#neunabigatzera etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#neunabigatzera etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016/04/10

ON gaude!!

Agur esateko unea. Agur digitala.
Asko ikasi dut zuen lanaren bitartez. Hilabete hauek lodiak izan dira, esanguratsuak, begirada aldaketa handia errotu dut. Berezko nituen hainbat ezaugarri ulertu ditut. Sentitzen nituen hainbat sentsaziorekin bat egin dut.

Eta nire bizitzari errepaso txiki bat egiten diodanean, ikastaroa nire identitatea berregin eta sendotzeko baliagarria izan zaidala aitortu behar dut.

Eguneroko nire ekintzetan banituen hainbat jarrera sexista aldatzean askeago sentitzen naiz. Nire buruarekin harroago. Alai. Zaintza partekatua etxean behingoz era orekatuan lortzetik, inguruko hainbat botere harremanei aurre egiteko ausardia hartzeraino.

Gu baikara geure buruen jabe. Guk eraikitzen baitugu geure bidea. Geure izatea, nortasuna, identitatea. Eta kanpo eragile orotatik ihes egin daitekela eta norbaren alde zintzoenarekin konektatu daitekela ulertu dut. Aldaketa esanguratsua nire bizitzan. Esparru guztietan eragingo duena.

Hemendik eman eskerrik beroenak ATZEKO LAN TALDE handiari!! Zorionak!
Lan bikaina egin duzue-eta!

Agur bat ikaskide guztiei hemen edo han elkartuko garelakoan...
mila esker zuen aportazioekin nire ezagutzak indartu eta aberasteagatik.

kanta eta bideoa bateratuko ditut nik; hiru hitzez lagundurik; ez ar ez eme, naizena izateko aske!





Indarkeria matxistaren aurka hezkuntzan zeregin handia dugu!

Eguneroko gure ekintzetan begirada feminista txertatzen ikastea lanketa handia den arren, eta barne gatazkak ugarirekin borrokatu behar duzun arren...norberaren askatasuna eta jabekuntzarako merezi du!

Bidea hasi besterik ez da egin!!


2016/03/12

TRATU ONAK HAUSNARTZEN

LABURPENA ETA BALORAZIOA

Errespetuan oinarritutako harremanak sortzeko, eta boterean oinarria dutenak ekiditeko osasuntsuak diren harremanak sendotzen eta horietan sortzen diren emozioak identifikatzen trebatzen ikastea eta irakastea ezinbesteko ariketa dugu. Adimen emozionalean trebatzen irakatsi behar duenak, berea autokritikatu, baloratu, aztertu, egokitu eta aldatu beharko du. Suposatzen duen iraultza txiki orori aurre egiteko kementsu eta gogotsu agertu behar delarik.

Norberak bere bururarekin elkarbizitzen ikastea du erronkarik handiena. Norberak bizi beharko baitu bere bizitzaren une, egoera eta sentimen bakoitza bere buruarekin. 
Tratu onak, norberaren irudia behar bezala baloratzen, norberak berearekiko estimua agertzen, norberak bere gorputza gozatzen eta onartzen, norberak bere doaiak goraipatzen eta mugak umiltasunez onartzen ematen dira.
Norberak berea ongi kudeatzen ikasten duen unean, besteekin hartu-eman egokiak izan eta garatu ditzake. Harremanak, alderdi bakoitzak duen motxilarekin baldintzatuak daude. Aurreikuspenak, aurre espektatibak, harremantzeko diskurtso mota, jasotzen diren iritzien kudeaketa eta onarpena... 
Horietan guztietan trebatzen gara bizitza osoan zehar. Adimen emozionala garatuz joan gaitezen ahalmena dugu, baina horretarako bidea zein den erakutsi egin behar digute. 
Haurrak beraien emozioen askatzean trebatzeko helduak gara erreferente. Helduon interakzioak errepikatzen dituzte umeek. Helduon hitzek baino ekintzak dira eragin zuzen-zuzenak. 

Helduok haurrekin maiz, jasotako formula bereekin agertzen gara; eta erosoak egiten zaizkigun ekuazio sinpleekin harremantzen saiatzen gara. Haurrekin hartu-eman bakoitzaren atzean ikaskuntza bat dagoela gogoratu gabe, instanteko soluzioen beharrez, mehatxuak, botere-rolak, haurraren gogoak aintzakotzat ez hartzea, txantaiak, ... eguneroko estrategia pobreetan bilakatzen ditugu. 
Eta haurrek horietara egokitzen ikasten dute; horiek imitatzen; horiek beraien gogoetara egokitzen;...
Eta haurrak hortzak garbitzeko ekintza bera lortzeko txantaiaz egiten ikasi zuena, ez da egon ikasi nahi zenaren helburuaren atzean...
Gozokiak edota jostailuak ematea bete duten arau bat txalotzeko asmoz, ez gaitu ikaskuntza helburu bera lortzera eramaten, eta haurrak asumitu behar zuen araua ikasi beharrean, arauak betetzearen trukean ordaina duela besterik ez du ikasten. Bizitzak, munduak, errealitatea horrela funtzionatzen ez duela ezin onartuz, frustrazioz biziko den haurra izango da. 
Tratu onak bermatzeko, haurrak errealitatean eta errealitatearentzat prestatu behar ditugu; autonomoak, mugak eta limiteak onartuak, erronkei aurre egiteko jarrera kementsuaz, autoestimadunak,...

PROPOSAMENAK

Gurasoek haurrekin sortzen dituzten harremanak errepresentatzen dituzte bestelako eremuetan seme-alabek;

Hemen gurasoek trasmititzen dituzten hainbat jarrera toxikoren inguruko artikulu bat:




Gero eta gehiago dira, gurasoen gainetik jartzen saiatzen diren haurrak. Boterea izaten trebatzen direnak, eta harremanetarako trebeziarik ez dutenak. Mugak jartzea oso garrantzitsua da; haurrek aukera guztiak beraien esku daudela sentitzen dutenean, botere faltsu batekin trebatzen baitira. Eta alboan botere faltsu horretan makulu izango den baten bat behar izaten baitute, bere aginduetara erantzungo duena; ama, aita, senideak, lagun sumisoak,...
Jarrera horretan soilik sentitzen dira eroso eta ez dute bestearen lekuan jartzeko gaitasuna garatzen; harreman desegokiak eraikitzeaz gain, bere aginduak jarraitzen dituzten haurrez/heduez osaturiko taldea behar izaten dute inguruan; botere faltsu horretan ziur eta lasai sentitzen direlako. Horiek identifikatzea, inguruan sumisio jarrera erakusten dutenen autoestimak lantzea eta botere beharraren intseguritateak lantzea oso garrantzitsua da, harreman osasuntsuak garatzeko unean.

Hemen beste artikulu polit bat; "Niños tiranos:  el sindrome del Emperador"


Harreman osasuntsuak garatzeko eta horietan trebatzeko ezinbestekoa dugu MAITASUN ERROMANTIKOAren irudiarekin kritikoak eta zorrotzak izatea. 




Norberak bere burua maite duen arte ezingo du beste inor era osasuntsuan maitatu.
Hala agertzen zigun Erich Fromm "El arte de amar" liburuan.




Gatazkak sortzen dituzten haurrak ezagutzea eta beraiekin lanketa berezia egitea oso garrantzitsua iruditzen zait; eskolan eta jendartean ohikoak diren etiketak ez daitezen jarri, eta indarkeria jarrera ororen atzean dagoen eskaera ulertu, eta landu ahal izateko.

Haurrekin sentimenak lantzeko eta jarrera gatazkatsuak dituzten haurrekin beraien sentimenak, beharrak eta kostata erakusten duten enpatia jarrera lantzeko oso egokia den jolasa hau dugu;

ZUTANI








ESKOLARAKO ERRONKAK


  • Eskolaren helburu orokorra tratu txarrik eman ez dadin autoestimua, berdintasuna eta tratu onak landuz, ingurune hurbilean tratu txarrak ezabatzea.

  • Tratu onen garrantziaz jabetzea, norberaren burua baloratzen ikastea, norberak bere burua ezagutuz, egoera zapaltzaileak identifikatzen trebatzea. Beste pertsonak baloratzen ikastea, genero estereotipoak baztertuz, berdintasunezko harremanak sortzeko. Gaur egungo gizartean bizi ditugun genero desberdintasunak ezagutzea, hauek sortzen dituzten diskriminazioak ekiditzeko. Aukera berdintasunean bizitzeko tresnak lantzea, hauek elkartasunezko eta orekan oinarritutako harremanak ezartzea tratu onen oinarak ipintzeko. Eraso eta indarkeria egoeretatik libre bizitzeko jarrera eta trebetasunak garatzea aipaturiko egoera horiek jasateko.
    Eskolan hainbat egoera erakutsi eta horiek nola konponduko zituzten aztertzea eta horien inguruan inplikaturik egon gabe, hausnartzea tratu onen inguruan murgiltzeko jarduera ezin hobea dugu; apurka  enpatia jarrera agertzeko helburuz.


  • Haur bakoitzaren egoera eta errealitateak ulertzea ezinbestekoa dugu, harremanak eraikitzen dituzten erak eta jarrerak ulertzeko eta beharrezkoak diren esku hartzeak egin ahal izateko.
  • Haur bakoitzaren errealitatea ulertzeko metodoak sortzea


  • Haur guztien autoestima lantzea.
  • Botere harremanak harreman osasuntsuengatik ordezkatzea.
  • Helduak eta ikasleak kalitatezko hartu emanak eraikitza
  • Konfiantzazko espazio eta giroak sortzea
  • Emozioak `plazaratzen trebatzea eta gune egokiak eskaintzea.
  • Tratu onak: egunero elkarrizketen bidez sentsibilizatu ditzakegu ikasleok gaiarekin. Eta suertatzen zaizkien gatazkak adierazteko espazioak ireki. Eta beraien ahotsa entzungo dela ziurtatuko zaiela erakutsi.



Badira, lagungarriak diren bestelako hainbat ekintza edo unitate didaktiko gaia etapa ezberdinetan gure curriculumetan txertatzeko.




2016/03/03

INDARKERIA MATXISTA HAUSNARTZEN



Emakumeen kontrako indarkeria da emakumeen diskriminazioaren paradigma, egiturazko fenomeno gisa. Patriarkal edo matxista deritzogun mundu-ikuskera horren adierazpenik ikaragarriena da. Mundu-ikuskera horretan, emakumeek gizonaren botere handiagoari men egin behar diotela ulertzen da, gizona hartzen baita gizarte-bilakaeraren protagonistatzat. Emakumeen kontrako indarkeria da emakumeen eskubideen urratzerik larriena. Indarkeria matxistaren biktima izandako emakumeei laguntzeko mekanismoak sortzea beharko luke jendarteak helburu izan. 
Indarkeria matxista aurpegi desberdinetan aurkezten dela gogoratu behar dugu; mikromatxismoak, indarkeria sinbolikoak, LGTBIQ+fobiak, maitasun erromantikoaren mitoak,...

Eta indarkeria matxistan ohikoa izan da emakumeak, biktima gisa arreta eta aldaketa posiblearen ardura jaso izana. Emakumeon jabekuntzaz gain, gizonen arduraz mintzatu behar gara. Horiek izango baitira, hainbat pribilegioei uko eginez datozen hurrengo belaunaldiei parekidetasuna erakusteko eredu izan daitezkeenak.

Badira, hainbat hausnarketetan murgildurik dauden gizon-taldeak; maskulinitate berrien oihartzuna hedatzen ari direnak. Feminismoa bidelagun izanik.



Ezinbestekoa dugu, indarkeria matxistaren kontrako lanean gizonen parte hartze aktiboa oso eraginkorra da; jendarte parekidearen eraikuntzan, gizon zein emakumeok inplikatu behar gara; sentsibilizatu, begirada morea eguneroko ekintzetan txertatu. Elkarrekintzaz, elkarri-eraginez.




Indarkeria matxista emakume orok gure etxeetan pairatzen dugu; garaiak oraindik ez baitira nahi hainbeste aldatu. Zaintzan gizonen inplikazioa ez dagoen bitartean, eta eremu pribatuetan emakumeek lan-zama gehiena hartu beharrean daudenean, ezinezkoa izango zaigu jendarte parekideaz hitz egitea.



Indarkeria matxista sinbolikoak ere egunero-egunero tantakako dosi txikietan genero-estereotipo markak indartuz agertzen zaizkigu, eta horiekin kritikoak izatea eta horien  kontrako jarrerak plazaratzea dugu ardura. Baita inguruko gizonak gaiarekin sentsibilizatzen saiatzea. Gure ahotan aldarria egotea. Askatasun indibidualaren izenean jendarte parekidearen ametsean, desoreka eta inertzia oro aldarrikatzea.

Maitasun erromantikoaren mitoak ere errealitateari min handia egiten dio. Maitasuna desitxuratuz, eta hartu-emanen rolak botere harremanetan eraikiz. Horiek elikatzen dituzten komunikabide, eta tresnak desegitea ezinezkoa denez, horiekin kritiko eta zorrotzak izatea dugu, ahalduntzea.


Aitatasunaren presentzia eta ardura partekatuaren garrantzia ere azpimarratu behar dugu.




Autodefentsa feminista: Jarrera, emozioak eta estimua lantzeko zubia dira. Era indibidual zein kolektiboan ahalduntzea. Beldurra aurrez aurre izan eta horri aurre egiteko estrategiak garatzea.Gorputzaren jabekuntza eta  botere pertsonala garatzeko bideak jorratzea; aliantzak eginez oztopoak gainditzeko indartzea. Indarkeria matxistaren aurpegi guztietaz jabetu, eta horiek identifikatzen trebatzea. Eraso sotilenaren aurrean defendatzen jakitea.

NIRE PROPOSAMENAk

Zaloa Basabe eta Ariane Kamioren INFO7 IRRATIko elkarrizketan, Noiz da indarkeria matxista eta noiz ez? galdera erantzuten dute. Dominazioa hitza agertzen dute; matxismoa arautua dagoelaren ideia azpimarratzen dute; muga horiek ez direla aitortzen eta onartzen eta horregatik ez direla gainditzen; ohitu egin gara eta automatizatu ditugu indarkeriaren ondorioz gertatzen diren hilketen datuetara;

Saioa entzuteko Klikatu hemen.

Hemen ere HEZKUNTZARAKO BESTE PROPOSAMEN BAT. Bortizkeria matxistaren aurkako hezkuntza proposamenak, (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH geletan lantzeko.)



ESKOLAKO ERRONKAK

  • Ikasleak genero-sistematik aske hezteko testuingurua sortzea.
  • Hezkidetza begiradaz gain, esku hartze zuzenak egitea.
  • Komunitate osoaren sentsibilizazioa eta ahalduntzea.
  • Maskulinitate berriak eta emakumeen defentsa feministak garatzea.
  • LGTBIQ+ kolektiboak ikusgarri egitea; jendartearen aniztasuna ikasleek ezagutu dezaten.
  • Emakumeen lorpenak ikusgarri egitea.
  • Mikromatxismoak eta indarkeria matxista sinbolikoekiko kritikotasun garatzeko estrategiak diseinatzea; adin bakoitzari dagokion mailan. (Etapa guztietan HHtik hasita).
  • Maitasun erromantikoa auzitan jartzea.
  • Familiaren kontzeptuaren eta zoriontasuna/etorkizuna/bizitza-eraikuntza ulertzeko era desberdinetan sentsibilizatzea.
  • Sexualitatea etapa guztietan lantzea.
  • Identitateak begirada hezkidetzaileaz garatzeko estrategiak eskaintzea.




2016/02/28

GATAZKAK, HAUSNARKETA

LABURPENA-NIRE IRITZIA

Gatazka ororen atzean ikaskuntza prozesua dagoela ekarri behar dugu gogora. Gatazkaren konponbidea bilatu beharrak heldutasunean eta norberaren garapenerako zubi-lan handia da. GAtazkatsuak diren egoerak maiz, ekidin ohi dira, mila aitzaki tartean; koldarkeria, bizi-arauak betetzea, errespetua, zer pentsatuko duten zeure buruaz,... Justifikazioak bilatzen oso trebeak gara pertsona guztiak, gatazkei aurre egiten baino hobeak esango nuke. 

Elkar-bizitza egoki baterako, bizitzan suerta dakizkigukeen gatazkei aurre egiteko konponbidea bilatzeko estrategia nahikoa bereganatzea bizitzaren bideak berak erakusten digu. Inguruak, familiak, eskolak eta hurbileko jendeak eragin handia du gure jarreren eraikuntzan, baita gertatzen zaizkigun gauzen aurrean hartuko ditugun jokabideetan ere. 

Gatazka batek, hausnarketa prozesua dakar. Konponbidearen bilakuntzan, norberak bere buruarekin zintzotzea eskatzen du. Prozesu barnerakoa. Norberarena eta indibiduala. Gatazkak pertsonen arteko helburuak, nahiak, sentimenak, gogoak, beharrak, etab. batera-ezinak direnean gertatu ohi dira. Batzuetan, ere, gatazka norberak bere buruarekin izan dezake, noski. Norberaren interesak eta beharrak eta nahiak eta sentimenak bateratzen ez direnean gertatu ohi zaigu. Gatazkari nola aurre egin definituko du gatazka bera positibo ala negatibo bezala. Gatazken aurrean eroso sentitzen ez garen arren, gatazkek pentsamendu prozesu konplexua lantzen dute: hausnarketa, aurre ikuspena, emozioen bideratzea, nahien eta desiren gogoeta,...

GATAZKA guztiek hiru elementu dituzte;alderdiak-pertsonak/arazoa/konponbidea. GAtazkaren sortzaileak diren bost adierazle gisa aipatzen dizkigu Christopher  Moore irakasleak honako irudi honetan.


GATAZKEN konponbideetan trebatzeko KOMUNIKAZIOAren garrantzia gogora ekarri behar dugu; 



Entzuten jakitea, bestearen adierazpideekiko enpatia jarrera agertuz
Entzuteko erak oso desberdinak dira, eta horiek gatazka sortu ohi dute; defentsiba eran entzutea; egonarri gutxiko entzutea, entzute interbentzionista, entzute egozentrista edo autorreferentziala, epaitzen duen entzutea, eta entzute entzungorra.

Entzute aktiboa oso garrantzitsua da, komunikazio egokia eman dadin. Ezinbesteko tresna. Alderdi desberdinen arteko adostasuna hitzartzeko, guztien ideiak, gogoetak, beharrak,... aintzakotzat hartu behar dira, guztien emozioak komunikazioan egokiak izan daitezen eta azken konponbide batean adostasuna eman dadin.

PROPOSAMENAK

Oso egokia horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako ondorengo gida;



Beste proposamen batzuk:
  • GATAZKEN KONPONBIDEA BILATZEN HAUR HEZKUNTZAN, TRESNAK

  • SENTIMENAK BIZITZAREN PARTE. Emozioak lantzea, eta sortu ohi diren barne-agresibitate eta frustrazio egoerak bideratzeko estrategiak garatzea ezinbestekoa da gatazkak konpontzeko bidean;

Hemen horretarako oso proposamen egokia edozein adinetara zuzendua:


Oso interesgarria Helen Adamsonen hitzaldia; Comunicacion No violenta.



ESKOLEN ERRONKA
  • Gatazkak daudenean, horiekiko ardura hartzea, eta esku hartzeak egitea.
  • Begirada hezkidetzailea txertatzea suertatu daitezkeen gatazka egoeren portzentai handienetakoa sexismoak eta gizarte patriarkal heterosexistatik jasotakoengatik sortzen direla ulertzea,
  • KOMUNIKAZIOAN trebatzeko estrategiak diseinatzea.
  • Irakasle eta gurasoen formazioa; komunikazio tresnak 
  • Zigorrak eta txantaien ordezkariak bilatu; emozioak eta adimen emozionala eskolako curriculumean txertatu.
  • ohikoak diren disziplina tresnak desegiteko bideak sortzea.
  • Jolas kooperatiboak txertatzea oso proposamen interesgarria da; lehian bizi den jendartetik ihesean talde jardueran lor daitezkeenetan trebatzea baitute helburu; ELKARKIDETZA sustatuko duten jarrerak bereganatuz eta indartuz.
hemen proposamen bat; JOLAS KOOERATIBOAK










2016/02/20

HEZIKETA AFEKTIBO-SEXUALA, HAUSNARTZEN




"SEXUALITATEA ARBUIATZEA 
BIZITZAREN AURKAKO KRIMENA DA." 
NIETZSCHE

Afektibitatea: sentiberatasuna, maitasuna, amodioa, adiskidetasuna, filiazioa eta pareko emozioak biltzen dituen termino orokorra da. Afektibitatean gizakiak izaten dituen eta atseginak edo desatseginak izan daitezkeen afektu-egoera edo emozio guztiak biltzen dira. Afektibitatea gizakiak bere buruarenganako inguru fisikoarekiko eta batez ere, gizarte-inguruarekiko bizi eta adiearzten dituen afektu-egoerak dira.
Sexualitatea; sexu bakoitzaren bereizgarri diren ezaugarri anatomikoen, fisiologikoen eta psikologikoen multzoa da. Gizabanakoaren izaera osatzen duten ataletako bat da, eta pertsonen arteko afektibitatea eta komunikazioa adierazteko modu bat.



Gorputz sexuatuak gara, eta sexualitatea eraikuntza soziala da. 

Bi ideia horiek azpimarratu nahi nituzke. Gizarteak heteroarauak inposatzen ditu uneoro, eta bikote heterosexualak gogoratzen, indartzen. 
Gizarteak, sexualitatea automatikoki koitoa edo sarketarekin lotzen du, baina sexologiak dio sexualitatea jaiotzen garenetik dagoela; gorputz sexuatuak garela. Sexualitatea bizitza osoan zehar gertatzen den prozesua da, fase desberdinak dituelarik. Beraz sexu-harremanak umetatik izaten ditugu. Harremanak bizi eta azaltzeko beste era batzuk egonda-ere, sexualitatea heteroarauekin zeharo baldintzatua dago. Gizarteak inplizituki, etengabean ematen dizkigun arauekiko kritikoak izaten trebatzea zaila suertatzen zaigu. Medioak sexualitatearen marka adierazleak dira, eta desiratzeko era bat erakusten digute. Gizartean sexualitatea eredu binarioan oinarritzen da ere, patriarkatuaren ondorioz;
emakumeak eta  sexualitatea, ugalketaren eta haurrak izatearen prozesuaren lotzen delarik; eta gizona eta sexualitatea desira eta behar fisiologiko bat bezala azpimarraturik. 
Desira ereduak, jolas erotikoak, eta horietan erakusten diren arau gehienak inposatuak dira, eta oso zaila suertatzen da norbanakoari gustatzen zaiona egitea, estereotipo horietatik aldenduz. 
Komunikabide gehientsuenek eredu bakarraren apologia egiten dute; gazteetan oinarritutako eredu heteroxesuala, eta koitoa ardatz duena. Eredu horiek jarraitzearen zailtasunak gogora ekarri nahi nituzke, imitatzen saiatzen garen eredu horiek jarraitzea oso zaila denez, arazoa ugariak baitira. 
Guztiok gorputz sexuatu desberdinak gara, eta ondorioz, behar eta desira desberdinak ditugu.


  • Sexualitatea giza izaeraren dimentsio bat da. Ikasgeletan landu beharreko beste balore bat. Sexualitateak ondorengo inplikazioak ditu: 
  • identitate guztiak
  • Adin guztiak
  • Gorputz guztiak
  • Harreman guztiak
  • Orientazio sexual guztiak
  • Faktore psikologiko guztiak (afektua, sentimenduak, trebetasun sozialak, lehentasunak, gustuak, sinismenak, kulturak,...)

Heziketa sexuala, prebentzioa baino gehiago da. bere baitan aspektu asko biltzen ditu. Norberak bere burua maitatzea, ezagutzea, gozatzea. Komunikatzen ikastea. Norberak bere gorputza ezagutzen ikastea, norberaren erotika sortzea. Norberaren sexualitateak garapen indibidual eta etengabea jasaten duen prozesua da.




Olatz Berastegi, "Sexutuak gara, ezberdinak, errepikaezinak" iritzi artikulutik;
"Sexuatuak jaiotzen garela esateak,  ez du  baztertzen, bizitzen goazen heinean gure sexua eta gure bizipenak egiten joaten garela esateak, eta noski eraikitze horretan indarra jarri nahiko nuke kanpoko eraginak hor daudela kontuan hartuta, norbera, bere izate horri ematen dion kolorean, nabarduran. Honek guztiak eramaten gaitueako gizon eta emakumeez hitz egitera, pluralean, eta ondorioz aberastasun honek sortzen dituen, topaketa, harreman eta gozamenetara iristea izan beharko litzateke jarraitu beharko genukeen bide bakarra. Ezberdintasunak asko erakusten duelako."

Heziketa afektibo-sexualaz mintzo garenean honako ideia hauek ditugu abiapuntu;


  1. Afektibitatearen garapen indibiduala, hezkidetza begiradatik (parekidea)
  2. Sexualitatea bizitza osoko prozesua dela.
  3. Sexualitatea eta harreman onak (botere harremanak eta bortizkeriarik gabeak) lantzea
  4. Heteroarauak deseraikitzea eta norberaren aukera eta gustu libreetan oinarritzen direnak eraikitzea.
  5. Sexualitatea eta plazerra genero ororen ezaugarri dira
  6. Sexualitatea ugalketarekin erakusten zaigun etengabeko lotura desegiteko jarrera sortu
  7. Sexualitatea adin guztietan ematen da; eta bizitzaren une bakoitzeko beharrak asetzea taburik gabe.


Heziketa afektibo sexualaren inguruko eskubideaz



JARDUERA. DATUAK ETA ONDORIOAK


Jarduera:
Gorputzaren kontzientzia hartzeko erak anitzak izan behar dira. Ikasle bakoitzak bere gorputzaren kontzientzia hartzeko jarduerak burutzea eta horiekiko kontziente egitea dugu erronka, dagokion etapari egokiturik.


  • Gorputz adierazpena (dantza, antzerkia, kantatzea, musika,...)
  • Norberaren gorputzaren mugen eta gorputz gaitasunen ezagutza. Horiek gainditzeko eta erronka berriei aurre egiteko bideak eskaintzea.
  • Norberaren gorputzaren eskaerak entzuteko trebatzeko jarrera sustatu.
  • Zentzumen desberdinak abiapuntu izanik, bizipenak izateko ereduak sortu
  • Gorputzaren zaintzarako ohitura eta jarrera egokiak erakustea.
Haur guztietako umeei ideia hauek erakustea oso garrantzitsua da;

  • Gorputzaren osotasunaz jabetzea (izan ditzaketen ezaugarri guztiek osatzen dute gorputz bakoitza, guztietatik desberdina)
  • Gorputz sexuatuak kanpoko atalez gain barneko atalek ere osatzen dutela ohartzea (kromosomek, hormonek, egoera psikosozialek,...)
  • Gorputzaz gozatzeko eta bizitzeko erak infinitoak direla ulertzea.

ESKOLAREN ERRONKAK



Irakasleen paperaz mintzo zaizkigu honako artikulu honetan:

"Pertsonek (ikasleek) izan behar dute beraien sexualitatearen bizipena eraiki behar dutenak eta, beraz, irakasleak bitartekari besterik ez du izan behar, hezkuntza afektibo-sexualaren edukien eta ikasleen biografia propioaren arteko bitartekari." Raul Diaz, Hik Hasi Aldizkaria,

Heziketa afektibo-sexualaren planteamendu didaktikoa, prozesu dialektikoan oinarritu behar du, hau da, prozesu horretan parte hartzen duten heziketa eragileen eta eragile sozialen arteko prozesuan. Hroeik ikaslea bere ikasketaren protagonista bihurtu behar dute, eta pertsonen promozio sozial eta pertsonalarekin eta ingurumenaren hobetzearekin konprometi dadin lortu behar dute. 



Sexualitatearen alderdi anitzak ikusgarri egin behar ditu eskolak. Zeharkako metodologiari garrantzia emanez.


  • Eskola curriculumak egokitu 
  • Botere harremanak aztertu eta harreman onak sustatu
  • Sexu abusuaren eta jazarpenaren errealitateez jabetu eta desegiteko estrategiak sortu
  • Sexualitatearekiko heziketa zabala; mitoak deseraiki, maitasun erromantikoaren irudia irauli, heteroarauen eraginez jabetu eta kritikoki jokatzeko jarrera sustatu,...
  • Gorputz anitzekiko errespetuzko jarrera landu
  • Sexu harremanetan prebentziorako jarrerak: gaixotasunak ekiditeko, nahi ez diren egoerak ez topatzeko, gogoko ez diren jarrerak detektatzeko,  antisorgailuak, ...
  • Aniztasuna landu
  • Komunitate osoaren sentsibilizazioa heziketa afektibo-sexualean.


2016/02/13

IDENTITATEAK ETA ANIZTASUN SEXUALA-HAUSNARTZEN

Norberak bere identitatearen eraikuntzan heteronormetatik erroturik dituenak identifikatzea eta horiek aldatu nahi direnean, gainditzea eta arazorik gabe egitea genuke erronka. Gizarteak markatu dizkigun genero-arauak hain ditugu erroturik, horiekiko kezka agertzeak, ordurarte eraikitakoak kolokan jartzea suposa lezakeela. Eta maiz, horren beldur gara. Aldaketek ekar dezaketen desorekaren beldur. Baina jendarteak behar berriak aldarrian dituela sentitzen hasia naiz. Eskoletan haurrak baitira beraien identitatea oihukatzen dutenak. Eta beraien ozeneko sexualitateen aitortzari erantzuteko beharrak,eskolako profesionalek gai hauek guztiak  nola kudeatu ezin asmatu, formazioa  eskatzen hasiak dira/gara. Bada, beraz, datozen generazio berrien partetik aldaketa beharra; ondorioz; eskolak eta familiak erabat trinkoturiko heteroarauak hausteko jardueran dihardute. 

"Baina hau guztia aldatzea posible da, iraultza gure baitan hasten da. Egungo harreman ereduak landuz, aztertuz eta eraldatuz, benetako askapen prozesua abiatzea lortuko dugu. Heteronormen kateak hezkuntzan ere hautsi behar ditugu. Egungo sistemak hezkuntza baliatuz inposatutako generoen baitako heziketa garatzen duela jakitun, Euskal Herriak behar duen eskola eredu askatzaile eta  hezkidetzaiela eraikitzen jarraitu behar dugu. Geneoretatik at, ikaslea bera hezkuntza prozesuan protagonista izango duen eskolaren alde borrokatzen jarraituko dugu. Hezkidetza hezigunez hezigune landuz lortuko dugu hori." 
Ikoiz Arrese, Maite Kintanilla, 2012-06-26, Berria egunkarian.


 Ana Galagarragak eta Amaia Uriaren ideiak azpimarratu nahi nituzke; non sexualitatearen heztean dogma batzuen trasmisioa egin zaigulako ez dugun aintzakotzat hartzen aurreritziak eta errealitateak ez datozela bat. Gorputzak etengabeko bilakaeran daude eta aintzakotzat hartu behar ditugu indibiduo bakoitzari gorputzarekiko pertzezpio, onarpen eta sentimenetan eragiten dioten eremu psikologiko eta soziala.

Aipamen bezala gogora ekarri nahi nituzke beraien genetika eta kromosomak aztertzeko behartu zituzten emakume kirolariak. Non Y kromosomaren bat zutenak lasterketetatik erretiratu behar zirela esaten zuen legea onartu behar izan zuten. 
El Pais. 2009-08-25. Emilio de Benito, Carlos Arribas. El sexo no es sólo una Y. 
"Si han nacido y crecido como mujeres y piensan en sí mismas como mujeres, yo diría que se les debe dejar competir como mujeres."


Oraindik azalean ez dauden eremu ugari ukitzen dituen gaia dugu, identitate aniztasuna eta aniztasun sexuala. Jakin badagiku, ostera, gizarteak eta hainbat legeen onarpenean, homosexualitatea aitortua eta gizartean lekua hartzen joan badoala. Zoritxarrez irudi kolektiboak beste behin estereotipo batzuk eraiki ditu taldekatu eta sailkapenerako premiak bultzaturik; homosexualak irudikatzen direnean, lesbianismoa ezkutuan dagoela ulertzen da; medioek ikusgarritasuna gizon homosexualei (estereotipo konkretu bati)  ematen baitiote; horrek batzuetan laguntza baino traba suposatzen duena; estereotipo horiekin identifikatzen eta parekatzen ditugun gizonezko guztiak zaku horretan sartzearen inretziak sortuz, estereotipo horiekin identifikatzen ez diren gay-ei suerta dakiekin gatazka pertsonala, maskulinitate desberdinen ez aitortzea (orientazio sexuala salbu), bestelakoa ikustezinak bihurtzea. 
Beste behin gizarteak sortu dituen tresnak desegokiak, itxiak, mugaz josiak, ditugu.


PROPOSAMENA, DATUAK ETA ONDORIOAK
Rainbow proiektuak aurkezten duen proposamena luzatzen dut;
Haur Hezkuntzarako baliabideak eskasak dira, baina Rainbowek Papa,s boy film laburra aitzaki gaia ikasgelan lantzeko oso egokia da;



Filmarekin hainbat eremu lantzen dira:
  • Estereotipoak
  • Genero-itxarobideak
  • zoriontasun pertsonala
  • Gogoko direnekiko trebatze-lana-denbora-kostantzia jarrera
  • Norberaren eskubideak errespetatzeko borroka jarrera
  • Zailtasunei aurre egiteko jarrera
  • Gatazkei aurre egitea
  • Familia

Jarduera proposamenak:
  • Elkarrizketa: mutil eta neskentzat diren gauzak zerrendatu...
  • Filma ikusi
  • Elkarrizketa-debatea: zer gertatu den aztertu.
  • Haur bakoitzak gustuko dituenak aipatu eta zerrenda bat egin.
  • Haur bakoitzak "Tramatropo" bat egin, etxera eraman
  • Ikasgelara ez-estereotipatua den lanbidea duen senide bat gonbidatu
Proposamen zehaztua hemen

Ikasgelan horrelakok gaiak plazaratzea ezinbesteko jarduerak direla ulertu behar dugu; ikasleok genero-sistema eraikirik dutelako jada, haurtzarotik. Mediatikoki eta gizarteak eskaintzen dituen heteroarauak hausteko etengabeko lanketa kritikoa garatu behar da. Ondorioak apurka eta poliki lortuko baitira. 

ESKOLAREN ERRONKAK
  • Genero-sistemara errotzen gaituzten ereduak desegin eta berriengatik ordezkatu
  • Heteronormak ulertu, horietatik ditugunak aztertu eta desegiten trebatzea.
  • Aniztasunaren jabe izatea; maskulinitate desberdinak, gorputz anitzak, orientazio anitzak,...
  • Ikasle bakoitzaren ezaugarri eta berezitasunak bereak propioak direla aitortzea, eta askatasunean hezteko bideak eskaintzea
  • Aniztasunak eta desberdina izateak sortu ohi dituen bortizkeri egoerak identifikatu, eta horietan esku hartzea
  • Elkarbizitzan trebatzea eskola ororen helburu nagusia izatea
  • Sexualitatean heztea; aniztasuna aintzakotzat harturik.







2016/02/06

Identitate anitzak, hausnartzen


LABURPENA

Identitatea eraikuntza pertsonala eta banakakoa da, baita eraikuntza-soziala ere. Norberak dituen bizipenen, testuinguruaren, hartu-emanen, inguru sozio-kulturalaren eraginez eraikitzen eta garatzen du bereidentitatea. Haurtzaroan hasi eta bizitza osoan zehar ematen den prozesu aldakorra da. Genero-identitatea eta identitate-sexuala desberdintzea ezinbestekoa dugu.


Sexu-identitatea: baldintza biologikotan oinarriturik ematen den identitatea; neska-mutil bereizketa egiten duena, organu-genitalen araberakoa.

Genero-identitatea: zer sentitzen garen, gure buruekiko pertzepzio subjektiboa; gizarte patriarkalak inposatutako genero-sistema binariotik at, norberak bere burua genero batekin ala bestearekin, edota biekin edota ezta batekin ere identifikaturik sentitzen den era dugu, genero-identitatea. Estereotipo eta genero-sistemak eraikiak dituen harmarriak gainditu eta norberak bere sentimenekin mintzoan aitortzen den era zintzoa aldarrian jarri behar dugu; gogora ekarriz jendarteak aniztasunaz aberasten gaituela, guk geuk osatzen baitugu berau.

Genero-adierazpenak:




GOGOETAK-PERTSONAK SUBJEKTU ASKEAK

“Pertsona bat autonomoa da bere buruari arau propioak jartzen dizkionean.” (Kant)
« Autonomoa izaten ikasteak dakar maila pertsonal, profesional eta sozialean gero eta konplexuagoa den mundu batean moldatzen ikastea. Konplexutasun horrek lan ordenatua, planifikatua, mailakatua eta kontsekuentea eskatzen du eskolatze-aldiaren lehenengo faseetatik. Lan hori familiaekintzarekin osatu behar da (bai eta gizartearen eskakizunak eta aukerak izan beharko liratekeenekin ere)» 
(ESCAMILLA, A.: Las competencias básicas. Claves y propuestas para su desarrollo en los centros, Graó, Bartzelona, 2008, 113. or.)





Norberaren autonomiarako eta ekimenerako konpetentzia, marko teorikoa


Autonomiaren eta ekimenaren garapenari esker, era berean, balio berriak eta jarrera-aldaketak indartuko ditugu. «Norberaren autonomiarako eta ekimenerako konpetentziaren eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren artean lotura estua dago, bai eta, ondorioz, genero-indarkeriaren prebentzioaren artean ere. Erantzukizuna eta errespetua abiapuntutzat hartuta, hezkuntza-sistemek emakumeak baztertzen dituzten estereotipoak eta aurreiritziak deuseztatzen dituzten banakako eta taldeko identitateak eraikitzea ahalbidetu behar dute» CHICANO, E: «Autonomía e iniciativa personal, base del desarrollo para la igualdad» in Participación educativa 9, 79. or., Tribuna Abierta.




BALORAZIOA

                Generoa egiten duguna da. Eskolak subjektu askeak izateko baliabideak diseinatzea du helburu. Gizarte patriarkalak inposaturik hetero-arauak ulertu, ordezkatu eta horiekiko kritikotasunez jokatzeko estrategiak barneratu behar ditu. Haurtzarotik eraikitzen hasten den identitatea bizitza osoan zehar garatzen doan prozesua dela ulerturik, hezkuntzak eskainiko dituen gune, testuinguru eta ereduak eraginkorrak izango dira ikasleen erabakietan. Haurrei autonomiaz jokatzen eta kritikoak izaten erakutsi behar badiegu, hezitzaileok formazio feminista ezkutuko curriculumean txertaturik, barneraturik izatea ariketa garrantzitsua dugu. Generoa egoteko modu bat da. Gorputz eta narrazioek eragin zuzena dute genero-identitatean. Nola jokatzen dugun, barnetik subjektiboki ditugun sentimenak, generotik at, nor eta nola sentitzen garen identifikatzeko konpetentzia eta trebezia landu behar du eskolak.




HEZIBERRI 2020 ETA EZKUTUKO CURRICULUMA

20. artikulua.– Irakasleen prestakuntza eta ebaluazioa. c) Hezkidetza, aniztasun afektibo-sexuala, eta hezkuntza-babes bereziak behar dituzten kolektiboentzako arreta egokia sustatzeko hezkuntza inklusiboa garatzea.
23. artikulua.– Aniztasunari erantzuteko neurriak. 1.– Hezkuntzako esku-hartzeak ikasleen aniztasuna aitortu eta errespetatu behar du. Halaber, ikasle guztien oinarrizko konpetentzien garapen gorena lortzera bideratutako arreta espezializatua bermatu behar du. 2.– Aniztasuna tratatzeko neurriek ikaslearen hezkuntza-premiak asetzea izan behar dute xede, ingurune normalizatu eta inklusiboan. Neurriek, halaber, ikasleen ikasteko interesak, motibazioak eta konpetentziak hartu behar dituzte kontuan, eta, edonola ere, Haur Hezkuntzako ikasleen irteera-profilerako ezarrita dagoen konpetentzia-maila lortzeko bideak aurreikusi behar dituzte.

        Haur Hezkuntzak dekretuetako bi zatitxo hauek aukeratu ditut;
    Irakasleen prestakuntzaren eremuan, hezkidetzari aipamena egiten dio. Era orokorrean, subjektu bakoitzaren identitatearen garapen integralaren funtsa dela azpimarratu gabe.

  Aipamenak eskasak dira. Urriak. Motz gelditzen dira. Inguru normalizatu eta inklusiboa ezinezkoa da sortzea, bakoitzak ekartzen duen errealitatea arau hetero-patriarkalez eraikia bada. Eskolak horiekiko kritiko izateko trebatzeko gaitasuna sustatzea izan beharko du helburu. Jendartearen aniztasunari erreparatu behar dio, eredu anitzak eskaintzeko eta ikasle bakoitzaren identitatearen garapenean aukera zabal horretatik, hautu librean askea izan dadin.



GENERO-IDENTITATEAK. URRATSAK EMATEN

Badira azken urteotan aurrera pausuak. Handiak. Identitate aniztasuna aldarrikatzeko gogoa, beharra eta nahia. Gero eta ikasle gehiago topatzen ditugu, haurtzaroan, beraien genero identitatea aho-betez adierazteko premiaz. Eta eskola ugari dira, baliabide berrien bila ate joka ari direnak. Hezkidetza proiektuekin batera sentsibilizazio olatua dator gurera. Eta sexu-identitate anitzak eta genero identitate ezberdinen aberastasuna ulertzeko lagungarri diren elkarte ugariren babesa topa dezakegu.  (Gehitu, Hegoak , Aldarte-Berdindu, Chrysallis elkartea, Gizonduz,…) Maskulinitate berriak, emakumeen ekarpenak handiak, aitortuak eta ikusgarri egiten hasiak dira, eredu erromantikoaren iraulketa,…
Jendarte libre baten premia sentitzen da, jada.




ONDORIOAK-SINISMEN FALTSUAK DESEGITEN

  • Pertsona bakoitzarekiko dugun aurreritzia ideia faltsuak ohi dira.
  • Genero-identitatea eta sexu-identitatea kontzeptu bera dela adierazi ohi da.
  • Sexua eta generoa ez bereiztea
  • Maskulinitate eta femenitate era bakarrak daudela uste izatea
  • Transexualitatea eta transgenero kontzeptuak ez bereiztea
  • Identitate sexuala eta orientazio sexuala ez desberdintzea