2018/02/19

Aniztasun sexuala, aukera askatasunaren alde!

Astean zehar egindako ibilbidearen ondorioz, aniztasun sexualen inguruko gauza berriez jabetu naiz, honen inguruko kontzeptu berri gehiago ere ikasteko aukera izan dudalarik.

Gaiaren inguruan informazioa biltzen joan naizen heinean, batez ere, hezkuntza esparruaren inguruan pentsatzen aritu naiz; guzti hau ikasgelara nola eraman daitekeenaren inguruan. Hori honela izanik, sortu zaizkidan galdera eta zalantza gehienak horrekin lotuta izan dira, hala nola: nola landu gai hau familiek honen aldeko jarrera erakusten ez badute? Nola jokatu trans identitatea adierazten duen ikasle baten aurrean?

Irakurgaian aipatutako pertsona gehienen hitzak oso interesgarriak iruditu zaizkidan arren, aipatu beharra daukat, batez ere, Ana Galarragaren hitzek jakin mina sentiarazi didatela. Berak eta Jose Antonio Rodriguez ikertzaileak “Bi sexuen sailkapenaz harago” erreportajean azaldu bezala, ez da egi borobila enbrioiaren sexua sexu-kromosomek definitzen dutela eta, zehazki, Y kromosoman dagoen SYR genea dela enbrioi bat ar bilakatzeko giltza. Hala ere, XX, emea; XY, arra, irakasten jarraitzen da gaur egun, penagarria den arren, legalki bi aukera baino ez baitaude.

Hori honela izanik, gizarte guztia gai honen inguruan sentsibilizatzea beharrezkoa dela uste dut. Orain arte ikusi bezala, patriarkatuak sustatzen dituen bizi-programa ezberdinduen oinarria ez da inondik inora ere genetikoa, kulturalki ikasitakoa baizik. Beraz, ikasitakoa desikasi dezakegula aintzat hartuz, heteronormatibitateak inposaturiko muga zorrotz horiek gainditu ditzakegu; betiere hori lortzeko lanean jarraituz. 


Aniztasun sexualen gai honekin lotuta, gaurkoan, aurreko ikastarokidea den, Usoaren sarrera gomendatzea gustatuko litzaidake. Gaiaren inguruan, egindako hausnarketa osatua izateaz gain, hau lantzeko gomendatzen dituen baliabideen zerrenda ikaragarria iruditu zaidalako.

Bertan, Kattalin Miner Perez eta Lore Etxeberria Lujanbiok unibertsitatean emandako jardunaldi batzuetan grabaturiko “Bollera da bide bakarra” ondorengo bideoa ere partekatu du. Interesgarria iruditu zait, unibertsitatean honelako hitzaldiak egotearen ideia. Ikasleen sentsibilizaziorako baliabide aproposa izan daitezkeelakoan bainago.


Sarean begira aritu ostean, gaur egun gai honekin lotuta ezaguna den Chrysallis elkartearen orrira joan naiz eta bertan sentsibilizaziorako baliagarriak izan daitezken baliabide ugarirekin (ipuin, film, laburmetrai...) topo egin dut; oso interesgarria iruditu zait.

Horrekin batera, Rainbow proiektua ere baliabide egokia izan daitekeela uste dut, bertan ere ariketekin lotutako hainbat film eta laburmetrai aurki baitaitezke.
Aipatu nahiko nuke baita ere, Argia astekarian "Non dago gorputza eskolan?" galderari erantzuteko asmoz zenbait irakasleri eginiko elkarrizketa. Bertan, hezkuntzan ematen den gorputzaren lanketa urriaren inguruan hitz egiten da; hau lantzeak duen garrantzia azpimarratzen delarik. Aste honetan jasotako informazio guztitik, hau izan da,  ondorioztatu dudan ideia nagusienetako bat; gure gorputzari begiratzeak duen garrantzia.


Amaitzeko, honako hauek dira nire ustez, hau guztia eremu hezitzailean eta jendartean lantzeko erronkak:
  • Sexu-genero sistema salatu eta gainditzea, aniztasunaren aberasgarritasunaren alde eginez.
  • Heteronormatibitatetik aldentzea, aniztasuna, modu ez hierarkikoan, duintasunez eta errespetuz landuz.
  • Sexu-genero rolak eta genero aginduak betetzen ez dituzten ikasleei inguru segurua eskaintzea.
  • Hezkuntza komunitate osoa gai honen inguruan sentsibilizatzea, elkarbizitza positiboaren alde lan eginez.
  • Identitatea eta aniztasun sexuala ikasgelan lantzea, errealitate anitzagoak edukietan plazaratuz.
  • Ikasleen garapen integrala eta askea bermatzea, hauei mugarik jarri gabe. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina