#loinaz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#loinaz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/11/12

Denak ala inor ez, dena ala ezer ez

Mikel Laboaren abestiaren apologia egin baino gehiago, sarrera honetan FEMINISMOA zer den azaldu nahiko nuke nire hitzetan. Azaldu baino, azaltzen saiatu, izan ere, zaila egiten da eztabaida luze eta sakonetan sartu ahal izan gabe feminismoa zer den azaltzea, hala ere hortxe doa nire saiakera xumea:






Feminismoa gora eta behera hausnartzen hari nintzen bitartean, Loinaz Lekuonaren sarrera hau topatu dut eta gauza askorekin erabat ados nago, batez ere, feministak erradikala izan behar duela dioenean, Irantzu Varelaren hitzak lekukotzen dituen bitartean. Gauzak ezin dira erdizka egin eta gauza askoren inguruan zalantzak izan ditzakegun arren, feminismoak ezin du horietako bat izan, zergatik? Emakume izanda (nagusiki, baina ez horregatik bakarrik), nola ba geure buruaren alde egiten duen bizi eredu eta mugimendu baten aurka egon? Nola ba gure teilatuari harriak bota? Honek norberaren aitortza eta zaintza alde batera uzten ditu eta ez gaitezen engainatu, hau ez da sanoa.


Inguruan ildo feministen inguruan galdetu dudanean, hainbat eta hainbat erantzun jaso ditut, baina horien artean hauek aipatu nahiko nituzke: prebentzioaren lanketa eta maitasun zein sexualitatearen inguruko eztabaidak ematea. Nerabeekin lan egiten dudan heinean, etengabe ikusten dut idetifikatu gabeko indarkeriak jasaten ditugula emakumeok eta aldakatarako, lehenengo aldatu behar den hori zer den jakin beharra dugu, ondoren hau ekiditeko estrategiak martxan jartzen ditugun heinean. Bestalde, sexualitate eta gorputzaren inguruan dugun estigma eta tabuek gauza asko eta asko ez gozatzera eraman gaituzte, larrua burututik jotzea eta ez gozamenetik, besteak beste.


Emakume bat aipatu beharko banuke, Waris Dirie aipatuko nuke. Waris Somaliako emakume bat da, ablazioa egin zioten eta berak maite ez zuen gizon heldu batekin ezkondu nahi zutenez, desertutik ihes egin zuen. Bizitzako ildoak jarraituz eta barrutik indar asko aterata, ahotsa altxatu eta emakumeen jazarpenaren inguruko hitzak zein ekintzak martxan jarri ditu, bere hitzak ez ditu inor epel uzten eta hausnartzera eramaten gaituzte. Hala ere, ez gaitezen engainatu, patriarkatuak forma asko ditu eta feminismoak ere modu askotarikoa izan behar du, nola ez. Emakumeok biktima izatetik haratago, talde egin eta honi era bateratuan aurre egin behar diogu, ezberdintasunei baino, berdintasunei kasu eginez. Esan bezela, denak ala inor ez, dena ala ezer ez...

Waris Dirieren autobiografian oinarritutako pelikula bat uzten dizuet hemen, "La flor del desierto" deiturikoa. Eta bestalde, Nazio Batuen aurrean esan zituen hitzak birgogorazi nahi nituzke bide batez.




2018/04/24

AGURRA

"Emakumeek autodefentsa beharra 
 sentitzen ez duten mundu bat amestu behar dugu."

Dagoeneko ikastaroa bukatzen ari da, eta ohartu orduko igaro zaigu beste ikasturte bat. Ez da ibilbide motza izan, eta denok dakigun bezalaxe ibilbidearen hasieran besterik ez gaude. Eskerrik asko denbora honetan zuen esperientzi, gertakizun, iritzi edota asmoak plazaratzeagatik. 

Hauek dira denon artean eraiki dugun ikastaroarentzako aukeratu ditudan hitzak, uste dut, beraien kabuz hitz egiten dutela.
ahalduntzea

saretzea

elkarlana

Azken asteetan kanta honekin nabil, eta nahiz eta aspalditik ezagutu zuekin elkarbanatu nahiko nuke. 



Gehiegi luzatu gabe, seguru aski, asmo bereko edota bestelako lekuren batean berriro ere elkar topatuko dugula; beraz, bitarterarte ondo ibili eta zaindu!


2018/03/16

INDARKERIA MATXISTA

Asko dira emakumeen aurkako indarkeria izendatzeko erabiltzen diren terminoak. Besteak beste, indarkeria matxista, genero-indarkeria, etxeko indarkeria, emakumeen aurkako indarkeria, familia-indarkeria eta familia barneko indarkeria. Horiek guztiek, muinean erro bera dute: indarkeria hori eragin edo ontzat ematen dutenek ideologia matxista dute. Bestetik, aipatzekoa da indarkeria matxista ez duela zertan beti gizon (gizon talde) batek eragin. Izan ere, egun gure jendartean indarrean dagoen sistema patriarkalak eta kulturaren zenbait alderdik indarkeria matxista eragiten dute. Izan ere, kalte fisiko, sexual eta psikologikoez gain, beste kalte batzuk ekar ditzakeelako; hala, esan liteke indarkeria matxistaren ikusmoldea oso zalaba dala.
Honekin lotua, hona hemen aste honetan Irati Elorrietak argitaratutako artikulua.
Aipatu beharra dago, indarkeria zuzenaz gain, badirela beste bi indarkeria mota bertan pairatu zirenak. Hain zuzen ere, egiturazkoak deritzogunak eta kulturala. Generoari dagokionez, honako esanahi hau lukete bi indakeria mota horiek:
  • Egiturazko indarkeria: emakumezkoen oinarrizko eskubideak murrizten dituzten muga ikusezin eta ukaerzinei dagokie egiturazko indarkeria. Hala, ez du egile batek reagiten, sistema ekonomiko-politiko-sozialak baizik. Adibide gisa, gure jendartean indarrean dagoen sistema patriarkala jar daiteke, gizon-emakumeen arteko berdintasun zapuzten duten botere-harremaneta oinarritzen dena.
  • Indarkeria kulturala: emakumezkoen aurkako edozein indarkeria mota (zuzen zein egiturazkoa) justifikatzeko edo legitimatzeko zuzen ere, usteei, balioei eta, oro har, ezagutza sozialei. Halaber, uste, balio eta ezagutza sozial horiek transmititzen dituzten mezu, zeinu, irudi eta antzekoak erabiltzeari. Hala, mintzairaren erabilera sexista eta iragarki, abesti, atsotiz, txiste, bideo-jolas, aldizkari, telebista-saio, ipuin eta antzeko asko indarkeria mota honen elementutzat har daitezke.



Beraz, esan genezake, indarkeria hauek ez dira gizon batek eragiten dituen eredu puntualak, baizik eta sistema sozio-politiko-ekonomikoaren eta kulturaren zati bat baizik.
Halako egoerak ikusirik, ezinbestekoa da erronka aldetik, haurren partaidetza sustatuz, tratu onak eta enpatia jorratzea. Tratu onak, ez bakarrik besteekiko, baita  norberaren buruarekiko ere bai, haurren egunerokotasunean ezagunak egiten zaizkien adibideak erabiliz: jolasetan, etxean, eskolan, etab. Saioetan ikasleen bizipenak entzun eta partekatu dira, beti ere genero ikuspegia kontuan hartuta. Enpatiari dagokionez, zer den eta zergatik den garrantzitsua adierazteaz gain, hori lortzeko tresnak eta baliabideak eskaini behar zaizkie. Indarkeria matxistaren jatorria eta motak ere landuaz lurraldeko haurrekin, informazioa eman eta honi aurre egiteko baliabideak eskainiz. Bestetik, askotan, sexismoa ere transmititzen dute hezkuntza-material askok. Hala, garrantzitsua da eduki sexistak jasotzen eta heteronormatibotasuna sustatzen dutenak baztertzea edo modu kritikoan erabiltzea; hau da, zalantzan jartzea transmititzen dituzten eduki horiek, horien inguruko eztabaida sustatuz. Halaber, emakumeen ekarpenak jasotzen dituzten hezkuntza-materialak erabil daitezke. Eta, ez badaude, sortu egin daitezke. Gainera, gomendagarria da orain arte sexu bakoitzari ezarri zaizkion estereotipoak apurtzen dituzten irudiak erabiltzea, bai eta emakume eta gizonen irudi kopuru orekatua erabiltzea ere. Ildo beretik, min-tzaira modu ez-sexistan erabiltzen duten hezkuntza-materialak baliatu beharko lirateke, edo modu sexistan erabiltzen dutenak gelara eraman beharko lirateke, eta horietan sexismoa hautematen irakatsi.

Amaitzeko, Leire Garroren sarrera partekatzea interesgarria iruditu zait. 

2018/03/07

GATAZKAK


Amorruak eta gatazka-konponketaren gaiak kezka asko sortzen ditu. Hala, esan liteke, amorruaren ikuspegi desberdinak eskaini daitezkeela, izan ere, gizakiarengan naturala den zerbait bezala hartzen da emozio negatibo gisa estigmatizatzeari utziz. 

Ondorioz, askok kontra egin arren, gatazkek askatasunarekin lotura estua duela esango nuke. Alegia, gatazkek gure integritate pertsonala defendatzeko bidea ematen digu: nor garen, geure espazioa markatzeko dugun beharra, eta bizitzan hartzen dugun lekua hain zuzen ere. Ondorioz, gakoa, gatazkari tradizionalki atxikitu zaion izaera ezkorrari aurre egitean datza. Gatazka, garapen aukera bezala ikustea beharrezkoa da, aldaketarako giltzarria delako. Ezinbestekoa,  pertsonen eta jendartearen garapenerako. Gatazka ez da ez negatiboa, ez positiboa, gatazka konpontzeko modua izango da positiboa edo negatiboa. Gatazka ulertu eta hau kudeatu ahal izateko, ezinbestekoa da hezkidetza  bakea lortzeko tresna bezala ulertzea. Hezkidetza eta Bakerako Hezkuntzaren arteko harremana ulertu beharrean gaude.

Honi heldurik, Gabiriko eskola txikiak gatazkak edota liskarrak ebazteko estrategiak argitara eraman ditu. Hona hemen dokumentua:
Gida metodologiko hau lehen eta bigarren hezkuntzako irakasle eta zuzendaritza-taldeei eta hezkuntzako beste profesional batzuei zuzendua dago.

Hau guztia aintzat izanik, honako puntu hauek landu beharko liratekela iruditzen zait: 
  • Ikastetxeko Bizikidetza Behatokiek genero-ikuspegia izatea.
  • Curriculumean txertatzea gatazken trataerarako behar diren konpetentzien garapenerako edukiak. Botere kontzeptua birdefinitzea eta bera garatzeko behar direnak: aukerak zabaltzeko gaitasuna, akordiotara heltzeko gaitasuna, komunikatzeko gaitasuna, emozioak ulertzeko gaitasuna. Historikoki emakumeei egotzi zaizkien ahalmenak, alegia, denei zabaltzea.
  • Sentimenduen eta balore afektiboen inguruan hausnarketa berreskuratzea eta hainbat kontzeptu birdefinitzea. adibidez, errukia eta maitasuna. Eta oinarri bezala enpatia.
  • Gatazka baten aurrean alderdi pertsonalak kontuan izatea, baina gizarte heteropatriarkalaren egiturek ere horretan izan dezaketen eragina ahaztu gabe, gatazkari emandako irtenbidean aspektu horiek ere kontuan izan beharko ditugu eta. Berriro ere testuinguruaren garrantzia.
  • Gatazken trataeraren prozesuetan ikasleen (nesken zein mutilen) irtenbide proposamenak oinarri izatea.
  • Arauak genero estereotipoetatik kanpoko jarrera eraikitzeko lagungarriak izatea eta behar izatekotan, bitartekaritza zerbitzua izatea, zaintzaren etikak emandako irizpideak kontuan izanik.
Bukatzeko aurreko urteko Leire Garroren sarrera hau aipatuko nuke. 

2018/03/01

SEXUALITATEAK ETA HARREMAN AFEKTIBO-SEXUALA

Sexualitateak eta harreman afektibo-sexuala lantzea, sexualitatea ikuspuntu integral batetik lantzea litzateke; beti ere, sexualitatea bizitza osoan zehar pertsonaren oinarrizko ezaugarri bat bezala ulertuz. Era berean, besteekin komunikatzen eta harremanak garatzen laguntzeko tresna da, gure burua onartzeko eta sentimenduak ulertzeko eragin zuzena izanez. Beraz, esan liteke, sexualitatea bizitzeko eran eragiten duten hainbat baloreetan oinarritzen dela: errespetuan, koherentzian eta arduran hain zuzen ere. Eragin honi esker, parte-hartze desberdinen aurrean tolerantzia lantzen da eta aurreikusitako jarrera osasuntsuak indartzen dira.
Hau guztia aintzat izanik, gure herri-eskolan hezkidetza-z arduratuko den lan-talde bat osatu zen. Bertan, taldekideek eskolak hezkidetzaren baitan dituen ahulgune zein indarguneak identifikatu eta horien aurrean hausnartu, eta behar izanez gero egin beharreko eraldaketa proposatu beharko lukete.
Hala, behin betaurreko moreen diagnostikoa eginda, ohartu ziren haur-hezkuntzan zenbait pausu ez zirela aproposenak haurren sexualitateari dagokionez. Hori dela eta, haurtzaroan sexu-heziketa bultzatzeko aditu batekin elkartu eta haur hezkuntzako irakasle orok ordu bete eta erdiko saioa jaso zuen Harremanak Hezkuntza Elkartearen eskutik. Formakuntza honetatik aurrera irakasle eta hezkidetza taldeak honako puntu hauek besteko zituztela adostu zuten:   
  • Ikaslearen gorputza eta norbere sentsazioak ezagutzen lagunduko dugu.
  • Ez ditugu  gorputzaren esplorazioa eta laztanak debekatuko.
  • Komunikabideetako ageri-ageriko eduki sexualak ikustea saihestuko dugu.
  • Familiei aholkuak emateko gai eta prest egon behar gara.
    • Haurrarekin komunikazio-bide irekia sortu eta iraunaraziz.
    • Sexualitate gaietan zer den zuzena eta zer ez den eztabaidatzeko espazioak sortuaz.
    • Gaien inguruko bere interes eta zalantzei buruz hitz egin.

Bestetik, irakasleei formakuntza eman zien elkarte berak ikasleekin aritzen dira hilabete batez. 4. eta 6. mailei zuzenduak egon ohi dira eta astean 3 ordu eta erdiko saioak izaten dituzte. Hain zuzen ere, orain bertan herri eskolan daude eta harrera ezin hobea jaso dute ikasle zein hezitzaileen aldetik. Bestetik ume zein nerabeen baitan hauek dira aintzat hartuko diren puntuak:
  • Sexualitatea bere osotasunean ulertu. Sexualitatea eta genitalizazioa desberdindu. Alde afektiboari eman garrantzia. 
  • Familia barruan sexualitateari buruzko elkarrizketa bultzatzeko konfiantza eta ziurtasun giroa sustatu.
  • Gaiak duen garrantziarekin landu. Ez egin “txantxa” gehiegi ezta serioegi hartu.
  • Ikasleek galdetzen duten gauzen inguruan, norbere mugak gainditu eta alternatibak bilatu. 
  • Ikasleei egokitutako informazioa eman. Ez pentsa egun informazio asko badutela gai honen inguruan. Nerabe guztiek ez dituzte kezka eta zalantza berdinak. 
  • Ikasleen orientazio sexuala errespetatu. 
  • Sexu bateko nahiz besteko izanagatik ez eman mezu desberdinik (neskei haurdun ez gelditzeko jarraibideak eta mutilari txintxoa izateko jarraibideak), ezta erantzukizun edota betebehar gehiagorik. 
  • Euren galderei erantzuteko prest zaudela erakutsi.

Honetaz eta gehiagotaz hausnartzeko, hona hemen Ernaik eginiko bideo interesgarri bezain entretenigarria:


Bukatzeko aurreko urteko lan hau aipatuko nuke: http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2017/03/eredua-eredurik-ez.html


2018/02/23

ANIZTASUNA SEXUALAK

Azken aste honetan argi gelditu da beste normalitate bat asma dezakegula, pertsona bakoitza bere sexua baina gehiago izan litekeela. Batzuetan emakume femeninoak izango dira, baina beren jarrera maskulinoa izanik; beste batzuetan ordea alderantziz. Hala eta guztiz ere, denek eduki beharko lukete behar eta merezi duten lekua. Aste honetako ibilbidearen ondorioz konturatu naiz ikasitakoa desikasi dezakegula, heteronormatibitateak inposaturiko muga zorrotzak gainditzeko gai garela, eta ondorioz, ikuspegia zabaldu eta aniztasun orori bere lekua emateko aukerak izango ditugula. Hau jakinda, gai honen inguruan bururatzen zaizkidan galderak eta zalantzak, asko dira. Pertsonek izateko, sentitzeko, agertzeko, egoteko ditugun amaigabeko konbinaketa, aukera eta prozesu horien guztien ondoriozkoa da munduan dagoen aniztasun anitza. Nahiz eta pertsona bat definitzerakoan berak zer den sentitzen duena izan baliagarriena, eta ez gainerakoek diotena, egia da aniztasun anitz hori jendarte patriarkalean ikusezin geratzen dela askotan edo agertzen bada, modu estereotipatuetan eta hierarkizatuetan egiten dela. Hau da, garrantzitsua da jendea bere sexuaren arabera ez baloratzea, baizik eta jendartean hartu nahi duen lekuaren arabera. Baina berriz ere sistemaren interesak aurrejartzen dira norbanakoaren ongizate eta garapen askea mugatuz. Izan ere, jendarte patriarkal sexistan sexu sailkapenaren atzetik, sexu-genero estereotipoak datozelako, eta, ondorioz, bizitza eremuen garapen erabat baldintzatuta. Sailkapen bitarrak zalantzan jarri ezkero, sistema sozialaren antolakuntza ere zalantzan. Modu honetara, guztion garapen osasuntsua mugatzeaz gain, bidegabekeriak sortzen ditu emakumeentzat, eta baita sistema onartzen eta erreproduzitzen ez duten gizonentzat. Hala dio Amelia Barquinek: “Erabileran dago gakoa, erabilerak izan daitezkeelako sexistak, edo arrazistak”. 

Bestetik, Kattalin Miner Perez eta Lore Etxeberria Lujanbiok jardunaldi batzuetan grabaturiko “Bollera da bide bakarra” bideoan estrategikoki homofobiatik eta jazarpenetik urruntzeko zenbait argudio ematen dituzte.


Iazko ikastaro kideek egindako posten artean, ANIZTASUN SEXUALARI LOTURIKO HARREMAN GEOGRAFIA izenburupean BegoƱak idatzitako testua pentsatzen dut dela osatuena: irudiak, grafikak, proposamenak, anitzak eta esanguratsuak iruditu zaizkit, bere diskurtsoa koherentea eta bukaerarako uzten duen hausnarketa, partekatzeko modukoa.

Bukatzeko, nire aburuz honako hauek izango lirateke hezkuntzak zein gizarteak hartu beharreko erronkak:
  • ·         Sexu-genero sistema salatu eta gainditzea.
  • ·         Ikasle bakoitzaren errepika-ezintasuna askatasunean garatzeko eskubidea bermatzea.
  • ·         Norbere gorputza hobeto ezagutzea, aniztasuna errespetatuz.
  • ·         Pertsonen arteko harremanak hobetzea.
  • ·         Maitasuna, segurtasuna, elkartasuna sustatzea.
  • ·         Sexualitatearen garapen integrala eta atsegingarria bermatzea.
  • ·         Heteronormatibitatetik aldentzen diren ereduak aurkeztea.
  • ·         Sexu-genero rolak eta genero aginduak betetzen ez dituzten ikasleei inguru segurua eskaintzea.


2018/02/17

IDENTITATEAK

Haritza 10 urteko neskato zakilduna da. Eurik 8 urte ditu eta bulba duen mutila da. Transexualitate egoeran dira biak ala biak. Prozesu mingarria izan daiteke hori neska eta mutil askorentzat, eta, duela gutxira arte, babesleku baino gehiago, oztopo bihurtzen ziren ikastetxeak eta erakunde publikoak, transexualitatea patologia bihurtuta. Egoera, baina, aldatzen hasia da, pixkanaka bada ere, kalean nahiz instituzioetan. Hain zuzen, genero nortasunaren pluraltasunari erantzuteko, adingabe guztien eskubideak bermatzeko eta jazarpen kasuak eragozteko xedez zenbait protokolo martxan jarriak dira zenbait eskoletan. Hala ere, ez denetan, izan ere, aste honetan nerabe batek bere buruaz beste egin duela jakin da. Hona hemen Chrysallis elkarteak argitaratutako idatzia: 



Hala, Ikastetxe guztietan baditugu bitarra den sistematik aldetzen den ikaslerik, bai eta heteronormarekin bat ez datorrenik ere. Denetariko ikasleak ditugu, ikasle anitzak, eta aniztasunaren trataera egokia lantzen ikasi behar dugu eguneroko jardueretan.

Hezkuntzan aniztasun afektibo sexualak eta genero aniztasunaren egoera aztertzeko hainbat ikerketa egin dira Hezkuntzan (gure inguru hurbilean, estatu mailan eta Europa mailan). Jazarpen LGTBIQfobikoak duen hedadura aztertu da, bai eta LGTBIQ ikasleek duten euren buruaz beste egiteko arriskua ere, eta atera diren ondorioak guztiz kezkagarriak dira; era berean, ondorioztatu da biktimaren eskubideak urratzen dituela, haren osotasun psikikoa eta fisikoa. Ez da, beraz, eremu pribatuko kontua, hezkuntza kontua da, kontu publikoa. Ez dakigu benetan zenbatek jasaten duen bazterkeria sexista, baina ikasleen artean %30-%40k noizbait izan duela harremanik tratu txarren egoera batean (eragile izan, erasotua izan) aipatu izan da. Homofobiagatiko bullyin-ak absentismo mailarekin, ikasketa aldaketekin eta eskola porrotarekin harreman zuzena du Bigarren Hezkuntzan. Ez dute ikastetxera joan nahi besteen aurrean irainduta izateko, bazterturik izateko, edo irrigarri uzteko. Ikasleen arteko bortizkeria lazgarria da euren hezkuntza prozesuan, euren garatze prozesuan. Eragileek portaera bortitza sendotzen dute eta bestelako esparruetara eraman; biktimengan ondorio zuzena du, eta izaeraren garapena kaltetu. Eureganatzen dute baztertua izateko aukera eta “zortea izan dut, ez bainaute jo” bezalako ustea garatzen dute. Gainontzeko ikasleak ere beharturik sentitzen dira batere egokia ez den bortizkeria giroan euren sozializazioa egitera, eta normaldu egiten da indartsuenarekiko beldurra. Irakasleek ere ez dute giro egokia ikas/garatze prozesuan bidelagun izateko. 

Horregatik, ezinbestekoa da elkarteekin harremanetan jartzea eta gaiarekiko formakuntza jasotzea. Hona hemen zenbait elkarteren web gunea:

Heziberri2020ri dagokionez, bertan ageri den esaldi hau azpimarratu nahiko nuke: "Emakumeei eta gizonei esleitutako portaera-eredu soziokulturaletan oinarrituta eraiki diren sexuaren araberako aurreiritziak, estereotipoak eta rolak ezabatzea, sexu bateko zein besteko ikasleei beren buruak erabat garatzeko aukerak eskaintze aldera”

Teorizazioa ezinbesteko kontua da, baina ezin gara hitz hutsaletan gelditu. Ezinbestekoa da teoria guzti hori praktikara eramatea eta estrategi zein baliabide desberdinak eskuragarri jartzea. 

Bukatzeko aurreko urtetako sarreretatik Amaia Chuecaren lana azpimarratuko nuke. 

2018/02/04

ORIENTAZIOA

             ESTERIOTIPOAK
                           APURTUZ ETA
                       PAREKIDETASUNAREN
                           ALDE
                            EGINEZ,
                           LORTU 
                           DEZAGUN
                HEZKUNTZA
   AUKERA AKADEMIKOA ETA
              ORIENTAZIOA
   BERDINATASUNEAN GAUZATZEA



Ikusi dugunez, hezitzaile eta orientatzaileek genero-eraikuntza gure zainetan sartua dugula onartu eta hori bera eraldatzeko lan pertsonala egin behar dugu. Hala, pertsoneekin lan egiten dugunean gure izate eta sinismenek eragina dute. Izan ere, esku artean mila formula izatea baliagarria izan daiteke, baina, horiek denak gure genero eraikuntzak zipriztintzen baditu (modu inkontzientean) eredu berdina eta baztertzailea errepikatzeko arriskua izango dugu. 

Beraz, esan liteke, edozein orientazio hezkidetzaile edo tutoretza plan martxan jartzeko egoeraren diagnostikoa egitea ezinbestekoa dela; alegia, eskola, errealitate, bizi baldintza, eta abarrak lekuz leku aldatzen dira eta formula bera ez da baliagarria danontzat. 
Bestalde, emakumeek komunikatzeko, lan egiteko, parte-hartzeko, ardurak kudeatzeko garatu dituzten moduak balioan jartzea komenigarria da. Horrela esanda erraza dirudi, baina, barrura begirako ariketa eginez gero, ohartuko gara kasu batzuetan jabekuntza prozesua burutu gabe dugula. Beraz, interesgarria litzateke, egunerokotasunean espazio txiki-handi guzti horiek garatzen joatea modu kontzientean. 

Era berean, emozioen eta afektibitatearen hezkuntzan trebatu eta eskola orduetan ikasleekin landu. Beharrezkoa ikusten dut, munduan egoteko beste modu batek eman ahal dizkigu giltzak. Pertsona erdibidean jarri eta hezkuntza garapen integrala bultzatu behar badugu, elikatzea bezain garrantzitsua izan daiteke emozioen munduan trebatzea. 

Amaitzeko, lan egiteko modu honek edota orientabideak emateko aukera hezkidetzaileak eskola guztia izan behar du kontuan.  Hezitu, eskolako langile guztiek, familiek eta gizarteak egiten baitu. Irtenbidea, alternatiba estanko eta isolatuen bitartez bilatzen badugu emaitza halakoxea izango da. Eskola bizi eta eraikitzeko modua eraldatu egin behar da, denok baikara interdependienteak. 

Honetan sakontzeko hemen duzue Luixa Reizabalek hezkidetzaren inguruan dioena. 


Iazko Amaia Chuecaren sarrera interesgarria iruditu zait, hainbat datu argitaratzen dituelako. 


2018/01/28

CURRICULUM-A ETA BALIABIDEAK

Historian zehar, eta azken urteotan batez ere, eskolak izan duen ibilbideari erreparatuta, argi eta garbi baiezta dezakegu hezkidetzaren kontzeptualizazioa guztiz aldatu dela, baita horri eskolan ematen zaion tratamendua ere. Hau da, hezkidetza eskola mixtoaren ideia hutsetik, sexuen arteko aukera-berdintasuna sustatzen duen hezkuntzara igaro da. Dena den, argi dago eskola hezkidetzailea lortzeko bidean gauden arren, oraindik ere lan asko dugula egiteko. Areago, aurrera egin ahala ziurrenik erronka berriak agertuko dira. Izan ere, hezkidetza lekuan lekuko egoeraren desafioei moldatzeko eta bizi den errealitateari aurre egiteko gai da. Beraz, jardun hezkidetzailea gauzatzea helburu badugu, ezinbestekoa zaigu aipatutako baliabideak genero perspektiba batetik analizatzea, horiek elikatzen ahal dituzten balore, estereotipo, rol eta sinesmenak identifikatu eta azterketa hori kontuan hartuta, ikasleak kontziente egitea. Izan ere, testuliburuak, ipuinak eta idatzizko bestelako materialak –ikasleak edo irakasleak sortua, zein publikatutakoak– emakumeak eta hauen lan eta baloretzat hartzen direnak diskriminatzen dituen gizarte batean jaio dira. Hortaz, bistako ezaugarri sexistez beteta egon ohi dira, analisi sistematikoen bidez aztertzen ahal direnak. Material didaktikoa, besteak beste, ikuspuntu hezkidetzaile batetik analizatzearen kontuak, ordea, urte batzuetatik honako ibilbidea du. Hau aintzat izanik, curriculuma, edukia ikasten eta irakasten denak osatzen duen elementu multzoa dela esango genuke. Kontuan hartu behar dugu baina, sistema patriarkal eta androzentriko batean gauden heinean, jakintzak ere halako kutsua izango duela, eta beraz, orain indarrean den Curriculumak, Heziberri 2020k, ere bai. Hezkuntza eredua ezberdinak, gainontzeko esparruetan gertatzen den bezalaxe,sistema patriarkalaren gainean eraiki eta garatu dira, genero hierarkizazioa oinarri dutela. Hau da, patriarkatua, pentsamenduan ez ezik, sistema osoaren egituran dago, eta beraz, curriculuma sistema sostengatzen duen beste elementu bat gehiago bihurtzen da, honen kontra ezer egin ezean, behintzat. Horregatik da hain zaila sistematikoki curriculuma eta baliabide didaktikoak hezkidetzaturik egotea.

Era berean, mendeetan zehar, eta gaur egun ere, Lehen Hezkuntzako esparruko irakasleen gehiengoa emakumezkoa izan da. Honek, baina, ez du bermatzen ikuspegi feminista txertatuko zaionik curriculumari edo gelan erabiltzen diren baliabideei. Batzuetan gertatzen da zapaldua denak ez dituela sistema zapaltzailearen kateak sentitzen, hau da, bakoitza bere 'konfort zonatik' mugiaraziko duen formakuntzarik jaso ezean, sistema erreproduzitzera mugatuko garela, eskola bezalako instituzio batean. Aldi berea, 'betaurreko moreak' jartzeko formakuntza hori bakoitzak bere kabuz, bere diruarekin eta beren denbora librean egitea, militantzia hutsean geratzen da, eta esan bezala, horrelako 'askapen keinuak' eskertzekoak dira, baina eraginkorrena halako formakuntza bat formalki eta Lehen Hezkuntzako lehentasun gisa ikusi behar genuke.

Izan ere, curriculumak izaera hezkidetzailea izango balu ere (demagun), batzuetan teoriatik praktikarako saltoan galtzen da izaera hezkidetzaile hori. Hau da, bakoitzaren curriculumaren interpretazioan geratzen bada irakaspena, eta irakasleak ez badauka formakuntza hezkidetzailerik, nekez praktikatuko dugu irakas prozesu feminista bat. Beraz, uste dut garrantzitsuena, curriculumaren irakurketa hezkidetzailea dela orain dugun lehentasuna, eta hala, gutxinaka, aste hontan ikusi dugun moduan, joango garela eskolako eragile ezberdinak erabiltzen ditugun baliabideak hezkidetzaile bihurtzen.

Bestetik badira zenbait lurralde feminismo ikasgaia euren curriculumean txertatu dituztenak ere, Australia esate baterako. Bertan sexismoa zein feminismoaren inguruko pentsamendu kritikoa sustatu nahi dute, gizarte berdintzaile bat lortzea helburu izanik.

Telesailek ere euren eragina dute, zer esanik ez Go!azen telesailak sortu duen fenomenoa. Interesgarria da halako telesailak euskara hutsean aritzea eta halako ikusle kopurua lortzea, baina nolako esteriotipoak lantzen dituzte? hala dio Etxabek:
«Gure haurrei eta nerabeei eskaini nahi dizkiegun erreferentziak nolakoak izatea nahi dugun pentsatu beharko genuke. Gure ustez, gizartean, kalean, familietan eta ikastetxeetan dagoen aniztasuna telebista saioetan txertatu behar dugu: askotariko harreman ereduak, ezaugarri, izaera eta jatorri desberdinetako pertsonak, askotariko gorpurtzak... Go!azenbezalako produktuek duten arrakasta baliatzea ezinbestekoa da, jendartean pil-pilean dauden gaiak ikuspegi hezitzaile batekin bistaratzeko eta lantzeko»

Etxabek uste du halako ekoizpenetan estereotipoen eta harreman moduen inguruan hausnarketak egin behar direla. Izan ere, Go!azen kasu batzuetan nahiko hanka-motz gelditzen da alor horretan. 

Hau guztia kontuan izanik, hauek izango lirateke erronka nagusiak: 

  • Curriculum geure egin, hau da, hezkidetzaile egin, ikuspuntu androzentrikoa baztertzeko, diziplina bakoitzaren barne ikuspuntua landuz
  • Jarduera, eduki, metodologia zein materialen diagnosia sustatu eta hezkidetzailea ez dela ikusten bada, erabakiak hartu. Moldatu, ordezkatu eta baliabide berriak sortu eta partekatu, saretu.
  • Curriculum-edukietan ahaztua den 'Hezkuntza Afektibo-Sexualari' buruzko edukiak curriculumean txertatzea.





2018/01/16

PARTAIDETZA

Zer da parte hartzea? Zergatik aurkitzen ditugu batzuetan hainbeste zailtasun partaidetza sustatzeko? Parte hartuz elkarteak horrela definitzen du partaidetza “pertsonen komunitate bat antolatzeko eta mobilizatzeko prozesua da". Parte hartzea gara daitekeen ahalmena da eta parte hartzeko baldintzak Equipo Claves (1994) taldearen proposamena erreferentziaren arabera  parte hartzen jakitea, parte hartu ahal izatea eta parte hartu nahi izatea dira.  Norbere izaeraren eraikuntzan ezinbesteko ezaugarria baldin bada eta jendarte eraldaketarako zein herri bat eraikitzeko oinarrizko tresna, non dago emakumeen partaidetza? Jakina da badirela gainditzeko partaidetzarako sexu-genero estereotipoek jartzen dituzten mugak.  Hezkuntza-esparruetan neskek  partaidetzarako izan ditzaketen arazo, zailtasun edo mugen jatorria arrazoi askoren ondorio izan daiteke eta neurri handi batean zerikusia izaten dute nesken zein mutilen genero-sozializazioarekin, barneratutako jarrerak, baloreak eta mundu sinbolikoaren eraikuntzarekin. Argi dago partaidetza parekidea lortzeko bide luzea daukagula. Hala ere, partaidetza da ikas eta hobe daitekeen gaitasuna esparru guztietan landu ahal izateko. Horretarako, parte hartzen irakatsi, parte hartzeko aukerak eman eta parte hartzera motibatu egin behar gaituzte emakumeok.

Hala, emakumeen partaidetza sozio-politikoa  lortzeko Laura Gómez-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun saileko Zuzendariak, Emakumeen partaidetza sozio-politikoa bideoan dioenez, "Beharrezkoa da instituzioak herritarrei irekitzea arlo publikoko erabaki guneetatik urrun baztertuak izan baikara". Emakumeon parte hartze politikoa bultzatzea oso garrantzitsua da Mireia Espiazuk, EUDELeko berdintasun teknikariak, dioen bezala: "Partaidetza bultzatzeak ahalduntze prozesuen oinarriak sustatzen baititu". Gainera, berdintasunerako politiketan eragina eduki ahalko dugu, Cristina Almeida-k, abokatu feminstak, Participar es decidir bideoan dioen lez, "politikak emakumea aldatzen du baina emakume askok parte hartuz gero, politika aldatuko dugu".

Nire errealitatean antzekoa gertatzen da bai arlo pribatuan zein publikoan. Hori dela eta, interesgarria litzateke zenbait neurri hartzea, esate baterako:
  • Ikasleak parte hartzen irakastea.
  • Ikasleei parte hartzeko aukerak ematea beren interesetatik abiatuz.
  • Parte ahal izateko bitartekoak eta baliabideak lantze.
  • Komunikazioan estilo “femeninoak” ere erabiltzea, nesken iritziak ezagutzea, denok hitz egiteko aukera izanik.
  • Ikasleak parte hartzera motibatzea.
  • Parte hartzeko espazioa eta denbora era egokian kudeatzea.
  • Rol banaketan genero eta sexu-estereotipoak apurtzea.
  • Gatazkak  era integralagoan tratatzea.
  • Ordezkarien hautaketarako, elkarbizitzarako positiboak jotzen ditugun ezaugarriak kultura “femeninoenak” zein “maskulinoenak” izatea.
  • Bestelako lidergoa bultzatzea: lidergoa edozein eraldaketarako nahiak eta interesak batzea baino askoz gehiago da, alegia, begiratzen, entzuten, onartzen, ohartzen jakitea; besteak zer egiten dakien, zertan sentitzen den ziur, zertan den bakarra … taldekide bakoitzak proiektuaren protagonista dela sentitzea, proiektua bizitzea.
  • Batzordeak, taldeak osatzerakoan, kuotak erabiltzea.
  • Eremu ezberdinetako emakumeen erreferentzia eta ereduak izatez.
  • Adina, sexua, generoa, etnia … dela eta talde segregatuak erabiltzea beharrezkoak direnean.
  • Batzarretan eta bileretan arauak finkatzea ohikoak izaten diren jarrerak ez izateko (emakumeak gutxiestea, estereotipo femeninoak indartzen dituzten txisteak, komentarioak, emakumeak ikusezin bihurtzea...) eta aktak jasotzea.
  • Partaidetza ez dela egoera estatikoa, prozesua baizik kontuan hartzea.
  • Taldearen pertenentzia sentimendua indartzeko nesken zein mutilen beharrak kontuan izatea.
  • Helburuak eta interesak partekatzea, hau da, proiektua da taldekideak batzen dituena.
  • Egon daitezkeen inplikazio eta konpromiso maila ezberdinak zehaztez eta agerian uztea.
  • Aske eta gune seguruan sentiarazteko baldintzak jartzea.
  • Emakumeek ere errentagarritasunaren pertzepzioa izan behar dute.
  • Zereginetarako prestakuntza izatea.
Aurreko lanei dagokionez, oso interesgarria Olatz C-ek burututako infografia.