LEGEDIA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
LEGEDIA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/11/21

LEGEAK DENONTZAT LEGE

    Titular aproposa iruditu zait, azken berriak zeintzuk izan diren ikusita. Zer gertatu da    “BAKARRIK BAI DA BAI “ legearekin? Legea txarto idatzia dago? Klausula bat falta zaio? Ni ez naiz legeetan aditua eta ez dakit zer den gertatu dena baina jakin badakit ere sistema judiziala ez dela feminista hain zuzen ere; Ez ditu emakumeak defendatzen eta genero esterotipoak oraindik ere oso presente daude. Legeak gizonezkoek eta gizonezkoendako eginak daude, hau da, sistema heteropatriarkal eta androzentriko batean. Beraz, beharbada legeak beharko ditu ikutuak baina baita sistema berak ere.


    Nire ustez, legeak beharrezkoak dira baina egia esan batzuetan interpretazio desberdinak egin daitezke eta hori onerako eta txarrerako  izan daiteke. Horregitik uste dut legeak morez idatzi behar direla, baina ez bakarrik idatzi, sentitu eta pentsatu ere. 

    Aurreko edizioetako post hau aukeratu dut, arrazoi desberdinengaitik. Alde batetik titulua eta kartela oso aproposak iruditu zaizkidalako; irakaskuntzaren promesa aipatzen da eta kartelaren bukaeran ere “irakaskuntzan aplikatu!” bukaera hori ederto isladatzen duelako hezkuntzan helburua hori izan beharko litzatekelako. Bestalde, Marian Morenoren esaldi garrantzitsu bat aipatzen delako: “ez badago sentsibilizaziorik nola aplikatu?” Guztiz ados nago, eta  batzuetan hori da oztopo, eskoletan momentuan dauden pertsonaren inplikazioaren araberakoa izaten dira askotan eskuhartzeak. Horregaitik, irakasleak eta komunitate osoarekin  sentzibilizazio saioak egitea ezinbestekoa da, eta irakaslegoa aldatzen doanez, urtero urtero egin beharreko lana da. 

    Hezkuntzara begira, uste dut II.hezkitza plana oso baliogarria dela eskoletan ibilbidea diseinatzeko eta ikasturteko plana egiteko. Gainera oso argi eta zehatz agertzen dira 8 zutabeetan banatuta landu beharreko helburuak, hoien artean, komunitate osoaren sentsibilizazioa; II.Hezkidetza planeko lehenengo zutabearen barruan (“pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean”) lantzekoa.





2022/11/20

LEGEA ETA HEZKIDETZA

 



  EDO



Bata zein bestea, biak dira, nire ikuspuntutik, egokiak lantzen ari garen gaiarako:

Lehenak, berdez jantzita, itxaropenaren kolorez jantzita, gauzak aldatzen ari direla, nahiz eta pixkanaka-pixkanaka izan, esaten digu. Oraindik bidea falta zaigu, baina legeek eta hezkidetzak mugimenduak egiten dituzte emakumeen egoera aldatzeko eta berdintasuna lortzeko. Horregatik, legea eta hezkidetza eskutik joan behar dira, eta Benito Lertxundik esaten duen bezala: 

               Denborak aldatzen dira, denborak aldatzen doaz (...) Eskaparate                       berria irekita dago, bertan  izkribu dizdiratsuan irakur dezakezu:                        etorkizuna zurea da".   

Eta horrela izan behar da: etorkizuna gurea izan behar da, legea eta hezkidetzaren eskutik.

Bigarrenean, legeak betaurreko moreak jarri ditu eta horrela, desberdintasun eta injustizia guztiak ikus ditzake. Horrek abiapuntua izan behar du gauzak aldatzeko, bestela, legea ez bada gure ondoan ibiltzen eta gure bide beretik, oso zaila egingo zaigu berdintasuna lortzea.    

Baina egin dezagun hiru lege nagusiei buruzko laburpen bat:  

* Otsailaren 18ko 4/2005 legea: lege honetan atal guztiak dira garrantzitsuak.            baina curruculumari dagokiona (29. artikukua) nabarmendu nahi nuke. Artikulu        honetan Hezkidetzaren oinarriak jartzen dira esaten denean: 

                   " Hezkuntza Administrazioak hezkidetzako proiektuak sustatuko ditu,                          eta jarraian aipatzen diren hezkidetza-helburuak integratuko ditu                              hezkuntzako maila ezberdinetako jakintza-arloetako eta diziplinetako                          curriculumaren diseinuan eta garapenean"    

* II Hezkidetza plana:  oso plan zehatza eta  exaustiboa da, eta jasotzen dituen       zutabeek pista handiak ematen dituzte eskoletan lana diseinatzeko eta               planifikatzeko.

* Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria      matxistarik gabeko bizitzarako Legea: (2022ko martxoa) Lege horrek 2005eko       legea berritu du eta arauak eta indarkeria matxistaren alorrean aldaketak jasotzen   ditu. 

Lehen aipatu dugunez, legeak beharrezkoak dira matxismoaren aurka borrokatzeko, baina hausnarketa serio bat egin dezagun: paperak den-dena jasotzen eta jasatzen dute, baina ezin gara hor gelditu. Pentsatu behar dugu benetan lor daitekeela, nahiz eta bidea luzea izan, eta berdintasuna posiblea dela. Horretarako hezitzaileok formakuntza behar dugu, Klaustroetan hausnarketa sakonak egin behar dira, eta benetako konpromisoak behar dira. Bestela, gure Hezkidetza planak eta lege guztiak paperak eta ekintza puntualak baino ez dira izango. 

Prosezu honetan, emakumeok zein gizonek betaurreko moreak ipini behar ditugu, baina batez ere gizonek, batzuk oso kontzientziatua egon arren. Horren harira Emakundeko "Gizonduz" proiektua bezalako gehiago behar ditugu. 

Eta ondo legoke ere, Mª José Urruzolaren hitzak kontuan hartzea gure eguneroko lanean, pista asko ematen dizkigu eta.

Amaitzeko, aurreko edizioetako ikastarokideen gustatu zaidan ekarpena zera da: Ez kidetzatik hezkidetzara da. Bere titulua oso iradokitzailea da eta bat dator hasieran esan dudanarekin: "denborak aldatuz doaz", eta ez kidetzatik hezkidetzara goaz. Horrez gain, HHri buruz hitz egiten du, eta ni, HHko izanda.... esandako guztia aprobetxatzen dut. 😉




                  





HEZKIDETZA ETA LEGEAK - PAPER BUSTIA?


Hezkidetzari dagokionez, ezin dugu esan "nik ez nekien", "nik lege hori ez dut ezagutzen". Denok dakigu hezkidetza lantzera behartuta gaudela. Negazionistek ere badakite. Bai negazionistak ere badaude. Hala ere , ikasturte hasierako zirkularrak ez du zalantzarako tarterik uzten .Dokumentu garrantzitsua ez dela dirudien arren, hala da. Gure ibilbide-orria da, ikasturteko bideari hasiera emateko. Askotan legeak paperetan geratzen dira, ikasturte hasieran betetzen ditugun dokumentuetan, eta kasu batzuetan ahaztu egiten dira. Hau da, paper bustiak dira.

Herriek eboluzionatzeko behar dituzten aldaketak egiten lagunduko diguten legeak behar dituzte. Urte asko dira klaustroetan hezkidetza hitza entzun dudala. Kasu askotan feminismoaren sinonimoa besterik ez zen. Beste batzuetan, egun  batzuetan egiten den  festa hori zen. Azken finean, planei eta legeei esker, dimentsio berri bat hartu du. Ezin dugu zalantzan jarri berdintasun-legeen garrantzia. Esparru erabilgarria dira sektore guztientzat. Baina gaur egun oso ezagunak  Hezkidetzako 8 zutabeak. Kasu askotan, irakasgai guztietako irakasle guzti-guztiak inplikatzen dituen hezkuntza-proiektu oso bati eusteko zutabeak dira.


Marian Moreno oker dagoela pentsatzea gustatuko litzaidake, ikasgeletako berdintasuna borondatezkoa dela esaten duenean (1). Baina uste dut ematen diren pausoak oso txikiak direla. Boluntariotzan laguntzen jarraitzen dugu hezkidetzako hezkuntza-ekintzak aurrera eramateko. Ekintza horiek, nahiz eta legeek babestuak izan, oraindik ere mesfidantzazko begiradak izaten jarraitzen dute, irakasle batzuek alde batera utzita. zer gertatuko litzateke gutaz genero-berdintasunerako legerik gabe?

Aurreko postetatik Argiñe Alacan Loiti-k ( 2)idatzitakoa aukeratu dut, agian, bera bezala uste dudalako hezkuntza-planak ilusioz eta[i] ideia onez beteta daudela, baina askotan errealitatearekin talka egiten dutela. Denborarik, enpatiarik eta lankidetzarik eza.  erronka horiek gainditu behar ditugu hezkidetzako eskola bat nahi badugu



Hona hemen nire buru- mapa





1 https://amecopress.net/La-igualdad-en-las-aulas-sigue-siendo-algo-voluntario

2 https://hezkeh0506.blogspot.com/search/label/LEGEDIA

3 Imagen de <a href="https://www.freepik.es/foto-gratis/atleta-listo-correr-mensaje-listo_17662809.htm#query=META&position=4&from_view=search&track=sph">Freepik</a>

 

 

2022/11/19

Legea eskuan, justizia buruan

Izugarria da hezkidetzaren defentsari zuzendutako lege-erreferentzien kopurua, legedi gaztea dudarik gabe beste esparru batzuetakoekin alderatuz gero. Lege horietako askotan egindako zuzenketek agerian uzten dute bidea egin egin dela baina urruti dugula helmuga. Justiziazko ispirituak zeharkatzen ditu guztiak, ezin bestela izan bizikidetza bermatzea helburu duten legezko testuetan.

Urte luzez entzun eta irakurri ditugu Hezkidetzari lotutako legeek jomuga duten helburuez. Horiek lortzeko moduetatik eta ekintzetatik irakurgaian berritzaile egin zaizkidanak erreskatatuko ditut.

 

Eskoletan epikoa, handia  izan da narratiben epizentroa. Nola eta nondik eraiki ditzakegu bestelako epikak? tankerako galderen inguruan hitz egiten digute Lokatza, pentsamendu feminista narrasean podcastean. Eskoletan epikoa ahaztu gabe jendartearen alde anonimoa, bizitza aurrera daramatenena gehitzeko gonbita luzatzen du Marian Moreno Llanezak bloke honen irakurgaiaren hasieran. Iritsi da, antza, kontakizun berriei, intimoagoei lekua egiteko ordua. Horren lekuko, aurretik laidoztatua izan zen, Annie Eurnaux-ek irabazitako azken Literatura Nobel saria. 

Legea ere bide beretik doa balioak eta emozioak lantzeko guztiok ezinbesteko dugun hezkuntza afektibo-sexualaren beharra azpimarratzen duenean. Mutilak beraien burua zaurgarri agertu eta sentimenduez umetan bezala hitz egitera ausartuko diren unearekin egiten dut amets.

Esperantzara kondenatuak gaudela eta, DBHko mutil gehienen arduren aurreko jarrera buruan, poza eragin dit norberaren eta hurkoaren zaintzari eskainitako atalak, Curriculumari dagokion 17. artikuluko c) atalean dionak:

Beharrezko jakintzak gehitzea, etxeko lanak eta pertsona zaintza dela eta, neskek nahiz mutilek gaur egun dauzkaten eta etorkizunean izan ditzaketen beharrizanen eta erantzukizunen ardura har dezaten”

Curriculumarekin jarraituta emakumeek gizadiaren garapenari egindako ekarpenak txertatu behar dira jakintza arlo guztietan. Banakakoen ekarpenez gain egin diezaiogun justizia edozein mugimenduk baino iraultza gehiago ekarri duen feminismoari bere historia ezagutzera emanda!


Nagore Iturriotzek pedagogia bera ezbaian jarri eta transgresiorako gonbita egiten du https://www.pikaramagazine.com/2019/03/hezkidetzatik-pedagogia-feministarantz/ Pikaran idatzitako artikuluan.


Inor gutxik izango du, modu irekian behintzat, elkarbizitza helburu duen testuon edukiaren kontra azaltzeko ausardiarik.  Youtuber eta influencer batzuk baina sare sozialen bozgorailuaz baliatzen ari dira “genero desinformazioa” deritzona egiten eta zabaltzen, mito matxistak betikotzen. Politiko batzuek eta aipatutako pertsonaia ospetsu horiek esandako mantrak tokia hartzen ari dira hezkuntza esparruetan ere. 2021eko Gazteria eta Genero Barometroak dionaren arabera negazionismoa gero eta gehiago zabaltzen ari da nerabeen artean, indarkeria matxista gai ideologikoa dela esaten baitute horietako batzuk.

Gauzak horrela, ezin egokiagoa curriculum-aren atalean aipatutako esku-hartze hau: Informazio eta komunikazioa teknologien erabilera kritiko eta segurua lantzea.


Batzuen ohoreak eta izen onak, botereak azken finean, besteen sufrimenduak baino pisu handiagoa izateagatik ez-ikusiarena egietari uzteko garaia iritsi da, bestalde.Tratu onen aldeko apustuari lotuta eta pertsonala politikoa ere badela ideiarekin bat eginez ospatzen dut lege berriak edozein susmoren aurrean horren jakinarazpena egitera derrigortzeak. 


Bistan da balioen aldaketa sustatuko duen Curriculumaren aldaketa dela legeek agindutakotik errealitatera jauzi egiteko tresna.  

Oraintsu arte aldaketa aurrera eramango dugunon formakuntza Zuzendaritza taldeen borondatearen eta sentsibilitatearen araberako izan da. Ongi-etorriak legearen 32. artikuluak aipatzen dituen prestakuntza-planak!. 


Hezkuntza eredu eta proiektu berriak ez dute lur hartuko baliabiderik gabe. Ulertezina da alde horretatik Hezkidetza plana hainbat urtez izandako ikastetxeek hori galtzea, hezkidetza berez dabilen jostailua balitz!


Argigarri egin zait aurretik idatzitako Legea, gizarte aldaketarako tresna legeen elementuez gain horiek aurrera eramateko lidergoez eta baliabideez hitz egiten duelako eta, lurra hartuta, legeen eraginkortasuna ezagutzeko baliabideak eskaintzen dituelako. 


Lehen hezkuntzako neska-mutilen mintzo argiak mahai gainean uzten du egiteko dugunaren itzela!









LEGEDIAK PAPERETIK IKASTETXERA SALTO EGITEAN

 


Legerik gabe egia da aldaketak ez direla aurrera ateratzen, edota, gizartea eraldatzeak denbora gehiago eskatzen duela. Baina, batzuetan, lege, plan, protokolo, etab. desberdin mordoa ditugunaren eta hauek aldi berean burutu beharraren sentsazioa daukat.

Guztiak aurrera ateratzea zail egiten da askotan ikastetxeetan, ez gogo faltagatik baizik denbora faltagatik. Utopikoa izan arren, Plan guztiak barneratzen dituen bakar bat planteatu beharko litzateke, ikastetxeei honen ezarpena eta betearaztea errazteko eta horrela benetako eraldaketa hezkidetzailea bultzatzeko.

Argi daukadana da, hezitzaileak heztea dela ezinbesteko neurria aldaketak behar bezala bideratu ahal izateko. Honetan pentsatzean, honakoa etortzen zait burura: Irakasle guztiak kontziente ote dira gizartea eraldatzeko beraien paperaren garrantziaz?

Ikastetxeetako irakasleez gain, familiak Hezkidetzan heztea ere ezinbestekoa izan beharko luke. Ikastetxean landutakoak segida bat izan dezan umeen errealitatean, bestela, ikastetxean gauza bat irakatsi eta etxean beste bat ikusten badute, ez dute argi izango hartu nahi duten bidea zein den. Cárdenas Rodríguez, M. R., et al., 2022en artikuluan dioten moduan: 

“Es de suma importancia que el profesorado posea una formación previa y continuada en coeducación y que toda la comunidad escolar partícipe en la coeducación: las familias y el personal no docente. Educar en la igualdad entre hombres y mujeres es realmente una necesidad, un requisito evidente que exige de todas las personas que intervienen en el espacio educativo un compromiso firme y sólido para ofrecer una educación que busque la igualdad real entre mujeres y hombres

Bestetik, legediarekin jarraituz, Asturiaseko gobernuak prestatutiko infografía hau topatu dut, Hezkidetza LOMLOEn deiturikoa.

Azkenik, aurreko edizioetako Paperak dena aguantatzen du posta gomendatu nahiko nuke, ikastetxeek bizi duten errealitateaz argi solasten baita. 


2021/11/22

 LEGEDIA DELA ETA...

Beste urte batzuetako ekarpenak irakurri eta gero, sarrera hau aukeratu dut, oso modu erraz eta erakargarrian laburbiltzen baititu, Hezkidetza sustatzeko legediaren inguruko punturik garrantzitsuenak.











Aste honetan proposatutako legedia eta dekretuak irakurri ondoren, Curriculumari dagokionez  Hezkidetza-helburuak arloetan eta ikasgaietan txertatzeko proposamenak aipatzen dituena (17. art.) eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legea nabarmentzea gustatuko litzaidake. Azken hau ez nuela ezagutzen aitortu behar dut.

Marko legala tresna garratntzitsutzat hartu beharra dago, dudarik gabe, lehenengo pausutzat, baina baliabide edo praktikarik gabe ez dauka baliorik. Paperean idatzitako  hainbat lerro baino ez, bilaka daitezke. Gure eguneroko lana eta jarrera, hezitzaile eta irakasle moduan ezinbestekoa da legedia garatu eta gauzatu ahal izateko hein batean. Funtsezkoa iruditzen zait ez bakarrik hezkidetza proiektuak garatzea, irakasleon formakuntza hezkidetzaren inguruan ezinbestekoa da ere, gure egunerokotasunean aplikatzeko, berdintasunean heztea erantzunkizun bat baita, gure erronka. 

Tresnak, baliabideak eta erakundeen lana ere egitear dago. Esan bezala, formakuntzaz, gure kasuan, adibidez, hizkuntza zein material sexistak ez erabiltzeaz gain, erraztasunez identifikatu ahal izateko eta ekiditzeko tresnak edukiko genituzke, gaur egun oraindik, hainbat material eta testuliburuetan aurkitzen baititugu.

Argi dago, aldaketak ez direla bapatekoak izango eta denbora pasa beharko dela begibistakoak izan daitezen. Gero eta nabarmenagoa da gizartean orokorrean eta hezkuntzan hezkidetzaren gaia eta nahiz eta oraindik lan handia egiteko egon, pausuz pausu, lortuko dugulakoan nago.

LEGEAREN BABESA…...IRAKASKUNTZAREN PROMESA

 


Hainbat Lege, Dekretu eta Plan ditugu Estatuan eta EAEn, eta zorionez piskanaka bagoaz pausoak ematen hezkidetzan. 

Lege-dokumentuei esker euskarri legala izatea garrantzitsua iruditzen zait, baina are gehiago legediak markatzen dituen ildoen edukiak zeintzuk diren eta nola aplikatzen  diren errealiatatean, hezkuntzan, alegia.

Marian Morenok,  II. Hezkidetza planaren aurkezpenean aipatzen duen moduan,

ez badago sentsibilizaziorik, nola aplikatu?


Zentzu honetan ezinbestekoa iruditzen zait lehendabizi sentsibilizazioa lantzea, irakasleekin , bai familiekin: hiztegia, ikuspegi eta  iritzi desberdinak partekatu, ea; ondoren errazago lortuko da ikasleen sentsibilizazioa ere.



Bestalde, esan baharra daukat ez nekiela  Euskadiko emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea (2005ko otsailaren 18a) zegoela; bertan aipatzen diren atalak garrantzi handikoak iruditzen zaizkit, horien artean, hezkidetza proiektuak, sexismoa edo emakumeen aurkako indarkeria eta pertsonak, egiturak eta koordinazioa; azken horretan ezinbestekoa iruditzen zaidan irakasleen eta zuzendaritzen arteko koordinazio zuzena aipatzen da, indarkeriaren gaia tratatzeko.


Aurreko urteetako posten artean Hezkidetza sustatzeko legedia aukeratu dut; oso modu bisualean eta erakargarriam aurkeztu du legediaren gaia eta hezkuntzan landu beharreko  aspektuak adierazita daude; II. Hezkidetza Planean proposatzen diren 8 zutabeekin berritu eta egokitu daiteke gaur egun. 


Azkenik, hezitzaileok eta gizarteko hiritarrok dugun betebeharra esaldi batean laburtuko dut eta bide batez azpimarratu nahi dut akrostikoan idatzi dudana: 


Legea mantendu, berritu ….eta …. aplikatu behar dugu!

 

Aste honetako foroetako aukeretan RAP feministaren aukera izan dugu hausnarketa gisa, eta egia esan musika estilo horrek aldarrikapen ugari egiteko bidea ematen du, besteak beste indarkeria matxista, sexu-estereotipoak, ezarritako sistemaren aurkako borroka, sexua, matxismoa edota  lana bezalako gaiei buruzko letra erradikalak erabiliz. 

 

Pikara magazinetik aukeratu dudan rapera bat gomendatzen dizuet:


CAYE CAYEJERA: “Genero zurrunak, mekanismo perfektua ”

Puro Esterotipo abestiaren bideoklipak (2013) uko egiten die ohiko promozio-klixeei, sexu-erasoko egoeretan autodefentsarako gida txiki gisa planteatzen baita, rap estiloan. 









GIZA LEGEZ

 



Lehengo urteko bloga sarreretatik Legeetatik egunerokora izenekoa aukeratu dut. Horretatik bi gauza gustatu zaizkit batez ere. Batetik, bertan oharkabean pasa zaidan apreziazio bat egiten du egileak: legeak ez duela feminismo hitza aipatzen. Uste dut nahiko esanguratsua dela datuan. Nondik dago, ba, eginda legea? Bestetik, hezkuntza formala eta ez formala aipatzen ditu eta bien arteko elkarlanerako bideak zeintzuk izan daitezkeen galdetu. Legeari begira ere ikuspuntu interesgarria iruditu zait.

Egia esanda, legearen inguruan oso ezagutza txikia nuen, beraz, artikulu gehienak dira niretzat berri. Hala ere, esanguratsu bat aukeratu beharko banu, hau aipatuko nuke:

Hezkuntzari Buruzko Lege Organikoa (2006ko maiatzaren 3a), LOMLOEk (2020ko abenduaren 29a) egindako aldaketez gaurkotutakoa. Izan ere, bertan hezkidetzaren printzipio nagusiak aipatzeaz gain, 2. artikuluan hezkuntzaren xedeak zehazten ditu eta etapa desberdinetan lortu nahi diren helburuak laburbiltzen ditu. Uste dut horiek guztiek oinarri sendoak jartzen dituela hezitzaileok hartu beharreko norabideari dagokionez.

Legedia hurbilagotik ezagututa, hezitzaileontzat ondoriorik garbiena gure lana eta indarra non jarri behar dugun jakitea da. Hezitzaileok eman behar dizkiegu ikasleei tresnak estereotipoak gainditzeko, zaintzarako eta gizarte-lankidetzarako trebatu behar ditugu, etab. Legeak ondo baino hobeto zehazten ditu bai egitekoak, bai lan-esparruak. Hitz batean laburbilduta, hau da gure egitekoa azken batean: emakumeen eta gizonen arteko eskubide-berdintasun eta aukera-berdintasun eraginkorra sustatzea. Erraza da esaten, baina sekulakoa da aurrean daukagun erronka.


ERRESISTENTZIEN GAINETIK AURRERA

 


Hezkidetzaren marko legalean murgilduta gabiltzan honetan, hainbat legeren berri izan dut. 2005eko Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria - EHAA/BOPV (euskadi.eus)  jarri nahi nuke azpimarra, ordea. Izan ere, lehenengo aldiz nabarmentzen da (lege modura) datuek adierazten dutela bai emakume eta gizonen arteko harremanetan, bai beren garapen pertsonal eta sozialerako aukeretan hierarkizazioak irauten duela.

Abiapuntu horretatik abiatuta, 3 xede planteatzen dira: bizitzaren esparru guztietan aukera eta tratu berdina sustatzeko eta bermatzeko neurriak garatzea —bereziki, diskriminaturiko gizatalde bezala—, emakumeen autonomia suspertzea eta gizartean, ekonomian eta politikan bere posizioa indartzea.

Soka horretatik, gure jarduerarekin lotura zuzena duten atalen artean, 30. artikulua aipatu nahi nuke, honako hau debekatzen duelako:

Sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago edo gehiago dutela edo sexu-objektu soilak direla adierazten duen testu-liburu edo irakaskuntzako material oro zabaldu eta erabiltzea Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, eta baita emakumeen aurkako indarkeria justifikatu, horri garrantzia kendu edo horretara bultzatzen duen oro ere.

Debekuak debeku, oraindik ere testu-liburuetan estereotipoak, emakumearen gutxistestea… uste baino gehiagotan islatzen dira.

Iazko ekarpenak irakurtzen aritu ondoren,  Legeen dantza, dantza amaigabea izenburupeko blogeko sarrera hautatu dut https://hezkeh0506.blogspot.com/2020/11/legeen-dantza-dantza-amaigabea.html. Izan ere, ondo baino hobeto azaltzen du legearen aurrean erresistentziak agertzen direla. Hona hemen II. Hezkidetza Planean adierazten dena:

 “Baina, ikastetxeetan ez da genero-indarkeria prebenitzeari eta hari heltzeari buruzko hirugarren helburu estrategikoaren garapen- eta betearazpen-maila bera bete. Azken urteotan gizartean oro har gertatu den bezala, aurrerapen handiak izan dira berdintasunaren arloan, baina oraindik asko dago egiteko, bereziki harremanen eremuan eta indarkeriaren prebentzioaren eremuan. Horretarako, hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa eta lankidetza behar da”.

Hain zuzen ere, ildo horretatikoa da akrostikorako aukeratu dudan leloa: legearen (aurkako) erresistentzia gaindituta, eragileok, den-denok irmo aurrera.

 

AURRERA!

Legediari buruz…

Akrostikoa egiteko, material osagarrietan Izaskun Landaidari egindako elkarrizketari eutsi diot.


Josuneren blog sarrera aukeratu dut ondoko arrazoiengatik:

  • Izenburua asko gustatu zait.
  • Legeak hainbat ideiekin eta erreferentziekin loturak egin ditu.
  • Haur Hezkuntzarako ekarpenak egin ditu azpimarratzen etapa horrek garapenean duen garrantzia.


Legeen ezagutzari buruz dagokionez...

Asko ez ditut ezagutzen onartu behar dut. Aipatutakoa ez du esan nahi, bertan agertzen diren bete beharrak ez ditudala betetzen. Ausartuko nintzake esatera hezitzaile gehienok ezagunak izan ala ez ezagunak izan bere egunerokotasunean kontuan hartzen ditugula. Hori dela eta denak dira esanguratsuak.

Aurreko paragrafoan aipatutakoa erantzu sinplea irudi dezakenez ondoko hausnarketa konpartituko dut zuekin. Askotan entzuten da legea gizarte baino polikiago joaten dela. Kasu honetan zalantzan jarri nahiko nuke baieztapen hori.

1978-ko Espainiako Konstituzioaren bi artikuku hauek jasota daude:

14. artikulua: espainiarrak berdinak dira legearen aurrean, eta ezin da inolako bereizkeriarik egin jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo bestelako egoera edo inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

35. artikulua: "Espainiar guztiek dute lan egiteko betebeharra eta lanerako eskubidea, lanbidea edo ogibidea askatasunez aukeratzeko eskubidea, lanaren bidez mailaz igotzeko eskubidea eta beren eta familiaren premiei erantzuteko behar besteko ordainsaria jasotzeko eskubidea, eta inola ere ezin da sexuagatiko bereizkeriarik egin".
 

Hau oso esanguratsua da. Kasu honetan ematen duelako gizarteko gehiengoari, inola ere ez osoari, legeak aurre hartu diolako. Honek erronka hau planteatzen dit nola egingo dugu orain arte hori barneratu ez dutenek barneratzeko. Erronka honi aurre egiteko garrantzia harten dute aurrera eraman diren politikak eta eramango behar direnak eta hezitzaileon kasuan sortutako planak eta plan horiek aurrera ateratzeko politikak.

Ondoria niretzako: segi aurrera, kritikoa izan, ez itxoin lege bat sortu arte edo dagoena berritu eta egokitu arte egin beharrekoak egiteko.




 



2021/11/20

LEGEAREN APLIKAZIOA ARLO GUZTIETAN FALTA ZAIGU

 

Sarrera hau aukeratu dut LEGE, bige,hige,..., besteak beste, idazten duen ondorioa gustatu zaidalako, hau da, Legeria nahikoa badaukagu, eta hau da lehenengo urratsa, baina orain erronka da legea aplikatzea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna errealitate bihur dadin. Egin duen akrostikoa ere asko gustatu zait, Lege Guztiak Emakumeen Duintasuna Idatzit Adierazita😊

Nik ez nekien 29. artikuluaren c puntua ,“Beharrezko ezagutzak sartzea, neska-mutil ikasleek, etxeko lanak eta pertsonak zaintzea direla eta, gaur egun dauzkaten eta etorkizunean izan ditzaketen beharrizan eta erantzukizunen ardura har dezaten.” , 4/2005 Legean sartzen zela.

Orain arte irakasleok lan egin behar genuen puntu garrantzitsu bat zela uste nuen, baina ez nekien Legearen artikulu batean agertzen zenik. Iruditzen zait funtsezkoa dela ikastetxeetan aplikatzea. Badakigu, oraindik, etxeko lan gehienak emakumeek egiten dituztela, eta pertsonen zaintzaren arduradunak ere emakumeak direla . Alderdi horretan berdintasuna lortu arte ez dugu lortuko etxeko lanak eta zaintzaile rola emakumeengandik ezabatzea. Honekin lotuta bideo hau gomendatzen dizuet emakunde_zaintzaile rola

 

Hezitzaileontzako ondoriorik argiena da Legeak dioena praktikara eramatea ikasgelan. Neskei batez ere, baina  mutilei ere, Lege hau irakatsi behar diegu, horrela jakin dezatela zeintzuk diren emakume gisa dituzten eskubideak. Funtsezkoa da emakumeak babesten dituzten legeak ezagutzea, gure gizartean benetako berdintasuna lortzen ez den bitartean.




2021/11/18

LEGEA BEHARREZKOA DA, BAINA EZ NAHIKOA

 


Marko legalak tresna garrantzitsua ematen digu jendarte parekide lortze bidean. Halere, legea ez da nahikoa jendartearen estamentu guztietara ez bada praktikara eramaten, ez bada behar bezala garatzen. Horretarako, argi daukat beharrezkoak direla baliabide eta tresna ugari.

Hauxe da aukeratu dudan artikulua. Izan ere, lege, dekretu zein xedapenen inguruko hausnarketa egin du egileak:

https://hezkeh0506.blogspot.com/2020/11/ez-kidetzatik-hezkidetzara.html

Egia da, hainbat  lege, dekretu eta xedapenen artean  asko esanguratsuak iruditu zaizkidala. Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak, 2005eko otsailekoak, 29.artikuluan horrela adierazten du: 

"Hezkidetza proiektuak sustatuko ditu Hezkuntza Administraziotik eta jakintza-arloetan eta curriculumean integratu beharko diren helburuen artean (...)"

Honako artikulu hau aukeratu dut uste dudalako sekulako garrantzia daukala hezkidetza proiektuak ikastetxeetan garatzeak. Hala, hori gauzatzeko bi urte baino gehiagoko apustua egin behar dela deritzot. Apustua etengabekoa eta iraunkorra izan behar da, emaitzak lortu nahi baditugu, behintzat. 

Hezitzaileok legedia, markoa, ezagutu behar dugu; bide horretan, lortu baitezakegu hura garatzea, hura gauzatzea. Nahiz eta legea aurrerakoia izan, sarri, amildegia sortzen da legearen eta errealitatearen artean, eta hori da, hain zuzen, guztion artean aldatu behar duguna. 

Zeregin horretan, irakasleok ere, erantzukizuna daukagu. Beste batzuek, instituzioek zein erakundeek, esaterako, daukatena ahaztu gabe. 

Gai hau lantzen, gero eta  argiago ikusten dut lege hauek mugimendu, elkarte zein feminista ugarik egindako lanaren fruitu direla. Bide honetan ere, gizartea akuilu izan da; eraldaketaren akuilu. Jendartea parekide bihurtze bidean subjektu horiek ezinbestekoak dira. 

Mugimendu feministaren borroka lege parekide ororen  emaitza eta aurrekari da, horrela erakusten digu historiak.

Horren  adibide esanguratsua sufragisten borroka dugu. Sufragistak pelikulan ikus daitekeen bezala, ondoren trailerra ikusgai:


Bada, parekidetasuna ez digute inoiz oparitu, borrokatu behar izan dugu beti. 



Legedia gure alde... Geure txanda da!

 



Aste honetan, legedia da gure gaia. Dokumentua oso interesgarria iruditu zait dagoen legedi guztia ezagutzeko eta hezkidetza-planen legezko lotura zein den jakiteko.

Ezin da ukatu lege horiek, guztiek, berdintasun-prozesua hobetzen lagundu dutela, baina II. Hezkidetza-Plana berdintasunaren eta tratu onaren bidean 2019-2023 dokumentuan honako hau nabarmentzen da:

“Baina, ikastetxeetan ez da genero-indarkeria prebenitzeari eta hari heltzeari buruzko hirugarren helburu estrategikoaren garapen- eta betearazpen-maila bera bete. Azken urteotan gizartean oro har gertatu den bezala, aurrerapen handiak izan dira berdintasunaren arloan, baina oraindik asko dago egiteko, bereziki harremanen eremuan eta indarkeriaren prebentzioaren eremuan. Horretarako, hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa eta lankidetza behar da”.

Hari horri jarraituz,  Paperak dena aguantatzen du izeneko posta aukeratu dut.



Hautatu dut, uste dudalako oso ondo azaltzen duela gai honen inguruan bizi dugun egoera. Alde batetik, legeria dago, eta, bestetik, errealitatea. Zorionez, berdintasuna legitimatzen duen legeria dugu, beste herrialde batzuetan gertatzen ez dena. Beraz, guri dagokigu, geuk egin behar dugu aldaketa, edozein desberdintasun-egoera salatuz eta exijituz, eta gure haurrak eta nerabeak aldaketaz jabetzea ahalbidetuko dieten hezkidetza-ereduetan heziz. 

Marian Morenok dioen bezala  II. Hezkidetza Plana nahiz eta legedi barruan txertatua izan, ez da nahitaez bete beharrekoa. Zer gertatu ahal da orduan ikastetxe batean zuzendaritza taldekoak hezkidetzaren inguruko sentsibilitaterik ez badu? .



Berdintasunean bizitzea eta heztea ez da hautu bat, erantzukizun bat baizik, herritar eta profesional gisa. Ikastetxeetan askotan zoritxarrez badirudi gai hau gaindituta dagoela eta planak ez direla beharrezkoak.

Aitortu egin behar dut ez nekiela euskadin berdintasunerako legerik zegoenik (Euskadiko emakumeen eta gizonen berdintasunerako legea, 2005ko otsailaren 18a). Uste dut bere garrantzia azpimarratu behar dugula, une horretako egoeraren azterketatik abiatzen baitzen, eta zeuden gabeziak aitortzen baitzituen.

Legea ezagututa, zer ondoriozta dezakegu? Post-a hasi bezala amaituko dut, akronimoaren mezuarekin. Bola gure teilatuan dago, legeak ditugu, planak ditugu... jarri gaitezen lanean aitzakiarik gabe.