#Nereanaiz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#Nereanaiz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/04/08

Plazera izan da, gero arte!

Eneritz sortzaile bilbotarrak argazki honetan azaltzen duen bezala,  iraultza, hezkidetza, dantzan jarri behar dugu. Eskerrik asko guztioi, plazera izan da!



2022/03/18

Ezer baino lehen: tratu onak

 


Badirudi tratu onak ematea zerbait erraza izan behar dela, baina ba al dakigu tratu onak ematen? Inork irakatsi al digu hori egiten? 

Geure burua maitatu behar dugu, besteak maitatu ahal izateko. Geure burua errespetatu behar dugu besteak errespetatzeko... Horiek dira tratu onak emateko oinarri nagusienak.

Horrekin lotuta, hauxe da aurreko ediziotik aukeratu dudan sarrera.  Uste dut oso ondo azaltzen dituela egunerokoan gerta daitekeen hainbat egoera.

Ruper Ordorikaren abesti honek gauza oso sinpleak esaten ditu, baina sakontasun handikoak: zaindu maite duzun hori!

Zer erronka daukagu?

-Eredu berriak sortzea.

-Lanketa pertsonala eta kolektiboa egitea.

-Formakuntza.

-Autoestimua lantzea

-Harreman osasuntsuak eraikitzea.
...

Erronka horiek guztiak hezkuntzatik haragoko erronkak dira. Askotan azaldu bezala, hezkuntzatik lantzea ezinbestekoa da, baina baita beste gizarte-eremuetatik ere. 

Solasaldi honetan hezkuntzan lantzeko zenbait proposamen egiten digute: 






2022/03/12

Gizonezkoak interpelatu: feminismoaren bidez deseraiki.

 


Aurreko edizioko sarrera hau partekatu nahi dut zuekin; izan ere, maskulinitate berriei erreparatzen die, eta hori ezinbestekoa iruditzen zait. 

Esan dezakegu, feminismoak, gaur egun, orain dela 15 urte ez zeukan zentralitatea eskuratu duela. Poztekoa da feminismoaren teoriaren ardatz nagusienek presentzia izatea jendartean, baina uste dut, behin baino gehiagotan aste honetako irakurgaian adierazi den bezala, emakumeok formakuntza behar dugula feminismoaren kontzeptua hobeto ulertzeko, praktikan egoki aplikatzeko. Baina ez emakumeok bakarrik, gizonezkoek deseraikuntzarako beharra daukate. 

Bai, uste dut maskulinitate berria lantzeak berebiziko garrantzia daukala gizarte feministarantz urratsak emateko. Eta horrek eskatzen duena, besteak beste, zera da: mendeetan gizonezkoek izandako pribilegioei uko egitea, eta izateko, egoteko eta hitz egiteko beste modu batzuk lantzea, egungo maskulinitate hegemonikotik urrun. 

Mugimendu feministak lortu izan du azken urteotan emakumeok interpelatzea, feminismorako deia eginez. Une honetan, uste dut gizonezkoak interpelatu behar direla, eta gizonezko hegemonikotik urruntzen diren horiek izango ditugu berdintasunaren bidean konplize. 

Gizonezko hegemonikoaren eredua deseraiki behar da, beste eredu batzuk sortzeko, beste jendarte bat erdiesteko. 

Hau guztia gelan lantzeko, maskulinitatearen inguruan hausnartuko nuke, eta horretarako ikus-entzunezkoen  material hauek erabiltzea proposatzen dut: 




Gizonezko hegemonikoaren erroan dago erasotzaile baten funtsa, eta horri aurre egiteko, garrantzitsua da emakumeok feminismoaz bustitzeaz batera, kontzientzia hartzearekin batera, gizonezkoak interpelatzea, eurena ere delako erantzukizuna. Sistema heteropatriarkalak denok zeharkatzen gaitu, baina batzuk zapaltzaile eta beste batzuk zapaldu bihurtzen gaitu, eta ondotxo dakigu nor den zer.

Interpelatzeko ezinbestekoa da modu padegogikoan egitea, eurenetik abiatuta, euren zapalkuntzetatik hasita, horrela soilik lortuko baititugu konplize feministak. Material horretan gizonezkoek gizonezkoak interpelatzen dituzte eta hori ere oso positiboa da. 

Zalantzarik gabe, hezkuntza, horretarako plaza beharrezko bezain egokia da, beraz, ekin diezaiogun. Izan ere, heziketan ez badugu ezer aldatzen betiko emaitzak izaten jarraituko dugu, jendarte feminista lortu nahi badugu has gaitezen heziketa feminista ematen. 






2022/03/04

Gatazken errora jo, desagertzeko

 

Ezbairik gabe, feminismoak mundua berrinterpretatzeko tresnak ematen dizkigu baita gatazken konponbidean  ere; izan ere, feminismoak bestelako begirada eskaintzen digu. Gatazkak konpontzeko beste irizpide batzuk proposatzen ditu feminismoak, eta niretzako horiek, besteak beste, ezinbestekoak dira gatazkak saihestu eta horiek beste modu batean konpontzeko. Gatazken errora joan, haiek desagertzeko.

Aurreko ediziotik honako sarrera hau interesgarria iruditu zait: 

Dagoeneko baliabide ugari partekatu dira gune honetan, hemen beste batzuk dituzue: 

-Nafarroako Hezkuntzaren gatazkak konpontzeko dokumentua: 

https://www.educacion.navarra.es/documents/27590/5a48485/Conflictos+eusk.pdf/087680e0-cb98-4e2c-af38-a4420876a05d

-Hezkuntza Jardunaldietan egindako elkarrizketa: 


-GEUZek sortutako gida, ikastetxeetan ebazteko estrategiak: 

https://elearning3.hezkuntza.net/013159/pluginfile.php/7853/mod_resource/content/1/AIA_ETA_BIZIKIDETZA_PLANA/Guia_Convivencia_Garatu_EUS-1.pdf


Erronka ugari dauzkagu gatazkak beste modu batean konpondu ahal izateko, une honetan Maria Montessoriren esaldia gogora ekartzea gustatuko litzaidake: 



Edukietatik hasita, kontzeptuetatik, metodoetatik zein jokatzeko moduetatik hasi beharko ginateke benetan hainbeste desio  dugun bakea lortu nahi badugu. 

Eta horrek eskatzen du bestelako pentsamendua sortzea, bestelako egiturak sortzea, harremantzeko beste modu batzuk sortzea. Eskolatik has gaitezke baina gainerako gizarte-esparruak eraldatzen ez baditugu, ezer gutxi lortuko dugu. Bada, bidea ederra bezain harritsua da. 


2022/02/26

Heziketa afektibo-sexuala ardatz bihurtu!

 


Ideia ugari landu ditugu asteon heziketa afektibo-sexualaren inguruan, eta honekin batera, aurreko edizioko sarrera hau osagarria izan daiteke. Sarrera honetan baliabide interesgarriak azaltzen dira hainbat adin-tartetan erabiltzeko. 

Dagoeneko, blog honetan, heziketa afektibo-sexuala hezkuntzan lantzeko material interesgarria partekatu duzue. Sarrera honetan, NAIZEN elkartearen web-gunean aurkitu dudan bideoa partekatu nahi dut; izan ere, oso egokia iruditzen zait heziketa afektibo-sexuala lantzeko, aintzat hartuta sexu- eta genero- binarismoa deseraiki behar dugula, sexualitatea eta genero-identitatea alda daitezkeela bizitzan zehar eta aniztasuna izendatzeko errespetuzko "etiketak" sortu behar ditugula.


Zer erronka heziketa afektibo-sexuala eremu hezitzaileetan lantzeko?

Bada, aurreko gaiak lantzeko ditugun erronkak berdintsuak ditugu honetan ere bai: ugari. 

Arestian aipatu dut FORMAKUNTZA ezinbestekoa dela. Horrekin batera, uste dut ezinbestekoa dela diskurtsotik PRAKTIKARA eramatea, eta bide horretan BALIABIDEAK beharrezkoak ditugu. Zehar lerroa bihurtze aldera, erronka ugari ditugu, baina uste dut Hezkuntzari zein jendarteari dagokionez EGITURAZKO afera dela. 

Edukiak hezitzailearen borondatearen arabera uzten ez ditugun bezalaxe, heziketa afektibo-sexualarekin ez genuke horrelakorik egin beharko;  curriculumaren ardatza izan beharko luke heziketa afektibo-sexualak. Horrela bakarrik hasiko baikara aldaketak ereiten. 




2022/02/17

Erronkei heltzeko: formakuntza

 



Aurreko asteko gaiarekin oso lotuta dagoen gaia da asteon esku artean daukaguna. Zalantzarik gabe, erronka ugari ditugu ikastetxean gai honekin lotuta. Gaiak lanketa integralagoa beharko luke, eta ez litzateke ikastaro xume batera mugatu beharko. Hauek guztiak oinarrizko kontzeptuak dira, denok jakin beharrekoak: "izaten ikasteko" eta "elkarbizitzarako" oinarrizko zehar konpetentziei bete-betean erantzuten dietenak.

Bide horretan, uste dut NAIZEN elkartearen web-gunean oso material interesgarriak topatu ditzakegula, ikastetxeetan oinarrizko lanketa egiteko. Hemen hainbat baliabide topatu dezakezue: https://naizen.eus/eu/baliabideak/

Hezkuntzan arlo honetan ditugun erronkei heltzeko ezinbestekoa izango da oinarrizko formakuntza: ikusgarri egin identitate anitzak eta aniztasun sexualak, errealitate horien berri eman, eta dauden teoriak ezagutarazi, soilik horrela lortuko dugu aurrera pausuak ematea. 

Oso polita iruditu zait hausnarketak partekatzen dituen bideo hau, NAIZEN web-orrrialdean ikusgai: 


2022/02/10

Egiten dugun hori



Azaldutako ideia guztietatik hauxe azpimarratuko dut: "genero identitatea ez da garena, batez ere, egiten duguna da". Zalantzarik gabe, ikuspegi horrek identitateen eraikuntza sozialaren ideia azpimarratzen du, besteen aurrean egiten duguna gara. 

Ildo horretatik, hauxe da aurreko ediziotik  aukeratu dudan sarrera:  https://hezkeh0506.blogspot.com/2021/02/nola-egon.html

Zalantzarik gabe hainbat erronka daukagu; besteak beste,  curriculumean identitate anitzak dituzten pertsonei ikusgarritasuna eman behar diegu. Ezinbestekoa da identitate anitzak ezagutaraztea, eta genero identitateen kontzeptuak argi izatea. Horrez gain, eurek urratutako bide eta borroken berri eman behar diegu. Bide horretan, identitate anitzak dituzten pertsonak erreferente bihurtu behar ditugu, adibidez, ZuriƱe Baztan: 



Gure ikasleek ere formakuntza behar dute; genero aniztasuna aintzat hartzeko, eta horrela, norbera izaten ikasteko konpetentzia erdietsiko dugu. Gainerako zehar konpetentziekin batera. 

Bukatzeko, aipagarria iruditzen zait  NAIZEN elkartea. Web-orrialdean oinarrizko informazio ugari aurkitu daiteke trasnsexuaktitatearen inguruan, benetan baliagarria: https://naizen.eus/eu/oinarrizko-ideiak/


2022/01/29

Orientazioa; parekidetasuna erdiesteko beste palanka bat

 


Bigarren blokea amaitzen ari gara, eta hezkuntza hezkidetzailea osatzen duten atal, eduki zein aspektu guztien puzzlea osatzear gaude. Izan ere, eduki eta aspektu guztietan hezkidetza ikuspegia izan ezean, ez dugu lortuko hezkuntza hezkidetzailea erdiestea.

 Asteon orientazioa izan dugu hizpide, eta kasu honetan ere erraz ondorioztatu dugu zer-nolako orientazioa eskaini behar diegun ikasleei aukera berdintasuna bermatzeko. 

Aurreko ediziotik sarrera hau aukeratu dut:

 https://hezkeh0506.blogspot.com/2021/02/nola-egin-nola-esan-ta-zer-izanez.html

Oso intresgarria eta osatua iruditu zait, gainera, gaitasun handiko ikasleen inguruko informazio baliagarria ematen du genero ikuspegitik. 

Benetan interesgarriak irudi zaizkit  asteon landu ditugun aspektu hauek: 

  • 2015eko PISA txostenak emandako gomendioak genero-arrakala desagertzeko: 
    • Irakasleen eta familien aurreiritziak eta espektatibak berrikusi eta sexismoa baztertzea.
    • Nesken konfiantza sendotu matematika eta zientzietan.
    • Mutilen jarrera hobetu; ikasteko orduak eta ikasteko laguntza zaindu, joko egokiak aukeratu eta horretan igarotako denbora neurtu...

Ezinbestekoa iruditzen zait PISA bezalako txostenan horrelako irizpideak azaltzea. 

  • Gainera, horrekin lotuta interesgarria egin zait Eustatek argitaratutako  ikerketa: "Euskal AEko unibertsitatean matrikulatutako ikasleak zentroaren titulartasunean eta ikasketa-adarrsren arabera sailkatua, eta ikasketa-mailaren eta sexuaren arabera bereizita. 2019/20"-k. Bertan azaldutako datuen arabera, bi bereziki deigarri egin zaizkit.
    • Alde batetik, ikasketak bukatu duten ikasleei begiratzen badiegu: emakumeen kopurua beti da gizonena baino txikiagoa Arkitekturan eta Ingeniaritzan izan ezik. Ekonomikoki garrantzia duten bi eremu hauetan emakumeen presentzia murritzagoa da. 
    • Beste alde batetik, irakasleei buruzko datuak interesgarriak iruditu zaizkit; izan ere, datu horien arabera, nahiz eta emakume kopuru orokorra handiagoa izan, zuzendaritzan duten presentzia txikiagoa da. Beraz,  botere-eremuetan emakumeek presentzia murritzagoa daukatela berretsi dezakegu.
Ikasleek jasotzen duten orientazioaren arabera, gure gizartearen rolak erreproduzitzen ari gara; horregatik, ezinbestekoa da orientazioak ere hezkidetza ikuspegia izatea. 

Sarrera hasieran adierazi bezala, orientazioa hezkuntzaren beste pieza bat da, hezkuntza hezkidetzailea izan ezean, nekez lortuko dugu orientazio parekidea izatea. Bada, uste dut erronkak egiturazkoak direla.

 Deseraikuntza ezinbestekoa da curriculumaren ikuspegi androzentrikoa berrikusi eta deseraikitzeko. Izan ere, aste honetako teorian azaldu den bezala, diskurtso ez-diskriminatzailea dugu baina  begirada sinboliko maskulinoa plazaratzen jarraitzen dugu. Hizkuntzaren erabilera ez-sexistaren erabilpena ez dago oraindik orokortua...

Ikuspegia teorizatua daukagu, orain praktikara eramatea falta zaigu, erabakitzen duguna benetan izan dezagun: 





2022/01/21

BIDEA BALIATU HEZKUNTZA HEZKIDETZAILEA LORTZEKO




Orain arte hezkidetzaren kontzeptuari buruz aritu gara hitz egiten, elkar-trukean... Oraingoan baina hezkidetza praktikara eramateko BALIABIDEei buruz ari gara, lagungarria oso. Izan ere, uste dut 
teoria ezinbestekoa den bezala, ezinbestekoa dela ere hezkidetza praktikara eramateko baliabideak
behar ditugula, eta bloke honek horretarako aukera emango digu. 

Esango nuke INERTZIA dela zailtasun handiena egunerokoan curriculum eta baliabide didaktiko hezkidetzailea txertatzeko. Izan ere, egunerokotasunak sarri ez digu aukerarik ematen erabiltzen ditugun baliabideen gainean hausnartzeko eta horiek berpentsatzeko genero ikuspegi batetik. 

Horrez gain, ohikoak dira erresistentziak topatzea baliabideak berrikusteko, eraldatzeko eta ikuspegi hezkidetzaileak txertatzeko. Hala ere, uste dut ezinbestekoa dela erresistentzia horiek formakuntzarekin neutralizatzea. 

Formakuntza eta curriculumak dioena arrazoi nagusiak izan behar ditugu gure baliabideak berrikusteko, baliabideak berpentsatzeko, eta genero irakurketak sustatzeko. Estrategia ugari egon daiteke, baina niretzako beharrezkoa dena zera da: Egindakoa, egiten ari garena, zalantzan jartzera bultzatzea. 

Bestalde, uste dut gaur egun, gero eta baliabide gehiago dagoela hezkidetza ikuspegia daukatenak, oso baliagarriak direnak. 

Bideoan azaltzen diren estereotipoak desagertzen direnean, orduan hezkuntza hezkidetzailea egiten ibiliko gara.




Azkenik, aurreko ediziotik hauxe da aukeratu dudan sarrera: https://hezkeh0506.blogspot.com/2021/02/hezkidesarean.html





2022/01/17

Parte hartzeari bidea eman

 


Ezinbestekoa da parte hartzea guztioi lekua eginez, besteen parte hartzea balioan jarriz. Izan ere, gure solaskideen aitortzarik ez badaukagu, begirunerik ez badaukagu, ez gara gustura sentituko parte hartzeko, gure iritzia askatasunez emateko, gure usteak plazaratzeko. 

Konfiantzazko espazioak sortzea pentsatzen dugun baina zailagoa da askotan. Gizartean dauden botere-harremanak, rolak, desorekak... talde txikiagoetara estrapolatzen dira sarri. Horrek zailtzen du ahuldade egoeran egon daitezkeen kolektiboen parte hartzea. Bada, aurreiritziak, estereotipazioa, eraikuntza sozialak... zailtzen dute maiz emakumeen parte hartzea. 

Baina baita beste kolektibo batzuena ere, adibidez, haurren parte hartzea.

Garrantzitsua da partaidetza bermatzeko bestelako prozesuak abiatzea; konfiantzan oinarrituta, rolen banaketa estereotipatua sustatzen ez dutenak, kideen aniztasuna balioan jartzen dutenak, eta euren beharrak kontuan hartzen dutenak. Begirunea gako nagusia da. 

Zalantzarik gabe, horrelako partaidetza prozesuak abiatzeko ezinbestekoa izango da egitura horizontalagoak sortzea. 

Bide horretan interesgarria iruditu zait emakumeen partaidetza sustatze bidean ahalduntzerako espazioak sortzea, Emakumeen Etxeak, esaterako, Euskal Herrian gero eta gehiago loratzen ari diren guneak dira horretan zeregin handia daukatenak.

Gune aproposak dira emakumeen problematikak lantzeko, konfiantzazko espazioak sortzeko, ahalduntzeko, aitortzeko... Ondoren lanketa indibidual eta kolektiboaren bidez gizartean eragiteko. 

Marienea, Basauriko Emakumeen Etxea aitzindaria da Euskal Herrian. 




2021/12/18

Espazioaz jabetu, hura eraldatzeko

Egia esan ez da izan lehenengo aldia espazioaz pentsatu dudana. Izan ere, ikastetxeen espazioaren inguruan hasunartzeko aukera izan dut behin baino gehiagotan, hura oso adierazgarria baita

Egia da baina hiriaren antolaketaren inguruan gutxiago pentsatu  dudala genero-ikuspegiaren arabera. 2020ko Getxophotoko jaialdian Randa Maroufik egindako lana ikusi nuen, eta  horretarako aukera izan nuen. Zalantzarik gabe, hirigintza feminista "puntu beltzekin" pentsatzea da, baina horrekin baino gehiagorekin pentsatzea ere bai. Hiriaren espazioaren antolaketak erabakitzen du hiritarrek zer-nolako harremanak eraikiko dituzten edota zer jarduera sozial-ekonomikoa izango den nagusi. Bada, hori guztia ez bada genero ikuspegitik planifikatzen, desberdintasuna iraunaraziko dugu.

Ildo honi jarraiki,  hauxe da aurreko ediziotik aukeratu dudan artikulua

Gainera, ondorioztatzen dudana zera da;  logika bat gailendu da mendeetan, logika horretan oinarrituta eraiki dira gizarteak, estatuak, lurraldeak eta hiriak. Dena eraikia izan da, logika patriarkalen begiradatik, gizarte ezberdinasunak iraunarazteko.

 Hortaz, ezinbestekoa da etengabeko deseraikitze eta eraikitze prozesuan aritzea. Bide horretan, interesgarria egin zait hirigintzan adituak diren emakumeen honako konferentzia: 




Uste dut begirada oso interesgarriak partekatzen dituztela, ezinbestekoak direnak deseraikitzea gertatu eta eraikitze berri baterako. 

Hala, bertan azaltzen diren gakoak gure ikastetxeetara eraman behar ditugu, gure ikastetxeetako espazioa begirada feminista, parekide eta inklusibotik eraikitzeko. Hori da egun dugun erronka nagusiena. Ez da samurra, baina bestelako jokabide, pentsamendu eta inertziak bezala, espazioaz ere jabetu beharra daukagu hura eraldatu ahal izateko. Denontzako hiri bizigarriak sortzeko. 




2021/12/11

Hizkuntza; pentsamenduaren isla

Flora Lewisek, XX,mende hasierako kazetari estatubatuarrak, zioen "beste hizkuntza bat ikastea ez da  gauza bera adierazteko hitz gehiago ikastea, baizik eta gauza horiei buruz beste modu batean pentsatzea da."

Izan ere, hizkuntzak gauzak pentsatzeko modu bat eskaintzen digu; mundua begiratzeko eta interepretatzeko bidea eskaintzen digu, kosmobisio bat, alegia. Nolako hizkuntza,  halako hizkuntza.

Ez da zaila ondorioztatzea mendeetan barrena gailendu diren kosmobisioetan emakumezkoa bigarren mailakoa izan dela, zapaldua, diskriminatua, baztertuta... eta horren adierazgarri, nola ez, hizkuntzak dira.

Jarraian zuekin partekatzeko aukeratu dudan artikulua: 

Oso interesgarria iruditu zait, gainera, bideoek umore pixkat ematen diote gaiari. 

Giden artean, Bilgune Feministak 2011n argitaratutako Hezkidetza-gida gomendatzen dizuet. Gida honetan gai asko lantzen dira, horien artean hizkuntza ez-sexistarako aholkuak ematen dira, 101.orrialdetik aurrera.

Bertan, hausnartzeko baliabide ugari eskaintzen zaizkigu, era berean, hizkuntza sexista gainditzeko tresna eta proposamenak egiten dizkigute. 

Horrelako gidek lagundu diezagukete egunerokoan ditugun oztopoak gainditzen; baliabideak eta tresnak behar ditugu bestelako pentsamendu ez-sexista eta hizkuntza ez-sexista sortzeko. Bidea ez da samurra; izan ere, uste dut gaur egun, oraindik ere, naturaltasunaren ideiak indar handia daukala. Hizkuntza ez-sexistaren inguruan aritzen garenean askok, oraindik ere, adierazten dute hizkuntza ez dela sexista edo ez-sexista, hizkuntzak arau gramatikal batzuk dituela eta horiek errespetatu behar direla. Arau gramatikal horiek naturalak, berezkoak izango balira, eta ez kulturalak.

Erronka potoloa daukagu aurretik, bitartean barre apur bat egin dezagun: 








2021/12/03

Baziren, badira eta izango dira...

 


Urteetan, mendeetan helarazi digute ez zeudela, ez zela izan  emakumezko sortzailerik.  Eta sarri hura sinistu dugu.  Gutxi dira, baina  baziren; gaur egun, gero eta gehiago dira. Era berean, ezinbestekoa izango zaigu azaltzea zergatik.  Inoiz gutxi gertatzen baitira gauzak arrazoi barik. 

Bada,  izandakoak gogora ekartzea bidea dugu,  eurek egindakoa balioan jartzeko. Ez baitzen eurentzat erraza izango egin zutena egitea. Halere, egin zuten; egitera ausartu ziren. Sentitzen zuten bulkada edozein zapalkuntza baino indartsuagoa zen.

Honekin lotuta, hauxe da aukeratu dudan artikulua. Oso interesgarria iruditu zait, gainera, bertan Bizenta Mogel nire idazle kuttunaren berri ematen du.

Gaur, abenduaren 3a izanik,  euskara sustatu zuen emakumea gogora ekarri nahi dut: Elbiria Zipitria. 

Elbira Justa Zipitria Irastortza maistra, ikastolen sortzaileetakoa, euskararen sustatzailea eta emakumeak baztertzearen kontrako borrokalaria izan zen. 

Horrela zioen Elbiria Zipitriak: 

"Txori bakoitzak bere abestia, Herri bakoitzak bere hizkera, 

Euskaldunok euskera! 

Guk ahal ditugun hizkuntza gehienak ikasiko ditugu: 

buruan hiru... edo, baina bihotzean bakarra: gurea!"



Hemen, Elbiria gertuagotik ezagutzeko aukera: 




2021/11/18

LEGEA BEHARREZKOA DA, BAINA EZ NAHIKOA

 


Marko legalak tresna garrantzitsua ematen digu jendarte parekide lortze bidean. Halere, legea ez da nahikoa jendartearen estamentu guztietara ez bada praktikara eramaten, ez bada behar bezala garatzen. Horretarako, argi daukat beharrezkoak direla baliabide eta tresna ugari.

Hauxe da aukeratu dudan artikulua. Izan ere, lege, dekretu zein xedapenen inguruko hausnarketa egin du egileak:

https://hezkeh0506.blogspot.com/2020/11/ez-kidetzatik-hezkidetzara.html

Egia da, hainbat  lege, dekretu eta xedapenen artean  asko esanguratsuak iruditu zaizkidala. Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak, 2005eko otsailekoak, 29.artikuluan horrela adierazten du: 

"Hezkidetza proiektuak sustatuko ditu Hezkuntza Administraziotik eta jakintza-arloetan eta curriculumean integratu beharko diren helburuen artean (...)"

Honako artikulu hau aukeratu dut uste dudalako sekulako garrantzia daukala hezkidetza proiektuak ikastetxeetan garatzeak. Hala, hori gauzatzeko bi urte baino gehiagoko apustua egin behar dela deritzot. Apustua etengabekoa eta iraunkorra izan behar da, emaitzak lortu nahi baditugu, behintzat. 

Hezitzaileok legedia, markoa, ezagutu behar dugu; bide horretan, lortu baitezakegu hura garatzea, hura gauzatzea. Nahiz eta legea aurrerakoia izan, sarri, amildegia sortzen da legearen eta errealitatearen artean, eta hori da, hain zuzen, guztion artean aldatu behar duguna. 

Zeregin horretan, irakasleok ere, erantzukizuna daukagu. Beste batzuek, instituzioek zein erakundeek, esaterako, daukatena ahaztu gabe. 

Gai hau lantzen, gero eta  argiago ikusten dut lege hauek mugimendu, elkarte zein feminista ugarik egindako lanaren fruitu direla. Bide honetan ere, gizartea akuilu izan da; eraldaketaren akuilu. Jendartea parekide bihurtze bidean subjektu horiek ezinbestekoak dira. 

Mugimendu feministaren borroka lege parekide ororen  emaitza eta aurrekari da, horrela erakusten digu historiak.

Horren  adibide esanguratsua sufragisten borroka dugu. Sufragistak pelikulan ikus daitekeen bezala, ondoren trailerra ikusgai:


Bada, parekidetasuna ez digute inoiz oparitu, borrokatu behar izan dugu beti. 



2021/11/12

JAIAK BAI, PAREKIDETASUNA ERE BAI!

Zalantzarik gabe, jaiak gure bizitzaren esparru garrantzitsua dira; herri zein komunitate kohesiorako tresna. Jaiek gure identitatea sortzen dute, kultura eratzen dute. Hortaz, horiek nola ospatu nahi ditugun hausnartzeak berebiziko garrantzia dauka. 

Gabonak heltzear daudela, hauxe okurritu zaidan meme-a. 



Izan ere,  gabonetako pertsonaia nagusien inguruan hausnarketa sustatzeko aukera daukagu; bakoitzak betetzen duen rolari buruz, harreman motaren inguruan, izateko moduaren inguruan...

Horrekin batera, interesgarria iruditu zait, iaz, argitaratutako honako artikulu hau: 


Azken finean, jaien atzean tradizioak daude.  Horregatik, tradizioak berrikustea, moldatzea eta parekide egitea da egun daukagun erronketako bat. Batzuk bidean dira, bidean gara... 

Zalantzarik gabe, berrikusketa hori ez zen posible izango hor dabilen indar feministarik gabe. Gauzak aldatzeko, hobeto egiteko, ausardia erakusten duten emakumeei esker. 

Horren adibide dira Baztango mutildantzetan parte hartu zuten lehen emakumeak: 



Hondarribiko alardea parekidea izateko Jaizkibel Konpainiak eta mugimendu feministak egindako borroka latza kontatzen duen "Aurrera egin badugu" dokumentala baliabide interesgarria da  jaiek birproduzitzen dituzten genero-zapalkuntzen inguruan hausnartzeko: 


Bidea luzea da, baina, han eta hemengo horrelako erreferentziak beharrekoak dira bidean aurrera egiteko.

2021/11/05

Norbanakoarengandik kolektibora, baita kontrara ere.

 

Feminismoan elkarren beharra duten  bi subjektuen arteko lotura harilkatu zuen Simone de Beauvoirrek esaldi honetan, eta oso aproposa iruditu zait aste honetan landutako gaiekin lotzeko. 
Eguneroko norbanakoaren praktika feminista zein kolektiboki urratzen den bidea ezinbestekoak dira jendarte feministaren bidean aurrerapausuak emateko. Biak ala biak borrokak dira. 

Hauxe da gomendatu nahi dizuedan artikulua; norberaren zaaintzaren inguruan hitz egiten du. Uste dut hori landu beharreko gaia dela, askok eta askok geure burua zaintzeari uzten diogu besteak zaintzearren. Horren inguruan hausnartu eta horren inguruko pentsamendu eta paradigma berria sortzeko beharra  dago, zamak, erruak eta egin(beharrak) baztertuta. Eta horretarako feminismoa tresna ezinhobea dugu.

Nire inguruko inork ez du feminismoa  curriculum eduki bezala inoiz jaso. Esan behar dut baina, nire kasuan, unibertsitatean Genero Ikasketak irakasgaia izan nuela.

Zaila  zait emakume feminista bat eta bakarra ekartzea; hala ere, Lorea Agirreren inguruan idaztea erabaki dut. Hemen daukazue, beren inguruko informazio orokorra. 

Lorea Agirre euskara eta feminismoaren arteko loturetan, antzekotasunetan sakondu du. Nire ustez ekarpen interesgarria egin dio bai feminismoari bai euskalgintzari. Bada, bere proposamenaren bitartez, intersekzionalitateari  bide eman dio gurean ere bai.

Berak dakarren pentsamendua hobeto ezagutzeko, hemen duzue Agirrek argitaratutako artikulua: Euskalgintza eta feminismoa: Identitateak berreraiki, demokrazia sendotu, boteretze kolektiboa bultzatu eta subalternitate eraldatzaile unibertsalak eraikitzeko proposamen bat izenekoa. 

Azkenik, hemen daukazue Lorea Agirreri egindako elkarrizketa laburra: 







2021/10/31

Indarkeria matxista edonon

 Aste honetan landutako datuek eta egindako ariketek erraz erakusten digute asko geratzen dela egiteko. Indarkeria matxistak hamaika aurpegi izan dezakeen arren, oinarri bera dauka; gizarte heteropatriarkal- kapitalista dauka oinarrian, indarkeria hori guztia egunetik egunera elikatzen eta sostengatzen. 

Hauek dia deigarriak egin zaizkidan bi datu: 



Egia esan, beldugarriak eta oso kezkagarriak iruditzen zaizkit dokumentuan dauden datu asko eta asko. Agian, datuen gordintasuna izango da, baina bide luzea egiteko geratzen dela berresten digute bertan azaltzen diren datu guztiek.

Aspaldi feminismoak plazaratu zuela etxean, familian, intimitatean gertatzen den oro politikoa dela, eta ideia hori oinarrizkoa da indarkeria matxistaren aurka borrokatzen jarraitzeko.

Horregatik, artikulu hau aukeratu dut: 

https://hezkeh0506.blogspot.com/2020/11/pribatua-politikoa-da.html


Uste dut gaia askotan gainetik lantzen dela hezkuntzan, edo oso bideratuta dagoela data konkretuetan landuta izatera. Agian, gaia sakontasun gehiagorekin landu beharko genuke, zeharkotasunez.

Azken finean, elkarren bizipenak ezagutzea eta partekatzea bidea izan daiteke  konturatzeko hau ez dela guri pertsonalki gertatzen zaigun zerbait, hau dela emakumeoi* gertatzen zaiguna, kolektiboki gertatzen zaiguna, hain zuzen. Ikastetxea espazio aproposa izan daiteke lanketa hori modu sakonagoan egiteko. 

Amaitzeko gustatuko litzaidake Marielle Francok ekintzailearen aipu bat partekatzea

Dakizuenez, Marielle 2018an erail zuten. Indarkeria heteropatriarkal-kapitalista eta arrazistaren beste biktima bat izan zen.





2021/10/23

IKASITAKO DESIKASI; GENERO-SISTEMA DEUSEZTATZEKO

Genero sistemaren inguruko hausnarketa 

 Aste honetan landu dugun bezala, sexu-genero sistemak erabat eraikiak dira. Amaren sabelean gaudela, gure sexuaren araberako genero eraikitze prozesua hasten da, eta horrek ez du etenik.

Egiturazko eraikuntzak dira, etengabe mugak ezartzen dizkiguten egiturak. Horiek deuseztatzea eta suntsitzea ez da lan samurra, baina, zalantzarik gabe, feminismoa dugu horretarako tresna nagusi. Hala,  hezkuntza eremura eramanda, hezkidetza izango dugu erraminta nagusi. 

Izan ere, hezkidetza hezkuntza-prozesu integrala da, non pertsona guztien erabateko gaarpena eta berdintasuna sustatzen den. Prozesu horretan, desberdinkariak eta diskriminazio-mekanismoak hautematen dira, eraldatzeko tresnak ezartzen dira, eta aniztasun-afektibo-sexuala eta genero-adierazpen askea bultzatzen dira. 

Egia esan, gure egunerokoari begiratuta, oraindik ere, jaiotze unetik sozializazio bidean lagun  ditugun genero-estereotipazio asko daramagu gure barnean. Zer egin? 
Bada, desikasten jarraitzea. Desikastea, ikastea bezala, amaigabea den prozesua delako. Bada jarrai dezagun deseraikitze prozesuan.
Honetan sakontzen jarraitzeko, aurretik argitaratutako sarrera hau aukeratu dut: 


Gaiaren lanketak ikuspegi batzuetan sakontzeko aukera eman dit, eta hori beti eskertzekoa da. Uste dut  gure egunerokoan naturaltzat hartzen ditugun jarrera, iritzi, joera... asko ditugula; baina horiek ere guztiz eraikiak dira. Horiek identifikatzeko baliabideak eta tresnak behar ditugu, baita gure ikasleak parekidetasunean hezteko ere. 

Bide horretan, interesgarria da HIK HASI agerkarian argitaratutako elkarrizketa hau: 

http://www.hikhasi.eus/Albistegia/20180725/Zer_baliabide_ditugu_haurrak_era_parekidean_hezteko_

Deseraikuntzan aritzeko, sarri, erresistentziak aurkituko ditugu; estereotipazioa, sexu-genero sistema, desberdintasuna... barneratuta  eta normaltzat hartzen duten lagunak, besteak beste.
Eta horiek gure aliatu bihurtzea ere izan beharko dugu erronka. 


2021/10/15

Betaurreko moreak janzte bidean

“Zer da hezkidetza?” galdera egin dien guztiei ezaguna egin zaie HEZKIDETZA hitza. Hauek dira, besteak beste, jasotako erantzunak. -Berdintasunean hezteko egitasmoa -Bizitzen ikasteko ildo nagusiak ikastea. -Kidetzan heztea; genero berdintasunean heztea. -Parametro batzuen barruan heztea, ezberdintasunik gabe. -Berdintasunean heztea -Emakumeen presentzia ikustaraztea Esan dezakegu,gehienek HEZKIDETZAk dituen ildo eta zereginei erreferentzia egin dietela. Bada, esan dezakegu, gero eta konzteptu entzutetsuagoa dela, eta jende askok horren inguruko jakintza eta oinarrizko nozioak ezagutzen dituela. Arestian, beste hasunarketa batean esan bezala, uste dut, berdintasun erreala helburu, bide luzea egin dutela askok eta askok; eta haiei esker, gaur egun, hemen gaude. Baina, ezin da ukatu, oraindik ere, bidea geratzen zaigula jendarte parekidea lortzeko. Eta prozesu horretan, hezkidetzak berebiziko garrantzia dauka. Izan ere, egungo eta etorkizuneko herritarrak berdintasunean hezteko tresna da hezkidetza; hezkidetza herritar kritikoak hezteko erraminta da. Errealitateak deseraiki eta beste batzuk eraikitzeko tresna, berdinzaleak eta inklusiboak izango diren errealitateak alegia. Horretarako, ezinbestekoa izango da, lehenik eta behin, irakasleok betaurreko moreak janztea, eta lantzen duguna lantzen dugula, esku-hartze hezkidetzaileak egiteko joera eta ohitura eskuratzea. Etengabe, zeharka zein espezifikoki hezkidetzaz irakasgaiak zipriztindu ditzagun. Hori lortze bidean, beharrezkoa dugu formakuntza, kontzeptuak ezagutzea, horien inguruan hausnartzea eta hezkuntzan praktika feminista gauzatzeko beharrezko erramintak eskuratzea. Zalantza izpirik ez daukat,betaurreko moreak janzte bidean egiten ari garen honako ikastaro hau oso lagungarri izango zaigula. Elkarrengandik ikasteko aukera paregabea daukagu, baliatu dezagun! Hauxe da beste ideia batzuen artean, neuk sortu dudan leloa hezkidetza definitzeko:
Bestalde, iazko edizioko honako artikulu hau gomendatzen dizuet irakurtzeko, on egin! https://hezkeh0506.blogspot.com/2020/10/betaurrekoa-moreak-jantzi-eta-goazen.html

2021/10/07

Ikuspuntua aldatuko ote dut?

 

Zera aitortu behar dizuet; ez zaizkit sare sozialak gustatzen. Besteak beste, denborak ihes egiten didan sentsazioa eragiten didate, eta ez zait gustatzen.

Jakin badakit ezinbestekoa dela sare sozialak ezagutzea baita maneiatzen jakitea ere; badakit gure ikasleen bizitzaren alderdi garrantzitsua direla. Badakit komunikaziorako, zabalkunderako, eztabaidarako, ideiak zabaltzeko, iritziak kontrajartzeko eta beste hamaika zereginetarako tresna direla.     

Halere, hori guztia jakin arren, ez zaizkit gustatzen.

Ez dakit; horrelako presio bat eragiten didate…Alde batetik, pentsatzen dut ideiak konplexuegiak direla lau hitzetan azaltzeko; denak ertz gehiegi dauka, eta horiek guztiak ez aipatzeak ezintasuna eragiten dit. Beste alde batetik, ez dut gogoko sare sozialetan, oro har, irudiak daukan indarra; bada, sare sozialetan parte hartuko banu, ez nuke jakingo zer argitaratu, zertarako, zergatik…

Sare sozialak erabili izan ditudanean intereseko guneak edota proiektuak jarraitzeko erabili ditut, ez besterik. 

Ez dut ukatuko; irakurgaiek baztertu dudan ikuspegia ekarri didate. Hala, ziberfeminismoaren kontzeptuak zerbait eragin dit; azken finean, sare sozialak gizartearen beste esparru bat diren heinean,  borroka espazioa ere badira: sexismoa agerian uzteko, ereduak deseraikitzeko, eta beste batzuk sortzeko… Bai, horretarako eta askoz gehiagorako erabilgarriak dira sare sozialak. Baita emakumeak ikusgarri egiteko ere. 

Agian konbentzitu nauzue. Batek daki.

Haatik, oraindik ere, nahiago dut aurretik aipatutako gauza guztiak modu analogikoan egin, zer egingo diogu ba?