#Igorete etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#Igorete etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/04/27

Aitatxu, egun osoa ematen duzu ikasten!!

Horixe izan da alaba-semeen esaldia egun askotan, batez ere asteburuetan.
Eta entzun-ikusten dituzten bideo, musika, jolas, serie eta filma guztietan sartu dut burua. Ez didatela barriro ikasten utziko esan didate, irribarre bat ahoan.
Esan diet pertsona hobea izateko ahalegina egunero egin behar dala.

Eta gero dantza egin dugu.



2020/03/16

Ondo maite zaitut



 
2016an Miren Amuriza bertsolari, abeslari, idazleari... irakurri nizkionetik Berrian, ahalik eta gehienetan saiatzen naiz erabiltzen. Ahoz ordutik. Ekintzaz lehenagotik, askoz lehenagotik, jakin barik ari nintzen horretan “tratu onak” baino gehiago zirela: “Ondo maitatzea zaintzea da, ez itotzea; onartzea, ez aldaraztea, ez idealizatzea; bestearekin kritikoa izatea da, ez epaitzea; hobetu dezan motibatzea, ez eskasa dela sentiaraztea...” Hitzok oso erraz dira irakurtzekoak, eta ulertzekoak, ez da? Geure buruari begiratuz gero, zenbatek esan dezakegu gai garela gure inguruko pertsonekin horrela aritzen garela? Baita Twitterren edo Facebooken harremana dugunekin?

Ondo maitatzea da “Gurasotasun Positiboa”ren proposamena. Lau hitzetan laburbildu daiteke gurasotasun positiboa: Mesedez (zure parte hartzea beharrezkoa da). Eskerrik asko (zure denbora partekatzeagatik). Barkatu (nire okerra onartzen dut). Fidatzen naiz (badakit gai zarela).

Ondo maitatzea zaintzatik hastea ez legoke txarto:





Arbasoen hitzetatik Bego Mentxaka-ren Tratu onen bila aipatu nahi dut, ematen dituen baliabideengatik. Etxean pasatu behar ditugun egun hautarako nahikotxo!!
 


Zein dugu erronka? Desikastea. Honekin ere orain arteko hierarkia eta jabetzari lotutako harremanak ahaztu behar ditugu. Haurrak, ikasleak, ez dira “gureak”. Gurekin batera, elkarrekin bidaiatzen dugun bidaiariak garela imajinatu behar dugu. Eta bidaiaren amaierara onik ailegatzeko denon beharra dugula.

Nondik has gaitezke? Honatx proposamen txiki bat. Egunotan etxean geratu behar garela aprobetxatuz, hainbat ekimen sortu dira. Hoietako bat (Estación Bambalinaren euskaraketa GazteOiartzunek egin omen du) “70 ideia erraz”. Hauek elkarrekin egitea da nere proposamena. 



Eta hauek egiten ditugun bitartea, musika entzutea!
 

2020/03/09

Gizon matxista naiz

 Zenbat gizon ezaguni entzun diozu “Gizon matxista naiz” esaten? Ziurrenik esku bakarreko hatzamar guztiak soberan izango dituzu zenbatzeko. Zenbateri “Gizon feminista/aliatua naiz”? Oinetako behatzak ere beharko dituzu... lagunarenak!


Norberak eragiten duen arazo bat konpontzeko eman beharreko lehen pausua, arazoaren parte eta eragile dala onartzea da. Horra...


ETA EZ NAGO HARRO!!



Eta nire erronka da matxismo honi aurre egitea, bai nigan eta baita inguruko gizonengan. 





Horretarako indarkeria ezberdinak ezagutzea ezinbestekoa zaigu. Izebergaren bitartez sotilak direnak (mikromatxismoak, hizkera sexista, kontrola, umore eta txiste matxistak, inbisibilizatzea, baliogabetzea, gezurrak) eta agerikoak direnak (mespretxuak, umilazioak, xantaia emozionala, errudun sentiaraztea, alde batera utzi, oihuak, irainak, mehatxuak, sexu-erasoak, eraso fisikoak, bortxaketak, eta erailketak) ezagutu eta bereizi ditzakegu. Bdbtz, gizonen batek ez badaki zer diren mikromatxismoak, bideo honetan hainbat agertzen dira. Zeintzu ezagutu dituzu?





Bortxametroek (violentometros) indarkeria ezberdinak beste mailaketa baten bitartez erakusten dizkigute (hau Zizur Nagusiko udalarena da). Eta kontutan izan, mezuak ez dirala emakumeei zuzenduak!


Aurreko urteetako postetatik Argiñe Alacano Loiti-ren Begibistakoa da edo ez aukeraru dut. Hasieran, erabilitako lehen argazkiagatik (azaldu behar dut zergatik erakarri nauen?)






Eta ostean, post osoarengatik. A zelako lana dana hain ondo zehazteko!


Eman beharreko beste pausu bat, heteropatriarkatuak definitutako “gizona”-rekin bukatzea da. Horretarako onartu egin behar ditugu honakoak:

- Maskulinitate eta indarkerien arteko elkarketa desegin

- Espazio pribatu domestikorako autonomia garatu

- Baliabideak eta poterea partekatu

- Zaintzaren erantzunkizuna onartu

- Emozioekin kontaktuan jarri

Batzuek honi “Maskulinitate berriak” esaten diote. Etxean aitak bost hoietatik danak erakutsi zizkigun. Beraz, berriak ez. Maskulinitate anitzak, ala, maskulinitateak besterik gabe. 


Eta bukatzeko, aurtengo #M8.an erabilitako lelo bat "lapurtuko" dut, oraingoan gizonoi zuzentzeko:


"Katerik gabe, katean"

Gizon guztion artean egin beharrekoa da erronka hau!
Ez izan Joan Planas edo LosMeconios bezalakoa!!

2020/03/02

Gatazkarik gabe ezin bizi

Gatazka hitzaren esanahia Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera: iz. Interes, iritzi edo jarrera kontrajarriak dituztenen arteko aurrez aurrekoa. Eta gure iruditegi kolektiboan “aurrez aurreko” hori beti omen da askatzen indarkeriaren bidez. Hitzezkoa ala bestelakoa, baina indarkeria.
Duela urte batzuk, eta bizipen pertsonal batzuei esker, ikasi nuen gatazkak indarkeriaz askatzeak ez dakarrela benetako askatzea. Enpatia eta asertibitatez askatzen danean gatazka, orduan askatzen dala benetan.

Eta kontutan izan behar dugu, inoiz begi-bistatik galdu barik, Rigoberta Menchuk zioen bezala, bakea ez dala gerrarik eza. Hau da, ageriko gatazkarik ez ikusteak ez du esan nahi gatazkarik ez dagoela. “Cine Invisible – Invisible Express”-eko film labur honetan 


 baten batek pentsa dezake emakumearen erantzunik ez dagoenez, ados dagoela. Ezezko argirik ez dagoenez, baiezkoa dala, “entzun eta isil, baiezko borobil” esaera zaharrari men egiten badiogu, gatazkarik ez da inoiz askatuko.

Aurreko ikaskideenetatik Amaia Chueca-ren aukeratu dut. Gure erronka diralako Maria Montessori-ren hitz hauek “'Bakeari buruz ari gara denok, baina ez du inork bakerako hezten. Lehiakortasuna erakusten du gehiengoak, eta hau da guda ororen abiapuntua. Lankidetza eta elkarri laguntzeko hezten dugunean hasiko gara bakea erakusten”.

Gomendioetan, bi:
Batetik liburutxoa, gazteekin asertibitatea lantzeko “Asertibititea, ezetz esaten ikasi”.


Bestetik, Nafarroako hezkuntza sailak argitaratutako Leonor Pérez Casajús-en “Bitartekotza eta gatazken konponbidea. Programazioa. GidaDidaktikoa”.



Beraz,
- gatazka dagoela onartu
- onartu gatazka ez dala zerbait negatiboa izan behar
- enpatia, jar zaitez bestearen lekuan, bere begiekin ikus ezazu zure burua
- asertibitatea, bestearen ikuspuntua errespetatuz norberaren eskubideak ez ukatu
- gatazka hazteko erabili

Modu positiboan begiratuta, zubiak eraikiz (😂😂😂), danak dauka soluzioa!


2020/02/24

Maitatzen ikasi

Burua gaian jartzeko, honatx ariketatxoa


 

Arbasoen hitzak beti dira lagun #Hezkidetza.ren bidean. Oraingo honetan Leire Garroren “Heziketa Afektibo-Sexualaren Inguruko Hausnarketa” dakartsuet, batetik oso adibide onak eta mamitsuak erabili dituelako eta bestetik, hezkidetzaileon erronkak oso ondo zehaztu dituela uste baitut.

Guzti honen inguruan sakontzeko aproposa dugu aste hau, ze, zer hoba Zinegoak 2020-ra hurbiltzea baino? http://zinegoak.com/


 
Badirudi maitatzen ikasi behar dugula. Aurrena geure burua (honetan proposatutako ariketatxoa zuek zeuek egitea proposatzen dizuet “¿Qué cambiarías de tu cuerpo? https://www.youtube.com/watch?v=mLUliHSHbT4”), besteak osasunez maitatu ahal izateko.
Txikitatik ikasten dugu ama-aitak, izateagatik maitatzen. Ahizpa-arreba-neba-anaiak bardin. Maite ditugu galdetu barik zergatik edo zertarako. Kontutan izan barik, jaramon egin barik euren sexu-genero adierazpenari. Pertsona maite dugulako. Has gaitezen ba!!



Eta ez ahaztu, "Ez dago inor zu bezelakorik!"



2020/02/17

Ni, naizena naiz, eta zu zaitut gustuko

 


Eta zuk ni banauzu gustuko, akabo komediak. Goazen (sukalde, mahai, komun, sofa, dutxa, bainera...) ohera !!!!
Zertarako eta zergatik baldintza gehiago?






Arbasoen idatziei erreparatuz, Aida eta Itsasok sinatutakoa dakartsuet: Identitate Eta Aniztasun Sexualei Buruzko Hausnarketa, Kattalin Minerren “gizon-emakume kartzela” espresioa goian aipaturiko nire esaldiarekin bat guztiz datorrelako, batez ere, eta proposatutako bideoengatik (ikus itzazue, merezi du ta!).

Oraingo honetan PantallasAmigas-eko bi bideo dakarzkizuet: lehenengoan Pau (emakume trans-a dena) amomari esan nahi dio emakumeak gustuko dituela, eta ez daki zelan. Eta amomak beti amoma, soka berak botako dio.




Bigarrenean, ikastetxe batean, ikasle batzuk “zerbait” ari dira prestatzen lesbiana bikote batentzako. Zuk, zer egingo zenuke horrelako egoera bat ezagutuko bazenu? 

 


Eremu hezitzailean eta jendartean zail daukagu epe laburrean erronka hau gainditzea. Pertsonok memoria dugunetik hiltzen gara. Eta hainbeste denbora pasatu den arren oraindik ere beldur diogu heriotzari.
Ez ditugu inguru berri - ezezagunak gustuko. Beldur diogu klasifikatu ezin dugunari. Eva Perez-Pons-ek nik baino argiago esaten du “Izenik ez izateak ez du esan nahi betidanik existitu izan ez direnik”.
                                                                                        

2020/02/10

Ez, ez da zuk ikusten duzuna





Irudia Pablo Stanleyren Open Doodles-etako bat da, eta aske jarri ditu hemen


Identitatea. Genero identitatea. Jendarte honetan, batera ala bestera egin behar dugu. Ez batera edo bestera nahi dugunean. Ez banaiz bat, bestea izan behar dut. Nirekin zaude ala nire kontra.
Baina, nola erabaki pertsonak egoera, sentimendu, gura, ekintza, erabaki... txikiez osatutako osotasunak baldin bagara?
Benetan mugatu nahi duzu nor, zer, nola, nolakoa... naizen?




Arbasoen hitzetatik hauexek aukeratu ditut, Ana Extramianaren Identitate eta orientazio sexuala batetik ematen dituen baliabideengatik (ikusi duzue ze nolako link / esteka sorta?) eta bestetik identitatea / generoa / sexua / orientazioa azaltzeko erabiltzen dituen adibide eta aukera anitzengatik.

Heziberri2020an esaldi honek emon dit begietara: “modu kontzientean eta nahita eragiteko identitatearen eraikuntzan”. Eta aldiz ez da “izkutua” edo “ezkutua” hitza “curriculum” hitzaren ondoan inon topatzen. Beraz, agian, hortik hasi beharko ginateke, dokumetu ofizialetan ager dadila ikastetxe guztietan garatu beharreko curriculum horren aipamena.

Duela gitxi, neguko oporren aurretik, gertaera interesgarri (alde positiboa ikusi nahi diot) bat gertatu zen ikastolan. Olentzero abesten ataratzeko, umeak mozorrotu egiten dira. LHko taldeetan, neskatoak prakaz jantzita ataratzeko aukeraz jardun ziren, baten batek amari esan omen ziolako urte osoan gona edo soinekorik erabiltzen ez bazuen, zergatik egun horretan behartuta jantzi behar zuen. Eta WA taldean oso ondo hartu zan. Aita bikote batek, jarrera hain ona ikusita, euren semea gonaz jantzita joango zala esan zuen. Ondorengoa ez dut azalduko, baina auzo-lotsa, herri-lotsa sentiarazteko modukoa izan zen.
Eta dana mozorro batengatik!

Datorren astera arte esaten dizuet etxeko lan bi utzita.
Lehenegoa El Mundo egunkarian (?) duela bi egun, otsailaren 8an, argitaratutako Alicia Miyares-en artikulu bategaz. Horretan irakurri ahal izateko harpideduna izan behar denez, beste esteka honetan aurkituko duzue "Las feministas no aceptaremos que se reconozca jurídicamente la identidad de género". Eta horrela Mujeres en Red ezagutzeko aukera duzue :-)

Bigarrena, TedXMadrid-eko Yolanda Dominguez-en “Revelando estereotipos que no nos representan”


Aste ona pasa! Eta ostiralean, kontuz!

2020/02/09

On, aitzakiarik ez ixildu behar zaren jakiteko, #txo!

Emakumeen ekarpenak ezkutatu eta emakumeak azpi-errepresentatuak direla ikusi dugu aurreko asteetan. Hauetako adibide bat ingelesez #mansplaining esaten zaiona da: “gizonak emakumeari emandako azalpen hantuste eta paternalista”. #Euskaraz ere hitz bat sortu da txiolarien artean: #Arzalpen. 2016Ko abenduko Santa Tomasa egunean Estitxu Garai Artetxe.k proposatu zuen, eta oso onartua izan da euskal komunitate digitalean. Hau, zehazki azalduta Sustatuko Ana I. Morales.en postan dago.

Eta asko dugunez ikasteko oraindik, zer hobea arzalpena zer den ikasteko diagrama bat baino!!
Berez, Lorena Fernandez @loretahur.i ikusi nion txio baten, eta honek @InmaFerragud.i.

Ingelesez dago 

Am I #mansplaining?

eta nirea da euskaraketa:

 


#Arzalpenak ematenari naiz?
On, aitzakiarik ez ixildu behar zaren jakiteko #txo!

2020/01/27

Desorientazioa orientazio bihurtzeko erreminta da hezkidetza



Gogoratzen dut oraindik ikastaroa hasi zeneko sesioa. Danak bildu ginen areto baten eta proiektorean hainbat datu agertu ziren. Hoien artean, emakumeen presentzia unibertsitatean. Eta ez ziren datu onak, ez. Hori dela eta Hezkidetzaren beharra. Eskolako pausu guztietan behar dugun begirada dugu hezkidetza, emakumeek argi izan dezaten. 




Ez dakizue zenbat kostatu zaidan arrosa-urdin kolorekoak ez diren sinboloak aurkitzea. Hainbeste, beltzak aukeratzea izan dala "beste" aukera bakarra.

Eta hortxe erronketako bat. Emakumeek argi izan dezakete zer nahi duten LHn, baina DBHra ailegatzen direnean gauza guztiz aldatu egiten da. Hori dela eta InspiraSTEAM bezalako ekimenak LH6n egitea. DNHrako indarra izateko.
Bigarren bat ikasleen gurasoak lirateke. Gaur egungo gurasook, buruan gehiago izaten dugu jendarteak zer onartzen duen eta zer ez, gure alaben nahiak baino. Beldurra izaten dugu eragile, jakinda ere etorkizuna ezin duela inork aurreikusi eta egiten egiten dala.


Aurreko ikastaroetakoa hauxe hartu dut, Marijose-ren “Orientazioa eta aukeren inguruan hausnartzen” eta helbide honetan irakur dezakezue: https://hezkeh0506.blogspot.com/2016/01/orientazioa-eta-aukeren-inguruan.html Batetik eskoletan izaten ditugun kontraesanen zerrendagatik, eta bestetik ikastetxeetan lantzeko proposatutako puntuengatik.

Bukatzeko, humorezko bideo bat. Carmen Machi-k argi dauka: “leo revistas femeninas, y no les hago ni puñetero caso”. Zer ez irakurri berdintasuenan aurrera egin nahi badugu.




2020/01/20

Baliabideak BALIABIDE izatea



Harreman Sareen erabileran, gaur egun nork ez du behintzat bat erabiltzen?, denok jarri behar dugu begi bat (eta askotan biak eta ondokoaren beste biak ere eskatu behar ditugu baita) #matxismoa, #mikromatxismoak, #erasosexistak, #fakenews edo #gezurra diren berriak filtratzeko.
Gaur egun onartuta dago, eta horrela irakasten da sendietan, derrigorrezkoa dala telebista ikusi, irratia entzun eta idatzitako berriak irakurtzean, ez dugula dana sinistu behar. Ikuspegi kritikoz hartu behar ditugu gugana ailegatzen diren informazioak. Eta oso pertsona gitxik esaten dute hau ez dala beharrezkoa. Sareen bitarteko harreman onek iraun behar badute, behintzat.
Ikuspegi eta energia berarekin hartu behar dugu heziketarako erabiltzen ditugun baliabideen eraldaketa eta sormena.

“Zelan hasi” izan daiteke galdera polita eta beharrezkoa.
Esaten da gauza sinpleak oso eraginkorrak direla. Eta oso sinplea eta eraginkorra da “Bechdel testa”. 

Frogatu, edozein filmarekin, adibidez Netflixeko “El Irlandes”-ekin. Ze nolako ondorioa ateratzen zaizue? Pista bat emango dizuet filma aurkezteko erabiltzen den irudiarekin...



Aurreko edizioetakoetatik Agurtzane Goitiaren “Curriculuma Eta Baliabide Didaktikoen Inguruan Hausnartzen” aukeratu dut. Batez ere emakume hau aurreko astean ezagutu nuelako (ikasle izan nuen) eta Sestaoko Berritzegunean egiten duen lana ikaragarria dalako, eta testu horretan oso ondo adierazten duelako zeintzuk ditugun erronkak (oraindik ere).


Bukatzeko, Javier Armentiak kontatzen du Naukas honetan “Mariconás las justas: ciencia LGTBIQ”, batetik, zientzian beharrezkoa izan dala begirada queer bat eta nola Museo Nacional de Ciencias Naturales-era joan ziren eta bertako deskribapenetan esku-hartze inklusiboa egin zutela.


Animatzen zara zu ere osaketaren bat egitera zure inguruan?

2019/12/23

Zenbat emakume dago gure inguruan?



Esan dezadan aspaldi ez nintzela gabaz ataratzen. Aspaldi, aspaldiago oraindik ere, ez nintzela modako lokaletan sartzen gabaz. Aspaldi ez nuela begiz ikusten emakumearen presentzia gizon zisheteroak (eta lesbianak?) erakartzeko erabiltzen zala.
Bost edo sei tokitan izan ginen ostiral gabaz. Ez dakizkit izenak, eramaten baininduten.  Baina denetan, esango nuke, barran zerbitzatzen ziren emakumeak, euren gorputza (nahita edo jakin barik) erabiltzen zuten bezeroak erakartzeko. Klaro, emakume hauek danak, profesionalak dira. Dudarik ez (benetan).
 



Gomendatzeko #Garazi-ren "DESERAIKIZ BERRERAIKITZEN: Egin lekua, eman denbora". Kontatzen duen "ipuina"gatik. Gomendatzen duen filma/engatik eta gure erronkak zein diren hain ondo azaltzeagatik.

Ondoko bideo hau, pertsonak zelan ikusten ditugun hausnartzeko balio digu.


Lan egiteko oso erraza da. Bideoa ikusi ostean, gure ezagunen karakteristikak zerrendatzen ditugu. Lehenengo banaka. Gero taldeka. Bukatzeko, taldeka, horietatik, zeintzuk dagozkion emakumeei eta zeintzuk gizonei. Gero partekatu. Eta harriduraz entzun zer lortzen dan.

Gure erronka, bai jendartean eta baita heziketan ere, besteak zelan diren ikustea dugu. Eta generoa baztertuta, bakoitzari dagokion lekua eskaini.

2019/12/16

Nork erabakitzen du zelan hitz egin? Esan ezin bada, zertarako hizkuntza?



“Es innecesario, pues el español ya dispone de un mecanismo inclusivo: el masculino” señoro baten esana dala emoten du, baina ez, Espainiako Real Academia Españolak esandakoa da. Behin baino gehiagotan gainera. Ez, ez dut nik asmatu --> https://mobile.twitter.com/RAEinforma/status/1205520423229763584
Euskaltzaindia batek holako zerbait esango balu, zein izango litzateke gure erantzuna?

Aurreko ediziotekoeatik #AnaLe-ren Hizkuntzaren erabilera ez sexistaren inguruan hausnartzen aukeratu dut. Batetik erabili duen “Erabilera aldatzea sistema bera aldatzea baino errazagoa da” esaldiagatik (hau dalako hizkuntzaren lanketarako erronka bat) eta aurkitzen ez-gai izan naizen gida bat proposatzen duelako (baten batek badauka, bidaliko dit?).



Eta gomendatzekotan “Hizkuntza ez sexistaren gida” bat, ba hau: gida
Nik, nere partez, Pikarak eta EHUk “Euskararen erabilera inklusiboa” aukeratu dut. Titulu horretan eta gero kapitulu oso batetan garatutako hitz horrengatik “inklusiboa”.



Eta garrantzitsua deritzot alde honi. Generoaren binarismoaz hitz egin dugu ikastaroan gaur baino lehen, eta argi dugu gizarte honetan danak ez garela zisheteroak, zuriak...


Gure erronkak, batetik sistemaren kontra joatea izango da, sistemaren kontra sistemaren barrenetatik egin behar dugu, eta kasu honetan zilegi dugu. Irantzuk esaten digu “Hizkuntzak errealitatea eraikitzen du”

Bestetik, gure ingurukoak konbentzitu hizkuntza barnerakoia, eta ez bakarrik ez sexista, erabiltzeaz. Lan erraza eta zaila. Norberak hasi behar du(gu) iraultza.

2019/12/09

Historian idazten! Etorkizuna hezten!




Aurreko urteetako AneLe-en post hau aukeratu dut: Emakumeen presentzia eta ekarpenak pixka bat beherago ulergarria izango den zioagatik ;-) (Klaro, klik ez baduzue egiten, eta zerbaitxo irakurtzen, ez da ulertzen)


Euskal emakume aitzindari bat. Emakume sortzaile bat. Lehenengo ideia, WikiEmakumeak-era joatea izan da. Beno, lehenengo-lehenengoa lagunei whatsapp bidez galdetzea. Baina berandu eta igandea denez ez dut egin.
Bigarren ideia gaur egungo euskal musikariren bat (Afrika, Anari, Ines, Lorea eta Eva) aipatzea. Errezegia (zer sortu duten aipatzea) eta zailegia, euren lana besterik ezagutzen dudalako.
Hirugarrenean (aidanez ez) gaur egungo feminista eta sortzaile ezagun bat aipatzea otu zait: June Fernandez (PikaraMagazine, 10 Ingobernables) ala Irantzu Varela (El Tornillo, umorea).
 
Ta azkenik (noiz ba?) heldu zait inspirazioa. Irakaslea, idazlea, zientzalaria, argazkilaria, esataria,


zuzendaria, feminista... Bada gaur egun horrelako norbait eta euskal herrikoa? Bai ba, bera Lorena Fernández (@loretahur Twitterren) da: Deustu Unibertsitateko nortasun digitalaren zuzendaria, Filipinas, tierra de tifones liburuaren idazlea, bere blogean emakumeen ikusezintasunari buruz idazten du eta jendearen aurrean honen inguruan hitz egiten du.

                  #TedEx Lorena Fernandez "La increible mujer invisible"

Horrez gain 12 miradasen idazten du baita ere eta Emakume Teknologoarentzako Ada Byron sariaren batzorde zientifikoko eta antolaketa batzordeko kidea da.
Oso gustuko dudan projektu baten sortzailea eta aholkularia: InspiraSTEAM. Bertan azaltzen duten moduan “nesken artean zientzia eta teknologiarako bokazioak sustatu nahi dituena. Horretarako sentsibilizazio eta orientazioko ekintzak egiten ditu, ikerketa, zientzia eta teknologia arloetako emakume profesionalen eskutik.”
Lorenari galdetuta ea zergatik neskek gutxiago hartzen dituzten zientzietako ikasketak, honakoa esaten du: “Gai askoren batuketa da, estali beharreko hamaika zulotatik ura galtzen duen hodi bat”.
Bukatzeko, Lorena Espainiako 6 emakume zientzialari aipagarrienetako bat bezala izendatu dute aurten.
Benetan historia egiten ari dala emakume hau!!

Zelan eragiten du guzti honek gugan? Neskato baten eta bi mutiltxo aita bezala, argi daukat ikusi ezin dana ezin dala ikasi. Eta ezin bada ikasi ez da inorentzako erreferente izango. Eta ez bada erreferente inorentzako, nork nahi izango du hori ikasi?

Etxean Liburu hauxe daukagu.



Amomarena baina gurean geratzen dana. Eta noizbehinka apaletik mahaira bidaiatzen du, norbaitek begiradatxo bat bota diezaion.

#bdbtz, Lorena ez dago WikiEmakumeak-en...

2019/11/24

Legeak harat-honat, hezkidetza eta berdintasuna ez da geletara ailegatzen

 
Hainbeste lege, dekretu, arau, plan, gomendio, programa, helburu, itun, aholku eta agendarekin galdu egin naiz. Udazkenean haizeak eramaten duen hosto baten antzera sentitu naiz II. Hezkidetza plana irakurtzen izan naizenean.
Lege askoren barri banuen, eta ezagutu ez nuen batere ezagutzen. 
Eta nahiko argi geratu zait politikoek asko hitz egiten (eta idazten) dutela baina gero indarrean jartzeko presarik ez dutela.
Gaur jakin dut lege bat dagoela eskola-liburu sexisten aurkakoa. Duela 13 urtekoa. Eta liburu zaharkitu hoiek ez dira berziklatzera bidali. Gela eta liburutegietako apaletan dira oraindik.


Gure aurrekoeenetan Isa Casaresena aukeratu dut. Bi arrazoirengatik. Lehena, lege baten, Euskadiko emakumeen eta gizonen berdintasunerako legea, azalpen txukuna eginagatik.
Bigarrena, erabilitako irudiagatik. Ezagutzen nuen jatorrizkoa, eta ez hau. Garaia dugu gizonok gure ardurak hartzeko!!


2019/11/18

Ospakizun hauek ospa?




Ospakizunak hezkidetzaren (feminismoaren) ikuspuntutik aztertu ostean, ikusi dut askok eta askok erlijioekin izaten dutela harremana oraindik ere. Gaur egungo gizarte honetan dauden erlijioak androzentristak direnez, jai hauek bere horretan mantentzen ditugu. “Dira” idatzi behar nuen, baina jaiak pertsonok egin eta ospatzen ditugu, beraz gu gara hoietan gertatzen denaren erantzule.

Hau nola bait laburbiltzen duena “... festetan gure iruditegi sinbolikoa kondentsaturik agertzen zaigu. Une garrantzitsuak dira, komunitatea saretu eta gizarte-egiturak indartu edota eraldatu egiten diren uneak, hain zuzen. Baina hainbat subjekturentzat festak, beldurra eta erasoekin lotuta egon daitezke eta iruditeria aldatzeko beharra...” dira Miren Guilló antropologoaren hitzak,

Festak, genero-harremanak eta feminismoa” liburuaren egilea. Hitzok Pikara Magazine-k argitaratu zituen aurtengo ekainean “festak eta feminismoa” deituriko artikulu eta HalaBedi-ko “edo ez da izango” irratsaioan.

Blogeko aurreko post bat aukeratzekotan Uxana-ren “Jai eredu baztertzaileei traizio” sakura. Musika, mozorroak, espazioak, harremanak... lantzen ditu bere testuan, eta horrek erakarri nau.


Konturatu naiz jai eta ospakizunekin lan ikaragarria dugula egiteke eta egiteko, “jaietan jai” nahi dugulako eta ez gaudelako prest “askatasun” momentu hoiek galtzeko. Gizonoz ari naiz, konturatu zara?
Esan dudana ulertzeko, Bartzelonako udalak gaur aurkeztutako bideoa:

                                              El present és Feminista