2019/11/03

Hezkidetza eta genero-indarkeria


Sexista, matxista, patriarkala, emakumeen aurkakoa… abizen ezberdinak (ñabardura ezberdinekin) menderakuntza-egitura patriarkal eta androzentrikoetan jatorria duen[1] indarkeria izendatzeko. “Hezkidetza eta genero-indarkeria” izan da aste honetako gaia, eta arazo sistemiko horren dimentsioaz kontzienteago bihurtzeko balio izan dit.

Nahikoa da genero-indakeriari buruzko txosten eta datu gutxi batzuk errebisatzea, panorama kezkagarri bezain onartezina dela ohartzeko, bai mundu maila eta baita gurean ere:
·         SETEM GGKEak 2016an argitaratutako Indarkeria matxistarik gabeko kontsumorako hausnarketa-gidan aipatzen denez (39. orrian): “Mundu-mailan, emakumeen heren batek tratu txarrak edo gehiegikeriak jasaten dituzte, eta 15 eta 44 urte bitarteko kolektiboan, indarkeriak minbiziak, malariak, trafiko-istripuek eta gerrek baino heriotza eta minusbaliotasun handiagoak eragiten ditu. Gainera, Europan, 18 eta 74 urte arteko emakumeen herenak nolabaiteko gehiegikeria fisikoak jasan dituzte eta hogeien bat bortxatu egin dituzte noizbait”.
·         EAEn, EMAKUNDEk bildutako azken datuen arabera, 2018an 4.244 emakumek pairatu zuten genero-indarkeria (aurreko urtean baino 224 emakume gehiago, %5,7).
·         Maite Garaigardobil EHUko Psikologia katedradunak ohartarazi du Hik Hasin egindako elkarrizketa honetan gaztetatik datorrela bortizkeria:“[mutilen] % 45ek onartu du noizbait jarrera jazartzailerik izan duenik eta [nesken]  % 80k onartu du noizbait jarrera agresiboa pairatu izana”.

Emakumeen aurkako indarkeria material edo zuzeneko indarkeriak adierazpen ugari ditu (indarkeria fisikoa, psikologikoa, sexuala, digitala, ekonomikoa, mikromatxismoak) eta bere oinarrian dauden indarkeriaren beste bi maila edo geruzarekin katramilatzen da (indarkeria kultural edo sinbolikoa eta  egiturazko indarkeria), continuum bat osatuz.


Zuzeneko indarkeriaren zati handi bat ikusgai dago eta horri zuzentzen diogu fokua maiz, baina hori ahalbidetzen eta sostengatzen duten beste bi indarkeria mailak ikusgaitzago zaizkigu eta oso erro sakonak dituzte. Konplexutasun handiko fenomenoa da, eta alde askotatik begiratu dakioke, kontuan izanik emakumeen aurkako indarkeriaz gain, indarkeria matxistaren beste molde batzuk ere badirela (transfobia, lesbofobia, homofobia).     

Fronte askotatik heldu daitekeen gaia izanik, ezbairik gabe, gizonongan eragitea beharrezkoa da genero-indarkeriari aurre egingo badiogu. Indarkeria ikasia da, pertsona guztiok bizitzan zehar kulturatik eta egituretatik datozkigun input ezberdinen bitartez oharkabean asimilatzen goaz indarkeria, eta gizon askok, sozializazio prozesuan zehar, indarkeria gatazkak konpontzeko modua dela eta horretarako erabili dezaketela ikasten dute. Rita Segato argentinar antropologoaren aburuz “gizonei erakutsi behar zaie beren potentzia adierazteko indarkeria erabiltzea ahultasun-seinalea dela. Indarkeria darabilen gizona gizon ahula da. Potentzia gisa erakutsi nahi duen hori da, hain zuzen ere, inpotentzia” (hitzak elkarrizketa honetatik atera ditut eta neronek euskaratu).

Aurreko edizioetako ikaskideek egindako post batzuk irakurri ostean, 2016an Anduk idatzitako hau aukeratu dut, hain zuzen ere, arreta gizonengan ere ipintzen duelako eta hainbat bideo eta baliabide interesgarri partekatzen dituelako.

Gaiaren lanketari dagokionez, nire inguruan azkenaldian ikusten ari naizt genero-indarkeria salatzeko eta biktimak babesteko geroz eta ekimen gehiago (horietako bat, pasa den ikasturtean martxan jarritako Genero indarkerien aurkako EHUren protokoloa), baina oraindik gutxi indarkeria horren jatorrian eragitera bideratuak.  


Hau guztia lantzeko hezkidetzaren erronkak dira, nire ustez (labur-labur idatziko ditudan arren, badakit potolo-potoloak direla eta ez daudela hezkuntzaren esku, haratago baitoaz):
·         Indarkeria oro desagerraraztea hezkuntzan (zuzeneko indarkeria deuseztatzeko mekanismo eta protokoloak martxan jartzea, baina baita ere indarkeria sinbolikoa eta egiturazkoa errebisatzeko neurriak hartzea).
·         Bortizkeriarik gabeko gune bihurtzea eskolak, txiki-txikitatik hasita eta komunikazio ez bortitza praktikatuz etapa guztietan.
·         Neskekin autodefentsa feminista lantzea eta mutilekin lanketa berezia egitea, Irantzu Varelak ondoko bideo honetan azaldu bezala, indarkeriak generoa baitu:






[1] Hala azaltzen dute Indarkeria matxistarik gabeko kontsumorako hausnarketa-gidan (45. orrian)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina