#Miren etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#Miren etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/04/29

ERALDATZE PERTSONALETIK, ERALDAKETA SOZIALERA...




                Ezin uka dezaket, hainbat uneetan gogorra egin zaitela ikastaroaren eduki eta erritmoa jarraitzea. Hala ere, azken hilabete hauetan barneratutako eta sareei esker konpartitutako  gaiek eragin zuzena izan dute nire pertsonarengan. Egunerokotasunean ditudan egoerak, harremanak, solasaldiak…. sentitzeko eta bizitzeko beste modu bat aurkitu dut.

                Bada, genero berdintasunari eta ondorioz indarkeriaren prebentziori aurre egiteko modurik eta bada modu hau kutsatzeko gaitasunik, hori da datozen garaietarako daukadan erronka eta hortan zentratu nahi ditut nere ahalmen eta indarrak. Ikasten jarraituz eta  hezkidetzaren bitartez belaunaldi berriengan eragina izanez.

                Ikastaroa hasi genuenean, askotan aipatu zen zein garrantzitsua den kutsatze lana eta hortan zentratu beharrean gaude. Genero ikuspegia izateak, betaurreko moreekin bizitzeak, izaera ideologikoa du bere baitan. Bizitzeko eta gizarte honetan egoteko modu bat da eta izenburuan jartzen dudan moduan eraldaketa sozialerako ardatza.

                Hezkidetzak bide luzea dauka aurretik, ez gaitezen despistatu, gurea bait da belaunaldi berriei  etorkizuneko gizartearen pilareak eraikitzen laguntzeko ardura.


Ondo izan eta zaindu!!!





2017/03/27

TRATU ONEN KULTURA




Tratu onen inguruan, garrantzitsua iruditu zait egiten den bi dimentsioen banaketa. Pertsonen arteko dimentsioa bezain garrantzitsua da pertsona barrukoarena. Norberak bere buruarekin lortzen duen ongizateak, onarpenak, maitasunak… bideratuko du aldi berean besteekiko harremana. Harreman onen bitartez, zaintza pertsonala eta kolektiboa da bilatu behar dena, elkar maitatze eta errespetuaren kultura sustatuz,

Hezkidetzaileok, tratu onen kulturaren bitartez,  gure ikasleen arteko harremanak parekideak izan daitezen lan egin behar dugu.  Parekidetasunak soilik berma dezake berdinen arteko harremanen eraikuntza. Badagoelako modu indibidual zein kolektiboan gure sentimendu eta emozioak  bideratzeko eta   bizitzeko beste modu bat, eta hori da gure haur eta nerabeei transmititu eta erakutsi behar dieguna.

Garrantzitsua da gure ikasleekin txikitatik erantzunkidetasuna lantzea, baina hau zaintzaren ikuspuntutik haratago babesaren arlotik bideratzea. Norberaren eta ingurukoen babesa.

Iazko ekarpenen artean, Nerearena aukeratu dut.  Mari  Jose Lerak emandako hitzaldi batean egoteko aukera izan dut gaur arratsaldean eta berak Golden 5 programaren inguruan aipaturiko hainbat alorrek tratu onen kulturarekin duten harremana aipatzen ditu bertan.



Eremu hezitzailearen ERRONKAK:

  • -          Gure eskoletan lortu nahi dugun elkarbizitza osasuntsua lortu ahal izateko, ezinbestekoa da tratu onen inguruko kultura gure eguneroko jardunean barneratzea.
  • -          Erantzunkidetasuna, haur hezkuntzatik bertatik landu behar den esparrua da, baldin eta harreman parekideak lortu nahi badira.
  • -          Norberaren eta ingurukoen zaintza eta babesa landu.
  • -          Elkarri maitatzeko modu askeak eta desberdinak daudela erakustea, maitasun erromantikoak sortzen dituen harreman ezkorrak  gaindituz. 


2017/03/20

INDARKERIA MATXISTAZ....



Indarkeria matxistari dagokionez, egungo gizartean  dugun  egiturazko arazo sakon baten aurrean gaude zalantzarik gabe.  Egiturazkoa, eredu patriarkalan sortu eta elikatzen jarraitzen  duen mamua delako. Beharrezkoa da hortaz, indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko,  bere  oinarri eta jatorriaren inguruan kontzientzia hartzea.


Egunero esnatu edo oheratzen gara indarkeria matxistak sortutako egoeraren batekin. Askotan, guzti honekin bizitzera ohitu garela eta , normala, ekidiezina … izango balitz bezala barneratu dugunaren sentsazioa izan ohi dut, jendartean hau horrela dela onartu eta  aurre egiteko neurriak  gure esku egongo ez balira bezala.

Indarkeria matxista gizarte osoaren ardura da, arazo politikoa, alegia. Eta honi errotik aurre egin nahi badiogu, berau bultzatzen duten baldintzak identifikatu eta aurre egin ahal izateko baliagarriak diren tresnak landu behar ditugu jendartean eta  generazio berrietan hezkidetzaren bitartez.


Irakurgaian argi agertzen den moduan, hezkidetzaren baitan daude indarkeria matxistari aurre egiteko bi tresna dira  nagusiak, nesken ahalduntzea eta maskulinitate berrien eraikuntza.  Bi esparru hauek landu behar ditugu, baldin eta prebentzio lan sakona burutu eta gizarte eredu berri bat eraiki nahi baditugu.  Maskulinitate berrien bitartez, mutilei indarkeriari aurre egiteko tresnak eskeini behar dizkiegu, jarrera enpatikoaren bitartez, beraien  ardurak onartuz eta duten zeresan eta zereginaren arabera jarduten ikasiz.





Iazko posten artean Ane Zurutuzarena aukeratu dut. Berarekin bat nator indarkeria matxistak milaka arpegi eta milaka ahots dituela esaten duenean, eta lehen aipatu moduan fenomeno honi aurre egiteko ezinbestekoak direla  nesken ahalduntze eta maskulinitate berrien eraikuntza.  
        


Eremu hezitzailean ditugun ERRONKAK:

-   -    Indarkeria matxistaren arpegi eta ahots guztiak identifikatzeko eta hauei aurre egiteko baliabideak landu eta eremu hezitzailean aplikatu. Indarkeria matxistak emakumeengan duen eraginaz gain, eredu maskulino hegemonikotik aldentzen diren pertsonengan duen eragina onartu.

-    -   Nesken ahalduntzea, burujabetasuna eta autoestimua landu. Lanketa hau noiz hasten den ere kontutan hartu, ez dadila beranduegi izan….


-    -   Mutilei maskulinitate eredu berriak erakutsi eta beraien ardura eta inplikazioa bilatu. Jarrera enpatikoa, harreman onak....







2017/03/13

GATAZKAK, GARAPENERAKO GILTZARRI....

Aste hasieran banekien egunerokotasuna, bizitza bera dela gatazka.  Testuinguru eta egoera desberdinek gugan sortzen dituzten emozio eta sentipenen arabera, gatazkaren intentsitate maila da aldakorra den bakarra. Gatazkak izan ohi ditugu gure buruarekin edo eta gure ingurune sozialarekin.


 Gakoa, gatazkari tradizionalki atxikitu zaion izaera ezkorrari aurre egitean datza. Gatazka, garapen aukera bezala ikustea beharrezkoa da,  aldaketarako giltzarria delako. Ezinbestekoa,  pertsonen eta jendartearen garapenerako. Gatazka ez da ez negatiboa, ez positiboa, gatazka konpontzeko modua izango da positiboa edo negatiboa.



                Gatazka ulertu eta hau kudeatu ahal izateko, ezinbestekoa da hezkidetza  bakea lortzeko tresna bezala ulertzea. Hezkidetza eta Bakerako Hezkuntzaren arteko harremana ulertu beharrean gaude. Bi hauen arteko harremana lantzen du Luixa Reizabal Arruabarrenak  bere ”Genero berdintasunean hezteko gida” liburuan.  




          Ideia nagusienen artean , gatazkari ematen zaion ikusmolde sortzailea nabarmendu behar da. Gatazka patología, ezkortasun esparrutik atera behar da, prozesu natural eta jendartearentzat ezinbestekotzat hartuz. Gatazka bizitzarako eta garapenerako positiboa izan dadin, hura erregulatu eta konpontzeko  jokabide egokiak landu behar dira. Gatazken trataera egokiak pertsonak eta taldeak indartzen ditu, harremanak sendotzen ditu. Pertsonen  zein taldeen  identitateak indartzen ditu, boterea garatzen laguntzen du. Elkarbizitzaren  garapenerako aldagai eraldatzaileak dira gatazkak.







Iazko ekarpenen artean, Ane Zurutuzarena aukeratu dut. Bertan bakeaz eta ondorioz pertsonen artean berdintasun harremanak eraikitzeaz hitzegiten du.  Eremu hezitzailean gatazken kudeaketan, bakea helburu, ezinbestekoa hezkidetzaren, genero ikuspegiaren presentzia.


ERRONKAK:

-        - Gatazkak ezkortasun esparrutik atera, eta maila pertsonalean zein kolektiboan garapenerako tresna direla ulertu,  barneratu eta kudeatzeko gaitasuna  izateko baliabideak  lantzea.

-       - Hezkuntz eragileen artean eta ikasleekin  gatazkaren oinarrian dagoen genero ikuspegia  ikusteko gaitasuna lantzea .

-       - Gatazken kudeaketan ikasleekin partehartze aktiboa eta komunikazio kanalak lantzea, hauen bitartez, neska zein mutilen beharrak eta interesak modu orekatuan partekatuz.

-       - Genero ikuspegiaren bitartez, gure antolaketa eremua aztertzea, espazioak, arauak, denborak….


2017/03/06

PERTSONA ADINA SEXUALITATE





Heziketa afektibo- sexualaren gai honetan bi dira azpimarratu nahi ditudan ideia nagusiak: 


Batetik, orain arte, sexualitatea landu izan denean, ikuspuntu biologiko eta fisiologiko batetik baino ez zaio begiratu, indarrean dagoen eredu heteroarautuan oinarrituz. Ikuspegi mugatu honek, desberdintasuna eta jazarpena sustatzen dituen ereduak baino ez ditu erreproduzitu, hala nola, maitasun erromantikoaren mito arriskutsua indartuz, aniztasuna izkutuan mantenduz, sentimenduen  askatasuna baztertuz….Gure eskoletan sexualitatearen gaia  lantzerakoan, ugalketara baino ez dugu mugatzen, afektibitatea albo batera utziz, zerikusirik ez balu bezala.  Orain arte, istema patriarkalaren sexualitate eredua indartu da, heterosexualitatea aukera bakarra denaren ideia zabaldu eta aniztasuna ukatuz. Guzti honek, gure haur eta nerabeengan duen eragin ezkorra aurreikusi eta neurriak hartu beharrean gaudela ematen digu aditzera.




Bestetik, garrantzitsua da, sexualitatea eraikuntza soziala dela kontutan hartzea. Identitatea bezalaxe, sexualitatea bizitza osoan zehar garatzen joaten den prozesu aldakorra da. Honen arira, ezinbestekoa da hezitzaileok honako premisa hau  ulertzea: “ Sexualitatea, aniztasuna da, nork bere modu propioan bizitzen du; hortaz, pertsona beste sexualitate dago eta sexualitateei buruz (pluralez) hitz egin dezakegu.”


Hau dela eta ezinbestekoa da eskoletan heziketa sexualaren inguruan egiten dugun lana errebisatu eta hartu beharreko neurriak hartzea, irakasleen bitartez, eta honen ezean, eragile adituen bitartez.

Iazko ekarpenen artean, Ane Zurutuzarena aukeratu dut. Berarekin bat egiten dut, heziketa afektibo sexuala, identitate sexual propioa ezagutzen eta ulertzen laguntzen duen balibidea izan behar duela esaten duenean.


Heziketa afektibo -sexuala bere horretan bermatu ahal izateko aurrez aurre ditugun erronkak:


-          -  Sexu heziketa heteroarautua gainditu beharrean gaude. Helburutzat ugalkortasuna eta maitasun erromantikoa bezalako ideia kutsakor eta sozialki arriskutsuak erreproduzitzen bait ditu. Estereotipoek eta binarismoak  hemen ere duten eragina deuseztu.

-         -  Sexu bezainbeste pertsona gaudenaren premisaren arabera lan egiten ikasi behar dugu, aniztasuna aintzat hartuz.

-         -  Harreman onen kultura transmititu beharrean gaude, berdintasuna, askatasuna, elkar errespetua, duintasuna, enpatia…. landuz. Afektibitatea laguntza, babesa, maitasuna, goxotasuna, xamurtasuna eta elkar ulertzea, eman eta jasotzeko gaitasuna bezala ulertuz. 


-         -  Erabiltzen ditugun baliabideak, aniztasunaren arabera aukeratu edo eta esku artean ditugunak, moldatu.

2017/02/27

ANIZTASUN SEXUALA, DUINTASUNEZ ETA ERRESPETUZ




      
       Aste hasieran garbi nuen, ikastaro guztian zehar landu izan ditugun gaien artean, hau konplexu baina emankorrena izango zela. Eskola komunitatean askotan entzuten dugun hitza da aniztasunarena, eta gurean behinzat, dena zaku berdinean sartzeko joera izan  ohi dugu, “dena” hori zer den jakin gabe, gehienetan.

        Hau horrela, eta identitate eta aniztasun sexualen gaiaren konplexutasuna eta garrantzia zein den ikusita, formazio eta sentsibilizazioaren bitartez, ezinbestekoa da hezitzaileok gai honen inguruko ezagutzan sakontzea. Gure heziketan gai hauetan aritzeko aukerarik izan ez dugunok, orain bide bat irekitzearen ardura onartu behar dugu, helburu dugun inklusibitateak bere baitan gizarte justu baten garapena ahalbidetzen duelako.


      Genero eta sexuari dagokionez, mundua bitarra izaten jarraitzen du, har-eme, gizon- emakume, femenino-maskulino…. beraz, oraindik ere erabat mugatua den mundu batetan bizi gara.  Mugak gainditu eta gure ikuspegia zabaldu beharra daukagu, aniztasunak berak markatzen digun bidean, benetan konpetentzia eta balioetan oinarritutako heziketa eskeintzeko. Aniztasunak, bere froma guztietan (genero, sexu, jatorri, kultura, ideologia....)  orohar gure gizartea aberastea ahalbidetzen duelako. 

      Pertsonaren askatasuna eta honen errespetua  da ezbaian  dagoena. Izan nahi dudana izateko, sentitzeko eta gizartean egon nahi dudan moduan egoteko askatasuna. Gizarteak inposatzen dituen ereduetatik at, generoarekiko, sexualki, estetikoki……



       Iazko ekarpenen artean, gai askorekin bezala, Aida eta Itsasok (Gernika BHI) eginikoa aukeratu dut. Bertan sexu /genero sistemaren baitan oraindik ere mundu bitarrak ezartzen dizkigun mugak gainditzearen beharraz aritzen bait dira.


Eremu hezitzailean ditugun ERRONKAK:

- Gu geuk, hezitzaile garenok, Genero Identitate eta Sexu Aniztasunaren inguruan ditugun zalantzak argitu eta ezagutza areagotzeko bitartekoak ahalbidetzea. 

-        -  Identitatea eta aniztasun sexuala ikasle, irakasle eta familiekin lanzeko bideak ireki behar ditugu.  Inklusibitataren baitan, ezinbestekoa da eskola komunitate osoaren inplikazioa .

-        -  Sexu/genero sistemak ezartzen dituen mugak gainditu eta aniztasunaren aberasgarritasuna onartu.

-        -  Aniztasuna,eremu hezitzaile osoan duintasun eta errespetuz landu.

-         -Gure ikasleei, mundu bitarraren mugak  beraien garapenean izan dezaketen eraginaz ohartarazi eta askatasunaren baitan garatzeko aukeraren baitan ahaldundu.





2017/02/20

IDENTITATEA, ERAIKUNTZA ETENGABEA


Aste honetako identitatearen gaia aztertzeko orduan, beharrezkoa da honen inguruko  ideia nagusiak nabarmentzea;

IDENTITATEAREN IZAERA SUBJETIBOA,  norberak bere buruaren inguruan duen perzepzio subjetiboa da,  sentimenduen bidez definitzen joaten den eraikuntza pertsonala. kontuan izan behar dugu eraikuntza kulturala dela, bizi dugun kontextu sozialaren  eragina  ahaztu gabe.

EGOTEKO MODU BAT DA, beste pertsonengatik bereizten gaituen ezaugarria da eta aldi berean talde partaide izatea ahalbidetzen duen ezaugarri multzoa ere bada.  Identitatea produktu kultural bat da, gizartean egoteko modu bat da. Textuinguruaren erabera, egoteko modu hau ere aldatzen eta moldatzen joan daiteke, beraz, dinamikoa da.

JARRAIA ETA ALDAKORRA, identitatea, bizitza bezala, etengabeko aldaketa eta eraikuntza prozesuaren baitan dago. Aldakorra , dinamikoa eta anitza da, hots, ezin da bizitzan zehar amaitutzat eman. Prozesu SORTZAILEA dela barneratu behar dugu.



Iazko ekarpenen artean,  Agurtzane Goitiarena aukeratu dut, nahiko osatua iruditu zaitelako:


Heziberri 2020 dokumentuan honakoa da aukeratu ditudan parrafoak:


“Gero eta ardura eta autonomia handiagoz jokatzeko aukera ematen du konpetentzia sozial eta zibikoak, eta gizarte-egoerekiko ikuspegi kritikoa zorrozten du, egoera horietan alderdi hauek aintzat hartzean: elkarrizketa, elkartasuna, partaidetza aktiboa, enpatia, balio demokratiko eta zibikoak, justizia soziala eta dibertsitatearekiko begirunea. Horrela jokatuta, bere nortasunaren gaineko kontzientzia eta garaiko gizarteetako bidegabekeria eta desberdintasunekiko kontzientzia hartzen ditu ikasleak, arian-arian. Gizarte-gertakariak aztertzen eta ikuspegi sinplistak gainditzen laguntzen du konpetentzia honek, eta horrek guztiak gizakiek osatutako gizarteen konplexutasuna ulertzen laguntzen du. Balio eta jarrera pertsonalak lantzen ditu; hala nola, asertibitatea, ardura, autonomia, autokritika, pertseberantzia, norbere aukerez jabetzea, eta aukerak eta zailtasunak neurtzea arriskuak hartu baino lehen.”

“Pertsonei egokitutako testuinguru bat sortu behar da, desberdintasunei erantzuten diena eta talderik edo pertsonarik ahulenei babes eta laguntza zehatzak emango dizkiena. Hezkuntza inklusiboak aniztasunaren adierazpen guztiak hartzen ditu aintzat: hizkuntza, kultura, gaitasunak, sexu-orientazioa, generoa eta baliabide sozioekonomikoak.”




Identitatearen baitan, beste arlo batzuetan bezala, hezkuntzaren izaera inklusiboa bermatu nahi baldin bada ezinbestekoak diren lan tresnak aipatzen ditu , elkartasuna, elkarrizketa, balio demokratiko eta zibikoak eta nere ustez oinarrizkoa den ENPATIA. Ezinbestekoa da gure ikasleengan, inklusibitatearean baitan, enpatia ahalmena landu eta garatzen erakustea.

Ingurune hurbilari dagokionez, bagoaz, poliki bada ere genero identitate eta sexu aniztasunaren inguruan sakontzen. Ezagutza prosezu batetan gaude murgilduta eta maila honetan dauden errealitate desberdinen  inguruko formazio eta sentsibilizazioa ezinbestekoak dira. Gai hauen inguruan begiak irekitzen ari garenaren sentsazioa daukat, eta hezkidetzak esparru honetan ere  erronka handia dauka aurretik. 


2017/02/05

GENERO MARKARIK GABEKO ORIENTAZIOA

     Aste hasieran uste nuen orientazioa eta aukera akademikoen gaiak,  dagoeneko, genero ikuspegiari dagokionez, azken urteetan nahiko landuta egongo zirela. Baina, ikusitako hainbat datuei erreparatuta, eta gure ikasleen etorkizunean esparru honek duten garrantzia ikusita, oraindik ere aurrez aurre daukagun lana eta erronkaren tamaina sekulakoa  dela konturatu naiz.


Orientazioa, gure ikasleen  etorkizuna aukeratzeko kudeatze lan bat da, maila indibidual eta kolektiboan. Norbanako eta gizarte ereduarengan eragin zuzena duen aldagaia, dudarik gabe.  Konpetentzia eta abilezien araberako hezkuntza ereduaren  ardatzean kokatu behar dugu orientazioa. Are gehiago, gure ikasleen aukera akademikoak, hezkuntz  eredu hezkidetzailearen ebaluaketa egin ahal izateko  aldagai esanguratsuena eskeintzen digu.

Irakasle guztiek, gurasoen elkarlana alboratu gabe, dute orientazio akademikoarengan eragina. Ez da soilik orientazaile do tutoreei bereziki dagokien lana.  Hezkidetza mailan gure eskoletan aplikatzen ditugun neurriek eragin zuzena dute gure ikasleen aukeraketa akademikoan.



                Hezkuntza ziklo guztietan, haur hezkuntzatik hasi, lehen hezkuntzara pasa eta bigarren hezkuntzaraino egiten den guztiak eragin zuzena dauka orientazio eta aukera akademikoan. Ikastaroan zehar lantzen ari garen gaiek, hizkuntza, espazioak, curriculum eta baliabide didaktikoak, errepresentazioa, emakumeen bistaratzea…..orientazioarengan marka uzten dute. Ezin dugu orientazioaren afera hezkuntzaren aparteko eginkizun gisa egituratu, konpetentzia eta abilezien garapenari so, ziklo guztietako transmisio giltzarria bait da.

Iazko ekarpenen artean Agurtzane Goitiarena aukeratu dut. Bat nator, orientazioa hezitzaile guztioan ardura dela esaten duenean.  Horretarako sentsibilizatze lan sakona egin beharra dago eta gai honen inguruan generoikuspegia aplikatu ahal izateko tresnak ezagutu eta erabili beharra.


      Baliabideen inguruan, neri oso baliagarria zaiten Marian Moreno adituaren  “Queremos Coeducar” liburua aipatu nahi dut. Bertan, 31 eta 32. Orrialdeetan,  tutoritza eta orientazio akademikoaren genero ikuspegia bermatzeko klabeak ematen ditu.









Eremu hezitzailearen erronkak orientazio eta aukeraketa akademikoari dagokionez;

-      -  Errepresentazioa eta emakumeen lan eta ekarpenak bistaratzea, ahalduntzea landuz.
     - Lehen Hezkuntzatik hasita, Tutoritzen bitartez orientazioaren genero ikuspegia lantzeko planak egin (lanbideak, erantzunkidetasuna, partaidetza parekidea…)  eta egokiak diren baliabideak sortu eta konpartitu.
     - Eskola komunitate osoak arlo honetan duen inplikazioa aktibatu.

2017/01/30

BALIABIDEAK, TEORIATIK PRAKTIKARA

Aste honetan zehar landu dugun “curriculum eta baliabide didaktikoak” gaiak, ikastaroaren hasieran  “  I.1 HEZKIDETZA SARRERA” landu genuean proposatutako ariketa baten emaitza gogoratzera eraman nau. Ariketa horretan, ingurukoei hezkidetza zer den galdetu behar genien eta erantzunetatik abiatuz, gaia landu. Nik hainbat lagunei galdera egin ondoren, hauetako baten erantzuna izan dut gogoan. Hezkidetza, gizarte justuago bat izateko bidea da, zioen erantzunak.

             

        Gizarte justuago batetara egin beharreko bidean hezkuntzaren zeregina eta ondorioz erabiltzen diren baliabideen izaera hezkidetzailea bermatzea ezinbestekoa da. Horretarako, ezinbestekoa da hezkuntz sistema osatzen dugun egitura guztietan era koordinatu eta ordenatuan lan egitea,  beharren arabera, baliabideak sortu, moldatu  eta ordezkatzeko.

                 “Marian Moreno” adituak dioen bezala, lehen pausoa diagnostiko on bat egitea da.  Dagoeneko, diagnostiko  hau ahalbideratzen duten aldagaiak zehaztuak ditugu hein handi batetan, hala nola,  jaiak, hizkuntza, barne eta kanpo komunikazioa, espazioak….  Hau horrela, gure textuingurua ezagutzea beharrezkoa da, hezkidetza mailan landu behar ditugun esparruak zeintzuk diren eta hauek dituzten gabezia eta indarguneen arabera ekiteko.

          Hezkidetzak prozesu izaera duela jakinik, lehen urratsa, diagnosia da. Hau kontutan hartu ezean, egiten ditugun eskuhartzeen izaera, puntuala eta balio eskaxekoa izateko arriskuan gaude.

Hezkidetza mailan ikastetxe bakoitzak daraman bidea erabat desberdina izanik, beharrezkoa  da hezkuntz komunitate osoa artikulatzea, batetik diagnosia egin eta bestetik. ateratako emaitzen arabera gure baliabideen inguruan dagozkion neurriak hartzeko (sortu, moldatu, ordezkatu, deuseztu….) Teoriatik praktikara pasa ahal izateko koordinazio eta egituraketa lan serioa egin beharrean gaude, horretarako egun sortuta dauden egituretaz baliatuz edo eta berriak sortuz.




















Iazko ikastarokideen artean Ane Zurutuzak gai honen inguruan eginiko ekarpena aukeratu dut, bertan diagnosiaren garrantzia azpimarratzen bait du abiapuntu ezinbestekotzat.


Eremu hezitzailean eman diren lorpenen artean, egungo gure gizartean ezinbestekoak diren emakume eta gizonen arteko  berdintasuna eta indarkeriaren  prebentzioa lantzeko, hezkidetza ildo estrategikoa dela ulertzea izan da.

 Maila teorikoak badu bere garapena, baina erronkak, hau praktikara eraman nahi denean azaleratzen dira. Diagnostiko orokor bat bideratu behar da hezkuntz sistema osatzen dugun eragile  eta egitura guztien artean, aurrera begira egiten diren plan guztiek sostengu erreal bat izan dezaten eta denon artean hezkidetza plan koordinatu eta ordenatua izan dezagun. Horrek, eskuhartze puntualak baztertu eta elkarlan zentzua emango lioke hezkidetzari, ildo estrategiko gisa behar duen lekua eskuratu ahal izateko.



2017/01/23

PARTEHARTZEA, ESKUBIDEAZ HARATAGO...



Aste honetako gaia den partaidetzari dagokionez , eta irakurgaia aztertu ondoren, ideia garrantzitsu bat darabilkit bueltaka. Partehartzea eskubide bat da bai, baina partehartzen irakatsi behar da eta horretarako baldintza egokiak sortu. Emakumeen partaidetza, giza eskubideekin lotuta dago bai, baina eskubidearen aldarrikapen soilak ez du bermea ematen. Benetako bermea, eskubide hori modu naturalean gauzatu ahal izateko baldintza egokiak  eskaintzen duen gizarte eredutik etorriko da.


Partehartzearen ikasketa prozesu bat da, zeina irakatsi eta ikasi egiten den eta hemen dago hezitzaileon ardura.  Prozesu bat denaren onarpenetik abiatuta, interesgarria iruditzen zait “Equipo Claves” taldeak egiten duen eskema simple bezain argigarria. Prozesuaren sekuentziak azaltzen ditu partehartzen jakin, nahi eta ahal izatean oinarrituta.


Hezitzaileoi dagokigu partehartzen irakastea eta honekin batera, motibazioa piztea eta horretarako gune egokiak sortzea.  Heziketa hezkidetzailearen funtsa, genero estereotipoetatik at, balio, konpetentzia , gaitasun eta abilezien heziketa  da. Hezitzaileon zeregina, premisa honen baitan aritzea da partehartze parekidea bultzatuz, horrela emakume eta gizonen partehartze aukerak hedatuz, genero markarik gabe,  parekatuz.


Aurreko Ikasturteko ekarpenen artean Aida eta Itsasok (Gernika BHI) egindakoa aukeratu dut;
Bertan argi diote hezkuntz esparruan emakumearen presentzia handiagoa izanik ere, ez garela gai izan liderazgo eta kudeaketa eredu propio bat sortzeko, gizonek aurretik egindakoari “jarraipena” ematea baino ez gara mugatu.


Nere ingurune hurbilari erreparatuz,  geroz eta argiago daukat partaidetza mailan eta eskola komunitateari dagokionez, krisi sakon garaian bizi garela. Partaidetzak bere baitan dituen inplikazio eta konpromiso maila eskaxa dela adierazten dute egunerokotasunean oso agerian dauden aldagai ugarik, batzuen artean, gurasoek eskolaren bizitzarekiko duten atxikimendu ezan.  








2017/01/16

ERREPRESENTAZIOA ETA DENBORA, HIRIGINTZAREN GENERO IKUSPEGIA



Aste honetan aztertzen ari garen gaiaren  inguruan, beharrezkoa iruditzen zait egun gure instituzioen esku dauden hirigintza eta berdintasun politiken arteko harremana aztertzea. Honek eragin zuzena  du errepresentazioaren eta espazioen erabilpen eta egokitasun mailarengan, eta  hemen ere sartzen da gure ikastetxeetako  espazioen banaketa eta erabileraren afera.



Gure hiri eta herrien egituretan errepresentazioa eta  genero ikuspegiaren araberako espazioen banaketa diseinatu ahal izateko, beharrezkoa da hirigintzak bere baitan garatu dezaken esparru soziologikoa lantzea.  Arlo teknikoak  gai izan behar du egitura sozialarengan  duen eragina ikusi eta lekuan lekuko  gizarteak dituen beharrei aurre egiteko.  

Beharrezkoa da egiten edo eraikitzen den guztiari  genero ikuspegia txertatzea eta orain arte egituratuta dugunaren  inguruan hausnarketa bideratu eta dagozkion neurri zuzentzaileak bideratzea, honen barne errepresentazioarena  garatu  behar den arloa izanik. 

                Adierazgarriak dira dagoeneko herri askotan aurrera eraman diren ekimenak, ikus:





Ikusten ez dena, ez da existitzen eta ikusgai egitearen erronkari aurre egiteko gai izan behar gara gizartearen arlo guztietan genero ikuspegia izatearen garrantzia bideratzeko. Beraz, hau horrela, eskolaren zeregina funtsezkoa da, orain artekoa errotik aldatzeko duen ahalmena dela eta.




Aurreko urteko ekarpenen artean Andurena aukeratu dut, bertan urbanismoaren garrantzia eta izan dezaken gaitasun  eraldatzailea aipatzen bait ditu.


Eremu hezitzailearen erronkak:

-       -    Erantzunkidetasuna landu beharra dago denboraren erabilerari buruz hausnartu eta eraldaketa ahalbideratzeko.

-      -     Eskolako espazioen genero araberako azterketa, patioa, gune amankomunak,  ikasgeletan guneen banaketa….eta hartu beharreko neurrien aplikazioa planean txertatu.

-       -    Gure ikasleek kontsumitzen duten ikus entzunezko eskaintzaren analisia ikasgeletan.


-        -   Ikasleekin gure herri eta hirien antolamendua lantzen denean, errepresentazioaren gaia landu eta emakumeen presentzia nola bermatu ikasleekin aztertu.

2016/12/19

NOLA ESAN, HURA IZAN!!




Hizkuntza eta komunikaziori dagokion atal hau erabat lagungarria eta argigarria izan zait orain arte arlo honetan nituen hainbat muga gainditu ahal izateko. Euskaldunok, euskarak genero gramatikalearen ezaren baitan kokatzeko joera izan dugu beti, gure hizkuntzaren izaera jarrera sexistatik  babestu  nahirik. Baina hizkuntzari berari baino, ematen diogun erabilerari erreparatu beharrean gaude.



                Hizkuntzaren bitartez sortzen ditugu harremanak, transmititzen ditugu balioak, eraikitzen ditugu gure iritziak eta besteekiko desadostasunak, gure gizartea bereizten dugu, ….. beraz gure errealitatea eta identitatea  sortzeko eta babesteko erabiltzen dugun tresna da. Gure gizarteak, emakume eta gizonen arteko desorekak eraiki eta mantentzen  dituen heinean, hizkuntzaren bitartez, konturatu gabe bada ere, errealitate hori elikatzen dugu. Horrela  gure hitzen eta esaldien bitartez, gure ikasleengan izugarrizko boterea dute estereotipo sexistak transmititzen ditugu.



         Aurreko ikasturteko ekapenen artean  Ane Zurutuzarena http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/12/hizkuntza-eta-komunikazioa.html gustatu zait. Berak ondo dioenez, hizkuntzak izaera dinamikoa dute, ez dira estankoak. Horrez gain hizkuntza bat sexista dela esatean gure erantzunkidetasuna albo batera uzteko arriskua eta tranpa dago.

       
Eskeini zaizkigun giden artean, ERRENTERIAKO UDALAREN “HIZKUNTZA ETA IRUDIAK EGOKI ERABILTZEKO AHOLKUAKhttp://www.errenteria.net/eu/html/58/4570.shtml aipatu nahi nuke. Instutuzioek berdintasun mailan duten ardura ezin delako etxe barruko lanetara mugatu. Berdintsunaren alde egiten den lana kaleratzeko eta erabilgarri bihurtzeko saiakera ikusi dut bertan.

                Beraz, beharrezkoa da gure hizkuntza den euskararen erabileraren inguruan hausnartzea. Hizkuntzak eredu sexistak transmititzeko duen boterea onartzeko gai bagara, hauek desegiteko duen botereaz ohartuko gara.  Hitzegiteko moduek, mundua konfriguratzen dute eta biek elkar eragiten dute. Elkar eragite honek  ematen digu hizkuntzak gure mundua aldatzeko duen gaitasunaren berri. Hezkidetzak, erronka handia dauka arlo honetan ere  eta sekulako hausnartze eta moldatze ariketa egin beharrean gaude.

       Hizkuntzaren erabilerari dagokionez, etorkizuneko erronkak:
-   -   Eskoletan barne eta kanpo komunikazioa landu behar da, genero estereotipo eta jarrera sexistak sahiestuz.
-     -  Hizkuntzaren erabilera sexista baztertzeko erabilgarriak diren tresnak eskeini, gidak, inbertsio erregela….
-      - Gida desberdinen laguntzaz eta gure ingurunearen azterketa uztartuz, guretzat propio baliagarria den gida zehaztua sortu.
-   -    Komunikaziorako forma  guztietan, hitzezkoa, karteldegia, formala eta ez formala, genero ikuspegia aplikatu.