#Usoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#Usoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/05/02

HASIERA BESTERIK EZ DA IZAN!

Ikastaroaren hasierako hitzak dira honakoak:

“Hezkidetza dela-eta, etxeko lanak jarri dizkiot neure buruari. Egia esan, gaiaren inguruan urrats gutxi eman ditugu ikastolan, eta zuzendaritzatik irakasleoi ikastaroaren berri iritsi zitzaigunean, lehendabizi gaitegia gainbegiratu nuen. Segituan konturatu nintzen asko nuela ikasteko”.

Eta bai ikasi ere. 3 hitzekin definitu beharko banu ikastaroa, honako adjektiboak erabiliko nituzke: hezigarria, sakona eta ederra. Zenbat gauza desikasteko, zenbat ikasteko! Zenbat buruhauste! Zenbat gozamen! Asteburuetan aritu naiz lanean eta, egia esan, gogorra izan da larunbat eta igande guztiak hipotekatuta izatea; baina merezi izan du, bai horixe!


“Hezkidetzaren alde egitean garrantzitsua da konplizitateak eta sinergiak biltzea”.

Eta hori da egin duguna ikastolan. Hezkidetza taldea osatu dugu, eta aurten aurrerapauso handiak eman ditugu. Hasieran aurreikusitako helburuak gainditu egin ditugu, beraz, oso-oso harro gaude egindako lanaz. Halere, egindakoa hasiera besterik ez da izan.





Ikastaroaren 2. jardueretako behaketak egiten gozatu dut gehien: “Usoa, aste honetan, zer egingo dugu etikan? Dilemak landuko ditugu? Mikromatxismoak antzeztuko ditugu? Bideoak ikusiko ditugu? Behaketak egingo ditugu?”. Ikasleekin hurbileko errealitatea zuzenean begiratzea eta hausnartzea plazera izan da.


Diozue zuen asmoa izan dela hezkidetzaren inguruko hainbat gairen inguruan inarrostea eta, oinarrizko gakoak argi utzi ondoren, sakontzeko bideak eskaintzea. Bada, nigan behinik behin, bete-betean asmatu duzue! Horrenbestez, 22 aste hasiera baino ez dira izan; gure artean mugitu den guztia barneratzeko eta prozesatzeko 250 ordu baino askozaz ere gehiago behar baitira.


Bide-lagun izan zareten guztioi muxu bero bana.





Izan untsa eta eskerrik asko bihotz-bihotzez.







2017/03/27

Tratu onak harremanetarako ardatz

1.-Hausnarketa





2.-Akrostikoa:


                                                         zainTza
                                                        elkaRbizitza
                                                   Ardurak
                                                          auToezagutza
                                                   maitasUna


                                                  Ongizatea
                                                  Neurozientzia
                                                           hArremanak
                                                     pareKidetasuna



3.-Iazko ikastarokideen artetik, Begoña I. E. aukeratu dut, erabili dituen esaldi grafikoak, komikiak eta argazkiak oso-oso garbiak eta zuzenak direlako, lan grafiko bikaina egin duela iruditzen zait.


 


4.-Ikasleekin lantzeko baliabideak:

-Nafarroako Gazte Kontseiluak kaleratutako “Maitasun zintzoen gida.”

-Goldenfive programa. Egitasmo horrek bost eremu jorratzen ditu:

1.-Ikastaldearen kudeaketa
2.-Harremanak eraikitzen
3.-Giro soziala.
4.-Ikaste prozesu doitua
5.-Familia-eskola harremanak


-Marcos Castro irakaslearen hitzaldiak, maitasun erromantikoaren ereduak deseraikitzeko.

-BeldurBarik: Jóvenes, igualdad y amor romántico, Radio Bilbao (La Ser).





5.-Hezkuntzan lantzeko erronkak:

-Eskola komunitate osoa sentsibilizatu Tratu Onen inguruan, eta gaiaren inguruan lankidetza sustatu.
-Autoezagutza lantzeko dinamikak sustatu, norbanakoaren alderdi on guztiak identifikatuz.
-Maitasun erromantikoaren ideologia deseraiki, eta maitasun osasuntsuaren aldeko lanketa egin.
-Hitz goxoak erabiltzen eta tonu egokian hitz egiten erakutsi.
-Erantzunkidetasuna landu txiki-txikitatik.
-Zaintzaren kutsu negatiboa deseraiki, eta balio positibo moduan landu.
-Indarkeriari aurre egiteko mekanismoak diseinatu, eta behar izanez gero, martxan jarri.








2017/03/20

Indarkeria matxistak gainditzen

Indarkeria matxista gizaki-arrak bere figuratik eta bere begiradatik erabiltzen duen indarkeria da.

Indarkeria matxistaren desikasterako, funtsezkoak dira:
-Maitasun erromantikoaren mitoen deseraikuntza.
-Mikromatxismoen identifikazioa eta salatu-gainditzeko esku hartzea.
-LGTBIQ+fobiak bistaratzea eta aniztasunaren ereduak normalizatzea.

Indarkeria matxistarik gabeko jendartea sustatzeko bestalde, bi estrategia nagusi hauek izango lirateke:

a) Gizonen inplikazioa maskulinitate heterosexual hegemonikoa interpelatuz eta berriak eraikiz.
b) Emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa autodefentsa feministaren bidez.


Maskulinitate berrien eraikitze-ptozesuan hainabat garapen eremu jarri behar ditugu mutilen esku:

-Mutilak sentimendu eta emozioekin kontaktuan jarri.
-Zaintzaren esparruan, mutilek duten erantzukizuna onartzeko tresnak ipini; baita espazio pribatu
-Domestikorako autonomia garatzeko behar dituztenak ere.
-Indarkeria matxistaren aurrean jarrera aktiboa sustatu.



Autodefentsa feminista emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa lortzeko estrategia da.
“Zure buruaz, mugez eta ahalmenez kontzienteago zara, egoera biolentoak gestionatzen ikasten duzu… Ez da soilik arte martzialak lantzea, ahalduntze pertsonalerako teknika ere bada, zure gorputza eta zu zeu errespetatua izateko eskubidea duzula barneratzeko, ahotik kendu diguten “ez” hitza lantzeko”.





Iazko ikastarokideak egindako posten artean, Begoñarena aukeratu dut. Lan bikaina egin duela iruditzen zait, bai baliabide aldetik, baita gaiaren trataera aldetik ere. Irudi grafikoak oso-oso adierazgarriak dira.

Bestalde, indarkeria matxistaren inguruan ikasleekin lanketa egiteko, baliabide digital ugari dago sarean:





Eremu hezitzailean lantzeko erronka nagusiak hauexek dira:

-Hezitzaileak arazoaren dimentsioaz kontzientzia hartu, esku hartzearen eraginkortasunaz jabetu eta modu transbertsalean landu. Horretarako, formazioa ezinbestekoa da.

-Hiztegi ez sexista erabiltzeko ahalegina beti presente izan.

-Autodefentsa tailerraren eskaintza orokortu.

-Neskei begira, autoestimua eta segurtasuna eraiki; “Ez” irmotasunea esateko ahalmena; hitza hartzekoa; espazioa betetzekoa; gustuko duen eran janztekoa; nahi duen eran ibiltzekoa…

-Nesken arteko ahalduntze kolektiboa sustatu, elkarri entzunez eta komuneko esparruak plazaratuz.

-Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde dauden gizon taldeetako esperientzien berri eman eskoletan.



“Andreek autodefentsaren beharra sentitzen ez duten mundu bat amestu behar dugu” (Angela Davis)

2017/03/13

Gatazkak eta trataera hezkidetzailea

1.-Gaiari buruzko gogoeta pertsonala:

Aste hasieran banekien gaur egun gatazkaren zentzu negatiboa dela nagusi. Baina, gatazka ez da positiboa edo negatiboa, modua izan daiteke positiboa edo negatiboa.
Baita ere, bakearen ikuspegi tradizionalaren ikuspegi negatiboaz jakitun nintzen; alegia, bakea ez dela soilik gerrarik eza; pobrezia, arrazakeria, diskriminazioa eta bazterkeria dauden bitartean, zaila izango dela bake-mundua lortzea (Rigoberta Menchú).


Astean zehar egindako ibilbidearen ondorioz, gatazken trataera eraikitzaileak eta berdintasunean oinarritutakoak bakea eragingo duela jabetu naiz. Hortik letorke bake positiboaren kontzeptua.
Bestalde, gatazken trataeran genero-ikuspegia kontuan izatea garrantzitsua dela ohartu naiz; izan ere, generoa kontuan izatea lagungarria da gatazken trataeran emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-eza identifikatzeko, baita gatazketan parte hartzeko ere.
Gai honen garrantzia zehaztu beharko banu, esango nuke gatazka egituran hiru aspektu kontuan hartu behar direla: pertsonak, prozesua eta arazoa. Halaber, aipatuko nituzke feminismoak egindako proposamenak gatazken trataeraren ikuspuntutik. Eta, bukatzeko, ikastetxetan bizikidetza eta gatazken trataerarako kultura positiboa hedatzeko baliagarriak diren 5 eremuak aipatuko nituzke.
2.-Iazko ikastarokideek egindako post bat aukeratu:

Neu nabigatzera hautatu dut, hainbat baliabide interesgarriren berri ematen duelako. Bat aipatzearren, Nerea Mendizabalaren bideoa. Bertan, gatazken konponbideetan trebatzeko KOMUNIKAZIOAren garrantzia gogora ekartzen digu.



3.-Gai honen garrantziaz jabetzeko, hezitzaileei ikerketa, baliabide edo proposamen adierazgarriren bat gomendatu.

Irakasleek bizikidetzan trebatzeko, gatazkari buruzko material interesgarria dago helbide honetan:

Bideo interesgarriak ikasleekin lantzeko:




4.-Zein dira zure ustez hau guztia eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronkak?

1.-Hezkuntza komunitate osoaren kontzientziazioa eta formazioa, gatazken trataerarako kultura positiboa hedatze aldera.

2.-Curriculumean txertatzea gatazken trataerarako behar diren konpetentzien garapenerako edukiak: akordiotara heltzeko gaitasuna, komunikatzeko gaitasuna, emozioak ulertzeko gaitasuna...

3.- Banakako tutoretza bermatzea: alderdi pertsonalak kontuan izan, baita jendarte-egitura sexistek izan dezaketen eragina.

4.-Komunikazioan trebatzeko estrategiak diseinatzea.

5.-Gatazkaren ikuspegi positiboa landu ikasleekin, aldaketarako trena moduan, alegia.

6.-Neska-mutilen beharrak eta interesak adierazteko, parte-hartze aktiboa bultzatzea.

7.-Araudia modu partekatuan lantzea ikasleekin.






2017/03/06

Heziketa afektibo sexual hezkidetzailea

1.-Gaiari buruzko 2 ideiarik garrantzitsuenak aipatu eta zergatia azaldu.

Lehenik eta behin, esan behar da afektibitatea eta sexualitatea estuki erlazionaturik daudela. Afektibitatea pertsonaren osagai estrukturala da, emakume eta gizonen garapen integralerako oinarrizko gaitasuna. Afektibitatea laguntza, babesa, maitasuna, goxotasuna eta elkar ulertzea da, eman eta jasotzeko gaitasuna bezala ulertzen dugu.
Sexualitatea plazerraren kudeaketa gisa uler daiteke, desioaren espresio eta komunikazio bezala, nork bere buruarekin zein gainerako pertsonekin. Konplizitate, adostasun eta askatasunean oinarritzen da. Bizitza-ziklo osoan presente dagoen ahalmena da. Sexualitatea aniztasuna da, hortaz, pertsona beste sexualitate dago.


Bigarrenik, aipagarria da etengabe egiten ari garela heziketa afektibo-sexuala. Gorputz sexuatuak gara eta gure sexualitatea beti dago presente: erabiltzen ditugun materialetan, kultura ekoizpenetan, aipatzen ez dugun horretan, geure buruari buruz ematen dugun irudian, erabiltzen dugun hizkuntzan, genero roletan...



2.-Iazko ikastarokide baten post-a aukeratu eta estekatu.

Edurnerena aukeratu dut. Gaiarekin lotutako aspektu garrantzitsuenak oso argi azaldu ditu, taula eta irudi egokiz baliatuta.




3.-Gaiaren inguruko baliabide, ikerketa edo proposamenen bat gomendatu ikasleekin erabiltzeko. 

Steilas-en “Askatasun begiradak” izeneko unitate didaktikoa oso aproposa iruditzen zait ikasleekin lantzeko. Bertan hainbat bideo eta ariketa interesgarri daude Lehen eta Bigarren Hezkuntzan lantzeko.


4.-Eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronkak. 

-Lehenik eta behin, eskola-komunitate osoa sentsibilizatu eta prestatu hezkidetza ikuspegitik.
-Eskola-komunitatearen konpromisoa hartu plan integral bat diseinatu eta aurrera eramateko. Bertan, heziketa afektibo-sexuala modu progresiboan eta sistematikoan landuko da.
-Maitasun erromantikoaren mitoa deseraiki.
-Orientazio sexual anitzak , familia mota ezberdinak, kultura desberdinetakoak, gorputz desberdinetakoak bistaratu, berdin baloratu eta normalizatu.
-Hizkuntza hezkidetzailea erabiltzen den hezkidetza sustatu.
-Material didaktikoetan aniztasunaren presentzia sustatu.


Maitasun erromantikoari buruzko pare bat baliagarri interesgarri:

- Maitasun erromantikoaren mitoak.

- Maitasun erromantikoa botere harremanen euskarri?



2017/02/26

Identitateak eta aniztasun sexualak

-Hausnarketa

Aste hasieran garbi nuen sexualitatea eredu neoliberal eta patriarkaletik eratortzen den eredu dikotomikoaren eraginpean dagoela: harreman koital heterosexuala. Ugalketa da helburu nagusia eta horrek markatuko du “ona” eta “txarra” denaren arteko hierarkia. Halaber, garbi nuen sexualitateak ez gaituela definitzen, ez duela esaten zer garen, Josebe Iturriozek dioen moduan. Eta kontziente nintzen, baita ere, ikasitakoa desikasi dezakegula.



Astean zehar egindako ibilbidearen ondorioz konturatu naiz kategoria dikotomikoetan oinarritzen den pentsamolde patriarkala ez dela beti horrela izan; erdi aroan sexu bakarra zegoen: gizonezkoena. Beraz, anatomia ereduak aldatu egin dira. Bestetik, XX. mendearen bukaera geroztik, hainbat mugimendu feministetan lesbinianismoa hautu politiko iraultzaile bihurtu zela; alegia, lesbianismoa EZ esateko modu bat dela. Eta, azkenik, konturatu naiz gorputza=osasuna=sexualitatea=erreprodukzioa gainditu, eta beste zenbait dimentsio ikertu behar direla: begirada, plazerra, gorputz-ikusiezinak, bio-medikua...



Gai honen inguruan buruatzen zaizkidan galderak eta zalantzak heziketa arlokoak dira:
Familiak ez badu ikusten seme/alabaren identitatea edo ez badu onartzen, nola esku hartu behar dugu irakasleok?
Sexu aniztasuna landuko dela esan behar al diogu familiari?
Nola jokatu trans identitatea adierazten duen ikasle baten aurrean?
Nola landu familia aniztasuna gelan modu natural batean?
Gelan ikasleei modu askean adierazteko aukera uzten badiegu eta familiak ados ez badaude?
Nola lagundu kultur edo erljijo ezberdina dukan ikasle bati baldin eta gay/lesbiana edo trans identitatea adierazten badu?
Nola landu gorputz aniztasuna trans identitate edo intersexualitate egoera posible bat dagoen gela batean?
       ...

-Iazko ikastarokideek egindako post bat

Ana Extramiana Caminoren posta oso egokia iriditu zait datu, informazio eta dokumentu askoren berri ematen duelako. Halaber, irakasleen galderak atala ikastetxeetarako oso erabilgarria da.


-Sentsibilizaziorako baliagarria izan daitekeen bideoa

Asexualitateari buruzko bideoa:

 

Kattalin Miner Perez eta Lore Etxeberria Lujanbiok jardunaldi batzuetan grabaturiko “Bollera da bide bakarra” bideoan estrategikoki homofobiatik eta jazarpenetik urrundu eta ironia eta umorea erabiliz, hamaika arrazoi politiko ematen lesbiana izateko:




-Zein dira zure ustez hau guztia eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronkak?

-Sexu-genero sistema salatu eta gainditu.
-Heteronormatibitatetik aldendu.
-Sexu-genero rolak eta genero aginduak betetzen ez dituzten ikasleei inguru segurua eskaini.
-Aniztasuna modu ez hierarkikoan, duintasunez eta errespetuz bistarazi.
-Aniztasun ororen eta alkarbizitza positiboaren alde lan egin.

Horretarako, besteak beste:
Hezkuntza komunitate osoan egin behar da lana.
Formazioa ezinbestekoa da.
Ikastetxeetan erabiltzen den materiala berrikusi eta birpentsatu behar da.
Komunikabideek transmititzen dituzten ereduak kritikotasunez aztertu behar dira.





Baliabide interesgarriak:

-Askatasun begiradak unitate didaktikoa, Steilas
-Genero eta aniztasun sexualak gidaliburua, Steilas
-Gazteentzako eta hezkuntza eragileentzako trans gida, Aldarte
-Joera soziala, gazteentzako gidaliburua, Aldarte
-Transexualitatea eskolan, ipuina, Paulen abenturak.
-Haur literatura:
Ene amak. SOODEN, Vanessa, Mairi argitaletxea, Sopela.
Aitorrek bi ama ditu. MENDIETA, Mari Jose eta ZABALETA, Jon, Erein.
Ane eta ahatetxoak. R. LORENZO, Manuel eta ERLICH, Bernardo, Afortiori, Bilbo, 2005.
Elkarren gustokoak gara. JuanolO, Tandem Edicions, 2006.
 Marrazteko gaiak. EIROA, Mauro eta DOMÍNGUEZ, Angel, Afortiori, Bilbo, 2005.
Pirritx eta Porrotx: Gorka konpontzailea. MURUA, Mitxel eta TOKERO, Julen  Elkarlanean, Donostia, 2005.
Iris eta Lila. MUJIKA FLORES, Ana, Aldarte.
Txiukue. OLAIZOLA, Alaitz eta ZABALETA, Jon, Erein, 2005.
-Ikas-liburua:
Kilimak. Sexuen Hezkuntza lantzeko ikas-liburua. 8-10 urte. SANCHO, Nerea eta LANDA, Ivan, Erein, 2006.
-Jolasak:
¿QUIEN VIVE AQUI?, Ekilikua, Nafarroa. Aniztasuna lantzen duen mahai jolasa. Fitxak euskaraz ditu.
-Karta-jokoak:
Pirritx eta Porrotx: familien karta jolasa. Gehitu, Agipase, Beroa, Ume alaia Elkar eta Katxiporreta
7 familia eredu. Aldarte eta Berdindu.
-Berdindu eta Aldarte elkarteen maleta didaktikoa:
DVDa, zikloetarako lan koadernoak, Iris eta Lila liburua, familientzat gida didaktikoa, karta-jokoa eta posterra biltzen ditu material honek. 2006ko Emakunde saria jaso du.

Normatiboak ez diren filmak:
-But, I am a cheerleader
-Fucking Amal
-Tomboy
-50 ways of saying fabulous



2017/02/20

Identitateen garapena

1.-Astean zehar landutako ideia garrantzitsuenekin egindako AKROSTIKOA:


                                   sub-Identifikazioa
                              genero aDierazpena
                                        Erakarpena
                        hirugarren geNeroa
                                        Trabesti
                                        Intergeneroa
                                         Transgeneroa
                                        Aniztasuna
                                subjekTua
  Eraikuntza soziala
  Ageneroa
                                     psiKodinamismoa



2.-Iazko ikastarokideek egindako postetatik honakoa aukeratu dut: Ana Extramiana Camenok idatzitako Identitateen garapena. Gaiaren inguruko laburpen bikaina egiteaz gain, ekarpen, datu eta web orri ugariren berri ematen duelako.

3.-Heziberri 2020ko proiektutik jaso identitateen garapenaren inguruan islatzen duen esaldiren bat eta bere garapena bermatzeko, curriculum ezkutuan kontuan hartu beharko genukeena aipatu.

Hizkuntza-eta literatura-komunikaziorako konpetentziari buruz hau dio: "Hitzezko eta idatzizko testuak erabiltzea da, euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan, bizitzako egoera guztietan egoki, eraginkortasunez eta hizkuntza aniztasuna errespetatuz komunikatzeko. Horrekin batera, heziketa literarioa lantzean datza, nork bere burua eta ingurunea hobeto ezagutzen laguntzeko".

Hausnarketarako galdera batzuk, eta curricilum ezkutuan kontuan hartu beharrekoak:

a) Hitzezko eta idatzizko hizkuntzak nolakoa izan behar du hezkidetza aldetik?

b) Irain sexisten atzean dagoen ideologia, zer-nolakoa da?

c) Gorputz adierazpenak generoek estereotipatuak al dira?

d) Ideiak, sentimenduak, nakiak... proposatzeko, askatasunik ba al dago?

e) Literatura arloan, historian zehar emakumeek egindako ekarpenak lantzen al dira?  Ikasleei eskaintzen zaizkien baliabideetan, identitate-aniztasuna islatu eta sustatzen al da?



4.-Nire inguru hurbilean genero-identitateen inguruan emandako aurrerapenak:

Ikastolan,  genero-identitateen inguruan aurrerapausoak eman dira:

-Sexu harremanak Lilima taldearekin DBH 2. eta 3. mailetan, 6 ordu talde bakoitzean. Bi zutabetan lantzen dituzte gaiak:
a) Identitatea: definizioa eta osagaiak (autokontzeptua, autoestimua eta pubertaroa).
b) Gizarteratzea: definizioa eta indibiduoaren eraiketa.
-Harremonak egitasmoa DBH 3. eta 4. mailetan, bakoitzean 5 saio: Tratu onen ikuspegitik lantzen da genero zapalkuntza eta sexualitatea.
-6. mailan hezkidetza lantzen dugu etika ordutan. Genero-identitatea eta sexu-biologikoa landu ditugu, baita identitate anitzak ere. Horretarako, bideoak ikusiz eztabaidak izan ditugu gelan; estereotipoen inguruan ere aritu gara. Familia anitzak direla-eta, gizonezko bat ekarri dugu gelara bere esperientzia kontatzera: bi gizonezko aita izan berri dira.

Halere:

Nahiz eta planak eta programak egon badauden, oso modu fokalizatuan egiten dira. Alegia, orain arazoa emakumeen aurkako indarkeria da, eta, orduan, horren inguruko programak egiten ditugu. Bitartean, ordea, sistemak zapaltzailea izaten jarraitzen du.
Beraz, prebantzio lana badago, baina sistematik beraien lekua onartzen ez diegun bitartean ikasleei, pertsona oso kontsideratzen ez ditugun bitartean, galdetzen ez diegun bitartean "zein dira zuen premiak?... beraiek obeditzen ikasten dute, eta barneratzen mezua da "handiagoa naizenean txikiago bat mendean hartuko dut". Orduan planen eta programen bidez adabakiak jartzen ari gara, baina muinari oraindik ez diogu heldu. Era berean, esan beharra dago adabaki horiek oso beharrezkoak direla, eta txalotzeko modukoa dela eskoletan nahiz familetan hartzen ari garen eta diren ardura.



2017/02/06

Orientazioa eta aukera akademikoak

1.-Gogoeta pertsonala:

Aste hasieran uste nuen orientazioa eta aukera akademikoei dagozkien edukien trataera soilik tutoreei eta orientatzailei zegokiela. Orain konturatu naiz hezkuntza komunitate osoari dagokiola lan hori.
Gai honen garrantzia azpimarratzekotan esango nuke orientazioak esku hartze kontzientea eta etengabeko prozesua izan behar duela, hezkuntzaren esparru eta maila guztietan gertatzen dena, curriculumean integraturik egon eta hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa duena.


2.-Iazko ikastarokideek egindako posten artean, Mariví Fernandezena aukeratu dut, batik bat gaiarekin lotutako blog, web eta material ugari eta erabilgarriaren berri ematen duelako. 



3.-Esanguratsuak diren datuak aipatu:

-Mutilek baino nesken %10 gehiagok uste du ez dagoela lanerako prest.
-Unibertsitateetan matrikulatutako ikasleak: emakumeen kopurua handiagoa da titulazio guztietan, ingeniaritza eta arkitekturan izan ezik (4 aldiz mutil gehiago).
-Arteak eta Giza zientzietan emakumeen kopurua beti da gizonena baino handiagoa, baina doktoretza mailan alderantzizko egoera topatzen dugu (gainditutako tesien kopuruari dagokionez 22 gizon eta 14 emakume)
-Ikasketa maila handiagotzen den heinean, emakume-irakasle kopurua beherantz doa, unibertsitatean duten presentzia gizonezkoena baino txikiagoa delarik.
-Europako Ikerkuntzarako Kontseiluak (ECR) duen Avanced Grants programan agertzen da 10 ikertzaileetatik 1 bakarrik dela emakumea.
-Euskadiko Erkidego Autonomoan, 2016eko lehenengo hiruhilekoan, gizonen aktibotasun-tasa %62,7koa izan da, emakumeen portzentajea %52,3koa, hots, 9,4 puntu gutxiago.
-Enplegu-kolokazioari (prekarietateari) dagokionez, emakumeen %33ak lanaldi partziala dauka gizonen %6aren aurrean.
--España estatuan goi-mailako ikasketa unibertsitarioak dituzten pertsonen %60 emakumeak dira, baina zuzendaritza postuen %13a betetzen dute.






4.-Orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko erronkak:

-Neska/emakumeen ahalduntzea sustatu eta beren autokonfiantza handiagotu.
-Emakume eta gizonen errepresentazio orekatua islatu.
-Afektibitatearen heziketari garrantzia eman, bereziki mutilentzat.
-Elkar-ardurak, zaintzak eta etxeko ardurak partekatzen ikasi eta praktikan jartzeko jarduerak diseinatu.
-Identitate eta bizitza eredu anitzak landu, genero estereotipatuak gainditzen dituzten ereduak nabarmenduz.
-Lanbiderako orientazioan irudi ez estereotipatuak aurkeztu.
-Emakumeentzako enplegua bigarren mailako lehentasuna izatearen ideia baztertu.
-Hizkuntza hezkidetzailea erabili, estilo agresiboa kolokan jarriz.
-Metodologian nesken autonomia eta parte-hartze parekidea bultzatu.





Ikasleekin honelako hausnarketak egin:
-Zergatik Arteak eta Giza zientzietan emakumeen kopurua beti gizonena baino handiagoa den, eta, aldiz, Ingeniaritza eta Arkitekturan alderantziz gertatzen den.
-Zergatik emakumeen %33ak lanaldi partziala daukan gizonen %6aren aurrean.
-Zergatik ikasketa unibertsitarioak dituzten pertsonen %60 emakumeak diren, baina zuzendaritza postuen %13a betetzen duten.
-Zergatik mundu mailan emakumeek %24 gutxiago irabazten duten.
-Zergatik gizonen aktibotasun-tasa %62,7koa den, eta emakumezkoena %52,3.
-Zergatik...

http://www.argia.eus/multimedia/erreportajeak/emakume-zientzialarien-ikusezintasuna




Gaiarekin lotutako hainbat baliabide:

http://slideplayer.es/slide/1022781/

http://orientanel.blogspot.com.es/p/coeducacion-e-igualdad.html

http://recursos.cepindalo.es/pluginfile.php/93/mod_resource/content/1/index.html

https://orientasare.wikispaces.com/orientaziorako+baliabideak+aztertzea













2017/01/30

CURRICULUM ETA BALIABIDE DIDAKTIKOAK

1.-Hausnarketa

Curriculum eta baliabide didaktikoen inguruan, 3 ideia emankorrenak:
a) Transbertsal izateaz gain, derrigorrezko irakasgaia beharko luke izan hezkidetzak euskal kurrikulumean: parekidetasunerako baldintzak azalduz, emakumeen zapalkuntza agerraraziz, ezberdintasunak sexuak soilik markatzen dituela azalduz... Eremu pribatu eta publikoaren sexuaren araberako banaketaren ezabaketa landu. Egoera berdintasunean amatasuna, familiako beharretan... denon betebeharra maila berean dela agerrarazi. Gaiari buruz eztabaidatu, jendartearen egoera aztertu, bidegabekeriak argitara atera...



b) Curriculum hezkidetzailea eraikitzeko, lehen pausua diagnostiko on bat egitea da, horrek ahalbidetuko baitigu, batetik, gure testuingurua ezagutzea, eta, bestetik, zeregin horretan ditugun gabeziak eta indarguneak hezkuntza-komunitatean ezagutaraztea. Queremos coeducar liburuan, hezkidetzaren ikuspegitik ikastetxearen diagnostikorako oinarrizko, ertain eta goi-mailako analisi maila ezberdinak proposatzen ditu Marian Morenok.


c) Testuliburuak eta ikasmateriala garrantzizko tresnak dira gizartearen ikuspegi zuzenagoa eta berdintasunean oinarrituagoa erakusteko ikasleei. Irudien, adibideen, testuen eta abarren bitartez erreferentzia berriak, bizimodu desberdinak nahiz beste balore-sistema bat erakutsi ditzakete, eta horrela, generoaren araberako estereotipo murriztaileak gainditzeko, gizakiarekiko pentsamolde berria oinarritzen lagundu.





2.-Zergatik da zure ustez hain zaila sistematikoki curriculuma eta baliabide didaktikoak hezkidetzaturik egotea?

Ikastetxeetan ezinbestekoa beharko luke izan hezkidetzako formazioak, eta ez borondatezkoa, egun gertatzen den moduan. Bestalde, sistematikoki curriculuma eta baliabide didaktikoak hezkidetzaturik egoteko, alegia, diagnosia, hausnarketak eta erabakiak hartzeko, denbora eta dedikazioa ezinbestekoak dira; gainerakoan, norbanakoaren borondatearen baitan gelditzen da egin beharreko lana. Horrek, ordea, inbertsio ekonomikoa eskatzen du, eta, askotan, beste hainbat proiekturi ematen zaio lehentasuna, ohartu gabe, heziketaren oinarri-oinarrian dagoela hezkidetza.

3.-Iazko ikastarokideek egindako posta:

Anduren posta asko gustatu zait. Gaiaren inguruan egindako hausnarketa ez ezik, edukiak, metodologia, eta materialak aztertzeko, Anduk gomendatutako gida praktikoa azpimarratuko nuke. DBH 1 eta 2ko problemak lantzeko proposamena berdintasuna aintzat hartuta ere aipatzeko modukoa iruditu zait.


4.-Eremu hezitzailean/jendartean lortutakoa eta erronkak

Ikastetxetan hezkidetza sustatzeko, hainbat elkartek, taldek eta norbanakok sortutako balabide didaktiko ugari azpimarratuko nuke lortutakoaren alorrean. Aipagarria da, baita ere, Berritzegunetan ematen den aholkularitza gaiaren inguruan laguntza edota informazioa eskatuz gero. Ikastetxetan ere hezkidetzaren inguruko kontzientziazioa gero eta handiagoa da: ikastaroak egiteko eta beste ikastetxeekin esperientzia berriak elkar trukatzeko erraztasunak; azaroaren 25a eta martxoaren 8a data seinalatuen ospakizunak; udalari gaiaren inguruko inplikazio eskaerak...

Halere, asko dago egiteko. Bigarren puntuan aipatutako arrazoiek pisu handia dute erronkak gauzatzeko garaian. Espazioak egokitu; idatzizko zein ahozko hizkuntza aztertu; ospakizunen inguruan hausnartu; metodologiaz, edukiez eta helburuez oldoztu... FORMAZIOA eta DEDIKAZIOA ezinbestekoak dira.


Irudirako linka hemen.


2017/01/23

Partaidetza parekideaz

Parte hartzea garatu daitekeen ahalmena da. Inguruarekiko inplikazio modu bat da, errealitatea sortu eta aldatzeko modu bat. Boterearen dimentsio baten garapen bezala ulertu dezakegu. Erabakiak hartzen dituzte horretarako ahalmena dutenak. Jarrera bat eskatzen du. Halaber, hainbat eskubide sustatu eta hainbat eginbehar eskatzen du.


Akrostikoa:

Parekidetasuna
  Asertibitatea
     Rola
           Tolerantzia
          Aktibotasuna
             Identitatea
                Demokratizazioa
                 Eskubideak
                         Transmizioa
                           Ziurtasuna
                              Askatasuna
             
                                                 

Iazko ikastarokideek egindako post bat aukeratu:

Asko gustatu zait Bego Mentxakak egindako lana, batik bat, material interesgarri ugariren berri ematen duelako: proposamen didaktikoa, datuak babesteko programa interesgarri bat, parte-hartze politikoari buruzko artikulua, haur eta nerabeen parte hartzea sustatzeko bost liburuxka, haurren parte hartzea sustatzeko OIN HERRI egitasmoa, OARSOIRRIA...

http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/01/emakumeen-partaidetza-partaidetza.html

Inguruan partaidetzaren inguruan behatutako aspektu interesgarria:

Ikastolan espazioa berrantolatzearen inguruko hausnarketa ari gara egiten. Izan ere, kanpo espazioek ohiko ereduari erantzuten diote: futbol nahiz saskibaloi zelaiek eta frontoiak hartzen dute leku gehien, eta harreman desorekatuak eragiten ditu; mutilek espazio nagusia hartzen dute, eta bazterrean geratzen dira neskak, harmailetan, eskaileretan... Ikasleei galdetuta ere, ondorio berdinetara iritsi ginen. Irakasleon iritziz, ikasleen parte hartzea funtsezkoa da egoera aldatzeko. Horrenbestez, egoeraren azterketa deskriptikoa eta kritikoa haurrekin egin nahi dugu: ea espazio nahikoa duten txikienek, ea neskek eta mutilek hartzen duten espazioa orekatua den... Ondoren, euren ametsetako jolastokia irudikatuko dute, mural batean, maketa bidez, plastilinarekin, argazkiak erabiliz. Gure lana izango da proposatu dituzten gauza horiek teknikoki errealitatera nola eraman aztertzea. Gurasoek ere egitasmoaren parte izan behar dutela pentsatzen dugu.




Inguru hezitzaileetarako baliabideren bat:

Oro har, parte hartzearen inguruan, komunikazioa oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Horren inguruan, oso informazio baliagarria aurki daiteke hemen
Bestalde, proiektu batean inplikatzeak zer esan nahi duen sentitzeko, errealitatea aldatzeko dugun ahalmenaz baliatzeko, konpromisoa hartzeko eta prozesuaz gozatzeko, proposamen didaktiko interesgarria bezain erabilgarria dago hemen