#MirenGP etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#MirenGP etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/12/11

Emakumeak ere historiako protagonista

Pepita
Rosario
Olga
AranTza
BAsili
Garazi
Olatz
Naroa
MarI Jose
Saioa
Tomasa
MAria
Karmele
Lehengo urteko Ane Lenizen posta aukeratu dut (http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/12/emakumeen-presentzia-eta-ekarpenak.html), berak aukeratuta postak EMAROCK proiektua aipatzen duelako. Horrrekin batera MEFSST proiektua aipatu nahiko nuke, Zarauzko gaztetxean aurten 5.urtez egin den eguna.
Abenduan sartuta gauden honetan, datorren igandean Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusiko finala izango da eta duela 8 urte, 2009.urtean
lehen aldiz emakume batek jantzi zuen txapela Maialen Lujanbiorengan jarri nahiko nuke arreta. Emakumeak plazetan protagonismoa hartzen ari dira pixkanaka eta aurtengo txapelketan bereziki presentzi handia izan dute. Maialen bezalako emakumeek ireki die bidea gainontzeko emakume gazteei. Honek dakarren aldaketa ez da soilik emakumeen presentzia, gaiak jorratzeko duten ikuspegi aldaketak emakumeak erdigunean jartzen ari gara eta izugarrizko boterea dakar horrek. Honekin batera Nerea Ibarzabalek argitaratutako testu hau konpartitu nahiko nuke, eztabaida sortu duen gaia delako eta oso interesgarria iruditu zaidalako.http://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2017-12-09-06-00/hemeroteca_articles/bigarren-emakumea-carino#.WiulqQfmC0g.twitter
Ikasleei gure munduko eta gure herriaren benetako historia kontatzea oinarrizkoa izango da, eta horretarako noski emakumeak txertatu behar ditugu. Emakumeon historia guztion historia delako, gure ikasleek benetako errelitatea ezagutzeko eskubidea dute eta guk benetako historia kontatzeko betebeharra dugu.

2017/11/27

TEORIATIK PRAKTIKARA BIDE LUZEA

Marko legalari erreparatuz lege eta neurri teoriko asko garatu direla ikus daiteke, “eskola mistotik eskola hezkidetzailera joateko bidean aurrera egiteko eta indarkeria sexistaren prebentzioa sustatzeko asmoz”, hartutako erabakiak paper gainean jarrita dauden arren hori praktikara eta eskoletako eguneroko bizitzara eramatea erronka handia eta nahiko zaila dela iruditzen zait.
Askotan aipatu izan dugu baian irakasleen formakuntza guztiz oinarrizkoa eta beharrezkoa da paperean dagoena errealitatera eraman ahal izateko. Pixkanaka legeak aldatzen ari dira, eskola materialak ere gutxinaka baina aldaketak ematen dituzte, ipuinek ere badute zer esana… Askotan irakaslearen jarrera, aurreiritzi eta hizkuntzak oraindik ere hezkidetzaren ikuspegitik gabezia asko ditu. Adibide bat jarri nahiko nuke LH2ko bi haur zaintzen ditut eta aurreko astean antzerki bat egin behar dutela esanez atera ziren ikastolatik. Oso pozik zeuden, neskak printzesa izan behar duelako eta mutilak printzea, neska printzesa herritar batekin ezkonduko da eta ez printzearekin, eta amairen ezkondu eta gero besarkada bat eman behar dute. Hori da niri esplikatu zidatena gutxi gora behera, nire garaian horrelako antzerkiak egitea ulertuko nuke baina gaur egun oraindik printze urdina eta ezkontzen antzerkiekin bueltaka ibiltzea nahiko larria iruditu zait.
Gaiez pixka bat aldatuz Etxeko tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. Akordioak (2009 otsailaren 3a), “Akordio honek adierazten du egiaztatzen bada edo susmo sendorik badago EAEko heziketa zentroetako neska-ikasleren bat tratu txarrak edo sexu indarkeria jaso edo jasotzen ari dela, berdin dio mutil-ikasleren batek eraginda edo langile, senide edo ikastetxeko langile ez den beste pertsona batek, baita ikasle baten amak etxean tratu txarrak jasaten ari dela edo bere aurka sexu indarkeria erabiltzen dutela, kasu bakoitzari dagozkion neurriak martxan jartzeko premia dagoela. Kasu guztietan biktimei edo hala dagokionean, horien familiei informazioa emango zaie biktima diren aldetik hezkuntzaren esparruan jasotzeko eskubidea duten zerbitzu eta prestazioei buruz.” Guztiz ados nago hemen esandakoarekin baina kezka handiak ere sortzen dizkit, nola bete hori? Duela 4urte Bartzelonan egon nintzen bertako eskola batean praktikak egiten. 4urteko gelako haur baten kasua oso zaila zen, besteak beste psikologoak esan zuen haurrak sexu abusuak jasan zituela. Gizarte hezitzaileak eta medikuak sartu ziren tartean, umearen aitak izugarrizko haserrealdiak eta mehatxuak egin zizkien irakasleei. Oso egoera bortitzak dira eta gehienetan ez dugu ziur jakingo gure ustea edo errealitatea den, oso egoera gogorrak izan ziren. Haurren tratu txarrei buruzko bideo oso interesgarri bat (http://www.ccma.cat/tv3/alacarta/programa/Infancia-en-rischttp:/video/3385990/)
Gure burua onartzen ez badugu, nola onartuko ditugu besteak? Hau da sortzen zaidan beste kezka handi bat. Irakasleek erakutsi edo bidean lagundu behar diegu behintzat haurrei beraien buruak onartu eta maitatzen. Ez nago oso ziur ordea irakasleok gure buruak diren bezalakoak onartu eta maitatzen ditugun, egia da ikasleekin batera guk geuk ere ikasten dugula, baina gutxienez kontziente izan beharko dugu.
Teorian edukitzea beharrezkoa, baina nola beteko dira? Paper gainean edukitzeak zilegitasun eta onarpena ematen duela garbi dago, irakasle hezkidetzaile gisa legeen babesa izateak lasaitasuna eta indarra ematen du. Ez da hain erraza ordea paperean jarrita dagoena egunerokotasunera eta errealitatera eramatea, hori betetzen dela ziurtatzea oraindik eta zailagoa dela iruditzen zait gainera.
Estereotipoei buruzko bideo bat jaso nuen gainera aurreko astean, haurrekin egindako esperimentu bat da, oso interesgarri eta adierazgarria. Edozein irakaslek egiteko moduko esperimentua dela iruditu zait gainera, edozein lanbiderekin egin daitekeelako. Bideoa https://www.youtube.com/watch?v=bb-pdI5tcwc
Bukatzeko lehengo urteko ikaslearen post hau aukeratu dut, oso interesgarria iruditu zait eta asko gustatu zait bertan agertzen den irudia gainera. http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/11/legediaz-hausnartzen-hezkidetzan.html

2017/11/20

TRADIZIOARI TRAIZIO!

Festak eta jaiak ospakizunak dira, ondo pasa eta alaitasunez lagunartean edo familian igarotzeko uneak. Hori da gehiengoari lehenik datorkigun ideia, baina errealitatean jaiek eta festek badute alde iluna, kasu gehienetan emakumeoi zuzenean eragiten diguten gertaerak izaten dira. Hausnartzeko alde asko daude jaien inguruan, lehenik jaien jatorriari erreparatu beharko diogu, zer ospatzen dugu? Gero zein modutara ospatzen ditugun eta azkenik zein jai eredu bultzatzen dugun.
Nondik datoz ospatzen ditugun jaiak? Euskal Herrian jai egun arrotzen gaia ez da berria, Espainiar eta Frantziar estatuen jaiak, konstituzio eguna, Pilar eguna… ez ditugu gure sentitzen eta ez ospatzeko hautua egiten du euskaldun askok. Baina gure herriko festetan ospatzen dugunaren kontzientziarik ez dugula iruditzen zait. Jai gehienak, denak ez esatearren, elizarekin zerikusia duten jaiak dira gainera.
Nire Irungo lagun batekin hitz egiten ari nintzela egun batean alardearen gaiari buruz hasi ginen. Ni bertakoa izan gabe eta kanpotik ikusita alarde tradizionala eta alarde mistoaren gatazka jarri nuen mahai gainean. Oso esperientzia gogorrak kontatu zizkidan, 15 urterekin berak alarde mistoan parte hartu zuen, egun horretan koadrila, bere lagunartea, bi zatitan banatzen da eta ez diote egun osoan elkarri kasurik egiten. Emakumeak kalean desfilatzen ari direnean denetik entzun behar izaten dutela, irain motak ere aztertzekoak dira gainera, “lesbiana” bezalakoak esaten dituztelako. Gaur egun ez da alardean ateratzen, askotan ikustera ere ez da joaten, jaiaren jatorria aztertzen aritu zen eta jaiarekin berarekin bat egiten ez duela esan zidan. Soldaduak Irunera sartu zireneko eguna ospatzen dela. Irabazi egin zuten eta horregatik ospatzen da baina jaia militarra da eta jende asko hil zen garai hartan. Beraz kontziente al gara ospatzen dugunaz, noski bertako parte hartzeak parekidea izan behar duela baina ba al du zentzurik horrelakorik ospatzeak?
Noski danborradek ere oinarri bera dute, ez dira hain zalantzan jartzen gehienen parte hartzea parekidea izatea naturalki eman den prozesua izan delako. Baina nondik datorren eta benetan zer ospatzen dugun jakin gabe.
Nire herriko festak San Pelaioak dira, udaletxeak antolatutako ekintzez gain herritik eta herriarentzat sortutako jaiak ere antolatzen dira txosnagunean, aspaldi sortu zen San Pelaioren ospakizunaren eztabaida. San Pelaio izena aldatzea erabaki zen, Pelayosanak izena jarri genien eta handik urte batzuetara beste aldaketa bat egin genuen Transpelaioak izena jarriz. Ez da izugarrizko pausua baina izena aldatuta izanaren aldaketak ere zentzu gehiago du.
Iazko postetatik aukeratu dudana hauxe da; http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/11/jai-eredu-baztertzaileei-traizio.html Jai eredu baztertzaileei traizio egiteko irrikitan! Izenburua asko gustatu zait nire lagun batek esaten duen bezala; tradizioari traizio! Gainera egiten duen hausnarketak lotura zuzena du nik jarri ditudan adibideekin oso egokia dela iruditu zait.
Guk izan ditzakegun erronken oinarrian emakumeak erdigunean jartzean dago, oholtza gainean emakumeen presentzia ziurtatzea, musikaren bidez zabaltzen diren mezuak feministak izatea, harreman sano eta askeak eraikitzeko guneak izatea, denok eroso sentitzen garen guneak sortzea… Erraza ez den arren hauek inguruan hausnartu eta helburu bezala jartzea garrantzitsua da.

2017/11/16

ERRE GINTUEN SU BERBERA GARA

Feminismoaren ideia nahiko sinplea da emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna da, patriarkatuarekin apurtu eta botere, ardurak eta eskubbideak modu parekidean banatzea. Guztiontzat gizarte justoago bat eraikitzea da, inor baztertu eta zapalduko ez den errealitate bat eraikitzea, ez sexu ez generoagatik. Rosario Carrasco eta Ana Cubilloren definizioa gustatu zait, feminismoa “gaur egun agintzen duen gizarte-sistema, patriarkatua, salatzen eta hautsi nahi duen mugimendu sozial, politiko, filosofiko, ekonomiko eta kulturala da. Bere helburua emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna lortzea.”
Frantziar iraultzarekin batera hasi bazen ere mugimendu hau, Zarautzen, nire herrian 1970. hamarkadan hasi zen antolatzen. Garai hartan sortu zen Sorginak emakumeen talde feminista. Nik 16 urte inguru nituenean duela 10urte inguru hasi zitzaidan feminismoari eta mugimendu feministari buruzko interesa pizten. Ni eta nire inguruko lagun batzuk hasi ginen mugimenduan sartzen eta hor hasi zitzaigun barrua feminismoaren inguruan mugitzen. Zarautzen mugimendu feministak badu bere indarra eta niretzako bertako kideak izan dira eredu. Horietako kide bat aipatu nahiko nuke, Ekhiñe Eizagirre, duela bi egun, azaroaren 14ean aske geratu zen 6 urteko espetxealdiaren ondoren. Bera feminista eredua dela iruditzen zait, bere egunerokotasunera feminismoa eraman duelako, bere egunerokotasuna espetxean eta baldintza oso gogorretan izanda ere. Espetxean bertan poesia liburu bat argitaratu du eta guztioi gomendatzen dizuet, “alde erantzira nabil”.
Ni feminismoarekin harremanetan hasi nintzenetik asko aldatu edo sakondu da gainera, feminismotik transfeminismora eman da pausua. Emakumeak ez garelako berdinak, mota ezberdinetako feminista asko daude eta denontzako lekua eta denon mugimendua izatea da helburua. Aldaketa hau garbi ikusten da bilgune feministak ateratako pasaden udako kanpainan “aske maite zaitut” izan zen leloa. Eta bide batez Euskal Herriko bilgune feministak egiten duen lana aitortu eta txalotu nahiko nuke.
Filosofia
Emakumea
Mugimendua
Indarra
Nortasuna
Iraultza
Sorginak
Maitasuna
Osasuna
Aske
asKatasuna
Iazko Maite AS-ren posta aukeratu dut (http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/11/feminismora-bidean-norbere-buruarekin.html), hasieran feminismoak bere bizitzan izan duen eragina erakusten duelako. Aldaketak norberarengan ikustea oso polita da eta beste pertsonentzat motibagarria izan daitekeela uste dut. Gainera asko gustatzen zait Mirenek eta Maialenek bertso egun batean amei egindako omenaldi txikia eta bideoa hor jartzea asko gustatu zait.
Nire ustez hezkuntzan ditugun erronkak lehenik kontzientzia hartzearena da eta ideia eta mugimendu hauek ere bertan txertatzea. Batez ere irakasleen artean zabaldu beharrekoa iruditzen zait, norberak bere jarrerak ezagutu eta kontrolatzeko gaitasuna izanik ikasleen eredu izan ahal izateko. Horrela ikasle bakoitzak bere buruarekin osasuntsu egotea eta onartu ahal izatea eta elkarren artean harreman osasuntsuak eraikitzea.
Bukatzeko nire izenburuari erreparatu nahiko nioke, “erre gintuen su berbera gara” hau Koban taldeak gazte akelarrerako egindako abestian esaten da. Niri asko gustatzen zait, niretzako duen esanahiagatik; eraso bakoitzetik indartuta ateratzen garela, ez garela ahazten eta ez dugula barkatuko adierazten du. Hemen duzue abestia https://www.youtube.com/watch?v=wKqimUKCoDM (ezin ditut bideoak igo, URLa jarri dut)

2017/11/06

NIRI ERE BAI

https://www.berria.eus/paperekoa/2382/021/002/2017-10-27/niri_ere_bai.htm
Onintza Enbeitiaren testu honekin eman nahiko nioke sarrera nire aste honetako hausnarketari. Gure apunteetan ikusi ditugun datuetan jartzen du emakumeen %35 jasan duela genero indarkeria OMEren mundu guztiko datuen arabera. Onintza Enbeitiak testu honetan galdetu bezala; “Eta pentsatzen hasi naiz ea egongo den emakumerik munduan inoiz, inola, inork eraso egin ez dionik” Berak ezezkoa erantzun dio bere buruari eta nik ere erantzuna ezezkoa dela uste dut. Mota ezberdineko genero indarkeriak daude, ez da bakarrik indarkeria fisikoa. Indarkeria sinbolikoa (emakumeak polita, argala, gaztea…izan beharra), egiturazko indarkeria (zaintza lanak…) indarkeria psikologikoa (irainak, mespretxuak, mehatxuak… ), eta indarkeria ekonomikoa (dirua kontrolatu…) besteak beste. Ia seguru nago emakume guztiok izan dugula horrelako egoeraren bat noizbait gure bizitzan zehar, eta askotan ez garela konturatu ere egin genero indarkeria bizi izan dugunik.
Zoritxarrez nire inguruan ere badaude kasu gogor eta bortitzak, nire koadrilako emakume feminista eta kontzientziatu bat mutil berri batekin harremana izaten hasi zen. Gau batean ezagutu eta hasieratik nahiko gainean izan zuen mutila, hasieratik txorakeriengatik haserretzen hasi zen. Lagunak, guztia kontatzen zigunez berehala esan genion jarrera batzuk ez zituela onartu behar eta mutil horrekin kontuz ibiltzeko, baina geroz eta gauza gutxiago kontatu eta guregandik urruntzen hasi zen. Berarekin geratzen saiatzen ginen, koadrilako bazkari eta afariak egiten genituen denok elkartzeko aitzakiarekin bera ere etor zedin… baina gehienetan alperrik izaten zen. Urte bete igaro zen eta berarekin genuen harremana ia guztiz desagertu zen, zorionez begiak ireki eta mutila uztea erabaki zuen. Berehala eskatu zigun laguntza eta kontatu zigun guztia, bueno guztia ez, gauza batzuk bakarrik kontatu zizkigun, gauza oso gogorrak. Galdetu genion ea nola izan zen gai hori guztia jasateko eta esan zigun benetan uste zuela berak mutila aldatzea lortuko zuela. Gainera bazekiela guk hasieratik esan geniola eta ez zuen nahi onartu edo, sentimendu asko elkartu zitzaizkion. Bere ingurukoen babesarekin eta psikologo baten laguntzarekin egoerari buelta ematea lortu du, baina mutilari ez zaio ezer gertatu. Mutilak benetan sinesten du gainera berak ez duela ezer gaizki egin eta egin duen guztia gure erruagatik egin duela, lagunek esandako gauzengatik.
Askotan galdetu diot neure buruari, nola da posible gure koadrilako bati horrelako zerbait gertatzea, eta berak jasan duen guztia jasatea. Askotan aurkitzen dudan erantzuna maitasunaren ilusio faltsua da, hau maitasun erromantikoa. Txikitatik irakatsi diguten printze urdinen istorioengatik, eta emakume ulerkor eta dena onartzen duen paper horregatik. Hemen duzue maitasun erromantikoari buruzkoaAinara Santamariaren Youtubeko bideoa labur bat, ez dut gaian sakonduko aurrerago landuko dugula jartzen duelako.
https://www.youtube.com/watch?v=6SYNvlf7c6M
Hezitzaile bezala asko kezkatzen nauen gaia haurrekiko genero indarkeria eta indarkeria sexuala da. Indarkeria sexuala, Janire Garcia eta Iris Murillo-ren hitzetan: “Honako hau indarkeria fisikoan sartu genezake, baino honen helburua, indarkeria fisikoan ez bezala, ez da soilik jipoitzea, baizik eta erasotuaren askatasun sexuala bortxatzea, indarra, mehatxuak edo dena delakoa erabiliz. Orain dela gutxi arte, legeria eta epaileek ez zuten indarkeria mota hau delitu edo genero indarkeria bezala ikusten ezkontzaren barruan gertatzen zenean”. Bartzelonako eskola batean praktiketan egon nintzenean haur baten kasua izan genuen eta oso gogorra izan zen horri aurre egitea, eta horren aurrean nola jokatu jakitea. Asko hausnartzeko gaia da eta hemen ez naiz luzatuko baina hemen duzue haurren indarkeria sexualari buruzko dokumental bat, katalanez dago baina ondo ulertzen da.
http://www.ccma.cat/tv3/alacarta/programa/Infancia-en-rischttp:/video/3385990/
Lehengo urteko post bat aukeratu beharko banu, hauxe aukeratuko nuke. Bizitako esperientzia erreala kontatu du eta iragarki bateko argazkia ere jarri du, argazkia askotan ikusi izan dut batez ere telebistan, lotsagarria da!
http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/11/nahikoa-da.html
Hezkidetzak duen erronkarik garrantzitsuena helduen kontzientziazioa dela uste dut, bai irakasle eta gurasoak ere. Teoriarik haratago, eguneroko bizitzara eraman behar dugu jarrera eta izaera feminista. Helduak eredu izanez lortuko dugu haurrak txikitatik beste modu bateko jarrerarekin hazi eta heztea.

2017/10/30

SEXU-GENERO SISTEMARI BURUZ HAUSNARTZEN

Nire ingurua testuinguru bakoitzaren arabera asko aldatzen da. Familia, lagunarteak: koadrila, asanblada, udalekutako lagunak…, bikotekidea, dantza taldea, baleteko taldea… Inguru bakoitzeko errealitateak oso ezberdinak dira.
Familiako egoera bat aipatu nahiko nuke, nire aitona Donostiako alde zaharreko elkarteko bateko bazkidea zen. Hil zenean bazkidetzak bere semeren batena pasa behar zuen, baina nire aitonak ez dauka semerik, hiru alaba baizik. Nire osaba batek hartu zuen azkenean elkarteko bazkidetza eta bera da orain bazkide. Baina hori ez da okerrena, elkartean sukaldera sartzeko marra bat dago lurrean, emakumeok ezin dugu sukaldera sartu. Bai, gezurra badirudi ere halaxe da, XXI. mendean oraindik horrelako egoerak aurkitzen ditugu. Askotan kexatu gara honetaz, baina sentimendu kontrajarriak dituzte hiru ahizpek, batetik ez dute justua ikusten emakume izateagatik horrelako muga absurdoak izatea, eta bestetik beraien aitak hainbeste maite zuen lekua mantendu nahi dute. Beraz, familiako eztabaidak oraindik ere oso oinarrizko mailakoak dira.
Asanblada mistoetan adibidez, nahiz eta asanbladak bere burua feministatzat izan eta balore horietan eraikitzen saiatu, beti izaten ditugu egoera deseroso batzuk. Denontzat ez dira deserosoak izaten, baina askotan pertsona batzuen jarrerek besteak zapaltzen dituzte. Hitz egiteko modu agresiboa, bata bestearen gainetik hitz egitea, hika mutilena erabiltzea… asmo txarrik gabe eginiko ekintzak izaten dira baina ondokoa zapaldu eta deseroso sentiarazten dute, gehienetan emakumea izaten delarik zapaldua. Oso gertuko jendea izaten da eta askotan zaila izaten da horrelako egoerak kudeatzea.
Lagunartean berriz gauzak oso ezberdinak dira, badugu lagun bat Lore izatetik Lo izatera pasa dena. Ez du bere burua emakume bezala identifikatzen, ezta gizon bezala ere. Duela 4 bat urte hasi zitzaigun berari gertatzen zitzaiona kontatzen, eta hasieratik ulerkor jokatzen saiatu bagara ere asko ikasi behar izan dugu bidean. Ordu arte trans gaia gure artean nahiko ezezaguna zen, berak esan zigunean ez zela emakume sentitzen eta beste aldaketen artean beste izen bat izango zuela gehienon aurrenengo galdera edo ondorioa hauxe izan zen; a orduan mutila sentitzen zara. Kosta zaigu baino berarekin konturatu gara eta ikasi dugu sexua eta genero asko eta anitzak direla, oraindik ere asko kostatzen zait dikotomia horretatik atera eta mundua beste begi batzuekin ikustea baina pixkanaka bidea egiten ari naiz.
Ez nuke aipatu gabe utzi nahi komunen mundua, berarekin oso garbi ikusi ahal izan dut, baina askoz ere lehenagotik haserretzen ninduen gaia da komunena. Horrelako detaileak dira egunero ikusi eta barneratzen ditugunak. Komunera joatean nesken edo mutilen komuna aurkitzen ditugu, batera edo bestera sartu aukeratu behar da, zuri “ez dagokizunera” sartzen bazara gainera, edonork zerbait esateko eskumena duela ematen du. Zer esanik ez atean egoten diren irudiei buruz, galtza edo gonarekin dauden irudiak izaten dira ohikoenak, baina batzuetan askoz irudi estereotipatuagoak ikus daitezke; futboleko baloia eta ezpainetakoa, kiroleko zapatilak eta takoidun zapatak… lotsagarria benetan.
Horrelako milaka mezu jasotzen ditugu egunero eta momentu oro telebistan, iragarkietan, abestietan, ipuinetan, helduengatik jasotako mezuetan… haurrek pixkanaka hori guztia barneratzen dute eta kontzientzia hartzen hasten garenean zaila izaten da buelta ematea. Oso barneratuta ditugun ideiak dira eta lan handia egin behar dugu eta daukagu egiteko.

2017/10/23

Lagun artean hezkidetzari buruz

Asteburua aprobetxatu dut lagun artean hezkidetzari buruz hausnartzeko. Ez da gai berria gure inguruan, askotan izaten ditugu feminismoarekin lotura duten gaiak lagunartean hizpide. Nahiko elkarrizketa interesgarria izan zen, eta gauza askotan denak ados zeuden. Esan zuten hezkidetza oso tresna baliagarria eta eraldaketarako beharrezkoa dela, haurrak ondorengo belaunaldiak izatean beraiek direla etorkizuna eta txikitatik parekidetasun eta feminismo baloreetan heztea oinarrizkoa dela geroz eta gizarte feministagoa eraikitzen jarraitzeko, eta horrela guztiontzat justuagoa izateko.
Hauxe da denen artean egindako ideia zaparrada:
H e z i
b E r d i n t a s u n a
k o n t Z i e n t z i a
K o n f i a n t z a
n I
a r D u r a
a b E r a t s a
a s k a T a s u n
e Z b e r d i n a k
A l d a k e t a
Zailtasun edo traba bat ere ikusi diogu ordea, ez hezkidetzari, hezkidetza ezartzeko garaian izan daitezkeenak baizik. Komentatu zuten irakaslearen esku dagoen zerbait izatean irakasle bakoitzaren ideia eta baloreetara muga daitekeela eta horrek ez lukeela horrela izan behar. Irakasle feminista egokitzen bazaizu ederki baina ez bada horrela? Haurrak esponja xurgatzaile batzuk dira, ikusten duten guztia jasotzen dute inongo filtrorik pasa gabe eta horrela erreproduzitzen dituzte bai jarrera eta balore feministak eta baita bestelakoak ere. Horrek gure eskumenetik alde egiten du ordea, beraz, ondorioztatu genuen, ahalik eta zabalpen gehien eman behar zaiola, bai gizartean eta baita hezkuntza munduan ere eta batez ere irakasle izateko ikasten ari diren gazte horien artean.

2017/10/10

Sare sozialetan gure presentzia

Sare sozialak gaur egungo gizartean egunerokotasunean erabiltzen dira eta uste baino garrantzi eta eragin handiagoa dute gainera. Nire iritziz hauek tresna bezala ikusi behar ditugu, erabilera egokia emanaz tresna oso baliagarriak izan daitezkeelako. Nik ez dut facebookik baina twitterra badut, jende askok bere bizitza pertsonala publiko egiteko bakarrik erabiltzen ditu eta hori ez zait batere gustatzen, beraien bizitza zein polita den demostratzeko beharra duela iruditzen zaidalako.
Bestetik erabilera egokia eta baliagarria egiten duen jende asko ere badagoela iruditzen zait, gaur egun gertatzen diren mila injustizia eta ezbeharren berri, komunikabide ofizialetatik jaso beharrean sare sozialetatik jasotzen dugu, beraiek ezkutatu nahi dutena beste bide batzuetatik publiko egiten da. Edonork erabil ditzake gainera, herritarren artean dauden jakintza, kezkak eta ideiak konpartitu daitezke bertan.
Beraz, ondo erabiliz gero oso tresna baliagarria direla uste dut baina erabilera txarrarekin kalte handia egin dezaketela ere garbi daukat. Eta noski feminismoak eta hezkidetzak ere bertan egon behar dute, bertan presentzia eduki eta ahalik eta gehien eragin.

2017/10/09

Nire aurkezpena

Kaixo denoi, Miren Garate Peña naiz, 25 urte ditut eta Zarauztarra naiz. Lehenik Haur hezkuntzako ikasketak egin nituen, ondoren lehen hezkuntzako gradua, horrez gain pedagogia sistemikoko ikastaroak ere egiten ari naiz. Iaz AEKn aritu nintzen lanean, helduei euskara irakatsiz eta aurten irakasle zerrendetatik deituko didaten zain nago. Irakasle izateak etengabe ikasten aritzea dakarrenez, ikastaro honetan eman dut izena. Nire bizitza geroz eta feministagoa izateko egunero pausu txikiak ematen ditut, kontzientzia hartzen hasi eta pixkanaka egoerei buelta emateko. Irakasle izan eta haurrekin lan egin nahi dudanez, jardun horretan ere feminismoa presente izaten saiatzen naiz. Askotan detaile txikiek alde egiten didate eta hezkidetzan sakonduz hori aldatzea lortuko dudala uste dut.
Talde lanean aritzean besteen iritziak entzutea eta ideia ezberdinei buruz eztabaidatzea asko gustatzen zait, horrela ikasten dudalako. Niretzako interesgarriak diren gaiak izatean gainera benetan inplikatzen naizela uste dut. Alderdi hauek talde lanerako positiboak direlakoan nago. Beraz besteek ere nire iritzia entzun eta lasai eztabaidatzeko aukera eskaintzea gustatuko litzaidake.
Kolore bakarra ezingo nuke aukeratu, egunaren, egoeraren eta sentimenduen arabera aldatuko nuke kolorez. Bitartean ortzadarra izatea aukeratuko dut. Animali bat aukeratu beharko banu berriz, elefantea aukerako nuke. Oso animalia lasaia, leiala eta aldi berean indartsua iruditzen zaidalako. Asko gustatzen zaizkit elefanteak.
Abesti asko ditut bizitzako momentu zehatz batzuetara bidaiatzeko balio didatenak, hemen Liher taldearen Hauts abestia aukeratu dut. Azkenaldian asko entzuten ari naizen abesti bat delako, indar handia duen abestia iruditzen zait eta abeslariak asko transmititzen duelako.
https://www.youtube.com/watch?v=9S_N02whCUc
Ikastaroarekin nahiko ilusionatuta nago, lan asko egin behar dela entzutean pixka bat beldurtu naiz baina hau ere egingo dugu. Asko ikastea espero dut, egunerokotasunean begi bistan ditugun eta ikusten ez ditugun detaileez ohartu eta klik batzuekin aldaketak ematea. Eta noski justuagoak izango diren esparruak; familian, lagunartean, bikotearekin, lankideekin eta haurrekin eraikitzen jarraitu nahiko nuke.