2021/03/22

INDARKERIARI… STOP!

 

Aste honetako gaia irakurri ostean, neure buruari galdetu diot nolakoak diren nire inguruan dauden gizonak: betiko ereduari jarraitzen diote?, zer ikuspegi dute indarkeria matxistari dagokionez?, mikromatxismoak errepikatzen dituzte?

Gauzak horrela, nire ingurukoak aztertzen hasi naiz. Gehien-gehienek seme-alabak dituzte eta lagunen bikotekideak-edo dira. Denok dakigu “etxean otso, kalean uso” esaerak asko duela errealitatetik, eta, ondorioz, zaila dela besteen etxeetan gertatzen denaren berri izatea, baina onartu behar dut iruditzen zaidala nire ingurukoak nahiko murgilduta daudela maskulinitate berrietan. Edo hori ematen duela, behintzat: estereotipoetatik urritzen dira, zaintza partekatua praktikatzen dute, emozioak adierazten dituzte, jarrera irekia dute sexu-aniztasunari dagokionez…

Edozelan ere, konturatu naiz dena ez dela urre gorrizkoa. Goya sarietan gertatu zena gogoratzea baino ez dugu:

https://www.diariovasco.com/gipuzkoademoda/celebrities/esqueletillos-cobra-buena-20210307103157-nt.html?ref=https:%2F%2Fwww.google.com%2F

Seguruenik, mikrofonoa piztuta zegoela jakin izan balute ez zuten horrelako komentariorik egingo, baina horrek ez du esan nahi egin egiten ez dutenik.

Bestalde, nire institutu garaia ere gogoan izan dut bai ikasle izan nintzenekoa, bai irakasle izan nintzenekoa. Eta kasu bietan gogoratzen ditut matxirulo jarrera duten/zutenak, matxismoa praktikatzen duten/zutenak, emakumeak baino gehiago direla/zirela uste dutenak/zutenak, emandako pribilegioak betikotu nahi dituztenak/zituztenak… Are gehiago, aste honetan irakasle batek kontatu dit aurten bost ikaslek jakinarazi diote aurten indarkeria matxistaren biktima izan direla. Odola irakiten jartzen dit… Argi dago oraindik ere badagoela lan handia egiteko lar honetan.

 


 

https://www.efeminista.com/octavio-salazar-masculinidad-violencia-contra-mujeres-25n/

 


 

Azkenik, pentsatu dut zenbait egoeratan neu ere pribilegiatua naizela ez baita gauza bera emakume zuria izatea edota emakume arrazializatua. Pribilegio horiek beste norbait zapalduta egotea dakarte, eta horrek zerpentsatua eman dit.

Aurreko ikasturteetako postei dagokienez, honako hau gomendatuko dut; izan ere, nire hausnarketarekin bat egiten du hainbat puntutan. Gainera, bideoa nahiko hunkigarria eta argigarria da. Eta azkenik, azken aldian hain bogan dagoen heziketa emozionalaren gaia lantzen du.

Bukatzeko, hau guztia eremu hezitzaileetan eta jendartean landu beharra justifikatzeko eskatu zaigu. Nik horretarako, irakurgaian bertan dagoen Federico Abreu Silveiraren hitzak errepikatuko ditut: “Historian ez dago talde zapaltzaile bakar bat ere pribilegioei bere kabu uko egin dienik. Horregatik da hain garrantzitsua mugimendu feminista” esfera guztietara zabaltzea.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina