#Balen etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#Balen etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2019/10/27

KONTUZ! Ez zaitez erori sexu-genero sistemaren tranpan

Aste honetan, sexu-genero sistemari buruz aritu gara, inposatutako bizitzeko bi modu. Gure eguneroko bizitzan nonahi aurki dezakegun sistema da eta sozializazio prozesuarekin erlazio zuzena du. Hori horrela, eskola agente sozializatzaile inportantea izanik, aste honetako irakurgaiek, aurretik jakin arren, baieztatu didate sistema hori deseraikitzeko hezitzaileok dugun paper garrantzitsua.

Hezkuntzan oraindik sexu-diskriminazioa mantentzen da eta ezinbestekoa da irakasleok horren kontziente izatea. Neska eta mutilen inguruan ditugun sinesmenak, beraien gaitasun, jarrera eta jokabideei dagokionez, aurretik ditugun espektatiben ondorioz, betearazten direlako. Askotan neskei arduratsuak izatea eskatzen diegu (etxeko lanak egitea, ikaskideei laguntzea…) eta gehiegikeriak ez diegu inolaz ere onartzen. Horrek, haiengan eragin zuzena duelarik.

Askotan entzun izan dut neskak arduratsuagoak direla, baina aste honetako lanaren ostean, neskak arduratsuagoak egiten ditugula esan beharko genukeela uste dut. Horrez gain, normalean mutilengan arreta gehiago jartzen dugula konturatu naiz (ni neu behintzat bai), gainera, hauek neskek baino gehiago demandatzen dute arreta hori. Ohartu naiz, nire tutoretzan mutilek neskek baino gehiago hitz egiten dutela hitz egiteko txanda gehiago erabiliz. Beraz, hemendik aurrera, jarrera aldatu beharra dut.

Hori horrela, emakume eta gizonen arteko harremanak nola ulertzen eta interpretatzen ditugun ezagutzea eta analizatzea funtsezkoa da, gure ikasleak nondik hezitzen ditugun eta hauekiko zein jarrera ditugun jakiteko, mezu berbala bezain garrantzitsua baita dugun jarrera.


Aurreko edizioetako postak begiratuz, Patxi Iriondoren posta nabarmendu nahiko nuke, ikasleekin bertsolaritza erabiltzearen ideia oso interesgarria iruditu baitzait eta berak dion moduan, bertsolaritza gauzak aldarrikatzeko modu berri bat bihurtu delako. Gainera, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabalen bi bertso zoragarri horiek gaia lantzeko oso aproposak ditugu.


Bigarren Hezkuntzako ikasleekin gai hau lantzeko, hedabideetan estereotipo sexistak landuko nituzke, publizitate, film eta telesail ezberdinak aztertuz.

Adibidez, X Men, Los juegos del Hambre, Harry Potter, Tres metros sobre el cielo, 50 sombras de Grey… pelikulak; Gossip Girl, Sexo en Nueva York, La que ese avecina…  telesailak; edota horrelako iragarkiak aztertuz.





Eta horien inguruan hurrengo hausnarketa eginez:
  • Zer emakume-eredu uste duzu transmititzen dutela hedabideek (ezaugarri fisikoak, nortasuna, funtzioak eta abar)?
  • Zer gizon-eredu  uste duzu transmititzen dutela hedabideek (ezaugarri fisikoak, nortasuna, funtzioak eta abar)?
  • Uste duzu eredu eskuragarriak direla? Halako pertsonak ikusten dituzu zure inguruan (familia, lagunak, eskola)? Adibide errealistak dira? Pertsonen aniztasuna adierazten dute?


Sexu-genero sistemaren gaia konplexua da eta ondorioz, gai hau eremu hezitzailean lantzeko bidean hurrengo oztopoekin aurki gaitezke:
  1. Gaiaren inguruko ezjakintasuna eta kontzientzia eza.
  2. Pigmalion efektua, neska eta mutilen inguruan ditugun sinesmenak, beraien ahalmen, jarrera eta jokabideei dagokionez betearazten ditugulako.
  3. Eskolan landu arren, gizartea eta batez ere sistema eraldatu beharra, honek dakarren zailtasunarekin.

Hala ere, oztopoak oztopo, denok elkarrekin sistema dikotomiko hori deseraiki dezakegu.

Amaitzeko, neska eta mutilen sozializazio prozesu desberdinei buruzko adibideak ematen dituen abesti batekin uzten dizuet.



2019/10/21

ASKE HEZI, ASKE BIZI!


NOLA IKUSTEN DUTE NIRE INGURUKOEK HEZKIDETZA?

Hezkidetzaren inguruko hausnarketa honetarako, Google galdetegi bat prestatu eta whatsapp bitartez zabaldu dut, 16 pertsonek erantzun dutelarik.

Galdetegia erantzun dutenen artean adin ezberdinetako jendea dago 20 urtetik hasi eta 61etik gorakoak ere egonik. %37,5ak hezkuntzan lan egiten du eta %81,3a emakumeak dira.

Hezkidetza zer den galdeturik, batek ez zekien zer den, gainontzekoek bazekiten edo entzuna zuten eta honako hauek dira hezkidetzarekin lotzen dituzten hitzak:




Gehienek hezkidetza zer den jakin arren, jarduera ildoak zehazterakoan zailtasunak izan dituzte, hala ere, gehien errepikatutako jarduera ildoa hurrengoa izan da, “Berdintasunean heztea genero desberdintasunik gabe”.

ETA NIK?

Nik neuk, Hezkidetza esaldi batean definitu beharko banuke, hurrengoa litzateke:


Hori horrela, nire inguru hurbilean hezkidetzaren beharra eta honen lanketa justifikatzeko bost arrazoiak hurrengoak dira:


Bukatzeko, 2017an, #Garazi -k egindako sarrera azpimarratu nahiko nuke, modu original batean Hezkidetzari egindako poema biziki gustatu baitzait.



2019/10/19

ZIBERAKTIBATU GAITEZEN!


Sare sozialekin dudan harremana TIC mailan dagoela esan dezaket, informazioa elkarbanatu eta lagunekin harremanetan egoteko erabiltzen baititut. Twitter eta Facebook kontuak eginak nituen baina ez ditut asko erabiltzen. Twitteren dudan rola nahiko pasiboa da, berriak irakurtzeko eta informatzeko erabiltzen dut baina nik ez dut apenas txiokatzen. Facebook dela eta, azken aldian ere, nahiko baztertuta daukat, sare sozial hau batez ere urruneko lagunekin harremana mantentzeko erabili izan dut.

Sare sozialen mundu honek itzelezko aukera ematen digula badakit, bai irakasle, bai hezitzaile eta bai feminista moduan. Nahiz eta orain arte nire “zibermundua” hutsala izan, kontziente naiz neska gazte zein emakumeok ziberaktibatu behar garela.

Ingurune digitala oraindik gizonen mundu bat izan arren, emakume erabiltzaileen datuak eskasak izanik (berdintasunetik urrun), eten-digitala jaisten ari dela dirudi (beti ere herrialde garatuetan) eta animatu beharko ginateke kultura teknologikoaren osaketa horretan parte hartzera. Bestela, gizonek jarraituko dute mundu hori okupatzen eta euren interes eta erabakiak tarteko, boterea eta (des)informazioa euren nahiera banatuko dute. Ondorioz, Ane Larrinagak dion moduan, emakumeok geroko munduaren eraikuntzatik kanpo geratuko gara.

Beraz, feminismoa ziberaktibatzea garrantzitsua dugu, alde batetik, gazteek erabiltzen duten tresna nagusia izanik, haiengana heltzeko eta haiekin feminismoaren edukiak eta praktikak integratzeko bidea baita. Bestetik, sare sozialek geure ahotsa hedarazi eta entzunarazteko aukera paregabea ematen baitigute.

Hori horrela, jarrai dezagun (edo horretan ez gaudenok animatu gaitezen) saretik berdintasuna praktikatzen eta geure buruari ahala ematen!!!