2020/11/30

LEGEEN DANTZA, DANTZA AMAIGABEA

 

Aste honetan, buru-belarri aritu gara Hezkidetzaren inguruko legedia aztertzen. Aitortu beharra dut bertan aipatutako ia lege guztia ezagunak egin zaizkidala; izan ere, duela gutxi aztertu ditut. Hezkidetzaren ardura eman zitzaidanean ez nekien gaiari nola heldu eta lankide batek gomendatu zidan horiek jorratzen hastea gaur eguneko egoerara nola heldu garen ulertzeko.

Argi dago ibilbide luzetxoa dutela eta hainbat aurrerapauso eman ditugula horiei esker. Edozelan ere, honako hau esaten da II. Hezkidetza Planean:

“Baina, ikastetxeetan ez da genero-indarkeria prebenitzeari eta hari heltzeari buruzko hirugarren helburu estrategikoaren garapen- eta betearazpen-maila bera bete. Azken urteotan gizartean oro har gertatu den bezala, aurrerapen handiak izan dira berdintasunaren arloan, baina oraindik asko dago egiteko, bereziki harremanen eremuan eta indarkeriaren prebentzioaren eremuan. Horretarako, hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa eta lankidetza behar da”.

Argi esaten da bertan, bukaerako esaldian, hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa eta lankidetza behar dela. Eta Planak berak hainbat baliabide eta bide jartzen ditu hori gauzatzeko (Berritzeguneetako mintegiak, Prest Gara bidezko formazioa, diru-laguntzak/ordu-kreditua, material espezifikoak…). Baina nire zonaldeko Hezkidetza arduradunekin hitz eginda ikusten dut erresistentzia asko topatzen dituztela euren ikastetxeetan Hezkidetza Batzordea osatzeko, diagnosia osatzeko, jarduerak gauzatzeko… Eta pentsatzen dut aurten bizitzea tokatu zaigun egoerak ez diola Hezkidetzari (ezta beste mila alorri ere) mesede egiten. Irakaskuntzaren egunerokotasunak, askotan, beste bide batzuk hartzen ditu. Horregatik da hain garrantzitsua Hezkidetza beti presente izatea.

Bestetik, azken egunotan denon ahotan dago LOMLOE. Nik ez dut irakurri, eta oposizioak barreiatu dituen ideiak urrunetik baino ez ditut entzun. Ikusi beharko da alor hau nola jorratzen duen.

Memeari dagokionez, ez naiz batere originala izan. Eta euskaraz daukan gatza eta piperra galtzen du, baina hona hemen...

 


Aurreko edizioetan postei dagokienez, honako hau gomendatuko dut. Elkarrekin konektatutako gurpilen irudia gustatu zait: ikuspegi zabalagoa du. Askotan esaten dugu erabakiak indibidualak izaten hasi behar dutela, baina eragileek indarrak batzen ez badituzte… Berdintasun-indizearena ere ez nuen ezagutzen.

Gorago harremanen eta indarkeriaren prebentzioaren eremuan oraindik egiteko dugun bidearen ideiari berriro helduta, ez dut post amaitu nahi azken astean gertatutako albiste bat aipatu barik. Hilaren 25ean, Emakumeen kontrako indarkeriaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Maradona hil zen. Egia esan, ez da inoiz nire gustukoa izan; guztiz kontrakoa. Baina ahaztuta nuen salaketak jaso zituela bikotekidea jipoitzeagatik. Eta noiz hil behar zen?, bada, hain justu egun seinalatu horretan aldarrikapenari itzala eginez. Hala ere, gure inguruan gertakariak izan du oihartzunik. Batetik, Izaro Gaztea irratikosarietan horretaz aritu zen. Bestetik, Maddalen Arzallusek ere abestia idatzi zion DIDA saiorako. Baina Paula Dapena futbolariak hartutako jokaera egin zait guztietan deigarriena bera ere futbolaria delako. Gainera, albistea linkatzeko bilatu dudanean ikusi dut mehatxu larriak jaso dituela. Argi dago, beraz, Hezkidetzak ibilbide luzea duela oraindik egiteko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina