2019/10/27

KONTUZ! Ez zaitez erori sexu-genero sistemaren tranpan

Aste honetan, sexu-genero sistemari buruz aritu gara, inposatutako bizitzeko bi modu. Gure eguneroko bizitzan nonahi aurki dezakegun sistema da eta sozializazio prozesuarekin erlazio zuzena du. Hori horrela, eskola agente sozializatzaile inportantea izanik, aste honetako irakurgaiek, aurretik jakin arren, baieztatu didate sistema hori deseraikitzeko hezitzaileok dugun paper garrantzitsua.

Hezkuntzan oraindik sexu-diskriminazioa mantentzen da eta ezinbestekoa da irakasleok horren kontziente izatea. Neska eta mutilen inguruan ditugun sinesmenak, beraien gaitasun, jarrera eta jokabideei dagokionez, aurretik ditugun espektatiben ondorioz, betearazten direlako. Askotan neskei arduratsuak izatea eskatzen diegu (etxeko lanak egitea, ikaskideei laguntzea…) eta gehiegikeriak ez diegu inolaz ere onartzen. Horrek, haiengan eragin zuzena duelarik.

Askotan entzun izan dut neskak arduratsuagoak direla, baina aste honetako lanaren ostean, neskak arduratsuagoak egiten ditugula esan beharko genukeela uste dut. Horrez gain, normalean mutilengan arreta gehiago jartzen dugula konturatu naiz (ni neu behintzat bai), gainera, hauek neskek baino gehiago demandatzen dute arreta hori. Ohartu naiz, nire tutoretzan mutilek neskek baino gehiago hitz egiten dutela hitz egiteko txanda gehiago erabiliz. Beraz, hemendik aurrera, jarrera aldatu beharra dut.

Hori horrela, emakume eta gizonen arteko harremanak nola ulertzen eta interpretatzen ditugun ezagutzea eta analizatzea funtsezkoa da, gure ikasleak nondik hezitzen ditugun eta hauekiko zein jarrera ditugun jakiteko, mezu berbala bezain garrantzitsua baita dugun jarrera.


Aurreko edizioetako postak begiratuz, Patxi Iriondoren posta nabarmendu nahiko nuke, ikasleekin bertsolaritza erabiltzearen ideia oso interesgarria iruditu baitzait eta berak dion moduan, bertsolaritza gauzak aldarrikatzeko modu berri bat bihurtu delako. Gainera, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabalen bi bertso zoragarri horiek gaia lantzeko oso aproposak ditugu.


Bigarren Hezkuntzako ikasleekin gai hau lantzeko, hedabideetan estereotipo sexistak landuko nituzke, publizitate, film eta telesail ezberdinak aztertuz.

Adibidez, X Men, Los juegos del Hambre, Harry Potter, Tres metros sobre el cielo, 50 sombras de Grey… pelikulak; Gossip Girl, Sexo en Nueva York, La que ese avecina…  telesailak; edota horrelako iragarkiak aztertuz.





Eta horien inguruan hurrengo hausnarketa eginez:
  • Zer emakume-eredu uste duzu transmititzen dutela hedabideek (ezaugarri fisikoak, nortasuna, funtzioak eta abar)?
  • Zer gizon-eredu  uste duzu transmititzen dutela hedabideek (ezaugarri fisikoak, nortasuna, funtzioak eta abar)?
  • Uste duzu eredu eskuragarriak direla? Halako pertsonak ikusten dituzu zure inguruan (familia, lagunak, eskola)? Adibide errealistak dira? Pertsonen aniztasuna adierazten dute?


Sexu-genero sistemaren gaia konplexua da eta ondorioz, gai hau eremu hezitzailean lantzeko bidean hurrengo oztopoekin aurki gaitezke:
  1. Gaiaren inguruko ezjakintasuna eta kontzientzia eza.
  2. Pigmalion efektua, neska eta mutilen inguruan ditugun sinesmenak, beraien ahalmen, jarrera eta jokabideei dagokionez betearazten ditugulako.
  3. Eskolan landu arren, gizartea eta batez ere sistema eraldatu beharra, honek dakarren zailtasunarekin.

Hala ere, oztopoak oztopo, denok elkarrekin sistema dikotomiko hori deseraiki dezakegu.

Amaitzeko, neska eta mutilen sozializazio prozesu desberdinei buruzko adibideak ematen dituen abesti batekin uzten dizuet.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina