#OlatzUcin etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#OlatzUcin etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/04/17

Hala bazan eta ez bazan….

Jadanik iritsi gara Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaroaren helmugara. Ikaragarria izan da 22 asteetan hezkidetzari lotuta bizi izan dugun esperientzia, bertan jasotako informazioak pertsona modura hezteko asko balio izan didalakoan nago.

Asko ikasi dut bertan burututako jardueren bidez. Hasiera batean, gaiaren inguruko ideia orokorra nuen arren, gai bakoitzean sakondu ostean, hauen inguruko kontzeptu eta ideia ugari barneratu ahal izan ditut. Horri esker, esan dezaket, gaur egun nire inguruari beste modu batera begiratzen diodala. Egindakoak benetan zentzua duela konturatu naiz, balio izan didala sentitzen dut. Hala ere, guzti hau, hasiera bat izan da, etorkizunean gai hauek lantzen jarraitzeko ateak ireki dizkidana eta aurrera egiteko bultzada eman didana.
Kosta egiten zait, bertan bizitakoa hiru hitzekin deskribatzea, asko izan dira 22 aste hauetan gai bakoitza lantzean izandako sentimenduak eta barneratutako kontzeptuak. Hala ere, behin une honetara iritsita, honako hauek dira gai hauekiko gaur egun ikastaroak eragin dizkidan hiru sentimenduak: ilusioa, itxaropena eta gogoa. Gizartea sentsibilizatzea lortzen badugu eta denon indarrak errespetuan oinarritutako gizartearen alde egiteko batzen baditugu, gauzak alda ditzakegu. Beraz, jarrai diezaiogun lanari!

Esan bezala, aste bakoitzeko irakurgai eta informazio iturri ezberdinetatik ideia ugari barneratzeko aukera izan dut, baina, esan beharra daukat, ikastaro-kideen ekarpenek ere asko lagundu didatela; elkarren iritziak partekatzeak, norberaren ideia eta pentsamenduak zabaltzeko aukera ematen du. Benetan, esperientzia aberasgarria izan da foroetako parte hartzea eta baita, blogeko ikastaroen hausnarketak irakurtzea ere.

Neure buruari so eginez, hezkidetzaren inguruko gaiei buruz ezagutza ugari bereganatu ahal izan ditut, baina, batik bat, hauen alde lan egiteko grina piztu zait. Horregatik, jendeari bertan parte hartzera animatu nahi diet.


Denok honen alde lan eginez, pixkanaka gizartea aldatuko dugunaren itxaropena daukat. Pauso txikien bidez, pauso handietara heldu dezakegu, guztion berdintasunean oinarritutako mundu bat eraikiz. Lan handia dago egiteko, baina ezin dugu amore eman. Sentsibilizazioaren bidez, sistema patriarkala deuseztatzea lortu behar dugu, guztion errespetuaren alde borrokatuz.

Eskerrik asko, 22 aste hauetan ikastaro honetan parte hartu duzuen denoi, batez ere, nire ezagutzak aberasten lagundun diezadazuen guztioi! Laster arte!

2018/03/20

TRATU ONAK SUSTATU, KALITATEZKO ELKARBIZITZA GARATU

Gizarteari erreparatuz, oraindik ere berdintasuna lortzeko bide luze dagoela ikus daiteke eta bide horretan aurrera egiteko eta guztion elkarbizitza positiboa eta kalitatezkoa sustatzeko, ezinbestekoak izango dira elkarrekiko eta norberarekiko tratu onak.

Harreman on horien alde egiteko, lehenik eta behin, estereotipoei uko egin beharko diegu, bake eta indarkeria-eza kulturan oinarrituz. Garrantzitsua izango da, gure inguruari genero ikuspegiaren bidez begiratzea eta hezkuntza hezkidetzailea sustatzea. Batez ere, ikasleekin, harremanak era parekidean eraikitzeko konpetentziak gara ditzaten lagundu behar diegu, harreman positiboak bultzatuz eta guztiei eroso sentiaraziz. Izan ere, Gipuzkoako Hitzan Olaia Iraolak aipatu bezala “ikaslea gustura badago, eman dezakeen guztia emango du arlo guztietan”.

Hori honela izanik, garrantzitsua izango da, gizartea gai honen inguruan sentsibilizatzea, bertan ematen diren ezberdintasun nabarmenak azaleratuz eta horiei aurre egiteko guztiek erantzukizun bera hartuz. Honen harira, gai honekin lotutako ideia garrantzitsuenekin ondorengo gurutzegrama sortu ahal izan dut. Ea gogoko duzuen.


Iazko ikastaro-kideen sarreretatik, gaurkoan Maiterena gomendatzea gustatuko litzaidake; gaiaren inguruan eginiko hausnarketa asko gustatu baitzait. Abiapuntu bezala proposatu dituen Pilar Aguilarren bi artikuluak (“Rompiendo las olas”. O cómo,debajo de la espuma del “amor”, anida el sadismo eta Pregunta tonta ¿Se puede ser feminista y llevar tacones?) interesgarriak iruditu zaizkit, bai eta baliabide modura partekatu duen ondorengo laburmetrai bitxi hau ere.


Bideo honetaz gain, sarean arakatzen nenbilela ondorengo bi gidekin egin dut topo. Tratu onen eta maitasun zintzoaren gaiak ikasleekin lantzeko aproposak iruditu zaizkit.
  • Amodio zintzoen gida: Nafarroako Gazte Kontseiluak sortutakoa. Gazteen ezkongai-harremanetan genero-indarkeriari aurre hartzeko eta tratu onak sustatzeko gida da.
  • Tratu onak: STEE-EILAS-ek tratu onekin lotuta eta indarkeria sexistaren prebentziorako sortutako unitate didaktikoa. Autoestimua, berdintasuna, komunikazioa, ausardia, errespetua… lantzen dira bertan.

Harreman onekin lotuta, azken asteetan aipatu dugun maitasun erromantikoaren gaia ikasgelara eramatea ere ezinbestekoa dela uste dut, gizartean patriarkatuak sustatu duen ereduarekin amaitu ahal izateko eta bestelako maitasun eredu osasuntsuen bila ikuspegiak zabaltzeko. Horretarako, hausnarketarako abiapuntu modura, ondorengo bideo hau aproposa izan daiteke.


Horretaz gain, betiere elkarbizitza positiboa eta kalitatezkoa lortu ahal izateko, elkarrekiko eta norberarekiko errespetuak duen garrantzia irakatsi behar dugu. Dominazio-menekotasun paradigmaren erreprodukzioa gaindituz eta aurretik aipatu bezala, bake eta indarkeria-ezaren kulturan oinarrituz, guztion ongizatearen alde egin ahal izateko.


Azkenik amaitzeko, honako hauek dira nire ustez, guztia hau eremu hezitzailean eta jendartean lantzeko erronketako batzuk:
  • Ikas komunitateko kide guztien ongizatea bermatzeko, kalitatezko elkarbizitza eta tratu onak sustatzea.
  • Ikasle zein ikastetxeko profesionalekin autoezagutza eta autoestimua lantzea, norberaren eta ingurukoen zaintza eta babesaren garrantzia ere azpimarratuz.
  • Zaintzari balio positiboa ematea eta txiki-txikitatik ikasleekin erantzukizuna berdintasunean garatzearen alde egitea.
  • Hezkuntzaren erdigunean zaintza jartzea, konfiantza transmitituz eta ikasten lagunduz.
  • Gizartea denboraren banaketa ekitatiboaren eta emakumeei lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak eraginiko zamaren inguruan sentsibilizatzea, guztion lankidetza sustatuz.
  • Maitasun erromantikoaren ideologia deseraikitzea eta maitasun osasuntsuaren aldeko lanketa egitea, elkarri maitatzeko modu askeak eta desberdinak daudela erakutsiz.
  • Bake eta indarkeria-eza kultura sustatzea, guztion ongizatearen alde egiteko.

2018/03/13

GUZTION ARDURA DA, INDARKERIA MATXISTA GAINDITZEA

Aste honetako irakurgaiari esker, indarkeria matxistaren inguruko informazio ugari eskuratu ahal izan dut, eta bertan aipatutako ideia ezberdinekin honako hitz-hodeia sortu dut.

Argi dago, gure gizartean indarkeria matxista gainditu gabe dagoela. Gaur egun, oraindik ere, indarkeria hau agerian gelditzen baita sare sozialetan, komunikabideetan eta egunerokotasuneko esparru ezberdinetan.

Gizonak dira emakumeenganako indarkeria mota honen eragileak eta matxismoa bera dago horren jatorrian, baina horrek ez du esan nahi, emakumeak direla soilik hau jasaten dutenak. Izan ere, maskulinitate hegemoniko ereduari jarraitzen ez dioten gizonek, agindu heterosexual normatiboa betetzen ez dutenek, edota sexu zein genero dikotomiak zalantzan jartzen dituzten pertsonek ere hau jasaten dute. Horren adibide da, ondorengo bideo honetan Polek azaldutakoa. 


Gauza bera gertatzen da indarkeria honi aurre egin behar dioten pertsonen inguruan pentsatzerakoan, normalean emakumeei jartzen baitzaie horren ardura. Baina, kontuan hartu behar da, hau gainditzea jendarte osoaren arazoa dela (arazo politikoa) eta beraz, guztiok batera lan egitea garrantzitsua izango dela. Beharrezkoa izango da gizonek ere emakumeei laguntzea, Silvia Federicik esan bezala beharrezkoa dugu emakumeen kontrako bortizkeriaren kontra, misoginiaren kontra, estatuek emakumeen gorputzei eragindako erasoen kontra… gizonezkoek ere borrokatzea. Gizonek zergatik ez dute emakumeen kontrako bortizkeriaren aurka fronte guztietan borrokatzen? Haiek dira beste gizon batzuk hezi behar dituztenak”.

Horrekin batera, indarkeria hau desikasteko maitasun erromantikoa, mikromatxismoak eta LGTBIQ-fobiak landu beharko dira; batik bat, bi estrategia erabiliz. Batetik, maskulinitate berriak sortuz eta bestetik, autodefentsa feminista sustatuz.



Iazko ikastaro-kideen sarrerak irakurri ostean, gaurkoan Begoña I. E.-rena gomendatzea pentsatu dut. Ikaragarri gustatu zait gaiaren inguruan egin duen hausnarketa. Bertan, hainbat irudiren bidez bere gogoetak indartu ditu eta partekatu dituen artikulu ezberdinak oso esanguratsuak iruditu zaizkit; esaterako, autodefentsa feministaren garrantziaren inguruko honako txosten hau.

Aurretik aipatu bezala, autodefentsa feminista izango da indarkeria matxista gabeko jendartea sustatzeko estrategietako bat. Honen bidez, emakumearen ahalduntze indibidual eta kolektiboa lortu nahi da, auto-konfiantza eta segurtasuna eraikiz eta hauekin, zenbait trebetasun landuz. Honen harira ondorengo leloa sortzea pentsatu dut.


Maialen Lujanbiok esan bezala, "Jo duten emakumeari; berari jartzen dio bizkartzaina gobernuak. Kalera festara doan alabari; berari jartzen diote araua gurasoek: zentzuz jokatzeko eta erne ibiltzeko. Denbora laurdenik ematen da zentzuz jokatzeko eta erne ibiltzeko esanez semeari? (...) Beldurra aldez aldatu behar den? Ardura aldez aldatu behar dela ez daukat zalantzarik”Beraz, nik sortu berri dudan lelo hau, orokorrean gizarte guztiarekin lantzea gustatuko litzaidake, batez ere, hezkuntzako profesionalekin eta gurasoekin, gure seme-alabei helarazten dizkiegun mezuek ekar ditzaketen eraginetan hausnartzera bultzatuz.

Guzti hau kontuan hartuta, indarkeria matxisten gaia eremu hezitzailean zein jendartean lantzea ezinbestekoa dela uste dut. Batetik, indarkeria izate hutsagatik, gizarteko partaide ugariri min ematen jarraitzen diolako eta bestetik berdintasunik eza dakarrelako. Izan ere, horrek, emakumeak menpekotasunera lotzea eragiten du, gizonezkoak boteretsuak izatera bultzatuz. Hori honela izanik, uste dut badela ordua gizartea honen inguruan sentsibilizatzeko eta guztiok elkarrekin errealitatean esku hartzeak gauzatzen hasteko; behingoz guztiok aukera berdinak eduki ditzagun eta guztiok askatasunean bizi gaitezen.

Amaitzeko, hona egun hauetan, sarean behin eta berriro ikusten ari naizen bideoa, ipuinetako matxismoa eta berdintasun eza azpimarratzen du.


2018/03/06

GATAZKEN EBAZPENEAN, GENERO IKUSPEGIAREN BEHARRA!

Gizartean gatazkak negatibotzat hartu ohi diren arren, hauek beharrezkoak dira pertsonon garapenerako. Hauen trataeran edo irtenbideen topaketan erabiltzen diren moduak dira, bake egoeran gauden definitzen dutenak. Horregatik, hauen ebazpenerako baliabide egokiak erabiltzen saiatu behar dugu.

Horretarako, garrantzitsua da gatazken egiturako aspektuak (pertsonak, prozesua eta arazoa) kontuan hartzea, bai eta guztion beharrak ezagutuz jokabide egokiak lantzea. Izan ere, gatazken trataera egokiak pertsonak eta taldeak indartzen ditu; harremanak sendotzen ditu.

Horrekin batera, gatazken ebazpenaren inguruan hitz egiterakoan, ezin dugu ahaztu ez genero ikuspegia, ezta hezkidetzaren ideia ere. Esan bezala, gatazka baten aurrean, pertsona ororen beharrei erreparatu beharko diegu parekidetasunean, gatazken analisiaren “generizazioa” egiten saiatuz.


Gai honen inguruko iazko ikastarokideen sarrerak behatzen aritu ostean, aste honetan, Leire Garrorena gomendatzea erabaki dut. Bere izenburuan ondo adierazi bezala, nire ustez ere, hezkidetza gabe ez dago bizikidetzarik. Horretaz gain, gaiaren inguruan egindako hausnarketa interesgarria iruditu zait eta asko gustatu zaizkit partekatu dituen baliabideak eta batez ere, Maria Morenoren ondorengo hitzak:

"No existe la convivencia sin coeducación, la perspectiva de género y la 
educación para la igualdad nos ayuda a sentar unas bases sólidas para una convivencia en paz y en igualdad que nos permite ser más felices. De ahí la importancia de abordar de forma sistemática y transversal la formación del profesorado en coeducación"

Argi dago, hezkidetzarekin batera, gatazken gai hau ere hezkuntzan lantzea beharrezkoa dela, azken batean EGK-k antolatutako Bakehizketa tokapetaren inguruko bideoan Ainhoa Aznak aipatu bezala, gazteen erronka izango da elkarlanean eta berdintasunean beste gizarte bat eratzea. Hori honela izanik, hauek prestatu beharra dagoela uste dut, honen inguruan hitz eginez eta sentsibilizatuz.

Hona hemen esaterako, gaiarekin lotuta sarean aurkitu dudan laburmetraia. Honelakoekin ikasleei gatazken aurrean hartzen ditugun jarrera desegokien berri eman diezaiekegu, honen inguruko hausnarketa bultzatuz.


Bideo horretaz gain, web orri honetan, gatazken kudeaketari buruzko bilduma moduko batekin egin dut topo. Bertan, gaiarekiko hainbat adituren (Carmen Boqué, Paco Cascón, María José Aguado eta José Tuvilla) artikuluak, dokumentuak eta bideoak aurki daitezke.

Horrekin batera, ondorengo beste bi gida hauek ere interesgarriak iruditu zaizkit:
Honelako baliabideekin hezkuntza esparruan gatazken gaia lantzen has gaitezke. Gaur egun, zenbait ikastetxetan hainbat plan egiten hasiak dira. Baina, idatzita asko jasotzen den arren, errealitatean batzuetan ezer gutxi egiten dela iruditzen zait. Gatazkak gure egunerokotasunaren parte dira eta horien aurrean jokatzeko baliabide eta jarrera egokien inguruko informazioa jasotzea ezinbestekoa izango da. Horregatik, guzti hau kontuan izanda, honako hauek izango lirateke nire ustez, eremu hezitzailean eta jendartean lantzeko erronka nagusienak:
  • Gatazkaren aurrean, bai analisian, interpretazioan zein trataeran, genero ikuspegia kontutan hartzea, hauen analisiaren “generizazioa” egiten saiatuz.
  • Espazio eta denboraren kudeaketa parekidetasunean oinarritzea.
  • Ikasle guztiek beren beharrak eta interesak adierazteko parte-hartze aktiboa bultzatzea eta honetarako guneak zabaltzea.
  • Curriculumean txertatzea gatazken trataerarako behar diren konpetentzien garapenerako edukiak: akordiotara heltzeko gaitasuna, komunikatzeko gaitasuna, emozioak ulertzeko gaitasuna.
  • Ikasleekin gatazkaren ikuspegi positiboa lantzea eta hauek modu egokian tratatzeko baliabideak eskaintzea.
  • Aniztasunaren trataera ardatz izatea, jakinda identitate anitzekoak garela, hierarkizaziorik gabeko identitateak eta elkarren beharra dugunak.

2018/03/01

Ez obeditu, heteroaraua plazerez lehertu!

Aurreko gaien ildo beretik jarraituz, aste honetan, heziketa afektibo-sexuala izan dugu aztergai. Bertan, sexuaz gain, sexualitatea ere eraikuntza sexuala dela ikusteko aukera izan dugu, bai eta hau lantzeko orduan aintzat hartzea garrantzitsua den ideiez jabetzeko aukera ere. Modu honetara, honako hau da, jasotako zenbait ideiez baliatuz, sortu duda akrostikoa.

Sarean gaiaren inguruko informazio ugari aurkitzeaz gain ordea, nire ingurukoengana ere jo dut, honi buruz zituzten ideia eta pentsamenduak ezagutzeko asmoz. Horri esker, ohartu naiz, oraindik ere, gure egunerokotasunean patriarkatuaren eragina nabari dela.

Patriarkatuak, heteroaraua bultzatzen du, ugalkortasunera zuzendutako sexualitate-eredua; pertsona guztien heterosexualitatea aurresuposatzen duelarik. Horren ondorioz, sexualitate ereduen aniztasuna baztertu egiten du.

Hori honela izanik, heteroarauaren ideia horrekin amaitu beharra dagoela uste dut. Baina nola hautsi hori? Arrakala proiektuko Iraitz Salegik, Goienako artikulu batean aipatu bezala, “Norberarengandik hasi behar da heteroaraua apurtzen. Heteroarauak gorputz osoa zeharkatzen digu eguneko segundo guztietan, eta  zalantzan jarri behar ditugu egunerokotasuneko gauza txiki guztiak hura hausteko.”

Hezkuntza esparruari erreparatuz, egia da, gaur egun, aniztasun afektibo-sexuala lantzearen aldeko esku hartzeak egiten hasiak direla. Baina, orokorrean, bertan erabiltzen diren hitz eta irudiei erreparatuz, oraindik eremu honetan ere heteronormatibitatean hezten jarraitzen dutela ikus daiteke. Hori honela izanik, garrantzitsua izango da, honetaz jabetu eta eredu sexista ugalkor hegemoniko hori kolokan jartzearen alde egitea.

Iazko ikastaro kideen sarreretatik, Amaiarena gomendatzea gustatuko litzaidake. Gaiarekin lotuta sortu dituen bi irudietan azpimarratu dituen bi esaldiekin bat etortzeaz gain, partekatu dituen bideoak ere oso interesgarriak iruditu zaizkit. Esaterako asko gustatu zait maitasunaren inguruko ondorengo bideo hau. Bertan garbi usten dute, maitasunak ez duela ez generorik, ez arrazarik, ezta adinik ere.


Sarean bila aritu osten, gai hau ikasgelan lantzeko jarduera eta argibide ezberdinak proposatzen dituzten hainbat gida aurkitu ditut. Hona hemen hauetariko batzuk:

Amaitzeko, honako hauek dira, nire ustez, heziketa afektibo-sexuala eremu hezitzailean lantzeko erronketako batzuk:
  • Hezkuntza komunitate osoa gai honen inguruan sentsibilizatzea eta formatzea, ondoren esku hartze egokiak diseinatu ahal izateko.
  • Sexu heziketa heteroarautua gainditzea, estereotipo eta binarismoak deuseztatuz.
  • Maitasun erromantikoaren mitoa deseraikitzea.
  • Egunerokotasunean erabiltzen ditugun hitzetan arreta jartzea, hizkuntza hezkidetzailearen alde eginez.
  • Material didaktikoetan aniztasuna adieraztea; orientazio sexual anitzak, familia mota ezberdinak, gorputz ezberdinak, bistaratu eta berdin baloratuak izango diren heziketa eredua bermatzea.
  • Errespetuan oinarritutako harremanak bultzatzea, maitasuna, askatasuna, berdintasuna… landuz.
 

2018/02/19

Aniztasun sexuala, aukera askatasunaren alde!

Astean zehar egindako ibilbidearen ondorioz, aniztasun sexualen inguruko gauza berriez jabetu naiz, honen inguruko kontzeptu berri gehiago ere ikasteko aukera izan dudalarik.

Gaiaren inguruan informazioa biltzen joan naizen heinean, batez ere, hezkuntza esparruaren inguruan pentsatzen aritu naiz; guzti hau ikasgelara nola eraman daitekeenaren inguruan. Hori honela izanik, sortu zaizkidan galdera eta zalantza gehienak horrekin lotuta izan dira, hala nola: nola landu gai hau familiek honen aldeko jarrera erakusten ez badute? Nola jokatu trans identitatea adierazten duen ikasle baten aurrean?

Irakurgaian aipatutako pertsona gehienen hitzak oso interesgarriak iruditu zaizkidan arren, aipatu beharra daukat, batez ere, Ana Galarragaren hitzek jakin mina sentiarazi didatela. Berak eta Jose Antonio Rodriguez ikertzaileak “Bi sexuen sailkapenaz harago” erreportajean azaldu bezala, ez da egi borobila enbrioiaren sexua sexu-kromosomek definitzen dutela eta, zehazki, Y kromosoman dagoen SYR genea dela enbrioi bat ar bilakatzeko giltza. Hala ere, XX, emea; XY, arra, irakasten jarraitzen da gaur egun, penagarria den arren, legalki bi aukera baino ez baitaude.

Hori honela izanik, gizarte guztia gai honen inguruan sentsibilizatzea beharrezkoa dela uste dut. Orain arte ikusi bezala, patriarkatuak sustatzen dituen bizi-programa ezberdinduen oinarria ez da inondik inora ere genetikoa, kulturalki ikasitakoa baizik. Beraz, ikasitakoa desikasi dezakegula aintzat hartuz, heteronormatibitateak inposaturiko muga zorrotz horiek gainditu ditzakegu; betiere hori lortzeko lanean jarraituz. 


Aniztasun sexualen gai honekin lotuta, gaurkoan, aurreko ikastarokidea den, Usoaren sarrera gomendatzea gustatuko litzaidake. Gaiaren inguruan, egindako hausnarketa osatua izateaz gain, hau lantzeko gomendatzen dituen baliabideen zerrenda ikaragarria iruditu zaidalako.

Bertan, Kattalin Miner Perez eta Lore Etxeberria Lujanbiok unibertsitatean emandako jardunaldi batzuetan grabaturiko “Bollera da bide bakarra” ondorengo bideoa ere partekatu du. Interesgarria iruditu zait, unibertsitatean honelako hitzaldiak egotearen ideia. Ikasleen sentsibilizaziorako baliabide aproposa izan daitezkeelakoan bainago.


Sarean begira aritu ostean, gaur egun gai honekin lotuta ezaguna den Chrysallis elkartearen orrira joan naiz eta bertan sentsibilizaziorako baliagarriak izan daitezken baliabide ugarirekin (ipuin, film, laburmetrai...) topo egin dut; oso interesgarria iruditu zait.

Horrekin batera, Rainbow proiektua ere baliabide egokia izan daitekeela uste dut, bertan ere ariketekin lotutako hainbat film eta laburmetrai aurki baitaitezke.
Aipatu nahiko nuke baita ere, Argia astekarian "Non dago gorputza eskolan?" galderari erantzuteko asmoz zenbait irakasleri eginiko elkarrizketa. Bertan, hezkuntzan ematen den gorputzaren lanketa urriaren inguruan hitz egiten da; hau lantzeak duen garrantzia azpimarratzen delarik. Aste honetan jasotako informazio guztitik, hau izan da,  ondorioztatu dudan ideia nagusienetako bat; gure gorputzari begiratzeak duen garrantzia.


Amaitzeko, honako hauek dira nire ustez, hau guztia eremu hezitzailean eta jendartean lantzeko erronkak:
  • Sexu-genero sistema salatu eta gainditzea, aniztasunaren aberasgarritasunaren alde eginez.
  • Heteronormatibitatetik aldentzea, aniztasuna, modu ez hierarkikoan, duintasunez eta errespetuz landuz.
  • Sexu-genero rolak eta genero aginduak betetzen ez dituzten ikasleei inguru segurua eskaintzea.
  • Hezkuntza komunitate osoa gai honen inguruan sentsibilizatzea, elkarbizitza positiboaren alde lan eginez.
  • Identitatea eta aniztasun sexuala ikasgelan lantzea, errealitate anitzagoak edukietan plazaratuz.
  • Ikasleen garapen integrala eta askea bermatzea, hauei mugarik jarri gabe. 

2018/02/13

IDENTITATEEN GARAPENEAN ASKATASUNAREN ALDE!

Identitateen garapenaren gaia oso gai konplexua iruditu zait. Izan ere, identitateak ezinbestekoak dira gizartean bizitzeko. Patriarkatua eta heteronormatibitatea azaltzen dira gure identitateak eraikitzen direnean. Pertsona egitura hegemonikoaren, hierarkikoaren eta baztertzailearen mende gaude, eta egitura horrek diskriminatu egiten ditu identitate batzuk beste batzuen aurrean.

Argi dago, identitateak anitzak direla eta horrek aberastasuna dakarrela. Esan beharra daukat, aste honetako irakurgaiari esker, aniztasun horrek dakarren kontzeptualizazio anitza ezagutzen lagundu didala; hala nola, zisgenero, zisexual, queergenero, pangeneroa… hitzak.

Zer da ordea identitatea? Hona hemen, gai honekin lotuta atera dudan ideia nagusiarekin sortutako irudia.

Aste honetan, aurreko urteko sarrerak irakurri ostean, Ainhorena gomendatzea pentsatu dut. Hausnarketa argia egiteaz gain, asko gustatu zait partekatu duen ondorengo bideoa.


Bertan ikus daitekeen bezala, haurrek gurasoek esaten dizkieten gauzetatik abiatuz beraien ideiak eraikitzen dituzte. Modu honetara, ingurukoekiko izaten dituzten gizarte-harremanetatik beraien identitatea eraikiko dute, norberaren portaerak eta horiek jasotzen dituzten erantzunen arteko trukaketetan. Leloak dioen bezala, “Emakumea edo gizona ez dira jaiotzen, egiten baizik”.

Hori honela izanik, garrantzitsua izango da, batez ere, haurrekin egunerokotasunean erabiltzen ditugun hitzei erreparatzea. Amelia Barquin Lopezek Argia aldizkariko elkarrizketan dioen bezala: "Genero-identitatea askatasunez erabakitzen utzi behar zaie umeei".

Heziberri 2020 aztertu ostean, identitateen garapenarekin lotutako ondorengo bi zatiak hautatzea pentsatu dut:

“Pertsonei egokitutako testuinguru bat sortu behar da, desberdintasunei erantzuten diena eta talderik edo pertsonarik ahulenei babes eta laguntza zehatzak emango dizkiena. Hezkuntza inklusiboak aniztasunaren adierazpen guztiak hartzen ditu aintzat: hizkuntza, kultura, gaitasunak, sexu-orientazioa, generoa eta baliabide sozioekonomikoak.”

Oinarrizko Hezkuntzak pertsona guztien hezkuntza-eskubidea bermatu behar du. Horrenbestez, zuzentasunaren eta justizia sozialaren ildoan, hezkuntzak aukera berdinak eskaini behar ditu, bazterketarik egin gabe –ezaugarri pertsonalengatik edo sexu-orientazio, kultur nortasun edo generoagatik–, eta gainditu egin behar ditu desberdintasun ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta pertsonalak.”

Guzti hori kontuan hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da curriculum ezkutuan ikasle guztiei aukera berdinak ahalbidetzearen alde lan egitea; hauengana zuzentzeko erabiltzen diren jarrerak, hizkuntza, baliabideak… aintzat hartuz eta betiere estereotipoak alde batera utziz.


Egia da, nire inguru hurbilean, genero-identitateen inguruan gero eta aurrerapen gehiago ematen ari direla, batez ere, hezkuntza eremuan gero eta ekintza hezkidetzaileagoak antolatzen ari direlarik. Gainera, identitate anitzei dagokionez, ingurukoek gero eta informazio gehiago dutelakoan nago. Hala ere, oraindik ere sinesmen faltsu ugari daude desikasteko. Beraz, lanean jarraitu beharra dagoela uste dut.



2018/02/01

"Emakumeok mugitzen dugu mundua"

Orientazioa gure inguru hurbilean da aste honetan lantzeko daukagun gaia. Hori honela izanik, gai honen inguruko datu batzuk ezagutzeko asmotan, Emakundek ateratako zifrei erreparatzea pentsatu dut; “Euskadiko emakumeen eta gizonen egoerariburuzko 2015eko zifrak” izeneko txostena, hain zuzen ere.
Esan beharra daukat, bertan behatutako zenbait daturekin harrituta gelditu naizela. Esaterako, alde handia ikus daiteke, senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartu zuten emakumeen eta gizonezkoen kasuan, bai eta lanaldi motaren (osoa edo partziala) kasuan ere. Hona hemen, bi arlo hauen inguruko grafikoak.                                                
Datu horik behatu ostean, honekin lotutako bi artikulu irakurri ditut: “Munduamugitzen duten langile ikusezinak” eta “Esekitako amantalen greba”. Bertatik, emakumeen lan ezkutuaren inguruko hainbat ideia jaso ahal izan ditut eta hauekin, ondorengo infografia egiten ausartu naiz. Ea gogoko duzuen!


2018/01/31

TXERTATU GENERO IKUSPEGIA ORIENTAZIO ETA AUKERETAN!

Aste honetan orientazio eta aukeren inguruan bildutako informazio eta datuek argi utzi didate, oraindik ere, gure gizartean eta batez ere, lan merkatuan, desoreka handiak ematen direla generoaren arabera. Guzti hori, gizartean genero ikuspegia ez erabiltzearen ondorioa delakoan nago.

Askotan orientazioaren gaia, hezkuntza esparruko orientatzaileen lana dela uste da, baina hori ez da horrela; guztion lana baita, ikasleak orientatzearena. Ikasleek egunerokoan jasotzen duten informazioarengatik beraien ekintzak modu batera edo bestera gauzatzen dituzte. Horregatik, inguratzen dituenak estereotipo eta sexismoetan oinarritutako mezuak helarazten badizkiete, hauek, horien baldintzapean egingo dute aurrera. Beraz, argi dago, hezkidetza landu behar den gai bat dela, betiere genero ikuspegia erabiliz.



Gai honekin lotutako aurreko urteetako sarrerak behatu ostean, gaurkoan Maite A. S. -rena gomendatzea pentsatu dut. Berak dioen modura “hezkuntza eragileok genero-ikuspegiaren betaurrekoak kendu gabe aztertu behar dugu zer gertatzen den, zergatik, zer egin eta nola. Beraz, orientazioa eta aukera akademikoak ere genero ikuspegitik ikertu, pentsatu eta planifikatzea funtsekoa da”. 

Asko gustatu zaizkit, baita ere, partekatu dituen bideo ezberdinak. Horietako batean, ikasgeletan aipatzen ez diren zientzialari emakumeen ekarpenen inguruko kritika moduko bat egiten da. Azken finean, hezkuntzara gizonezkoen ekarpenak bakarrik eramaten baditugu, momentu horretatik, orientazio eta aukeren inguruan genero estereotipoak indartzen besterik ez dugu jarraituko.  Elena Simon Rodriguez-ek esan bezala: “Eskolak ez du genero bazterkeriak sortzen baina elikatu , hezi eta inertziaz erreproduzitzen du beste norabiderantz ez jokatzeagatik”. Horregatik, ezinbestekoa izango da, hezkuntza, genero ikuspegia erabiliz planifikatzea.


Gai honi jarraiki, aste honetan bildutako datu eta baliabide interesgarrienekin ondorengo aurkezpentxoa egitea erabaki dut, orain arte ezagutzen ez nuen Genial.ly programa erabiliz. Hona hemen egindako lana:



Amaitzeko, orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko hainbat erronka daudelakoan nago, hala nola:
  • Hezkuntza komunitate (irakasle, guraso, ikasle) osoaren formakuntza eta gaiarekiko kontzientziazioa garatzea.
  • Berdintasunean oinarritutako hezkuntza afektiboa garatzea, parte hartze parekidea ere sustatuz.
  • Bizitza mota eta lanbide anitzen eredu ez-estereotipatuak aurkeztea, lanbide izatearen garrantzia azpimarratuz.
  • Hizkuntza hezkidetzailea erabili, estilo agresiboa kolokan jarriz.
  • Neska/emakumeen ahalduntzea sustatzea eta beren autokonfiantza handiagotzea; emakumeen ekarpenak eta emakumeak garatutako konpetentziak baloratuz.
  • Emakume eta gizonen errepresentazio orekatua islatzea eta elkarren ardura eta zaintza tutoretzan sartzea: elkarbizitza arauak birdefinitu, elkar ardura eta zaintza ardatz hartuta.

2018/01/25

Testu liburuen ilustrazioak hezkidetzaileagoak egiten

HEZKIDETZATU DITZAGUN CURRICULUMA ETA BALIABIDE DIDAKTIKOAK!

Azken urte hauetan, mundu parekideago baten alde zenbait gauza egiten hasi diren arren, oraindik ere, sistema patriarkala nagusitzen den mundu batean bizi garela esan dezakegu. Izan ere, bazter ezberdinetara (hezkuntza, lanbideak, hizkuntza) erreparatuz gero, asko dira agerian gelditzen diren sexismoak, genero estereotipoak behin eta berriro azpimarratuz.

Hori honela izanik, beti esan ohi dugun moduan, hezkidetzaren gaiarekin lotuta lan ugari dugu egiteko. Horretarako ordea, hau da, mundu parekideago bat lortu ahal izateko, ezinbestekoa izango da, elkarren indarrak batzea eta denon artean aurrera egitea; egunen batean amesten dugun mundu ideal horretara iritsi ahal izateko.

Mundu ideal horretan pentsatzen jarriz, eta batez ere, hezkuntza esparruari erreparatuz, hezkidetzan oinarrituriko curriculumak eta baliabide didaktikoak martxan daudela, hainbat eremutan nabarituko nuke, hala nola, ikasgaietako jardueretan, erabiltzen diren baliabideetan, espazioetan eta batik bat, ikasleen elkarrekiko harremanetan. Ikasleek barneratzen dituzten ideiak, beraien hitzetan kanporatu ohi ditituzte; esaterako, hori mutilena da eta hori neskena bezalako adierazpenetan. Beraz, gure eskoletan hezkidetzaren alde lan eginez, hainbat gauza aldatu beharko genituzkeela uste dut.

Hala ere, zaila da dagoeneko, sistematikoki curriculuma eta baliabide didaktikoak hezkidetzaturik egotea. Aurretik esan bezala, gaur egun oraindik sistema patriarkala nabari da eta horrek zuzenean eragiten du gure ekintzetan, askotan konturatu ez arren, sistema horren eraginez, guk ere mezu estereotipatuak helarazten ditugularik. Gainera, zenbaitek horren aurka lan egiteko gogorik ez dutela erakusten nabari dut, lan handiegia dela iruditzen zaielako edo. Horren eraginez, askotan gauzak dauden bezala utzi ohi dira, behin eta berriz akats berdinak errepikatuz.

Beraz, gauzak aldatu ahal izateko, eta batez ere, hezkuntza eremuan begirada hori aldatu ahal izateko, estrategia modura ondo egongo litzateke, lehenik eta behin, bertako profesionalen artean gai honek duen garrantziaren inguruko kontzientzia zabaltzea, gauzak agerian utziz eta adibideak emanez. Horretaz gain, etapa bakoitzean burutzen diren ekintzak hezkidetzaren ikuspuntutik aztertzeko arduradun bat izendatzea ere ideia ona izango litzatekeelakoan nago.


Hausnarketarekin amaitzeko, aurreko urteko sarreretatik Ane Lenizena gomendatzen dut. Asko gustatu zait, gai honen inguruan berak sortutako honako komiki hau.


Gainera, berarekin erabat ados nago. Gaur egun eskura ditugun baliabideak, oraindik ez dira guztiz hezkidetzaileak eta beharrezkoa izango da, denon artean lan eginez, horiek moldatu, ordezkatu eta berriak sortzea. Berak sortutako komikian ondo adierazi bezala, horretarako lehenik eta behin ikastexeetan diagnosia sustatu beharko litzateke; Maria Morenok argitaraturiko “Queremos coeducar” liburuan (27.orr) ongi aipatzen den moduan. Hortik aurrera, gauzak eraldatzen hasi behar dugulakoan nago. Beraz, jarrai dezagun lanean!

2018/01/17

GUZTION PARTAIDETZAREN ALDE!

Parte hartzea, garatu daitekeen ahalmena da; inguruarekiko inplikazio modu bat, errealitatea sortu eta aldatzeko modua. Baina, gaur egun oraindik, gure gizartean gai honen inguruko bereizketak nabarmentzen dira, sexu-genero estereotipoek jartzen dituzten mugen ondorioz.

Egia da, hainbat eremutan emakumeen parte hartzeak gora egin duela, baina horrek ez du esan nahi berdintasuna lortu denik. Izan ere, genero ikuspegia barneratu ezean, sexu-generoaren bereizketak agerian gelditzen jarraituko dute.

Gauza bera gertatzen da hezkuntzako eremuan ere, bertan erabiltzen diren baliabide eta jarrerek, partaidetzarako zailtasunak erreproduzitu egiten dituzte. Hori honela izanik, gai honen inguruan lan handia dago egiteko, denon parte hartzea bultzatzeaz gain, guztion iritziak balio bera dutela adierazteko. Azken batean, parte hartzea erabakitzea da, eta denon aukera berdintasunaren alde egin beharra dago.

Aurreko urteko sarreretatik, aste honetan, Maite A. S. ren posta gomendatzea pentsatu dut, oso hausnarketa interesgarria iruditu zaidalako. Bertan, berak emakumeen parte hartzearen inguruko ideia ugari aipatzearekin batera, berak gai honen inguruan izandako esperientzia azaltzen digu, errealitatean emakumeok izan ohi ditugun zailtasunen berri emanez. Hori honela izanik, esan bezala, argi dago, denon parte hartzea sustatzearen alde egin behar dugula.
Honekin lotuta, gogoko ditut, bertan aipatu dituen Valentina Tereshkovaren hitzak: “Hegaztiek hegal bakar batekin hegan egin ezin duten bezala, espaziorako hegalaldiek ez dute aurrera egingo emakumeen parte hartze aktiborik gabe".

Horretaz gain, bertara ekartzea gustatuko litzaidake, baita ere, emakumeen partaidetza sozio-politikoaren inguruan hainbat sarreretan ikusi ahal izan dudan bideoa, benetan interesgarria iruditu zaidalako. 

Partaidetzaren gai hau dela eta nire ingurura begira jarri naiz, bertan generoaren arabera ematen diren berezitasunak behatzeko asmoz. Horretan ari nintzela ohartu naiz, haur txikienen kasuan generoak gai honetan eragin handirik ez duen arren, ikasleak zenbat eta helduagoak izan orduan eta nabarmenagoa dela, hauen partaidetzaren ezberdintasuna. Hau da, mutilak gehiago ausartzen dira parte hartzera, nesken aldean. Hau honela izatearen arrazoia, gizartearen eragina delakoan nago, gizartetik barneratu dituzten ideien eragina, alajaina. Horregatik, gizarteko ideiak aldatzea ezinbestekoa izango da, emakumeen parte hartzearen garrantzia sustatuz eta gizonezkoen edo emakumeen iritziek balio bera dutela azpimarratuz.

Horretarako ordea, garrantzitsua izango da, ikasgelan partaidetza lantzea, hauei erreferentziazko ereduak emanez. Horretarako, partaidetzarekin lotutako ekintzak burutzea interesgarria izango da, hauek ekintza honetan trebatu daitezen. Hona hemen, nerabeekin burutu daitezkeen jarduerak biltzen dituen gida.

Ikasleez gain ordea, hezitzaileek ere parte hartzean trebatzea ez litzateke batere gaizki egongo. Horregatik, parte hartzearen inguruko ideiak biltzen dituen txosten bat aurkitzeaz gain, helduekin parte hartzea lantzeko ekintzat jasotzen dituen gida ere aurkitu dut.

Aipatu berri ditudan dokumentu hauetan, parte hartzea orokorrean lantzen da, generoen bereizketaren gaian sakondu gabe. Hala ere, kontuan hartu behar den gauza da partaidetza parekidearena. Hau da, neska zein mutilak berdintasunean parte hartzera bultzatu behar dira beti, bien iritziek balio bera dutela jakinaraziz.

2018/01/09

GUZTIONTZAKO ESPAZIOAK?


Izenburuari erantzunez, izatez guk egunerokotasunean erabili ohi ditugun espazio gehienak guztiontzat diren arren, hauen antolamenduak kontrakoa pentsatzera eramaten gaitu. Izan ere, gaur egun oraindik, eremu ezberdinetan genero estereotipo ugari aurki ditzakegu, gizartearen banaketa bultzatzen dutenak.

Aste honetan hainbat eremu aztertu ditugu (espazio publikoa, birtuala, ikus-entzunezkoa eta literarioa, denboraren kudeaketa) eta guztietan hainbat gabezi behatu ahal izan ditugu. Hona hemen gai honi lotuta sortu dudan kontzeptu mapa.

Beraz, argi dago, gure inguruko espazio ezberdinei erreparatuz gero, genero estereotipo ugari antzeman ditzakegula. Aipatzekoak dira esaterako, gure herri eta hirietako kaleak izendatzeko erabiltzen diren izenak edota eskoletako jolas lekuen antolamendua.

Kaleen izenei dagokionez, datuak ikaragarriak direla uste dut. Izan ere, badirudi kaleen %10ak soilik duela emakumeen izena, horietako gehienak santa edo ama birjina baten izena dutelarik. Gainera, ikustekoak dira, emakumeen izena hartzen duten kaleen kokapena; hauek askotan emakumeen historia bezala, ezkutuan gelditzen baitira.

Bestetik, eskoletako jolas lekuei erreparatuz, ia gehienetan futbol zelaiak hartzen du zatirik handiena, modu horretara mutilek erdiko espazioa hartzen dutelarik, neskak soberan gelditzen den espaziora bultzatuz.

Hori honela izanik, jolas leku hezkidetzaileagoen alde egiteko asmoz, zenbait eskola honen inguruko erabakiak hartzen hasi dira. Nire herriko (Azkoitia) ikastetxeetan esaterako, orain dela urte batzuk, proiektu bat jarri zuten abian. Hona hemen proiektuaren aurkezpen bideo laburra.


Bertan dioten bezala, beraien helburua ikasleak jolas kooperatiboetara bultzatzeaz gain, espazio eta hauen erabilerak transformatzea da. Uste dut, honelako proiektuak ikastetxe guztietan eraman beharko liratekeela aurrera; espazioen erabilera parekidea bultzatu ahal izateko eta hauetan betetzen diren genero estereotipoekin amaitu ahal izateko.

Patioen antolamenduarekin batera, komunek ere zer esan handia sortzen dute gai hon inguruan. Horregatik, honi lotuta ere ondorengo irudia partekatzea gustatuko litzaidake. Izan ere, bertan azaltzen den moduan, askok komunen bereizketa ematea normaltzat jotzen duten arren, ez dira ohartzen banaketa horrek askori deseroso sentiarazten dietela. Beraz, alda ditzagun ikurrak, guztiontzako komunak sortuz.

Aurreko edizioetako sarrerak irakurri ostean, Maiteren posta gomendatzea gustatuko litzaidake, aste honetan hizpide dugun gaiarekin lotuta, hainbat ideia partekatzen dituela ikusi baitut. Interesgarria iruditu zait bertan “Repensar la ciudad desde la perspectiva feminista” izenpean jasotako artikulua. Pertsona guztiontzako hiri bat sortzea garrantzitsua dela uste baitut, patriarkatuaren eragina alde batera utziz. Izan ere, gurekin zerikusirik ez duten espazioak ditugun neurrian, ez dugu leku atseginik izango eguneroko bizitzan behar sozialak garatzeko, sozializaziorako eta elkarbizitzarako.


Azkenik gaiarekin amaitzeko, guzti hau eremu hezitzailean naiz jendartean lantzeko erronkak honako hauek dira:
  • Inguruko espazioen (jolas lekuak, komunak, ikasgelako txokoak) egitura eta antolamendua genero ikuspegiaz aztertzea eta horiek hobetzeko erabakiak hartzea.
  • Neskei zein mutilei espazio berrietan parte hartzera bultzatzea, espazio guztiei garrantzia bera emanez.
  • Herri eta hirietako gune ilun edota beldur espazioak identifikatzea, aztertzea eta hobekuntzak proposatzea.
  • Herri eta hirietako kale eta eraikinei erreparatzea eta hauetan emakumeen presentzia areagotzea.
  • Ikasleek erabiltzen dituzten sare sozialei, naiz entretenimendu bisualei erreparatzea, hauetan ageri diren sexu-genero estereotipoak zalantzan jarriz.
  • Eredu berdinkideagoak, anitzagoak erakusten dituzten ikus-entzunezko ekoizpenak eta literarioak bistaratzea.