HEZKIDETZAN ESKU HARTZEN IKASTAROARI ETA PARTE HARTZAILE GUZTIOI MILA ESKER!!!
Hezkidetzan esku hartzen ikastaroa egitea oso aberasgarria izan da arlo pertsonalerako baita profesionalerako ere. Lan handia egin dugu baina etekinek pena merezi izan dute. Nik uste dut neure buruarekin, hurbilekoekin eta besteokin dudan harremana hobetu dela eta, ez da gutxi. Gainera, ikastaroari, irakasleei eta kidei esker, nire hezkidetzarekiko konpromisoa indartu eta bermatu da.
HEZKIDETZAN ESKU HARTZEN ikastaroari sentimendu hauek lotuko nizkioke:
Ahal dudan guztietan nire esku hartzeak hezkidetzaileak izatea espero dut: ITXAROPENA
Orain daukadan kemenarekin jarraitzea espero dut: INDARRA
Berdintasuna posiblea da. Guztiontzat etorkizun hobea heltzear dagoelako: HOBEKUNTZA
Nerea Mendizabalek “Harremanak zaintzeko nola hitz egin eta entzun” bideoan dioenez,"gertatzen zaigun edozein gauzak harremanekin zer ikusia dauka". Pertsonen arteko harreman-dimentsioa bezain garrantzitsua da pertsona barrukoarena: norberak bere buruarekin bizitza osoko une bakoitza biziko baitu. Harreman bi dimentsio horiek osasungarriak izatea tratu onek sustatuko dituzte.
Bestalde, maitasunezko tratu onak eraikitzeko “maitasun erromantikoa” aztertu eta desikasi beharra dago. Horren ordez maitasun osasuntsua sustatzen duten harremanen alde egin behar da: begirunea, askatasuna, independentzia, autonomia, erantzunkidetasuna, enpatia, berdintasuna, ekitatea eta asertzio komunikazioan oinarrituak.
Tratu onak sustatu eta denboran zehar irauteko bide on bat da erantzunkidetasuna edo elkar ardura. Zaintza-lanak eta etxeko ardurak gizonen eta emakumeen artean era parekidean konpartitzea da jendarte moduan lortu gabeko alderdi garrantzitsu bat.
Olatz Berastegik "Tratu oneko harremanak" audioan dioen bezala ondo tratatuak izatea eta ongizatea denok merezi dugu. Beraz, ezinbestekoa da harremanak zaintzea eta tratu onak sustatzea hori lortzeko.
Tratu onak lantzeko baliabidea
Aizan berdintasunerako Elkarte Psikosoziala 1999. urtean sortu zen. Elkartearen helburuak dira emakumezko eta gizonezkoen artean benetako berdintasuna lortzea eta emakumeen aurkako edozein indarkeria-mota bukatzea. Laneko ardatzak dira besteak beste:
Genero indarkeria prebenitzea. Tratu onetan oinarritutako maitatzeko erak sortzea eta ikastea indarkeriak prebenitzeko modu bat da.
Sentsibilizazioa eta solidaritate, elkarri laguntzea eta begirune baloreen heziketa. Balore horiek zuzenean norbanako eta pertsonarteko konpetentziekin lotuta daude; autokontrola, kontzientzia hartzea, enpatia eta asertzio-estiloan komunikatzeko gaitasuna.
Emakumeen ahalduntzea: emakumeek boterea eskuratu behar dute arlo guztietan politikoa, ekonomikoa, lanekoa...
Tratu onak nire ikastetxean
Ikasleek erdi-presentzialeko
modalitate telematikoan lanbide heziketako zikloak ikasten dituzte. Komunikazio gehiena idatzizkoa da foro, txat eta posta elektronikoaren bidez. Idatzizko komunikazioak zailtasunak sortzen ditu elkarrizketak errazak
izateko osagai ez linguistikorik (keinurik, soinurik) ezta testuinguruaren
inguruko informaziorik ez baitago. Gainera, idatzitakoa betirako
geratzen da. Beraz, kodearen moldaketa beharrezkoa da. Hori ikasteko
zentroko irakasleek Aje Arrutik emandako “idatzizko eta ahozko asertzio-estiloa
komunikazioa eraginkorra izateko” ikastaroa egin zuten. Idatzizko
komunikazioa hobetzeko gakoak dira hartzaileari dagokionez: harreman mota eta
horren helburua; enpatia izatea; irakurketa arretaz eta entzute aktiboa
egitea; komunikazioaren helburuaren dagokionez: asertibotasuna.
Horretaz
gain, irakasleek hizkuntza eta irudien erabilpen hezkidetzailea
erabiltzeko gomendioak kontuan hartzen dituzte idatzizko edo ahozko komunikazioan.
Ikastetxean lantzeko erronkak
Ikasleek harreman parekideak eta osasuntsuak eraikitzeko konpetentziak garatzea.
Eskola-komunitatekideen artean elkarbizitza positiboa sustatzea.
Zaintza-lanak eta etxeko ardurak gizonen eta emakumeen artean era parekidean konpartitzera bultzatzea eta lan horiek daukaten prestigioa ematea.
Indarkeria matxista honela deskribatzen du Maitena Monroy-k: “Menderatzaileak, kasu honetan gizaki-arrak, bere figuratik eta bere begiradatik erabiltzen duen indarkeria da. Begirada horren bidez desiragarria
dena eraiki da, portaerei dagokienez, eta, beraz, definizio horrekin bat ez datozen portaeren desegokitasuna ere bai. Arriskuan daude emakumeak, baita ‘ andreak menderatzen dituen gizon ’ izateko arautik ateratzen diren gizon guztiak ere".
Orain arte indarkeria matxistak gainditzeko arreta emakumeengan jarri izan da, emakumeei atxikitu zaie ardura. Mugimendu feminista izan da arazoa bistarazi eta salatu duena, geldiarazi eta deseraikitzeko proposamenak egin eta ekintzak aurrera eramaten ari dena.
Indarkeria matxistak gainditzeko 2 estrategia edo bide dira: maskulinitate berrien eta autodefentsa feministaren lanketa sistematikoa.
Maskulinitate berriak. Maskulinitate berrien eraikitze-prozesu konplexuan dauden gizonek maskulinitate heterosexual hegemonikoa zalantzan jartzen dute eta maskulinitatea eta biolentziaren arteko elkarketa desegiten dute; emozioekin kontaktuan jartzen dira; zaintzaren erantzukizuna onartzen dute; espazio pribatu-domestikorako autonomia garatzen dute eta baliabideak zein boterea partekatzen dute. Indarkeria matxistaren aurka jarrera aktibo bat izaten dute eta patriarkatuak emandako pribilegioei uko egiten diete.
Autodefentsa feminista. Emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa lortzeko estrategia feminista da. Autodefentsa fisiko soila baino zerbait gehiago da, bertan jarrerak, emozioak eta autoestimua lantzen baitira. Era berean, autodefentsa feministak beldurrari beldurra nola galdu, gorputzaz jabetu, botere pertsonalaz eta emakumeen arteko aliantzen botereaz jabetzeko bideak jorratzen ditu, baita erasoak, sotilenak ere, identifikatu eta aurre egiteko moduak ere.
Nik uste dut ezinbestekoa dela maskulinitate berriak eta autodefentsa feminista lanketa bultzatzea indarkeria matxistak gainditu ahal izateko.
Batetik, gizonei lagundu behar diegu maskulinitate berriak eraikitzeko bidea topatzen; “Nuevas masculinidades: la igualdad de género construida desde los hombres”artikuluan Hilario Saezen, Andalucia osoan gizonekin lan egiten duena genero berdintasuna maskulinitate ikuspuntutik sortzeko, aipua egiten da “gizon asko daude kontzientziatuta berdintasunaren alde lan egiteko eta hori lortzeko bidearen bilaren beharra daukatenak. Hala ere, bide hori beraiek egin behar dituzte”
Bestetik, emakumeen autodefentsa garatzeko baliabideak jarri behar zaizkie eskura. Horietako bat da autodefentsa feminista tailerretan parte hartzea.
Maskulinitate berriak eraikitzen laguntzeko baliabidea
Gizonduz ekimena 2008an sortu zen gizonak sexuen arteko berdintasunaren alde kontzientziatzeko eta beren parte-hartzea eta inplikazioa bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Emakundek-Emakumearen Euskal Erakundeak sustatua. Ekimenaren barruan gizonentzako berdintasunaren inguruko oinarrizko on-line sentsibilizazio-ikastarora eskaintzen da. Ikastaro honen bidez, gizonei berdintasunaren inguruan hausnarketa egitea proposatzen zaie: gizonen eta emakumeen nortasunak nola eraikitzen diren, genero-rol eta -estereotipoek zein eragin duten gure sozializazioan, eta beraz, desberdintasunak nola sortzen diren. Eredu maskulino tradizionalak ere aztertuko dituzte, baita eredu berriak ere, eta nortasun maskulinoak eraikitzerakoan indarkeria legitimatzeak zein eragin duen azpimarratuko dituzte. Hausnarketarako gai izango dira, halaber, norbere buruaren eta gainerako pertsonen zainketak gizonen bizitzan duen eragina eta etxeko lanetan dugun inplikazioa. Sozializazio sexistak gizonei sortzen dizkien genero-arazoak argitzen ere saiatuko dira.
Indarkeria matxistak nire inguruan aztertuz
Indarkeria matxisten bila ibiliz gero, ez da zaila lagun eta familiakoen artean ere mikromatxismoak topatzea. Adibidez, emakume gehienek etxeko lana egiten dute eta seme-alaben ardura hartzen dute, gizonen rola laguntzailearena izanik, bikote gazteen kasuan gizonen inplikazioa handiagoa bada ere. Gatazkak izanez gero, isiluneak eta negoziaketa saihestea izaten da gizon batzuen jarrera. Ingurukoen pertzepzioa da indarkeria matxista badagoela baina emakumea fisikoki eta psikologikoki gaizki tratatzearekin identifikatzen dute; beste indarkeriak, mikromatxismoak, sexismoa, LGTBIQ+ fobiak ez dituzte indarkeria matxistatzat hartzen.
Jendartean eta Ikastetxean lantzeko erronkak
Maitasun erromantikoaren mitoen eta ideologiaren deseraikitzea.
Mikromatxismoen identifikazioa eta salatu-gainditzeko esku hartzea.
LGTBQ+fobiak bistaratzea eta aniztasunaren ereduak baloratu, plazaratu eta normalizatzea.
Neskak eta mutilak, batez ere, emozioekin kontaktuan jartzea, onartu, bizi eta era positiboan kudeatzen ikas dezaten.
Neskek eta mutilek, batez ere, duten erantzukizuna -bere buruekiko, ume-, gaixo-, nagusi-, laguntza behar duen ororekiko zein inguruarekiko- onartzeko eta konpetenteak izateko erremintak haien eskuetan jartzea baita espazio pribatu-domestikorako autonomia garatzeko behar dituztenak ere.
Mutilek ere indarkeria matxistaren aurkako jarrera aktiboa sustatzea.
Hezitzaileak indarkeriaren arazoaren dimentsioaz kontzientzia hartzea, esku-hartzearen eraginkortasunaz jabetzea, modu transbertsalean lantzea eta autodefentsa feminista tailerren eskaintza orokortzea.
Neskei begira beldurrik gabe zein beldurretik aske heztea, nahi duten bizitza eraiki eta askatasunez bizi eta gozatzeko.
Mutil eta neskekin, batez ere, autoestimua lantzea beren buruaren ezagutza gara dezaten eta dituzten gaitasunez eta hobetu daitekeenaz kontziente izan eta balora dezaten. Beren paregabetasunaz harro sentitzea, baita nahi dutena espresatzeko
eta egiteko gai izatea ere. Autokonfiantza eta segurtasuna eraikitzea.
Neskekin burujabetasuna lantzea zenbait trebetasun eta eskubide landuz: “Ez” irmotasunez esateko ahalmena, hitza hartzekoa, espazioa betetzekoa, gustuko duen eran janztekoa, nahi duen moduan ibiltzekoa, pribatutasuna izatekoa, sexu harremanak izateko edo ez izatekoa, nahi duten eran eta nahi duenekin …
Emakumeen arteko elkartasunaren garapena lantzea: ahizpatasuna bultzatu, neska/emakumeen arteko desberdintasunak baloratuz, elkarri entzunez eta komuneko esparruak plazaratuz ahalduntze kolektiboa sustatu eta iruditeri berria indartzeko.
Erasoen identifikazioa lantzea, emozio eta sentipenei garrantzia ematea.
Erasoei aurre egiteko tresnak bereganatu eta martxan jartzea.
Fisikoki defendatzeko erremintak eskuratzea: bestelako estrategiak nahikoak ez direnean, defentsa fisikoa martxan jartzea beharrezkoa da.
Bizitzak berezkoa du gatazka, elkarren arteko harremana bera da gatazka.
Gatazkak sortzen dira interes kontrajarriak daudenean eta hori bizikidetzaren parte bat da. Alde horretatik, gatazka ez da ez negatiboa, ezta positiboa ere. Positiboa edo negatiboa gatazkari aurre egiteko modua izan daiteke eta hori da hain zuzen ere bakeaz hitz egiten dugunean kontuan hartu beharrekoa.
Generoa kontuan izatea lagungarria da gatazken trataeran emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-eza identifikatzeko eta baita gatazketan parte hartzeko ere, gatazkak bizitzeko generoagatik ematen diren modu ezberdinak adierazteko.
Feminismoak hainbat ekarpen ematen ditu gatazken trataeran. Hala nola: gatazketan inplikatutako pertsonek subjektu-kategoria izatea; gatazkei irtenbidea emateko eskema guztiak (lehia, saihestea, etsipena, lankidetza) kontuan izatea; hezkuntza eta heziketa kontzeptua aldatzea, hezkidetzaz aritzea, garrantzia ematea adimen-garapenari zein emozio-garapenari genero-zauria sendatzeko.
Gatazkei aurre egiteko kontuan hartu beharrekoak dira: boterearen garapen partekatua izatea; egokiak ez diren jarrerak aldatzea daukagunaz baliatuz, hau da, birziklatzea; aniztasuna kontuan izatea bai, baina nahiz eta genero-kultura dela eta askotan, mutilek eta neskek behar eta interes ezberdinak izan,
ez dira denak onargarriak izan behar; eskubideak/betebeharrak, pentsamenduak/emozioak indibidualtasuna/harremanak eta justizia/ zaintza.
Nik uste dut gatazken trataera hezkidetzailea aurrera eramateak pertsonentzat eta gizartearentzat funtsezkoa dela eta horiek aberasten dituela. Izan ere, gatazken trataera egokiak pertsonak eta taldeak indartzen,
harremanak sendotzen, pertsonen zein taldeen identitateak indartzen baditu eta boterea garatzen laguntzen du.
Gatazken trataerako proposamena
Gatazken trataera egokirako "Ikasle laguntzailea" programa aproposa da. Programa honek ikastetxeko pertsonen arteko gatazkei aurre egiten lankidetzan irtenbideak bilatzen bultzatzen du. Gatazka aldaketarako eragiletzat hartzen da eta ikasleei gatazken trataeran parte-hartze zuzena ematen zaie.
Horretaz gain, programa honekin elkarbizitza hobetzen da, irakasle eta ikasleen arteko ezagutza eta komunikaziorako bideak sortzen dira, eta ikasle eta ikas komunitateko afektibitate giroaren hobekuntzan parte-hartzea eta ardura partekatua garatzen da.
Programa Lehen eta Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxetan ezarrita dute
Gatazken trataera nire inguruan
Lehen eta Bigarren hezkuntzako hainbat ikastetxetan gatazkak aztertu ondoren, gatazken trataeran inplikazio eta ezagutza maila desberdinak daudela ondorioztatzen dut. Hori dela eta, gatazken trataera egokia izateko ezinbestekoa deritzot ikas komunitate osoko eragileen prestakuntzari. Horretarako, gatazkei trataera hezkidetzailea ematen trebatzeko guneak bilatu beharko genituzke. Izan ere, Carmen l. Perez Riestrak “Mediación de conflictos desde la perspectiva de genero" artikuluan dioen moduan “hezkidetza ikuspegia txertatzea aztertu behar da, erabakiak hartzera bideratzen duena eta kontzeptu eta jarrera berreraikitzera eramaten duena parte-hartze eta elkarrizketaren bidez berrikusi eta eraldatu ahal izateko".
Ikastetxean gatazken trataeran lantzeko erronkak
Irakasle, ikasle eta gurasoek prestakuntza jasotzea, guztiak eragile zuzenak izan daitezen.
Ikastetxeko praktika onen eta txarren diagnosia egitea.
Generoak eta sexuak gatazketan duten eraginaz kontzientzia hartzea.
Gatazkak tratatzeko baliagarriak diren konpetentzien garapenerako kultura femeninotik zein maskulinotik hartutako hainbat eduki curriculumean txertatzea. Adibidez, sentimenduen eta balore afektiboen inguruan hausnarketa berreskuratzea eta hainbat kontzeptu birdefinitzea: adibidez, errukia, maitasuna …
Aniztasunaren trataera ardatz izatea, jakinda identitate anitzekoak garela, hierarkizaziorik gabeko identitateak eta elkarren beharra dugunak. Horrek laguntzen du ezberdina denari beldurrik ez izaten.
Banakako tutoretza, gatazka baten aurrean kontuan izatea alderdi pertsonalak, baina ahaztu gabe jendarte-egitura sexistek ere horretan izan dezaketen eragina.
Nahiz eta arauak ondo zehaztuta izan, zaintzaren etikaren haritik, bestelako alderdi hauek ere kontuan hartzekoak dira: testuingurua, elkar ardura, harremanak.
Gatazka bakoitza ezberdina dela kontuan izatea. Ezin dira gatazka guztiak arau berberekin, dinamika berberekin, eredu berberekin tratatu
“Birziklapen” kontzeptua izatea gatazken trataeraren mamia
Neskek zein mutilek beren beharra eta interesak adierazteko parte-hartze guneak izatea.
Gatazken trataeraren prozesuetan ikasleen (nesken zein mutilen) irtenbide-proposamenak oinarri izatea.
Araudia modu partekatuan lantzea.
Partaidetzan elkarrekiko eraginkortasuna eta parte-hartze parekidea bermatzeko metodologia kooperatiboak erabiltzea.
Antolakuntza ez hierarkikoa eta, adibidez, araudia egiterakoan gizarte heteropatriarkalak jartzen dituen arauekin kritikoak izatea.
Arauak nesken zein mutilen beharrak asetzeko eta eskubideak bermatzeko lagungarriak izatea.
Hainbat ekimenerako, sexuak edota generoak muga direla sumatuz gero, talde bereiztuak egitea.
Espazioen eta denboren kudeaketa parekidetasunean oinarritutakoa izatea.
Sexualitatea sexua eta generoa bezala eraikuntza soziokulturala da.
Pertsona guztien heterosexualitatea aurresuposatzen da, ez dago aniztasun afektibo-sexualarentzako tokirik, aniztasun funtzionala, zentzumenezkoa edo psikikoa dutenen sexualitatea ikusezina da eta estigmatizatu egiten da, asexualitatearen existentzia saihesten da … eta baita sexualitate desberdinen arteko hierarkia ezarri ere.
Hainbat ideia argitu behar ditugu Heziketa afektibo-sexualaren inguruan:
Etengabe egiten ari gara heziketa afektibo-sexuala.
Hizkuntzaren bidez, errealitatea isla dezakegu edo aldaketak sustatu;
Afektibitatea eta sexualitatea estuki erlazionaturik daude, berdin denbora laburreko harremanak badira edo luzeak badira.
Afektibitatea pertsonaren osagai estrukturala da, emakume eta gizonen garapen integralerako oinarrizko gaitasuna.
Sexualitatea plazerraren kudeaketa gisa ulertu daiteke, desioaren espresio eta komunikazio bezala, nork bere buruarekin zein gainerako pertsonekin.
Sexualitatea aniztasuna da, nork bere modu propioan bizitzen du; hortaz, pertsona beste sexualitate dago eta sexualitateei buruz (pluralez) hitz egin dezakegu.
Heziketa afektibo-sexual hezkidetzaileak heteroarautik, genero jazarpenetik eta sexu binarismotik haratago joan nahi du, pertsonen, harreman eta bizitza modu desberdinen aniztasuna bistarazi eta normalizatu, nor den moduan onartua sentitu eta bere afektibitatea eta sexualitatea aske espresatzen bizi ahal izateko.
Nik uste dut heziketa afektibo-sexualak curriculum barruan sartuta egon beharko zuela ikastetxe guztietan lantzen dela bermatzeko eta ez geratzeko zentro edota irakasle batzuen esku.
"Hablamos de sexo con adolescentes" dokumentalean "% 90ko 14-17 bitarteko gazteak informazio sexualaren eskasaz kexatzen dira eta interneta eta pornografia dira informazio iturria" diote. 2009 urtean jasotako datuak dira baina, ziur aski, gaur egun ere horrelakoa da. Beraz, esku-hartzea premiazkoa da hain garrantzitsuak diren pertsonaren garapenerako afektibitate eta sexualitatearen heziketa hezkidetzailea zentroetan txertatzeko.
Heziketa afektibo-sexuala lantzeko baliabideak
SEXUMUXU ekimena DBHn Hezkuntza sexuala lantzeko proposatuta dago. Nerabeek afektu eta sexu arloan dituzten premiei aurre egiteko beharrezkoak diren konpetentzien barnerapen egokia sustatzea da honen helburu nagusia.
Teknologia berrietan oinarrituriko bideojolas interaktiboa da eta DBHko hirugarren eta laugarren mailetako ikasleei dago zuzendua. Bertan, hiru eremu nagusi daude; ikasleentzat, irakasleentzat eta gurasoentzat. Horietako bakoitzean baliabide desberdinak, gaiarekin harremanduriko dokumentuak eta esteka interesgarriak daude.
Beldur Barik proiektu pilotua. DBHko maila guztietan heziketa afektibo sexuala lantzeko materiala lagungarria da. Proiektua aurreko ikasturtean eraman zen aurrean hainbat institututan baita aurten ere. Behin betiko materiala dutenean kontuan hartzekoa da.
Heziketa afektibo-sexuala nire inguruan
Hainbat urtetan lan egin dudan DBH eta Batxilergoko institutuan Sexu Afektibo Hezkuntza arloa lantzen da institutua sortu zenetik DBHko 2. mailatik 4. mailara. UHIN BARE programan ikastetxe pilotua izan zen beste bi institutuekin batera eta horri esker irakasleen formazioa eta material egokia lortu zituzten. Programa badago diseinatuta heziketa afektibo-sexuala DBHko zentroetako Proiektu Curricularrean txertatzeko. Nik uste dut salbuespena dela heziketa afektibo-sexuala curriculum barruan egotea eta zoriontzekoa dela. Hala ere, badaude hobetzeko hainbat puntu hala nola: ikasle guztiekin lantzea; irakasleek prestakuntza berriz jasotzea; zeharkako arlo moduan ere lantzea; gaiak eta materiala eguneratzea: aniztasun sexual eta gorputz anitz guztiak hierarkizatu gabe lantzeko, afektibitatea gehiago eta sexualitateko modu guztiak lantzeko, eta gurasoei gaiarekiko formazioa eman beharko zitzaien.
Bestalde, oraingo lankideek beraiek egondako institutuetan heziketa afektibo-sexuala ez zela lantzen diote; heziketa sexuala tailer batean lantzen zutela baina afektibitaterik ez.
Ikastetxearen lantzeko erronkak
Eskola-komunitate osoaren sentsibilizazioa eta prestakuntza hezkidetza ikuspegitik.
Edozein lan esparrutan curriculum ezkutuaren bidez heziketa-eragile guztiak heziketa afektibo-sexuala egiten ari garela onartzea eta hausnarketa pertsonal eta kolektiboa egitea.
Afektibitatea eta sexualitatearen heziketaren garrantzia onartuz (pertsonen garapen integralerako) eskola-komunitate osoaren konpromisoa hartzea plan integral bat diseinatu eta aurrera eramateko.
Emakumeen eta gizonen sexualitatearen inguruko mitoak deseraikitzea baita maitasun erromantikoaren mitoa eta amatasunarena.
Heziketa afektibo-sexuala aniztasunean heztea.
Sexualitate anitzen diskurtsoa normalizatzea.
Norberak bere gorputzaren autoezagutza eta onarpena eta gorputz desberdinen edertasuna, erakargarritasuna, sentsualitatea eta abarren balorazioa ahalbidetzen duen heziketa sustatzea
Aisialdia eta sare sozialak benetako askatasunez, segurtasunez eta eraldaketak gauzatzeko esparru bezala erabiltzeko erremintak ematea.
Hizkuntza hezkidetzailea erabiltzen duen heziketa izatea, espresio sexista, LGTBIQ+fobikoak, lodifobikoak edo beste edozein bazterkeria-adierazpenak aldarazten duena eta aniztasun afektibo-sexualaren adierazpen guztiak aipatzen dituena.
Material didaktikoetan aniztasunaren presentzia sustatzea identitate, harreman afektibo-sexual eta familia-motak, besteak beste, haien arteko hierarkiarik gabe agertuz eta emakume eta gizonen arteko parekidetasuna bermatuz.
Ikastetxea zein beste lan esparruak identitate pertsonal eta afektibo-sexual anitzak aske esperimentatzeko eta espresatzeko gune bihurtzea.
Pertsonek izateko, sentitzeko, agertzeko, egoteko ditugun amaigabeko konbinaketa, aukera eta prozesu horien guztien ondoriozkoa da munduan dagoen aniztasun anitza. Aniztasun anitz hori jendarte patriarkalean ikusezin geratzen da askotan edo agertzen bada, modu estereotipatuetan eta hierarkizatuetan egiten da.
Aniztasun sexualak arau heteropatriarkalek betetzen ez dituzten errealitateak bistaratzen ditu.
Hezkuntza-eremuan sarritan modu berdinkidean aurkeztu eta aipatu gabe geratzen diren errealitate batzuk dira LGTBIQ+ ak eta TRANSak.
Hezkidetzak aniztasun anitzak aldarrikatzen ditu. Estereotipoak gaindituz eginiko proposamen aske eta ez hierarkikoen bidez, ikasle bakoitzaren errepika-ezintasuna askatasunean garatzeko bideak sustatuko ditu eta aniztasun anitzen ondoriozko aniztasun sexualak duintasunez eta errespetuz bistaratu.
Nik uste dut oraindik aniztasun sexuala ikusezin geratzen dela; heterosexualez gain, "Gay"ak direla, batez ere, agertzen direnak eta kasu askotan modu estereotipatuetan eta hierarkizatuetan. Ados nago Genesis-Santiago R. Cruzek “Transgresiones” bideoan dioenarekin "Izaki bizidunak aniztasun ikaragarria dugu eta zerbait zoragarritzat hartu behar dugu, inposaketetatik askatuz eta askeak izanik garena izanez”. Aniztasun sexualen presentzia bistaratzea eta guztion eskubideak aldarrikatzea beharrezkola dela uste dut.
Sexu eskubideak
ALDARTEK, "eskubide sexual eta gay, lesbiana eta transexualen eskubideen aldeko borrokak oso garrantzitsua izaten jarraitzen duela uste du, gure herrian pertsonak hein batean ikusezin mantentzera derrigortzen dituzten baldintzatzaile sozialak baitaude. Pertsona hauetako askorentzat, oraindik ere luxua da beren joera edo genero identitatea bete-betean bizitzea".
2006an aditu talde batek Giza Eskubideen Nazioarteko Legeria Sexu Orientazioari eta Genero
Identitateari buruzko gaietan aplikatzeko Yogyakartako Printzipioak
onartu zituen. Lehenengo printzipioa da "Pertsona orok du giza eskubideak izateko eskubidea". Beraz, sexu-orientazio eta genero-identitate guztietako gizakiek giza eskubide guztiak izateko eskubidea dute.
ALDARTEko"lan ardatzetako bat sexu-eskubideak sustatu eta ezagutaraztea da eta baita gay, lesbiana eta transexualen eskubideen sakontzen jarraitzea ere". Proposatzen dituzten sexu eskubideak hamaikak dira.
Sexu-eskubideak jende askori helarazteko "Elígete" bideo adierazgarria dugu.
Aniztasun sexualak nire inguruan
Nire esperientziatik abiatuta, aniztasun sexualak lantzen dira ezagututako zentro batean baina modu estereotipatuan eta hierarkizatuan. Hori dela eta, heterosexuala ez dena ez dago presente eta ez zaio nahi duena izateko aukerarik ematen.
Bestalde, lagun eta ezagunen artean heterosexualez aparte, "Gay"ak dira ikusgarrienak. Askok jakin badakite, lesbianak eta transexualak
(ezezagunagoak dira) existitzen direla eta guztiok errespetatu behar direla
baina haietako batzuek, nire ustez, gogorra iruditu daitekeen arren hainbatetan ”urrutitik” ikusi nahiago lituzkete. Nik uste dut, askotan gertatzen dena dela ALDARTEk “Sexu-aniztasuna eta giza eskubideen alde”dokumentuan dioena ” oraindik ere, desoreka handia dago lesbiana, gay, transexualen lege lege-mailako eta gizartearen jarrera-mailako diskriminazioaren artean. Zentzu honetan, gogorarazi beharra dago Errespetu hitzari sarritan ematen zaion esanahia, Errespetu hau “baina” ugarirekin eraiki da “Errespetatzen zaitugu, baina hobe lesbiana edo gay zeure etxe barruan bazara”, “Errespetatzen zaitugu, baina gogaitu egiten gaitu lesbianismo edo homosexualitateari buruz hitz egiteak”.