#AmaiaZ etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#AmaiaZ etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2019/11/03

Beste mundu bat posible da

"Hezkidetza eta genero-indarkeria" dokumentutik abiatuta, hainbat eta hainbat datu, ideia, bideo, irudi, datuen zurrunbiloan aritu naiz aste honetan. Batzuk besteak baino baliagarrigo, indarkeriaren jatorria, sustraiak, ebidentziak eta eragiten dituen ondorioez jabetzeko hainbat datu jaso ditugu aste honetan.

Hainbestetan entzun izan baditugu ere, beldurgarriak egiten jarraitzen zaizkigu eraso sexisten inguruko datu lazgarrienak. Munduko %35i eragiten diotela adierazten dutenetik abiatuta, Europako 62 milioi emakumeek sufritutako indarkeriatik pasa eta EAEko indarkeria matxistak erahildako 101 emakume eta 11 haur aipatzera iristen gara (Berriak aldizkariko indarkeria matxistari buruzko helbidea). Eta espresio ikaragarri hau, izugarria izanik, izeberg-aren gailurra besterik ez da; bortitzena, deitoragarriena, beldurgarriena, baina ikusgai dugun bakarra.

Aurreko edizioetako post hau aukeratu dut, indarkeria sinbolikoan jartzen duelako indarra. Eta proposamen gisa, 2013an "Documentos TV" programan emandako "Miss Escaparate" dokumentala estekatzen dizuet. EEBBetan kokatuta dagoen arren, indarkeria sinbolikoaren analisi sakona eta interesgarria egiten baitu.

Baina itxaropenez bukatu nahiko nuke sarrera hau. June Fernándezen hitzak jaso eta mikromatxismoen aurrean mikroiraultzen beharra aldarrikatzen bukatu nahiko nuke. Ikasia eta hain barneratua dugun mendekotasuneko errealitatea irauli eta umorea, ... bitartez beste mundu bat posible dela aldarrikatzen bukatu nahiko nuke. Beste testuinguru batean adierazitako hitzak badira ere, eta gizon batek adierazitakoak (Jon Maiak), hausnarketa honetan baliagarri izan daitezkeela iruditzen zait. Ildo honetan, interesgarria ere Argian argitaratutako "Konplexu eta estereotipoak hausteko ordua" artikulua.

2019/10/27

Zer pentsatu, hala hitz egin

Sexu-genero sistemari buruzko aste honetako lanketak buruan zurrunbilo gisa nituen hainbat ideia ordenatzen eta argitzen lagundu dit. Sistema honen ezaugarri den hierarkizazioak ezberdinkeriak eta boterekeriak baldintzatutako jendartea izaten jarraitzen laguntzen duela, sexu-genero sistemak indarkeria irautarazten laguntzen duela, eta dominazio-meneko harremanez ari garela berbalizatzea oso lagungarria egin zait.

Zentzu horretan, egunerokoan topatzen ditugun bidegabekerien oinarrian mundua ulertzeko ikuskera bat ezkutatzen da, eta ikuskera horrek hain errotuta dugun sistema honekin egiten du bat. Eta horrela, eta "Sexu-genero sistema suntsitzen" testuan irakur dezakegun bezala, "hausnarketa konplexu eta esku hartze diseinu sakon bat egin ezean, eremu hezitzaile oroko binarismoa eta esentzialismoa hedatzen jarraituko du". Horregatik, izan gaitezen ausart, murgildu ditzagun ikasleak konplexutasunean, hausnartu dezagun gure errealitateaz, eta saia gaitezen injustiziaren zergatiak topatzen, gure esku baitagu bide berriak sortzea.

Aurreko edizioetako postak arakatu eta "Sexu-genero sistema gure inguruan" jardueran egin dudan  hausnarketarekin lotura zuzena duen sarrera bat izan dut gustuko, hainbat erreferentzia interesgarri eta baliagarri eskaintzen dituena, gainera: 2018ko abenduaren 17an Argiñe Alacanok egindakoa: http://hezkeh0506.blogspot.com/2018/12/nolakoa-gizartea-halakoa-hizkuntza.html. Hizkuntzetako irakasle naizen heinean, bide berri hauetan pausuak eman ahal izateko bada aztertu, aldatu eta hausnartu behar dugun eremu bat: hizkuntzarena. Sexu-genero sistemak ezarritako mugei aurre egin ahal izateko, pentsamoldearen oinarriak ezagutu eta eraldatzeko eguneroko ahalegina egitea da nire proposamena, ahalegin hau ere gure eguneroko hizkuntzan islatu ahal izateko.



2019/10/21

Hautu libreak

Adituen testuak irakurtzen hasi baino lehen nire inguru hurbilenetik abiatzea erabaki dut "Hezkidetza" terminoaz dakitena nirekin partekatu dezaten. Anonimotasuna ziurtatu nahian, Google inprimaki bat sortu eta inguruko hainbat ate jotzea erabaki dut, norbaiten  erantzuna jasoko dudalakoan... Eta poztu egin naiz. 

Alde batetik, jasotako erantzunak uste baino askoz gehiago izan dira. Ingurukoen %88ak ezagutzen du hitza (kontuan izanik gurasoei zein hezkuntza eremuan ez dabilen baten bati ere bidali diodala, esanguratsua egin zait). Euren hitzetan "beharrezkoa", "justizia", "hezkuntza ereduaren aldaketa", edota "desikasi" hitzak aurkitu ditut, eta, batez ere, egungo errealitatea aldatzeko ilusioa somatu dut, utopiarekin lotu ahal izango genituzkeen hitzak aurkituz: "pertsonak askatasunez hautu libreak egiteko ahalduntzea litzateke hezkidetzaren ardatza":


Eta esku artean lan handia dugunaren sentsazioa izan dut, hautu libreak egiteko, askatasunean erabakitzeko, ezinbestekoa baitugu jakintza, ezagutza. Abiapuntua Feminismoaren historia ezagutzea izan beharko luke (hitzaren konnotazioak, injustiziaren sustraiak eta gaur egungo errealitatea ezagutzeko arrazoiak barneratuz). Horretarako, erreferentzia pare batekin buka dezakedala pentsatu dut, gure lanaren hasiera honetan:

Nuria Varelaren "Feminismo para principiantes", ohiko liburu zein komiki formatuan.
Chimamanda Adichie: "Todos deberíamos ser feministas". Idazlearen hitzaldia eta liburuari buruzko bideo motza ere bidaltzen dizkizuet, abiapuntu gisa.




2019/10/11

Gure ahotsak



Sare sozialekin dudan harremana gatazkatsua da. Ditudan ohitura, kultura, adin edota beste hainbat faktorek eraginda, nolabaiteko erresistentzia adierazi izan dut hauen aurrean, baina, aldi berean, erakargarri egin izan zaizkidala ere onartu beharko nuke.

Hainbat ahots entzun edo irakurri ondoren (bereziki interesgarria iruditu zait Florencia Goldsman-en "Okupar las redes sociales del amo" artikulua"), eta orain arte izandako esperientzietatik abiatuta, jakin badakit ezinbesteko komunikazio tresna bilakatu direla, eta emakumeon ahotsak indarrez plazaratzeko tresna badirela.


Baina, aldi berean, etengabeko informazio, publikazio, erreferentzia, iritzi, irudi, ideia... zaparradak antsietatea sortzen du nigan. Sare sozialen etengabeko presentziak lasai bizitzeko eta harreman fisikoa oinarritzat duen bizimodua izateko eragozpen gisa bizi ditut, eta, ezinbestean, hauen erabileran gure buruari mugak jartzearen beharra ikusten dut.

Dena dela, ongi etorriak izan daitezela partekatu ditzakegun baliabideak, ideiak, aldarrikapenak, eta izan dadin espazio hau "ezagutza libre eta identitate anitzak trukatzeko espazioa".





2019/10/05

Arratsalde on


Arratsalde on,

Amaia Zubeldia Rodríguez naiz.

Bikotearekin batera hiru seme-alaben guraso naiz, eta, idazten ari naizen dataren arabera ikusiko duzuenez, zereginak azken unerako uzten dituen horietarikoa.

Mutrikuko BHIn Gaztelania eta Literaturako irakasle naiz (aurten DBH3n), eta baita Batxilerreko lehen mailan "Hesigabezi" izenez deitu dugun ikastetxeko aukera gai propioaren irakakasle. Bertan, hezkidetza eta elkarbizitza ardatz izanik hainbat zeregin eramaten ditugu aurrera, eskolako bizitza eta eskolako kideen arteko harremanak eraldatzen edo hobetzen saiatuz. Horrez gain, iazko ikasturtez geroztik Ikasketa Buru izendatu ninduten eta guztira ezin iritsita nabil.

Aipatutako ikasgaiak eta iaz eta aurtengo ikasleei erantzun ahalik eta osatuena eskaintzeko asmoz eta ezagutza berriak eta diskurtso sendoa eraikitzeko asmoz eman dut izena ikastaroan. Ikasteko gogoz hasi naiz, nahiz eta kezkatuta hasi naizen, eskatuko didanari erantzun ahal izango ote diodan ala ez.

Lan talde birtualean aritzeko lankiderik onena ez dut uste naizenik, nahiz eta prest egoten naizen eskaini ahal dudan edozer partekatzeko. Ikasleekin aurrera eramango ditudan esperientziak eta eskolan dugun Hezkidetza Planean egingo ditugunak askotan izango ditut mintzagai, eta interesgarri iruditzen zaizkizuen heinean, zuekin partekatzeko prest nago.

Animaliak ez ditut bereziki gogoko, nahiz eta, harrigarria dirudien arren, bi ditugun etxean (Marilin katua eta Xola txakurra), baina irakurtzea bereziki gustatzen zait. Delibesen "El hereje" da nire kuttuna. Koloreez hitz egitean, aurreko ikasturtean gure eskolako patioan eginiko eraldaketaren hasiera etortzen zait burura (aipatuko dizuet aurrerago eginiko eta egiteke dugun lana), feminismoak ekarri ahal izango ligukeen eraldaketaren argazkia iruditzen baitzait: