#Leire etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#Leire etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/04/23

AURKEZPENIK EGIN EZ ZUEN PERTSONAREN AGURRA!


Nire amak dio betitik izan naizela feminista. Oso txikia nintzenean, familiako bazkarietan nire aitonak aipamen matxistaren bat egiten zuenean sutan jartzen nintzela eta haserre erantzuten niola. Nerabezaroan mundua aldatzeko grina nire egin nuen ;) eta borroka feminista euforiaz bizi izan nuen! Fakultatera iristean, gogoan daukat egin nuen lehenengo lanetako bat feminismoari buruzkoa izan zela. Nire ibilbide profesionalean ondoren, alor honetan kokatzen diren hainbat ikastaro egin eta diseinatzen ditugun hezkuntza programekin gizon eta emakumeen berdintasunaren eremuan eragitea egokitu zitzaidan.

Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaroa, beste bizi-une zeharo desberdin batean iritsi da neurera eta biografia feminista txiki horren parte izango da hemendik aurrera! Ama izan ondoren, haur batek nire bizia hankaz gora jarri eta berriro oreka bilatu nahian nenbilela animatu nintzen ikastaroa egitera. Iazko ikasturtean dagoeneko ibili nintzen egin edo ez egin bueltaka, eta azkenean, aurten izena eman nuen ikastaroa hasten zen egun berdinean! Egutegia aztertu eta saio presentzialera ezin izango nuela joan konturatu nintzen eta lehenengo blokeko erritmoa nekez jarraitu ahal izango nuela. Blog honetan ez nuen aurkezpen sarrerarik ere egin… Ikastaroaren irakasle eta antolakuntza talde bikainaren gertutasun eta laguntzari esker ordea, aurrera egitea erabaki nuen, eta maila pertsonalean, aitortuko dizuet, ikastaroak lagundu didala guztira iristen ez den eta gauzak ezin hobe egiten ez dituen Leire honekin adiskidetzen! :) Aurrerapen pertsonalen artean aipatu nahi nuke ere, astero egin behar izan ditugun lan hauetan hartu dudan abilezia! Blogeko lehenengo sarrera egin nuenean makina bat zalantza, kezka eta buruhauste izan nituen, eta hemen nago momentu honetan lasai pantailaren aurrean idazten!

Nire sentipena da aipatutako erritmo azkar honek ez didala utzi ikastaroari atera niezaiokeen zuku guztia ateratzen. Dena den, dagoeneko aplikatu ditudan eta aplikatuko ditudan ezagutza garbiak eta hamaika baliabide eramaten ditut, materialek ere nirekin jarraituko dute, beraz, edateko beharra dudanean laranjei zukua ateratzen jarraituko dut! Eta ez pentsa, gurpil ero honetan bueltaka nenbilela gozamenerako parada asko izan ditut: ikastarokideen ekarpenak eta iritziak irakurtzea plazera izan da eta irakasleek proposatu eta idatzitako irakurketek hausnarketarako mila momentu on eman dizkidate. Lehen betaurreko moreak jantziak banituen, Irantzu Varelak dioen bezala, orain kataratetako ebakuntza egin dudala eta betaurreko horiek, barruan, betirako ditudala sentitzen dut!

Ikastaroari ondorengo hitz/sentipenak lotzen dizkiot: ITXAROPENA, hezkidetzaren bidetik, besteak beste, hainbeste behar dugun mundu parekide eta justuagoa lortuko dugulako. ABERATSA, edukiei dagokionez horrelakoa iruditu zaidalako eta ERABILGARRIA, esan bezala, erraz eta ez hain erraz aplikatu daitezkeen hezkuntza baliabide asko topatu ditudalako.



Jendeari orokorrean zalantzarik gabe ikastaroa egiteko esango nieke. Are gehiago, hasi naiz dagoeneko nire ingurukoen artean kanpaina egiten, jakin badakidalako, pertsona horiek aktibatu eta motibatzeko balio izateaz gain, irizpide garbi batzuk eta egiteko mila aukera zehatz jasoko dituztela.

Beraz, 22 aste hauetan lan talde polit hau osatu duzuen guztiontzat esker oneko hitzak ditut bakarrik, bihotzez,



2018/03/26

AURREIRITZIAK TRATU ONEN ETSAI!

Identitate anitzak, gatazkak eta indarkeria matxistak landu ostean, tratu onen gaian sakondu dugu aste honetan elkarrekin jardun eta harremanak eraikitzeko bide positiboen bila. Konturatu gara, besteekin elkarrekintza ona izateko, lehenengo norberak bere buruarekin harreman osasuntsua izan behar duela, zeren, nola maitatuko dugu norbait modu egokian, lehenengo, gure burua zaintzeko gai ez bagara? Hain erraz idatzi eta esaten den galdera honek ordea makina bat buruhauste ematen dizkigu, besteak beste, patriarkatuak emakumeoi lehenengo besteak zaindu behar ditugula erakusten digulako eta gizonei, zuzenean, inor zaintzeko gai ez direla!



Tratu on, maitasun on eta harreman on-en erdigunean ZAINTZA ipini behar dugu beraz. Erantzunkidetasuna edo elkar ardura zaintza hori gauzatzeko bideak lirateke, hau da, osatzen dugun giza taldea ondo egongo dela ziurtatzeko hartuko ditugun ardura eta erabakiak.

Bereziki bat egiten dut, ongizatearen oinarrian dauden, tratu onen etsai zuzenak estereotipoak direla dioen ideiarekin. Aurreiritziek defentsa egoera batean ipintzen gaituzte, ez digute uzten begiak eta belarriak adi izaten eta bestearengana gerturatzeko oztopoak besterik ez dira. Zentzu honetan zuekin partekatu nahi nuke adin guztietako ikasleekin (haur, gazte naiz heldu) erabili dudan eta primerako elkarrizketa, gogoeta eta hausnarketak eragiten dituen laburmetrai hau: The Lunch Date. Aurreiritzien gaira modu orokorrean gerturatzeko aitzakia bikaina da. Ondoren, genero-ikuspegia gehitu beharko diogu eta maskulino – femenino eraikuntzak inplizituki dakartzan estereotipoetaz hitz egin.



Lerro batzuk gorago azaldutako ideia nagusiekin ondorengo hizki-salda osatu dut:


Hemen doaz erantzunak, badaezpada! ;)
Joan den urteko kideek egindako sarreren artean bat aukeratzekotan, Idoia Luzuriagaren honekin geldituko naiz. Hitz gutxitan eta labur, kritika interesgarria egiten duela iruditzen zait eta hezkidetzaren erronkak etxean jarraitasuna izan behar duenaren ideiarekin erabat ados nago!

Bukatzeko, tratu onen gaia hezkuntza eremuan lantzeko, ondorengo erronkak planteatuko nituzke:

- Irakasleekin autoezagutza eta autokontzeptua lantzeko tailerrak egin ikasleei trataera egokia eman ahal izateko
- Eskolakide guztien ongizatea bilatzen duen egitasmoa izatea
- Ikasleekin ikastetxean pertsonekiko, gauzekiko eta inguruarekiko tratu ona sustatzeko protokoloa osatu.
- Zaintza lanei balioa eman eta praktikan ipini.
- Ikasleekin maitasuna, laguntasuna eta errukia bezalako baloreak sustatzen dituzten jarduerak egin.
- Bake eta indarkeria eza kultura sustatu.
- Estereotipoak orokorrean eta maskulino – femeninoarekin lotuta daudenak landu.
- Maitasun erromantikoaren ideia desmitifikatu eta beste eredu batzuk eman.
- Elkar ardurari balioa eman eta eredu positiboak erakutsi.


2018/03/19

Indarkeria matxistak guztion artean gaindituz


Aste honetan indarkeria matxistak gainditzearen inguruan jira-bueltan ibili gara. Hitz lainoan jaso ditut landu ditugun ideia garrantzitsuenekin (indarkeria matxista desikasi eta adierazpen hauekin bukatzeko estrategia garrantzitsuenak, alegia) lotutako kontzeptu nagusiak, besteak beste, maitasun erromantikoa deseraiki, mikromatxismoak identifikatu eta gainditu, LGTBI+ fobiak salatu eta aniztasun ereduak baloratu, etab.

Dena den, sarrera honetan astean zehar egin ditugun irakurketetan jorratutako lan-ildo bati eutsi nahi nioke, azken aldian oso presente dudan gaia delako, ea labur azaltzeko gai naizen: Nik Ikertze izeneko elkarte batean egiten dut lan, hezkuntza programak egiten ditugu esparru desberdinetan kokatzen direnak, baita hezkidetzan ere. Aste hauetan “Begirada Kontzienteak” izeneko programa aurrera eramaten ari naiz ikastetxe batean eta zuzenean 16 urte inguru dituzten ikasle talde desberdinekin lan egiten dugu. Aipatutako programan aztertzen ditugun edukien artean, gure gizartean ditugun kontsumo edo kontsumismo ohiturek eta merkatuak pertsonei orokorrean nola eragiten digun eta emakume eta gizonengan modu desberdinean sortzen dituzten esklabutza eta indarkeria egoeren inguruko hausnarketa egiten dugu. Izan ere, estetika eta moda kontuek, adibidez, guztioi eragiten diguten arren, emakumeongan sortzen duten presioa handiagoa dela nabaria da. Ikasleekin gogoeta hau egitean ordea izan dudan pertzepzioa da, neskek egoera hauek ondo identifikatu eta onartzen dituzten arren mutilen inplikazioa galdu egiten dugula (adibide garbi bat ipintzearren, depilazioaren kontuarekin mutil batzuei asko kostatzen zaie hau ez dela aukera aske bat onartzea, inposaketa bat baizik). Atera dudan ondorioa da, mutilak pribilegio egoera batean daudela eta hori zalantzan ipintze hutsak defentsa jarrera batean ipintzen dituela. Beraz, programari buelta bat eman eta maskulinitate berrien gaia txertatzea erabaki genuen beraiek konturatu daitezen, sistema heteropatriarkalak modu zuzenean eragiten diela eta aukera asko galtzen dituztela arrazoi hori dela eta. Erabakia arrakastatsua izan da oso eta gizonezkoen inplikazioa lortu dugu beraien jarrera aktiboa berreskuratuz. Zentzu honetan, ondorengo leloa aldarrikatuko nuke:



Indarkeria matxista egiturazko arazo politikoa da. Pertsona guztiak gara gizarte honetako parte eta modu aktiboan jardun beharko dugu arazoaren irtenbidearen alde. Gizonezkoak maskulinitate berrien ereduen bilaketa eta sorkuntzan eta emakumezkoak jabekuntza eta autodefentsa feministaren lanketan. Ikasleei hau hasieratik horrela planteatzea oso garrantzitsua dela lehenengo pertsonan frogatu dut eta hemendik abiatuta ondoren, neskekin eta mutilekin modu desberdinean talde txikietan bidea jorratzen jarraitzea.

Ongiz elkarteko Mikel Otxotorenak urteak daramatza maskulinitate berrien gaian sakontzen eta bideo honetan pribilegioen inguruko gogoeta labur baina interesgarria egiten du.

Hau guztia eremu hezitzaile/jendartean landu beharraren justifikazioa nabaria da: Emakumeen aurkako hilketa eta jazarpen matxisten datuak asaldagarriak dira. Ezin da onartu munduko populazioaren erdia beste erdiarengatik beldurtua bizitzea eta batzuk beraien egoera pribilegiatu eta erosoari uko egin behar izango dioten arren, etorriko diren onurak positiboak izango dira guztiontzat. 

Bukatzeko, joan den urteko blogeko sarreren artean Miren Aranbururen hau aukeratuko nuke. Oso modu garbian eta laburrean azaltzen ditu gai honi dagozkion nondik norako nagusiak eta Maite Asensioren bideoarekin, egiturazkoa den arazo honetan komunikabideek ere duten zeregin eta garrantzia azpimarratzea interesgarria iruditu zait.   

2018/03/05

SEXU ETA UGALKETA ESKUBIDEAK



Aste honetan heziketa afektibo-sexual hezkidetzaileari bueltaka gabiltza. Akrostikoan jaso nahi izan dudan bezala, pertsonek sexu eta ugalketarako ditugun eskubideak bermatzeko, derrigorrezkoa da inposaturiko sexualitate eredu hegemonikoari muzin egin eta beste balio batzuen alde apustu egitea. Azken finean, planteamendua oso maila sinplera eramanez, pertsonak anitzak gara, mila kolore desberdinetakoak eta ezinezkoa da guztiok heteroarau berdin batean zoriontsu izatea. Nortasun desberdinak ditugu eta afektibitatea eta sexua bizitzeko moduek anitzak izan behar dute derrigorrez gure bizitzak modu osasuntsuan bizi nahi baditugu.

Amnesty International erakundearen dokumentu interesgarri honetan, aipatutako giza eskubideek barnebiltzen dituzten beste hainbat eskubide jasotzen dira:



Seme-alabak izan edo ezkondu nahi izatearen inguruko erabaki aske bat hartzea benetan zaila iruditzen zait patriarkatuaren eta bere interesengatik hain baldintzatua dagoen gizarte batean, azken finean, nola ez dugu ba emakumeon gehiengoak hori nahi izango leku guztietatik iristen zaizkigun mezu eta ereduak horretara bideratzen bagaituzte? Edo, nola ez diogu emakumeok sexu-indarkeriari edo jazarpenari beldurrik izango Nazio Batuen Erakundearen datuek 3 emakumeetatik 1ek bere bizitzan zehar indarkeria egoeraren bat biziko duela esaten dutenean? 

Norberak gure gorputzaren, bizitzaren eta sexu-identitatearen inguruko erabaki kontzienteak hartzeko derrigorrezkoa izango da beraz, ganorazko heziketa afektibo-sexuala jasotzea, bertan dauden mila kolore eta aukerak mahai gainean ipiniko dituena. Zentzu honetan Nerea Sancho psikologo eta sexologo euskalduna egiten ari den lana azpimarratu nahi nuke. Hezkuntza formalari begira, ikasgelan erabiltzeko oso gomendagarriak diren “Kilimak” (lehen hezkuntza) eta “Taupadak” (bigarren hezkuntza) liburuak idatzi zituen garapen afektibo eta sexual arrakastatsua sustatzeko oinarrizko ezagutzak bilduz. Etorkizunerako sexu jarrera positiboak eta giza harremanetarako nahitaezkoak diren iaiotasunak irakasteko beharrezko irizpideak aurkitu daitezke bertan.



Bestalde, aipatzekoa da ere zentzu honetan jendarte zabalari begira, 2016ko Kultur Hiriburutzaren barnean sortu zen eta Nerea Sanchok zuzendu zuen Dssirez Mugimendu Erotikoak Donostian suposatu zuen berrikuntza:



Hau guztia eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronka nagusia nire ustez, sentsibilizazioa eta formazioa dira. Iruditzen zait norberaren esperientziatik bakarrik etor litekeela gaiak duen garrantziaz jabetzea eta hau maila pertsonalean eta profesionalean sakontzeko bideari ekitea. Honen aurretik noski, agintarien erabaki eta apustuak argi egon behar dira aurrekontuetan tokia izan behar dutenak.

Iazko ikastarokideen posten artean Leire Garroren “Heziketa afektibo-sexualaren inguruko hausnarketa” aukeratuko nuke. Bertan jasotzen dituen bi ideia nagusiekin erabat ados nago eta oso interesgarriak iruditu zaizkit eskaini dituen hezkuntza balibide eta bideoak.

2018/02/26

LESBIANISMOA AUKERA POLITIKO BEZALA


Jakin badakit jarraian eman behar dudan iritzia oso subjektiboa dela, norberaren ibilbide, ezagutza eta esperientzien araberakoa, baina, pertsonalki, HEH ikastaroko III. Blokeko 2. astean lantzen ari garen edukietan topatzen ari naiz orain arteko planteamendu berritzaile gehien, zein aberasgarria! Egun hauetan konturatu naiz, gutxi pentsatu izan dudala sexu- genero- identitate eta aniztasunen inguruan eta landutako euskarri anitzek, honetan apur bat sakontzeko parada eman didate.

Zabaldu zaizkidan perspektiba berrietatik bat aukeratu behar izango banu, sexuaren eraikuntza sozio-kulturalarena izango litzateke, zehatzago  esanda, sexualitatearen (norberaren desio eta fantasiekin lotura duena) eraikuntza sozio-kulturalarena: Argi daukat generoa gure gizartearen asmakizuna dela. Sexu-biologikoa ere, binarioa den momentutik, medikuntzak eta zientziak guztia sailkatzeko duen beharretik sortutako erantzuna dela ulertzen dut. Patriarkatuak bere biziraupenerako derrigorrezkoa duen heterosexualitatea inposaketa dela arazorik gabe onartzen dut, ia guztiok modu berdinean egiten ditugun gauzen atzean ageriko edo ezkutuko inposaketa bat dagoela pentsatzeko joera dudalako. Pixka bat gehiago barneratzea kosta zaidana da, sexu-orientazioa erabakia izan daitekeela dioen ideia:



Kattalin Miner Perezek eta Lore Etxeberria Lujanbiok “Bollera da bide bakarra” bideoan planteatutako ideia honek galdera piztu dit: Gure sexu-orientazioa norberaren desiren araberakoa da, baina, honek derrigorrez horrela izan behar du? Gerta liteke hautuari, erabaki politikoari kasu honetan, lehentasuna eman eta zabaldu den bide berri hori egitean desioak etortzea? Beti pentsatu dut homosexuala edo bisexuala zarela, zure sexu berdina duen norbaitek erakartzen zaituenean (jakinik gizarteak guztiz baldintzatzen dituela desio horiek), baina aipatutako egileen bideoak, lesbiana izatera egiten duten gonbidapenarekin batera ;) ibilbidea beste bat izan ote daitekeen galdetzera eraman nau.



Lesbianismoaren gaiarekin nagoenez, sentsibilizaziorako, aste honetako irakurgaian jasotzen den bideo hau proposatzen dut:



Uste dut (kasu honetan) bigarren hezkuntzako gazteekin, heteronormatibitatetik aldenduz dauden aukerak aztertzea beti dela interesgarria eta bideoaren protagonista nola sentitzen den eta lagunek ematen dioten babesaren garrantziaz hitz egitea aberasgarria izan daiteke oso.

Eremu hezitzaileetan hau guztia sakontzeko erronkei buruz, oraintxe aipatutako bideoarekin lotura eginez, hauek aipatutako nituzke:
  • Haur eta gazteei heteronormatik at dauden beste aukerak gerturatu. Eredu desberdinak eman.
  • Aniztasuna, aberastasuna eta dibertsioa dela sentitzera eta bizitzera eramango dituen esperientziak aurkeztu.
  • Sexu-genero sistema inposatutako estereotipoak eta rol banaketak elkarrekin aztertu.
  • Hau guztia lantzeko, formazioa, denbora eta aurrekontua izan.

Aurreko urteko edizioko posten artean, “identitateak eta aniztasun sexualak” izenburua duen hau aukeratuko nuke. Gaiaren primerako laburpena egiten duela iruditu zait eta hezkuntzan landu daitezkeen hamaika baliabide proposatzen ditu!

2018/02/18

Genero identitatearen aldakortasuna


Interesgarria eta zentzuzkoa iruditu zait oso genero identitatearen aldakortasunaren perspektiba. Azken finean erabat integratua daukagu gure bizitzan aldakortasunaren ideia. Urteak igaro ahala, pertsona hazten eta hezten doa, beraz, “normala” eta derrigorrezkoa da izaki hori egiten duten osagai desberdinak bidean eraldatzen joatea: Itxura fisikoa, bizitokia, zaletasunak, ezagutza eta jakintza maila, lagun taldea, desioak eta ametsak, familia, lanpostua… Nire buruari galdetu diot ea badagoen zerbait jaiotzen garenetik hiltzen garenera berdin mantentzen dena. Oso zerrenda laburra ateratzen zait, egia esan. Beraz, bizitzan zehar gure nortasuna aldatuz eta osatuz badoa, ez al da erabat koherentea honi hertsiki lotua dagoen genero identitatea ere eraldatzen joan daitekeela pentsatzea? Zergatik dago hain onartua bizitzan zehar bide-lagunak aldatuko ditugula eta hain “zigortua” genero identitatea eraikiz eta deseraikiz joango garela pentsatzea? Berriro ere heteropatriarkatuaren aginduei muzin egiten dien premisa delako eta jarrera hau orokortuko balitz, kotzepzioaren iraupena (heteropatriarkatuarena esan nahi dut) kolokan ipiniko zelako. Beraz, genero identitatearen aldaketaren ideia orokortua ez dagoenez, ez da behar bezala baloratzen-sozializatzen eta “arraro” bilakatzen da diskriminazio eta bazterketari ateak zabalduz. Begiratzea besterik ez dago aste honetan Hondarrun gertatutakoari: http://chrysalliseh.eus/2018/02/16/negar-malkotan/?lang=eu



Heziberri 2020-ri dagokionez, identitatearen garepenari lotua dagoen genero kontzeptuari buruzko esaldi honekin gelditzen naiz (45.orria):
“Genero aniztasuna: Gizarte-konstrukto bat da generoa, ikasle guztien oraina eta geroa baldintzatzen dituzten desberdintasun bidegabe askoren berri ematen diguna”.
Eskola inklusibo eta aniztasunaren atalean egiten da aipu hau, aurretik azpimarratuz “…baliotsua aniztasun positiboa da, gizaki izateko aukeren ispilu izateaz batera aberastu ere egiten gaituelako. Gizarte-talde guztiak izaten dira anitzak, eta horrek ikasteko eta hobetzeko aukera ematen digu” (45. orria).
Ezkutuko kurrikulumean ordea, badaude hamaika erronka egoera ideal honetara iristeko gainditu behar direnak. Nagusiki, esango nuke, bertan lan egiten duten profesionalen formazioarekin, borondate eta nahiarekin eta aurrekontu egoki batekin gainditu daitezkeenak; genero-identitate eta sexu-identitate eredu desberdinak aurkeztu eta landu, binarismoa saihesten ahalegindu, genero rol eta estereotipoak landu, espazioak, jarrerak, metodologiak, edukiak honen arabera aldatu etab.

Nire inguruko genero-identitateetan emandako aurrerapenei buruz pentsatzen jarrita, aurrerapenik ez dela egon idaztera tentatua egon naiz. Hausnarketa sakonago batean emakumea – trans – gizona muturreko erpinen artean mila kolore daudela ondorioztatu dut berehala eta guztiok gure inguruan hain femenino edo maskulinoak diren pertsona ereduak baditugula uste dut. Familian, lagun artean edo gure eredu horiek aurkitzen ditugunean, uste dut aurreiritzi guztiak gaindituz ikasten dugun lehenengo lezioa dela, guztiok PERTSONAK garela, horrek BERDINDU egiten gaituela eta zenbat eta pertsona eredu gehiago ezagutu aberasgarriagoa izango dela gure burua eraikitzeko aukera eta modu berriak ikusten ditugulako.

Lehengo urteko ikastaroan argitaratutako post-en artean, Alasneren “Identitateen garapena. Gakoak” sarrera aukeratuko nuke. Gaiaren laburpen bikaina egiten duela iruditu zait, berarekin erabat ados nago gizarte anitz eta justu batean identitatearen eraikuntzak askea izan beharko lukeela esaten duenean eta “Papa´s boy” animaziozko laburmetraia, gaia txikienei gerturatzeko primerakoa iruditu zaidalako.

2018/02/05

Orientazio hezkidetzailea askeago izateko!


Argi dago gizarte matxista batean bizi garela eta patriarkatuak bere baliabide eta erreminta guztiak erabiltzen dituela sistemak dagoen bezala iraun dezan. Pribilegio eta erasotasun asko dago jokoan eta botereari honek horrela izaten jarraitu dezan interesatzen zaio. Haur, agure, nerabe eta pertsona helduak gizarte beraren parte gara. Guztioi eragiten digu matxismoak eta gure jokaera eta aukerak sexu-genero sistemak baldintzatzen ditu nolabait. Akrostikoan planteatutako galderaren erantzuna beraz, ezezkoa da, orokorrean haurrek eta gazte ikasleek ez dutela askatasun nahiko benetan direna eta egin nahi dutena identifikatu eta horrekin koherentzian ekiteko.

Honen ildora, 2015ean argitaratutako PISA  txostenak genero estereotipoek ikasketetan nola eragiten duten eta zentzu honetan dagoen genero-arrailaren nondik norako nagusien berri ematen du; neskek autokonfiantza baxuagoa dutela, irakasleen eta familien aurreiritzi eta espektatibek haur eta gazteengan duten eragin handia, mutilek neskek baino 4 aldiz gehiago hautatzen dituztela ingeniaritza edo informatika ikasketak eta neskek proportzio berdinetan osasun zientziekin lotura dutenak erakusten digu ikerketak.

Gauza da, sistema hori bertan bizi garen pertsonen gehiengoarentzat kaltegarria eta diskriminatzailea dela, gure benetako izateaz aldentzen gaituela eta ez diola ongizateari batere onik egiten. Honetaz guztiaz jabetzeaz gain estrategiak bilatu behar ditugu mandatu matxistei, genero estereotipoei, muzin egin eta pertsona askeagoak eta zoriontsuagoak izateko.

Orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko erronkekin zerrenda amaigabea osatu dezakegu  baina oraingoan, guzti horietako batean ipini nahi nuke begirada: emakumeek kurrikulumean duten presentzia handitzearen garrantzia, ereduak eta erreferentziak izatea oso beharrezkoa delako neskek eta emakumeok egin dezakegula ikusi eta sinesteko.

Aste honetan landutako edukiek ondorengo oroitzapena ekarri didate gogora: Bigarren Hezkuntza ikasten nengoenean, anaiak kontatu zidan bere unibertsitateko kide bat Afrikara joan behar zela txinpantzeak behatu eta beraien jarreraren inguruko behaketa egitera. Kontakizun hark “Gorilas en la niebla” filma ekarri zidan gogora eta izugarrizko miresmena sentitu nuen aste batzuetan oihanean bizitzen egon behar zen neska harengandik. Pertsona hori, gaur egun nire laguna da. Gai hauekiko dudan interesaren berri duenez eta feminista amorratua naizela badakienez, orain dela egun batzuk bideo hau bidali zidan. Beste gauza askoren artean, argi eta garbi ikusten da orientazio eta aukera akademikoen gaian zein garrantzitsua den emakumeek egin dituzten ekarpenak erakutsi eta ezagutaraztea, azken finean, ezin da esan primatologian beste edozein disziplina zientifikotan baino emakume gehiago egotea kasualitate hutsa denik! Eraginen bat izango zuten hain ezagunak diren Jane Goodall, Dian Fossey edo Birute Galdikas-ek honetan guztian.



Zientziarekin jarraituz, PISA txostenak aipatzen zituen familia eta ingurukoen aurreiritzi eta espektatibak berrikusi eta sexismoa baztertzeko beharra argi uzten duen bideo bat partekatzen dut:

  

Joan den urteko post bat aukeratzekotan Uxanak idatzitakoarekin gelditzen naiz proposatzen duen infografiak gaia bikain laburtzen duela iruditzen zaidalako, orientazio hezkidetzailearen desafioak primeran argudiatzen dituelako eta bideoak oso ondo azaltzen duelako binarismo eta generoaren gaia: "Norabideari haize ufada anitza txertatzeko beharra"


2018/01/29

UTOPIAK BORONDATEAREKIN ETA BALIABIDEEKIN ERREALITATE BIHURTZEN DIRA!

Aste honetako edukiak irakurri ostean, esan beharrean nago nire barnean etsipena piztu dela. “Eredu hezkidetzailea, gaur egun utopia bat da…”[1] esaldia hain modu argian irakurtzeak ez dio zalantzari leku asko uzten. Azken finean, ‘utopia’ hitza erabiltzen dugu lortu nahi duguna, hau da, irudikatzen duguna, amets bat edo ia ezinezkoa denean. Eta egia esan, bilatzen dugun hezkidetza-eredua nola gauzatuko litzatekeen aztertzen jarrita eta gure gizartea gaur egun nola dagoen ikusita, utopiak kimera itsura hartzen du:
  • “...gizartea pertsona guztien autoritatean oinarrituko da, guztiek elkar onartu, errespetatu eta baloratu egingo dutela”[2]
  • “…beharrezkoa da genero-estereotipoak bertan behera uztea eta gizonezkoek emakumezkoekiko duten nagusitasuna deuseztatzea”[3]
  •  “Pertsona bakoitzak beste gizarte-mota bat eraikitzeko konpromisoa hartu eta horren alde lan eginez gero…”[4]
  • “Gizarte mota berriaren helburua, bestalde, ez da izango elementuak menperatzea, lurreko gizaki guztien hazkundea eta garapena lortzea baizik, eta bertan finkatuko diren harremanen ondorioz, guztiok elkar aberastuko dugu eta harmonia eta zoriontausna izango dira nagusi”[5]
Etsipena diot, jokoan dagoena oso larria delako: Gordin esanda, biztanleriaren erdiak beste erdia erailtzen du eta honi konponbidea ipintzeko presa ikaragarria daukagu (2017an Espainiar Estatuan gutxienez 48 emakume hil ziren genero indarkeria dela eta Espainiako Gobernuaren kopuruek diotenaren arabera[6]). Emakumeon aurkako erailketak, hezkuntza sistema hezkidetzailera iritsi aurretik amaituko direla pentsatuz lasaitzen dut nire burua eta neurriek gainera beste nonbaitetik etorri behar dutela errepikatzen dut mantra bat bezala, baina horretarako garrantzitsua da ere hezkidetzaren mailan aurrerapausoak ematea. Azken finean, hezkidetza eredu utopiko hori, erailketa, diskriminazio, tratu txar, inposaketa eta errespetu ezaren aurkako muturra litzateke. Horrelako zerbait…

Bide honetan zergatik den hain zaila aurrerapausoak eman eta curriculuma eta baliabide didaktikoak hezkidetzaileak izatea? Hamaika arrazoi egongo dira ziur, baina nik interes falta ikaragarria ikusten dut. Azken finean, apustua politikariek eta boterea duten pertsonek egin behar dute (erabaki – neurri – baliabide kontu bat besterik ez da) eta jakina da postu horietan gizonezkoak direla nagusi. Gizarte patriarkal honetan beraiek dira pribilejiodunak, egoerak buelta ematen badu onura horietako batzuk behintzat galdu egingo dituzte eta hau ez du inork atsegin.

Hezkidetzan oinarrituriko begirada sustatzeko estrategiak, lehenik eta behin, kontzientziazio eta formazioaren bidetik joan behar duela pentsatzen dut. Harrigarria da, baina biztanleriak orokorrean berdintasun egoera batean bizi garenaren pertzepzioa dauka oraindik, beraz, lan ikaragarria dago egiteko! Hamaika kanpaina sortu behar dira, komunikabideak inplikatu eta jendartearen kontzientzia astintzeko. Aurreko paragrafoan aipatutako berdina errepikatuko dut, barkatuko didazue, baina honetarako ere Gobernuak erabaki irmo eta sendo bat hartu behar du.

Guk Hezkidetzan Esku Hartzen bezalako ikastaro osagarriak egiten jardungo dugu eta baita gure ingurua astintzen ere, baina eraginak oso mugatua izaten jarraituko du. Badirudi post hau hasi dudan etsipen sentimenduarekin amaituko dudala, baina helburua lortzeko behar diren baliabideak eta neurriak ipiniko baziren, arazoak, neurri handi batean behintzat, epe ertain batean konpontzera egingo luke.

Iazko ikastarokideen ekarpenetatik Anerena aukeratuko nuke, oso modu labur eta argian curriculuma eta baliabide didaktikoak hezkidetzeko klabeak ematen dituelako: “Moldatu, ordezkatu eta sortu
    






[1] Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaro osagarria (EHU) II blokea 5. astea, “Curriculum eta baliabide didaktikoak” irakurgaia 5. orrian.
[2] Ibidem, 8. orr.
[3] Ibidem
[4] Ibidem
[5] Ibidem

2018/01/15

EMAKUMEA BAZARA, EZIN DUZU HORTIK KORRI EGIN!




Aste honetan landutako edukiei buruz egin dudan mapa kontzeptualean ikusten den bezala, III. blokean patriarkatuak emakumeon presentzia ezabatu eta isilarazteko erabiltzen dituen estrategia eta erramintak aztertzen ari gara:
  1. Historiaren kontakizun androzentrista
  2. Hizkuntzaren erabilpen sexista
  3. Errepresentazioa eta denboraren erabilpena

3. puntuari dagokionez, errepresentazioaren barnean espazio fisikoa, birtuala eta ikus-entzunezkoa edo literarioa izango genituzke.

Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaroa egiten ari naizenetik, lantzen dugun gai bakoitzeko alor hori nire bizitzan edo egunerokotasunean nola dagoen aztertzen dut eta adibideak topatzen ditut nonahi! Egun hauetan, espazio fisikoan emakumeok dugun errepresentazioari eta lekuari bueltaka nenbilela, ondorengoa gertatu zitzaidan: Lagun batekin korrika egitera irten nintzen gauez, 22.00ak inguruan. Gure bideak momentu batean, trenbidearen azpitik doan pasabide estu eta ilun batera eraman gintuen eta nire adiskide Oihanak honela esan zidan:

Leire, ez badizu axola, nik nahiago dut hortik ez pasa eta hemen buelta hartu

Gauza ez zen horrela gelditu. Hurrengo egunean, Oihanaren aizparekin (Nerearekin) topo egin nuen kaletik eta hau esan zidan:

Leire, nola liteke zu eta Oihana gaueko ordu horietan ibiltzen zareten lekuetatik korrika joatea? Ez al dago beste lekurik? Mesedez ez egin tontakeria gehiago, horrela gertatzen dira gero gertatzen diren gauzak

Ni ez nintzen isildu eta gustura gelditu nintzen gainera eman nion erantzun eta argudio piloarekin, baina gertaera erabat esanguratsua iruditu zitzaidan. Azken finean, Oihanaren aizparentzat argi eta garbi, badaude hainbat leku emakumeonak ez direnak eta arrazoiz gainera!

Honen guztiaren ildotik, Habe-ren Ikasbil-en argitaratutako berri baten esteka uzten dizuet. Euskal Herriko hainbat hiritan zentzu honetan egin dituzten ikerketen berri ematen da bertan: "Kale ilunak non, arriskua han

Espazio birtualari dagokionez, ekarri dizkigun onurak guztiz baliotsuak diren arren, genero estereotipoak finkatzen laguntzen duela ezin da eztabaidatu. Google-n gaurkotasuna duten Youtuberren bilaketa azkar bat egitea besterik ez dago; gizonezkoak nagusi diren arren, emakumezko Youtuberrak gehien lantzen dituzten gaiak estetikari eta etxeko kontuei lotutakoak dira.

Ikus-entzunezkoetan edo literaturan antzekoa gertatzen da. Salbuespenak badaude, noski, baina genero estereotipoen araberako rol banaketa nagusi!

Hau guztia ikusita, premiazkoa da honi guztiari hezkidetzaren ikuspegitik heltzea. Hona hemen landu ditzakegun erronka zehatz batzuk:
  • Eskoletako gune eta eremuak aztertu mutilek eta neskek zer erabilpen ematen diegun eta binarismoa nola bultzatzen den kritikoki aztertuz.
  • Erabilpen horiek denboraren eta lekuaren arabera ekitatiboagoak eta ez binarioak izan daitezen behar diren erabaki eta neurriak hartu.
  • Eskoletako liburutegian dauden ikus-entzunezko naiz idatzizko aleen errebisioa egin eta balio hezkidetzaileak bultzatzen dituztenak gehitu.
  • Herriko emakumeen historioaren ikerketa, azterketa eta dibulgazioa egin ikasleekin.
  • Ikasleak ikus-entzunezko hizkuntzan trebatu.


Joan den urteko ikastarokideek gai honi buruz idatzitako post-en artean, Maite A.S.-k idatzitako “Binarismoa Komunetik Behera Bota”-rekin geldituko nintzateke. Asko gustatu zait egileak espazio fisikoari buruz egiten duen hausnarketa, bereziki, gai honen erabilera dikotomikoak haurrengan eragin ditzakeen ondorioak esanguratsuak iruditu zaizkit. Hona hemen post-aren esteka: http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2017/01/binarismoa-komunetik-behera-bota.html

2017/05/01

Hezkidetzan eskuhartzen: ERALDAKETA FEMINISTARAKO TRESNA.

Iritsi gara ikastaroaren amaierara. Bide hau hasi genuen eta dagoeneko 22 aste bete ditugu, Bide honetan  norbanakoan zein gure inguru hurbilean sentimendu, bizipen eta hausnarketa ugari burutu eta konpartitu ondoren, egindakoaz oso balorazioa positiboa egiten dut, nahiz eta batzuetan ikastaroko erritmoa jarraitzea gogorra egin zaidan.

Ikastaroan landutako gai ezberdinak, eskuhartzeak, zuzeneko behaketak...aukera eskaini didate nire burua eta nire inguru hurbila betaurreko moreak jantzita ikusteko, behatzeko... eta identifikatutako hainbat egoeretan proposamen hezkidetzaileak egiteko. Bide honetan zerbait azpimarratu beharko banu hauxe litzateke: Ikastaroak  ERALDAKETARAKO eskaintzen dituen tresnak.




Beraz, bide hau egin eta gero, zaila egiten zait hasitako bidea etetea, horregatik hasitako bideari jarraipena emateko konpromezua hartzeko gogotsu nago. Gaur egun oraindik gure eskolak hezkidetzaileak izan ez arren, gure erronka bilakatu behar dugu eskola hezkidetzailea bihurtzea, Horretarako urratsez urrats bide hau egiten geroz eta pertsona gehiago biltzen jarraitu behar dugu, elkarlanean, saretzen, esperientziak trukatzen, guneak sortuz... eta gure haurreskola, eskola eta unibertsitateetan sujeto eraldatzaile feministak bilakatzen.

Eskerrik asko guztioi. Marrubizko muxuak!!!!.

Amaitzeko, irakurtzeko gomendatzen dizuedan liburu bat " Guztiok izan beharko genuke femnista" Chimamanda Ngozi Adiche da bere egilea.


2017/03/27

TRATU ONAK ELKARBIZITZAREN OINARRIA


Aste honetan, tratu onak eta hauen garrantzia  norberaren ongizatea pertsonala eta kolektiboa lortzeko oinarri direla ikusi dugu eta baita , hauek hezkuntza komunitatean harremanetarako ardatza direla.

 "Harreman" hitza entzutean, gehienetan kanpoaldera begiratzen ohi dugu baina azpimarratu behar dugu pertsonen arteko harreman-dimentsioa bezain garrantzitsua dela pertsonaren  barrukoa. Bata zein bestearen kalitateak pertsona guztien ongizate mailaren zein elkarbizitzaren kalitatean eragin zuzena du. Beraz, hezkuntza sisteman eskola hezkidetzailea lortzeko ikasleek harremanak era parekidean eraikitzea ardatza izango da .





Aipagarria iruditzen zait, Amaia Portugalek  Zientzia Kaieran idatzitako artikulua. Azken ikerketek garun maskulino edo femeninorik ez dagoela ondoriotatzen dute, hau da, "Garunek ez daukate generorik". Beraz, berriro ere ikusi dezakegu faktore-soziokulturalek duten eragina gure bizitzaren dimentsio guztietan.


 

Gaur egun, hezkuntza sistema hezkidetzailearen ardatz nagusienetariko bat harremanak era parekidean eraikitzeko eta ikasleek elkarbizitza positibo bat garatu ahal izateko konpetentziak eskuratu ditzaten laguntzea da, eta horretarako ezinbestekoa da:
  • Eskolako kide guztiak bere identitatearekin gustora egotea eta ongizateraen kulturan oinarritzea eta zentroan zabaltzea.
  • Maila guztietan dominazio-mendekotasun ereduak gainditzea: sexu-genero, kultura, maila sozio-ekonomikoa, aukera sexuala, ezugarri fisiko-psikikoak.... Aniztasuna balore positibotzat onartu eta garatu.
  • Norkbere buruarekin eta ingurunearekin harreman positiboak izatea.
  • Bake eta indarkeri-ezaren kultura ezartzea. 
Maitasunezko harremanetan errespetua eta  tratu onetan oinarritu  behar dira, maitasun erromantikoa gainditu
eta bestelako maitasun eredu osasuntsu baten alde egiten dute, maitasun  eredu berria sortuz. Jarraian maitasun erromantikoaren  inguruan Coral Herreraren hitz hauek  gogora ekarri nahi ditut " maitasuna fenomeno oso konplexua da, eta asko aldatzen da leku geografikoaren eta garaiaren arabera. Gainera, faktore sozial, kultural, ekonomiko, erlijioso, sexual eta emozionalak ere kontutan hartu behar dira. Maitasun erromantikoa ideologia jakin batek eraiki du, patriarkala eta kapitalista denak" .  Jarraian "lo romĆ”ntico es polĆ­tico "bideoa ikusgai jartzen dizuet















Tratu onak sustatu eta denboran zehar irauteko erantzunkidetasuna ezinbestekoa da eta baita elkarren arteko zaintza. Hezkuntzaren erdigunean zaintza jartzea ezinbestekoa da eta duen balore positiboa berreskuratzea. Azken urte hauetan, zaintza "zama"rekin lotu da eta honek duen balio positiboa berreskuratu beharko genuke eta eskolako curriculumean jorratu, norberaren zaintzatik hasi eta besteen zaitzarekin partekatuz. Nola jarri zaintza bizitzaren erdigunean? http://www.hikhasi.eus/artikulua/2244.

Ikasleekin lantzeko maitasun zintzoen gida aproposa iruditzen zait /www.educacion.navarra.es/documents/27590/37095/6+Amodio+zintzoen+gida.+Nafarroako+Gazte+Konseiluak+egindako+gida.pdf/9f2c7ad8-9ebb-4ca6-84e2-e60dce100d2f


  Iazko lankide baten post honetan gaian landutako ideiak ongi jasotzen dituela iruditzen zait http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/03/tratu-onen-gainean-hausnartzen.html

Eta gure eremu hezitzailean ditugun erronkak:
  • Gure eskoletan kalitatezko elkarbizitza sustatu eta horretarako kide guztien ongizatea bermatu behar da.
  • Tratu onak sustatu eta baita erantzunkidetasuna.
  • Autoezagutza eta autoestimua landu.
  • Zaintza curriculumean txertatu behar dugu eta duen balore positiboa berreskuratu.
  • Maitasunezko tratu onak bultzatu.

2017/03/19

Indarkeria matxista DENON arazo politikoa







Baina zer da indarkeria matxista?

Maitane Monroy-k Pikara Magazine glosarioan horrela definitzen du  indarkeria matxista                    " menderatzaileak, kasu honetan, gizaki-arrak, bere figuretatik eta bere begiradatik erabiltzen duen indarkeria da. Begirada horren bidez desiragarria dena eraiki da, portaerei dagokionez, eta beraz, definizio horrekin bat ez datozen portaeren desegokitasuna ere bai. Arriskuan daude emakumeak, baita andreak menderatzen dituen gizon izateko arauetatik ateratzen diren gizon guztiak ere".

Kontzeptu honek bere baitan emakumeengan ematen diren indarkeri manifestazio guztiak hurrengo argazkian jasotzen dira.


Aspalditik mugimendu feministak arazo hau salatu eta jendartean bisualizatzen saiatu da, honen aurrean teorizatu, ekintzak burutu, konponbideak  eta arazoa geldiarazteko estrategia ezberdinak garatu ditu. Hasiera batean, emakumeengan jarri da indarkeria matxista gainditzeko erantzunkizuna, baina argi izan behar dugu indarkeria matxista arazo politikoa dela; beraz guztion ardura da kolektiboa zein indibiduala.

Indarkeria matxistaren oinarrian sexismoa eta misoginia daude eta indarkeriarik gabeko jendartea sortu ahal izateko, ezinbestekoa da begirada zabaltzea eta arreta eta erantzunkizuna ere gizonezkoengan jartzea. Helburu horiek lortzeko mugimendu feministak bi estrategia nagusi proposatzen ditu:



  • Gizonen maskulinitate heterosexual hegemonikoa kolokan jarri eta maskulinitate berriak sortuz.  Jarraian ETB ko programa "Bestelako gizontasuna" izenburuarekin  Xabier Odriozolak eta beste gizon batzuk  maskulinitate berriei buruz hitzegiten.  
          



https://www.youtube.com/watch?v=U1SHV3TpnPA
 
  • Autodefentsa feminista.

  




Jarraian nire inguruan eta batzutan oso modu sotilean indarkeria matxista irudikatzen diztuzten bi egoeren argazkiak zuekin konpartitzen ditut:


  1.  Genero rolak. Body arrosak lelo hau dute "ama bezain polita" eta body urdinak " aita bezain azkarra". Bodien koloreak eta mezuek emakumezko eta gizonezkoen rolak erreproduzitzen dituzte. Egoera hauek gure egunerokotasunean sarri aurki ditzakegu.
  2. Espazio publikoaren erabilera.  Ez ahal zaizue inoiz gertatu?

Iazko ikastarokideek egindako post-en artean  hauxe aukeratu dut, bertan eskolan lantzeko erronkekin ados nagoelako eta postan baliabide ezberdinak landu dituelako.
http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/03/indarkeria-matxista.html

Indarkeria matxistaren aurkako baliabide hauek proposatuko nituzke DBHko ikasleekin lantzeko


Gure eskoletan eta jendartean hauek dira lantzeko ditugun erronkak: 

  • Eskola komunitatea egoeraren eta arazoaren dimentsioaz konzientzia hartzea eta arazoari aurre egiteko guztion parte hartzea bermatzea.
  • Emakumeen burujabetasuna eta autoestima landu.
  • Autodefentsa feministaren tailerren garrantziaz jabetzea eta eskaintza orokortzea.
  • Indarkeria matxista identifikatzeko gaitasuna landu eta horien aurrean tresnak eskuratu eta martxan jarri. Eraso baten aurrean hartu beharreko jarrerak eta defentsarako jarrerak landu. 
  • Indarkeria matxistaren aurkako jarrera aktiboa jorratu.
  • Zaintzaren balioa  curriculumean lantzea. Norberaren zaintzatik hasi eta adin ezberdinetan ikaslei erantzunkizuna ezberdinak egokitzea. Adibidez landareak zaindu, eskolako helduenak 2 urteko gelakoekin harremanak eta erantzunkizunak landu...
  • Maitasun erromantikoaren mitoen eta ideologiaren deseraikuntza.
  • Hezkuntza emozionala irakasleak trebatzea eta gure eskoletan lantzea.
  • Hezkidetza zehar lerro bezala lantzea .