasleekin jorratu ditzaten; irakasleek beraiek jakingo dute noiz eta nola jokatu, zer indartu, zer proposatu ikasleei”.

Lan hori egin ezean, zaila izango da denontzat diren jai eta ospakizunak lortzea; eta hori da, hain zuzen ere, helburua: “hik lan eta nik jai” egoeratik “hik jai eta nik ere bai” egoerara pasatzea. Izan ere, guztiontzat onartezinak beharko luketen jai eta ospakizun ez-parekideek, lan eta buruko min asko ematen dizkiete kolektibo jakin batzuei, eta horrela jai daukagu!


2019/11/11

Feminismoak eta hezkidetza, elkarri estu-estu lotuak


Aurrekoetan bezala, irakurgai eta ikus-entzunezko interesgarri mordoa aztertu ahal izan ditugu eta oraingoan feminismoak izan dira protagonista. “Hezkidetzaren iturriak: feminismoak” izenburupean, aste  honetako gaian, hezkidetzaren eta feminismoen arteko harreman estuan sakondu ahal izan dugu.

Hasteko, mugimendu feminista eta feminismoa(k) zer d(ir)en ikusi dugu: beren gertaera mugarriak, lorpenak eta genealogia (mundu mailan zein Euskal Herrian), hainbat autoreren arabera izan diren olatu edo saldoak (Arantza Camposen hau iruditu zait bereziki zehatz eta argigarria) eta baita autore feminista askoren esanak ere. Horiek guztiak kontuan izanik, hauxe da feminismoa definitzeko egin dudan kartela, maileguan hartutako irudiarekin:

Oharra: Kartelaren hondoko irudia STEILASen “Erasoen aurrean, denok bat!” unitate didaktikotik hartu dut, bigarren orritik

Aurreko urteko ikaskideen ekarpenek ere gaian sakontzeko balio izan digute, batetik eta bestetik tira eginez pila bat irakurri ditut eta 2015ekoetaraino ere iritsi naiz. Bat baino gehiago aukeratuko nituzke, baina bat bat aukeratzekotan, #AinhoaMA-ren hauxe, besteak beste, ematen duen feminismoaren definizioagatik (“guztion ongizatea helburu duenez, ekologista, antikapitalista, antipatriarkala, anitzsexuala eta multikulturala da”) eta erreferente bezala Silvia Federici aukeratzen duelako, eta bere Caliban eta sorgina aipatzen, beste egile batzuen liburu gogoangarriekin batera.

Prestakuntza akademikoan zehar feminismoa curriculum-eduki gisa ikusi al zuten galdetu diet hurbileko sei pertsonari (Sorkin elkarteko bi lankide eta Mugarik Gabeko Ingeniaritza GGKEko lau kide) eta guztien erantzuna ezezkoa izan da. Hein handi batean aurreikustekoa ere bazen erantzuna, guztiak arlo teknozientifikoetako ikasketak eginak direlako (ingeniaritzaren adar ezberdinak, matematika, albaitaritza), baina susmoa daukat beste alor batzuetako ikasketak egindakoei galdetu izan banie, erantzuna antzerakoa izango zela. Halere, feminismoaren gaia ez zitzaien arrotza eta unibertsitatean ikasi bitartean izan zuten harekiko hurbilpenik, batzuk gradua ikasten ari zirela jarduera osagarri ezberdinetan (ikastaro, hitzaldi, mobilizazio ekintza…) eta beste batzuk gradu-ondoko ikasketak egitean, ikasgai zehatzetan (adibide bat).

Nabarmentzeko moduko emakume feminista esanguratsu asko daude, baina nik gaur egungo eta gertuko bat aukeratu dut: Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984)

(Uxueren pentsakera apur bat ezagutzeko ikus ahotsak.eus ekimenaren baitan egin dioten elkarrizketako beste hainbat pasarte biltzen dituzten bideoak edota edota Tribuaren berbak saiorako egin zioten beste elkarrizketa labur hau) 

Kazetari, idazle eta bertsolaria, pentsalari eta sortzaile zorrotza iruditzen zait, ikuspegi feminista zeharka txertatzen du egiten dituen lan guztietan (izan narratiba, izan kazetaritza, izan bertsolaritza) eta bertsolaritza eta feminismoaren arteko harremana bereziki landu du azken urteotan. Horren erakusgarri, 2013ko hitzaldi hau:


Eta bereziki, 2019an argitaratutako Kontrako eztarritik saiakera (Susa, Lisipe bilduma). Lan hori ontzeko hamabost emakumezko bertsolari elkarrizketatu eta elkarrizketetatik emakume bertsolariaren jarduna azpiratzen duten 22 mugatze mekanismo detektatu eta izendatu zituen, liburuko sarreran dioenez: “Hogeita bi patroi edo mugatze-mekanismo errepikari identifikatu eta izendatu ditut emakume bertsokideen kontakizunetan; ez dira patroi isolatuak, elkar ukitzen dutenak, gurutzatzen eta gainjartzen direnak baizik. Mekanismook, izan, ez dira emakume bertsolariei bakarrik eta bereziki eragiten dietenak: gutxi-asko, eta partikulartasunak partikulartasun, azpiratze sistema orotan errepikatzen dira”. «Biolentzia ahoskatzeak bertsolaritzaren irudi idealizatua arrakalatzen du» izenburuaz Garan argitaratutako elkarrizketa honetan azaldu zituen liburuari buruzko hainbat kontu.
   
Ezbairik gabe, feminismoari ekarpen teoriko eta praktikoak egiten ari den pertsona da Uxue Alberdi, eta etorkizunean ere hala izaten jarraituko du. Gai oso zabala da aste honetan ikastaroan landu duguna eta asko daukat oraindik ikasteko eta barneratzeko (batez ere gizonoi eta feminismoari dagokionez), baina  aurrerantzean "zer da feminismoa?" galdetzen badidate, ezingo dut "pasapalabra"  erantzun!

2019/11/03

Hezkidetza eta genero-indarkeria


Sexista, matxista, patriarkala, emakumeen aurkakoa… abizen ezberdinak (ñabardura ezberdinekin) menderakuntza-egitura patriarkal eta androzentrikoetan jatorria duen[1] indarkeria izendatzeko. “Hezkidetza eta genero-indarkeria” izan da aste honetako gaia, eta arazo sistemiko horren dimentsioaz kontzienteago bihurtzeko balio izan dit.

Nahikoa da genero-indakeriari buruzko txosten eta datu gutxi batzuk errebisatzea, panorama kezkagarri bezain onartezina dela ohartzeko, bai mundu maila eta baita gurean ere:
·         SETEM GGKEak 2016an argitaratutako Indarkeria matxistarik gabeko kontsumorako hausnarketa-gidan aipatzen denez (39. orrian): “Mundu-mailan, emakumeen heren batek tratu txarrak edo gehiegikeriak jasaten dituzte, eta 15 eta 44 urte bitarteko kolektiboan, indarkeriak minbiziak, malariak, trafiko-istripuek eta gerrek baino heriotza eta minusbaliotasun handiagoak eragiten ditu. Gainera, Europan, 18 eta 74 urte arteko emakumeen herenak nolabaiteko gehiegikeria fisikoak jasan dituzte eta hogeien bat bortxatu egin dituzte noizbait”.
·         EAEn, EMAKUNDEk bildutako azken datuen arabera, 2018an 4.244 emakumek pairatu zuten genero-indarkeria (aurreko urtean baino 224 emakume gehiago, %5,7).
·         Maite Garaigardobil EHUko Psikologia katedradunak ohartarazi du Hik Hasin egindako elkarrizketa honetan gaztetatik datorrela bortizkeria:“[mutilen] % 45ek onartu du noizbait jarrera jazartzailerik izan duenik eta [nesken]  % 80k onartu du noizbait jarrera agresiboa pairatu izana”.

Emakumeen aurkako indarkeria material edo zuzeneko indarkeriak adierazpen ugari ditu (indarkeria fisikoa, psikologikoa, sexuala, digitala, ekonomikoa, mikromatxismoak) eta bere oinarrian dauden indarkeriaren beste bi maila edo geruzarekin katramilatzen da (indarkeria kultural edo sinbolikoa eta  egiturazko indarkeria), continuum bat osatuz.


Zuzeneko indarkeriaren zati handi bat ikusgai dago eta horri zuzentzen diogu fokua maiz, baina hori ahalbidetzen eta sostengatzen duten beste bi indarkeria mailak ikusgaitzago zaizkigu eta oso erro sakonak dituzte. Konplexutasun handiko fenomenoa da, eta alde askotatik begiratu dakioke, kontuan izanik emakumeen aurkako indarkeriaz gain, indarkeria matxistaren beste molde batzuk ere badirela (transfobia, lesbofobia, homofobia).     

Fronte askotatik heldu daitekeen gaia izanik, ezbairik gabe, gizonongan eragitea beharrezkoa da genero-indarkeriari aurre egingo badiogu. Indarkeria ikasia da, pertsona guztiok bizitzan zehar kulturatik eta egituretatik datozkigun input ezberdinen bitartez oharkabean asimilatzen goaz indarkeria, eta gizon askok, sozializazio prozesuan zehar, indarkeria gatazkak konpontzeko modua dela eta horretarako erabili dezaketela ikasten dute. Rita Segato argentinar antropologoaren aburuz “gizonei erakutsi behar zaie beren potentzia adierazteko indarkeria erabiltzea ahultasun-seinalea dela. Indarkeria darabilen gizona gizon ahula da. Potentzia gisa erakutsi nahi duen hori da, hain zuzen ere, inpotentzia” (hitzak elkarrizketa honetatik atera ditut eta neronek euskaratu).

Aurreko edizioetako ikaskideek egindako post batzuk irakurri ostean, 2016an Anduk idatzitako hau aukeratu dut, hain zuzen ere, arreta gizonengan ere ipintzen duelako eta hainbat bideo eta baliabide interesgarri partekatzen dituelako.

Gaiaren lanketari dagokionez, nire inguruan azkenaldian ikusten ari naizt genero-indarkeria salatzeko eta biktimak babesteko geroz eta ekimen gehiago (horietako bat, pasa den ikasturtean martxan jarritako Genero indarkerien aurkako EHUren protokoloa), baina oraindik gutxi indarkeria horren jatorrian eragitera bideratuak.  


Hau guztia lantzeko hezkidetzaren erronkak dira, nire ustez (labur-labur idatziko ditudan arren, badakit potolo-potoloak direla eta ez daudela hezkuntzaren esku, haratago baitoaz):
·         Indarkeria oro desagerraraztea hezkuntzan (zuzeneko indarkeria deuseztatzeko mekanismo eta protokoloak martxan jartzea, baina baita ere indarkeria sinbolikoa eta egiturazkoa errebisatzeko neurriak hartzea).
·         Bortizkeriarik gabeko gune bihurtzea eskolak, txiki-txikitatik hasita eta komunikazio ez bortitza praktikatuz etapa guztietan.
·         Neskekin autodefentsa feminista lantzea eta mutilekin lanketa berezia egitea, Irantzu Varelak ondoko bideo honetan azaldu bezala, indarkeriak generoa baitu:






[1] Hala azaltzen dute Indarkeria matxistarik gabeko kontsumorako hausnarketa-gidan (45. orrian)

2019/10/27

Bitarra, dikotomikoa, baztertzailea eta suntsitu beharrekoa: sexu-genero sistema


“Hezkidetza, genero-sistema suntsitzen” izenburua du aste honetan ikastaroan jorratu dugun gaiko irakurgai nagusiak eta, ezbairik gabe, sexu-genero sistema suntsitu beharreko zerbait dela berresteko balio izan didate astean zehar irakurritako testuek eta eginiko jarduerek.

Hasteko, sexu eta genero kontzeptuen arteko ezberdintasuna ikusi genuen: ar-gizon/eme-emakume eta maskulino/femenino. Banaketa bitar hori multzo estankotan egiten da (multzo batean gizonak-maskulinoa, bestean emakumeak-femeninoa, bakoitzari gaitasun, rol eta egiteko zehatzak aurreikusten zaizkielarik), dikotomikoa da (gizona zara eta dagokizunarekin identifikatzen zara edo emakumea zara eta era berean identifikatzen zara femeninotzat hartutakoarekin, eta heterosexualitatea da pertsona guztiei suposatzen zaien sexu-orientazioa) eta sailkapen hierarkizatua da (gizona eta maskulinotzat hartutakoa bestearen gainetik).

Hala, inposatu zaigun sexu-genero sistemak zapalkuntza du oinarrian eta guztiontzat mugatzailea izateaz gain, pertsona askoren izatea bera ezkutatu eta ukatzen du. Izan ere, errealitateak gordetzen duen aniztasuna irudikatzeko, bi multzoren ordez abaniko zabal bat beharko litzateke.


Errealitatea ez da bat eta bakarra, askotarikoa eta higikorra da, eta ez da kabitzen kategoria higiezin eta itxietan: genero-identitate, genero-adierazpen, sexu biologiko eta sexu-orientazioari dagokionez, ia infinituraino luza daiteke errealitatean ematen den aukeren konbinaketa.



Aurrekoaz gain, hona asteko irakurgaietatik ateratako hainbat ideia laburbilduta:

·         Sexu-genero sistema kontzeptua Gayle S. Rubin antropologoak enuntziatu zuen 1975ean
·         Generoa ulertu eta kontzeptua erabiltzeko modu asko egon dira (Joan W Scott historialariak artikulu honetan azaltzen duenez)
·         Sistema bitarra eta sexuaren beraren izaera biologikoa zalantzan jarri dute hainbat teorialari kritikok (Judith Butlerrek Genero nahasmendua liburuan eta Monique Wittigek Pentsamendu heterozuzena obran, kasurako)
·         Mundua guk sortzen dugu eta guk eraldatu dezakegu, eraikitakoa deseraiki egin daiteke. Genero-ikuspegia behar-beharrezkoa da egunerokotasunari beste begirada batez aurre egiteko eta “normaltasun” ustezkoa desnaturalizatzeko.

Aurreko edizioetako ikaskideek gaiaren inguruan idatzitako hainbat ekarpen irakurri ostean, Argiñe Alacano Loitiren hau  aukeratuko nuke. Ipinitako hiperesteken eta txertatutako bideoen bitartez informazio zabala, mota eta iturri ezberdinetakoa emateaz gain (artikuluak, wikipedia, txosten eta gidak), izugarri gustatu zait darabilen irudi hau, genero estereotipoen dantza irudikatzen duena: 

Iturria:  ArgiñeAL-k 2018ko urriaren 29an talde-bloge honetan argitaratutako “Zer da normala?” posta


Gaia berez zabala da eta ikuspegi ezberdinetatik landu liteke, ume eta gazteekin gai hau lantzeko orohar komikiak/nobela grafikoak edota ikus-entzunezkoak erabiliko nituzke, eta iruditzen zait horietako asko helduekin lan egiteko erabilgarriak ere badirela. Oso gustuko dudan material bat dibuixant el gènere da (hori du katalanezko izenburua, “generoa marraztuz” esan nahi du, oraingoz gaztelaniaz eta ingelesez ere dago eskuragarri webgunean). Gerard Coll-Planas eta Maria Vidalek sortua, komiki eta bideo formatuetan eskuragarri dagoen materiala da. Bertan, irakaslea dirudien extralurtar batek beste batzuei azaltzen die, lurra planetari begira, giza espeziearen sexu-genero sistema bitxia: sexua, generoa, sexu-identitate eta -orientazioa, biologizismoa, estereotipoak, ezberdintasunak eta ezberdinkeria, sexismoa, homofobia, intersekzionalitatea... Kontzeptuak modu ulergarrian azaltzeaz gain, aipu eta adibide ugari tartekatzen ditu denbora-tarte laburrean. 

Beste aukera bat, argitaratu diren gida didaktiko ugarietako bat erabiltzea litzateke, horietako bat da  STEILASen Genero eta aniztasun sexualerako gida, ondoko podcastean azaltzen dutena:

Amaitzeko, nire ustez hau guztia eremu hezitzaileetan (formalean, ez formalean, etxean…) lantzeko oztopo nagusia bitartasuna oso errotua dagoela da, eta ez dela horrekiko ikuspegi kritikorik sumatzen gehiengoaren artean: edo ez gara kontziente bitartasun horrek pertsona guztiengan eragiten dituen mugetaz eta pertsona jakin batzuengan eragiten duen bortizkeriaz, edo guztiz eroso sentitzen gara sexu-genero sistemak egokitu digun tokian eta rolean (cis eta ar jaioak, batez ere) eta are, “genero ideologia”delakoarekin bazterrak nahastu nahian dabiltzanak ere badira.

Eragin beharra dagoen fronte asko ikusten ditut zabalik, aldatu beharreko gauza asko (norberarengadik hasita, politikaraino). Oraingoz zalantzak ditut buruan erantzun posibleak baino gehiago. Espero dut, ikastaroak aurrera egin ahala, zalantza horiek uxatzen eta egoerari buelta emateko behar diren estrategiak eta bideak irudikatzen joango garela.    

2019/10/19

...aitzakiarik ez, hezkidetza!


“Ezaguna zaizu HEZKIDETZA? Zer da? Zein dira bere jarduera-ildoak?” galdera hirukoitza bota nien, asteartean, whatsappez, inolako itzulinguru eta azalpenik gabe, zortzi pertsonari (20 eta 39 urte bitarteko launa gizon eta emakume). Ez nien kasualitatez haiei bidali, berariaz alboratu nituen “Hezki...zer?” erantzungo zidatela ziur nekien beste pertsona asko, eta beraiek hautatu nituen talde heterogeneoa izanik, profil interesgarri eta osagarriak zituztelako: haur hezkuntzako irakasle bat, bigarren hezkuntzako bi irakasle, unibertsitateko irakasle bat (ekonomialaria ikasketaz), bi ikasle (bata irakasle-eskolakoa eta bestea ingeniaritzakoa), unibertsitateko administrazio eta zerbitzuen pertsonaleko langile bat (bere garaian irakasle-ikasketak egindakoa eta bi semeren guraso) eta admnistrazioko bi langile (hezkuntzarekin zerikusirik ez duten gaietan, bata biologia eta bestea arte ederrak ikasia).

Emaitzak argigarriak izan ziren (eta, aurreikustekoak izanagatik, baita apur bat etsigarriak ere): derrigorrezko hezkuntzako irakasleek eta irakasle-ikasketak egindakoek zekiten soilik zer zen hezkidetza.

Irakasle-ikasketak egiten ari den ikasleak speech hau  bidali zidan, haur hezkuntzako irakasleak aldarrikatu zuen hezkidetzaren bidez lortu behar dugula “gizon eta emakumeen rol historikoen birplanteamendua, hausnarketa eta birdefinizioa gaur egungo gizartea aldatzeko eta etorkizuneko jendartea eraikitzeko” eta bigarren hezkuntzako irakasleetako baten arabera “hezkidetza lortzeko gaur egungo hezkuntza sistemaren inguruko hausnarketa sakona egin behar dugu eta, gizartean bezala, oinarrietatik hasi berdintasun errealean errotutako sistema sortzen”.  Eta nik diot, aste honetako materialak ikusi eta foroko eztabaidetako ikaskideen argudioak irakurri eta gero:


Hamaika diren arren hezkidetzaren alde aipa daitezkeen arrazoiak (horietako batzuk aletzen dituzte Nagore Larrazabalek eta Ibai Fresnedok irakurtzea zinez merezi duen elkarrizketa honetan), bost aukeratzekotan hauek nabarmenduko nituzke:

·         Sexismoa deuseztatzeko eta androzentrismoa iraultzeko…
·         Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko…
·         Sexu-generoagatik ematen diren desberdinkeriak gainditzeko…
·         LGTBIfobia, arrazismoa eta bestelako bazterkeriak errotik saihesteko…  
·         Jende askez osatutako jendarte zoriontsua eraikitzeko…

… horregatik guztiagatik, eta aldatu ezean, goazen bidetik pikutara goazelako: aitzakiarik ez, hezkidetza!

Aurreko edizioetako ikasleek ere hausnartu zuten gai beraren inguruan eta blog honetan bertan #Hezkidetza etiketapean beren iritziak partekatu. 2017ko Irati Gaztelurrutiaren hau gustatu zait bereziki, gaia familia-bazkari batean mahaigaineratu eta belaunaldiarteko elkarrizketa eragin zuelako.    

2019/10/13

Sare sozialak, hezkidetzarako tresna? (I)

Aste honetako irakurgaiek sare sozialei buruz ertz eta ikuspegi ezberdinetatik hausnartzen lagundu didate. Hona jaso ditudan hainbat ideia, apunte gisa gordeko ditudanak, aurrerago testu luzeago batean garatzeko: Hasteko, azken urteotan teknologiaren alorrean eman diren aldaketak iruditu zaizkit deigarri: nire buruan IKT besterik ez ziren arren (Informazio+Komunikazio Teknologiak), gaur egun HIKT esaten zaiela jakin dut (Harreman+Informazio+Komunikazio Teknologiak) eta hainbat egileren arabera IKTtik, EHTrako bidea egina dela jada:
Iturria: Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaroko "Sare sozialetan murgiltzen" gaiko irakurgaia

Izendapenaren garapenean ikus daitekeenez, informazio eta komunikaziorako teknologiei hezkuntzarekin lotutako ahalmen eta helburu positiboak esleitu zaizkie (ikaskuntza, ezagutza, ahalduntzea, partaidetza, elkarlan hezkidetzailea), eta halako teknologia lortzeko lanean ari diren eragileak egon badauden arren, aurre egin beharreko zailtasunak ez  dira gutxi, izan ere:

Hala, irakurri dugu genero arraila presente dagoela ingurune digitalean (oinarrian dauden ikasketetatik hasita, erabiltzaileetaraino) eta patriarkatuaren eragina, jendartean bezala, teknologia digitalean ere agerikoa dela (Florencia Goldsmanek Pikara Magazineko artikuluan azaldu bezala, eta aldizkari digital horretan #InternetFeminista etiketapean topa daitezkeen artikuluetan ere). Hori horrela, teknoeszeptizismo eta teknobaikortasunaren arteko jarrerak topa ditzakegu hezitzaileen artean; eta, era berean, jarrera baikorrak eta ez hain baikorrak teknologia digital horren parte diren sare sozialekiko.
Baikorrek azpimarratzen dute sare sozialek konpetentzia digitala garatzen laguntzeko duten potentzialtasuna (bost azpikonpetentziaz osatu dago, Maite Goñik 10 minututan podcasteko saio honetan azaltzen duenez: alfabetatze mediatikoa, komunikazioa eta kolaborazioa, eduki digitalak sortzea, segurtasuna, arazoen ebazpena) eta sareotan egoteko beharra, parekidetasunaren eta aniztasunaren aldeko diskurtsoak zabaldu daitezen. Ezkorrenek, aldiz, sareek gorrotoa eta matxismoa zabaltzeko eta indartzeko ere balio dezaketela diote, algoritmoak kontrolatzen dituztenek (sareen oinarrian dauden enpresa ez-gardenak) mezuen irismena eta gure datuak kontrolatzen dituztela, eta erabiltzaileak mendeko bihurtu nahi dituztela beren negozioaren mesedetan.   
Ziberaktibismo hezkidetzailea beharrezkoa al da? Nire ustez, bai, dudarik gabe. Baina “kritiko” ere erantsiko nioke: ziberaktibismo hezkidetzaile kritikoa sareekiko eta teknologia digitalarekiko. Horretarako, oso presente izan beharko genuke Okupar las redes sociales del amo artikuluko hasierako Audre Lorderen aipua “nagusiaren tresnek ez dute sekula eraitsiko nagusiaren etxea” (hori konpontzeko bide bat sare sozial libreen alde egitea litzateke) eta, batez ere, presente izan zibermunduko aktibismoa hezur-haragizko aktibismoaren osagarri bat besterik ez dela. Nire ustez, oraindik, gure inguru hurbilenean (familian, lagunartean, lanean, kalean) dago hezkidetzaren aldeko gure eragin-eremu behinena. 

2019/10/05

Aurkezpena (nire lehen ekarpena talde-blogean)


Kaixo guztioi:


Duela bi edizio ezagutu nuen ikastaroa, sareetatik irakurtzen nituen noizbehinka ikasleek blog honetan argitaratutakoak, eta orain ni naiz idazten ari dena! Oso pozik nago, gogotsu ikastaroari ekiteko eta datozen 22 asteetan zuekin batera bidea egiteko. Unai Villena naiz, 1980an jaiotako elgoibartarra. Industria Ingeniaritza ikasi nuen eta energia berriztagarrien alorrean lan egin hainbat urtez, baina betidanik izan ditudan kezka sozialek eta hezkuntzarekiko interesak pixkanaka-pixkanaka hezkidetzaraino hurbildu naute.


“Sorkin, Jakintzen iraultegia” elkarteko kide naiz eta gaur egun bertan dihardut lanean asko estimatzen ditudan lagunekin batera. Gizarte eraldaketarako hezkuntzaren alorrean lan egiten dugu, besteak beste, “bizitza erdigunean kokatzen duten jakintza” deitu diegunak bultzatzen. Ikuspegi hezkidetzailea oinarrizkoa da gure lanean eta horregatik nago hemen: ikuspegi hori indartzeko, zuengandik eta zuekin ikasteko, hasita dauzkadan hainbat hausnarketei jarraipena emateko eta dauzkadan iritziak, zalantzak eta jakingura konpartitzeko. Oraingoz (badakit ikastaroak aurrera egin ahala ziurrenik hori aldatuko dela) bi gauzatan sakondu nahi nuke bereziki: STEAM alorretan hezkidetza nola landu eta nola lan egin mutilekin hezkidetzaren alde.


Nire interes eta zaletasunei dagokionez, asko ditut eta askotarikoak dira, baina bat aipatzekotan literatura esango nuke. Irakurle konpultsiboa eta sortzaile afizionatua naiz (bata zein bestea, denbora daukadan garaietan, aspaldi luze honetan nahi nukeena baino askoz ere gutxiago) eta ahal dela taldean egiten ditut jarduera horiek: irakurle-taldeetan parte hartzea gustatzen zait eta baita sorkuntza proiektu kolektiboetan ere.

Animalia bat banintz, aske bizi den bat izan nahi nuke, gizakiengandik eta edozein zibilizaziotatik urrun, Amazoniako txoko galdu batean. Hauxe, adibidez:

Egunaren arabera kolore bat izan naiteke (egun gorriak ditut, beltzak, berdeak, urdinak, moreak, horiak...) eta musikarekin ere antzerako zerbait gertatzen zait: garai bakoitzak bere soinu-banda du. Ez dut abesti maitatuenik, baina gaur eta orain Izaki Gardenak taldearen Amaieratik hasi partekatu nahi dizuet:



Oso gogoko ditudan guztiak bezala, abesti honek ere nitaz (gutaz) hitz egiten duen sentsazioa daukat: nahiko aldrebesa naiz batzuetan, etengabe nabil neure buruari galderak egiten (baita erantzunik ez duten horietakoak ere), eta ez naiz erraz etsitzekoa. Dena daukagu aldatzeko, goazen bada!