Ez dakit zuen
garaian berdin bizi izan zenuten, baina atzera begirada bat botatzen dudanean
pena handia ematen dit pentsatzeak zelako heziketa afektibo-sexuala jaso dugun.
Bueno, jaso jaso… ez nago ziur horrela deitu ahal diogunik ere. Aste honetan
ikusi dugun moduan, ikastetxean denbora tarte laburra eskaintzen zioten eta
ugalketan, nahi gabeko haurdunaldien eta sexuen bitartez transmititutako
gaixotasunen prebentzioan zentraturiko saioak ziren. Inork ez zigun plazerrari,
desioari, harreman positiboei buruz hitz egin… inork.
Nire adineko
mutilek porno matxista eta komertzialarekin hezi dira. Guk (neska/emakumeok*),
sikiera saiatu gara horrelakoak ikusten. Maitasun erromantikoaren eta laranja-erdiaren
mitoekin hezi gara eta, zoritxarrez, izan ditugun praktika heterosexualetan
koitozentrismoa izan da nagusi, beti mutilen/gizonen desioak asetzeko
helburuarekin. Gogoratzen dut lesbiana den lagun bati gure esperientzia eta
bizipenak horrelakoak izan zirela kontatu genionean, ez zigula sinisten. Tristea
da, baina horrela izan da bai. Edo horrela izaten jarraitzen du, hobeto esanda.
Izan ere, pentsatu “Greyren 50 itzalak”, “Crepúsculo” eta abar fenomenoek
sortutakoa.
Eskerrak, urteak
pasa ahala, lagunartean batez ere, sexualitatea eta afektibitatearen inguruan hausnartzera
animatu ginela.
Astean zehar landu dugun gai honen
inguruan gehien eragin didan aipua, Gloria Fuertesen “Loreen
maistra” izan da:
Hala ere, afektibitatea → harreman
positiboak edota sexualitatea → desioa(abiapuntu) + plazerra(helmuga) kontzeptuek ere sakon sartu zaizkit.
Bestalde, ikasleen erdiak
baino gehiagok eskola ez dela espazio segurua hautemateak, pena
izugarria emateaz gain, hausnarketarako beharra daukagula iruditzen zait.
Iazko ikastarokideek egindako post
bat aukeratzekotan, Irati Gaztelurrutiarena izango litzateke; heziketa afektibo-sexualaren inguruan
oraindik dauden erresistentzia eta tabuei buruz ematen duen ikuspuntuagatik.
Hona hemen heziketa afektibo-sexualaren inguruko
baliabide eta proposamenen batzuk:
- Steilas-en “Hezkuntza afektibo sexuala” edota “Askatasun begiradak: Genero eta aniztasun afektibo sexuala modu askean bizitzen laguntzeko unitate didaktikoa” unitate didaktikoak, “Genero eta aniztasun sexualerako gida”.
- Urtxintxa eskolaren “Xake mate” bilduma eta, bereziki, 5. edizioa: “Aisialdian sexualitatearen lanketaren bidez sexismoari aurre egiteko aholku sorta”.
- Kili Kontuak - Sexualitatea Haurrekin Lantzeko Ipuina
- Mihi-Bero mahai-jolasa
- Bilgune Feministaren “Sexualitatearen eztabaida” txostenean agertzen diren pelikula edo dokumentalak: “XXY”, “Fake Orgasm, Dirty diaries”, “El clítoris, ese gran desconocido”.
- Isabel Duque psikologoa, sexologoa eta terapeutak sortu duen La Psicowoman kanala eta blog-a. Nire ustez, gaur egungo gazteengan oso modu eraginkorrean heltzen da. Pikara Magazinen ere kolaboratzen du (hemen postak). Bideo honetan, PsicoWoman kalera irtetzen da pornoari buruz galdetzeko:
Bertan, “The Porn Conversation” proiektua
aipatzen du, Erika Lust eta Pablo Dobnerrek sortu duten erreminta edo baliabide
bilduma bat irakasle zein familiei zuzendutakoa.
Nire ustez hau guztia eremu
hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronka nagusiak hauek
dira:
- Lehenik eta behin, eredu heteronormatiboa eta sexista, ugalketara bideratuta dagoena eta hegemonikoa dena, zalantzan jarri. Horretarako, jendartearen sentsibilizazioa eta formazioa beharrezkoa da. Ezin dugu onartu heziketa afektibo-sexuala ikastetxe eta irakasleen sentsibilitate eta boluntarismoaren eskuetan geratzea.
- Pertsona beste sexualitate dagoela ikusarazi eta “normatik” ateratzen diren ereduak ezagutzera eman. Horretarako beharrezkoa da gu geu eredu izatea eta baita materialetan islatuta egotea.
- Sexualitatearen inguruan dauden mitoak deseraiki (batez ere nerabeen artean, nahiz eta haiei bakarrik mugatuta ez dauden).
- Afektibitatea pertsona guztien garapen integralerako funtsezkoa dela kontuan hartu eta gure egiteko/pentsatzeko/bizitzeko moduetan aplikatu.
- Sexualitatea bizitzeko, gorputzaren autoezagutza eta onarpena sustatu, desioa eta plazerra abiapuntu eta helmugak izan daitezen.
Guzti honengatik, martxoaren 8an emakume*, trans eta bollerok lan guztiak, soldatapeko zein doako lanak, egiteari utzi eta kaleak hartuko ditugu. Greba feministak bizitzako esparru guztiei aurre egiten die, indarkeriari, parekidetasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanen sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintzen hierarkizazioari, arrazakeriari, edertasun kanonari eta zapalkuntza guztiei.
Emakume*, trans eta bollerok heteropatriarkatu kapitalistari planto! Bizitzak erdigunera!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina