

Heziberri
2020k zehazten dituen konpetentzien artean, identitateen
garapenari begira honako hitzok topatu ditut: Pertsonen arteko,
taldeko eta komunitateko egoeretan elkarrekikotasunez parte hartzea,
eta norberari aitortutako eskubideak eta betebeharrak besteei
aitortzea, norberaren zein guztion ongirako. Esaldi hau
irakurtzean, muinean norbere buruarekiko aitortza eta errespetua
dagoela etortzen zait gogora. Hau praktikara eramateko gai garenean,
gure buruak diren bezain eder, bakan, berezi, indartsu eta zoragarri
ikusteko eta onartzeko gai garenean... besteen edo ondokoen
pertsonalitate eta identitateak diren bezala jaso eta aintzat
hartzeko prest egongo garela iruditzen zait. Alegia, norbera
osasuntsu, ziur eta aurreiritzirik gabe, konplexuetatik urrun
dagoenean, ondokoa den bezala eta zoriontsu den gisa aitortzeko
prestutasuna azaltzen da. Honenbestez, curriculum ezkutuan oharkabean
pasatzen den ikasgai hau daukagu elkarrekin lantzeko, eskutik eskura
eta begiradatik begiradara. Ikasketa eta inteligentzia
emozionalarekin zerikusi handia duelakoan nago.
Iazko
ikastarokideen artean Amaia
Chuecaren posta hautatu dut identitatearen inguruko hainbat
artikulu eta bideo interesgarri plazaratzen dituelako: maskulinitate
eredu berrien ingurukoak, kontzeptuen argipenean sartzen diren
bideoak...

Baina,
ez al du haizeak eramango? Politikoki zuzena zere den jakiteko
zalantzak gero eta urriagoak dira, baina... hortik praktikan neurriak
hartu eta eguneroko aktitudeak eta portaerak kontzienteki eta modu
iraunkorrean lantzeko erabakiak hartu al dira? Eta hartuko al dira?
Haur
eta nerabe transexualen senideen elkarteko, Chrysalliseko
Bea Serverrek INFO7 irratiko elkarrizketako batean esan duenez
kolpe gogorra izan da Ekairen heriotza. 'Egungo
egoera eta legediak berehala aldatzeko balio dezala'
aldarrikatu du. Gazte transexualek izena aldatu edo hormonaziorako
psikiatren txostena behar dute, buruko gaitz bezala tratatzen dute,
eta horregatik despatologizazioa eskatu du. Herritarrak informatu eta
profesionalak formatu behar direla azpimarratu du.
Genero-identitateen
inguruan emandako aurrerapenak oraindik orain xumeak eta
txikiegiak direla iruditzen zait. Batez ere sistema honek zuzen
zuzenean garamatzalako etiketak ezarri eta alde bateko edo besteko
jende multzotan kokatzera. Emakumea zara ala gizona zara, garaitua
ala garailea, zakila edo alua izan...eta horren arabera sortuko
zaizkizu espektatiba batzuk ala beste batzuk, eta eraikiko duzu/dute
zure nortasuna zein identitatea.
Zoritxarrez, pertsonak diren bezala
etiketarik gabe onartu eta aitortzeko zailtasun eta oztopo ugari
ditugu oraindik. Ez al dago pertsonak adina identitate?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina