Argi dago eskola mistotik hezkidetzailera pasatzeko atal garrantzitsu bat izan behar dela gure curriculuma hezkidetzailea izatea. Heziberrin honen inguruan zerbait aipatzen da "justiziaren" kontzeptuaren atzean. Azken finean bermatu behar diegu pertsona inolako bazterketarik gabe aukera berdinak izatea, eta horrela ez bada "konpentsazioa" egin beharko lirateke desberdintasun horiek gainditzeko.
Curriculuma hezkidetza ikuspegitik abiatzeko ezinbestekoa da EMAKUNDEK argitaraturiko Gidan aipatzen dituen iturburuak kontuan hartzea:
a. Iturburu soziologikoa, hots, gizarte-antolamendua nola dagoen banatuta aztertuz (Baloreak, kultura, jarrerak, genero eta espazio publiko eta pribatuen hierarkizazioa,...)
b. Iturburu psikologikoa. Ikasleen garapen ebolutiboak eta ikaskuntza garapenak zer nolako prozesuak jasaten dituzten jakin (sexu-diskriminazioa biologikoki justifikatzea, gure nortasun pertsonala geneen etas hormonen ondorioak direla esatea,..)
c. Iturburu pedagogikoa. Hezkuntza ereduak genero maskulino eta femeninoren hierarkizazioan oinarrituta egon direla kontuan hartzea, eta horrek ekarri dituen ondorioak
d. Iturburu epistemologikoa. Menpekotasun sisteman justifikatzea ikuspegi androzentrimoa bultzatzeagatik. Kontuan ez izatea, emakumearen partaidetza aktiboa gizartean. Historiaren ikuspegi bakarrarekin kontatu izatea,...
Baina curriculum hezkidetzailea izatearekin nahiko izango da?
Ba, nahiz eta curriculuma abiapuntua izan, aurreko asteetan ikusi dugun moduan hainbat eremutan ere jardun beharko genuke. Esate baterako:
1.- Diskurtsoa aldatzen joan (maskulinoaren ikuspegia ardatza ez izanda)
2.- Sentsibilizazioa
3.- Prestakuntza
4.- Eta noski material didaktikoa
Baina nondik hasi?
Egia esan hainbat ikerketa eta proposamen aurki ditzakegu. Hala ere gehienetan aipatzen den ideia nagusia da DIAGNOSIA egitea. Argi dago ezinbestekoa dela jakitea nondik hasten garen. Ikastetxe batzuk ibilbide desberdinak egin dituzte eta hainbat esparrutan, hezkidetzan ere, zerbait landu egin dute. Batzuetan ohartu gabe jadanik horretan ari direla. Oso interegsarria ikusi dut BECHDEL TESTA modu erraz batean sexismoa identifikatzeko.
Diagnosia egin ondoren argi dago ERABAKIAK HARTU beharko ditugula. Horretarako proposamen desberdinak daude:
* Mari Jose Urruzola 2001
1.- Dagoena ikuspegi kritikoz aurkeztuz mantendu.
Hemen proposamen batzuk:
-Gure ikasgaiko testu liburua aztertu ikasleekin batera eta horren inguruko txostena sortu ondorioekin, ikastetxean publikatu, baita argitaletxekoei eta egileei bidali.
- Ipuin klasiko bat hartu eta aztertu. "Hiru senarrak" ipuinarekin egin genuen moduan.
- Urtero erabiltzen dugun kanta baten letra aztertu.
2.- Dagoena modatu/Osatu
Hemen proposamen batzuk:
- Kasu honetan pausu bat gehiago ematea da. Hezkidetza ikuspegitik analizatu ondoren orain beste aukerak ematea izango litzateke.
- Ipuinekin adibide bat, amaiera desberdinak proposatzea izan daiteke edo protagonisten sexua aldatzea eta ipuina berriro kontatzea. Oso interesgarria ikusi dut ROMPECUENTOS MATERIALA, ideia honetan oinarritzen baita.
- Testu liburuekin: emakumeen ekarpenak gehitu gai berdina lantzeko, beste esperientziak aurkeztu,...
3.- Hezkidetzailea den batekin ordezkatu
Egia da oraindik testu-liburu hezkidetzaile bezala izendatuta daudenak ez ditugula oraindik topatzen, baina bidean badoaz. Ipuinetan, aldiz, hainbat bilduma aurki ditzakegu hezkidetzaile diren ipuinak aipatuz. Gauden momentuan, baliabideak identifikatzeko prozesuan gaude, baina lortu beharko genuke identifikazioaren beharra ez izatea, hots, baliabideak berez hezkidetzaileak izatea.
4.- Falta dena sortu.
Askotan ez duguna topatzen sortu behar dugu. Batez ere gurre herrialdean, euskara materialak topatzea zaila izaten denez, euskaratzeko beharra izaten dugu. Horrela gertatu zitzaidan SUPERLOLA materialarekin eta bestelako ipuinekin, test edo infografiekin ere. Bigarren jardueran aipatu izan dut.
Egia da sormen eta euskaratze lanak nahiko denbora eta dedikazioa eskatzen duela, baina poliki poliki bakoitzak zerbait eginez sekulako bilduma osatzea lortuko genuke.
Beraz, ze erronkak ditugu aurrean?
Erronken inguruan hitz egiterakoan, lehenengo eta behin aipatu behar dut gauzak aldatzeko beharra izan behar dugula, eta horretarako ezinbestekoa da begiak zabaltzea, sentsibilizatuta egotea.
Beste aldetik, gainerako lan bat bezala ez hartu, aprobetxatu mintegiak, eskola komunitate osoa, ikasleekin gelan egiten ditugun ekintzak, moldaketak, azterketak,... aurrera eramateko.
Eta azkenik, baliabideak, programa eta esku-hartze batean planifikatuta egon beharko lirateke.
Kasu honetan aipatu behar dut Luixa Reizabal Arruabarrenaren "Genero-berdintasunean hezteko gida"n agertzen den proposamena.
Hezkidetza Baliabideak diseinatzerakoan hainbat jarduera eta teknikak proposatzen ditu, ezagutzen ditugunak, baina hezkidetzaile ikuspuntua txertatzen diona (Ipuinak, Hitzaldiak, Marrazkiak, Jolasak, Rolen antzezpena, Bideo-forumak, Testu iruzkinak, Eztabaidak)
Horrez gain Luixak proposatzen du baliabideak eta materialak ESKU-HARTZE programa batekin lotuta joan behar direla. Diseinatuz, gauzatuz eta ebaluatuz, faseak eta alderdiak aipatuz.
Modu isolatuan edo noizbehinka baliabideak eta materialak erabiltzea, programa bat atzetik ez izanda, ez du behar beste eraginik izango.
Nire ustez Luixak aipatzen duen esku-hartze programa Eskolak duen "erronka" handienetarikoa da. Ez da soilik material hezkidetzaileak aukeratzearen asuntoa , nola diseinatu, nola gauzatu, nola ebaluatu, ze faseak eta alderdiak jarraitu, hori da, kontuan hartu behar dugun beste alderdi bat.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina