2015/11/21

Jaiak ekintza bizia




Jaiak lagunekin biltzeko edo gure eguneroko lanean eten bat egiteko balio  dute. Aintzina barau egin aurretik  jaiak “burua galtzeko”  eta   askotan agintariei txantxa egiteko (ihauteriak) erabiltzen ziren. Herri askotan parentesi bat izan beharrean infernu eta ezin egon bihurtu da emakumeek festetan parte hartzeko erabakia hartu dutenean momentutik. Hau da, aurretik ezarritako  genero sistemarekin apurtu nahi  izan dutenean.Tradizioa emakumeen aldarrikapenaren gainetik jartzen dute askok, festa  “beti” izan den bezala jarraitzearen alde agertuz .Eric Hobsbawm- (1986) historilariak tradizioei  buruz kontrako eritzia azaltzen digu. Berarentzat  tradizioak, aldaezinak izan beharrean, asmatu egiten dira.Tradizioa ez da erlikia, bizirik dagoen zerbait baizik; ez du errepikapen hutsean zertan geratu behar.Hobsbawm-ek tradizioei buruz esandakoak askotan gure herrietan, bai gazte, zein nagusiek esan dutenaren aurka doa.


Emakumeak jaietan  parte hartzea aldarrikatu duenean ( alardean, baztango mutil dantzan…) “arazo” bihurtu da . Arbuio   hori  adinez nagusi eta gizonezko direnen artean gertatzen denean ez zaigu arraroa egiten, pribilejio galtze baten ondorio ikusten dugu. Baina, aldiz, arbuioa erakusten dutenek emakumeak eta gazteak direnean, gehienetan, harritu egiten gara. Zoritxarrez, emakumeen irudi zatitua eskaintzen duelako.(Mujeres en red).

Euskal Herriko jaiak ikusterakoan gizonezkoek eramaten dituzten arma kopuruak harritzen gaitu: eskopetak, espatak...Dantzan egiterakoan ere ezpatak soinean dituzte. Horren zergatia,  Foruen galera aurretik euskal herrIan arma eta milizien egoera jakiteko urtero ospatzen ziren alardeetan legoke.



Emakumeek , aldiz,  koloredun arku eta zinta arinak daramate soilik. Horrela, jaietan, gizonezkoek indarra adierazten dute  eta  emakumeek aspektu  estetikoa ( edertasunarekin loturikoa) .Emakume batzuk  parte hartze “estetiko”  horri uko egiten diotenean sortzen da arazoa.
Badaude, ordea, tradizioa era lasai baten aldatu dutenak: Errebonbilloak Elorrion, Tanborrada Donostian, Zumarragako  ezpatadantza… Seguruenik, beste herrietan ikusitako gatazkak ez ditu  herrietako tradizionalistak  borrokarako  larregi animatu.

Aurretik aipaturiko  bi ereduetan  gizarteak irakasleei  bi bide ezberdin eskaintzen   digu. Nola jokatzen dugu irakasleok ikastetxeetan? Nolako jarrera dugu, irakasleok, jaiak antolatzeko orduan? Malguak gara? Irakasleok ez gara “tradizioaren” alde jartzen? Egiten ditugun jaiak beti berdin ospatzen ditugu? Olentzero, Arratera igoera, ihauteriak… Ikasleei  ematen diegu parada jai berriak sortzeko? Era ezberdin, original eta sortzaile batean ? Tradizioak aldatu daitezkeela azaltzen diegu baina ihauterietan guk nahi dugun lez mozorrotzea inposatzen diegu? Hezkidetzaren ikuspegitik jaien antolaketak edo “desantolaketak” berriz ere gure lanaren berraztertze batera eramaten gaitu.

Jaiak eta ospakizunak eskolan



Antropologian aditua den Margaret Bullenek diona: “jaietan gertatzen dena, gizartean gertatzen denaren isla dela” eta “ ospakizunetan emozioak txertatzen direla (…) beste gauza guztiak bezala gizakiok ikasitakoak direla” oinarritzat hartuta, kultur-adierazpen sendoak diren festak eta ospakizunak, sistematikoki errepikatzen direnak, zaindu beharko ditugu berdintasuna eta aniztasuna bermatzeko.
Ospakizunetan afektibitate eta emozio-karga handia mugitzen dela baieztatu ondoren hezkuntza munduan egiten duguna zaindu eta babestu egin beharra dago hezkidetzatik ezinbesteko ekarpen interesgarriak txertatzeko aukerekin.
 
“Jaiak eta ospakizunak: begirada hezkidetzailea txertatzen” irakurgaian ikastetxetan sarritan ospatzen diren egunekin osaturiko sailkapena, hau da: egun moreak, egun bereziak eta opor aurrekoak, zerrenda bakarra osatuko nuke: “Eskolako (ohiko) ospakizunak”.

Orain arte tradizioa errespetatuz, balore tradizionalak ez desagertzeko, euskal nortasuna aldarrikatzeko filtratu gabeko ospakizunak gauzatzen hasi ginen. Poliki poliki migrazioen eraginagatik gure ingurua aldatzen hasi da eta aniztasuna nagusitu da. Kultur-aniztasuna edo multikulturalitate kontzeptuagatik garai berriei erantzun berrien beharra / egokitzapenak / hobekuntzak / zuzenketak / diskriminazioa kanporatu / … dena delakoa plazaratuko dugu elkarbizitza eta berdintasuna bermatzeko.

Ikastetxetan ikasturtean zehar “ohiko” ospakizun zerrenda osatzen ari gara errealitate hurbila txertatuz. Lan egiten ari naizen ikastetxean “Ohiko ospakizun Batzordea” osatu egin zen duela urte batzuk. Batzorde horretan Haur eta Lehen Hezkuntzako koordinatzaileak, aholkularia eta Ikasketa Burua kideak izango zirela adostu genuen. Horrez gain ikasturte hasieran Elkarbizitza-Hezkidetza Behatokiko bileran ekarpenak, laguntzak, partaidetza, inplikazioa maila, moldaketak, … bideratzeko ahaleginak egiten dira.


Orokorrean festa / ospakizun / jai bat antolatzerakoan kontuan hartzekoa:

-       Eskola komunitatea
Eskola komunitate osoko kideak partaide azaltzeko proposamena diseinatu beharko da. Inplikazioa eta partaidetzaren arabera jai-ospakizunean dagoen interesa baloratzen da hurrengo deialdietan egokitzapenak egiteko.
Jai-ospakizunaren berri emateko idazkiak osatzen dira informazioarekin eta ekarpenak jasotzeko, proposamenak luzatzeko,  lan-taldeak osatzeko, … aukerekin

-       Inguru hurbila – Berritzegunea – Udala …
Elkarbizitza-Hezkidetza Behatokia, Udal ordezkariak, Berritzegunea eta Mintegiak, inguru hurbila: auzoa, elkarteak eta familiengadik heldu ahalko denaren zain egoten gara.  Laguntzak, proposamen berriak, aholkularitza,…ongi etorria da nahi duguna borobiltzeko.

-       Bertsoa – Koplak
Lehen Hezkuntzako nagusiek “Bertsolaritza” lantzen hasi bezain pronto ospakizunetan bertsoak txertatzen hasi ginen. Hasieran sortutakoen moldaketarekin artxiboa zabaldu genuen.
Urtez urte kopla espezifikoak daude ospakizun bakoitzean abesteko. Bertsolaritzako irakaslea, eskolako irakasle eta langile batzuen laguntzarekin orain arte egindakoa gustuko dugu.
Ospakizun gehienetan kopla hauek familiekin  abesteko markatzen da tartea eta arrakasta handiko ekintza dela baloratu da partaidetzagatik.

-       Berdinen arteko tutoretza
Berdinen arteko tutoretza” proposamen partikularra dugu ikastetxean. Ikastaldeak multzotaku ondoren bikoteak / hirukoteak izendatzen dira. Hortik aurrera jarduera osagarriak, ospakizunak, ekitalditxo bereziak gauzatzerakoan ikasleen artean zaintza eta babesa ziurtatzen dira nagusiak txikietaz arduradun gisa eta imitatzeko erdu zuzenak azaltzen direlako.
Bikote / hirukote hauek osatzerakoan, besteak beste, hezkidetzaile irizpideak kontuan hartzen dira.

-       Apaingarriak
Eskolako Familien Elkartetik janzteko apaingarriak eta gehiago eskuratu ditugu: biserak, nikiak, kantinplorak, lepoko zapiak,…
Ospakizunaren arabera erabiltzea gomendatzen da.

-       Ekitaldia
Ekitaldia / jailadia egitekotan Musika arloko irakaslea (erritmoak, kantak, instrumentalizazioa,…), Heziketa Fisikoa (koreografiak, espazioaren kudeaketa,…) eta tutoreak gehi gainontzeko irakasleak zein langileak partaide azaltzen dira dinamizatzaileak laguntzen.
Gauzatzen den berri emateko eta ikus-entzunezko produkzioak ateratzeko lan talde bat osatzen da ikasurte hasieran.

-       Sitea
Lan extra eta handia izan arren,  eskolako sitean “Ikusi Makusi” atalean gauzatzen den guztia argitaratzen da.

Beraz, eskolan jaiak eta ospakizunak guztion eginkizuna bihurtu ditugu gidari dugun lelopetik garatzekoa.



Jai parte hartzaile eta parekideen alde!

 
Euskal Herrian kultur gertakari garrantzitsua izan dira herriko jaiak. Baina sarritan, jaiak pasadizo huts kontsideratu dira, debertimentu huts.
Antropologiak ohartarazi du festak zentzu sinbolikoz beteriko jendarte-adierazpenak eta kultur adierazpenak direla. Festak, jendarte-ereduaren errepresentazio izateaz gain, jendarte-ereduak eraikitzen ditu, edo birsortzen.
Tradizioaren izenean, emakumeek zenbait ekitalditan parte hartzearen kontra agertu izan dira, baina behin eta berriro adierazi dute horrek ez duela esan nahi beste eremu batzuetan berdintasuna defendatzen ez dutenik. Nolabait adieraziz festetan gertaturikoak egunerokoan eraginik ez duela, festetan jendarte-ereduak birsortu edo eraikitzen direla ukatuz. 

Mutil dantza parekidearen alde baztanen. Info + Hemen
 

Jaiak eta ospakizunak gure kultura eta jendartearen beste adierazpen publiko bat dira, ez dira pasadizo huts. Herriko festetan genero ikuspegia txertatu behar dugu, jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako. Guk eraikitakoa, guk antolatutakoa, guk alda dezakegu. Eta bide horretan, herri jai-parekideen alde jardun behar dugu.
Gora IruƱea! Jai herrikoi, parte hartzaile, parekide eta euskaldunen alde lan egiten duen plataforma da.

Jai batzordeek eta txosna batzordeek jaietako adierazpen sexistetan ere jarri behar dute arreta; imajinario sexistan, hizkuntza sexistan eta musika alorreko sexismoan.
Jaietan eraso sexista ugari gertatzen dela ikusirik, protokoloa landu behar da, eta herri-eragileak horretan inplikatu. aldi berean, autodefentsa feministarako deia egitea beharrezkoa da.
 
Euskal Herriko Bilgune Feministak emakumeen parte hartzearen eta jai ereduen inguruko gogoeta feministetatik dokumentala plazaratu zuen. Ikusteko, hemen.
 
Ikastetxean landu daitezkeen erronkak ondorengoak lirateke beraz:
  • Emakumeen parte hartzea.
  • Jende aurrean aritzea
  • Espazio publikoa okupatzea
  •  Musika eta iruditegia aztertu.
  • Indarkeriari aurre egiteko baliabideak eskaini
 
Jaiak eta gozamenak
SEXURIK EZ DUTE!
 
 



2015/11/20

JAIAK BAI FEMINISMOA ERE BAI !

Festak eta ospakizunak   urteetan zehar  inposatu diren  balore heteropatriarkatuaren erreflexua dira; danborradak, alardeak, San valentĆ­n, Santa ageda, Olentzero…  foroan aztertu ahal izan dugun bezala, eta honek, emakumearen eta sexualitate aniztasunaren askatasuna galarazi eta genero indarkeria bultzatzen du.




Jaiak,  pertsonen arteko harremanekin lotutako espazioak dira. Beraz, egiten diren desfiletan, dantzatan, kontzertutan, alardetan, jolasetan lehiaketetan, kiroletan, antzerkietan, parodietan, ...emakumearen presentzia, parte-hartzea eta emakumeak historian zehar izan duen garrantzia  islatu, eta eredu estereotipatuekin apurtu egin behar da ... jai eredu berriak eraikiz. Elkarrekin ondo pasatzeko eta indarkeri gabeko guneak sortuz , denontzako baldintza berdinetan parte hartzeko aukera eskaintzeaz gain, egiten diren deialdiak, irudiak, leloak, mezuak parekidetasunaren aldeko aldarrikapenak egin behar dituzte. Jaiak eta ospakizunak, berdintasuna, errespetua, askatasuna gozatzeko eremuak bihurtuz. Horretarako, herriko erakunde eta instituzioek argi jokatu behar dute  eta guztiz inplikatu behar dira honetan.






Institutuan  egiten diren ospakizunetan genero ikuspegia  aplikatu behar da,   eta  erabiltzen diren kantak, irudiak aztertu eta sexismoa adierazten dutenak baztertu .
Estereotipoetaz ere askatu egin behar gara. Ospakizunak elkarrekin gustura egoteko guneak izan behar dira, horretarako, ekintza irekiak eta parte hartzaileak  bultzatu behar dira,  ikasle guztiak protagonistak izan daitezen. Egun moreek merezi duten indarra eta lekua hartu behar dute, azaroak 25, martxoak 8, maiatza 17, ekainak 28.






TOLERANTZIA "0" INDARKERIARI ONDO PASATU AHAL IZATEKO GUZTIOK



Gaia laburtu nahian, orokorrean gure inguruan burutzen diren jai eta ospakizunak ez direla oso balore hezitzaileetan oinarritzen ikusten dut, are gutxiago hezkidetzako ikuspegitik begiratuta. Oraindik ere oso tolerantzia handia dagoela balore patriarkalak sustatzen diren jarrerekiko iruditzen zait.


Katarsia edo emozioen liberazioa izan behar badu festen zereginetariko bat, ezin da onartu gizarteko sektore batzuendako bakarrik izatea, gutxiago oraindik beste sektore batzuen lepo lortu izana. 


“Jaiak eta ospakizuna” kontzeptua gauzatzeari, orain arte ikusitakoaren arabera, nahiko urruti gelditzen zaio “generako ikuspegia” daraman errealitatea. Agintean dauden politikoen aldetik askoz gehiago egin daitekeela festak arautzeko momentuan feminismo ikuspuntutik jorratzeko bideetan garbi dago, baina ez dela dena arduradun politikoen lana ere uste dut. Festetan bereziki matxismo sinbolikoa, garrantzia kentzen oso ohituta gauden jokabideak gailentzen dira, eta egoera hauei aurre egiteko denok azaldu behar dugu jarrera aktiboa, denok erakutsi beharko dugu konpromiso erreala, egunerokotasunean gauzatzen dena.


Jaien helburua denok ondo pasatzea baldin bada, protagonismoa pertsona bezala hartu beharko dugu, berdin dio zein den generoa, sexua, arraza edo festak ospatzeko ohitura. Bakoitzak bere askatasun esparrua izan beharko du, besteena hasten den lekuraino iristen dena, ez gehiago. Eta ezta gutxiago ere.  Aske den pertsona batek parean duen bestea bere osotasunean hartzen du kontutan, bestearen nahiak ere jasotzen ditu, bere adierazpenak entzun, bestearen askatasuna estimatu, alboan duen libre izate horrek bere askatasun maila handitu egiten duelako, satisfazioz bete. Genero ikuspegitik askatasuna aldarrikatzen dugu jai eta ospakizun guztietarako eta festetan parte hartzen duten guztientzat ere, zer esanik ez.


Jardueran kanporatu ditugun jai eta ospakizunei so eginez, asko dugula hausnartzeko eta behar larria ekintzetara pasatzeko uste dut. Olentzero, Danborradak, Alardeak, Maritxu Kajoi, San Valentin, Santa Ageda, … ze kontzientzia falta handia. San Fermin txupinazoko irudiei buruz zer esan daiteke! Ondorioztatzen dudan lanketa hezitzaileren behar horri ahalik eta azkarren heldu beharko diogula uste dut, auzoka, kultur elkarteka, ikastetxeetan, udal gobernuan, toki guztietan jorratu beharko dela gaia.


Inportantea iruditzen zait, gainera, eztabaida honen sustatze ardura festa batzordeak hartu beharko lukeela herri eta auzo bakoitzean, beraiengandik irten beharko lirateke proposamen zehatzak lanketa ezberdinetan sortutako gogoetetan abiatuz. Sektore ezberdinen pentsamendu, behar edo nahiak ez datozenean bat beste sektore batzuetatik proposatzen denarekin, gutxienez elkarrekiko errespetua nabarmendu beharko da beste bide alternatibo bat bilatzen den bitartean.
Eta ikastetxeetan? Alde batetik arretaz zaindu behar ditugula jolas sinbolikoen bitartez ikasleek erakusten duten rol banaketa estereotipatua ulertzen dut, esku hartze zuzenaz zein zeharka inguratzen gaituen errealitate soziala beste era batera ulertzen lagundu.
 
Baina bereziki fin ibili behar dugula ikasleek irudikatzen dituzten jaialdietan uste dut, kaleko begirada gordina ekartzen dutelako eskola espaziora, ahaztuta, sarri, ikastetxea espazio hezitzailea dela, eta ez, hain zuzen, gizartean gertatzen diren injustizia eta indarkeriari oihartzun antzua emateko gunea, errespetutik eta gogoetatik at gelditzen den isla.