Jaiak gizartearen isla dira, karga emozionala handia dute eta sexu- genero sistema erreproduzitzen dute. Hori dela eta betaurreko moreak kendu gabe, aztertu eta eredu berriak sortu behar ditugu.
Gaia honetan zenbait jai aipatu ditugu baina neri gehien harritu nauena Ageda deunaren festa izan da. Hortaz pentsatzen, konturatu naiz nere ibilbidean Ageda deunak presentzia handia izan duela. Beste bizitza batean, urte batzuk pasa nituen Sizilian, Catanian, eta burura etorri zait nire lehenengo Santa Agata. Otsailaren 1ean etxetik atera nintzen eta gozodenda guztietan mazapanez egindako titiak ikusi nituen. nik hango eguzkia ikusita, ez nuen Ageda deunaren ospakinarekin lotu. Nire lagun batek, Giuseppek, esan zidan: Agedaren bularrak dira. Ezin nuen sinestu, baina gero kaletik denak ikusten nituen aho bete...titi! Hori ez zen sospresa bakarra, prozesio bat egiten dute hirian zehar, geldialdiak eginez leku sakro eta profano guztietan, gizonezkoak batez ere, emakume batzuk erdi ezkuturik. Batek garrazi egiten du "cittadini, cittadini, tutti devoti" eta beste denek, hau da milaka pertsonek, "tutti, tutti" erantzuten. Harrigarriena da nahiz eta emakume bat laudatu, jai egun horietan eraso sexistak biderkatzen direla.
Hemen beste modu batean ospatzen dugu, baina arretarekin irakurtzen baditu Ageda deunaren koplak, ba bueno...
4.
Edertasunez jaunak apaindu
zuen Ageda gaztetan.
Haren begiak izar bi ziran,
aurpegi gozo haretan.
Gizon gaiztoen grina zitalak
esna zitzaken benetan.
Laister izutu zan Kintziano
Agedaren ederretan.
6.
Emakume gaizto baten mende,
sartu zuten giltzapean,
Agedaren bihotz garbi hura
zikin ote zezakean.
Alperrik baina ahalegindu zan
andre lizuna lanean.
Honek esanak ez ziran sartu
Agedaren bihotzean.
7.
Amorru biziz oinutsik jarri
dute Ageda zintzoa,
txingar gorien gainean gero
ibilarazi gaixoa.
Ondoren, bular bat ebakita,
uzten dute urratua.
Baina Jainkoak bihurtu zion
gau hartan bular mindua.
Martirioa eta guzti! Ze iruditzen? Orain dela gutxi arte Ageda deunaren koroak mutilek bakarrik osatzen zituzten eta Arabako zenbait herrietan mutilek bakarrik jozten dituzte elizako kanpaiak.
Altsasun ere urte batzuk eman nituen eta han ere Ageda deuna ospatzen da. Aste oso bat, urte horretan hemezortzi urte betetzen dituzten neska- mutilek, elkarrekin pasatzen dute bazkaltzen, afaltzen eta parranda egiten. Kinto festan, 36.eneko gerratearen ondoren, neskak modu naturalean parte hartzen hasi ziren, hori txalogarria da, nahiz eta errege eta erreginaren figura eztabaidagarria izan, nere uste apalean.
https://www.youtube.com/watch?v=53MK0mmLJQI
Jai batzuetan emakumeak naturalki parte hartzen hasi dira, beste batzuetan ez da hala izan. Gizartearen isla direla esan dugu lehenago, emakumeek gaur egun eremu murriztuagoan bizi gara, festetan ere. Tradizioa argudio gisa erabili da emakumea baztertua mantentzeko, jendearen emozioekin jolastu dira batzuk eta emakumearen partehartzearen aurka agertu dira potere hegemonikoaren oreka mantentzeko. Hori dela eta, justizia soziala da emakumeek bere herriko jaietan partehartzea eta edozein bestetan edo lekuan erasoak ez jasan behar izatea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina