#AmaiaaN etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#AmaiaaN etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/03/21

HARREMANAK ZAINDUZ, TRATU ONAK BETI

 

Aste honetan harremanak zaintzearen eta tratu onak sustatzearen inguruan informazio ugari jaso dugu.

    Tratu onen/txarren identifikaziorako ondoko infografia interesgarria iruditu zait, nerabeekin lantzeko, 3. edota 4 DBHn, Balio etikoetan, tutoretzan.

     Proposamen positiboa eta eraikitzailea dakar: errespetoa, askatasuna, hezkidetza eta konfidantza eraikitzeko esaldi edota adierazleak diseinatu eta zintzilikailuetan jarri, ateetan edota zintzilik jartzeko. 



    Bestalde, Euskal Herrian Harremonakegitasmoaren aurkezpena ere interesgarria iruditu zait; harremanak eta tratu onak, pertsona desberdinen begirada eta ikuspuntutik egiteko hausnarketa bideratzeko egitasmoa, herri desberdinetan martxan jarri dena.



  
    • Bertan, ondo egoteko, zailtasun eta arazoen aurrean dugun jarreraz jabetzearen garrantzia lantzen da. Jendearekiko daukagun jarreraren arabera, ondo edo gaizki gera gaitezke. 
    • Bestetik desiratzeko moduak eta erak identifikatzeko dinamika planteatzen du; horretaz gain desiren kudeaketaz, esparru pertsonalean eta bikote harremanen esparruan, hausnarketa proposatzen du.

    Aukeratu dudan postean zaintzaren etikaz eta justiziaren etikaz hausnarketa egiten da, eta elkar zaintza batean oinarritutako gizarte orekatu baten alde egin behar dugula.

Horretaz gain, ekofeminismoa ere aipatzen du, feminismoaren eta naturaren arteko lotura sortzen duena. Helburua bizitza erdigunean jarriko duten gizarteak sortzea da, hau da, bizitzaren iraunkortasuna lehentasun gisa jartzea.

    Ekofeminismoa eta zaintzaren etikaren inguruan Alicia H.Puleo-ren hitzaldi interesgarria entzuteko aukera ere dago postean. 


Hau guztia hezkuntzan edota jendartean lantzeko erronkak:

  • Autoezagutza landu, norberaren gorputza onartu eta maitatu. 

  • Autoestimua garatu

  • Jarrera kritikoa erakutsi estereotipoen inposaketaren aurrean; EZ esan, behar denean.

  • Maitasun erromantikoaren mitoak eta ondorioak ikuspegi kritikoaz aztertu eta maitasunezko harreman osasuntsuak landu. 

  • Hizkuntza hezkidetzailea,  elkartasunerako jarrerak erakutsi.

  • Laguntza eskaini.

  • Bizitzaren iraunkortasunaren aldeko jarrerak erakutsi

Bukatzeko, tratu onak eta elkarbizitzaren inguruko bideoa: Dia Mundial da Gentileza 2022


“bizitzaren aurrean betaurreko moreak eta betaurreko gozagarriak janzteko urratsak egitea da gakoa”.

(Arremanitzeko kidea den Axi Baglietok zaintza erdigunean jartzearen inguruko artikuluan esandakoa). 


2022/03/14

BELDURRIK GABE, ASKE HEZI

 Aste honetako gaian indarkeria matxistaren aspektu desberdinak aztertu ditugu gure materialen artean; maitasun erromantikoa, mikromatxismoak eta LGTBIQ+ fobiak deseraiki behar ditugu DENON artean, benetan botere harremanak eta indarkeria desagerrarazteko. 

Autorea: Alicia Murillo Ruiz


Aurreko edizioetako postean artean Ez beldurrik eman ez beldurrik jasan aukeratu dut, nire postaren izenburuarekin bat dator eta;

Bertan begiradaren aldaketa aipatzen du aldaketa eragiteko, fokoa gizonengan jartzea; modu grafikoan ere aipatzen ditu maskulinitate toxikoaren ezaugarriak eta mikromatxismoen inguruko bideo pare bat.  


Nik maskulinitateen gaia oso aproposa ikusten dut ikastetxeetan eta eremu hezitzaileetan lantzeko (irakasleekin, gurasoekin, ea).


Maskulinitateak monografikoan (Beldur barik) zenbait artikulu eta baliabideen erreferentziak eskuragarri daude eta hauek aukeratu ditut:


 Iruditzen zait ez gaudela ohituta ikustera gizonak beraien gizon izatearen inguruan hausnarketa egitera eta beraien sentimenduak hain argi eta era naturalean adierazten.


  • Bideoa: Maskulinitatearen tranpak . Ibai Fresnedo.(2:34m ). Modu orijinalean azaltzen ditu gizontasun ereduaren ezaugarriak.  



Ikasleekin lantzeko ere aproposak iruditzen zaizkit ondoko baliabideak: 

  • Beldur Barik-ekoek dituzten unitateak, horien artean neska mutilek indarkeria sexistaren inguruko aspektuak lantzeko: 

https://www.beldurbarik.eus/eu/4-unitatea-guia/#


formato artistikoan egindakoa, bizkaierazko euskalkian..

Maitasun erromantikoaren hainbat manifestazio aurkezten dira, ikasleekin eztabaidatzeko.  


Bukatzeko, guzti hau lantzeko justifikazioa baino guztiok lortu beharreko erronkak ditugula esango nuke: 

-Indarkeria matxistaren aurkako jarrera aktiboa sustatzea.

- Maskulinitate berrien ereduak ezagutu eta eraiki.

- Emakumeen ahalduntze pertsonala eta kolektiboa zabaldu, autodefentsa feministaren bidez. 



2022/03/05

GATAZKATIK KULTURA POSITIBORA

 Aste honetako gaian agertzen diren hainbat kontzeptuekin kultura positibora eramango duten hitz nagusienak aipatu nahi izan ditut osatu dudan hitzen lainoan.


    Oso garrantzitsua iruditzen zait alde batetik gatazka zer den pertsona bakoitzarentzat adieraztea, zer ulertzen dugun bakoitzak; bestetik, gatazka ulertzeko maila intrapertsonala, pertsona bat baino gehiagoren artean ematen diren desberdintasunak identifikatzea. 


Eremu hezitzailean gaur egungo egoera:

Gaur egun ikastetxeetan portaera arazoak eta jokabide desegokiak gero eta ugariagoak direla esango nuke, horien artean errespetu eta autokontrol faltak, agresibitatea, motibaziorik eza, mugarik eza, arlo sozio-emozionalaren esparruarekin erabat lotuta dauden arazoen adibideak dira.


Egoera horietan dauden gataztak aztertzeko, hemen baliabide batzuk: 


Bertan ikasgela (eta ikastetxea) gaitasun kognitiboak eta sozio-emozionalak ikasteko leku gisa aurkezten da; gaitasun kognitiborik eza emaitza akademiko baxuetan islatzen da eta gaitasun sozio-emozionalen falta, berriz, gatazkatan islatzen da, gehienetan pertsonen artekoak; horregatik hezkuntza sozio-emozionalari garrantzia ematen dio, gatazken aurkako antidoto gisa.

Hezkuntza sozio-emozionalarekin lotuta, aukeratu dudan ikasteko aukera  postean , aurkezten den bideoa interesgarria iruditu zait, afektibitatearekin lotuta baitago.


Bestalde, dagoeneko ikastetxeetan ezaguna dugun Ikasle laguntzaile programaren esperientzia aurkezten da ondoko bideoan, gatazken trataerako proposamena.



    Gatazka aldaketarako eragiletzat hartzen da eta ikasleei gatazken trataeran parte-hartze  zuzena ematen zaie; programa honekin elkarbizitza hobetzen da, irakasle eta ikasleen arteko ezagutza eta komunikaziorako bideak sortzen dira, eta  ikasle eta ikas komunitateko afektibitate giroaren hobekuntzan parte-hartzea eta ardura partekatua garatzen da.

    Bitartekaritza ere oso estrategia aproposa eta bideak eraikitzeko erabili daitekela iruditzen zait gatazken trataeran.

Hurrengo bideoan gatazkaren aurkezpena egiten da, eta horren hausnarketa abiatzen da (irakasleentzat eta ikasleentzat ere aproposa izan daiteke).



Postean bertan interesgarria iruditu zait gatazkaren muineraino joatea aipatzea irtenbidea aurkitzeko eta horretarako elkar entzutea zein garrantzisua eta beharrezkoa den.

Ikastetxean gatazken konponketa baketsua planteatzen laguntzeko, Paco Cascón-ek proposatzen dituen estrategietatik hauek  aipatuko ditut:

Besteengana hurbiltzeko orduan berdintasunak edo desberdintasunak nola eragiten duen eta hori egiteko gure irizpideak zein diren jakitea planteatzen du helburu gisa; nola sentitzen garen talde batean sartu edo taldetik kanpo geratu ahala esperimentatzea proposatzen du.


Helburua adostasuna lortzea da, inplikatutako pertsona guztiei dagokien erabaki kolektiboa berdintasunez, sexismorik gabe eta indarkeriarik gabe.


Gatazken trataeran hezkidetzaren ikuspuntutik erronka nagusien artean, gaian aipatutako batzuk azpimarratuko nituzke:  

-Aipatu ditudan proposamen guztietan genero analisia eta genero ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da.

-Kontzientzia hartzeko gatazka mota desberdinen datu bereiztuak izatea, irakasleen prestakuntza.

- Gatazken irtenbide-eredu positiboak erakustea.

- Sentimenduen eta afektibitatearen inguruan hausnarketa berreskuratzea. 

- Gatazken trataeraren prozesuetan ikasleen (nesken eta mutilen) proposamenak oinarria izatea. 

- Arauak genero estereotipoetatik kanpoko irizpideekin kontutan izatea eta nesken zein mutilen beharrak asetzeko eta eskubideak bermatzeko lagungarriak izatea.  










2022/02/28

KOMUNIKAZIOA, ERRESPETUA ETA ADOSTASUNA















 Izenburutzat aukeratu ditudan hitzak Diana Ibargutxi Abarrategirenak (Laudio, 1983) dira, sexologian eta psikologian aditua. Niretzak klabeak dira Heziketa afektibo-sexualean. 

Artikulu interesgarria du Dianak, gaur egungo sexu heziketaren inguruan; zer da sexua, sexu harremana, zein den errealitatea, familia testuingurua, ea.

“Erraldoien aurkako borroka da sexu heziketarena, mito guztiak oso barneratuta daude”

"Ezetza eta baietza txikitu egin behar dira: ez, baina zer ez? Ez momentu honetan... Ez ditugu baietzean hezten umeak, gazteak ez helduak. Ezetzean geratu gara, mugetan, aukerak zabaldu ordez"

"Harremanetan hiru arau daude: komunikazioa, errespetua eta adostasuna. Beste era batera esanda, komunikatu egin behar gara, adosten duguna errespetatzeko"

 

    Aste honetako gaia aztertzerakoan, konturatu naiz gaur egun jendartean sexualitateak duen esanahia anitza dela; gaiaren inguruan artikulu eta iritzi desberdinak irakurri ondoren, askotan agertzen da eredu heteropatriarkalak duen eragina; eredu heterosexistaren presentzia, botere harremanak, genero rolak, eredu normatiboak …

    Nire ustez, oraindik oso presente daude eredu sexistak, eta maskulinitate tradizionalaren ereduak indar gehiago hartzen du askotan harreman sexualetan; hedabideetan ere ikuspuntu heterosexuala dago.

    Bestetik, konturatzen naiz sexualitatean eragin handia duela hizkuntzak; orokorrean sexualitatearen inguruko hizkuntza genitaleekin erlazionatzen da (medikuntza, biologia…); batzuetan, genitaleei erreferentzia egiten zaie baina irainak erabiliz; egunerokotasunean hizkuntzak duen eragina  kontutan hartu beharko genuke sexualitatea zerbait positibo bezala transmititzeko.

    Afektibitatea ere gakoa da nire ustez sexualitatea lantzeko eta sexualitatearen bizipenak era positiboan eta pozgarrian bizitzeko. 

Sexualitate aniztasuna erakutsi beharko litzateke, LGTBIQ+ erreferente gehiago, baina ez bakarrik hedabideetatik hartutakoak, egunerokotasunetik ere.


Ibai Fresnedoren “Sexualitatea pertsonaren dimentsio bat baino gehiago da: garena da” artikuluan (Unibertsitatea.net blogean, 2020) bere hitzak aipatuko ditut: 

 haur zein gazteek erreprodukzioari, harreman erotikoei edota pornografiari lotutako informazio asko dute, baina sexualitateari lotutako beste hainbat esparruetan hutsune eta premia handiak dituzte”


Pornografiaren inguruko datuek ere hausnarketa egin beharra dagoela adierazten dute:

Iturria: https://www.daleunavuelta.org/  

 

  

 Eremu hezitzaileetan lantzeko erronkak: 

-Formakuntza irakasle eta hezitzaileentzat, hezkuntza afektibo-sexuala lantze aldera;  baita familientzat, sexualitatearen lanketa komuna egin ahal izateko .

- Sexu aniztasuna egunerokotasunean normalizatu, bai hizkuntzan bai erabiltzen diren materialetan.

- Homofobia eta LGTBIQ+ taldeen fobiaren aurka lan egitea. 

- Gorputzaren autoezagutza eta onarpena eta gorputz desberdinen erakarpen-eredu ez normatiboak lantzea. 

- Sexualitatea eta pornografiaren inguruan hausnarketa sortzea, hitz egitea. 

Gai hau lantzeko, oso egokia iruditzen zait ondoko bideoa: 

“Las confesiones de varias chicas sobre sus relaciones sexuales” (Salvados. Jordi Ɖvole)

 -Hizkuntza hezkidetzailea erabiltzea eta sustatzea, edozein bazterkeri aldarazteko.


Aukeratu dudan postean izenburua gustatu zait, “Maitasunak ez du etiketarik”;

Pornografiaren eraginaren hausnarketa egiten du bertan, nire ustez oso garrantzitsua eta beharrezkoa gaur egun egitea ikasleekin, irakasleekin eta familiekin.

Gaiaren inguruko baliabideak:

  • Bideoa: DBHko ikasleekin sexu hezkuntzaren inguruan hausnarketa bideratzeko. 

Mireia Cifuentes eta Gaizka Tovar sexologoek DBHn emandako ikastaro bateko saioa. (2015). Sexualitatea, sexua eta generoaren arteko bereizketa dira gai nagusiak.


Sexu- eta ugalketa-eskubideek gure inguruan eta munduan duten egoerari buruzko sentsibilizazio- eta partaidetza-proiektuaren barruko bideoa.

    Zuzendaritza: Haizea Pastor


Sexualitatearen eta errespetuaren inguruko bideo sortzailea (2016)




“Denaren bidez egiten da sexu heziketa. 

Eredu garen heinean, denbora guztian egiten dugu sexu heziketa”.

(Ibai Fresnedo)