Gaia laburtu
nahian, orokorrean gure inguruan burutzen diren jai eta ospakizunak ez direla
oso balore hezitzaileetan oinarritzen ikusten dut, are gutxiago hezkidetzako
ikuspegitik begiratuta. Oraindik ere oso tolerantzia handia dagoela balore
patriarkalak sustatzen diren jarrerekiko iruditzen zait.
Katarsia edo
emozioen liberazioa izan behar badu festen zereginetariko bat, ezin da onartu
gizarteko sektore batzuendako bakarrik izatea, gutxiago oraindik beste sektore
batzuen lepo lortu izana.
“Jaiak eta
ospakizuna” kontzeptua gauzatzeari, orain arte ikusitakoaren arabera, nahiko
urruti gelditzen zaio “generako ikuspegia” daraman errealitatea. Agintean
dauden politikoen aldetik askoz gehiago egin daitekeela festak arautzeko
momentuan feminismo ikuspuntutik jorratzeko bideetan garbi dago, baina ez dela
dena arduradun politikoen lana ere uste dut. Festetan bereziki matxismo
sinbolikoa, garrantzia kentzen oso ohituta gauden jokabideak gailentzen dira,
eta egoera hauei aurre egiteko denok azaldu behar dugu jarrera aktiboa, denok
erakutsi beharko dugu konpromiso erreala, egunerokotasunean gauzatzen dena.
Jaien helburua
denok ondo pasatzea baldin bada, protagonismoa pertsona bezala hartu beharko
dugu, berdin dio zein den generoa, sexua, arraza edo festak ospatzeko ohitura.
Bakoitzak bere askatasun esparrua izan beharko du, besteena hasten den
lekuraino iristen dena, ez gehiago. Eta ezta gutxiago ere. Aske den pertsona batek parean duen bestea bere
osotasunean hartzen du kontutan, bestearen nahiak ere jasotzen ditu, bere
adierazpenak entzun, bestearen askatasuna estimatu, alboan duen libre izate
horrek bere askatasun maila handitu egiten duelako, satisfazioz bete. Genero
ikuspegitik askatasuna aldarrikatzen dugu jai eta ospakizun guztietarako eta
festetan parte hartzen duten guztientzat ere, zer esanik ez.
Jardueran kanporatu
ditugun jai eta ospakizunei so eginez, asko dugula hausnartzeko eta behar
larria ekintzetara pasatzeko uste dut. Olentzero, Danborradak, Alardeak,
Maritxu Kajoi, San Valentin, Santa Ageda, … ze kontzientzia falta handia. San
Fermin txupinazoko irudiei buruz zer esan daiteke! Ondorioztatzen dudan lanketa
hezitzaileren behar horri ahalik eta azkarren heldu beharko diogula uste dut,
auzoka, kultur elkarteka, ikastetxeetan, udal gobernuan, toki guztietan jorratu
beharko dela gaia.
Inportantea
iruditzen zait, gainera, eztabaida honen sustatze ardura festa batzordeak hartu
beharko lukeela herri eta auzo bakoitzean, beraiengandik irten beharko lirateke
proposamen zehatzak lanketa ezberdinetan sortutako gogoetetan abiatuz. Sektore
ezberdinen pentsamendu, behar edo nahiak ez datozenean bat beste sektore
batzuetatik proposatzen denarekin, gutxienez elkarrekiko errespetua nabarmendu
beharko da beste bide alternatibo bat bilatzen den bitartean.
Eta ikastetxeetan? Alde
batetik arretaz zaindu behar ditugula jolas sinbolikoen bitartez ikasleek
erakusten duten rol banaketa estereotipatua ulertzen dut, esku hartze zuzenaz
zein zeharka inguratzen gaituen errealitate soziala beste era batera ulertzen
lagundu.
Baina bereziki fin
ibili behar dugula ikasleek irudikatzen dituzten jaialdietan uste dut, kaleko
begirada gordina ekartzen dutelako eskola espaziora, ahaztuta, sarri,
ikastetxea espazio hezitzailea dela, eta ez, hain zuzen, gizartean gertatzen
diren injustizia eta indarkeriari oihartzun antzua emateko gunea, errespetutik
eta gogoetatik at gelditzen den isla.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina